Zenbakia

Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadako hedabideetan

PDF formatuan eskaintzen da.

Hitzaurrea

Josu Amezaga Albizu


Behategia. EUSKAL HEDABIDEEN BEHATOKIA abiaburuko bosturtekoa (2016-2020)

Behategia
Euskal Hedabideen Behategiak bere lehen bosturtekoa burutuko du aurten. 2016aren hastapenetan abiatu zen proiektua hitzarmen baten sinaduran ardatz kronologikoa finkatuta, eta orduan oraindik ia inork ezagutzen ez zuen irudia sareratzeko lanak martxan jarrita behategia.eus atariaren bidez. Bost urteko lanaren ondorio da gaur egungo posizioa, erreferentzia bilakatu arteko ibilbidea. (Elkar)lanez osatutako bidea. Datozen lerroetan, Behategia deitzen den egitasmoaren abiaburuko bosturtekoaren nondik norakoak azaltzen dira. Sorreraren eta bilakaeraren xehetasunak jasota gera daitezen, baina baita herritar orok orain arte egindakoa ezagutu dezan ere: alde batetik, lehen emaitzak; eta, bestetik, aurrera begirako proiektuak. Halaber, 2016-2020 bitartean burututako jardueren zerrenda biltzen du azalpen testu honen azken atalak. Horiek izan baitira abiaburuko bosturtekoan egin ditugunak. Baina hau ez da hasiera besterik. Euskarazko komunikabideen inguruko ikerketak aurrera egingo du, elkarlanean etorkizunerantz.


Euskarazko komunikazioa lau hamarkada eta gero: irakurketa kritikoa

Josu Amezaga Albizu
Lau hamarkada joan dira euskarak jauzi handia egin zuela komunikabideetara. Herri dinamikaren eta aldaketa politikoen eskutik hazkunde nabarmena gertatu da berrogei urtean, hala eskaintzan nola kontsumoan ere. Orain ezinbestekoa da denbora tarte horretan egindakoari begiratzeko: ez soilik egindakoaz ikasi beharra dugulako, baizik komunikazioak bizi duen eraldakuntzak, bilakaera soziolinguistikoak eragiten dituen egoerek, eta baldintza politiko berriek hori egitea eskatzen dutelako. Horretarako begirada kritikoa erabiliko dut, izandako arrakastei bezainbeste zailtasun, muga eta hutsuneei ere erreparatuz. Hiru eragile nagusitan jarriko dut begirada: komunikabideak, administrazioak, eta unibertsitateak.


Herri ekimeneko euskal hedabideak aurrera begira. Gogoeta baten lehen pausoak

Igor Astibia Teiletxea
Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak 2020ko urtarrilean gogoeta prozesua jarri zuen abian ondorengo urteetan sektorearen erronka nagusiei nola erantzun erabaki asmoz baina pandemiaren ondorioz prozesua eten behar izan genuenez, artikulu honetan emandako lehen pausoen emaitza baino ezin izan dugu aurkeztu. Ondorengo lerroetan beraz, martxoa hasieran Bartzelonara egin genuen bidaiaren laburpena egiten da, komunikazioaren eremuan eskarmentu handia duten Herrialde Katalanetako hainbat aditurekin izandako elkarrizketen sintesia. Testu hau ez da sektorearen gogoeta estrategikoaren emaitza, inola ere ez, baina bertan jasotzen diren ideiak, beste ekarpen batzuekin batera, baliagarriak izango zaizkigu ondorengo hilabeteetan berrartuko dugun gogoetarako.


Koronabirus pandemia eta online portaeren aldaketak (euskal) ekosistema mediatikoan

Edorta Arana
COVID-19ak osasun krisi larria eragiteaz gain, inplikazio sozial, ekonomiko eta politiko sakonak izango dituen aldaketa aroa ere eragin du. Komunikazioaren eremuan ere bai. IKTen erabilera masibo eta unibertsalizatuaren azeleratzaile izan da pandemia, eta komunikazio digitalizatua eta globalizatua ezaugarri dituen garaia da ordutik bizi duguna. Ziklo berriko ekosistema mediatikoa ziurgabetasun testuinguru betean dela idatzitako artikulua da honakoa, hiru galdera oinarri hartuta: Zer nolako komunikazio joerak gertatu dira mundu mailan 2020ko lehen hilabete gorabeheratsuetan? Euskal ekosistema mediatikoko joerak antzekoak izan ote dira? Eta euskarak zer nolako lekua izan du astinaldi hortan? Erantzun asmoz, nazioarteko adierazleak aztertu dira, euskal hedabide digitaletan nabarmendu diren aldaketak adierazi, eta audientzia gazte eta erabat digitalaren online portaerak ezagutu. Etorkizunean komunikazioaren panoraman kontuan hartzeko zenbait gogoetek osatzen dute azterlana.


Iraultza digitala eta ikus-entzunezko egungo zerbitzu publikoa: hizkuntza eta subiranotasun kulturala. Katalan eta euskal kasuak

Enric Marín i Otto
Azken 15 edo 20 urteetan, gelditu egin da edo atzeraka egin du euskararen edo katalanaren erabilera sozialak. Haurren eta gazteen artean, bereziki. Iraultza digitalaren testuinguruan komunikazio ekosistemek izan duten errotiko eraldaketarekin batera gertatu da hori. Urte hauetan, eutsi egin zaio ikus-entzunezko eduki tradizionalen kontsumoari, hala nola irratiarenari edo lineako telebistarenari, baina ikus-entzunezkoak online banatu eta kontsumitzeko modu berriak agertu dira, indartsu, gainera. Banda zabal mugikorreko –5G– telekomunikazioen hedapen berehalakoak are protagonismo sozial handiagoa emango dio ikus-entzunezkoen industriari. Euskadiko edo Kataluniako gizarteen modukoentzat, agertoki horretan hizkuntza eta kultura politikak zehazteko, ezinbestekoa izango da eskumenak sendotzea, espektro erradioelektrikoaren erregulazioa kudeatu edo kokudeatzea, baita ikus-entzunezko sistema publikoa birsortu, eguneratu eta indartzea ere.


Komunikazioa eremu digitalean: daukaguna eta datorrena

Lorea Arakistain
Euskal Hedabideen Behategiak, Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Nor ikerketa taldeak antolatutako Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan1 ikastaroaren barruan eta Leire Palaciosek (PuntuEUS) gidatuta teknologiaren betaurrekoak jantzita aritu dira Josu Azpillaga (CodeSyntax), Josu Aztiria (Elhuyar) eta Lorea Arakistain (PuntuEUS). Komunikazioa eremu digitalean: daukaguna eta datorrena izan dute aztergai. Jarraian bildu dugu saioan jasotakoaren lekukotza.


Komunikazioa inkomunikazio bihurtzen denean

Elixabete Garmendia
Testu hau Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan EHUko udako ikastaroan “Euskarazko komunikazioa prentsa elebiduenan” izenburupean 2020ko irailaren 15ean Donostian egin zen mahai-inguruko kontakizuna da. Bertan parte hartu zuten Eduardo Iribarren Noticias de Gipuzkoa egunkariko zuzendariak eta Iñaki Soto Garako zuzendariak. Moderatzaile-lanak testu honen egile Elixabete Garmendia izan zen.


Aiaraldea Ekintzen Faktoria. Komunikazio proiektu bat izatetik, komunitate proiektu integral batera jauzi. Metamorfosi baten kronika

Gartzen Garaio
Zergatik bihurtzen da euskarazko hedabideak sustatzea xede duen elkarte txiki bat, banketxe bat sortu edo etxebizitza blokeak eraiki nahi dituen erabiltzaileen kooperatiba integral batean? Galdera horri erantzuteko saiakera egiten da artikulu honetan, egitasmoaren transformazioren atzean dagoen gogoeta azaldu eta bide horretan sortutako baliabide eta lan-filosofiaren berri emanez. 2016an itxitako gogoeta estrategikoaren ostetik, Aiaraldea Ekintzen Faktoria egitasmo berrituak euskalgintzaren esparru tradizionaletik harago egin, eta komunikazioa, kultura, aisialdia eta hezkuntza lantzeaz gainera, elikadura burujabetza, feminismoa, edo ekonomia sozial eraldatzailea lantzeko apustua egin zuen, hari berri hauek modu integralean lotuz hizkuntzaren normalizazioari. Norbanakoek eta hizkuntz-komunitateak bizitzeko behar dituen baliabideen ekosistema osatzea du xede orain proiektuak, euskara eraldaketa sozialerako tresna eta bide bihurtuta.