Hizkuntz normalizazioari buruz esaten ez dena (Josep M. Ayma-Aubeyzon). Liburua

Katalaren hizkuntz normalizazioa zertan den jakin nahi duenarentzat liburu egokia da honakoa. Eta egokiro itzuli du Boni Urkizuk euskarara: euskara txukun eta malguan. Egilea, Ayma-Aubeyzon, Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Orokorreko lanean jarduna, gaur egun komunikabide batean katalanaren zuzentzailea da.

Irakurleak liburuaren ikuspegi orokorra izan dezan, hona lehen-lehenik aurkibidean idoro ditzakegun gai eta auzien zerrenda. Lehendabiziko zatian gaiok jorratzen ditu: «Ihardun politikoa»; «Herriaren nahia» eta «Aginte ekonomikoa» hizkuntz normalizazioaren hiru ardatz gisa. Bigarrengoan «Metodologiaren» bila abiatzen da: «Hizkuntz Normalizazioaren Plangintza orokorra eta behar dituen elementuak»; «Arazo bat: nola ebaluatu normalizazio-prozesua»; eta «Politikoen eskuhartzea». Eta azkenik, hirugarrenean: «Erabilera zabaldu»; «Nolako katalana?»; eta «Katalandun berrien katalana».

Egilearen iritzian bigarren zatia da funtsezkoena: «Hizkuntz Normalizaziorako metodologia egoki bat proposatzen dut: "hizkuntz plangintza" izenekoa, alegia. Nire abiapuntua da Hizkuntz Normalizazioaren oinarria ez dela filologi arazoa, askok uste duen bezala, soziala baizik; eta, beraz, gizarte-zientzien presentzia (eta gidaritza) eskatzen dut, bereziki soziologiarena. Hizkuntz Normalizazioaren ebaluazioa da beste gai oinarrizko bat, berak erakutsiko baitigu beti non gauden eta errealitatearekin nola bat egin». Aho batez onartuko genuke, nik uste, soziologiaren ekarpen hori, euskalgintzan gabiltzan gehientsuenok. Igaro dira, zorionez, oraindik ere psikologiaren harlauza astuna bada ere, hizkuntzaren normalizazio soziala hizkuntzalarien esku zegoeneko garaiak.

Ayma-Aubeyzon-ek hitzaurrean bertan zehazten du bere jarrera teorikoa eta analitikoa: «Liburu hau pragmatismo oso-osoarekin dago idatzia; berariaz ihes egiten diet printzipioei. Iruditzen zait ez dugula denbora gehiago pasatu behar eztabaidan ea geure estatu propioa behar dugun edo gaur egungo lege-markoa goitik beheraino desegokia den katalana normaldu ahal izateko. Era batera edo bestera, hiritarra naizen aldetik, eskubide oso-osoa dut neure herriarentzat askatasun handiagoa eskatzeko; Hizkuntz Normalizazioko teknikari naizenez, gaur egun dauden joko-arauen bidetik ibili behar dut, atseginak izan nahiz ez izan. Beste guztia denbora eta indarra alferrik galtzea da, eta horrek ez digu batere laguntzen». Ezin liteke argiago mintza. Liburuaren ikuspuntu nagusia hortxe dago bilduta: katalanari egotzi izan zaion ohiko pragmatismoaren eredua dugu pentsakera hau. Eta, damurik, ez luke horrela izan behar nahitaez: zergatik lerratu behar da mutur batetik bestera gizarte-gaion gogoeta eta kritikan? Zergatik, alegia, bateko jarrera teoriko-globalari (printzipioen kontua) kontrajarri behar zaio azterketa-eremuko jarrera pragmatiko-enpiriko huts hau? Dualismo honek ez du ekarpen sakonik egiten gizarte-auzien ikerketan, eta beldur naiz liburu honen alderik belaskena ez ote dagoen errealitatearen behaketa enpiriko arrunt horretan. Gainera, zalantzagarria da enpirismoaren kritika hori, printzipioei eta dagokiena salatzeko argudiatzen dutena: datuak berez ez baitira deus, datuon interpretaziorako euskarri teoriko eta ideologikorik gabe. Datuak ez dira berez mintzo. Ideologiaren arriskua, saihestezina da beraz.

Zertan da, honenbestez, Ayma-Aubeyzon aburuz, hizkuntz normalizazioaren estrategia. Hiru ardatz omen ditu horrek: «Jardun politkoa, herriarena eta estamentu ekonomikoarena dira hizkuntzaren normalizazio-prozesuaren hiru ardatzak, horien inguruan dabil jiraka (edo, bestela esanda, behar dira: aginte politikoa, herriaren borondatea eta katalanaren presentzia bete-betea ekonomiaren, kontsumoaren eta enpresaren baitan). Horietako bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa da, baina ez nahikoa». Aipagarria iruditzen zait eremu ekonomikoaren ardatza: gurean erabat alde batera utzia dagoen funtzio-eremua. Eta autore honen ustez noraezekoa da ekonomiaren kontu hau besteetan egiten dena ezerezean ito ez dadin. «Zeren arlo horretan presentziarik ez duen hizkuntza prestigiorik gabeko hizkuntza da, eta erabili gabe gelditzeko arriskuan dago. Erabilera ofiziala eta famili ingurukoa besterik ez duen hizkuntza mundua (publizitatean, etiketetan, multinazionaletan, denda handietan, modetan; hitz batean, kontsumoan) ibiltzeko ezindua dago». Harako Karlos hark zioen moduan, ekonomia determinatzaile azken buruan; dirudienez, hizkuntzaren auzi honetan ere antzeko gauzaren bat gertatu bide da.

Lehenengo jardunari dagokionez, jardun politikoaz alegia, konstituzioaren oztopoa azpimarratzen du egileak. Konstituzio honi darion hizkuntz ofizialtasunaren izaera ez dago argi nonbait: «Konstituzioaren marko horren barruan, ezin joan daiteke gai honetan Kataluniako Autonomi Estatutua joan den baino askoz aurrerago. Katalana Kataluniako hizkuntza propioa dela aitortzen du, nahiz eta kontzeptu horren balio juridikoa zalantzazkoa den». Hori batetik. Eta bestetik, Generalitatearen eskumenak daude: hizkuntzarekikoan Kultura eta Hezkuntza Sailetara biltzen dira «desberdintasunari» dagozkion eskumenak. Baina zer gertatzen da gainerako gizarte alorretan? Bi arazo dakuski katala gizartearen esparru orotara zabaltzeko: «bata, Generalitateak ez duela eskumenik (arazo politikoa); bestea, katalanaren normalizazioari buruz ez dagoela iritzi finkorik hizkuntza hori Estatuaren eskumenetan sartzen denean (arazo linguistikoa). Eta hori guztia Generalitateak, printzipioz, hizkuntzari buruzko eskumen guztiak bereak dituenean... baina zein arlotan?». Horra oraintsu arteko egoera. Orain, liburu hau argitaratu ondorengo aldaketen ondotik (Katalanaren Legea eraberritu dute), zenbateraino hobetu ote da gizartearen edozein arlotan katalana normalizatzeko ahalmena?

Normalizazioaren bigarren ardatzean «Herriaren nahia» dagoela esaten digu Aym -Aubeyon-ek. Eta atal honen idazpuruan honako hau pausatu du: «Hizkuntza normala hizkuntza despolitizatua da». Ondoren saiatuko da horrekin zer esan nahi duen argitzen: «Katalanaren erabileraren despolitizazioa, horra gero eta argiago asumitzen den gauza bat. Katalana erabiltzeak ez du esan nahi eskuindarra edo ezkertiarra, gizarte-maila edo ideologia jakin batekoa edo bestekoa izatea, ezta abertzalea izatea ere». Sintoma positiboa da oso hori horrela izatea: katalanaren erabilera «normaltzat» hartzen baitu jendeak, inoizko konnotazio ideologikoak albora utziz. Alabaina, hizkuntza bat «normaltzat» hartzeak hizkuntza horren eta hiztunen egoera despolitizatu egin dela adierazi nahi ote du? Gai honetan oinarri-oinarrizko gaizki aditzea dago: gizarte-egitate bat «normaltzat» hartzeak ez du adierazi nahi egitate horrek dimentsio ideologiko-politikoa galdu duenik, baizik eta dimentsio horren izaera aldatu egin dela. Lehen bezain politikoa baita orain ere katalana edo euskara erabiltzea: lehen, ordea, politikotasuna politika-joera jakin batzuekin identifikatzen zen, eta orain politikaren «joera» hori desagertu egin omen da hizkuntz erabileraren arautik. Bestalde, zera eduki beharko genuke kontuan, auzi hau ahotan hartzen dugun bakoitzean: gizarte-egitate bat «normal» egiten duena, hain zuzen, ideologia hegemonikoa dela (ebidentzia soziala zilegiztatzen duena), eta inon baino presenteago dagoela izari politiko-ideologikoa gizarte-fenomeno «normal» horietan. Izan ere, horretantxe dago nahaste-borraste honen koxka: dena delakoa «normaldu» denean, jadanik ideologiak (sentikerak, pentsakerak, baloreak) ez digula ikusten uzten, hain zuzen ere «norma» bihurtu delako. Ideologiak ez baitu bere bururik ezagutzen. Fenomeno horren adibiderik argienetakoa ideologia erlijiosoarekin jazo ohi dena da. Ideologia mota honek (fedeak, sinesmenak) ezagutzen ote du bere burua? Ez dirudi. Halere, jakina, gertaera horrek ez dizkio bere baloreak ukatzen: balore horiek, onerako edo txarrerako, bere izatearen oinarrian daude «itsutasun» kontuak gorabehera.

Katalanaren despolitizazioarekin jarraituz, honakoa dio ondoren: «Horregatik, katalanaren normalizatzaileak ez du politikaren normalizatzaile izan behar, ezta kulturarena ere, nahiz eta askotan gauza batek eta besteak elkarren antz handia izan. Badakigu bi gai horiek iturburu historiko eta politiko berebera dutela. Arazoa, hain zuzen ere, zera da: gauzak argitzea Hizkuntz Normalizazioaren eginkizun eta xedeak ondo mugatzeko». Tamalgarria da, horregatik, liburu honetan barrena egileak korapilo hori ez askatu izana. Abiaburuan bertan utzi gaitu: bai baina ez, ez baina bai. Zertan gara? Hizkuntza eta kultura sakabanatu eta bakartzen dituen hizkutnz plangintzak ez dauka zer eginik, eta hori oinarri-oinarrizko kontua izan beharko luke ezein hizkuntz militanterentzat. Eta kulturarekin ezezik, hizkuntzaren eta politkaren arteko lotura, ezinbestekoa da; baina ez bakarrik «onerako», baita «txarrerako» ere. Edota «politika egitea» katalanaren edo euskararen aldeko hizkuntz politika egitea bakarrik dela pentsatu behar ote dugu bada? Hizkuntzen eguneroko bilakaera eta norabidea ez ote dago, izan ere, indar politikoen eskuko? Gero eta sinestuagoa nago gauza batean: oinarri-oinarrizko kontuetan oso despistaturik gabiltza, eta nekez aurrera liteke horrela, amets dugun hizkuntz normalizazioaren prozesuan.

Pasadizo bat aipatzen digu hizkuntzagintza eta kulturgintza bereziak direla frogatu nahian. Horren harian ateratako ondorioak dira besteok: «Hizkuntza normalizazioa eta normalizaio politiko-kulturala ez dira berez gauza bera. Badakit batzuk ez direla nirekin bat etorriko. Esan dezadan, jakina, apropos ekarri dudala horrelako kasu nabarmena. Hori da, ordea, izpiritua. Normalizatzaileak askotan izan dezake «politika egiteko» tentaldia (non jarri muga?)». Hona esan dudanaren adibiderik erakusgarriena: hizkuntz normalizazioaren izaera politiko-ideologikoa nahasten ditu etengabe, haren izenean, honen izaera ukatzeko. Eta batak ez du zer ikusirik bestearekin, aitorpen hau berau ere egia osoa ez izan arren: hizkuntz normalizatzaileak, gizabanako gisara, nahi duena egingo du; eta egiten duena egiten duela, gertaera horrek ez du ezertan aldatzen hizkuntzen estatus sozialari darion izaera politiko-ideologikoa.

Hizkuntza menperatuen adibidea paradigmatikoa da zerako zeran: teorian guztiena dena, praktikan oso gutxirena izaten da. Eta azkenean, esaerak dioena egia: «Nagusiki askoren astoa, goseak hil». Kosta ahala kosta, halere, astoa guztiona omen da: guk nahi bai! Hona astoaren jabeak zeintzuk diren: «Katala abertzale eta independentzi zale meritudunek bakarrik erabili behar ote dute? Eta hain errotuak dauden anarkista katalanek, esate baterako, nola hitz egin beharko lukete? Katalanaren normalizazioa eginkizun neutroa da eta normalizazio horren oinarria hain zuzen, beste edozein hizkuntzarena bezala, edozein egoeratan komunikatzeko balio izatea». Begin bistakoa denez, politika eta ideologia jakin-zehatzei dagokienez, hizkuntzaren auzia «neutroa» izan liteke (hau berau ere, azken batean, ez litzateke formulazio «zientifikoa» izango baina); guztiarekin ere, ordea, hizkuntzaren erabilera sozialaren izaera ez da berez batere «neutroa», hizkuntza bat erabiliko bada, besteak beste, baldintza politiko-ideologiko batzuk derrigorrezkoak direlako.

Galderak galderen gainean pilatuz amaitzen du bere hausnarketa Aym -Aubeyzon-ek: «Badakigu, beraz, hizkuntza eta abertzaletasuna bateratzeak ez diola katalanaren normalizazioari onik egiten. Ez dakigu, ordea, zein diren normalizazioari lagunduko dioten baloreak. Arazoa erabat despolitizatzen badugu, zein izango da balorea jendea gero eta sutsuago katalanaren erabilera eskatzera bultzatuko duena? Lor ote daiteke jendeak katalanaren presentzia handiagoa eskatzea hizkuntza hori berea duelako, bere eta bere taldearen identifikaziorako beharrezkoa. Posible al da eskaera politiko-historiko edo abertzaleez haratagorik?» Itaun-zerrenda luzearen ondoko emaitza, berriz, beste hau da: «Beraz, benetako despolitizazioak ez du esan nahi, nire ustez, hizkuntzaren errebeindikazioa bazter uztea».

Katalanaren hizkuntz normalizaziorako behrrezkoak diren baloreen auzia planteatzen digu, beraz, egileak. Balore horiek ezin dira izan, batez ere, abertzaletasunaren ezpalekoak; beste iturri batzuk erabili beharra aldarrikatzen du liburuan zehar. Zeren eta, abertzaletasunaren jarreraren atzeko aldean, sarri askotan, «errenuntzismoa» hautematen du. Zer da, ordea, errenuntzismoaren hizkuntz politika hori? Hitzondo honetan definitzen digu ihesbide baten buru-zuriketa: «Ziur nago gaur gaurkoz katalana normaltzeko eragozpenik handiena gure biztanleriaren jarrera izugarri pasiboa dela. (...) Hain zuzen ere, oso nazionalista diren askorentzako katalanaren normalizazioa politikoen ardura da eta herria horren "biktima" dateke. (...) Azkenik, zenbait errenuntzista aktibok ("Hizkuntz Normalizazioa Administrazioen eskuetan dago") gaur egungo hizkuntz egoeraren aurkako diskurtso bortitza egiten du, errua estatu propiorik ez izateari egotziz (gustatuko litzaidake niri ere). Jarrera hori eskapismo hutsa da, borrokari eroso-eroso ihes egiteko».

Batere zalantzarik gabe, bat gatoz horretan Aym -Aubeyzonekin. Batak ez du bestea ezabatzen: ofizialtasun izaerak eta aginte-ahalmenak hil ala bizikoak dira hizkuntzaren zorirako, baina horrek ez du zuritzen, estatus hori erdietsi bitarteko garaian, eskuak tolesturik egotea. Auzi honetan, nire usterako, oharmen zolia aplikatu beharko genuke katalanek eta euskaldunok. Gutxien-gutxienez, honako puntu hauek hauteman beharko genituzke: a) botere-auzia ez dela hor nonbaitetik etorriko zaiguna euskara salbatzeko, botere-kontzeptua askoz ere konplexuagoa delako; b) gizarte zibilaren jarduna ez dela gizarte politikoarekiko autonomian dagoen zerbait, hura idealizatzeko arriskupean; c) bi alderdiok, funtsean, gauza bera direla, sistema orokor baten dinamikari zor zaizkionez.

Gai hauek jorratzen dituen zatiari honela damaio amaiera egileak: «Kapitulu hau bukatu aitzin, Hizkuntz Normalizazioa sentitzeko modu berriak azaldu nahi ditut. Ez da arrazoibideetan oinarrituta jarduteko modu bat, ez; zehatz-mehatz "sentimendu" bat da. Nirekiko, katalanaren alde lan egiten hasteko abiapuntua da nire burua zapalduta sentitzen dudala eta hiritar legez ditudan eskubideak ez dizkidatela errespetatzen. (...) Beraz, ez naiz abiatuko ez abertzaletasunetik ez beste edozein baloretatik neure dudan eta inork neure herrian kentzeko eskubiderik ez duen zerbaiten alde borrokatu eta erreibindikatzeko». Zilegi ez ezik egoki da noski nork bere hizkuntz egoera mikrotik nahi eta behar dituehn ondorioak ateratzea: hizkuntza-zapalkuntza ez baita izaki metafisikoa. Bestalde, sentimenduen argudio hori ere, oso egokia iruditzen zait bizitzaren sustraia arakatzeko. Halaz guztiz ere, ez naiz bitasunezko planteamendu horien zalea: batetik arrazoia eta bestetik sentimendua; batetik abertzaletasuna eta bestetik norbanakotasuna. Zergatik diodan hau? Besteak beste, bitasunaren alde horiek ez direlako berez euren baitan isolaturik dauden izaki edo gizakiak: esaterako, abertzaletasun-dimentsio eta norbanakoaren jarrera ez direlako elkarri kontrajarriak dauden baloreak, haabeharrez edo. Are gehiago: elkargarriak ez ezik, elkar osagarriak izan litezke. Zergatik, hortaz, indarrak eta energiak elkartu ordez, bitasunaren legean erditik sakabanatu? Jatorri etniko-linguistikoz katalanak edo euskaldunak ez direnentzat agian hobe dela estrategia hori planteatzea? Horiekin abertzaletasunaren abiapuntuak eragozpenak sortzen dituelako? Hori eztabaigarria, jakina. Baina baldintzapen horrek ez du ukatzen bertakoentzat eratu daitekeen hizkuntz abertzaletasunaren estrategia.

Eta iruzkin hau aukeran luzeegia atera zaidanez, buka dezadan autoreak katalanaren erabileraz aurkezten duen hipotesiarekin. Ahozkoaren eta idatziaren arteko elkar osagarritasunik eza du kezka-iturri: «(...) nire hipotesia da katalan idatziaren erabilera zabaltzen (ari) den bitartean, ahozkoak beherako joera duela (eta izango). Eta hori, jakina, gaztelaniarekin erlazioan gertatzen da; hau da, idatzizko gaztelaniak agian behera egingo du, eta ahozkoa finkatu egingo da. Oinarrizko arrazoia da hizkuntza batean idatzizko erabilera nagusitzeak ez duela ezinbestean esan nahi ahozkoa ere nagusitu denik. (...) Horregatik, behin baino gehiagotan azaldu izan da katalanaren latinizazio-arriskua. Izan ere, gerta daiteke hemendik urte batzuetara jendeak katalana jakitea (beraz, hitz egiteko "gauza" izatea), baina orohar ez erabiltzea. Fosilizazio-bidean dagoen hizkuntza bat dateke». Ez da aurreiskupen kamutsa Kataluniatik datorkiguna: hizkuntza bat ikastea eta erabiltzea elkarrekin loturarik gabeko bi prozesu gerta litezke, eta horrela gertatzeko aukerak ez dira txikiak izaten delako hizkuntza hori menpeko denean.

BAT aldizkaria: 
26. 1998ko martxoa. Euskararen egoera NAfarroan ikertzail...
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Joxe Manuel Odriozola
Urtea: 
1998