Hizkuntz inkesta Frantziako erroldan

Guk Hegoaldeko galdeak hartu genituen eredutzat, lau hizkuntz gaitasunak, erabilera etxean, gizartean, hots zertan den herri hizkuntzen indarra.

herri hizkuntzak diren lurraldeetan lagina zabaldu digute 10 familietarik batera. Zoriz hautatuak izan diren herriak hauek dira: Angelu, Ainize, Arhantsusi, Baiona, Domintxine, Ibarla, Jutsi, Mehaine, Isura, Dona-Paleu eta Biarnoko herri batzu

Erabilera ez zuten aipatzen. Guk proposatu diegu familiako hizkuntz erabilera aztertzea guraso eta anai-arreben artean. Egin genuen taula ukatu ziguten erranez osatzea zailegi eta luzeegi zela

Hitzak ere negoziatu ziren. Adibidez «patois» hitza erabili dute. Guk ohartarazi diegu hitz ezkorra zela eta «dialecte» hitza proposatu genien.

Lau galde badira bakoitza bere helburuarekin: ama-hizkuntza, hizkuntzen jarraipena, erabilera eta sorterriari buruzko atxikimendua. Nazio Batuek eskaini ereduan 3 helburu ziren: ama-hizkuntza, familiako erabilera eta hizkuntz gaitasuna.

Erroldaren arduradunek jakin nahi dute zein neurritan hizkuntzak transmititzen diren hiru belaunaldiren artean, inkestatua delarik jarraipen horren bitatartekoa

INSEEren kezka da etorkinen integrazioa. Zenbat belaunaldi behar da beren familiako hizkuntzetik frantsesera iragaiteko.

Guk jakin nahi genituen 3 gauza: etxeko erabilera, gizartekoa eta hizkuntz gaitasunak, Hegoaldeko erroldetan bezala, ulermena, mintzamena, irakurmena eta idazmena. Dena galde berean kokatu digute eta ez dakit zer aterako den.

Oro har erroldako hizkuntz galdeek aitzinamendu bat erakusten dute. Gutunak ukan ditut alde eta aurka: alde, aspaldian herrialde guztietako eskaera baitzen; aurka, gobernua herri hizkuntzen ahuleziaz baliatuko dela

Alde batetik errepublikak azkenean onartzen du, ekintza ofizial baten bidez, herri hizkuntzak badirela. Ez dut tokirik aipatzeko 4 galde xume hauek zer polemika piztu duen, adibidez «Le Monde» egunkarian: etnikotasuna berpizten dela, «komunitarismoa» abian dela eta horrelakoak.

Aurten iragan da Frantziako 33. errolda eta lehen aldikotz baziren 4 galde hizkuntzei buruz. Egia erran, lurralde guztietako eskaera zen, alde batetik argibide batzu biltzea herri hizkuntzen bilakaeraz, bestalde onarpen publiko bat ardiestea erroldaren bidez. Orain arte ukatzen ziguten hizkuntza horiek izaterik ez balute bezala.

Denboraren buruan irabazi dugu. Egin dezagun negoziaketaren historia, gero galderaren testua aztertuko dugu. Ondorioak ez dira oraindik zabaldu, datorren abenduko omen dira. Baina oraindanik ikusiko dugu zer goaitatzen ahal dugun.

NEGOZIAKETAREN HISTORIA

Aspaldiko eskaera zen herri hizkuntzen inkesta egin zedin erroldaren bidez. Han eta hemen ikerketa soziolinguistikoak egiten dira. Baina zailatasun asko sortzen dira, laginaren fidagarritasunaz, gastuen aldetik, lurraldeen mugaren gatik ere. Ipar Euskal Herriaren edo Kortsikaren eremuak ongi definituak dira, baina noraino zabaltzen dira Bretainia edo Okzitania? Gainera, zer gertatzen da hizkuntzaren aldetik Parisen bizi diren alzazianoentzat edo Bordelen dauden euskaldunentzat?

Erroldaren abantaila da jendetze osoa galdezkatua dela, informazioak biltzen direla urteetan zehar (mende bat baino gehiago Kanadan edo Inglaterran), administrazioak antolatzen duela eta Estatuak ordaintzen. Gainera, galdeak guti badira ere, 3 edo 4, balio dute hizkuntzen aldaketak segitzeko, bai eta lagin fidagarriak hautatzeko hizkuntz ikerketa zehatzak egiten direnean.

Estatuak ez zuen axola handirik orain arte. Errolda 8 edo 9 urtetarik antolatzen zuen, jendeak zenbatzeko, informazio asko biltzeko bizipideez, egoitzez, sukaldeen eremuaz, familietako gora-beherez. Gure eskaera gero eta indartsuago zen. Halere, 1990ean herri hizkuntzak ez dira erroldako paperetan sartu. Hori dela eta, Bretainiatik abiatu zen boikotaren mugimendua eta hedatu Euskal Herrira eta beste herrialde batzutara.

Orduan bai, INSEE erakundea kezkatu egin zen. Erakunde hau (Institut national des statistiques et des études économiques) egitura ofiziala da, erroldaz arduratzen dena, administrazioek eskatzen dituzten ikerketak eramaten dituena. Bordeleko bulegoak harremanak baditu EUSTAT egiturarekin, 1996ko inkesta soziolonguistikoa Iparraldean egiteko, adibidez. INSEE delakoak badaki errolda mekanika konplexua dela eta hauskorra. Den mendreneko boikotak balio zientifikoa kentzen dio. Publikoki eskatu zuen boikota ez egiteko eta hitzeman datorren aldian hizkuntz galdeak izanen zirela.

Urte oroz Herrialdearteko Biltzarra (Rencontre interregionale) egiten dugu kultur arduradunen artean, gertakariak aztertzeko eta estrategia bat hitzartzeko hexagonako eta itsashaindiko herrien artean, Okzitaniatik Martinikaraino. 1995ean Ustaritzen egin zen biltzarra eta errolda mintzagi nagusi bat zen. Ordezkariek Euskal kultur erakundea (EKE) hautatu zuten INSEErekin hizkuntz galdeak negoziatzeko. Alabaina, erakunde honek lehen idazki bat eskaintzen zigun bere helburuen araberakoa.

Txomin Heguy, EKEko zuzendaria eta ni harremanetan sartu ginen François Heran, erroldaren arduradun batekin. Hau Alzazekoa da, eta herri hizkuntzei buruzko interesa badu. Halere, hastapeneko ikusmoldeak urrun ziren. Guk Hegoaldeko galdeak hartu genituen eredutzat, lau hizkuntz gaitasunak, erabilera etxean, gizartean, hots zertan den herri hizkuntzen indarra. Aldiz, Estatuak jakin nahi zuena zen etorkinak nola integratzen diren, ondorioz zenbat denboraz beren jatorrizko hizkuntza galtzen duten.

Gainera konduan hartu behar genituen Frantziako erroldaren berezitasunak. Alde batetik inkestatzailerik gabeko inkesta da: errolda arduradunek paperrak ematen dizkio etxeko jaunari edo andereari, beharrez argibide batzu emanez, familiako jende bakoitzak berea bere baitarik beteko du. Hiru egunen buruan berriz badator paperren biltzera. Hortakotz galdeen formulazioa erretxa eta laburra izan behar du denek ulertzeko moldean.

Bestalde errolda berean bi inkesta badira: Norbere boletina (Bulletin individuel) eta Familiako historiaren ikerketa (Etude de l’histoire familiale). Norbere boletinak 2 orrialde ditu, eta denek nahitaez bete behar dituzten galdeak, nortasuna, noiz eta non sortua den, helbidea, egoitza, bizipidea. Familiako historiaren ikerketak 4 orrialde eta 22 galde ditu, suertez hautatu familia batzuk bete dezaketena, alabaina, bizitza pribatuari buruzko galdeak dira: ezkontza, haurren eta haurtxoen izenak eta egoera, lanaren jarraipena, bikote bizitzaren gora beherak, bizilagunaren berriak, gurasoena.

Nahiago genuen hizkuntz galdeak izan zitezen bakoitzak bete behar duen paperean. Ezin zen arrazoi pratiko batzurengatik (2 orrialdeak bete-beteak zirelakotz!) bai eta Informatika eta askatasunaren erakunde nazionalak (CNIL) finkatu dituen eginbideengatik: Norbere boletineko argibideak (nortasuna, egoera zibila, egoitza, lana) beharrezkoak dira, adibidez zergaren finkatzeko. Aldiz, familietako paperak galdegiten dituen xehetasunak biziki baliosak dira, bainan jendek ez dute eginbiderik erantzuteko gauza pribatuak baitira.

Ondorioz, hizkuntz galdeak Familiako historiaren ikerketan agertu dira «Hizkuntzen eta mintzairen jarraipena familian» atal buruarekin (transmission familiale des langues et des parlers). Haatikberezitasun bat ardietsi genuen. Normalean inkesta hau 50 familietarik batek osatzen du. Aldiz herri hizkuntzak diren lurraldeetan lagina zabaldu digute 10 familietarik batera. Zoriz hautatuak izan diren herriak hauek dira: Angelu, Ainize, Arhantsusi, Baiona, Domintxine, Ibarla, Jutsi, Mehaine, Isura, Dona-Paleu eta Biarnoko herri batzu. Holaxet Baionako eta Oloroneko arrondizamenduetan 7.000 jende helduek bete papera beren familiaren berri emateko. Anitz da eta oro har euskararen argazki ona ukanen dugu dakigularik adibidez 1996 inkesta soziolinguistikoaren lagina 1400 ekoa zela Iparraldean.

TESTUAREN NEGOZIAKETA

Elkarrizketa luzeak eta harreman asko izan ziren INSEE eta EKEren artean, bai eta ere Statistiques Canada eta EUSTATekin. Azkenean biderdi bat aurkitu dugu Nazio Batuek 1968an erabaki zuten gomendio batean. Errolda batean 3 datu bil zitekeela:

  • - ama hizkuntza, haurtzaroan ikasia;
  • - etxean maizenik erabiltzen den hizkuntza;
  • - beste hizkuntzak erabiltzeko gaitasuna.

Adibidez INSEE erakundearen lehen proiektuan galdegiten zen: «Zein hizkuntza erabiltzen zenuen aitarekin 12 urtetan». Ohartarazi genuen adin horretan hizkuntza aldaketa bat gerta zitekeela eskolaren eraginez. Ama hizkuntza dela 3 urtetan mintzatzen dena. Azkenean 5 urte ezarri zuten eta holako.

Erabilera ez zuten aipatzen. Guk proposatu diegu familiako hizkuntz erabilera aztertzea guraso eta anai-arreben artean. Egin genuen taula ukatu ziguten erranez osatzea zailegi eta luzeegi zela; inkestaren mugak zirela 26 lerrotan (17 zm!) 4 edo 5 galde ulerterrezak formulatzea.

Hitzak ere negoziatu ziren. Adibidez «patois» hitza erabili dute. Guk ohartarazi diegu hitz ezkorra zela eta «dialecte» hitza proposatu genien. Behin-behineko entseguek agertu zuten jende xumeak ez zuela gure hitza ulertzen eta ez zuela «patois» hitzean inolako mespretxurik ikusten. Beraz, hitz hori utzi dugu ohizkoa zelakotz baina ez genuen gure gain hartzen: hitzartu genuen kakotxen artean agertuko zela eta komentarioetan «parle» hitza (mintzaira) erabiliko genuela.

Beste auzi bat. Eskatu diegu Euskal Herrian galdeak euskaraz ere agertu behar zirela. Erran digute hizkuntza asko erabiltzen zirela. Halere, onartu zuten erroldaren aurkezpen orokorra frantsesez eta lurraldeko hizkuntzan eginen zela bainan galdeak frantsesez bakarrik. Horiek horrela, hona zabaldu hizkuntzei buruz erabili den idazkia.

HIZKUNTZEN JARRAIPENA

Hona lehenik frantsesezko testua. Errolda paperean galdeak hizki handiz ziren, bai eta ere hizkuntzen izenak adibideen taulan. Gero galde bakoitza komentatuko dugu, itzulpena egin ondoren.

LA TRANSMISSION FAMLIALE DES LANGUES ET DES PARLERS
19. En quelles langues, dialectes ou «patois», vos parents vous parlaient-ils d’habitude quand vous étiez enfant, vers l’âge de 5 ans?
• Votre père ou l'homme qui vous a élevé vous parlait
d'habitude en ______________ et aussi parfois en ______________
• Votre mère ou la femme qui vous a élevé vous parlait
d'habitude en ______________ et aussi parfois en ______________
 
20. En quelles langues, dialectes ou "patois", parliez-vous à vos jeunes enfants quand ils avaient 5 ans (ou leur parlez-vous maintenant s'ils sont plus jeunes) ?
• Vous leur parliez d'habitude en ______________ et aussi parfois en ______________
• Si vous n'avez pas eu d'enfant, cochez cette case [ ]
21. Et actuellement vous arrive-t-il de discuter avec des proches (conjoint, parents, amis, collègues, commerçants ...) dansd'autres langues que le français? OUI [ ] NON [ ]
- Si oui laquelle ou lesquelles? 1. _____________ 2. _____________
  • Exemples : alsacien, basque, breton, catalan, corse, créole,flamand, gallo, occitan, picard, platt, provençal, arabe, espagnol, kabyle, portugais, langue des signes (LSF) …
  • En cas de dialecte ou "patois" précisez de quel endroit :(Picardie, Béarn, Rouergue, Moselle …)
  • Pour les langues étrangères, ne notez pas la nationalité mais la langue. Exemples : ne dites pas Algérien, Marocain,Sénégalais, mais arabe, kabyle, wolof, etc ...

22. Souhaitez-vous retourner vivre un jour dans la région de votre enfance (que ce soit en France ou ailleurs) ?

_ Oui _ Non _ Vous ne savez pas _ Vous y vivez déjà

 

GALDEEN KOMENTARIOA

Lau galde badira bakoitza bere helburuarekin: ama-hizkuntza, hizkuntzen jarraipena, erabilera eta sorterriari buruzko atxikimendua. Nazio Batuek eskaini ereduan 3 helburu ziren: ama-hizkuntza, familiako erabilera eta hizkuntz gaitasuna. Ohar batzuk.

19. Zein hizkuntzetan edo zein dialektoetan hitzegiten zizuten gurasoek, haurra zinelarik, 5 urte inguru zenituelarik ?

  • - Aitak edo hazi zaituen gizonak hitzegiten zizun,
  • - maizenik _____________ edo batzutan _____________
  • - Amak edo hazi zaituen emazteak hitzegiten zizun,
  • - maizenik _____________ edo batzutan _____________

Galde honek agertzen du zein den familia bakoitzean inkestatu gizon edo emazte helduaren familia hizkuntza, aitaren eta amarenganik. Egoera elebidunak aztertzeko bi hizkuntza edo dialekto (patois!) aipatzen dira: hizkuntza nagusia eta noiz behinekoa. Galdearen formulazioak diglosia suposatzen du, hizkuntzak ez ditaizkeelakotz hein berean.

20. Eta zuk zein hizkuntzetan edo zein dialektoetan hitzegiten zinuen zure haurrekin 5 urte inguru zutelarik (edo hitzegiten duzu gaurregun gazteago badira) ?

  • - maizenik _____________ edo batzutan _____________
  • - Ez baduzu haurrik kurutze bat eman lauki honetan [ ]

Hemen ere ama-hizkuntza da aipu eta 19. galdearen formulazio berean. Erroldaren arduradunek jakin nahi dute zein neurritan hizkuntzak transmititzen diren hiru belaunaldiren artean, inkestatua delarik jarraipen horren bitatartekoa: «Etxeko jauna edo anderea, zein neurritan zure seme-alabei eman diezu zure gurasoenganik ukan duzun hizkuntza?»

INSEEren kezka da etorkinen integrazioa. Zenbat belaunaldi behar da beren familiako hizkuntzetik frantsesera iragaiteko. Urraspide klasikoa da gurasoekin araberaz hitzegitea eta haurrekin frantsesez, aita delarik hizkuntz aldaketaren bitartekoa, eskolaren laguntzarekin. Amarekin ama-hizkuntza, baina gero eta gutiago, bereziki bera etxetik kanpo lanean dabilelarik.

Herri hizkuntzek erresistentzia gehiago erakusten dute. Baina batzuk besteak baino indartsuago dira, eta biziberritze urraspide batean sartuak dira, nola ikastolak hala diwan edo kalandretak. Eta gertakizun berri hau ere aztergai da.

21. Eta gaur egun gertatzen zaizu hitzegitea zure hurbilekoekin (biziko lagunarekin, jendakiarekin, adiskideekin, laneko lagunekin, saltzileekin ...) frantsesaz beste hizkuntza batzutan. BAI [ ] EZ [ ]

Baietz bada, zein hizkuntzetan? 1. __________ 2 . __________

Erabileraren galde hau da kritikagarriena. Guk jakin nahi genituen 3 gauza: etxeko erabilera, gizartekoa eta hizkuntz gaitasunak, Hegoaldeko erroldetan bezala, ulermena, mintzamena, irakurmena eta idazmena. Dena galde berean kokatu digute eta ez dakit zer aterako den.

Nazio Batuen ereduan eta Kanadako erroldan bi galde badira: familian zein hizkuntza erabiltzen den eta zein hizkuntzetan «ohizko elkarrizketa bat eramaten ahal den» (soutenir une conversation courante). Horrelaxe hizkuntz exogamia azter daiteke ikusteko zer gertatzen den senarrak eta emazteak mintzamolde ezberdinak dituztelarik. Gainera hizkuntz askotako Estatuetan jakin nahi dute hizkuntza ofizialen eta kanpotikakoen arteko dinamika. Gizarteko erabilera zailegi da aztertzeko galde bakar batean. Gure 1996ko inkestan 9 galde baziren: «Nola hitzegiten duzu adiskideekin, merkatuan, irakasleekin, apaizekin eta beste, euskaraz, erdaraz ala bietan».

Gainera 21. galdeak a priori suposatzen du harremanak gehien batean frantsesez egiten direla, bainan noizean behin beste hizkuntza bat ere erabiltzen dela (d’autres langues que le français). Antolatzaileen argudioa da, herrialde batzutan herri hizkuntzaren erabilera hain dela ahula non inkestatuari oroitarazi behar zaio beste hizkuntza bat ere badakiela. Erantzule elebidunaren zailtasun nagusia da ez duela hizkuntza bera erabiltzen etxean, lanean eta lagunartean. Emaitzek erakutsiko digute zenbatek beren burua elebidun daukaten, herri hizkuntzak maiz aipatzen diren, auzoko Estatuen eragina (adibidez Alzazian), hain segur ere ingelesaren indarra.

22. Egun batez nahi ote zinuke zure haur denborako herrira itzuli, Franzian izan dadin edo beste nonbait ?

- BAI [ ] EZ [ ] Ez dakit [ ] Sorterrian bizi naiz [ ]

Galde hau INSEErena da, eta etorkiken mugikortasuna aztertu nahi du. Zein da sorterrira itzultzeko motibazioa. Asma daiteke erantzulea gazteago eta motibazioa ahulago daitekeela. Guretzat ere balio du ikusteko Bordeleko euskaldunek edo Pariseko bretoiek zer atxikimendu daukaten jotorrizko herriari buruz.

ORO HAR

Oro har erroldako hizkuntz galdeek aitzinamendu bat erakusten dute. Gutunak ukan ditut alde eta aurka: alde, aspaldian herrialde guztietako eskaera baitzen; aurka, gobernua herri hizkuntzen ahuleziaz baliatuko dela baliabide gutiago eskaintzeko hiltzera doazen hizkuntzen berpizteko. Emaitzak datorren abenduko hitzeman dizkigute eta komentario ofizialen bazterretik geure azterketak egin beharko ditugu. Horiek horrela, uste dut abantailak nagusi direla.

Alde batetik errepublikak azkenean onartzen du, ekintza ofizial baten bidez, herri hizkuntzak badirela. Ez dut tokirik aipatzeko 4 galde xume hauek zer polemika piztu duen, adibidez «Le Monde» egunkarian: etnikotasuna berpizten dela, «komunitarismoa» abian dela eta horrelakoak. Gobernuak erantzun die CNIL, informatika eta askatasunaren kontseiluak ez duela arriskurik ikusten eta hizkuntzei buruzko argibideak interesgarriak direla.

Bestalde, aitzinamendu handia da guretzat jakitea hizkuntzak nola jarraitzen diren familietan, bai eta lehen aldikotz, herritik kanpo bizi diren hiztunengan ere. Ikusiz nola aldatzen diren herri hizkuntzak (guretzat euskara) hizkuntz antolaketa politika eraginkor bat eraman genezake, irakaskuntzan, komunikabideetan, erabilera publikoan. Gainera konparaketak eginen ditugu lehenagoko hizkuntz inkestekin eta geroan inkesta zorrotzago batzuk egin genitzake.

Epe luzea konduan har dezagun. Estatu batzuk mende bateko hizkuntz argibideak badituzte. Guk azken hiru belaunaldietako emaitzak ukanen ditugu. Biziki interesgarri da jakitea hizkuntzak orain zertan diren eta, geroari buruz, nola aldatuko diren epe luze batean. Optimistegi izan gabe, erran dezakegu oraindanik jende kondaketa honek herri hizkuntzei onarpen publiko bat emaiten diela.

BAT aldizkaria: 
32. 1999ko abendua. Neurketa soziolinguistikoak Euskal Herrian
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Erramun Baxok
Urtea: 
1999