Suomieraren normalkuntzaz

Urte askotan barrena Suomi-ko hizkuntz arazoa Unibertsitatean azaldu ondoren, gauza bat segurta dezaket : Euskal Herrian bertan - edo euskaldun gazteen artean bederen - oso jende gutxik dakiela, are somatzen ere, Finlandia ofizialki elebiduna denik; eta are gutxiagok Iparralde aurreratu eta baketsu hartan, azkeneko ehun urte honetantsu, hizkuntz borroka gogorra egon denik

bi hizkuntza ofizial ditu Suomi Estatuak : bertako “suomi esaten dutena (batera ere finlandiar Estatuaren izena), eta Bothnia Kolkoaz bestaldean dagoen Suediako suediera.

Suediera, islandiera, daniera eta norvegiera bezala, hizkuntza Ipar-germa-nikoa da, eta indo-europar multzokoa.

Suomiera, aldiz, multzo uralikoaren barruan kokatzen da; estonierarekin, karelierarekin eta Laponiako saamierarekin. Eta ez da indo-europarra.

Beraz, nola-hala, suomiera-estoniera bikoteak, halako uharte linguistikoa osatzen du Ipar Europan.

Demografikoki, eta esana dugunez, suediarrak Suomi-ko %6 baino izan ez arren, legearen aurrean hizkuntz eskubide berberak dituzte finlandiar suomieradunek eta finlandiar suedieradunek. Lege-simetria dago Estatuaren mailan.

zazpi mendetan barrena, Suediaren barruan burutu zuen Suomik bere historia; eta suediar probintzi gisa burutu.

Elkarketa luze horren ondorio sozio-linguistikoak nabarmen daude oraindik. Metropoliaren hizkuntza izan da Suomin suediera, luzaz; eta bertako klase nagusiaren hizkuntza ere bai.

Indar ekonomikoa, oro har, suediarren eskuetan baitzegoen; eta kultura suomieraz egitea, ez baitzen bidezko jotzen, ez Suedian eta ez Europa germanikoan ere (gutxienez !).

Ekonomiaren alorrean, politikarenean, administrazioarenean, kulturarenean, XIX. mende bukaeran suediarrek agintzen zutela ikusi behar da.

Orain aldiz, mendebetez suomitar abertzaleek gogor lan egin ondoren, suedieradunak jarri dira defentsiban, beren aginteari nondik helduko.

Suomiera nabarmenki jazarria eta erasoa ez zenean ere (Bobrikov errusiar gobernariaren garaian, adibidez, mende-mugan), bigarren mailako hikuntzatzat hartzen zen.

Gutxienez, halako diglosi-kontsentsua zegoen: eginkizun garrantzitsuetan, suedieraz egin behar; familian eta lagunartean, egiteko apaletan, suomieraz.

1962an, adibidez, 623 udalerri zeuden guztira. Eta berauen banaketa hau zen :

548 udalerri suomieradun (edo suomiar) (F)

33 udalerri elebidun (SF)

42 udalerri suedieradun (edo suediar) (S).

Laponia-ko “saamitarrek ez dute inolako hizkuntz eskubiderik. Laponiarrik gehienak, bestalde, Norvegian (35.000), eta Suedian (25.000) daude. Suomi-koak ez dira 2.000 besterik.

Suomi-ko sistema gero eta pertsonalagoa da. Suediar gutxiengoa gero eta murritzagoa izanik ere, elebitasunari eutsi nahi diote suediarrek nola-hala; bene-tako “hiritar kuttun gertatuz.

Gizarte multzo-eskubideak pertsona bakarren eskubideen gainetik baldin badaude, noiz arte joan daiteke suediar gutxiengoa, lurraldetasunari oztopoak jartzen? Erantzuna suomiarrei dagokie.

Aland uharteak

(650; edo-ta 1.500 bestela zenbatuta) gutxi gora behera, 80 bat bakarrik dira jendetuak, 25.000 biztanle, eta 1951z geroztik Autonomia berezi baten jabe). Stockholm eta Turku-ren artean, baina Suediatik hurbilago, suediar elebakarrak dira. Hauxe izan baitzen Suedian integraturik ez geratzeko Aland-tarrek jarri zuten baldintza. Bertako 16 udalerriak, horretara, suediar elebakarrak dira.

Suediar gutxiengoak ozta-ozta eutsi dio azken mende honetan 300.000 biztanletako bere populazio-heinari (Estatuaren sorreran %14 izan ondoren, %6 besterik ez dira gaur : 301.554 suediar, 1979 / XII / 31an). Suomiarrak, aldiz (ikus artikulu honetako taula demografikoak) bost miloitara iritsi direlarik.

Turku-Abon, adibidez, suediar Unibertsitatearen kokaleku eta hiriburu zaharrean, suediarren kopuruak % 7,4 besterik ez du iritsi 1960ko Erroldan. Muga baino apalago dago, beraz (muga, irakurleak dakienez, %8an dagoenez). Turkun elebitasun ofiziala eta eskubide pertsonalak egotea, gero eta bortxatuago agertzen da.

Lurraldetasunezko eskubideak

gidari dituen udalerri batean, hiritarrak ez dauka udal-administrazioarekiko bere harremanetan hizkuntza hautatzerik. Bai barnera begira (lan-hizkuntza), bai kanpora begira (zerbitzu-hizkuntza) elebakarra da udala.

Pertsonatasunezko eskubideak

gidari dituen udalerri elebidun batean, alderantziz, pertsonak, hiritarrak, hautatzen du udalarekiko hizkuntza; eta udalak, bere elebitasun funtzionala erabiliz, hiritarrak hautatutako hizkeraz erantzun behar du, ahoz zein izkribuz.

XIX. mendean, horretara, suomiar mogimendu abertzalea jaio eta sendotu zenean, xede nagusi bihurtu zuen Nazio Unibertsitatearen suomieratzea.

Suomiarrek, orduan, ez zuten pentsatu, adibidez, Abo Akademi suediar horretan bertan “adar suomiar bat erastea. Ez. Flandiarrek gero Leuven-en hartuko zuten bidea estrainatuz, Turkun bertan, baina berez eta batimendu berezitan, beste Unibertsitate oso bat eraikitzea erabaki zuten, osoki suomieraduna. Eta, halabeharrez, pribatua

gaur egun suomieraren zerbitzutan ari da ehunka egunkari eta aldizkariren bitartez. Areago gogorazten du honek Kataluñaren egoera, Euskal Herriarena baino. Hemen, indar abertzaleak nagusi omen dauden honetan, prentsa española eta frantsesa dira erabat nagusi

1906ko Maiatzaren 12an, Snellmanen jaiotzaren ospakuntzen karietara, 100.000 suomiarrek batera, beren famili deitura suediartuak trukatu zituzten. Ekintza sinboliko honen bidez argi utzi nahi izan zuten, Suediaz ahaztu, eta Suomiren barruan bilatu nahi zituztela beren nortasuna eta beren nazio-abiapuntua.

“Les successeurs d´Agricola ont eu pour principale préoccupation d´éliminer tous les emprunts mal assimilés, idatzi du suomieraren jakitun nagusia den Sauvageot-ek.

Eta hori oso garrantzitsua izan da suomieraren normalkuntzan. Zeren-eta suomiera hizkuntza uralikoa izanik, ez baitzen posible (hizkuntza errotik lardaskatu eta hondatu gabe) maileguak nolanahika, egokikuntzarik gabe, beren hartan eta aldraka onartzea (hemen gure artean, zoritxarrez, beti irizpide gidaria izan ez dena !).

Suomiar Fonologia jatorraren zerbitzutan, maileguen sarrera moteldu zuten; eta hitz-elkarketa eta hitz-eratorpena bultzatu. Suomieraz (euskaraz bezala) aurrizkirik ez baitago, egon, funtsean.

Atzizki mordo bat ontzat eman bai, ordea (173 omen). Eta suedieratik urrunduz, atzizkien bidea bultzatu zuten hiztegigintzan.

Hemen guk askotan egin ez duguna.

Eta suomiera erabar normalizatu zen. Eta 1939an Frans Eemil Sillanpää idazleak Nobel Saria irabazi zuen. Koroa galanta.

Alde asko eta askotatik, adibide harrigarri eta argi emalea Suomirena.

Urte askotan barrena Suomi-ko hizkuntz arazoa Unibertsitatean azaldu ondoren, gauza bat segurta dezaket : Euskal Herrian bertan - edo euskaldun gazteen artean bederen - oso jende gutxik dakiela, are somatzen ere, Finlandia ofizialki elebiduna denik; eta are gutxiagok Iparralde aurreratu eta baketsu hartan, azkeneko ehun urte honetantsu, hizkuntz borroka gogorra egon denik, baita bost hilabeteko gerla zibila ere.

Horretaz jabeturik, Bat aldizkari honen Idazkaritzarekin elkar aditurik, lan berezi hau eskaintzea erabaki dugu.

1 - Sarrera gisa : Suomi-ren kokagunea eta oinarrizko datoak.

Har dezagun eskutan hiztegi entziklopediko bat. Eta honelako zerbait irakurriko dugu :

  • Izena: Suomi (suomieraz) / Finland (suedieraz). Osokiago : Suomen Tasavolta, eta Republiken Finland.
  • Berebilen matrikula xaflan: SF.(Kontutan har Norvegia N dela, eta Suedia S)
  • Azalera: 338.145 km. karratu.
  • Populazioa: 5.083.000 biztanle (1994).
  • Finlandiar populazio hori, bi talde etnolinguistiko nagusik osatzen dute: suomiarrek (% 93,4), eta suediarrek (% 5,9).
  • Hiriburua : Helsinki / Helsingfors. 502.000 biztanle (aldiriekin neurtuz gero: 848.000 biztanle).
  • Per capita errenta: 22.980$ (1992). Suediak baino apaltxoago: Suediak 24.830$ (1993), eta Frantziak 22.360$ (1993). Espainia erditsuan dago: 13.650$ (1993), eta askoz beherago, beraz.

Suomiarrak dira gehiengo nabarmena; eta suediarrak, gutxiengoa. Hori gaur egun, jakina; xehekiago ikusiko dugunez. Ez joan den mendean.

Guk, artikulu honetan, eta bertako izendapenaren bidetik, Suomi deituko dugu erdal ohituraz Finlandia eta Finlande esan ohi duguna.

Bide beretik, berezi egingo ditugu suomiar, izendapen politikoa (auzo erdaretan, eta hurrenez hurren, finlands eta finlandais ); eta fins / finnois, hizkuntzari lotuak, euskaraz hemen suomiera.

2 - Kokagune geografikoa.

Suomi Baltikar Itsasoan dago. Eta muga politikoak aldatuz joan dira mendeetan barrena, ondoko hiru mapa horietan ikus daitekeenez.

1. mapan ongi agertzen da suomiarrek biziki maite duten Suomi zaharra eta arkaikoa: Karelia. Laatokka laku zabalaren inguruetakoa (erdaraz, lago Ladoga), gaur egun, ia osoki, Errusiako parte bihurtu dela.

Antzeko patua tokatu zaio Viipuri hiri gotorlekuari, Hegoaldean. Gaur Errusian.

Ipar-mururrean ere, behin eta berriz aldatu da muga. Itsasoa ez baita inguru haietan sekula hormatzen (Gulf Stream-delakoaren eraginez), kai haiek interes handia dute; Petsamok bereziki. Eta tirabirak gertatu dira maiz beronen kontrolaz.

(Ikus 1, 2 eta 3 mapak: Suomi ekialdeko muga mendetan barna: 1.-1323-1617; 2.-1809-1920; 3.-1944az geroztik).

Jadanik esana dugunez, bi hizkuntza ofizial ditu Suomi Estatuak : bertako “suomi esaten dutena (batera ere finlandiar Estatuaren izena), eta Bothnia Kolkoaz bestaldean dagoen Suediako suediera.

Fenomeno berbera gertatzen zaie jatorrikide diren estoniarrei; “eesti hitzak bi adiera baititu : estoniar herria (eta Estatua) adierazten du batetik; eta estoniar hizkuntza ere bai.

Hizkuntzaren alorrean bertan berezi ezinak dira herria eta hizkuntza. Hitz desberdinik ere ez dute. Eta honek ez gaitu euskal joera zaharretik oso desbideratzen.

Suediera Suediatik etorri zaie. Aspaldiko mendeetan, Erdi-Aroan. Eta xehetasun ñimiño batzuk salbu, Suomiko suediera (Finlandia-ko suediera, nahiago bada), “finlandssvenska delakoa, eta Suediako suediera (“svenska edo “Riks-svenska), oro har hizkuntza bakar baten bi aldaki dira.

Suediera, islandiera, daniera eta norvegiera bezala, hizkuntza Ipar-germa-nikoa da, eta indo-europar multzokoa.

Suomiera, aldiz, multzo uralikoaren barruan kokatzen da; estonierarekin, karelierarekin eta Laponiako saamierarekin. Eta ez da indo-europarra.

(ikus ondoko hizkuntz zuhaitza: Suomi-Ungriar hizkuntza eta idekoak)

Alde honetatik, hungarierarekin eta euskararekin doa; eta ez, beraz, guztiz nagusi diren Europako hizkuntza indo-europarrekin batera.

Baina euskara eta suomiera, hala ere, desberdinak dira errotik. Euskara ez baita hizkuntza uralikoa.

Azkeneko ohartxo bat: letoniera eta lituaniera, geografiaren aldetik, Baltiko-ko auzo-hizkuntzak izan arren, indo-europarrak direla, eta ez uralikoak. Ez dira, beraz, suomieraren ahaideak.

Beraz, nola-hala, suomiera-estoniera bikoteak, halako uharte linguistikoa osatzen du Ipar Europan. Hurrengo ahaideak aurkitu nahi izatekotan, Volgan behera (Komi, Mari, Mordva, Udmurt), eta Siberian barrena (Samoiedo) abiatu behar genuke.

Suomi-Finland Estatua, hitz batez, elebiduna da. Estatuaren mailakoak oro (errotulazio, legeak, instituzioak, toki-izenak), elebidunak dira.

Demografikoki, eta esana dugunez, suediarrak Suomi-ko %6 baino izan ez arren, legearen aurrean hizkuntz eskubide berberak dituzte finlandiar suomieradunek eta finlandiar suedieradunek. Lege-simetria dago Estatuaren mailan.

(4. mapa. suedieradun nekazal eremuak 1880an eta honen aurretik)

Suedian ez da inondik ere gauza bera gertatzen. 1809az geroztik Suediako Iparraldean bizi diren suediar suomieradunek (30.000 gutxi gora-behera, Kiruna-Happaranta) ez dute inolako hizkuntz eskubiderik. Eta beren jatorrizko hizkuntza galtzen ari dira azkar.

3 - Abiapuntua.

1809an Errusiak Suomi okupatu zuen.

Ordura artean, zazpi mendetan barrena, Suediaren barruan burutu zuen Suomik bere historia; eta suediar probintzi gisa burutu.

Elkarketa luze horren ondorio sozio-linguistikoak nabarmen daude oraindik. Metropoliaren hizkuntza izan da Suomin suediera, luzaz; eta bertako klase nagusiaren hizkuntza ere bai. Halako “europar kolonialismo zibilizatua gauzatu du Suediak Baltikoko herrialde guztietan.

Suediar nagusigo iraunkor luze horren aztarnarik nabarmenena, Suomiko kostaldean utzi duen udalerri ilara edo multzoa da.

(Ikus 5. mapa: Suedieradun hiztunak hegoaldeko itsas-ertzean)

Gaur egun etena dagoen suediar itsasertza, lehen etenik gabea zen.

Suediera galduz joan da 1880az geroztik (Map 6 eta Map 7 mapetan ikus daitekeenez)

XIX. mendeko bukaera aldean, suedierak bere inplantazio hazkorra bazuen ere, Baltikoaren Ekialdeko “Ostrobothnian zeukan hala ere bere gotorleku nagusia; “bigarren Suedia batez hitz egin ahal izateko moduan.

(6. mapa: Suedieradunak ostroboniako itsas-ertzean. 1880 eta 1980).

Mapa horiez gain, datu batzuk ematea argigarri gerta daiteke.

1880 ingurua hartuko dugu abiapuntutzat, orpoz-orpo Kenneth McRae-ren “Finland liburu bikaina jarraitzen dugularik. Besterik gabe, mapetan ere aurki daitezkeen suediarren kopuruak ematen ditugu.

Ekenäs (Hegoaldean)....... % 96
Loviisa (Heg.) ...................... % 96
Vaasa (Ipar-Mendeb.).......... % 87
Hanko (gune militarra)....... % 77
Helsinki / Helsingfors............ % 55 (hiriburu berria)
Turku / Abo (hirib. berria)....% 42
Tornio, Bothniako golkoan... % 41
Hamina .................................... % 36
Mikkeli (lakuetan) ................. % 27
Viipuri (Karelian) .................. % 21
Heinola...................................... %

Eta, kopuru txikiagotan bederen, Suomiko hedadura osoan hasia zen suediera ausikitzen:

Hämeenlinna............ % 15
Uusikaupunki............ % 15
Pori ........................... % 14 ( suedieraz Bjšrneborg deitua)
Sortavala ................... % 14
Savonlinna ................ % 13
Oulu (Iparraldean)... % 8
Tampere (Tamerfors) % 7

Zifra huts horiek, beren horretan, oso adierazgarriak dira : suediarrak gora zetozen hiriguneetan; bi hiri nagusietan (Helsinki-Helsingfors eta Turku-Abo) are gehiengoa ere lortu arte.

Hain zuzen ere, Stockholm, Goteborg eta Malmö-ren ondoren, Helsinki zen orduan munduko laugarren hiri suediarra.

Baina beste izari funtsezko batzuk gelditzen dira izkutuan zenbaki ilara horietan. Indar ekonomikoa, oro har, suediarren eskuetan baitzegoen; eta kultura suomieraz egitea, ez baitzen bidezko jotzen, ez Suedian eta ez Europa germanikoan ere (gutxienez !).

Suomiko erremalak Suomiko suedieradunen eskuetan zeuden, deituren beren pleguak adierazten duenez. Nork ez du somatzen, adibidez, Mannerheim Mariskalaren deitura horretan kutsu germanikorik? Eta Lönnrot (Kalevala-ren biltzailea, 1802-1884), Snellman (1806-1881), Runeberg (1804-1877), Suomi Askatuaren apostolu eta buruzagiak, elebidunak zirenetan ere (ez beti, beraz), hobeki eta maizago mintzo ziren, eta idazten, suedieraz, suomieraz baino.

Zenbatasunezko argazki adierazgarri horri, hitz batez, nolakotasunezkoa erantsi behar zaio. Ekonomiaren alorrean, politikarenean, administrazioarenean, kulturarenean, XIX. mende bukaeran suediarrek agintzen zutela ikusi behar da.

Orain aldiz, mendebetez suomitar abertzaleek gogor lan egin ondoren, suedieradunak jarri dira defentsiban, beren aginteari nondik helduko.

4 - Suomieraren legeztapena

Hirietatik at jende arruntaren ahotan suomiera beti nagusi egon arren (baita XIX. mende guztian barrena), jadanik ikusia dugunez kalean ez zen gauza bera gertatzen. Suomiko kaletarrak, aberatsak, burokratak, unibertsitariak, militarrak, suedieraz mintzo ziren.

Suomiera nabarmenki jazarria eta erasoa ez zenean ere (Bobrikov errusiar gobernariaren garaian, adibidez, mende-mugan), bigarren mailako hikuntzatzat hartzen zen.

Gutxienez, halako diglosi-kontsentsua zegoen: eginkizun garrantzitsuetan, suedieraz egin behar; familian eta lagunartean, egiteko apaletan, suomieraz.

Lehenengo urratsa 1863ko Uztailean gertatu zen, Alexander II Czarraren garaian. Snellman-en eraginez, Moskuk Suomiko Dukerria ofizialki elebidun aldarrikatu zuen. Eta saio gisa, ondoko hogei urteetan (1863-1883) elebitasun hori mamitzen saiatzeko erabakia hartu zuen. Errusiak losentxatu egin nahi zuen suomitar herria, eta okupazioa disimulatu.

Jatorrizko “Suomi eskualdea (“Suomalaiset izenekoa, gero Estatu osoari bere izena eman ziona), Hego-Mendebaldekoa, Suediara begira paraturik zegoen.

Gauza bera gertatzen zen bestetan ere. Abertzale gazteek askoz ere suomitarrago atxematen zuten lakuetako “Hämälaiset delakoa, suediartzen hasitako kostaldea baino. Eta oraindik areago suomitartasunean sustraiturik Laatokka inguruko “Karjalaiset deritzona (Karelia-koa, alegia), Ekialdekoa. “Kalevala nazio-poema biltzerakoan (1835) Elias Lönnrot osagileak kantu eta tradizino zahar bila oinez kurritu zuena.

Ez da harritzekoa, Suedia-tik urrundu nahi horretan, Suomiko hiriburua eta nazio-unibertsitatea (1828) Turku-tik Helsinki-ra aldatzea.

Errusiaren juikutria ere bazegoen aldaketa horietan: Sant Petersburg errusiar hiriburua ez baitzen mugatik urruti !

Baina errusiar poilitika “liberala, Bobrikov-en izendapenarekin (1896), agortu egin zen berehala. “Errusia bakarra eta zati-ezinaren olatua azkartu zen, errusiarkuntza sendotu; eta 1904ko Ekainaren 16an, Sant Petersburg-eko Senatuan bertan, Schauman izeneko finlandiar abertzale batek, hil egin zuen Bobrikov.

Ez gara hemen abertzaleen borroka luzean barrena xeheki sartuko.

Suomik bere Burujabetza aldarrikatu zuen 1917ko Abenduaren 6an.

“Urriko Iraultza betean, 1918ko “Independentziaren gerra lehertu zen.

1918ko Urtarrilaren 28an, “gorrien eta “zurien arteko gerla zibila hasi zen. Aberkideen arteko borrokak, hiru hilabete luzez iraun zuen; eta izari politiko eta internazional nabarmenak hartu zituen. 22.000 hildako gutxienez.

Azterketa sakona merezi luke. Baina guk hemen alderdi soziolinguistikoak begiratuko ditugu bakarrik.

1922ko Ekainaren 1an, geroztik hizkuntz legeriaren oinarri egon den ideia nagusia onartu zen : “aurrerakoan suomiera era suediera izango dira Errepublikako bi hizkuntza ofizialak (“148. Legea).

Suomi Estatua elebiduna izango da.

5 - Lurraldetasuna eta Pertsonatasuna gidari.

Suomi “probintziatan zatitu zen (10-tan aurrenik, 11tan gero). Eta probintzia horiek, udalerritan. Horra poloak : Estatua goian, Udalerria beherean. (Ikus 4. eta 5. mapak, berriro ere K.McRae-ren “Finland liburutik hartuak)

1962an, adibidez, 623 udalerri zeuden guztira. Eta berauen banaketa hau zen :

  • 548 udalerri suomieradun (edo suomiar) (F)
  • 33 udalerri elebidun (SF)
  • 42 udalerri suedieradun (edo suediar) (S).

(7. mapa: Populazioa herrialdeka, 1850 eta 1950)

(8. mapa: Populazioa herrialdeka, 1960 eta 1990)

Bi mapa horien ulerkuntzak ez du azalpen askoren beharrik.

Uusimaa-Nyland da probintziarik jendetsuena (Helsinki biltzen duena: 1.248.000 biztanle, 1990); eta Aland uharteak txikiena (25.000 biztanle, 1990).

Estatua, elebiduna da. Hizkuntza nagusia, suomiera. Gutxiengoaren hizkuntza, berriz, (baina oso boteretsua), suediera. Laponia-ko “saamitarrek ez dute inolako hizkuntz eskubiderik. Laponiarrik gehienak, bestalde, Norvegian (35.000), eta Suedian (25.000) daude. Suomi-koak ez dira 2.000 besterik.

Udalerriak, aldiz, elebakarrak izan daitezke (suomiera hutsezkoak, edo-ta suediera hutsezkoak). Edo-ta elebidunak (suomiera nagusi, askotan; edo suediera nagusi, bakanago).

Udalerriaren mota Erroldaren arabera finkatzen da (hamar urtetan behin, beraz). Eskalaren erdialdean (P) pertsonatasunak agintzen du, eta udalerria elebiduna da.

Eskalaren muturretan, aldiz, (T) lurraldetasunak.

Nolanahi ere, eta Suomi Askatua sortu zenez geroztik, hiru bidetatik gerta daiteke elebidun udalerri bat :

  1. Suomiko hiru hiri nagusietako bat izatea : Helsinki / Helsingfors, Turku/ Abo, edo Vaasa / Vasa.
  2. Udalerrian 3.000 suediar egotea, edo gehiago. (Lehen muga hori 5.000 hiztunetan zegoela gogoraziko dugu).
  3. Suediar gutxiengoa %8-tik gorakoa izatea (lehen %12 eta %10 izan ondoren).

Udalerri asko, honetara, elebidunak dira; hiri handietan batez ere. Baina herri txikirik gehienak elebakarrak dira.

5.1 - Adibide bat emango dugu.

Eman dezagun herri batean azkeneko Erroldak hau erakutsi duela : 70% suomiera-duna dela, “suomiarra; eta %30, beraz, suedieraduna, “suediarra .

Gaurko eskala 8/92 izanik:

%70 horrek eskubide pertsonaletara eramaten gaitu (%30ak ere bai: eskala simetrikoa da). 0-tik 8-ra lurraldetasunak agintzen du, eta elebakartasun ofiziala dago.8-tik 92-ra pertsonatasunak agintzen, eta elebitasun ofiziala dago. Eta 92-tik 100-ra, lurraldetasunak, eta elebakartasun ofiziala.

Suediarren kopurua beheruntz doa (edo ozta-ozta eusten); suomiarrena nabarmenki gora doalarik.

Suediarren eskubideei eutsi ahal izateko, bide bakarra eskubide pertsonalen tartea handitzea izan da; eta, simetrikoki, eskubide territorialen tartea txikitzea.

Suediarren beharren arabera, horretara, aldatuz joan da eskala hori :

Eskubide territorialen tartea txikituz joan dela ulertzen da (%12, 10, 8), eta eskubide pertsonalena zabalduz (%76, 80, 84).

Suomi-ko sistema gero eta pertsonalagoa da. Suediar gutxiengoa gero eta murritzagoa izanik ere, elebitasunari eutsi nahi diote suediarrek nola-hala; bene-tako “hiritar kuttun gertatuz.

Halako batez, udalerri bateko suediarrak %2, %1, %0,5 izango direlarik, eman dezagun, zeren izenean aitortuko ote zaie suediar bakan horiei, harremanak suedieraz izateko eta seme-alabak suediar eskoletara bidaltzeko eskubidea ? Kasu horietan zergatik ez Belgikako eta Suitzako glotopolitika onartuko ?

Gizarte multzo-eskubideak pertsona bakarren eskubideen gainetik baldin badaude, noiz arte joan daiteke suediar gutxiengoa, lurraldetasunari oztopoak jartzen? Erantzuna suomiarrei dagokie.

5.2 - Suomi-ko mapetan (ez denetan, dena dela : turistikoetan, adibidez, arreta txikia jarri ohi baita arazo sozio-linguistiko hauetan) oso erraza izaten da udalerrien mota ezagutzea.

Udalerri elebakarretan bertako izenak forma bakarra du, lerro bakarrean agertu ohi da, eta lurraldetasunari dagokion hizkuntzaz emana. Oulu, adibidez, Botniako itsasertzean, suomiera hutsez agertzen da, lerro batean. Eta Larsmo, alderantziz, Vaasa-Vasa inguruan, suediera hutsez, eta lerro bakar batean.

Baina udalerri elebidunek forma bikoitza agertzen dute, bi lerrotan elkarren gainean idatzita. Vaasa/Vasa bera, edo Hegoaldeko Ekenas/Tammisaari. Vaasa suomieraz da. Baina bigarrenean Goikoa Ekenas suedierazkoa izanik, Helsinki-tik Mendebaldeko itsasertzeko herri (xarmant!) horretan gehiengoa suediarra dela adierazten da.

Baina leku batean Erroldak %93 (S) / %7 (F) eman badu, suediar elebakartasuna dagokio herriari; eta gutxiengoak, udalerriaren mailan, eskubide linguistikorik gabe gelditzen da.

Aland uharteak (650; edo-ta 1.500 bestela zenbatuta) gutxi gora behera, 80 bat bakarrik dira jendetuak, 25.000 biztanle, eta 1951z geroztik Autonomia berezi baten jabe). Stockholm eta Turku-ren artean, baina Suediatik hurbilago, suediar elebakarrak dira. Hauxe izan baitzen Suedian integraturik ez geratzeko Aland-tarrek jarri zuten baldintza. Bertako 16 udalerriak, horretara, suediar elebakarrak dira.

5.3 - Suediar gutxiengoak ozta-ozta eutsi dio azken mende honetan 300.000 biztanletako bere populazio-heinari (Estatuaren sorreran %14 izan ondoren, %6 besterik ez dira gaur : 301.554 suediar, 1979 / XII / 31an). Suomiarrak, aldiz (ikus artikulu honetako taula demografikoak) bost miloitara iritsi direlarik.

(1. taula. Suomi: Populazioaren bilakaera hizkuntz erroldetan)

Suediar populazioa, aldiz, egonkor agertzen da :

(2. taula. Suomi: suedieradunak eta populazio osoa, kopuru osoak eta ehunekoak, hautatutako urteak, 1610-1990)

Ofizialki elebidunak diren hiru hiriburuen eboiluzio demolinguistikoa hau izan da:

(3. taula. Helsinki, Turku eta Vaasa: Soumiera hiztun elebakarrak zein elebidunak eta suedieradun hiztunak hautaturiko errolda hauetan -ehunekoak-)

Turku-Abon, adibidez, suediar Unibertsitatearen kokaleku eta hiriburu zaharrean, suediarren kopuruak % 7,4 besterik ez du iritsi 1960ko Erroldan. Muga baino apalago dago, beraz (muga, irakurleak dakienez, %8an dagoenez). Turkun elebitasun ofiziala eta eskubide pertsonalak egotea, gero eta bortxatuago agertzen da.

Horra hor Helsinki, Turku eta Vaasa-ren bilakaera demolinguistikoa McRae-ren datuen arabera :

Udalerrien sailkapenean ere nabaritzen da suediar multzoaren murrizketa.

  F FS S
1962 548 33 42
1972 438 43 31
1976 404 42 29
1981 396 39 26

Aland uharteetako 16ak barne.

5.4 - Zertan gauzatzen dira Suomin hizkuntz LURRALDETASUNA ETA PERTSONATASUNA? Erdaraz “derechos territoriales eta “derechos personales delakoak ?

Bi alorretan mamitzen da desberdintasun hori.

Lurraldetasunezko eskubideak gidari dituen udalerri batean, hiritarrak ez dauka udal-administrazioarekiko bere harremanetan hizkuntza hautatzerik. Bai barnera begira (lan-hizkuntza), bai kanpora begira (zerbitzu-hizkuntza) elebakarra da udala.

Suomierazko lurraldetasuna baldin badago, adibidez, harreman guztiak, ahoz zein izkribuz, suomiera hutsez burutuko dira. Eta alfer-lana izango da suedieraz mintzatu edo paperak jaso nahi dituen finlandiarrarena, harreman horiek, “Askatasunaren izenean, edo abar, suedieraz eskatzea. Flandriako egoeraren aurrean gaude. Lurraldeak ezartzen baitu harremanetarako hizkuntza; eta hiritarrari men egitea baitagokio. Londonen, Madrilen edo Warsawen bezala.

Simetrikoki (Suomiko legeak oro simetrikoak dira, asimetria bakarra egoera soziolinguistikotik datorrelarik) suedierazko lurraldetasuna duen udalerri batean, txostenak, deialdiak, inprimakiak, ahozko harremanak, dena suediera hutsez izango dira. Eta hiritarrak ez du bere hizkuntza administrazioari inposatzerik izango. Berriro ere, lurraldeak hautatzen du hizkuntza. Ez pertsonak.

Pertsonatasunezko eskubideak gidari dituen udalerri elebidun batean, alderantziz, pertsonak, hiritarrak, hautatzen du udalarekiko hizkuntza; eta udalak, bere elebitasun funtzionala erabiliz, hiritarrak hautatutako hizkeraz erantzun behar du, ahoz zein izkribuz.

Kasu honetan, pertsonak dauka eskubidea, ez lurraldeak.

Hain zuzen ere, elebitasuna dago Administrazioaren mailan; honi esker hiritarrak libroki hautatu ahal izan dezan.

5.5 - Eskola mailan ere, bi printzipio nagusion arabera antolatzen da irakaskuntza.

Lurraldetasuna baldin badago, eskola elebakarra da. Eta gurasoek ez daukate seme-alaben ikas-hizkuntza aukeratzerik.

Pertsonatasuna baldin badago, aldiz, eskola elebiduna da. Bi sare paralelo daude udalerriko lurretan. Eta gurasoek hautatu egiten dute beren haurrak zein eskolatara igorriko. Ez du lurrak agintzen, gurasoek baizik.

Errotulazioa, berriz, elebiduna da pertsonatasuna dagoen udalerrietan eta elebakarra lurraldetasunezkoetan.

Estatu mailakoak oro (aireportuak, treinak, medikamentuen azalpenak) elebidunak dira. Telebista, halere, oro har, suomiera hutsez ari da.

6 - Unibertsitatearen arazoa.

Jadanik esana dugunez, oso berandu arte, Suomiko kulturaren mundua suedieraz mamitu da.

Abo Unibertsitate zaharra (1640koa) suedieraz sortu zen. Eta Helsinki-ra aldatu ondoren ere, batez ere suedieraz ibili izan da XX. mendera arte.

1827an Turku-Abo hiria erre zen (Unibertsitatea barne). Eta berria Helsinki-Helsingfors-era aldatzea erabaki zen (1828). Baina Helsinkin ere Unibertsitateak suedieraz jarraitu zuen. Unibertsitatea, hain zuzen, suediarrek inolaz ere abandonatu nahi ez zuten gotorlekua zen : “l´Université était l´une des dernières institutions � se finniser (Gambier, 39).

XIX. mendean, horretara, suomiar mogimendu abertzalea jaio eta sendotu zenean, xede nagusi bihurtu zuen Nazio Unibertsitatearen suomieratzea. Lehenengo urrats horietako bat 1894ko Urtarrilaren 10ko dekretua izan zen: “Tout candidat � un poste universitaire doit être capable d´enseigner en Finnois (Gambier, 39).

Bere Independentzia lortzean (1918), garbi zeukaten abertzaleek Uni-bertsitatea suomieraz mamitu behar zela; ohiturazko suediera baztertuz.

Suediarrek bazekiten hau. Eta Turku-Abon Unibertsitate pribatu bat antolatzea erabaki zuten Abo Akademi izenaz, eta suediera hutsez burutzekoa (1917-1918).

Suomiarrek, orduan, ez zuten pentsatu, adibidez, Abo Akademi suediar horretan bertan “adar suomiar bat erastea. Ez. Flandiarrek gero Leuven-en hartuko zuten bidea estrainatuz, Turkun bertan, baina berez eta batimendu berezitan, beste Unibertsitate oso bat eraikitzea erabaki zuten, osoki suomieraduna. Eta, halabeharrez, pribatua.

Ikus Yves Gambier-en “La Finlande bilingue liburutik atera dugun taula hau. “8 errepereko lerroari dagokio Abo Akademi suediarra, eta “2 errepereari Turku-Abo Unibertsitate berriari (1920), osoki suomieraz ari.

 

(4. taula. goi ikasketa zentroak:

1.- Helsinkiko unibertsitatea

2.- Abo-Turkuko unibertsitatea

3.- Tampereko unibertsitatea

4.- Ouluko unibertsitatea

5.- Otaniemi-Espooko unibertsitatea

6.- Jyväskyläko unibertsitatea

7.- Helsinkiko goi Ikasketa Komertzialak (GIK)

8.- bo-Turku (AA)

9.- AAren menpeko GIK

10.- Joensuuko unibertsitatea

11.- Tampereko unibertsitate teknologikoa

12.- GIK suediarra, Helsinki

13.- Abo-Turkuko GIK

14.- Kuopioko unibertsitatea

15.- Vaasako unibertsitatea

16.- Arte Industrialen Institutua

17.- Lappeenrantako unibertsitate teknologikoa

18.- Musika akademia

19.- Zientzia sozialen eta administrazio erregionalaren suediar eskola)

Hau ere, hastapenean, ekintza militantea izan zen (suediarrek antolatu zuten Abo Akademi bezalaxe), eta finantzaketa pribatuaz abiatu zen. Urteetan barrena, bai batak eta bai besteak laguntza publiko sendoa lortu badute ere.

Baina bi Unibertsitate dira, ez bat; Gambier-en taulan ongi agiri denez.

Orokorki, eboluzioa hauxe izan da (McRae, Table 32)

(5. taula. Suomi: Matrikulazioa unibertsitateetan eta suedieradunen ehunekoak. Hautaturiko urteak 1870-1990)

7 - Prentsaren bataila

Arreta berezia merezi luke sail honek. Baina ez daukagu luzatzerik.

Hona hemen McRaek eman duen “Table 36 hau:

(6. taula. Suomi: aldizkari kopurua eta astean zenbat gai eskaintzen dituzten (parentesi artean). Argitalpen hizkuntzaren arabera sailkatuak. Hautatutako urteak 1820-1970)

Oro har pizkundearen haseran suediarren eskuetan zegoen media hau, gaur egun suomieraren zerbitzutan ari da ehunka egunkari eta aldizkariren bitartez. Areago gogorazten du honek Kataluñaren egoera, Euskal Herriarena baino. Hemen, indar abertzaleak nagusi omen dauden honetan, prentsa española eta frantsesa dira erabat nagusi; aldizkari abertzaleei lotsarik gabe urtetan barrena boikota etra trabak eskaini zaizkiolarik....

No comment !

8 - Elebiduntasuna Suomin.

Suomin elebidun gutxi dago. Eta berori neurtzeko 1950an egin zen Errolda-galdera, ez da geroztik errepikatu.

Hona hemen K. McRaek bere liburuan (Finland, 100. orr.) ezagutarazi duen taula (1950) :

 


  F S
  Suomiar jatorrikoen artean Suediar jatorrizk.
Estatu mailan % 7,7 % 45,8

Askoz ere elebidun gehiago dago suediar gutxiengoaren barruan, suomiar gehiengoan baino.

Probintziaka :    
Uusimaa (Helsinkikoa) % 25,3 % 60,7
Turku-Pori % 7,0 % 54,9
Vaasa % 6,0 % 23,3
Aland uharteak % 75,6 % 10,3
Gainerako probintzietan % 4,2 % 90,2

Inguru bakoitzean hizkuntz presioa nolakoa den ageri da nabarmen. Vaasa inguruan suomieraz ikasteko beharra ez da senditzen, are gutxiago Aland uharteetan.

9 - Estandarraren sorreraz eta hedaeraz bi hitz

1906ko Maiatzaren 12an, Snellmanen jaiotzaren ospakuntzen karietara, 100.000 suomiarrek batera, beren famili deitura suediartuak trukatu zituzten. Ekintza sinboliko honen bidez argi utzi nahi izan zuten, Suediaz ahaztu, eta Suomiren barruan bilatu nahi zituztela beren nortasuna eta beren nazio-abiapuntua.

Denetan gailen Vaasa-ko Georg Zachris Forsman-en kasoa da azpimarra-garria.

1882an senatore hautaturik, bere etxe barruko hizkera eta idazteko mintzaira, errotik aldatzeko erabakia aldarrikatu zuen. Aurrerakoan Yrjö Koskinen izena hautatuz, bere suediar loturak grafikoki ere haustea erakutsi nahi izan zuen. Eta berdin egiteko eskatu zien bere aburukideei, jadanik ikusi dugunaren bidetik.

Suomieraren aldeko olatua abiatua zen.

Aurretik, hori bai, bilketa-lan nagusia Elias Lónnnrot osagileak (1802-1884) burutua zuen, joan den mendean dialekto guztietako kantuak, tradizinoak, esamoldeak, eta hitzak bilatuz eta ezagutaraziz. Suomiar abertzaletasunarekin oso lotuta dauden arrazoinengatik, ospe berezia hartu zuten Karelia urruneko kontuek.Ggaur egun, dena dela, Historiaren gorabeherak, Kareliako eskualde “sakratu asko Errusiaren menpe gelditu dira; eta stalinismoaren urteetan erabat hustuak.

Etendura hortxe.

Hizkuntz borroka gogor ari zelarik (1934 izan bide zen kinkaldi latzena), bi buruzagi agertu ziren; nork bere inguruan bere aldekoak elkartzen zituelarik. Alex Lille zen Suediara begiratzen zuena, eta E.N.Setälä (1864-1935) Suomiera Batuaren arautzaile eta bultzatzaile nagusia. Borroka1898tik aurrera azkartu zen, eta 1921-1922 arte iraun.

Kareliako eskualdeetako dialektoak kontutan harturik ere, Hego Mendebaldeko hizkerak hartu zituen Lönnrot-ek ardaztzat, ultra-karelizaleak minduz. Zuhurtziak gidatu zuen. Eta bere ospe pertsonalari esker lortu zuen batasuna nola-hala.

Jadanik esana dugunez, Suomiko hiriburu zaharra Turku zen. Ez zuen Setäläk hautatu, beraz, ez Kareliako dialektoak, eta ez Turku ingurukoak.

Mikael Agricola apezpiku jakintsua Suomi-ko Johanes Leizarraga. Hura ere Testamentu Berriaren itzultzaile (1548), berak hartutako bideari eutsi zioten ondorengoek, ahalean bederen.

“Les successeurs d´Agricola ont eu pour principale préoccupation d´éliminer tous les emprunts mal assimilés, idatzi du suomieraren jakitun nagusia den Sauvageot-ek.

Eta hori oso garrantzitsua izan da suomieraren normalkuntzan. Zeren-eta suomiera hizkuntza uralikoa izanik, ez baitzen posible (hizkuntza errotik lardaskatu eta hondatu gabe) maileguak nolanahika, egokikuntzarik gabe, beren hartan eta aldraka onartzea (hemen gure artean, zoritxarrez, beti irizpide gidaria izan ez dena !).

Adibide batzuk aipatuko ditugu.

“Telefono hitza hartu beharrez (suedieraz “telefon zeukaten ondoan) suomieraz /f/rik ez dagoela hartu zuten ideia erabakiortzat; eta hitza osotara baztertu. Suomiera zaharreko erroetara jo, beraz; eta, 1897z geroztik, puhele (mintzatu, alegia) berrindartuz, puhelin hitz berria asmatu eta hedatu zuten.

Bide beretik, eta Aurélien Sauvageot-ek emandako adibide ezagunaren bitartez (Mitxelenak ere maiz gogarazia), “propaganda hitza suomieraren fonologiaren osoki aurkakoa izanik (haserako /pr-/ hori, esate baterako) ; eta suomiar soldadoek 1940-1945 gerrakoan erabiltzen omen zuten egokitzapen jatorra aintza-kotzak hartuz, ropakanta hitza onartu zuten.

Bide berberetik, “biblia piplia bihurtu zuten konplexurik gabe.

Eta alemanezko “Frau, andere, rouva egokitu; desbideraketa fonologikoak errotik baztertuz, eta grafia internazionalari kaso gutxi eginez.

Eta suedierazko “bly ( = berun), lyiju bihurtu zuten.

Suomiar Fonologia jatorraren zerbitzutan, maileguen sarrera moteldu zuten; eta hitz-elkarketa eta hitz-eratorpena bultzatu. Suomieraz (euskaraz bezala) aurrizkirik ez baitago, egon, funtsean.

Atzizki mordo bat ontzat eman bai, ordea (173 omen). Eta suedieratik urrunduz, atzizkien bidea bultzatu zuten hiztegigintzan.

Hemen guk askotan egin ez duguna.

Eta suomiera erabar normalizatu zen. Eta 1939an Frans Eemil Sillanpää idazleak Nobel Saria irabazi zuen. Koroa galanta.

Alde asko eta askotatik, adibide harrigarri eta argi emalea Suomirena.

Honengatik argitara dugu lantxo hau.


BIBLIOGRAFIA apur bat

Gaur egun dagoen informazio-iturri osoena, Kenneth McRae-ren Finland liburua da (Conflict and Compromise sailean, 3. liburukia, W.Laurier Univ.Press, - Waterloo - Ontario, Canada -- 1997, 429 orr.).

Pittin bat xaharkiturik, baina oso zehazki dokumentatua, Yvez Gambier-en La Finlande bilingue: histoire, droit et réalités (Conseil de la langue française, Québec, 1986 -- 443 orr.)

Sarrera trinko eta labur bat nahi izanez gero, liburu hau gomenda genezake: El finés: de llengua dominada a llengua normalitzada, Jukka Havu suomiarrak “Generalitat de Catalunyarentzat katalanez idatzia, 1987; 60. orr..

Euskaraz badago Helsinki-ko Unibertsitateko irakaslea den Timo Riiho irakasleak Eibarko Kongresorako prestatutako txostena (1984).

Eta corpus-aren lanari buruz, Hakulinen Tesi mardulaz gain, Aurélien Sauvageot-en Le Finnois de Finlande (Suomi) lana kontsulta daiteke (in Language Reform sailean, Fodor, 1983; 173 - 190 orr.).

Baita E.N.Setälä-ren beraren liburuxka mamitsua: La lutte des langues en Finlande - 1920, Libr.Honor Champion, Paris; 32 orrialde.

BAT aldizkaria: 
30. 1999ko ekaina. Suomieraren normalkuntzaz
Kokapen geografikoa: 
Europa
Egilea(k): 
Jose Luis Alvarez Enparantza (Txillardegi)
Urtea: 
1999