Ipar Euskal Herriko antolaketa eskemaz eta bereziki hizkuntz antolaketaz

Euskal Herriko Garapen Kon-tseilua

k onartu zuen Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema; horren barnean, Hizkuntz antolaketak atal berezia zuen. Garapen Kontseiluak proposamen bat egin zuen; erabakiak abiatzeko Euskal Herriko Haute-tsien Kontseiluak eman behar zion oneritzia. Garapen Kontseiluak ez du botererik ez eta proiektuak aitzina eramateko dirurik ere

Ipar Euskal Herriko elkarte kulturalak hasarre dira eta neurri egokien gabezia salatzeko mogimendu erreibindikatibo bat abiatu dute, DEIADAR kanpaina, 1998ko udaberrian gauzatzeko. Kanpaina honen eskakizunak bi dira: lehena, Hautetsien Kontseiluak onartu puntuak gauzatzea; bigarrena, euskararen ofizialtasuna, etorkizunaren berme. Elkarteak ez dira ageri Garapen Kontseiluaren sostengu soil bezala; ofizialtasunaren eskakizuna plazaratuz

Hautetsi eta administrazioarekin gatazkarik ez sortzeko, kontsentsu eta autozentsuraren politika onartu zuten. Horrela salaketak arrunt baztertu ziren, erreparakuntza historikoaren kontzeptua ez zen aipatu eta eskakizun batzuek, euskararen ofizialtasuna bezala, itxuraldatu ziren

nortasun hizkuntzaren

langue identitaire

Esperantza piztu eta zapuztu: DEIADAR

1996ko urriaren 26an, Uztaritzen bilduta, Euskal Herriko Garapen Kon-tseiluak onartu zuen Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema; horren barnean, Hizkuntz antolaketak atal berezia zuen. Garapen Kontseiluak proposamen bat egin zuen; erabakiak abiatzeko Euskal Herriko Haute-tsien Kontseiluak eman behar zion oneritzia. Garapen Kontseiluak ez du botererik ez eta proiektuak aitzina eramateko dirurik ere; «Euskal Herria 2010» deitu egitasmoaren segidan sortua, alor askotako jendea biltzen du, eta bere lan batzordeak proposamenak ontzeko egiturak dira. Biltzar Nagusian onartuak Hautetsien Kontseiluak filtratzen ditu, onerizteko, baztertzeko edo zehazteko. Horren arabera, 1997ko udaberrian, Hautetsien Kontseiluak orraztu zuen Uztaritzeko eskema eta egitekoak definitu zituen.

Hautetsien Kontseiluak berak ere ez du botere ez eta dirurik ere. Partaide diren hautetsi eta politikariei suposatzen zaie gaitasun nahikoa harreman egokietan sartzeko Departamenduarekin, Eskualdearekin, Estatuarekin, hots, proiektuen gauzatzeko zinezko gaitasuna duten erakundeekin. Hau da plangintzaren alde flakoena eta agerian zen hasi hasieratik. Onartua aplikatzeko ez baita gaitasun legal eta ekonomikoa duen egitura propiorik, puntu bakoitzeko erantzukizuna duen administrazioarekin akordio berezia bilatu behar da.

Hautetsiek beren lana egin zuten, eta Antolaketa eta Garapen Eskemako neurrien obratzaileak definitu zituzten. Kasu batzuetan, bertako Herriko etxeak edo Herrien arteko Euskal Sindikata dira egile posibleak; gehienetan, berriz, Estatua, Akitaniako Eskualde ontseilua eta Departamenduko Kontseilu Orokorra ikustatu dira aldakuntza administratiboak eta finantzamendua ekartzeko. Gehiago dena,tokian tokiko erakundeen parte hartzea ezin askotan gauzatu daiteke erakunde handien akordiorik gabe. Departamendu eta Estatuko ordezkariak Garapen Kontseiluaren barnean dira, eta lanetan parte hartu zuten. Joko garbia izan bazuten, zerbaiten esperantza izaten ahal zen.

Frantziako instituzio horiek 1997ko bukaeran eman dituzte erantzunak. Hasi da Kontseilu Orokorra Paben; gero Estatua (CIADT, hau da «ministeritzen arteko lan batzorde berezia») eta bukatzeko Eskualdea. Lehen erabakiak ez dira batere baikorrak izan. Kontseilu Orokorrak aldatu eta murriztu ditu proposamenak; Estatuak asmoen deklarazio hutsak egin ditu, eta Akitaniak esan du besteen ildotik jarraitzeko prest dela... Konkreturik, deus ez.

Ondorioz, Ipar Euskal Herriko elkarte kulturalak hasarre dira eta neurri egokien gabezia salatzeko mogimendu erreibindikatibo bat abiatu dute, DEIADAR kanpaina, 1998ko udaberrian gauzatzeko. Kanpaina honen eskakizunak bi dira: lehena, Hautetsien Kontseiluak onartu puntuak gauzatzea; bigarrena, euskararen ofizialtasuna, etorkizunaren berme. Elkarteak ez dira ageri Garapen Kontseiluaren sostengu soil bezala; ofizialtasunaren eskakizuna plazaratuz areago joan dira, hain zuzen Garapen Kontseiluak ez zuelako horrelakorik eskatu.

Abertzaleak eta Garapen Kontseilua

Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema konpromezu baten ondorioa da. Eragile nagusiak abertzaleak izan dira; garapenaren eta nortasunaren ideiak txertatuz, tokiko etorkizunaz grinatzen direnei dei egin zieten indarrak biltzeko eta gogoeta irekia egiteko. Hori izan zen «Euskal Herria 2010» egitasmoaren abiapuntua. Arrakasta izan zuten. Ipar Euskal Herriko arduradun anitzek onartu zuen ideia horien inguruan lan egitea, eta Frantziako inongo eskualdetan ez da antzeko dinamikarik ikusi.

Proiektu amankomunak ontzeko lekua da Garapen Kontseilua. Haute-tsien eskuetan zegoen denen arteko lanari azken legitimitatea ematea eta Estatua eta Departamendua ikustatuak ziren azken egileak bezala. Botere politikoen parte hartzea bilatu eta ardietsi zen. Horrek, dudarik gabe, sortu zuen kontradikzio handia, egitura politiko eta administratiboetan aber-tzaleak ez baitira batere nagusiak. Oinarrizko oldarra eta goiko erabakiguneak ez dira uhin berean.

Abertzaleek lehentasuna eman zieten sinesgarritasunari eta iraupenari. Hautetsi eta administrazioarekin gatazkarik ez sortzeko, kontsentsu eta autozentsuraren politika onartu zuten. Horrela salaketak arrunt baztertu ziren, erreparakuntza historikoaren kontzeptua ez zen aipatu eta eskakizun batzuek, euskararen ofizialtasuna bezala, itxuraldatu ziren. Hau ez zen eztabaidarik gabe gertatu, eta askoren eritziaz hiru urte pasa dira ameskerietan, borrokatik urrun, gutaz trufatzeko diren politikariekin denbora galtzen.

Alta, ez gara guztiz petzero gertatu. Lanek, eta bereziki erabakiak gauzatzeko ezintasun estrukturalak, garbi utzi dute abertzaleentzat oinarrizkoa den puntu bat: Euskal Herriak eskas duen lurraldetasun administratiboa. Arazo honen kontzientzia sozializatzea izan da proiektuaren fruitu nagusietarik bat. Frantziako sistemaren barnean, lekuan lekuko proiektuen obratzea oso lotua dago egitura departamentalarekin. Horregatik, Garapen Kontseiluaren lanen ondoan laster ageri da departamenduaren arazoa eta haren beharra nabaritu da. Euskal Herriko auzapez gehienek bozkatu dute Euskal Departamenduaren alde, eta eritzi inkestetan herritarrak horren alde ageri dira. Finean, arazoa plazaratu eta sozializatu da abertzaleek nahi zuten bidetik, Garapen Kontseilua horretarako sortu ez bazuten ere.

Dudarik gabe, botereak ez zuen horrelakorik nahi eta neurriak hartu ditu departamenduaren eskakizuna ahultzeko. Bat izan da «Pays» egitura, eta beste bat Pabeko zerbitzuak Baionara deszentralizatzea. Ez dira aski izan mogimendua liseritzeko. Auzapezen «errebolta» eta jendearen eritzi aldaketa oldar identitarioari lotuak dira, eta ez dira deszentralizazio administratiboaz baretu.

Abertzaleen eskakizunak Garapen Kontseiluaren barne lanetan argaldu baziren ere, jendartean bizi biziak dira orain. Azken gertakariek arrazoia eman diete departamendua eta euskararen ofizialtasuna nahi dituztenei: Pabeko Kontseilu Orokorrean euskaldunak minorian daude, eta Pariseko CIADTek argi utzi du Frantziak ez duela inongo egitura egokirik gure eskakizun linguistikoak gauzatzeko. DEIADAR mogimendua abagune garrantzitsu baten erdian kokatu da.

Antolaketa eta Garapen eskemaren puntu nagusiak

Hizkuntz antolaketako planoan ere aurki daitezke lan-molde orokorreko kontradikzio guztiak. Konpromezu lekua izan da, eta gauza anitz ez zaiz-kigu «erradikalei» laket. Gauzatuko balitz, arazo larri batzuen gozatzeko balio luke. Alta, eta sobera ezkorra izan gabe, erabakigune propiorik gabe proiektu hutsa bezala, inoiz betetako promesen alor antzuan geldi daiteke.

Eskemaren atalak banan bana aipatuko ditugu.

Hitzaurrea

Oso tekniko izan nahi duen dokumentuak ere zergak ordaintzen dizkio ideologiari. Hasteko, euskararen gainbeheraren arrazoiak ikertzen ditu, eta agerian utzi «euskaldunek modernitatean sartzeko izan dituzten baldintzen bidez azaltzen dela euskararen gainbeherakada». Frantziako politika linguistikoaren erantzukizun zuzena ez du batere aipatzen. Badirudi egileek ez zutela salaketerik egin nahi, administrazioaren ordezkariek eta hautetsiek dolurik gabe onart zezaten dokumentua. Epe luzeko politika linguistiko egokia ikusmiran, kontsentsu bigun hori abiapuntu desegokia da. Euskara hilzorian dago Iparraldean eta bizirik jarraitzeko «diskriminazio positiboa» beharko du; zapalkuntzatik aterako balitz ere, berdintasun hutsak jokatuko luke frantsesaren erabilpen exklusiboaren alde. Diskriminazio positiboa moralki eta politikoki justifikatzeko, lehen izan zapalkuntzaren agertu behar da: horren gainean justifikatzen da erreparakuntza historikoa. Bazterrezinezko kontzeptuak dira horiek, eta euskaltzaleek ez diogu zertan beldurrik izan behar salaketa zuzenari.

Euskararen onarpen legalaz oso era bitxian mintzatzen da. Ofizialtasunaren arazoa saihesteko, honela dio: «nortasun hizkuntza gisa onarpen ofiziala» behar duela euskarak. Iparraldeko euskaltzaleen eskakizun zeha-tza ofizialtasuna da, hau da euskararentzat frantsesak duen status juridiko bera edo bertsua. Garapen Kontseiluaren proiektuan, formulazioa hau da: «ofizialki baiezta(tzea) nortasun hizkuntzaren baitezpadako estatua», edo, erdaraz, originalean, «affirmant officiellement le statut fondamental de langue identitaire». «Euskara hizkuntza ofiziala» eta «euskara ofizialki onartua identitate hizkuntza bezala» ez da gauza bera. Hizkuntza ofizialak esan nahi du frantsesaren antzeko statusa; Québec-eko indigenen hizkuntzak «identitarioak» bezala ezagutuak dira, baina ez dute batere frantsesaren statusa. Berriz ere, formulazioa hautetsi eta administrazioari begira egina dela ematen du. Lanmolde osoaren estilokoa. Baina euskaltzaleen ohizko eskakizunak ahultzen ditu, alegia deus ez.

Dokumentuak hizkuntzaren antolaketarako politika linguistikoaren beharra azpimarratzen du eta lau ataletan finkatzen ditu lan ardatzak :

  • Euskarazko eta euskararen irakaskuntza eta helduen alfabetatzea
  • Seinalakuntza eta euskal toponimia
  • Euskal komunikabideak
  • Euskararen erabilpena zerbitzu publikoetan.

Horien ikertzera pasatuko gara.

Irakaskuntza

Dokumentuaren edukin nagusia hauxe da: «Euskarazko eta euskararen irakaskuntza eskaintzak zabaldu, lurralde osoa estaltzeko moldean». Horren finkatzeko urratsak zehaztuak dira:

  • Hezkunde Nazionalak 250 irakasle formatu eta lokalak, garraioak eta pertsonala egokitu.
  • Irakasle berriak formatzeko IUFM (edo Eskola Normala) Baionan sortu, hau ere Hezkunde Nazionalaren eskutik 
  • Ikas Pedagogia Zentrua azkartu
  • Oraiko eskola euskaldunen egoitzak egokitu
  • Erakaskuntza teknikoan eta Unibertsitatean euskarari ateak zabaldu.

Finean, helburua da zazpi urte barne Lehen Mailako ikasleen % 4O bil-tzea euskarazko ereduetan.

Ohar zenbait merezi du alor honek.

Hasteko, «eskaintzeak» ez du esan nahi haur guziei eta eskola guzietan euskarazko irakaskuntza ematea, baizik eta gurasoei zinezko posibilitatea ematea libreki hauta dezaten horrelakorik nahi duten ala ez; gizarte elebidunaren helburutik oso urrun uzten gaituzte. Estatuko CIADT-ek berehala hartu du plegua, eta argi deklaratu gurasoen eskaintza espontaneoaren arabera moldatuko direla egitekoak. Euskaldunen komunitatea ghetto eta minoria egoeratik ateratzeko, irakaskuntzak ziurtatu behar die haur eta gazte guztiei euskarazko ezagutza. Euskaltzaleek bideratu plangintza batek «eskaintza»ren ordez generalizazio eta normalizazioa eskatu behar ditu. Baina Euskadiko Erkidego Autonomoan ere ez bada horren egiteko ausardia, Iparraldean urrunago izateak ez gaitu harrituko.

Bitartean, onartu den plangintza moderatua ere oztopo ikaragarriak kausitzeko sortua da, obratzaile nagusia kontra baitu. Itun berezi bat (edo batzuek) sinatu beharko litzateke Frantziako Hezkuntza Nazionalarekin, eta horko jende hori oso gogorra eta aldagaitza da. Euskararen aldeko lege edo araudien gabezian, Hezkuntza Nazionaleko administratzaile eta sindikatu hiperjakobinoek lau arrastak sakaturik helduko dira, eta baliz-ko negoziaketak latzak eta geldiak izanen dira. Plangintzaren lehen urra-tsek garbi erakutsi digute non eta zertan gauden: hasieran esan zen 800 irakasle beharko zela, gero 200 arte edo beheititu da kopurua, eta 1997an bakarrik 2 postu berri sortu dira. Gehiago dena, 1998an eskola publikoetan klase elebidun berrien zabaltzea errefusatzen ari dira: hori dela eta, irakaskuntza publikoaren gurasoak biltzen dituen Ikas-Bi elkartea oso kexu dago eta kalera jautsi da.

Plangintzaren beste atal bat da «eskolako ekipamenduak modernizatu» eta, batez ere, «Barnealdeko lau lehen mailako ikastolen egoitza modernizatzea». Hain zuzen, afera honek eman dio abiada militante euskaltzale tradizionalen kexualdiari: Estatuak, Eskualdeak eta Departamenduak ez baitute deus aitzinatu, Herriko etxeek ere ez dute laguntzarik eman eta modernizatzeko lau ikastola horiek prefabrikatu ustelduetan jarraitu beharko dute. Afera salatzeko hiru mila pertsona manifestatu dira urtarril honetan Baionan, Seaskak deiturik. Eskola publikoko gurasoekin bateratzea egiten bada, euskararen aldeko mogimenduak inoiz ez bezalako oihartzun soziala ukanen du.

Bukatzeko, plangintzak oso leku eskasa ematen dio jende helduen euskaratzeari. AEK ez izendatzeko, «eragile pribatua» dio dokumentuak, eta, finean, eskaintza eskakizunari egokitu behar dela diote, inongo zehaztasunik gabe. Pabeko Kontseilu Orokorrean AEK ez omen dute oso begikoa...

Paisaia linguistikoa

Eskemak onartu du lurralde osoan hedatu behar direla euskarazko seinaleak, autopistetatik hasi eta barneko herri seinalakuntzaraino. Hautetsi-ek konpromezuak hartu dituzte, eta parte handi batean hemengoak dira obratzaileak. Alta, errepide departamentaletan eta herri askotan seinalakuntza elebiduna aitzina ari bada ere, gaurregunean ez da horretarako plangintza ikertu, finantziatu eta epekaturik. Badirudi politika argi eta aitortu baten beldurrean daudela Departamenduan eta Herriko etxeetan.

Angelu eta Baionako Herriko etxeek ez dute seinalakuntza elebidunik nahi, gaskoinen komunitatea dela eta, omen. Arazo honi nork egin beharko dio aurre ez da argia eta Eskemak ez du irtenbiderik eskaintzen. Bistan dena, Herrien Arteko Sindikata neurrien obratzailea izanik zerbait erran lezake, baina kostaldeko «auzapez handiak» makurtzeko ez du gaitasunik. Ipar Euskal Herriko paisaia linguistikoa guztiz maingua da Baionak eta Angeluk erdaraz soilki jarraitzen badute.

Komunikabide euskaldunen antolatzea, hiru irratiek proiektu oro-hartzaile, profesional eta iraunkorra bermatzeko

Lehen atala hiru euskal irratiei dagokie. Lan eta neke handiez zerbitzu publikoa betetzen dute eta sostengu publikoa eskatzen dute. Eskemak bizitasuna segurtatu nahi badie ere, urtarrilean Departamenduko Kontseilu Orokorrak laguntzaren parte handia kendu die, eta horrek ekarriko du beste laguntzen galtzea. Agi denez, hautetsi nagusiek ez dituzte kritikak preziatzen eta mendekiusak dira.

Euskal irratientzat, nola euskal kulturaren eragile gehienentzat, ez da finantzamendu iraunkorrik. Urtean urtean berritu behar dira laguntza eskeak. Hau politika linguistikoaren gabeziaren beste ondorioa bat da, pro-iektu luzeak galarazten ditu eta kargudunen larderia elikatzen du.

Berriz, Komunikabide publikoetan euskara sartzeko, hautetsiak txosten espezifikoaren zai gelditu dira. Komunikabide idatzietaz, deus ez da aipatu Eskeman.

Elebitasuna zerbitzu publikoetan, eta, bereziki, Herriko etxeetan

Atal hau oso mingarri zaigu «erradikalei». Hautetsiek zuzendu dute Garapen Kontseiluaren ikusmoldea eta azpimarratu dute administrazioetan egindakoa funtzionarien borondatea bortxatu gaberik egin beharko dela. Gainera, geroko utzi dituzte proiektuaren edukin guztiak: zer diruz, nork eraman, noiz hasi... deus ez da abian emana izan.

Alta, azken erabakiak hartu baino lehen Euskal Konfederazioak eskatu zien proiektu honen ez gelditzea. Ez zioten kasurik egin. Herriko etxeetan oinarrizko elebitasuna sartzea gaurregun egingarri eta haizu da eta euskaldunengan esanahi handia ukanen du. Badirudi gure auzapezak herabe direla elebitasunaren konpromezu publikoa beren gain hartzeko. Ez zaizkie presioneak faltatu. Hautetsi handi batzuek, Alliot-Marie bezala, mehatxuak banatu dituzte eta Frantziako Kontseilu Konstituzionalak abisu bat eman du, hizkuntz erregionalak administrazioan erabiltzea antikonstituzionala dela esanez. Abisu horrek ez du balore exekutiborik, eta oinarrizko elebitasuna sinaletikan eta harreretan aplikatuko balitz, segur da botereak ez zuela aurka eginen.

Horra gutariko anitzen ikusmoldea. Baina, omen, kalkulu elektoral eta politikoetan ez gara oso argiak.

Hizkuntz Kontseilua

DEIADAR-ek garrantzi berezia ematen dio eta Garapen Kontseiluan definitua izan zen bezala egin dadila eskatu du, hau da hizkuntz politikaz arduratuko den zerbitzu eta gune eraginkorra izateko. Arduradun publikoak, pribatuak, zientifikoak, elkartekoak eta Hezkuntza nazionalekoak bildu beharko ditu; egile desberdinen arteko kontzertazio iraunkorra bermatuko du, euskararen aldeko plangintzen jarraipena eta ebaluaketa eginen du, eta euskararen statusari buruzko proiektuak sustengatuko. Hautetsien Kontseiluak onetsi zuen, «zerbait» ahantzia ere: elkarteen presentzia. 1997an sortzekoa zen eta hiru lan-postu definitu zituzten. Azken txanpan, proiektua izkutuan negoziatu da politikari eta teknokraten artean, baina hau ere ez zaio aski izan Departamenduko arduradunei: Kon-tseilu Orokorrak Euskal Herriko proposamena aldatu du, eta haren orde Departamentuko lau hizkuntzetaz arduratuko zen funtzionario bat eskaini, Paben egoteko gainera. Eskarnio hori Garapen Kontseiluaren Biltzar Nagusiak aho batez errefusatu du, eta Hizkuntz Kontseilua lehenbailehen obra dadin berreskatu du. Gero, Baionako erabakiaz axolatu gaberik, CIADTek eta Akitaniako Eskualdeak ez dute aipatu ere egin.

Politika Linguistiko orokor eta egokiaren alde, eskema baino urrunago

Laburtzeko, Eskema ez da «hizkuntz antolaketa programa» bat, nahiz eta batzuek horrela aurkeztu. Alor gutxiegi estaltzen du eta ahulezia kon-tzeptual eta estruktural sobera ditu.

Hamabi ekintza baizik ez ditu Hautetsien Kontseiluak abian eman, eta batzuentzat deus konkreturik erabaki gabe.Euskararen Agirian (hau baita euskaltzaleek onartu oinarri programatikoa, DEIADAR III kanpainaren ondoan 1994an), 40 baino gehiago dira premiazkotzat jotzen diren neurriak.

Gure egoeran, politika linguistiko egoki batek ez luke ontzat eman behar garapen linguistikoa haur eta gazteengan egindako lanetik etorriko dela. Hain zuzen, Eskemaren neurri osotuenak erakaskuntzan finkatu dira, eta horrek erakusten du proiektuaren herabetasuna. Orain adin indartsuenean dagoen belaunaldia euskalduna da, eta ekonomian eta bizi sozialean indar nabaria du. Orain behar da euskararen presentzia areagotu bizi administratiboa eta publikoan, belaunaldi horrek hunki ditzakeen esparru publiko eta modernoetan. Behar bada, belaunaldi euskaldun horien mobilizatzea da Iparraldeko euskararentzat azken oportunitate historikoa. Gaurregunean euskal irakaskuntza da euskalgintzaren alor nagusia; dituen arazoei irtenbideak eman behar zaizkio, haren hedadura zabaldu eta Unibertsitateraino eraman. Baina ezin ditzakegu gure haurrei euskaraz erakatsi... Seaskan edo AEKan lan egin dezaten gero. Euskaraz bizitzeko, administrazioa, zerbitzu sozialak, ekonomia, komunikabideak, kultura eta aisealdiak behar ditugu euskaraz. Betatxu bakan batzuen ondoan, haurren inguruko politikara mugatzen den plangintza, ez du izen hori merezi.

Eskemaren puntuak gauzatzeko ere ez da gaitasun legal eta ekonomikoa duen egiturarik; bakoitzeko bilatu beharko da erantzukizun partziala duen administrazioarekin akordio berezia. Akordio horiek ardiesteko ikustatua den Hautetsien Kontseiluak ere ez d hornidura legal eta administratibo egokirik. «Pays Pays Basque» aipatu dugu. Erantzule batzuen ustez, hori liteke Eskema aitzina eramateko egitura. Ez dira sinesgarriak. Frantziako egoera administratiboa ikusirik, Departamenduak edo Korsikan bezalako autonomiak, biek gaitasun legal eta finantzieroak badituzte politika berezia eramateko; politika linguistikoaren kudeatzeko eta ordain-tzeko bietan koka daitezke egitura eraginkorrak. Berriz, «Pays» egitura aski lanbrotsua da. Proiektuen asmatzeko eta gero kudeatzeko gauza berria da: ez dauka legitimitate demokratikorik, Kontseilu Orokorra edo antzeko zerbait hautatzeko ez baita barruti gisa onartua; ez ditu Departamenduari dagozkion azpiegitura eta administraritzarik. Finean, haute-tsiak biltzen ditu proiektu batzun gauzatzeko, eta ez da argi nondik aterako dituen diruak.

Euskaltzale gehienek ez dugu dudarik: egitura politiko-administratiboa behar da gure proiektuen aitzinarazteko. Egitura lanbrotsu baten gainean finkatzea erokeria da. Euskaltzaleek ez dute zelata honetan erori behar eta, bereziki, kontuz ibili behar dute Bayrou ministro ohi eta Kontseilu Orokorreko lehendakariarekin. Bayrou ageri zen Garapen Kontseiluaren eginahien sostengu nagusien artean, eta Irisarrin ematen zituen diskurtsoak ziren gure esperantzen Itun Berria, omen. Baina, hain zuzen, Bayrou-k ez du Euskal Departamendurik nahi, eta, Garapen Kontseiluaren azken Biltzar Nagusian Lasserrek, haren ordezkaria, gogoratu duenez, ordaintzen duenak agintzen du... Bayrou-ri lotzea huts taktiko larria da.

Konfusio honen aurka, hizkuntz politikaren beharra eta Iparraldeko nortasunaren aldeko eskakizun politikoak elkarrekin doaz. Euskara ofizialaren aldeko borroka lotu behar da Departamendua edo Instituzioa nahi dutenekin eta fronte bakar eta indartsua egin. Garapen Kontseiluak, lehen ikusi dugunez, ez zuen kontestazio politikorik bideratu nahi; Kon-tseiluak, ez bada borroka egikorrena aitzina eramateko leku egokia, ez gaitu estekatu behar.

Hizkuntz politikari dagokionez, AEK-k proposatu zuen Hizkuntz Idazkaritza baten sortzea; erakunde horrek, nonbait, agintea ukan beharko zukeen eta iniziatiba desberdinak bideratu plan orokor baten barnean. Garapen Kontseiluaren proiektuan, idazkaritza bilakatu da Kontseilua, eta horrek bere inplikazioak ditu, zeren eta kontseiluaren funtzioak ez baitira exekutiboak, aholkularitzarena baino. Aholkularitza, nori aholkatzeko? Politika linguistikoaz okupatuko den erakundearen gabeziaz, kontseiluaren mintzokideak sakabanatuak izanen dira, akordio partzialen alorrean berriz ere denbora eta energiak galtzeko. Ofizialtasuna eta Departamendurik gabe, deus ez da Hizkuntz Kontseilua. Horra errekuperazio linguistikoaren oinarriak

Bitartean, Eskemako egitasmoak gauzatuko balira nahikoa arazo bideratu litzateke. DEIADAR-ek zuzen ikusi du hango promesen betetzea eta etorkizunerako bermeak bildu behar direla eta biak lotu ditu kanpainaren deian: «Bete Hitza - Euskarari lege geriza»

Frantziako politika linguistiko orokorra aldatzea beharrezkoa eta posiblea da. Horretarako ditugu finkapuntu azkar batzuek: Frantziaren isolamendua Europan - Frantziako beste eskualdeetako mogimendua - Iparraldean bertan nortasuna eta identitatearen aldeko oldar politiko eta soziala. Gehiago ere izan genezake Hegoaldeko Instituzioek presio egokia egingo balute eta euskaltzale guztiek fronte batua eratuko bagenu.

BAT aldizkaria: 
26. 1998ko martxoa. Euskararen egoera NAfarroan ikertzail...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Ipar Euskal Herria
Egilea(k): 
Emilio Lopez Adan
Urtea: 
1997