Ilunpetik argitara

Bazirudien euskarak ez zuela deus egitekorik gaztelaniaren aurka, baina Arturo Campionen idazkiek lortu zuten iratzartzea loak hartuta zegoen gutxiengo bat

» Hau izan zen geroko Nafarroako Euskara Elkartearen hazia. Horrela sortuko da Iruñean jatorri ezberdinetako ekimenetan gauzatuko den sentimentu bat euskararen berreskurapenaren alde lan eginen zuena

Euskararen historiatik nabarmenena ez da bere higadura edo galera, bere biziraupena eta garai berriei egokitzeko erakutsi duen ahalmena baizik, baita Nafarroan ere. Lanak, aldi berean, herri hizkuntzen

bizitza historikoari buruzko gogoeta orokorragoa egiteko aukera ematen digu

Euskara hizkuntza bizia da. Bizirik dago. Bere bizitasunaren arrazoiak bilatzea eta ematea da gakoa. Hor tartean dagoena ez da mugimendu ideologiko konsziente bat ezta inertzia edo isolamendua ere, baizik eta komunitatearen barruko edo sakoneko ezaugarriak. Horiek normalean oharkabean baztertzen dira, ez dira ikertzen eta kanpoan gelditzen dira

euskararen heriotzaren ikerkuntza programa barruko lanak nahiko agortuta dagoela. Campiónek hasi zituen eta mende luzea daramagu horren inguruan. Nik uste dut bide hori kualitatiboki edo ekarpenen mailan nahiko agortuta dagoela datuak beti interesgarriak izan arren. Nik uste dut aldi berean, adibidez, erdaldunen edo erdal komunitatea edo gobernuaren euskararekiko portaerak interesagarriak izan daitezke ikertzeko baina horiek ere nahiko aztertuta daude eta ez diote gaiaren muinari heltzen. Gaiaren muina euskaldunak dira eta hor dago kontua

Euskaraz hitz egitea hilzorian dagoen zerbaitetaz aritzea dela, hizkuntza hau eskola gabeko baserritar pobreena dela eta izan dela betidanik edota euskara ez dela inoiz izan komunitate zabal baten hizkuntz propioa dira gaur egun ere bizi-bizirik dauden usteak gure erkide askorengan

euskarak iraun du azpian gizarte edo komunitate egituratu bat izan duelako; bertan euskalduna izatea balore bat zen, prestigioa zuen, eta, oro har, hizkuntz portaera euskalduna non erdara bigarren hizkuntza zen garatzen eta transmititzen zen. Isolamendua eta inertzia baztertu beharreko sasiazalpenak dira

Euskararen galera hizkuntz komunitatea puskatzen denean gertatzen da. Sendoa eta hauskorra zen aldi berean euskal hizkuntz komunitatea: sendotasuna euskara ama hizkuntza zutenen multzoaren indar edo bizitasunak ematen zion, hauskortasuna, aldiz, euskarazko kultur garapenik ez izateari zor zitzaion: kultur edukiak erdaraz hartu behar izaten zituzten halabeharrez eta, ondorioz, euskara osatuaren ereduarena egingo zuen, komunitatearen baloreak eta sinboloak irudikatuko zituen eta sistema osoari sustengua emango zion gune sinbolikorik gabe gelditzen zen

Gutxi dira lehen mailara eramaten ziren hizkuntz aldarrikapenak. Lehentasuna eman arren hizkuntza euskal izaeraren elementu bat gehiago bezala hartzen eta defendatzen zen. Baina ekintza publikoetan foruen berreskuratzearen helburua hizkuntza sustatzearenaren gainetik jartzen zen. Euskararen galera prozesua gelditzea helburu nagusia izanik, oro har esan daiteke euskararen aldeko ahaleginetan ez zutela bazterrean uzten gaztelania, onartuz eta are gehiago bultzatuz elebitasun egoera

ez zioten hizkuntzari bere berezitasuna aitortu eta bai foruzaleek bai nazionalistek asmo politikoen mende jarri zuten euskara, 1930eko hamarkadan Larrekok eta Angel Irigarayk sumatu zutenez. Bigarrena: ez zieten euskaldun osoei- gaitasuna, jarrera eta erabilera goren mailan zituzten lagunei lehentasuna eman mugimenduan, buruzagitza guneetan erdaldunak eta euskaldunak eta euskararekiko oso sentikortasun desberdinetako kideak nahasiz. Hirugarren arazoa Nafarroaren historikotasunaren argudioaren erabilpenean zegoen nire ustez. Alegia, Nafarroaren independentzia historikoa aldarrikatzeak indar handia zuen Madrilen aurrean abertzaletasunaren aldetik, baina, aldi berean, argudio hau euskararen aurka bihurtzen zen, nafar guztiek baitzekiten funtsean Nafarroako erresuma eta erdararen nagusitasuna sinonimoak zirela

Arturo Campionek hasitako euskararen berreskurapen mugimenduaren garrantzia aitortu egin zitzaion bere garaian eta egitan eman zuena baino gehiago emanen zuela espero zen. Ez zen gertatu erabileraren haunditzerik baina bai bideak zabaldu zizkiela urte batzu beranduago fruitua emanen zuten hainbat saiakerari

Orain berriki hiru lan interesgarrik ikusi dute argia Nafarroan. Bi doktoretza tesi, Zuri Urmenetarena gazteleraz eta Xabier Erizerena euskaraz, Nafar Gobernuak plazaratu dituenak, eta José María Jimeno Jurío historialari ezagunaren azken liburua Txalaparta argitaletxeak merkaturatu duena. Hirurek gai nagusitzat euskara hartzeaz gain badute beste ezaugarri bat komunean: datu eta ideia berri asko erakusten dute, Jimeno Juríok historian barna murgilduz eta Urmeneta eta Erizek XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran Nafarroan izaniko mugimendu euskaltzaleei dagokienean.

1.- José María Jimeno Jurío «Navarra. Historia del Euskara», Txalaparta argitaletxeak plazaratua Euskal Fundazioaren laguntzaz.

- J.M.Jimeno Juríoren hitzetan hau izan da lan honen helburua: «Saiatu naiz dibulgazio lan bat egiten, horregatik hasiera du 0 urtean eta gaur egun arte iristen da. Uste dut lortu egin dudala hitz lauez osatzea liburu bat jendeak tontakeriak aditzen dituenerako, adibidez Iruñean ez dela inoiz mintzatu izan euskara, esaten ahal dezala: Aizu, ez da horrela»

Artaxonako semea den historialari honek jaso zuen Bilbon urtarrilaren 25ean «Sabino Arana» saria. «Bizitza oso bateko ibilbideari» dagokion saria eman zioten euskal historiografiari egin dion ekarpena eta Nafarroan kultur ekimenen sustatatzaile egin duen lan oparoarengatik. Bestalde udaberrian hartuko du Eusko Ikaskuntzaren 98ko»Manuel Lekuona» saria «euskal kulturaren iraupena eta bultzada bere muin-muineko adierazpidean ulertzeko ezinbesteko erreferentzia delako»

Gaur egun bizirik dirauten hizkuntzen artean, euskararen ibilbidea iragan ilun ez idatzian galdu egiten dela dio Jose María Satrustegi ikertzaile eta euskaltzainak «Navarra. Historia del Euskara» liburuaren aitzin solasean.

Jakintzarik ezak bide eman die bai jakinmin zientifikoak bultzaturiko ikerlariei bai asmakeria bati baino gehiagori. Hau dela eta zalantza guztiz gabekotzat jotzen du Jimeno Jurioren lan honen garrantzia «Ahantzi sakonean altxaturik egon zitekeen azken informazio hondarretaraino ere heldu nahi izan baitu agiri iturrietan murgilduz».

Urteetan zehar hinkuntz egoeraren inguruan hainbat ikusmoldetik Nafarroan zer nolako deskribapenak egin izan diren ikusita, soilik euskararen presentziaren oso aldekoak diren liburuetara joaz atera liteke ondorio moduan hizkuntza hau, besteen gainetik, bertako erkidego etniko-politikoaren aintzineko eta berezko hizkuntza izan zela dio bere aldetik Jimeno Juriok liburuaren sarrerako atalean. Hortikan mota honetako lan sakona egiteko beharra: «plazaratutako lekukotasunak biltzea eta sailkatzea, haien edukian sakontzea, artxibo ezberdinetan arakatzea eta materiale ezezagunak eranstea beharrezkoa da».

- Zuri Urmeneta «Navarra ante el vascuence. Actitudes y actuaciones. (1876-1919). Zuri Urmenetaren hitzetan: «Nik uste dut nire lana dela euskararen kanpoko historiari eginiko ekarpena. Orain artean lan guztiak mugatu izan dira gaztelaniarekiko bere harremana ikertzera baina inoiz ez da ikusi izan zein izan den nafar bizilagunen jokamoldea euskararen aitzinean»

1876 urtea da Zuri Urmenetaren ikerketaren abiapuntua. Urte hartan gertatu zen euskal errejimen tradizonalaren gainbehera, hau da foruen derogazioa. Legeak foruak espreski deuseztatzen ez bazituen ere bai eskatzen ziela herrialde hauei parte hartzeko zerbitzu militarrean eta estatuaren gastuetan. Honekin batera 4. artikuluak bide ematen zion «Espainako nazioaren batasunaren alde» egin litekeen edozein aldaketari. Gertaera honek areagotu zuen ordurarteko politikamolde berdintzaile eta zentralistak hainbat gizarte esparrutan sortarazitako ongieza. «Honek eragin zuen bertako baloreen berresteko mugimendu bat, hizkuntzaren berreskuratzea haien helburu nagusietariko bat zelarik. Hizkuntza hartzen zuten euskal talde nortasunaren muinatzat, eta horretan dautza foruen berrezarpenerako aukera guztiak», Zuri Urmenetak dioen bezala. «Bazirudien euskarak ez zuela deus egitekorik gaztelaniaren aurka, baina Arturo Campionen idazkiek lortu zuten iratzartzea loak hartuta zegoen gutxiengo bat» Hau izan zen geroko Nafarroako Euskara Elkartearen hazia. Horrela sortuko da Iruñean jatorri ezberdinetako ekimenetan gauzatuko den sentimentu bat euskararen berreskurapenaren alde lan eginen zuena. Hauxe da Zuri Urmenetak bildu nahi izan duena bere tesi lan honetan. Horretarako lan itzela eta zehatza burutu du artxibategietan eta prentsa artikuluetan Filologia Hispanikoaren Doktoretza ekarri dion lan hau bukatu arte.

- Xabier Erize «Nafarroako Euskararen Historia Soziolinguistika. 1836-1936. Soziolinguistika Historikoa eta Hizkuntza Gutxituen Bizitza» Euskararen historiaz mintzo denean gehienetan euskararen desargerpenaz hitz egiten da Xabier Erizek azaltzen duenez. Berak, aldiz, bere tesi-lan honetan azpimarra egin du euskararen iraupenean eta gaur egun duen bizitasunean. «Euskararen historiatik nabarmenena ez da bere higadura edo galera, bere biziraupena eta garai berriei egokitzeko erakutsi duen ahalmena baizik, baita Nafarroan ere. Lanak, aldi berean, herri hizkuntzen bizitza historikoari buruzko gogoeta orokorragoa egiteko aukera ematen digu». «Euskara hizkuntza bizia da. Bizirik dago. Bere bizitasunaren arrazoiak bilatzea eta ematea da gakoa. Hor tartean dagoena ez da mugimendu ideologiko konsziente bat ezta inertzia edo isolamendua ere, baizik eta komunitatearen barruko edo sakoneko ezaugarriak. Horiek normalean oharkabean baztertzen dira, ez dira ikertzen eta kanpoan gelditzen dira. Nik uste dut hor dagoela gakoa eta uste dut bide hori emankorra suertatuzaidala».

Lan honetan Erizek ildoak markatu ditu ikerketa berrietarako: euskaldunak dira gaiaren muina: «Nik uste dut euskararen heriotzaren ikerkuntza programa barruko lanak nahiko agortuta dagoela. Campiónek hasi zituen eta mende luzea daramagu horren inguruan. Nik uste dut bide hori kualitatiboki edo ekarpenen mailan nahiko agortuta dagoela datuak beti interesgarriak izan arren. Nik uste dut aldi berean, adibidez, erdaldunen edo erdal komunitatea edo gobernuaren euskararekiko portaerak interesagarriak izan daitezke ikertzeko baina horiek ere nahiko aztertuta daude eta ez diote gaiaren muinari heltzen. Gaiaren muina euskaldunak dira eta hor dago kontua».

Era honetara irekitzen diren bide berriak asko dira: euskal hizkuntz komunitatea, euskararen eta komunitatearen bizitasuna, baloreak, mundu sinbolikoa, egitura hizkuntz portaera sistema, hizkuntzaren ikasketa, hautaketa, erabilpena, euskararen aldeko mugimenduak eta komunitatearen erreprodukzioa edo jarraipena, besteak beste. Hau Erizek zabaldutako bideari dagokionez, baina neurtezina da egiteko falta dena: «Asko dago ikertzeko eta landa ikerketak egiteko beharra ere handia da. Nik Uitzin egin nuen. Nik uste dut emaitzak neurri batean heda daitezkeela baina hori frogatu egin behar da eta, hortaz, holako ikerketa monografikoak egitea oso interesgarria litzateke».

Ideia nagusi honekin batera horrela laburbiltzen ditu Xabier Erizek lan hau egitean aurkitutako beste argibide zehatz berriak:

  • euskaldunen euskararekiko atxikimendu historikoaren lekukotasun eta frogak
  • irakurtzen eta idazten jakitea (erdaraz, azpiulertzen da) Nafarroan ere eskatu zitzaien herriko alkategai eta gainerako administrazio postuetarako hautagai guztiei: 1628ko Gorteak,
  • euskararen eta erdararen demografia historikoak: 1863 eta 1935 urteetako kopuruak
  • Bonaparte printzearen hamaika lankide nafar berrien izenak; gehi bederatzi lagun gehiagorenak, egiazko lankidetzat jotzeko zalantzagarriak direnak,
  • Irakaskuntzaren arloan: maisu-maistra espainol erdalduntzaileen etortze/ekartze jendetsuaren gezurtapena;
  • mugimendu euskaltzaleen ekimen zerrenda zabala, osatu samarra.

 

2.- Euskaraz hitz egitea hilzorian dagoen zerbaitetaz aritzea dela, hizkuntza hau eskola gabeko baserritar pobreena dela eta izan dela betidanik edota euskara ez dela inoiz izan komunitate zabal baten hizkuntz propioa dira gaur egun ere bizi-bizirik dauden usteak gure erkide askorengan.

Uste ustelak eta sinplifikatuegiak direla frogatzen dute etengabe argitara ateratzen ari diren datuek. Hiru ikerlan hauetan argibide berri aunitz aurkitzen dugu topikoak deseuztatzen dituztenak. Datu zehatzak eta baita ikusmolde orokorragoak ere dakarzkigute hiru lan hauek:

2. 1.- Xabier Erizek azpimarratzen duen bezala Nafarroan euskarari buruz hitz egitea iraganaz hitz egitea da, garai batean existitzen zen mintzaira baina desargetuz joan zena aldamenenko hizkuntza berri eta praktikoekin lehian aritzerik ez zuelako: «Hizkuntzaren galera edo atzerakada nabarmentzen da eta hori izaten da ikergai nagusia. Euskararen historia esan eta jendeak euskararen atzerakadaren historia ulertzen du automatikoki».

Galera egia eta begi bistakoa izanda ere, honen aurrean Erizek proposatzen du begiratzea ez hori baizik eta nola iritsi den gaur egunera arte egun duen bizkortasuna eta bizitasunarekin «beste hizkuntzen bultzadaren aurka».

Galeraren ideia da, zalantzarik gabe, hausnarketa eta ikerketa askoren oinarria edota abiapuntua. «Euskararen iraupena, aipatzen denean, harrigarria dela esan eta inertziaren edo isolamenduaren teorien bidez azaldu nahi ohi da; edo, bestela, euskaltzaleen lanengatik. Ondorioz, historiaren protagonistak ez dira euskaldunak , beste edozein baizik: gobernuak, euskararen aurkako erasoak, mugimendu euskaltzaleak, eta beste. Errealitatea, berriz, ezberdina da. Ordezkapenaren aldeko joerak ukaezinak badira ere, XIX. eta XX. mendeek hainbat eta hainbat herri hizkuntzaren garapena ekarri dute. Europan adibidez, 1809-1937ko epealdian hamaseitik berrogeita hamahirura igo zen hizkuntza osatuen edota osatze bidean zeudenen kopurua, euskara barne»

«Isolamendu geografikoa» da euskararen iraupenerako askok ikusten duen arrazoi nagusia, bakarra ez bada. Historiak, aldiz, aski ongi erakusten du nola Nafarroa kultur askoren arragoa izan den, nola lurralde honetan Santiagorako Europatik heldutako bi bide nagusiek bat egiten duten Gares herrian eta nola bortuak mendeetako pasabidea izan diren penintsula aldera. Jimeno Juríok azaltzen duenez ez gure herrialdeko geografia, ez ibar hertsietako populazioaren barreiaketa ez dira motibo nahikorik euskararen iraupena azaltzeko. Erromatarren garaian aintzinako Basconia gurutzatua izan zen norabide guztietan bide nagusiengatik goitik-behera eta ezker-eskuin, era honetara romanizazioa toki guztietara helaraziz. Mapari beha egitea aski da erdialdeko bailaren orografia ez dela horren itxia konprenitzeko: Iruñerria, Orba, Izarbe, Estellerria... edo herriak Uxue edo Artaxona, Jimeno Juríoren sorterria, non euskarak bizirik iraun baitzuen joan den mendera arte. Berak beste arrazoirik hobesten du: «Hizkuntza idatzia ez izana, populazioaren izaera itxia eta bere latinarekiko atxikimendu falta, solik nobleek, funtzionarioek eta beranduago elizak onarturik, pisuzko argudioak izan daitezke euskararen bizi iraupena explikatzeko».

Honi hizkuntza honen praktikotasuna gehitzen dio Xabier Erizek: «Oro har, gizarte-sistema batek, euskal hizkuntz komunitatea, kasu, belaunaldi batetik bestera jarraitzen badu bere kideek horrela nahi izan dutelako da, jakinik beste norabideren bat hartzeko aukera ere izan dutela gehienetan». Funtsa da, Erizeren ustez, hizkuntza hau guztiz erabilgarri eta nahikoa izan dela hizkuntz komunitate bateko hiztunen beharrak asetzeko. Harremanetarako bidea ematen zien aldi berean komunitate horretako partaide sentiaraziz:«Euskararen jarraipena euskal hizkuntz komunitatearen ugalketa edo erreprodukzio bezala uler dezakegu, gizarte unitate baten ugalketa bezala, alegia. Gizarte zientzietako teorikoek diotenez, gizarte egitura baten iraupena berau bultzatzen duten lan edo indar aktiboen emaitza da, ez inertziaren edo kasualitatearen emaitza. Gure kasuan zeregin nagusia familiak eta, oro har, lehen mailako sozilizazio agenteek betetzen zuten: herriko seme-alabei portaera-arauen eta baloreen multzoa edo habitusa irakasten zitzaien euskaldunak izaten jarraituko zutela bermatuz. Bi hitzetan laburbilduta, euskarak iraun du azpian gizarte edo komunitate egituratu bat izan duelako; bertan euskalduna izatea balore bat zen, prestigioa zuen, eta, oro har, hizkuntz portaera euskalduna non erdara bigarren hizkuntza zen garatzen eta transmititzen zen. Isolamendua eta inertzia baztertu beharreko sasiazalpenak dira nire ustez».

2.2.-Hameka aldiz aipatu izan da bertako goi-klaseen erdalzaletasuna, euskaldunen utzikeria euskararen galeraren zergatiak azaltzerakoan, gizarte maila xumekoen hizkuntza, nekazarien mintzaira izan delako uste zabaldua honen arrazoia izaki. Honen aitzinean Jimeno Juriok bildutako agiri askok erakusten dute nola Nafarroan eta Ertaroan denak, bertako goi noblezia barne, euskaraz mintzo ziren, are gehiago: baita errege erreginak ere, Teobaldotarrak izan ezik haiek kanpotarrak baitziren. Erabilpen publikotarako nagusi ziren hizkuntz ofizialez gain euskara ere oso erabilia zen goi mailakoen artean haien harreman pertsonaletan. Hau horrela izan da Jimeno Juríoren ustez XVIII. mendearen bigarren erdira arte non estatu zentralistaren grina bateratzailea hizkuntzaz baliatu baitzen esparru nazional berriaren oinarriak ezartzeko.

Erizeren iritziz Nafarroan mendeetako hizkuntz desoreka estrukturala izan da: hizkuntz desoreka erdararen aldeko desoreka izan delako Nafarroan aspaldidanik eta estrukturala Nafarroan oso sustraitua dagoelako. «Nafarroan gizarte edo egituraketa politiko sozial jakin bat da bere baitan bi hizkuntza dituena: erdara eta euskara, gehi Erdi Aroan hemen biltzen ziren guztiak. Hala ere nahiz eta bere baitan bi hinkuntza izan historikoki erdal komunitatetik pentsatua eta eratua izan da Nafarroa nire ustez, eta linguistikoki gazteleraren zerbitzura. Orduan erdararen zerbitzura antolatutako gizarte honek erdarari bere garapen sozilinguistiko osoa bermatzen zion eta euskarari berriz bide gehienak itxi egiten zizkion. Ikertu dudan garaian argi eta garbi ikusi dut hori, baina aldi berean susmo duzu iraupen luzeko gertaera baten aurrean ez ote zauden. Halako ikerketak egin ditut Ertaroan eta han bilatu behar dira erroak».

Bi hizkuntz komunitate bizi izan dira hemen mendeetan zehar eta beti bizkar emanda. Euskal hizkuntz komunitatearen hauskortasunean eta euskararen atzerakadan egiten du azpimarra Xabier Erizek. Uitzi herrian egin du landa ikerketa gaur egun bizirik eta neurri batean bizkor dagoen hizkuntz komunitatearen ezaugarriak eta jokamoldeak aztertzeko. Han aurkitutakoaren bidetik ulertzen da gertaturiko prozesua euskararen ordezkapena gauzatu den tokietan: «Euskararen galera hizkuntz komunitatea puskatzen denean gertatzen da. Sendoa eta hauskorra zen aldi berean euskal hizkuntz komunitatea: sendotasuna euskara ama hizkuntza zutenen multzoaren indar edo bizitasunak ematen zion, hauskortasuna, aldiz, euskarazko kultur garapenik ez izateari zor zitzaion: kultur edukiak erdaraz hartu behar izaten zituzten halabeharrez eta, ondorioz, euskara osatuaren ereduarena egingo zuen, komunitatearen baloreak eta sinboloak irudikatuko zituen eta sistema osoari sustengua emango zion gune sinbolikorik gabe gelditzen zen» Honekin batera etengabe jasan behar izaten zuen erdal komunitatearen izugarrizko eragina. Erizek Uitziko adibidea jartzen du: presio ideologikoa, ezarpena, isekak, zigorrak, beldurra, erdal gizartearen pisu orokorra eta abar. «Horrela ulergarria da hainbat tokitan jendeak konfidantza galdu, euskararen baloreei muzin egin, erreferentzi mundu kontzeptualtzat erdararena hartu eta gaztelaniaren aldeko apostua egin izana» Hizkuntzaliri anitzek frogatu dutenez balore edo erreferentzia aldaketa hori gertatzen denean belaunaldi gutxiren kontua da hizkuntza bat betirako desagertzea.

2. 3.- Euskararen mugak: Erdararen aldeko desoreka estruktural horren ondorioetako bat da euskararen muga geografikoak zehazteko zailtasuna eta hortikan sortzen diren topiko eta funtsarik gabeko iritziak. Jimeno Juríok bere lan honetan salatzen duen bezala bada nolabaiteko joera adierazpen orokoregiak egitera. Horrela batzuek esana dute Nafarroako Erriberan ez dela inoiz mintzatu izan euskara, adibide moduan. Beste ikerlanen harira historialari honek zehazten duenez euskararen esparrua oso zabala izatera iritsi zen: Piriniotan barna Lleidaraino, urteetako bidebazterretan leku-izen asko pasaeran utziz, Corominasek berresten duen bezla. Bestalde norbaitentzat eginak izanen ziren Burgoseko Cogollako San Millanen komentuko glosak ere Jimeno Juriok aipatzen duen bezala. «Ebro arroilaren lurraldeetan hainbeste kultura ezberdin iragan izateak zaildu egiten du Erdi Aroaren aurreko hinkuntz mugak. Hala ere onartezina da Iruñearen iparraldera kokatzea, non ez baitzen hirigunerik, eta Iruñea hegoaldeko eremu ez euskalduneko hiri aurrelaritzat jotzea».

Bestalde Jimeno Juríok gogorarazi digu nola populazioaren leku aldaketak ugariak izan dira orain berriki arte «Gaur egun gure pentsamoldetik ikusten dugu afera eta seguru aski ez garela ohartzen zer nolako garratzia izan zuen Sakana, Burunda, Iparraldeko, hau da Euskaldunen lurraldetako populazioaren mugimenduak, Nik ez dut esaten Erriberako jende guztiak euskaraz hitz egiten zuenik baina nik uste osotara eginak egonen zirela euskara aditzera». Latinaren zabalkunde mugagabea zalantzan jartzen du. Latina baizik ez da agertzen idazkietan eta uste izatekoa da ere erabilpen administratiboaz gain goi mailako jendeak ere erabiliko zuela haiek hartutako izen latinoak agirietan azaltzen baitira, baina hortikan ezin da ondorio moduan atera jende xehea bara-barra latinez aritzen zenik.

Gure arora itzuliz Xabier Erizek datu ekarpen garrantzitsua eskeintzen digu bere tesi-lan honetan: 1863an Nafarroan baziren 90.000 euskaldun eta 1936an 61.000. «Nere ustez nahiko fidagarriak dira datu hauek, halere nik neuk egin behar izan ditut kalkulo horiek, horregatik esan dut kopuru hori gutxi gora-beherakoak direla. Erroldak, Bonaparteren mapak eta Irigarayk bildutako gerra aurreko zenbakiez baliatu naiz. Gero koefizienteak eta herriz herriko kontaketa egin ondoren ikusi dut Arturo Campionek emanikoekin bat datozela» (85.000 inguru zioen berak bere garaian).

3.- Instituzio eta erdal komunitatearen jokaera XIX. eta XX mendearen hasieran. Ideia bat nagusitzen da argi eta garbi Xabier Erizek azaltzen duen moduan: erdal munduaren kezken artean ez zegoen euskara, hizkuntza ofizial bakarra de facto erdara baitzen. Eztabaidak sortzen zirenean gaztelaniari lehentasunezko tokia bermatzea izaten zen ardura nagusia. «Egia da zentralismoaren aurkako klabeetan irakur daitezkeela Nafarroako Diputazioak Estatuarekin izan zituen hainbat tirabira (Foruak, maisu-maistren izendapena, Gamazada...) baina bi aldeak erdaldunak izanik, eztabaida haietan ere euskara bere hartan uzten zuten»

Erdaldunen ikuskera honen iturriak edo arrazoiak ugari izan daitezke baina Erizek hauek nabarmentzen ditu: «XIX. mendeko joera orokorrak, Frantziako iraultzaren hizkuntz politikaren eredua, Nafarroako erresumaren hizkuntz tradizioa eta muin-muinean dagoena: erromatarren eta indoeuroparren gizarte- hierarkizazioaren eta hedakortasunaren ideologia».

Erdal Komunitateko kideek barne muineraino sartua duten pentsakera hau isaldatzeko bai Jimeno Juríok bai Erizek adibide hau erabiltzen dute: Nafarroako historiografian ohorezko tokia duen José Yanguas y Mirandak bere «Diccionario de antigüedades del Reino de Navarra»n esanikoa dugu hauxe: «VASCUENCE. Existen palabras de este idioma notables por su prodigiosa extensión y dificultad de pronunciarlas. Por ejemplo Azpilcuetagaraycosaroyarenberecolarrea, en castellano: Campo bajo del sel alto de Azpilicueta». Erizek balorapen hau egin du honetaz: «Pasarte bitxi hau erdal mentalitatearen erakusle garbi garbia da, eta oso eraginkorra. Ez da harritzekoa erdaldunek beren zeregina euskaldunak euskararen kaosetik gaztelaniaren kosmos eta gardentasunera eramatea zela uste izatea».

Kosmosera eramate hau ez zen beti izaten mesedetzat hartuta izaten erdaldunen partetik, askotan pertsonaren hizkuntz eskubideak zapalduz inposatu ere egin izan baita hizkuntza ofizialaren erabilpena. Eskolan ezarritako zigorrak, pairatutako isekak, indarkeri fisikoa, mezpretxua...hizkiz moldaturik inon erakusten ez ziren presiobideak. Erizek agirietako lerro tartean irakurtzen ere jakin behar dela adierazten du: «Irakurtzen badira, adibidez, prentsa artikuluak edota Diputazioaren adierazpenak ikusten da euskaldungoari esaten ari zaiola bere hizkuntza maite behar duela, baina hemen bada paradoxa bat idatziz emanak dauden hitzak eta benetako jokamoldeeen artean, Ez zen egokia esatea euskara ez zitzaizula axola eta idaztea batez ere oso gaizki ikusita zegoen».

Egoera honen aurrean batzuen aburuz debeku zuzenik ez baldin bazegoen galeraren arrazoia euskaldunen bere hizkuntzarekiko atxikimendu falta izanen zen ezinbestez. Jimeno Juríoren hitzetan hau ez da izan maitasun faltaren kontua, faktore giza-politikoen aldaketarena baizik: «Carlos IIIgarrenak Ilustrazio garaian, batez ere 1758tik aurrera, Espainako Inperio osoan gaztelania inposatzeko hartzen dituen erabakietatik sortuko da euskara basatien hizkuntza delako ustea. dira uste txar askoren iturburuak. Sinestarazi egiten diote jendeari gaztelania askoz ere hobea dela»

Erizerek gehitzen duen bezala nahiko nabaria gelditu da euskaldunon haien ama hizkuntzarekiko atxikimendua: «Euskaldunontzako prestijio faltarena ez dut sinesten: 2000 urte baino gehiago bizi izan baita laborategi moduko presioak jasaten. Era natural batez edo ideolojiak bultzaturik euskaldunok beti maite izan dute haien hizkuntza».

Hizkuntzaren atzerakada bultzatu duten eragileak aipatzerakoan ere topikoetara eta orokorrean hitz egitera jotzen da maiz. Horrela behin baino gehiagotan aditu izan dugu Gobernu Zentralak debekatu egin zuela euskaraz mintzatzea. Zuri Urmeneta ez dator bat ideia honekin berak ikertutako denboraldian 1876tik 1919ra bitartean, aurkitutakoak erakutsi bezala: «Hizkuntzaren aurkako agiririk ez dut behin ere ikusi ez artxibategietan ez komunikabideetan. Bai hezkuntza alorrean 1857an sinatutako legeak erregioetako hizkuntzen aurka jotzen zuela baina gobernadore zibilen zirkularren bat kenduta ez dut besterik aurkitu»

«Nafarroako erakunde politiko-administratiboei doakienean euskararen katedren eraketa Eskola Arruntean, Institutoan eta Iruñeko Apaiztegi Kontziliarrean 1922an izan zen lorpenik haudiena Nafarroako Diputazioaren euskera mantentzeko saiakeran, hamarka urte batzuk kosta bazitzion ere». Honen frogatzat Zuri Urmenetak aipatzen ditu 1897an hautagaientzako zabaldutako lehiaketa aurkeztutakoen prestakuntza faltagatik, oposaketako epaimahaiak eman gabe utzi bazuen ere. Era berean hainbat urtetan aurrekontutan katedra hauetarako diru partida bat bideratu izan zen eta Lertxundi aitak emaniko klaseak ere ez dira ahantzain utzi behar (1910-1911) Zuri Urmenetak ohartarazten duen bezala. Diputaziaok ere diruz laguntzen ditu euskal elkarte, arreta ematen dio euskarari hainbat literatur lehiaketari eta esku hartzen du Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorreran. Iruñeko Udalean literatur lehiaketak eta hainbat lan eta euskal talderi emaniko dirulagintzaz gain ez da aurkitu aztertutako agirietan beste inolako ekimenik. Beste udaletan oso gutxi dira euskararen aldeko zerbait egiten zutenak haiek deitutako lanpostuetarako euskararen ezagutza eskatuz, adibidez. Oso ekimen partikular gutxa dago eta gehienak hezkuntza alorrera mugatuak. Prentsaren alorrean hizkuntzaren defentsa zen nafar periodikoen jokamolde orokorra, politika aferek sorturiko ezadostaunak izan ezik. Elizaren aldetik euskara doktrina zabaltzeko bide egokitzat eta euskaldunen ohitura onak eta tradizioak babesgarritzat jotzen zen. Bestalde ukaezina da apez batzuen euskararekiko atxikimendua, doktrina zabaltzeaz gain euskara bera ere zabaltzen saiatzen zirelarik.

 

4.- Pizkundea

 

Nafarroako Asociación Euskara (1877-1897) euskararen errekuperazioaren mugimenduan lehena izan zen Nafarroan, Zuri Urmenetak bere tesi-lanean jakitera eman duen bezala. Beste eginkizunen artean azpimarratzekoa da Euskara aldizkariaren argitalpena, nahiz eta idazle nafarren euskarazko artikuluak oso eskasak diren. Elkarte honek ere bultzatu zuen euskal jaien ospakizunak Hego Euskal Herrian eta bere ekimenari esker ere egin zituen lehen literatur sariketak Iruñeko Udalak. Baina orokorrean esan daiteke gaur egun eusk. alorrean lantzen dien ia gai guztiak beraiek ere landu zituztela: eskariak. Urte batzutan zinegotziak izan zituzten Iruñeko Udalean eta haiek ere euskararen aldeko lanak bultzatzen zituzten: literatur sariketak, etab.

Erizeren hitzetan «Elkarte kulturala zen, nafar eta euskal kultura lantzeko asmoa zuena. Mota askotako jendea biltzen zen denak kultur arlokoak baina politikoki oso ezberdinak ziren. Euskarari garrantzi haundia ematen zioten eta dena Nafarroatik pentsatuta. Euskararen aldeko eta euskal kulturaren aldeko planteamendu oso interesgarria eta oso sakona. Hori guretzako oso interesgarria da». Alde batetik aldizkaria dago, Nafarroako euskaltzaleen ekarpenen artean hauek nabarmendu ditu Erizek:

  • - euskal tradizioa eta nazioarte mailako herri hizkuntzen aldeko mugimendu eta ideologiak uztartuz, 1876an Herder eta Tocqueville jadanik irakurrita zituen Arturo Campionek, euskararen aldeko ideologia modernoa ezartzea
  • - euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna lotzen zituen eta Nafarroatik pentsatuta zegoen sistema ideologiko berria adieraztea,
  • - mugimendu euskaltzaleen egitasmoa eta bideak finkatzea,
  • - euskalaritzari alor guztietan eman zioten bultzada eta erabili zituzten irizpideak «Hurrengo belaunaldiek programa edo egitasmoa egina aurkitu zuten eta, gehienbat, bide horretatik segituko zuten. Historiografian, ordea, sarritan Campión ondorengoen aurrikari hutsa izan balitz bezala aztertzen zaigu».

Zuri Urmenetak azaltzen duenez ez da posible ondorio garbietara iristea Euskara elkartea ez baitzen talde homogeneoa. Hor ikusten dira hainbat jokamolade: goi mailako ikasketak eginak zituztenak eta ahalegin handiak egiten zituztenak bertako hizkuntzaren alde, hau gune murritza zen. Bigarren multzoa, zabalagoa, euskararen alde zegoena Nafarroako ezaugarri bat delako. Hauek indiferenteak ez baziren ere, ez ziren ekimen zehatzik gauzatzera iristen. Bazen hirugarren talde bat guztiz ardurarik hartzen ez duena. Hirugarren honetan sartuko ziren haien ama hizkuntza bazterrean uzten zutenak edota etxean erabiltzera mugatzen diren euskaldunak, normalean baserri girotakoak, gaztelania ezagutzeak ekar liezaiekeen hobekuntza sozioekonomikoa ikusita.

 

Zuri Urmenetak horrela zehazten du hizkuntzari ematen zioten garrantzia: «Gutxi dira lehen mailara eramaten ziren hizkuntz aldarrikapenak. Lehentasuna eman arren hizkuntza euskal izaeraren elementu bat gehiago bezala hartzen eta defendatzen zen. Baina ekintza publikoetan foruen berreskuratzearen helburua hizkuntza sustatzearenaren gainetik jartzen zen. Euskararen galera prozesua gelditzea helburu nagusia izanik, oro har esan daiteke euskararen aldeko ahaleginetan ez zutela bazterrean uzten gaztelania, onartuz eta are gehiago bultzatuz elebitasun egoera».

Zergatik erreka jo zuen elkarteak azaltzerakoan hiru arrazoi nagusi aipatzen ditu Xabier Erizek: «Planteamendu arazoak ere aurki daitezke: Hiru bereziki. Aurrena, ez zioten hizkuntzari bere berezitasuna aitortu eta bai foruzaleek bai nazionalistek asmo politikoen mende jarri zuten euskara, 1930eko hamarkadan Larrekok eta Angel Irigarayk sumatu zutenez. Bigarrena: ez zieten euskaldun osoei- gaitasuna, jarrera eta erabilera goren mailan zituzten lagunei lehentasuna eman mugimenduan, buruzagitza guneetan erdaldunak eta euskaldunak eta euskararekiko oso sentikortasun desberdinetako kideak nahasiz. Hirugarren arazoa Nafarroaren historikotasunaren argudioaren erabilpenean zegoen nire ustez. Alegia, Nafarroaren independentzia historikoa aldarrikatzeak indar handia zuen Madrilen aurrean abertzaletasunaren aldetik, baina, aldi berean, argudio hau euskararen aurka bihurtzen zen, nafar guztiek baitzekiten funtsean Nafarroako erresuma eta erdararen nagusitasuna sinonimoak zirela».

Hiru ikerlari hauek bat datoz Arturo Campiónen lehen deskribapena egitean: euskaldunberria, abokatua, kultura handiko gizona arras bizkorra eta oso eraginkorra izan zen. Bere nortasunean alderdi ezberdinak biltzen zituen: politikoa, humanista eta euskaltzalea, besteak beste. Euskararen inguruan aunitz aldiz saiatu zen elkarteak antolatzen eta ekimenak aurrera eramaten. Hizkuntzari buruzko eginiko lan zientifikoak ere ez ziren gutxi izan: Lehenengo Euskal Gramatika Modernoa, fonetika, Nafarroaren historia, euskeraren historia, toponimia, dialektologia, euskararen batasuna, estandarizazioa, literatuaren bultzada, klasikoen garrantzia landu eta bultzatu zituen. «Oso bizitza luze eta emankorra izan zuen eta zaila da bi hitzetan laburbiltzen egin zuena. Oso eraginkorra, kalitate eta prestakuntza handikoa» Erizek labur dioen bezala.

 

Zuri Urmenetak «Arturo Campionek hasitako euskararen berreskurapen mugimenduaren garrantzia aitortu egin zitzaion bere garaian eta egitan eman zuena baino gehiago emanen zuela espero zen. Ez zen gertatu erabileraren haunditzerik baina bai bideak zabaldu zizkiela urte batzu beranduago fruitua emanen zuten hainbat saiakerari».

Campionen gaurkotasuna alor askotan antzeman daiteke. Bere garaian batere zabalduta ez zeuden proposamenak (euskararen batasuna, klasikoen garrantzia, euskara herritarrarena, kasu) berak atera zituen ilunpetik zubi-lana eginez mende batzuk lehenago zenbait idazle klasikok hasitako bidearekin.

Gaur egun Campionen teoriak ikusiko bagenitu periodikoetan guztiz normaltzat emanen genituzke. Bere garaian, aldiz, guztiz eztabaidatuak izan ziren. Konparaziobidean jartzen ditu Erizek Campión eta Sabino Aranaren teoriak: Arturo Campionen, Sabino Arananaren eta karlisten arteko erkaketa eginez, aldeak nabarmenak dira: Sabino Aranaren kasuan, ideologia orokorra alde batera utzita, Campionekin eztabaidatu zituen gai linguistiko gehienetan arraza/hizkuntza, euskararen arazoak... , egungo ikuspegitik askoz gaurkotasun handiagoa du Campionek Aranak baino. Hizkuntz irizpideeei dagokienaz, euskararen batasunaren alde agertu ziren nafarrak eta garbizaletasunaren auzian, aranazaleen aurrean klasikoen tradizioa eta euskara herritarra uztartzea bultzatu zuten, Iparraldeko Euskalduna aldizkariaren eredua gogoan edukita».

BAT aldizkaria: 
26. 1998ko martxoa. Euskararen egoera NAfarroan ikertzail...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Nafarroa
Egilea(k): 
Reyes Ilintxeta
Urtea: 
1997