Gizarte sareak eta hizkuntzaren erabilera: euskarari eta gaztelaniari egokitutako hurbilketa

Gizarte sareen ikuspuntu metodologikoa errealitate soziolinguistikoaren azterketarako ikerketa-lanabes emankorra delakoan gaude, eta ikerlana uste hori arrazoitu nahian burutu dugu. Ikuspuntu metodologiko honek, oro har, gizarte zientzia ezberdinei egin diezaiekeen ekarpenaren berri ematea izan da ikerketaren xedea. Asmoa ez da izan, beraz, aplikazio arlo bezala hartutako hizkuntz egoeren azterketa sakona egitea

Gizabanakoak besteekin harremanetan jartzean gizarte sareak eraikitzen eta osatzen ditu bere inguruan, eta beste horrenbeste gertatzen da instituzio (enpresa, elkarte,...) baten inguruan. Gizarte harremanak sortzen direnean gizarte sare bat baino gehiago eta ezberdinak eratzeko aukera ematen da: lantegian, adibidez, lanpostuari formalki dagozkion lan harremanak (eta sareak) sortuko dira eta, horretaz gain, lankide batzuen artean adiskidetasunaren sareak baita ere

giza kapitalaz gain (heziketaren kredituen araberakoa) edo kultura kapitalaz gain (gizarterakuntza era eta klase posizioaren araberakoa) hirugarren kapital mota bat, besteak beste, harreman kapitala izango litzateke, hau da, sujetuek dituzten harreman ez formalen ahalbideak

Harreman horiek hizkuntza baten bidez burutzen direnez, uste dugu gizarte sareak aztertzea ezinbestekoa dela hizkuntzaren erabilpena era osatuan ulertu nahi bada. Hizkuntza baten erabileran faktore askok eragiten dute, eta, era berean, argi dago hizkuntzaren erabilera gizarte dimentsioko zerbait dela ere eta ez bakarrik banakakoarena. Ez dugu ulertzen gizarte dimentsioa banakakoengandik at dagoen zerbait legez (Durkheim-en ikuspegia), baizik eta banakakoen arteko interakzioan egiten den zerbait eta beroni lotua doana.

Hizkuntzaren erabilera interakzioan sortu eta hedatzen da, hori dela eta, interakzioaren ikerketa funtsezkoa zaigu erabilera edo erabilerarik eza aztertzeko orduan. Eta ezinbestean, interakzioa aipatzen dugunean harremanak aipatu behar ditugu, hots, gizarte sareak. Testuinguru honetan kokatzen da artikulu honen edukia: gizarte sareen metodologiaren egokitasuna hizkuntzaren erabileraren analisiarako.

Gizarte sareen metodologia ez da banakako ikuspegian kokatzen, hots, ez du bere azterketa gizabanakoen ezaugarrien arabera egiten. Alderantziz, gizarte egituran gizabanakoak non eta nola dauden kokatuta funtsezkoa izango da ikuspegi honetan.

ez da onartzen aktoreen ezaugarrietan soilik oinarrituriko gizarte prozesuen edota gizabanakoen portaeraren azalpena. Sareen ikuspegitik, unitateen arteko harremanen informazioa da garrantzizkoa, eta harreman hauek osatzen dituzten sistemak gizarte egituraren oinarria dira; horrela, gizarte sistemak sareen sareak dira eta sujetuek sareetan eta hauen ezaugarrietan parte hartzen dute

Sare batean ezberdindu dezakegu erdiguneko kokapena, bere inguruan harreman puntu asko dagoenean; eta inguruko kokapena bestelako egoeratan; kontzeptu hauek koantitatiboki azter daitezke. Kokapen kontzeptuak aktore baten besteekiko autonomia edo menpekotasun maila baldintzatzen du: aktore batek beste aktoreen baliabide edo ondasunetara iristeko dauzkan aukerak, hain zuzen. Kokapenak aktoreen «aukera egitura» baldintzatzen du eta honek, bestalde, aktoreen portaera

Eskuragarritasunak aktoreen arteko harremanek aktore baten portaera noraino baldintzatzen duten isladatzen du. Eskuragarritasun kontzeptua soziologikoki oso garrantzitsua da eta, Requena-k dioenez, kontzeptu honek aktore baten sareko loturak komunikazio kanal bihurtzeko era eskaintzen du. Kanal hauek beste aktoreengan presioa egiteko balio dezakete

Zentralitate (lehen aipaturiko erdiguneko/inguruko kokapena) eta trinkotasun kontzeptuak oso erabilgarriak dira sarearen egitura adierazteko orduan. Trinkotasunak sarearen kohesio maila adierazten du eta zentralitateak kohesio hori aktore batzuen artean nola (zein neurritan) antolatzen den adierazten du

Gizarte sareek bizitza epe zehatz bat irauten dute. Epe horretan sareak aldaketak izan ditzake bere tamainan nahiz ezaugarri koalitatiboetan. Partaideen adinaren arabera, adibidez, nerabezaroan dagoen gazte baten sarea ez da izango gazte horren heldutasuneko sare berbera, nahiz eta bietan partaide batzuk berdinak izan

Bi gizarte sare ezberdin aukeratu ditugu ikerketa enpirikoa egiterako orduan, horrela sareen metodologiaz baliatuz hizkuntz-soziologiara hurbilpen-froga bat egin nahirik. Alde batetik, lagun koadrila bat aukeratu dugu sarearen kokagune bezala, gizarte sare berezkoa eta aldakorra, alegia. Bestetik, udaletxe txiki bateko (7.000 biztanle inguruko udalerriarena) langileak dira aukeratu den beste sarearen kokagunea. Azken sare honetako partaideak erakundeko langileak dira eta, zentzu honetan, sarea era formal batean eratua dago

Moldaketa-froga metodologiko bezala ulertuta ikerketa honek nahikoa bete ditu espero genituen emaitzak; hau da, agerian gelditu da gizarte sareen hurbilpen metodologikoa guztiz baliagarria dela, besteak beste, bi hizkuntza elkarren ondoan bizi direnean, hizkuntz bien presentzia egoera horretako gizarte harremanetan aztertzeko. Besteak beste diogu, izan ere, hurbilpen metodologiko hau aproposa dela uste baitugu taldeen nahiz erakundeen azterketarako, eta azken finean, harremanak garrantzitsutzat jotzen diren edozein arloren ikerketarako

Gizarte sareen metodologiaren balioa azterketa soziolinguistikorako ematen duen kontzeptualizazioan eta analisi enpirikorako aportazioan datza. Batetik, sareen kontzeptuak gizarte egituraren harreman egonkorrak edo erregularrak kontuan hartzen dituelako eta, bestetik, harreman hauen egoerei eta osagaiei buruzko araketa eta definizio zehatza burutzen dituelako. Bestalde, metodologia honek hizkuntzaren erabilera harreman ingurune egituratu batean kokatzen du eta, beraz, harreman horien egitura eta ezaugarriak aztertuz hizkuntzaren erabileran dauden eragileak era osatuagoan azter ditzakegu

partaide bakoitzaren ezaugarrien berri ere jaso daiteke, informazio mota honekin azterketa hornituz. Beraz, gizarte sareen metodologiak hiru motatako informazio eskaintzen digu batera: partaide bakoitzarena, gizarte egiturarena eta, azkenik, lehenengoek gizarte egitura horretan sortzen dituzten harremanei buruzkoa. Hiru informazio iturri horietatik abiatuta, hizkuntzaren hautaketan edo erabilpenean agertzen diren eraginak era osatuagoan aztertzea ahalbidetzen da

gizarte sareen aplikagarritasun horretan muga batzuk ere agerian gelditu dira: gizarte harremanen konplexutasuna dela medio, informazio bilketa eta horren analisia egoera mikrosozialetara mugatu behar da, bestela, egoera makrosozial batean sujetuen arteko interakzioa hain korapilatsua izanik neurgaitza bihurtzen den punturaino iristen delako. Horra hor, beraz, metodologia honek duen muga nabarmena

harremanen izaerari erreparatuz berezko harremanak eta harreman formalak kontuan hartu izan ditugu. Berezkoak kideen arteko harreman pertsonaletan oinarritzen dira (familia edo lagunartekoak, adibidez) eta harreman formalak egoera edo talde sozial baten barneko eraketa formalari dagozkie (erakunde baten organigramaren araberako harremanak, besteak beste). Bigarren hauetan sareen analisiak ematen digun hainbat informazio erabil daiteke hizkuntza politika bat betetzen edo aurrera eramaten laguntzeko. Berezko harremanak, aldiz, arlo pribatuari dagozkionez hizkuntza politika baten interbentziotik urrutiago gelditzen da

kokapenaz gain harreman sareetan badaude beste ezaugarri interesgarriak eta erabilgarriak hizkuntza planifikazio baterako: zentralitateari lotua dagoen maila kontzeptua edota maiztasuna, norabidea, intentsitatea, iraupena, edukina, etab. Sareko erdiguneko kokapeneko lekuan edo harreman maila altua ematen den lanpostuan sujetu elebiduna baldin badago, orduan, bere bitartez igarotzen diren beste sujetu elebidunek babestu beharreko hizkuntza hautatzeko aukera izango lukete. Plangintza baterako kontzeptu hauek duten erabilpen hori eskuragarritasun baxuko (harreman zuzen gutxiko) sareetan bereziki oso nabarmena izango litzateke, kasu horietan halako kokapenak are garrantzitsuagoak bihurtzen direlako

Harremanen norabidetasuna ere interesgarria zaigu interakzioaren lehen kontaktuan bereziki: nork nori zuzentzen dion lehendabizi hitza eta zein hizkuntzetan den, kontuan hartu beharreko egoera da honek geroko harremanetan duen eraginaz jabetuta. Hori horrela, harreman formaletaz arituko den planifikazio batek egoera horretaz arduratu beharko litzateke

Saio honetan garatu dugun beste lanabes bat harremanen euskalduntasunaren adierazlea da. Adierazle honek eskaintzen digun informazioa hizkuntza bakoitzak sarean duen pisua da, eta informazio hori hizkuntza politika batek aztergai duen sarearen diagnosirako eta bilakaeraren jarraipenerako erreferentzi beharrezkoa dugu

euskaldunberri (heldu zein ume) baten harreman euskaldunen sarearen nahikotasuna formulatu dezakegu, eta maila horretan sujetu hau iristen den ala ez proposatutako harremanen euskalduntasunaren adierazleren bidez ezagutu dezakegu

Bestela esanda, gaitasun maila bat behin lortuta ikastetxeetan edo euskaltegietan ikasitakoak jarraipenik izango duela ziurtatzeko euskararen erabilera tinko bermatzen duen harreman euskaldunen sarearen hedadura neur daiteke. Harreman euskaldunen sarearen nahikotasuna finkatzeko egoera askoren azterketa sistematikoek adieraziko digute ingurune bakoitzean zenbaterainoko sare euskalduna behar den gaitasunean atzera ez egiteko

ikerketa metodologikoa dela gogoratuz, ondorioztatu genezakeena da gizarte sareen metodologia jarraituz eginiko informazio bilketa motarekin (informazio bik egoera bakarraren berri emanez) informazio kontraesankorrak ager daitezkeela behin baino gehiagotan. Informatzailearen pertzepzio subjetiboa agerian gelditzen da, eta sujetu guztiena bat ez etortzea da ohikoena. Aipatutako honek informazioaren tratamenduan eta interpretazioan du eragin zuzena; halere, jasotako informazioak ez du bere baliorik galtzen eta, gainera, erraz saihes daitekeen oztopoa da

Oin-oharrak

1.- Sarrera

Hemen aurkezten den lanak Euskal Herriko Unibertsitatearen1 babesean burututako gizarte-zientzien arloko ikerketa metodologiko baten berri ematen du. Gizarte sareen metodologiaren ingurukoa, hain zuzen ere. Ikerketa metodologikoa dela diogu, gizarte zientzien alorrean ikerkuntzan dihardutenentzat aipatutako metodologiak izan dezakeen baliogarritasuna aztertzeko ikerketa saiakera izan delako.

Ikerketa lanaren asmoa, guretzat ere berria zen arlo metodologiko batetara hurbiltzea izan da. Gizarte sareen ikuspuntu metodologikoa errealitate soziolinguistikoaren azterketarako ikerketa-lanabes emankorra delakoan gaude, eta ikerlana uste hori arrazoitu nahian burutu dugu. Ikuspuntu metodologiko honek, oro har, gizarte zientzia ezberdinei egin diezaiekeen ekarpenaren berri ematea izan da ikerketaren xedea. Asmoa ez da izan, beraz, aplikazio arlo bezala hartutako hizkuntz egoeren azterketa sakona egitea.

Lanaren egituraketari dagokionez, lehenik eta behin, gizarte sareen inguruan aritu diren autore ezberdinen eta beraien ikuspegiaren aurkezpena egiten da. Kontzeptuaren hastapenen errepaso arina egin ondoren, gizarte sareen oinarri teorikoak azaltzen dira: sareen oinarrizko osagaiak, eta osagai morfologikoak, gizarte sare barneko harremanen ezaugarriekin batera. Segidan letorke gizarte sareen metodologia hizkuntz harremanekin erlazionatzeko saiakera.

Azkenik, hurbilpen metodologiko honen balioa frogatzeko asmoz bi ikerketa saio burutu dira, beste horrenbeste harreman sareetan aipaturiko metodologiaren ekarpen kontzeptuala nahiz garapen operazionala aplikatuz.

2.- Gizarte sareen metodologiaren hastapenak

Gure eguneroko bizitzan gizarte sareak sortzen eta osatzen ari gara etengabe. Egoera askotan gure portaera besteengana zuzendua da eta baita alderantziz, hau da, besteen ekintzak gu geu gaituzte erreferentzia edota helburu. Jaiotzetik aurrera gizarterakuntzan (sozializazioan) eta gizarte lehen-taldeetara (guraso, senide, lagun, etab.) hurbiltzean gizarte sare askotako partaide izaten hasiak gara eta hazterakoan, urteetan zehar aldatzen doazen geure sare propioak osatzen ditugu. Gizabanakoak besteekin harremanetan jartzean gizarte sareak eraikitzen eta osatzen ditu bere inguruan, eta beste horrenbeste gertatzen da instituzio (enpresa, elkarte,...) baten inguruan. Gizarte harremanak sortzen direnean gizarte sare bat baino gehiago eta ezberdinak eratzeko aukera ematen da: lantegian, adibidez, lanpostuari formalki dagozkion lan harremanak (eta sareak) sortuko dira eta, horretaz gain, lankide batzuen artean adiskidetasunaren sareak baita ere. Beraz, giza kapitalaz gain (heziketaren kredituen araberakoa) edo kultura kapitalaz gain (gizarterakuntza era eta klase posizioaren araberakoa) hirugarren kapital mota bat, besteak beste, harreman kapitala izango litzateke, hau da, sujetuek dituzten harreman ez formalen ahalbideak (Requena, 1991: 4. kapitulua bereziki).

Harreman horiek hizkuntza baten bidez burutzen direnez, uste dugu gizarte sareak aztertzea ezinbestekoa dela hizkuntzaren erabilpena era osatuan ulertu nahi bada. Hizkuntza baten erabileran faktore askok eragiten dute, eta, era berean, argi dago hizkuntzaren erabilera gizarte dimentsioko zerbait dela ere eta ez bakarrik banakakoarena. Ez dugu ulertzen gizarte dimentsioa banakakoengandik at dagoen zerbait legez (Durkheim-en ikuspegia), baizik eta banakakoen arteko interakzioan egiten den zerbait eta beroni lotua doana. Hizkuntzaren erabilera interakzioan sortu eta hedatzen da, hori dela eta, interakzioaren ikerketa funtsezkoa zaigu erabilera edo erabilerarik eza aztertzeko orduan. Eta ezinbestean, interakzioa aipatzen dugunean harremanak aipatu behar ditugu, hots, gizarte sareak. Testuinguru honetan kokatzen da artikulu honen edukia: gizarte sareen metodologiaren egokitasuna hizkuntzaren erabileraren analisiarako.

Gizarte sareen metodologia ez da banakako ikuspegian kokatzen, hots, ez du bere azterketa gizabanakoen ezaugarrien arabera egiten. Alderantziz, gizarte egituran gizabanakoak non eta nola dauden kokatuta funtsezkoa izango da ikuspegi honetan. Sareak aipatzen direnean ez dira zentzu metaforikoan aipatzen, aktoreen arteko gizarte harremanen egitura adierazteko baizik. Honela, gizarte aktore multzo zehatz baten arteko lokarri mota ezberdinak gizarte sarea dugu. Lokarriok unitate bat osatzen dute eta, hori dela medio, sare barneko aktoreen gizarte portaerari buruzko interpretazioak ematen dira.

Metodologia hau estrukturala da: gizarte sistema bateko aktoreek bertan parte hartzen dute elkarrekin eta beraien artean mota bateko zein besteko harremanak hedatzen dira, hots, lotura ezberdinak. Josep Rodríguez-ek adierazten duen bezala: «Los procesos sociales y el comportamiento social debe ser explicado en relación a la red de relaciones que conectan a los actores» (Rodríguez, 1995: 10). Azken finean, analisiaren oinarrizko unitatea ez da banakako aktorea eta bere ezaugarriak, aktoreen arteko harremanen loturak baizik.

John Scott-ek azaltzen digunez (Scott, 1991: 2. kapitulua bereziki) hiru lan lerrotatik sortu eta garatu da sareen metodologia hau:

a) Alde batetik, Moreno-ren soziograma analisiarekin (Moreno, 1934) eta Grafo Teoriarekin du bere hasiera. Morenok, soziogramarekin, marraztu zuen gizarte sarearen lehenengo adierazpen grafikoa, gizabanakoak puntuekin eta gizarte harremanak marrekin adieraziz. Geroago, Cartwright eta Harary-k (1956), beste kontzeptu batzuen artean, orekaren kontzeptua landu zuten. Horren azalpenerako haientzat gizarte sareen oinarria den hiruko harremana aztertu zuten. Cartwright eta Harary-ren iritziz hiruko harreman guztiak hiru kasutan laburbil daitezke. Lehenengo kasuan, hiru aktoreek elkarrekiko harreman ona daukate, harreman positiboa, orduan hirukote orekatua daukagu. Bigarren kasuan, haietako bi ondo konpontzen dira elkarrekin baina ez hirugarrenarekin, eta hau ere hirukote orekatua litzateke. Azkenik, hirugarren kasuan, aktore batek beste biekin harreman positiboa dauka baina azkenengo bi hauek haien artean gaizki moldatzen dira; kasu honetan hirukote desorekatu baten aurrean aurkituko ginateke.

Bi autore hauen arabera, gizarte sare osoa orekatua egongo da bertan hedatzen diren hiruko harreman bakoitza eta guztiak orekatuak direnean2.

b) Aipatutako autoreetaz gain, Harvard-eko ikertzaileak ere jorratu dute gizarte sarearen alorra. Ikertzaile hauek, 1930. eta 40. hamarkadetan, gizarte sareak azpitalde kohesionatuetan banatzen zituzten harreman informalen arabera. Ikuspuntu honetatik abiatuta, Warner izan zen azpitalde (clique) kontzeptua landu zuena; azpitaldeak dira elkarren artean talde atxikimendu eta konfiantza dauzkaten pertsona batzuen elkarte informalak, hauen baitan portaera arau batzuk antolatuz. Ondoren, Homans-ek aurrera egin zuen aktoreen arteko harremanen ezaugarrietan sakondu zuenean.

c) Azkenik, hirugarren lan lerroa Manchester-eko antropologoek osatzen dute, beraien oinarrizko tesia hauxe izanik: edozein gizarte egituran gizarte gatazka eta boterea oinarrizko elementuak direla. Horrela, beraien ikerketetan honelako elementuak azpimarratzen dituzte gizarte integraziorako elementu gisa: negoziaketa, hitzarmena eta koerzioa. Ikertzaile hauek gizarte sarearen kontzeptua zentzu metaforikoan erabiltzen hasi ziren, baina, azkenean, beraien analisietan bete betean sartu zuten. J.C. Mitchell izan zen bereziki saiatu zena grafoen teoriatik soziologiaren hizkuntzara hainbat kontzeptu itzultzen (trinkotasuna, eskuragarritasuna,...)3.

3.- Gizarte sareen oinarri teorikoak

3.1.- Sarearen oinarrizko osagaiak

Josep A. Rodríguez-i jarraiki (Rodríguez, 1995: lehenengo kapitulua bereziki), sareen analisia ez da gizarte fenomenoen azterketarako teknika bat soilik, ikuspegi teoriko berria baizik. Honen arabera, ez da onartzen aktoreen ezaugarrietan soilik oinarrituriko gizarte prozesuen edota gizabanakoen portaeraren azalpena. Sareen ikuspegitik, unitateen arteko harremanen informazioa da garrantzizkoa, eta harreman hauek osatzen dituzten sistemak gizarte egituraren oinarria dira; horrela, gizarte sistemak sareen sareak dira eta sujetuek sareetan eta hauen ezaugarrietan parte hartzen dute. Zentzu honetan, eta autore honen ustez, gizarte portaera egitura kondizionamenduen bidez azaltzen da eta ez barneko indarren bidez.

Sare baten adierazpen grafikoari dagokionez, berriz, partaideen arteko harremanak puntu eta marren irudian bilaka daitezke eta irudi horri soziograma deitzen zaio. Gizarte sare baten (soziograma baten) oinarrizko osagaiak hauexek dira: elementuak edo nodoak (gizabanakoak), hots, puntuak, eta beraien arteko harremanak, hau da, marrak. Harreman motari erreparatuz gizarte sareen eraketan bi harreman mota antzematen dira: alde batetik, harreman zehatza (eratutako harremanak ondo finkatuak eta betebeharreko funtzioak espezifikoak direnean), eta bestetik, harreman mugatugabea (harreman orokor anitzekoak eta aldakorrak, adibidez, familia edo auzokoen kasuetan bezala).

Gizarte sare baten analisirako kontuan eduki beharreko beste osagai garrantzitsu bat sarean aktore batek duen kokapena da. Sujetu baten kokapenaren mende dago sarearen beste partaideen eskuragarritasuna, hots, aktore batek ekintzarako duen ahalmena (eragin ditzakeen harremanak). Sare batean ezberdindu dezakegu erdiguneko kokapena, bere inguruan harreman puntu asko dagoenean; eta inguruko kokapena bestelako egoeratan; kontzeptu hauek koantitatiboki azter daitezke. Kokapen kontzeptuak aktore baten besteekiko autonomia edo menpekotasun maila baldintzatzen du: aktore batek beste aktoreen baliabide edo ondasunetara iristeko dauzkan aukerak, hain zuzen. Kokapenak aktoreen «aukera egitura» baldintzatzen du eta honek, bestalde, aktoreen portaera. Borgatti eta Everett-ek (1992) diotenez, kokapen kontzeptua oso da erabilia aldagai independiente zein menpeko aldagai gisa lan enpiriko edo teoriko aukera zabal batean, besteak beste: «Mundu sistemei buruzko ikasketetan (Snyder eta Kick 1979; Breiger, 1981; Nemeth eta Smith 1985); aldaketa onespen, hedaketa eta bestelako gizarte homogenotasun gertakizunetan (Burt 1978, 1987; Rogers 1979; Friedkin 1984; Anderson eta Jay 1985); eta botere trukatze sareetan (Cook eta beste. 1983; Markovsky, Willer eta Patton 1988)» (Borgatti eta Everett 1992: 1-2).

Kokapenak interesatzen zaizkigu aktoreen arteko harremanak definitzen dituztelako. Sare oso bateko kokapenak bereizteko eta zeintzu aktorek dituzten kokapen berdinak bilatzeko bi hurbilpen daude: gizarte kohesioa eta egiturazko baliokidetasuna (structural equivalence). Harremanen nolakotasunari dagokionez, aktoreen artean lokarri estuak, sendoak eta zuzenak daudenean talde kohesionatua dagoela esan dezakegu; egiturazko baliokidetasunarekin gizarte kokapenak definitzen dituzten era bereko ekintza ereduak bilatzen dira. Bi hurbilpen hauek teoria ezberdinetan oinarritzen dira eta bakoitzean aktoreen kokapenen dimentsio ezberdinak azpimarratzen dira; batean, aktoreen harremanen arteko kohesioa, eta bestean, harremanen arteko balio berbera. Aipatutako hurbilpen bakoitzak estatistika tresna propioak erabiltzen ditu4.

3.2.- Gizarte sareen osagai morfologikoak

J. Clyde Mitchell-i (1969) jarraituz Félix Requena-k (Requena, 1989) lau osagai morfologiko bereizten ditu gizarte sareetan:

a) Kokagunea: Sare bat mugatzeko erreferentzia bezala hartzen den aktore zehatz bat da (edo batzuk dira) sarearen kokagunea («anchorage» ingelesez edo «anclaje» edo «localización» gaztelaniaz).

b) Eskuragarritasuna (reachbility/accesibilidad): Sare baten barruko eskuragarritasunak aktoreek elkarrengana iristeko beharrezkoak dituzten urratsen berri ematen du, eta bi modutan ulertu daiteke:

* Aktore bakoitzarekin harremanetan jarri daitezkeen aktoreen kopurua edo proportzioa bezala. Sareko aktoreek ez dute biderik izango sareko aktore batzuekin kontaktatzeko eta beste batzuekin, aldiz, zuzenean konektatuko dute; bestalde, bitartekarien bidez harremanetan jarriko direnak ere egongo dira. Hemen neurtzen dena da sareko aktore batek zenbat aktore duen eskura bide zuzenetik edota zenbat beste aktoreen bidez.

* Aktore batek beste batekin harremanetan sartzeko erabili edo zeharkatu behar duen bitartekari kopurua. Halakoetan, beste puntu batzuen bidez harremanetan jartzeko muturreko bi puntu lotu behar dituen marrari bidea (path) deitzen zaio. Bide horren luzera muturreko bi puntuok harremanetan jartzeko bete behar diren pausu kopurua izango da; honekin batera, distantzia deituko zaio bi puntuok harremanetan jartzeko bete behar den luzera txikiagoko bideari, bide bat baino gehiago izan baitaiteke.

Eskuragarritasunak aktoreen arteko harremanek aktore baten portaera noraino baldintzatzen duten isladatzen du. Eskuragarritasun kontzeptua soziologikoki oso garrantzitsua da eta, Requena-k dioenez, kontzeptu honek aktore baten sareko loturak komunikazio kanal bihurtzeko era eskaintzen du. Kanal hauek beste aktoreengan presioa egiteko balio dezakete.

c) Trinkotasuna (dentsitatea): Sare baten harreman edo lokarri kopurua adierazten du trinkotasunak. Aktore guztiek elkarren artean harremanak dauzkatenean trinkotasun handieneko sarea izango da eta, berriz, denen arteko harreman edo loturarik ez dagoean trinkotasun baxuagoa egongo da. Trinkotasuna handia denean aktoreek elkarren arteko harremanetan trinkotasun baxuko kasuetan baino bitartekari gutxiago zeharkatu beharko dituzte.

Trinkotasunak bi parametrorekin lan egiten du: bata, barnekotasuna (inclusiveness), hots, sarean zein puntu proportzio dauden konektatuta besteekin, isolaturik dauden puntuekin alderatuz. Beste parametroa, harreman errealen batuketarena da, hau da, sareko puntuen artean eratu diren harreman erreal guztiak era litezkeen balizko harreman guztiekin alderatuz. Beraz, trinkotasuna sarean heda daitezkeen harreman guztiak kontuan izanik, hedatzen diren harremanen adierazpen eta proportzio bezala koantifikatu daiteken kontzeptua da.

d) Maila (rango/degree): Gizarte sare bat aktore baten inguruan eraikitzen denean gainontzeko aktoreek honekiko harreman aukera ezberdinak izango dituzte: batzuek bitartekaririk gabeko harreman zuzenak izango dituzten bitartean, besteek zeharka bitartekarien bitartez bakarrik edukiko dituzte loturak; lehenengoak maila gorenekoak dira eta azkenengoei, berriz, maila apalagoa edo arrunta dagokie. Mailak adierazten duena hauxe da: aktore baten sarean zenbat aktore daude berarekin harreman zuzenean. Honela, sarean zuzenean harremanetan dauden bi aktoreak hurrenak dira eta aktore batekin harreman zuzenean dagoen aktore taldea bere auzoa da.

Orain arte sarearen morfologiaz aritu gara eta horrekin zerikusi handia duen azterketaren ildo nagusienetako bat sarean dauden aktore esanguratsuenen edo garrantzitsuenen finkapena da, hau da, aktoreen zentralitatea. Horrela, neurri estatistikoak daude aktoreen zentralitate (ospea eta boterea islada ditzakeena) kontzeptuaren ezaugarriak neurtzeko eta, zeregin horretan, aipatu ditugun maila eta distantzia guztiz erabilgarriak dira. Zentzu honetan, sarean aktore bat zentrala izango da harreman maila gorenekoa baldin bada: sareko beste aktoreekin zuzenean konektatuta baldin badago.

Zentralitatearen beste kontzeptu (neurri) bat bitartekaritza (betwenness) da: zer-nola kokatuta dagoen aktore bat sareko beste aktoreen artean. Puntu edo aktore batek bitartekaritza garrantzitsua bete dezake maila apala eduki arren, zeren eta neurtzen duena aktore horrek bitartekari (broker) edo atezain (gatekeeper) papera noraino betetzen duen baita; beraz, aktore horren boterearen adierazle izango da. Zentralitate mota honen garrantzia honetan datza: erdian dagoen aktoreak sareko beste aktore batzuen interakzioak kontrola edo molda ditzake eta, horren ondorioz, interakzio bide horietan boteretsua da.

Zentralitate (lehen aipaturiko erdiguneko/inguruko kokapena) eta trinkotasun kontzeptuak oso erabilgarriak dira sarearen egitura adierazteko orduan. Trinkotasunak sarearen kohesio maila adierazten du eta zentralitateak kohesio hori aktore batzuen artean nola (zein neurritan) antolatzen den adierazten du.

3.3.- Gizarte sare barneko harremanen ezaugarriak

Sareak interakzio prozesuak adierazten dituzte eta prozesu hauetan hainbat ezaugarri bereiz daitezke sare barneko harreman bat definitzeko unean. J.C. Mitchell berari jarraituz Requena-k (ibidem: 143-145) harremanen bost ezaugarri aipatzen ditu:

  1. Edukina: Elkarrekin harremanetan dauden pertsonek helburu bat dute lotura horiek sortzeko eta hori izaten da egoera horren edukina. Kokagune berean, gizarte sare bat baino gehiago (laneko sare formalak eta informalak, adibidez) elkarren gainean izan daitezke, haietako bakoitzak edukin ezberdina duelarik.
  2. Norabidetasuna: Aktoreen arteko loturak elkarrekikoak izan daitezke ala norabide bakarrekoak; hau da, batzuetan aktore batengandik besteenganako harremanak izango dira baina ez alderantziz (nagusia-langileak...) eta besteetan, berriz, norabide bietako aktoreen arteko loturak emango dira (adiskidetasuna, auzotasuna...). Egoeraren arabera norabide bakarreko harremanak baldin badaude sareko aktore baten eragina bestearengan errazago lor daiteke.
  3. Iraupena: Gizarte sareek bizitza epe zehatz bat irauten dute. Epe horretan sareak aldaketak izan ditzake bere tamainan nahiz ezaugarri koalitatiboetan. Partaideen adinaren arabera, adibidez, nerabezaroan dagoen gazte baten sarea ez da izango gazte horren heldutasuneko sare berbera, nahiz eta bietan partaide batzuk berdinak izan. Requena-ren arabera, sare batek irauten du aktoreen arteko eskubideak eta betebeharrak mantentzen diren heinean eta helburu berezi batzuetarako onartua den heinean. Eskubide eta betebehar hauek lotura potentziala dira berauen bidez helburu batzuk lor litezkelako (zerbitzuak, informazioa,...).
  4. Intentsitatea: Aktoreek elkarrekiko duten inplikazio mailaren berri ematen digu. Kontzeptu hau ez da hurbiltasuna, distantzia, maiztasuna edo aurrez aurreko harremanarekin nahastu behar, zeren eta zenbait kasutan urrun dauden aktoreek (distantzian aldendurik dauden arlo berdineko bi ikertzailek, adibidez) intentsitate handiagoa izan dezakete gertuago dauden beste batzuek baino.
  5. Maiztasuna: Sare bat osa dadin aktoreen arteko harremanen nolabaiteko maiztasuna beharrezkoa da. Dena dela, maiztasun handia izanda ere intentsitatea txikia izan daiteke eta alderantziz; horregatik, harreman baten maiztasunak garrantzi eskasa zein apartekoa izan dezake sareen azterketan (azterketaren helburuaren arabera).

4.- Gizarte sarea eta hizkuntza

Hizkuntzaren erabilera gizarte harremanetan gauzatzen denez, gizarte sarearen metodologia interesgarria da harreman horiek aztertzeko. Juan Andrés Villena-k, esaterako, garrantzi handia ematen dio sarearen kontzeptuari, bere ustetan, hizkuntza eta gizartearen arteko zubia delako (Villena, 1992). Autore honek «erdiko kontzeptu» glotologiko eta soziologiko horren garrantzia azpimarratzen du banakako eta instituzio mailak modu egokian harremanetan jartzen dituelako. Zentzu honetan, hurbilpen soziologikotik hartuta sarea funtsezko kontzeptu bat izango litzateke. Autore honen hitzetan «el concepto de RED es hoy el concepto de mediación por excelencia; tanto desde el punto de vista teórico como metodológico; pone en relación las esferas institucionales (clase, capa) y las pautas de comportamiento individual y de micronivel y constituye un medio natural de penetración en la estructura lingüística comunitaria» (Villena, 1992: 44).

Kontzeptuaren egokitasunaren haritik, Jean Aitchison-ek (Aitchison, 1993) azaltzen duen bezala, James eta Lesley Milroy-ren lana aitzindaria da hizkuntzaren esparruan sareen metodologia erabiltzeko orduan (Milroy, J. eta Milroy, L., 1978; 1985a; 1985b; Milroy, L., 1987). Adibidez, Belfast-eko hiru langile komunitateetan eginiko ikerketa batean (Milroy, J. eta Milroy, L., 1978) sarearen aldagaia sexuaren aldagaiarekin lotu ahal izan zuten hizkuntzaren baitan gertatzen ziren aldaketak ulertzeko. Horretarako, behaketa partehartzailearen bidez, komunitate bakoitzeko sareak aztertuz (trinkotasun handiko sareak kasu honetan) emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak antzeman zituzten eta, garrantzitsuena, horren zergatia (sexu baten eta bestearen sare ezberdinen araberakoa) azaldu.

Gizarte sarearen ezaugarriak ikusi-eta gero, gure ustez bertan hedatzen diren harremanak eta bere egitura zein morfologiak eragina izango dute bertako aktoreen hizkuntzaren aukeraketan.

5.- Bi gizarte sareren adibideak

Bi gizarte sare ezberdin aukeratu ditugu ikerketa enpirikoa egiterako orduan, horrela sareen metodologiaz baliatuz hizkuntz-soziologiara hurbilpen-froga bat egin nahirik. Alde batetik, lagun koadrila bat aukeratu dugu sarearen kokagune bezala, gizarte sare berezkoa eta aldakorra, alegia. Bestetik, udaletxe txiki bateko (7.000 biztanle inguruko udalerriarena) langileak dira aukeratu den beste sarearen kokagunea. Azken sare honetako partaideak erakundeko langileak dira eta, zentzu honetan, sarea era formal batean eratua dago. Bi kasu hauek, ezberdintasunak ezberdintasun, sareen metodologia maila enpirikora ekartzeko aukeratu ditugu. Informazio bilketarako, galdekizun bat prestatu genuen koadrilako kideek eta udaletxeko lankideek bete zezaten, lanabes horren bidez informazio bilketarako teknika koantitatiboa erabiliz.

Baina, bide horiek urratu baino lehen, arestian aipatu ditugun ideia teoriko batzuek jorratuko ditugu azterketa honetan lagungarriak izan daitezkelakoan. Cartwright eta Harary-ren proposamenak zioenez, hirukotea da gizarte sare ororen oinarrizko osagaia. Autore horiengandik oreka/desoreka kontzeptua hartuta ikerketa honetarako egokiagoa izan daitekeen edukinera moldatzen saiatu gara. Ahalegin honetan ere harremanen koalitateari erreparatuz ikus dezagun, beraz, zer gerta daitekeen hirukoteetan. Hasteko, partaideen elebakartasun/elebitasunaren arabera era hauetako hirukoteak topa ditzakegu:

partaide elebidunen hirukoteak: hirurek dakizkite erdara eta euskara; halakoetan aukerazko5 harreman orekatuak (harreman denak hizkuntza berean) nahiz aukerazko harreman desorekatuak (harremanak hizkuntza bietan) eman daitezke.

partaide elebakarren hirukoteak: partaideek erdaraz bakarrik dakitenean derrigorrezko harreman orekatuak izango dira.

hirukote mistoak: batek edo bik dakizkite hizkuntza biak, baina gainontzekoek ez; halakoetan derrigorrezko harreman orekatuak (erdarazkoak, hain zuzen) izango dira gehienetan, euskara hautatuz gero hirukotea desegiteko puntuan jartzen delako.

Hirukote mota ezberdin hauen harremanen orekari buruzko hiru kontzeptu teoriko berri garatu ditugu eta ondorengo lerroetan horietako bakoitzaren azalpen edo esanahiari ekingo diogu:

Aukerazko harreman orekatuak: partaideek menperatzen dituzten hizkuntza bietako batean gauzatzen diren harremanak; hau da, euskara ala erdara (biotako bat) hautatzen da hiruron arteko harremanetan.

Aukerazko harreman desorekatuak: partaideek bi hizkuntzak menperatuta, solaskide bat (edo batzuek) hizkuntza batetaz baliatzen den (diren) bitartean gainontzekoak (gainontzekoek) bestera jotzen du (dute), harremanak etenik gabe edo tarteka bi hizkuntzetan burutuz.

Derrigorrezko harreman orekatuak: hirukotea elebakarra edo mistoa (partaide elebidunak eta elebakarrak, elkarrekin) izanik, harremanak denek dakiten hizkuntzan bakarrik izan daitezke (erdaraz, nahitaez).

 

+
O O
+ +
O
Egitura orekatua
+
O O
- -
O
Egitura orekatua
+
O O
+ -
O
Egitura desorekatua

Azalpen zehatzago bat emateko, eta azkenengotik hasita, derrigorrezko harreman orekatuak gizarte egoera diglosiko batean ematen dira, hots, hizkuntza nagusiagotua (denek dakitena eta komunikaziorako tresna nagusia dena) eta hizkuntza gutxiagotua (gutxik dakitena eta komunikazio funtzioa batzuen artean bakarrik betetzen duena) dauden egoeratan; halakoetan, elebidunek maiz ezin dute hautatu nahiko luketen hizkuntza, egoera sozialak berak bietako baten erabilpena inposatzen dielako. Derrigorrezko harreman orekatuak interakzioan zehar definitzen dira. Baina, interakzioaren hasiera (kontaktua) soilik kontuan hartzen bada derrigorrezko harreman desorekatuak aurki daitezke, hots, interakzioaren norabidea ikusita euskaldunen agurrak (kaixo) erdarazko jarraipena izango luke bestearen erdarazko erantzunaren ondoren.

Aukerazko harreman orekatuen eta desorekatuen kasuetan, aldiz, gauzak konplexuagoak dira; teorikoki erabateko elebitasun egoera batean hiztun elebidunek bi hizkuntzen arteko hautaketa librea egin lezakete, baina elebitasun egoera hori -posiblea izatekotan- ez da sarri ematen; azken finean, halako egoeretan hizkuntzen arteko hautaketa sozialki baldintzatua edo behartua izaten delako gehienbat. Ben-Rafael-ek, adibidez, hizkuntza hautaketan jokatzen duten ondorengo aldagaiak aipatzen dizkigu: gaitasuna, elebitasun orekatu/desorekatua, baldintza psikologikoak, hizkuntza funtzioak eta ingurune bakoitzaren eragina (Ben-Rafael 1994: 20). Hori horrela, aukerazko harremanen hizkuntza hautaketa batzuetan libreki egitea posible denik ez badugu ukatzen, gehienetan baldintzatua edo aukeraketa murriztupean egiten delakoan gaude.

Aukerazko harreman orekatuan hizkuntza gutxiagotua baldin bada hautatu dena, ustezko egoera hori Max Weber-ren «tipo ideal»-etik oso gertu ez ote dagoen susmoa dugu. Praktikan, gurea bezalako egoera diglosikoetan aukerazko harreman orekatua (euskaraz) izateko zailtasun handiak agertzen dira, besteak beste Ben-Rafael-ek bildutako arrazoietan oinarritzen direnak, hain zuzen ere.

Erreferentzi teoriko sendoagoak ematen dizkigun gogoeta hau egin ondoren pasa gaitezke aipaturiko kasu enpiriko biak aztertzera: lagun koadrila eta udaletxeko langileena.

5.1.- Lagun koadrila

Ugao-Miraballes, lau mila biztanle duen herri bizkaitarra, izan zen aukeratutako lagun koadrilaren bizilekua, hots, ingurune nagusiki erdalduna (euskaldunen portzentaia %27koa baita6). Lehenik eta behin, bi informatzaile erabili genituen koadrilaren partaideak nortzuk ziren finkatzeko. Gure ikerketaren ikuspuntutik eman genien aukeraketa irizpidea hauxe izan zen: koadrilako partaideek koadrilak egiten zituen ekintzetan eten handirik gabe parte hartzen zutenak izan behar zirela. Irizpide honi jarraiki, koadrila hamar partaidek osatzen zutela adierazi zuten informatzaile biek. Hamar kideok gizonezkoak eta 24-26 urte bitartekoak ziren eta, hizkuntza gaitasunaren aldetik, hauetatik sei elebidunak ziren (euskara/gaztelania) eta lau elebakarrak (gaztelania); dena dela, elebakar hauetako bik bazeukaten nolabaiteko gaitasuna euskaraz ulertzeko eta baita hitz egiteko ere. Hamar kideek (9.ak izan ezik) galdekizun bana bete zuten, era horretan bakoitzaren ezaugarri demografiko nahiz linguistikoak eta baita norberak beste kideekin dauzkan harremanei buruzko informazioa bilduz.

Ondoren, lagun koadrilak osatutako sarearen azterketa enpirikora pasako gara, sare trinko honetan, 1. Soziogramak adierazten duen bezala7 zerikusi handiko informazioak daudelako.

Lehendabizi, koadrilak osatzen duen sarean partaide guztiek elkarrenganako harremanak dituzte, harreman hauen ezaugarriak ezberdinak badira ere. Aktore guztien arteko harremanak izateak esan nahi du sarearen trinkotasuna handiena dela, %100ekoa, eta horren arabera ez zuen zentzurik sare osoaren azterketa batzuk egitea, ez trinkotasunaren inguruan ez zentralitate neurrien inguruan (kokapen, maila, eskuragarritasuna,...) partaide guztiak puntuazio berdina lortuko zutelako (aurrerago itzuliko gara gai honetara).

Bigarrenik, bildutako informazioaren kontraesan ugariak aipatu behar dira: bi sujetuen arteko harremanen berri bi kide horiek ematen zutenez (9. sujetuaren kasuan salbu) informazioa errepikatzen zen, baina zenbait kasutan batek eta besteak adierazitakoak ez zetozen bat. 1. Soziograman marra etenetan marraztu diren harremanak kontraesan horren islada dira: 13 kasutan, harremanen maiztasunaz (2 kasu) edota hizkuntza bat eta bestea erabiltzen dituzten proportzioaz (11 kasu) egoera bakoitzeko solaskide biek informazio ezberdina ematen dute.

Hizkuntzen hautaketari dagozkion kontraesanak sujetu batzuengan besteengan baino sarriago ematen dira; adibidez, 10. kideak euskara erabiltzen duen 7 harremanetatik 5etan ez dator bat solaskide dituen kideek adierazten dutenarekin. Halere, hizkuntzen hautaketari buruzko informazioaren desadostasuna beste kasu batzuetan ere nabarmena da; 3. eta 4. sujetuek euskara erabiltzen duten 7 harremanetik 4tan ez datoz bat haien solaskieek esan dutenarekin. Beste sujetuen informazioaren ezadostasuna jeisten bada ere (2.ak 6 harremanetik bakar batean huts egiten du) argi dago hizkuntza baten eta bestearen erabilera edo tartekatze mailari buruz zaila dela informazio zehatza edo bakarra jasotzea8. Horrez gain, ezadostasunak badu bere bereiztasuna zenbait kasutan: hau da, 3. kideak beti adierazten du euskararen erabilera handiagoa bere solaskidearen usteetan ematen dena baino eta 4. sujetuak, berriz, bere euskararen erabilera baxuagotzat jotzen du beren solaskideek baino.

Kontraesan hauek informazio zuzena edo baliokidea jasotzeak duen zailtasunaz hitz egiten dute eta honen arrazoiak mota askotarikoak izan daitezke: adibidez, galdetzen diren egoerei buruzko informazioak norberaren ikuspuntu edo balorapen diferenteetan oinarritzen direlako, edota inkestatuaren erantzuna elkarrizketa-egoeraren eraginpean ematen delako.

Hirugarrenik eta hirukoteek honetan jokatzen duten paper nagusia gogoratuz, arestian aipatu dugun oreka/desoreka kontzeptutik ondorio batzuk atera ditzakegu. Esaten genuenez, gaitasun linguistikoaren ikuspuntutik begiratuta hau bezalako koadrila misto baten (sujetu elebidunak eta elebakarrak dituena) hizkuntza amankomun posible bakarra erdarak izan behar du; hau da, aukerazko harremanik (orekaturik eta desorekaturik) ezin dira libreki edo egonkor agertu, zeren eta koadrila mailako sarerik bada, nagusiki (erdarazko) derrigorrezko harreman orekatuetan oinarrituko baita, elebidunek euren artean euskaraz hasiz gero harremana (sarea) partaide batzuentzat (elebakarrentzat) eteten delako.

Beraz, elebakar eta elebidunek osatutako sare batek aztertutako koadrilaren kasuan bezala hizkuntza harremanen egitura mugatua eskaintzen du, bere egituraren arabera partaide guztien arteko harremanetan hizkuntza bat zein bestea ezin baita askatasunez hautatu. Eta sarearen egitura mugatua izanez gero, zaila da aukerazko harreman (orekaturik edota desorekaturik) egonkorrik izatea eta hizkuntza nagusiagotuak bere derrigorrezko harreman orekatuak ezartzen ditu. Hau da sarri askotan «normaltasun linguistikoa» bezala ulertzen den gatazkarik eza, «pax erromatarraren» oso antzerako itxura duena. Gutxiagotutako hizkuntza hitz egiteko behar hainbateko motibazioaz gain, guztiz beharrezkoa da inguruneak ere aldeko baldintzak (koadrilako kide guztiak elebidunak izatea, besteak beste) eskain ditzan (Martínez de Luna eta Jausoro 1996: 29-52) eta halakorik ezean ez dago hizkuntza hautaketa libre edota iraunkorrik.

Eta horixe bera gertatzen da lagun koadrila honetan. Alde batetik, koadrilan partaide elebidunak gehiengoa (10etik, 6) badira (eta beste bik euskarazko gaitasun pasiboa badute), eta, bestetik, elebidun guztiek (eta baita erdaldunek) euskararekiko interes nahiko handia adierazten badute ere, erdarazko harremanak nagusitzen dira nabarmenki: 45 harremanetatik 43tan erdara da hizkuntza bakarra edo euskara baino gehiago erabiltzen da.

Laugarrenik, informazio honekin harremanen euskalduntasunaren adierazle bat osatzeko, euskarazko harremanen kopuruak harreman guztien artean zatitu beharko ditugu, ondorengo emaitzak atereaz: euskararen erabilerak 0,04ko balioa lortzen du eta erdarazkoak 0,96koa.

Beste horrenbeste ikusten da elebidunen artean ere: koadrila osoan jardutean, elebidunen arteko aukerazko harreman horietan euskaraz gauzatutakoen portzentaia kontuan har daiteke erdaraz burutzen direnenarekin alderatuz: 15 harreman errealetatik 2 bakarrik burutzen dira gehienetan euskaraz eta beste guztiak erdaraz nagusiki edo erdara hutsean. Elebidunak bakarrik hartuta, euskararen erabilerak 0,13ko balioa lortzen du eta erdarazkoarenak 0,86koa. Neurketa honek ematen digu sare honetako elebidunen arteko harremanetan hizkuntza bakoitzak gaur egun duen pisua eta aurrerantzean neurtuz gero denboran zehar izango duen bilakaera ere.

Bostgarrenik, koadrilan egonda, gehienetan euskaraz egiten duen hirukoteak harreman desorekatuak sortzen ditu euren artean: 4.ak eta 8.ak 3.arekin gehienetan euskaraz egiten duten bitartean, lehenengo bien arteko harreman zuzenean (4.ak dioenez, bederen) erdaraz egiten dute gehiago euskaraz baino9.

Seigarrenik, hizkuntza hautaketa eta elebidunek euskaraz duten gaitasun maila gurutzatuz gero, badaude azpimarragarriak diren berezitasunak; adibidez, euskaraz konpetentzia mailarik altuena euskara oso ongi menperatzea eta erdaraz bezain erraz erabili ahal izatea duten lautik hiruk (3., 4. eta 8.ak) osatzen dute euskarari erdararen aurretik euren arteko harremanetan lehentasuna gehienetan euskaraz egitea ematen dion hirukotea (1. Soziograma); euskaldunak diren beste kideek euskararen erabilera ahulagoa adierazten dute eta haietatik batek bakarrik du konpetzentzia mailarik altuena. Hau da, eta adibide gisa bada ere, koadrilaren gure kasu honetan euskarazko gaitasun eta erabilera handiak badirudi bat datozela.

Azkenik, eta arestian aipatu den bezala, lagun koadrila honek trinkotasun handiena azaltzen du, hau da, lagun arteko giroari dagozkion partaide guztien arteko harremanak daude eta, gauzak horrela, zentralitate inguruko azterketarik egiterik ez du zentzurik; honen ondorioz, hizkuntza hautaketan eta erabilpenean eragin handiena dutenak euren zentralitate handia dela medio zeintzu diren ezin dugu bide zuzenetik atera. Halere, koadrila giroan kide guztiek pisu berdina ez dutela izango pentsatzea zilegi da eta, beraz, zentralitate neurketa zuzenik ezean, koadrila harremanetako loturarik sendoenak nortzuengan dauden ikusi ahal izateko zeharkako bidetik jo beharko dugu.

Ildo honetatik, Félix Requenak (Requena, 1994) harreman pertsonalak, hau da, lagunartekoak aztertzen ditu sareen metodologiaren bitartez; autore honek azaltzen duenez, lagunak aukeratzeko orduan hainbat faktore estrukturalek eragiten dute aukeraketa horretan, hots, aukera hori ez da autazkoa. Zentzu honetan, koadrila baten harreman sarearen norabidetasunaren, maiztasunaren, intentsitatearen edota edukinaren azterketa berezia hizkuntza gutxiagotu baten ingurunean aberasgarri eta interesgarria delakoan gaude hizkuntza horren erabilera edo erabilera eza ulertzeko. Bestalde, intentsitate eta maiztasun kontzeptuen bidez harreman sare honetako sujetu garrantzitsuenak identifikatzea posiblea izango litzateke. Ondoren, eta sujetu hauek sarearen hizkuntza erabileran nolako eragina izan dezaketen jakinda, ikus genitzake elebidunak diren ala ez eta, izatekotan, zein hizkuntza hautatzen duten beste elebidunekiko harremanetan. Era honetan agerian geldituko zen koadrila honetako liderazgoaren ezaugarri linguistikoak zernolako pisua duen hizkuntza hautatzerakoan koadrilako sare harremanetan.

Ikerketa honetan, harreman maiztasun nahikoa duten kideak identifika ditzakegu: egunero edo lanegunetan ez bada ere, gutxienez asteburuetan biltzen direnak, hain zuzen. Hautaketa honen bidez hasierako 10 kideetatik 5 bakarrik gelditzen dira10, horietatik 3 elebidunak eta beste biak erdaldun elebakarrak direlarik. Batetik, euskaraz gaitasun osoa zuten lau lagunetatik bi sartzen dira bosteko honetan eta, bestetik, euren arteko harremanetan euskara nagusiki erabiltzen zuen hirukoteko partaide bakarra (8.a) gelditzen da; beraz, euskararen gaitasun nahiz erabileraren aldetik koadrila osotik garrantzi handiko azpitalde berezi honetara igarotzean ez da funtsezko aldaketarik ematen, antza. Hau guztia frogatzeko, bosteko honen barruko euskara erabileraren adierazlea atera liteke -lehenago koadrila osoarena atera den bezala-, baina lan honen helburu metodologikoen mugak direla-eta, ez dira gure eginkizunen barruan eragiketa mota guztiak sartzen.

Bistan denez, azterketan aurrera egin daiteke ea amaierarik gabe, jarduera ezberdinen inguruan antolatzen diren azpitaldeen bidez, besteak beste, egoera horietako bakoitzaren hizkuntza hautaketa, erabilerak eta abarrak aztertuz; baina, lehentxoago esan bezala, lanaren helburuek eta mugek halakoetatik jarraitzea oztopatzen digute.

5.2.- Udaletxe bateko gizarte sarea

Bigarren kasuan, udaletxe bateko langile finkoen sarea aztertu genuen. Abadiñoko udaletxea aukeratu genuen, hau da, herri txiki bat eta biztanlegoaren %46a euskalduna izanik11 ingurune zertxobait positiboagoa zen euskararako. Izan ere, helburutzat genuen eredu teorikoaren moldaketa enpirikoa burutzeko udaletxe txiki bat aukeratu genuen erabilgarriagoa izango zitzaigulakoan; kasu honetan udaletxeko harreman sarea langileen funtzioen araberako eginkizunak finkatzen zuen. Berau hamabost partaidek osatzen zuten, haietako bederatzi elebidunak eta sei elebakarrak zirelarik.

Ahozko harremanen sare hau aztertzeko hiru gune ezberdindu genituen:

  1. Laneko harreman formalak.
  2. Laneko harreman informalak.
  3. Lanetik kanpo lankideen arteko harreman informalak.

Harreman mota bakoitza azalduko dugu bere irudiarekin batera.

a) Laneko harreman formalak

Bigarren irudian ikusten denez, sujetu denak denekin zuzenean harremanetan daude egiten duten lanak horrela eskatuta. Horregatik, kasu hau (koadrilarena bezala) trinkotasun handieneko sarea da (%100ekoa), hots, koadrilan bezala, puntu guztiak elkarren artean loturik dituen sarea. Tamaina handiagoko udaletxea izan balitz ziur aski hainbat puntu elkarri lotu gabe egongo lirateke. Bestalde, harreman mota hauen azterketarako edukinari buruzko hipotesi bat geneukan: laneko gai teknikoen inguruko harremanak gaztelaniaz liratekeela eta euskara askotan hurbileko gaietara mugatuta geldituko litzatekeela. Ikusiko dugunez, froga honetan hipotesi hau ez da baieztatzen.

Harreman formaletan erabilitako hizkuntzaren arabera elebidunen arteko euskarazko 36 harreman potentzialetatik 33 gauzatzen dira euskaraz. Neurri honek euskararen erabilera handia adierazten du, koadrilaren kasuan baino altuagoa behintzat; gainera, harreman hauetan, sujetu bakarra da bere 8 euskarazko harreman potentzialetatik 3 gaztelaniaz burutzen dituena, gainontzeko partaide elebidunek beste elebidunekin dituzten harremanak beti euskaraz gauzatzen dituztelako. Koadrilaren kasuan bezala hizkuntza bakoitzaren erabileraren adierazlea ateraz gero, udaletxeko elebidunen arteko harreman formalek honako balio hauek eskaintzen dizkigute: euskararen erabilerak 0,9ko balioa lortzen du eta erdarazkoarenak 0,1ekoa (2. Soziograma).

Horrezaz gain, suposatzen genuen harreman formalak izanda edota ezagupen teknikoko harremanak zirenean gaztelaniaren erabilera handiagoa izango zela. Uste honen arabera, espero genuen elebidunen arteko harreman mota hauek gehiago jo behar zutela gaztelaniaruntz, baina kasu honetan ez zen horrela gertatzen. Gure adibide honetan euskararen erabilera handia da lan esparruan eta lan esparruko gaietaz aritzeko, ingurune oso euskaldunetako sujetu elebidun gehiago dagoelako sarean, beharbada.

Baina, honen inguruan kontuan hartzekoak dira udaletxe honetako euskara saileko teknikariaren esanetan, askotan oso zaila egiten omen dela bi sujetu elebidunen arteko harremanaren hizkuntza euskara ala gaztelania den bereiztea, hizkuntza bietako hitzak eta esamoldeak askotan tartekatzen direlako. Hau horrela, sujetu hauek euren laneko harreman formalen berri ematerakoan, hizkuntza bien nahasketa handiagoa ala txikiagoa izanda ere, euskaraz direla perzibitzen dute.

Adibide honetan, eginiko garapen teknikoaren argira elebidunen artean aukerazko harreman orekatuak zein desorekatuak (hauek neurri txiki baten gertatu arren) gauzatzen dira. Horrekin batera, elebakar eta elebidunen arteko harremanak derrigorrezko harreman orekatuak dira, erdaraz.

b) Laneko harreman informalak

Harreman mota hauek laneko espazio-denboran gauzatzen dira baina laneko eginkizunez kanpo eta egoera horretan sareko partaide guztiek ez dute elkarren arteko harreman zuzenik; horrez gain, partaide batek ez du harremanik inorekin. Beraz, eta 3. Soziograman ikusten denez, sarearen trinkotasuna arestian aipatutakoa baino txikiagoa da, %51koa, hau da, izan zitezkeen harremanetatik (105) erdiak, gutxi gora behera, ematen dira (54). Sujetuen bataz besteko harreman zuzenen kopurua (bataz besteko maila [rango/degree]) 7,2koa da, harreman formaletan 14koa zen bitartean; sujetu guztien harreman maila honen desbideraketa 3,82koa izanda, harreman formaletan desbideraketarik ez zegoen bitartean (denek zuten harreman maila berbera, hau da, handiena).

Segidan, sare harremanen euskalduntasunaren adierazlea azalduko dugu: udaletxeko langileen artean gauzatzen diren lan eginkizunaz kanpoko 105 harreman posibleetatik 27 euskaraz burutzen dira eta beste horrrenbeste erdaraz. Honek ematen digun egoera honetako harremanen euskaldutasunaren adierazleak 0,25koa dela.

Bestalde, zentralitate kontzeptu inguruan aukeratutako neurrietara -maila eta bitartekoa- igaroz, bi aktore dira zentralitate handiena dutenak: hirugarrena eta laugarrena, hain zuzen (Ikus 3. Soziograma). Biok mailarik altuena dute, hau da, beraiek dira harreman zuzen gehien dituztenak (13na biek) eta baita bitarteko (bitartekaritza) handiena eta berdina ere (partaideko 11,29a), hau da, harremanetan zuzenean ez daudenen artean bitartekari egiten dute. Sareko harreman maila altuenak dituzten partaideak elebidunak dira eta, ondorioz, euskaradunentzat eta baita elebakarrentzat ere sare honetako partaide garrantzitsuenak bezala agertzen direnak; edo, bestela esanda, sujetu horiek erdiguneko kokapena dute sarearen baitan.

Bi aktore hauek, gainera, euskarazko harremanen sarearentzat garrantzi handikoa den baldintza betetzen dute; hau da, beste sujetu elebidunekiko euren harreman potentzial guztiak euskaraz dituztela. Zentralitate handieneko aktoreen portaera honek lagunduta, segurasko, elebidunen euskarazko harreman sarearen trinkotasuna handiagoa da haien artean osa zezaketeen erdarazko sarearena baino (azken hau ez baita sortzen). Hizkuntza gutxiagotua (euskara) suspertu eta berreskuratzearen ikuspuntutik begiratuta garrantzi aparta duen egoera da: aukerazko harremanak euskaraz bideratzen direla, hain zuzen ere. Harreman formaletan, berriz, ez zen horrenbesteko trinkotasunik ematen eta, are gutxiago, koadrilarekin burututako ikerketan.

Bestalde, azpimarragarria ere da udaletxeko lankideen artean guztira gauza daitezken laneko harreman informalak aztertu ondoren, euskaraz gauzatzen direnen proportzioa erdaraz gauzatzen direnenak baino altuagoa dela (27/36 versus 27/69). Honek adieraz lezake egoera mikrosozial honetako ahoz ahozko harremanetan euskarak duen pisua oso handia dela eta ez diola leku nagusia erdarari utzi izan.

Arestian aipatutako sareko harreman motaren edukina aldatu egin da; aurrekoan, lan edukina zen, oraingoan, aldiz, lanaz kanpoko gaiak dira. Aldaketa hau gertatu arren, harremanen hizkuntza ez da aldatu, hots, izaera formaleko harremanekin konparatuz. Alegia, lan harreman formalak edo ez-formalak izan euskara berdin erabili da; euskararen erabilera ez da aldatu (gutxitu), askotan gertatzen den bezala.

c) Lanetik kanpo lankideen arteko harreman informalak

Arestian aipatu ditugun bi dimentsioetako harremanetan lankideak soilik parte hartzen zuten, honako dimentsio honetan egoera ezberdina da ordea. Hirugarren dimentsio honetan lankide batzuetaz gain (denek ez) beste sujetu batzuk ere harremanetan parte hartzen dute. Zentzu honetan, horrek ezberdintasunak eragiten ditu lehenagoko biekin alderatzen badugu. Harreman mota hau lanetik kanpoko harremanei dagokie eta sareko partaideek adierazten dutenaren arabera, harreman hauek ondoko inguruneetan izaten dira: lankideekin poteoan, lagunekin afarietan eta kirol ihardueretan.

Laugarren Soziograman ikusten denez, lau lankide dira besteekin lanetik kanpo erlazionatzen ez direnak (6, 9, 12 eta 14. sujetuak, hain zuzen). Bestalde, lankide gutxi batzuen inguruan eraikitzen dira lanetik kanpoko erlazioak eta hori sarearen trinkotasun faltan nabarmentzen da, trinkotasun adierazlea %15ekoa delako. Sujetuen batazbesteko maila ere baxua da (batazbesteko maila 2'13koa eta desbideraketa 2'09koa).

Laugarren Soziograman zentralitate neurriak, maila eta bitartekaritza, ikusten ditugu; berauen arabera, bi sujetu dira zentralitate altuena agertzen dutenak (3 eta 4), aurreko bi harreman motetan ere zentralitate neurri altuena agertzen dutenak, alegia. Biek maila berbera dute (6) laugarren sujetuak bitartekaritza neurri altuagoa daukan arren. Bi sujetu hauen atzetik beste bat dator, zazpigarrena, zentralitate neurri altuarekin. Sarean zentralitate handiena duten sujetuak elebidunak dira eta sarearen dimentsio honetan hedatzen diren hizkuntza harremanen arabera, euskarazkoak erdarazkoak baino gehiago dira. Sare hau elebidunek bereziki dinamizatzen dute (euskarazko 36 harreman potentzialetatik 9 gauzatzen dira eta erdarazko 69tik bakarrik 7) eta hauek beti euren artean euskaraz egiten dute, salbuespen bat ezik. Azken kasu hau interesgarria zaigu: 3 eta 7 sujetuek bai lanean bai lanetik kanpo (poteoan, noizbehinka) harremanetan daude, baina, lanean euren harremana euskaraz gauzatzen duten bitartean lanetik kanpo, berriz, erdaraz gauzatzen dute harreman hori. Arrazoiak ez dakizkigu galdekizunean ez ziren galdetu-eta; izan litekeena da, harreman hori beste talde erdaldunago batean kokatzen dela edo lanaz kanpoko gaietaz hitz egiteko orduan batak ala besteak erraztasun handiagoa izatea, besteak beste.

6.- Ondorioak

Moldaketa-froga metodologiko bezala ulertuta ikerketa honek nahikoa bete ditu espero genituen emaitzak; hau da, agerian gelditu da gizarte sareen hurbilpen metodologikoa guztiz baliagarria dela, besteak beste, bi hizkuntza elkarren ondoan bizi direnean, hizkuntz bien presentzia egoera horretako gizarte harremanetan aztertzeko. Besteak beste diogu, izan ere, hurbilpen metodologiko hau aproposa dela uste baitugu taldeen nahiz erakundeen azterketarako, eta azken finean, harremanak garrantzitsutzat jotzen diren edozein arloren ikerketarako. Edozein kasutan, norbanako eta talde/erakunde mailak harremanetan jartzen ditu, gizabanakoa eta gizartea kontzeptuen arteko zubia eraikiz. Alde honetatik, itzelezko aurrerapausoa suposatzen du metodologia honek.

Gizarte sareen metodologiaren balioa azterketa soziolinguistikorako ematen duen kontzeptualizazioan eta analisi enpirikorako aportazioan datza. Batetik, sareen kontzeptuak gizarte egituraren harreman egonkorrak edo erregularrak kontuan hartzen dituelako eta, bestetik, harreman hauen egoerei eta osagaiei buruzko araketa eta definizio zehatza burutzen dituelako. Bestalde, metodologia honek hizkuntzaren erabilera harreman ingurune egituratu batean kokatzen du eta, beraz, harreman horien egitura eta ezaugarriak aztertuz hizkuntzaren erabileran dauden eragileak era osatuagoan azter ditzakegu. Azkenik, partaide bakoitzaren ezaugarrien berri ere jaso daiteke, informazio mota honekin azterketa hornituz. Beraz, gizarte sareen metodologiak hiru motatako informazio eskaintzen digu batera: partaide bakoitzarena, gizarte egiturarena eta, azkenik, lehenengoek gizarte egitura horretan sortzen dituzten harremanei buruzkoa. Hiru informazio iturri horietatik abiatuta, hizkuntzaren hautaketan edo erabilpenean agertzen diren eraginak era osatuagoan aztertzea ahalbidetzen da.

Bestalde, egoera mota ezberdinak identifikatuz gero, hauetako bakoitzaren esanahi soziala zein den sakonago jakiteko beharrezkoa izan daiteke diskurtsoaren analisira jotzea, hots, ikuspegi koalitatibora. Beraz, lan honetan gizarte sareen azterketa era koantitatiboan planteatu bada ere, horrez gain, posiblea litzateke hurbilpen koalitatiboa ere aplikatzea. Eta are gehiago, ikuspuntu metodologikoa elkar osatzeko hurbilpen biak koalitatiboak nahiz koantitatiboak erabiltzea oso aberasgarri gerta daitekelakoan gaude12.

Halere, gizarte sareen aplikagarritasun horretan muga batzuk ere agerian gelditu dira: gizarte harremanen konplexutasuna dela medio, informazio bilketa eta horren analisia egoera mikrosozialetara mugatu behar da, bestela, egoera makrosozial batean sujetuen arteko interakzioa hain korapilatsua izanik neurgaitza bihurtzen den punturaino iristen delako. Horra hor, beraz, metodologia honek duen muga nabarmena.

Igaro gaitezen, baina, ikerketa honetan jorratu ditugun gizarte sareen ezaugarrietara eta zeregin honek eskaini dituen ondorioetara. Maila teorikoan, Cartwright eta Harary-ren oreka/desoreka kontzeptua gure lanerako egokiago daitekeen moldaketan jardun gara eta, bide horretan, aukerazko/derrigorrezko harreman orakatu/desorekatuaren ideian sakondu dugu eta baita egitura mugatua kontzeptua sortu ere. Kontzeptu garapen honek hizkuntza hautaketan topa daitezkeen eragileen berri izaten lagun dezake.

Bestalde, eta maila teorikoan ere, harremanen izaerari erreparatuz berezko harremanak eta harreman formalak kontuan hartu izan ditugu. Berezkoak kideen arteko harreman pertsonaletan oinarritzen dira (familia edo lagunartekoak, adibidez) eta harreman formalak egoera edo talde sozial baten barneko eraketa formalari dagozkie (erakunde baten organigramaren araberako harremanak, besteak beste). Bigarren hauetan sareen analisiak ematen digun hainbat informazio erabil daiteke hizkuntza politika bat betetzen edo aurrera eramaten laguntzeko. Berezko harremanak, aldiz, arlo pribatuari dagozkionez hizkuntza politika baten interbentziotik urrutiago gelditzen da.

Harreman formalen kasuan lanpostu eta funtzioen banaketa (formala) goitik-behera ezarria denez hizkuntza politika batek gidatutako interbentzioari tartea uzten dio. Politika horren arabera, harreman fomaletan pisu gehien duten kokapenak elebidunak diren pertsonen artean banatuko lirateke, adibidez. Era berean, artikulu honetan ikusi dugunez kokapenaz gain harreman sareetan badaude beste ezaugarri interesgarriak eta erabilgarriak hizkuntza planifikazio baterako: zentralitateari lotua dagoen maila kontzeptua edota maiztasuna, norabidea, intentsitatea, iraupena, edukina, etab. Sareko erdiguneko kokapeneko lekuan edo harreman maila altua ematen den lanpostuan sujetu elebiduna baldin badago, orduan, bere bitartez igarotzen diren beste sujetu elebidunek babestu beharreko hizkuntza hautatzeko aukera izango lukete. Plangintza baterako kontzeptu hauek duten erabilpen hori eskuragarritasun baxuko (harreman zuzen gutxiko) sareetan bereziki oso nabarmena izango litzateke, kasu horietan halako kokapenak are garrantzitsuagoak bihurtzen direlako.

Harremanen norabidetasuna ere interesgarria zaigu interakzioaren lehen kontaktuan bereziki: nork nori zuzentzen dion lehendabizi hitza eta zein hizkuntzetan den, kontuan hartu beharreko egoera da honek geroko harremanetan duen eraginaz jabetuta. Hori horrela, harreman formaletaz arituko den planifikazio batek egoera horretaz arduratu beharko litzateke.

Aurreko guztiaren informazio zehatza jasotzeko gizarte sareen metodologiak sistematizatutako bide, kontzeptu eta adierazle egokiak eskaintzen dizkigu.

Saio honetan garatu dugun beste lanabes bat harremanen euskalduntasunaren adierazlea da. Adierazle honek eskaintzen digun informazioa hizkuntza bakoitzak sarean duen pisua da, eta informazio hori hizkuntza politika batek aztergai duen sarearen diagnosirako eta bilakaeraren jarraipenerako erreferentzi beharrezkoa dugu. Eta honen harira dator, Txepetxen hizkuntza komunitate baten trinkotasunaren ideia (Sanchez Carrión «Txepetx», 1987). Gizarte sareen ikuspuntutik hartuta, Txepetx aipatzen ari dena (euskal) hiztunen arteko harreman sareen trinkotasuna da. Eta horretan datza, hain zuzen ere, hizkuntza gutxiagotu baten hil ala biziko kinka: gune bateko euskaldun askoren elkarren arteko euskarazko sareak sortuz eta sendotuz hizkuntza komunitate horren trinkotasun handiagoa lortuko litzateke. Argi dago proposatutako adierazleak baduela planteamendu honetan zeresan handia.

Gure saio honetan harremanen euskalduntasunaren adierazle hori sare mailan aplikatu bada ere, adierazle bera erabil daiteke pertsona batek dituen harreman sarearen euskalduntasuna ezagutzeko. Halakoetan, pertsona batek hizkuntza bat zenbateraino erabiltzen duen adierazle horrek adieraziko digunez, esandako sujetuak hizkuntza horretan duen gaitasuna suspertzeko erabilpen nahikoa duenentz jakin dezakegu. Hizkuntza gutxiagotu baten (euskararen) ikaskuntzan erabilerak duen garrantzia azpimarratzen du Txepetxek. Ikasten ari den hizkuntza horren erabilerarik ezean, ezagutza eta komunikazio gaitasunetan atzerapauso bat jasateko arriskuaz ohartarazten gaitu autore horrek; horrela gerta ez dadin harreman sare euskaldunaren beharra inplizituki aipatzen du. Aplikaziorako adibide batera joanez, euskaldunberri (heldu zein ume) baten harreman euskaldunen sarearen nahikotasuna formulatu dezakegu, eta maila horretan sujetu hau iristen den ala ez proposatutako harremanen euskalduntasunaren adierazleren bidez ezagutu dezakegu.

Bestela esanda, gaitasun maila bat behin lortuta ikastetxeetan edo euskaltegietan ikasitakoak jarraipenik izango duela ziurtatzeko euskararen erabilera tinko bermatzen duen harreman euskaldunen sarearen hedadura neur daiteke. Harreman euskaldunen sarearen nahikotasuna finkatzeko egoera askoren azterketa sistematikoek adieraziko digute ingurune bakoitzean zenbaterainoko sare euskalduna behar den gaitasunean atzera ez egiteko.

Bukatzeko, informazioa jasotzeko aurkituriko oztopoetaz ere hitz egin behar dugu. Lagun koadrilaren azterketa egiterakoan aurreratu den bezala, elkarren arteko harremana daukaten bi kideek beraien harreman hizkuntzaren berri biek ematerakoan, zenbait kasutan batek esana ez dator bat besteak dioenarekin, jasotako informazioan kontraesanak agertzen direla alegia. Hizkuntz erabilera ikertzen ari garen neurrian, eta beti hizkuntza bakarra erabiltzen ez duten kasuak direnez, ñabardura kontua izan daiteke arazoa.

Edozein modutan, ikerketa metodologikoa dela gogoratuz, ondorioztatu genezakeena da gizarte sareen metodologia jarraituz eginiko informazio bilketa motarekin (informazio bik egoera bakarraren berri emanez) informazio kontraesankorrak ager daitezkeela behin baino gehiagotan. Informatzailearen pertzepzio subjetiboa agerian gelditzen da, eta sujetu guztiena bat ez etortzea da ohikoena. Aipatutako honek informazioaren tratamenduan eta interpretazioan du eragin zuzena; halere, jasotako informazioak ez du bere baliorik galtzen eta, gainera, erraz saihes daitekeen oztopoa da.

7.- Bibliografia

- Aitchison, Jean (1993): El cambio en las lenguas: ¿progreso o decadencia?. Barna, Ariel.

- Ben-Rafael, Eliezer (1994), Lenguage, identity and social division. The case of Israel, Oxford, Clarendon Press.

- Borgatti, S. eta Everett, M.G. (1992): «Notions of position in social network analysis» in Sociological Methodology, 22, 1-35 orrialdeak.

- Cartwright, D. eta Harary, F. (1956): «Structural Balance: a generalisation of Heider's Theory» in Psychological Rewiew, 63. Berargitaratua (Leinhardt, 1984).

- EUSTAT (1996) Euskal urtekari estatistikoa 95

- Jausoro, Nekane (1996) La prática discursiva y el interdiscurso. Una propuesta metodológica para la investigación social del euskera. Leioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Serie Tesis Doct.

- Marsden, P. (1985): Social structure and network analisys. London, Sage.

- Martínez de Luna, Iñaki eta Nekane Jausoro (1996), «Hizkuntzekiko motibazioen ekarpenak inguruneak ezarritako baldintzen aurrean» in Bat Soziolinguistika Aldizkaria 18. zk.

- Milroy, J. eta Milroy, L. (1991): Authority in language. London, Routledge.

- Milroy, L. (1987): Language and social networks. Oxford, Blackwell.

- Milroy, J. eta Milroy, L. (1985): «Linguistic change, social network and speaker innovation» in Journal of Linguistics, 21, 339-384 orr.

- Milroy, J. eta Milroy, L.(1978):»Belfast: change and variation in an urban vernacular, Trudgill.

- Mitchell, J. C (1969): Social networks in urban situations. Manchester University Press.

- Requena, Félix (1994): Amigos y redes sociales. Elementos para una sociología de la amistad. Madrid, CIS.

- Requena, Félix (1991): Redes sociales y mercado de trabajo. Madrid, CIS.

- Requena, Félix (1989): «El concepto de red social» in REIS 48, 137-152 orr.

- Rodríguez, Josep. A. (1995): Análisis estructural y de redes. Madrid, CIS.

- Sanchez Carrión, José María, Txepetx (1987): Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del euskara y teoría social de las Lenguas. Donostia, Sanchez Carrión arg..

- Scott, John (1994): Social network analysis. London, Sage.

- Villena, Juan Andrés (1992): Fundamentos del pensamiento social sobre el lenguaje (Constitución y crítica de la sociolingística). Málaga, Agora.

- Wasserman, S. eta Galaskiewicz (1994): Advances in social network analysis. London, Sage.

- Wellman, B. eta Berkowitz, S.D. (1991): Social Structures. Cambridge University Press.

Oin-oharrak

1 Artikulu honek oinarri duen ikerketarako Euskal Herriko Unibertsitateak emandako dirulaguntza ezinbestekoa izan da eta dirulaguntza hau Begoña Arregi Gorospe irakaslearen laguntza eta zuzendaritzapean lortu zen.

2Aurrerago ikusiko dugun bezala, egituraren orekak badu bere erabilgarritasuna gizarte sareen metodologia hizkuntza harremanetara aplikatzerakoan.

3Aurrerago azalduko ditugunak.

4 Honetan gehiago sakontzeko ikus Rodríguez, 1995 (4. kapitulua bereziki).

5 Aukerazkoa diogu, sujetuak elebidunak izanda denek dakizkiten hizkuntzetatik batean zein bestean aritzeko aukera dutelako.

6 Iturria: Eustat 1996 (1991ko Biztanleria eta Etxebizitzen Zentsuaren datuak dira).

7 Irudi honen (1. Soziograma) argitasun eta ulermenaren mesederako euskara edozein neurritan sartzen zuten harremanak edota zalantzarik ematen zuten kasuak sartu dira bakar bakarrik. Hau da, kontraesanik ezean erdara hutsezko harremanik ez da irudi honetan aurkeztu.

8 Informazioaren kontraesan hauek saihesteko bi informatzaileek adierazten dutenaren batez-bestekoa ateratzea izango litzateke irtenbide posible bat: batek euskara gehien bat erabiltzen dutela esaten badu eta besteak erdara gehien bat, euskaraz zein erdaraz berdin egiten dutela pentsa genezake, adibidez.

9 Hizkuntza hautaketa ezberdin honen arrazoiaz ez dugu, tamalez, galderarik egin, ez eta azterketa koalitatiborik planteatu ikerketa honetan. Beste horrenbeste gertatzen zaigu aukerazko harreman desorekatuekin; informazio bilketarako prestatu ziren galdekizunetan halako egoeraren berri jaso zezakeen galderarik ez baitzen sartu.

10 Maiztasun eskakizun honen araberako aukeraketan ere kontraesanak agertzen ziren, baina partaide guztien informazioa alderatuz gero eta zentzudunena zen informazioari jaramon eginez esandako lagunetara mugatu dugu koadrilaren bihotza.

11 Iturria: Eustat 1996.

12 Metodologia koalitatiboaren erabilgarritasuna argi gelditzen da Nekane Jausororen Dokterego-Tesian Jausoro (1996).

 

 

ERANSKINAK (PDF FORMATUAN)

BAT aldizkaria: 
26. 1998ko martxoa. Euskararen egoera NAfarroan ikertzail...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Iñaki Martínez de Luna, Nekane Jausoro, Kontxesi Berrio-Otxoa eta Ibon Idirin
Urtea: 
1998