Soziolinguistika historikoa eta hizkuntza gutxituen bizitza: Nafarroako euskararen historiaren ezaugarriak (1863-1936)

Euskararen eta herri hizkuntzen historiografian ere ikerkuntza-programa edo paradigma moduko bat egon da indarrean hamarkada askotan zehar. Programa hau atzerakadaren ideiaren inguruan eratu zen eta ikerketa gehienak arazo hori azaltzera bideratu ditu orain arte. Gure artean finkatu zuena Arturo Campion izan zen eta ederki adierazita dago bere Gramática-n (1884), lan bakarra aipatzeagatik. Egiazko arazoei erantzuten zien programa horrek sortu zenean, eta horregatik ulertzen da izan duen erakargarritasuna. Ondorengo hainbat eta hainbat ikertzailek egin dutena Campionek zabaldutako bidetik segitzea izan da, jakinaren gainean nahiz oharkabean. Paradigma horri euskararen edo herri hizkuntzen "heriotzaren paradigma" deitzen diot nik

Oro har, azterketa hizkuntz komunitateen terminoetan egiten dut: euskal eta erdal hizkuntz komunitateak. Oso-oso argigarria da ikuspegi hau. Aldiz, hizkuntzaren historia egiteko besterik gabe nafarrez hitz egiteak, nafar euskaldunak eta nafar erdaldunak bereizi gabe, ez garamatza oso urrutira, hizkuntzarekiko portaeran guztiz bestelakoa baita euskalduna edo erdalduna izatea

Hizkuntz komunitatea gizarte-unitate bat da, izaera soziala du, eta horrela aztertu dut bere bilakaera. Ikuspegi hau ez da oso zabaldua egon orain arte, baina babes sendoa du hizkuntzalaritzako eta soziologiako tradizioan

Hasieran, 1860ko hamarkadan, euskaldunak 90.000 inguru ziren, %30, baina %68 euskararen barrutian. Amaieran, berriz, 1930eko hamarkadan, euskaldunak 60.000 inguru ziren, %17, baina %69 euskal barrutian. Beraz, aztertutako epearen bukaeran 30.000 gutxiago ziren Nafarroako euskaldunak, baina kopuru ederra egiten segitzen zuten eta hasieran baino askoz eraginkorragoak ziren, beherago ikusiko dugunez

Euskarak Nafarroan iraun badu, Uitzi bezalako herri askotako bizilagunek euren hizkuntzari eutsi diotelako izan da, bertako sistema etnolinguistikoak biziraun eta egoera berriei egokitzeko bizitasuna izan duelako, beste hitzetan esanda, eta euskararen historiaren erdigunea den gertaera hau da, hain zuzen ere, Uitziko lanaz azaldu nahi izan dudana

Balorea kolektibitate batek eredutzat hartzen duen izateko era bat baldin bada (Rocher 1990), hizkuntzari dagokionez, uitziarren baloreen erdian euskalduna izatea zegoen. Ados zeuden uitziarrak herriko bizimoduarekin, eta baita euskarak bertan betetzen zuen tokiarekin ere. Ez zeuden XIX-XX. mendeetako gizarte-berrikuntzetatik kanpo, baina beren erantzuna beharrizan berriei egokitzea izan zen, ez hizkuntza aldatzea. Bat zetozen uitziarren izana eta izan nahia. Hau da, euren pertenentziako taldea eta erreferentziako taldea bera ziren: talde euskalduna, eta horrela ulertzen da euskararekin zuten lotura sakona, euren buruaren onarpenak euskararena ere zekarrelako berarekin

Nafarroak, Nafarroa izeneko gizarteak, euskara baztertzen zuen bitartean, erdarari bere garapen soziolinguistiko osoa bermatzen zion, eta bere integrazio-baldintza erdaraz jakitea izan da historian zehar. Beren burua nafartzat jotzen zutenek, eta badirudi Nafarroaren ideiak onarpen maila handia erdietsi duela aspalditik, oso barneratuta izango zuten erdaraz jakin beharra edo, bederen, erdaraz jakiteak ez ziela kalterik egingo, beraiei edo beren ondorengoei. Euskararentzat Nafarroa «tranpa» historiko bat izan dela esan liteke, nonbait

Oso gogoko eta argigarria gertatu zait erdaldunek besteekiko harremanak nola ikusten zituzten aztertzea. Oinarrizko ideia hau da: aztergaia erdaldunen besteekiko jokamoldea dugu, ez euren buruarekikoa, eta bertan asimetria zen nagusi, ez baitzuten inolaz ere gauza bera egiten beren buruarekin eta arrotz eta gutxiagotzat jotzen zituzten euskaldunekin. Nagusitasun konplexuarekin jokatzen zuten

Diskurtsoen atalean erdal hizkuntz komunitateak euskarari buruzadierazi zituen mentalitatea eta ideologiak landu ditut. Diskurtsoek eraginkortasun soziala bilatzen dute, jendeari errealitatea modu jakin batean ikustaraztea, alegia. Gure kasuan, diskurtsoen zeregina nafar guztiei, euskaldunei zein erdaldunei, euskararen egoera erdaldunen modura ikustaraztea zela esango nuke

Erdal munduaren kezken artean ez zegoen euskara, gauzak ongi lotuta baitzituzten eta hizkuntza ofizial bakarra de facto gaztelania baitzen (Gonzalez Olle 1978). Euskara espresuki baztertuta zuten erabilera ofizialetik. Guztiz ziur eta eroso sentitzen ziren egoera hartan eta arduratzeko motiborik ez zuten. Hizkuntz arazoa agertzen zen uneetan, ordea, erdaldunen kezka eurenari eutsi eta gaztelaniaren nagusitasuna bermatzea izaten zen, lanpostuak parrokiak, epaitegietako lekukotasunen hartzaileak... jokoan zeudenean edo II. Errepublikako eztabaidetan bezala

Erdaldunen diskurtsoen azterketan bi maila bereizi ditut: mentalitate edo estereotipo orokorrak, alde batetik, eta ideologia edo iritzi arrazoituak, bestetik. Mailarik sakonena eta eraginkorrena mentalitatearen maila da, errotuena delako eta maiz ideologikoki ere oinarria ematen ziolako. Erdaldunen hizkuntz mentalitatea argitu nahian hainbat iturri erabili dut, denak Nafarroan sortuak.

Estereotipoz josita zegoen erdal mentalitatea eta ondokoak ziren bere osagai nagusiak. Gaztelaniari buruz nazio-hizkuntza (Nafarroakoa zein Espainiakoa), ofiziala, modernoa, idatzia, latindar jatorrikoa, Nafarroako errege-erreginek erabilia, bertako edo jatorrizko hizkuntza, eta abar zela esaten zuten. Funtsean, erdaldunen sakoneko ustea Nafarroako gizartea beraiekin berdintzen zela zen, beraiek omen ziren Nafarroaren erdugune edo zilbor Mircea Eliaderen (1981) zentzu hertsian sozial, geografiko eta denborazkoa

Euskarari eta euskaldunei buruz, ordea, hau esaten zuten: menditarren hizkuntza zela, eta, bide batez, gogoratu soldadu tradizionalista erdaldunek bordel bertsolariari «montañesak girela/oro traidoriak» (Zavala 1992: 52) aurpegiratu ziotela; euskaldunak kanpotarrak zirela; iraganeko hizkuntza eta zaharren hizkuntza zela, edo eskolatu gabeko haurrena; ezjakintasunaren emaitza; desagertzen ari zela; sekula ez dela nazio-hizkuntza izan; bitxi eta aldrebesa; zorigaitz handia; euskaraz kapritxoz, ohituraz edo borondate txarrez hitz egiten zutela, eta abar

Nafarroara itzuliz, erdarazko irakaskuntzaren garapena ere nafarrek, Nafarroako udalek eta Diputazioak, kudeatu dute ia beti. Hezkuntzaren hiz-kuntz ereduan bi faktore dira nagusi: ikasketa planak eta irakasleak. Ikasketa planak beti erdarazkoak izan dira Nafarroan eta Moyano Legearekin (1857) Estatuaren esku hartzea areagotu zenean, eskutik hartuta joan ziren Nafarroa eta Espainiako Estatua. Irakasleei dagokienez, maisu-maistra gehienak, ez guztiak, nafarrak ziren, udalek izendatzen zituzten, 1887-1914 tartean izan ezik baina orduan ere izendapena egiteko oso bide arautua zegoen, eta, herriz herri jaso ditudan argibideen arabera, esan ohi den maisu-maistra espainol erdalduntzaileen etorrera jendetsua mito bat da

Planteamendu-arazoetan hiru nabarmenduko nituzke nik. Aurrena, ez zioten hizkuntzari bere berezitasuna aitortu eta bai foruzaleek bai nazionalistek asmo politikoen menpe jarri zuten euskara, 1930eko hamarkadan Larrekok eta Angel Irigarayk somatu zutenez. Bigarrena, ez zieten euskaldun osoei gaitasuna, jarrera eta erabilera goren mailan zituzten laguneilehentasuna eman mugimenduan eta, ondorioz, ardura guneetan erdaldunak eta euskaldunak eta euskararekiko oso sentikortasun desberdinetako kideak nahasten ziren. Hirugarren arazoa nafarroaren historikotasunaren argudioaren erabilpenean zegoen nire ustez. Hots, Nafarroaren independentzia historikoa aldarrikatzeak indar handia ematen zion abertzaletasun politikoari Madrilen aurrean, baina, aldi berean, argudio hau ohartu gabe euskararen aurka bihurtzen zen, nafarrek funtsean Nafarroako erresuma eta erdararen nagusitasuna parekoak zirela somatzen baitzuten

Euskararen biziraupenaren gakoa bere hiztunen barrenean, familian, lagunartean, herrian eta lurralde euskaldunetako eguneroko bizimoduan zuen indarrean eta euskaldunek, ohartuki nahiz oharkabean, erakusten zioten atxikimenduan egon da; euskararen belaunaldiz belaunaldiko jarraipenean lehentasunezko zeregina izan dute lehen mailako sozializazio agenteek. Halaber, ahalmen berezia izan du euskal komunitateak XIX-XX. mendeetako gizarte-aldaketei egokitu eta, modernitateari uko egin gabe, bere izaerari eusteko. Hau da, euskararen indarra jarraipen naturalean egon da, A ibilbidean, eta bere ahultasuna eskola bidezko jarraipenean, B ibilbidean, moztuta zuelako

Egun posible da euskararen ikasketa naturalari eutsi, bigarren mailako ibilbidea gehitu eta lehenengo urratsak ezagutu ditugun euskaltzaleei zor zaizkie eta jatorrizko euskara garapen landuarekin osatuz kalitate handiko belaunaldi berriak prestatzea. Euskararen etorkizun kualitatiboa talde hauetan dago neurri handi batean

Euskararen heriotzaren ikerkuntza-programa euskararen geografia historikoa, atzerakadaren arazoak, Nafarroako erakundeen erantzunkizun historikoak... eta horren inguruko galderak eta eztabaidak oso interesgarria izan zen bere momentuan, baina egun nahiko agorturik dago, mende luze batez egon da indarrean eta bere fruiturik hobereneak emanak ditu dagoeneko. Kontua ez da mota horretako gaien garrantzia ukatzea, baina berritasuna eta emankortasuna beste galdera batzuetan ikusten ditut gaur egun

BIBLIOGRAFIA

Sarrera

Artikuluaren muina 1997ko ekainaren 2an EHUko Euskal Filologia sailean Soziolinguistika Historikoa eta Hizkuntza Gutxituen Bizitza: Nafarroako Euskararen Historia Soziolinguistikoa (1863-1936) izenburuko tesiaren defentsa-ekitaldian egin nuen aurkezpena da. Orduko hitzaldiari aldaketa batzuk egin dizkiot han-hemenka, berez irakur eta uler daitekeen idazlana osatzeko asmoz. Dena dela, hemen agertzen diren arrazoi eta argudiobideak osorik ezagutzeko, ikus Erize (1997)

Artikulu honen izenburuaren barruan hiru ideia daude: (1) Nafarroako euskararen historia, gaur egungo gizartearen ezaugarriak finkatzen ari ziren aldi luze batean, Bonaparte printzearen garaitik Espainiako Gerra Zibila arte; (2) esparru zientifikoa soziolinguistika dela, hizkuntzalaritzaren barruan; eta (3) hizkuntza gutxituen bizitza historikoaren ideia, ez heriotzarena, orain arte nagusi izan den bezala.

Hau da, Nafarroako gaiekin batera kanpoko egoerak eta gai teoriko eta metodologiko orokorrak ere izan ditut gogoan, baina ez azterketa abstraktuak egiteko: gai bakoitza bere barne mekanismoetan ulertzea bilatu dut eta, horretarako, ezinbestekoa da gertaerak ahalik eta zehazkien ezagutzea. Topiko eta orokorkeria asko eta asko zuzendu behar izan ditut.

Esparru geografikoari dagokionez, Nafarroa Garaira mugatu naiz gehienbat.

Bi hitz, bestalde, ikerketaren gaia hautatzera mugitu ninduten arrazoiez. Ikertzaile batek bere lanari ekiterakoan munduaren nahiz bere buruaren ezagutzan aurreratzeko asmoa duela esan daiteke. Hauxe izan da nire kasua ere. Euskalduna eta nafarra naiz eta errealitate horretan sakontzen saiatu naiz: euskara Nafarroan. Gogo handiz egindako lana izan da.

Gaiaren zabaltasunari alderdi askotariko azterketa eginez eta bide berriak ibiliz erantzun nahi izan diot eta, aldi berean, hautaketa honek dituen arrisku intelekualak onartuz.

Lan zientifiko bati aurreko lanen azterketatik abiatzea, gauzak azaltzeko gaitasuna, sinpletasuna eta konplexutasuna uztartzea, errealitatearekiko egokitasuna eta eztabaida kritikoak jasateko ahalmena eskatu behar zaio. Espero dut nireak baldintza horiek bete izana.

Alde teoriko-metodologikoak

Garrantzi handia eman diet ikerketan zehar alderdi teoriko-metodologikoei eta oraingoan ere toki nabarmena hartu dute.

Bi kontzeptu: soziolinguistika eta hizkuntz komunitatea

Hau soziolinguistikako lan bat da eta bertan zeregin berezia betetzen du hizkuntz komunitatearen ideiak. Bi kontzeptuak oso eztabaidatuak izan direnez, komeni da zein esanahitan erabiltzen ditudan argitzea.

Soziolinguistika hitza bere adierarik zabalenean hartzen dut: hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremanak aztertzen dituen hizkuntzalaritzaren zatia (Trudgill 1992, Romaine 1994, Coulmas [arg.] 1997, adibidez).

Hizkuntz komunitatea Leonard Bloomfield hizkuntzalari klasikoaren jatorrizko adieran erabiltzen dut: «A group of people who use the same system of speech-signals is a speech-community» (1973 [1933]: 29). Eta Bloomfield«the speech-community, therefore, is the most important kind of social group» (ibid.:42) Lluis V. Aracil (1986), Sanchez Carrion (1987), Ralph Fasold (1992) edo Max Weber-ekin (1993) batera berezko izaera duen gizarte-unitatetzat jotzen dut(1). Urteetan zehar ñabardura ugari gehitu zaizkio hizkuntz komunitatearen ideiari horietako asko Bloomfieldek berak adierazita zituen hasieratik, baina azkeneko urteetan maiz mintzatzen ari da hizkuntz komunitateaz zentzu zabal beretsuan (adibidez, Bourdieu 1985 edo Kachru 1994).

Gaiari buruzko ikerketen egungo egoera

Euskararen historiari ekiterakoan behar-beharrezkoa gertatu zait aurreko lanen azterketa kritikoa. Zergatik?: Soziolinguistika historikoa finkatu gabeko eta ia garatu gabeko alorra delako(2); soziolinguistika orokorra bera ere oso heterogeneoa delako; eta hirugarrenik, orain arteko molde nagusiek ez nindutelako asetzen.

Zientzien filosofian paradigma edoikerkuntza-programa, zientzia «normala» eta paradigma aldaketa bezalako kontzeptuak erabiltzen dira, besteak beste (ikus, adibidez, Popper 1992 edo Kuhn 1995). Paradigmak, gutxi gora behera, onarpen orokorreko teoriak, arazoak eta irtenbide-ereduak dira. Zientzia «normala» egitea paradigma horietan mugitzea da. Zientzia normalaren ezaugarri bat ikertzaileen gogoa bere paradigmako arazoetara mugatu eta bertan agertzen ez diren arazoak ikustezin bihur-tzea da.

Euskararen eta herri hizkuntzen historiografian ere ikerkuntza-programa edo paradigma moduko bat egon da indarrean hamarkada askotan zehar. Programa hau atzerakadaren ideiaren inguruan eratu zen eta ikerketa gehienak arazo hori azaltzera bideratu ditu orain arte. Gure artean finkatu zuena Arturo Campion izan zen eta ederki adierazita dago bere Gramática-n (1884), lan bakarra aipatzeagatik. Egiazko arazoei erantzuten zien programa horrek sortu zenean, eta horregatik ulertzen da izan duen erakargarritasuna. Ondorengo hainbat eta hainbat ikertzailek egin dutena Campionek zabaldutako bidetik segitzea izan da, jakinaren gainean nahiz oharkabean. Paradigma horri euskararen edo herri hizkuntzen "heriotzaren paradigma" deitzen diot nik.

Euskararen historiografia programa horren moldeetan garatu da gehienbat, gai honetan oharkabean gelditu den Mitxelenaren (1985, 1987 a eta b, 1988 a, b eta c) salbuespenarekin, eta horrela laburbil daitezke bere ezaugarriak:

  • Hizkuntzaren galera edo atzerakada nabarmentzen da eta hori izaten da ikergai nagusia. Euskararen historia esan eta jendeak eta baita hainbat ikertzailek ere euskararen atzerakadaren historia ulertzen du automatikoki.
  • Bilakaeraren azalpenak ideia hauen artean kokatu ohi dira: baldintza sozio-politiko orokorrak; euskararen aurkako erasoak (gobernuak, eta abar); Euskal Herriko goi-klaseen erdaltzaletasuna; euskaldunen utzikeria; eta mugimendu euskaltzaleen ahaleginak.
  • Euskararen iraupena, aipatzen denean, harrigarria dela esan eta inertziaren edo isolamenduaren teorien bidez azaldu ohi da; edo, bestela, euskaltzaleen lanengatik.
  • Ondorioz, historiaren protagonistak ez dira euskaldunak, beste edozein bat baizik, hartzen den ikuspegiaren arabera: gobernuak, euskararen aurkako erasoak, mugimendu euskaltzaleak, mugimendu abertzaleak, eta abar.

Herri hizkuntzen historiari buruzko lan orokorrek ere antzeko abiapuntuak izaten dituzte ikusi besterik ez da egin behar ordezkapena edo heriotza bezalako gaiei nazioarteko soziolinguistikan egiten zaien tokia, doinu kritikoaz nahiz kritikarik egin gabe eta, halaber, beren hiztunei euren hizkuntzan kontzientziarik gabe begetatzen diren objektu pasiboak balira bezala begiratu zaie maiz.

Azkeneko ideia hau argitzeko Rafael Ninyoles soziolinguista on eta ezagunaren zatitxo bat jaso daiteke. Kontua ez da Ninyolesi kritika merkea egitea, baizik eta soziolinguisten artean oraindik ere oso hedatuta dagoen ikuspegia nabarmentzea. Hiztun xehen hizkuntzjarrerez horrela dio:

(...) esta identificación natural, «vegetal» diríamos, con la propia lengua no suele sobrepasar formas de lealtad tan débil que, cuando se transforman los modos tradicionales de vida, la lealtad lingüística desaparece. Heinz Kloss designa este tipo de adhesión a la propia lengua como «lealtad tribal»(...);(Ninyoles 1975:85)

Beraz, estereotipo honen arabera, hizkuntza gutxituen bizitza historikoa landareen modukoa, «begetala», ahula edo tribala izan omen da, eta, jakina, ez du ikertzaileen arretarik merezi izan, Ernest Gellneren hitz hauek ere erakusten dutenez: «Antiguamente no tenía sentido preguntarse si los campesinos amaban su cultura: era una cosa que estaba ahí, como el aire que respiraban, y ninguno de ellos tenía conciencia de ella» (Gellner 1988: 86-7)3. Hau da, hizkuntza hauen historiaren gunea izan dena, beren hiztunen eguneroko bizimodua, alegia, ikustezin bihurtzen dute ikertzaile askok, ez gaiak berez garrantzirik ez duelako, paradigmatik kanpo gelditzen zaielako baizik.

Gainera, errealitateak beste aurpegi bat ere erakusten digu. Ordezkapenaren aldeko joerak ukaezinak badira ere, XIX. eta XX. mendeek hainbat eta hainbat herri hizkuntzaren garapena ekarri dute. Europan, esate baterako, 1809-1937 epealdian hamaseitik berrogeita hamahirura igo zen hizkuntza osatuen edota osatze bidean zeudenen kopurua, euskara barne (Deutsch 1977).

Ikerketaren arazo intelektuala

Azaldu dudan paradigmaren aurrean, lanaren arazo intelektual nagusia ikuspuntua finkatzea izan da: ohiko moldeak gainditu, ikustezina zena ikergai bilakatu eta euskararen historiaren subjektu edo protagonistatzat euskal hiztunak hartzea, euskal hizkuntz komunitatea; euskararen historia euskaratik bertatik egitea, alegia.

Horri lotuta euskararen bizitza historikoa ikertzea dugu. Euskararen historiaren ezaugarri nagusiak, hain zuzen ere, bere jarraipena eta garai berriei egokitzeko izan duen ahalmenak dira.

Oro har, azterketa hizkuntz komunitateen terminoetan egiten dut: euskal eta erdal hizkuntz komunitateak. Oso-oso argigarria da ikuspegi hau. Aldiz, hizkuntzaren historia egiteko besterik gabe nafarrez hitz egiteak, nafar euskaldunak eta nafar erdaldunak bereizi gabe, ez garamatza oso urrutira, hizkuntzarekiko portaeran guztiz bestelakoa baita euskalduna edo erdalduna izatea. Planteamendu honek, bestalde, babesa du tradizio soziolinguistikoan: «El uso característico de las lenguas en diversas funciones debería ser descrito preferentemente con respecto a la comunidad (...) en general» (Weinreich 1974:189).

Hizkuntz komunitatea hizkuntzatik sortutako kategoria da eta Nafarroa, berriz, kategoria politikoa. Ez dira gauza bera eta kategoria politikoa, Nafarroa, nagusitzen zaigunean distortsioak sortzen dira hizkuntz bilakabideen azalpenean. Klabe politikoetan edo gizarte-klaseen terminoetan egindako galderek nafarrak euskararen aurrean, klase sozialak eta hiz-kuntza, nazionalismoa eta hizkuntza, identitate politikoa eta hizkuntza, karlistak/liberalak eta euskara, gobernuak eta hizkuntza, etab., esaterako, hizkuntzaren arazoaren azala edo periferia aztertzen dute, ez muina, eta hor euskara adjektiboa da, nonbait, ez sustantiboa, gai horiek beren esparruan duten munta ukatu gabe.

Hala ere, arazo intelektual berria adierazi izanak ez du orain arteko galderak baztertu behar ditugunik esan nahi, ezta heriotzari buruzkoak ere. Alderantziz, ikuspegi aberasgarriago batean kokatzen ditu.

Hizkuntz komunitatearen azterketa gizarte-unitate bezala

Hizkuntz komunitatea gizarte-unitate bat da, izaera soziala du, eta horrela aztertu dut bere bilakaera. Ikuspegi hau ez da oso zabaldua egon orain arte, baina babes sendoa du hizkuntzalaritzako eta soziologiako tradizioan, arestian ikusi bezala. Honako eredu hau osatu dut bere bilakabide historikoa aztertzeko eta ikerketak eskaintzen dizkigun argibide eta datuak sailkatzeko.

Hizkuntz komunitatearen azterketarako eredua

  1. . maila: aparatu sinbolikoa eta baloreak
  2. . maila: hizkuntz komunitatearen egitura
  3. . maila: hizkuntz portaeraren sistema
    • hizkuntzaren ezagutza, edo hizkuntz gaitasuna
    • hizkuntzarekiko jarrerak
    • hizkuntzaren hautaketa
    • erabilera
    • hizkuntzaren egoera aldatzeko ekintzak
  4. . maila: hizkuntz komunitatearen ugalketa edo erreprodukzioa

 

Eredu edo patroi honek zenbait berezitasun ditu:

  • hizkuntzen bilakaeraren alderdi guztiak jasotzen ditu,
  • toki garbia egiten dio hiztunen hautamendaren ideiari: pertsonen portaeraz ari gara eta ez dut determinismoan sinisten,
  • hizkuntz komunitate batek bestean erdal komunitateak euskal komunitatean, adibidez izaten duen eragina ere ereduko gai edo mailen arabera aztertzen da.

Metodologia

Arazo intelektual berriak berrikuntza metodologikoa eskatu dit. Nik neuk moldatu behar izan dut, eta bere ezaugarri nagusiak hiru dira: (1) soziolinguistikaren ekarpenak bilakaera diakronikoaren azterketara egokitzea, (2) disziplinartekotasuna, auzo-zientzietara maiz joaz, eta (3) beste hizkuntzekiko lan konparatiboa egitea.

Erronka nagusia euskal hizkuntz komunitatearen iraganeko ezaugarriak ezagutu eta sakonki azaltzeko bide egokiak erabiltzea da. Nahitaez euskaldun xeheen multzo zabalera jo beharra dugu, oso egiteko zaila izan arren, Eric J. Hobsbawm historialariak eta beste hainbatek aitortu dutenez: "Esa visión desde abajo, es decir, la nación tal como la ven, no los gobiernos y los portavoces y activistas de movimientos nacionalistas (o no nacionalistas), sino las personas normales y corrientes (...), es dificilísima de descubrir" (1991:19). "Nazioa" dioen tokian "hizkuntza" irakurriz gero, gure kasua genuke.

Erronka honek metodologia berria eskatzen du, esan bezala. Alegia, euskaldunen historia egin nahi dugu, baina eskura dauden lekukotasunak erdal gizarte eta erakundeek utzi dituzte batik bat, edo elite euskaltzaleek, eta, iturriek baldintzatuta, ikerketa gehienak bide horretatik eraman ohi dira, erraztasunaren trukean prezio handia ordainduz: euskararen historiaren muinari heldu beharrean azalean gelditzea.

Xehetasunetan sartu gabe, euskaldunen portaerak ulertzeko giltza Uitzi herriko landa-ikerketa izan da. Bertan ahozko historia, teknika soziologiko kualitatiboak, artxibo lana eta iturri idatziak elkartu dira.

Horrez gain, gai bakoitzak bere teknika eta iturriak izan ditu: herri literatura, Bonaparteren eta bere laguntzaileen eskuizkribuak, garaiko prentsa eta aldizkariak, diskurtsoen azterketa, artxiboak, azterketa demografiko kualitatiboak, eta abar.

Teorien ebaluazioa

Hizkuntzaren historia egiterakoan, ekarpenik emankorrenak Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx" (1987 eta 1992), Joshua Fishman (1964, 1988, 1989, 1991 eta 1994) eta Ralph Fasolden (1992 eta 1993) teorietan aurkitu ditut. Sanchez Carrionek azentua hizkuntz komunitatearen egituraketan eta hizkuntzaren iraupen eta ordezkatze bilakabideen ikuspegi bateratuaren eta muga etnolinguistikoen ideiak eskaintzen ditu. Fasolden kasuan nabarmenak dira metodologia alorreko ekarpenak.

Arreta ordezkapenean jartzen duten teoriak, ordea, Louis Jean Calvet (1981 eta 1987), Aracil (1982, 1984 eta 1986) eta hainbat katalan, Euskal Herriko ohiko moldeak... gehi mundu zabaleko lan gehienen abiapuntu inplizitoak aldebakarrekoak dira eta motz gelditzen zaizkit, beren esparruan oso baliotsuak izan arren.

Auzo disziplinetan lagungarrienak historia alorreko mentalitateen historiaren korrontea eta soziologia alorreko Guy Rocher (1990) eta Pierre Bourdieu (1970, 1972 eta 1985) autoreen kontzeptu eta ikuspegiak gertatu zaiz-kit. Hemengo bilakaerarako argigarrienak Jose Maria Lacarra (1957, 1963, 1975, 1982 eta 1983), Julio Caro Baroja (1971-2, 1978, 1980, 1985 eta 1995) eta Koldo Mitxelena (ikus arestian emandako erreferentziak) izan dira, gehi Jose Maria Jimeno Juriok argitaratutako hainbat eta hainbat artikulu (denen sintesirako ikus 1997).

Euskararen demografia eta geografia

Orduko erroldeetatik eta Bonaparteren (1863) eta Angel Irigarayren (1974) mapetatik abiatuta, Nafarroako euskal hizkuntz komunitatearen neurriak kalkulatu ahal izan ditut.

Hasieran, 1860ko hamarkadan, euskaldunak 90.000 inguru ziren, %30, baina %68 euskararen barrutian. Amaieran, berriz, 1930eko hamarkadan, euskaldunak 60.000 inguru ziren, %17, baina %69 euskal barrutian. Beraz, aztertutako epearen bukaeran 30.000 gutxiago ziren Nafarroako euskaldunak, baina kopuru ederra egiten segitzen zuten eta hasieran baino askoz eraginkorragoak ziren, beherago ikusiko dugunez.

Euskararen bizitza (eta ordezkapena)

Nafarroako euskal hizkuntz komunitatearen bizitza historikoaren azterketan zeregin berezia bete du Uitziko landa-ikerketak.

Uitzi herri euskalduna izan da beti. Larraun ibarrean dago, Iruñetik 40 bat kilometrotara, Lekunberri eta Leitza lotzen dituen errepidean.

Euskarak Nafarroan iraun badu, Uitzi bezalako herri askotako bizilagunek euren hizkuntzari eutsi diotelako izan da, bertako sistema etnolinguistikoak biziraun eta egoera berriei egokitzeko bizitasuna izan duelako, beste hitzetan esanda, eta euskararen historiaren erdigunea den gertaera hau da, hain zuzen ere, Uitziko lanaz azaldu nahi izan dudana.

Halaber, tesiaren oinarrian dauden hainbat kontzeptu teorikok muga etnolinguistikoak, hizkuntz komunitatearen izaera egituratua, habitus-a, hizkuntz iraupen eta ordezkapenaren azterketarako ikuspegi antropolinguistikoa zein euskararen antza duten beste hizkuntzen bilakabide historikoaren azterketak bide horretatik jotzen eskatu didate.

Ezagutu nahi nuena, behetik gora adierazita, hau zen: Uitziko bizilagunen hizkuntz portaerak, hauek antolatzen zituen arau-sistema eta, hirugarrenik, beraien bidez adierazten ziren kultur eta hizkuntz baloreak, uitziarrek hizkuntzaren erabileraren bidez adierazten zituzten komunitate-partaidetza sentimenduak, alegia.

Uitziko ikerketak, bada, euskal hizkuntz komunitatearen belaunaldiz belaunaldiko jarraipenaren arrazoi, baldintza eta ahultasunak lantzen ditu eta, alde horretatik, euskararen iraupena azaltzeko eman izan diren hainbat arrazoiren froga-harria dugu, eta baita hautatu ditudan erreferentzia teorikoena ere.

Bestalde, iraupena edo bizitza ulertuta, heriotza ere uler dezakegu, eta beherago hitz egingo dut horretaz.

Uitzi garaian garaiko bizimoduan txertatuta egon den herria da. 1847. urtean eskola, posta zerbitzua, gurdi bidezko komunikazioa eta ongi finkaturiko merkataritza harremanak zituen jadanik. Hogeita hamar urte beranduago ederki hornitutako eskolak altxatu ziren Uitzin eta 1880.ean Karidadeko Alaben moja erdaldunek komentua eta neskatoentzako eskola zabaldu zituzten. 1910eko hamarkadan errepidea, burdinbidea eta argi-indarra zituen Uitzik.

Alfabetatzeari dagokionez, Uitzi Nafarroako eta Hego Euskal Herri osoko tasen pare-parean zebilen XX. mende hasierako hamarkadetan, eta Nafarroako Erriberakoak eta Espainia osokoak aise gainditzen zituen.

Ikerketaren emaitzen azterketa bi urratsetan egiten dut. Aurrena, datu edo lekukotasunik esanguratsuenen laburpena; ondoren, lekukotasunen interpretazioa, erreferentziatzat hartu ditudan teorien argitara: Uitziko euskal hizkuntz komunitatearen sistema.

Lekukotasun esanguratsuen laburpena

Honako zertzeladez osatzen dute uitziarrek Gerra aurreko hamarkadei buruzko irudia: orduko bizitza ona zen, gogorra, baina jendea pozik bizi zen eta goserik ez zuten pasatzen. Ez dute, hala ere, iragana idealizatzen, eta horrela diote: «ordun baino hobekiago bizi gituk, e! Bai, difeentzia earrakin». Bizilagunen behar gehienak asetzeko gauza zen Uitzi: jana, dendak, lana, sexuen arteko harremanak, mutikoentzako eta neskentzako eskolak, erlijio bizitza, osasun zainketak, jaiak eta aisialdia, tabernak, kultura orokorra, gizarte-antolakuntzako hainbat erakunde eta portaera, eta abar. Aldi berean, Uitzi ez da herri itxia izan, lotura estuak zituen inguruko herriekin eta, oro har, ongi komunikaturik zegoen eta kanpoko gauzen berri jakiten zuen. Herriko bizitza ia osoa euskaraz egiten zen eta atxikimendu garbia erakusten zioten uitziarrek euskarari, berezko atxikimendua, beraien hitzek ere erakusten dutenez: «hemen euskarari beti eutsi zioten jendeek». Euskaraz kulturizaturiko lagunik, ordea AB euskaldunik, Txepetxen terminologian, ez zegoen, apaizak izan ezik, eta hauek ere ozta-ozta: gehiago A(B) ziren. Orduko mugimendu euskaltzaleek ez zuten ia oihartzunik herrian. Gaztelania aspaldidanik zegoen txertatua Uitziko bizimoduan eskola, mojen etxea, familiaren bat, azokak, bidaiak, Nafarroako bizitza ofiziala... eta, aldi berean, erdara zela-eta, eskolan eta soldaduzkan batez ere, gorriak pasatu behar izaten zituzten uitziarrek. Izugarrizko presioa egiten zien gaztelaniak eta, ondorioz, bere beharra ere aitortzen zuten, baina beti bigarren hizkuntza bezala. Orixeri dagokionez, denek zekiten haren berri, baina Uitziko euskararen bilakaeran ez zuen aparteko eraginik izan.

Ikerketak, halaber, herriko bizimodua hezurmamitzen zuten hainbat ohitura, gizarte erakunde eta horrelakoren berri eman zuen eta horietako asko guztiz argigarriak suertatzen zaizkigu uitziarren hizkuntz portaerak eta euskararen iraupena ulertzerakoan. Horien artean batzarrea, auzolana, artazuriketa, feriak edo azokak eta ezkontzen errejimena ditugu.

Lekukotasunen interpretazioa: uitziko euskal hizkuntz komunitatearen sistema

Hizkuntz komunitatearen sisteman lau maila bereizten ditut: baloreak, hizkuntz portaera, gizarte-egitura eta komunitatearen ugalketa, jakina denez.

Balorea kolektibitate batek eredutzat hartzen duen izateko era bat baldin bada (Rocher 1990), hizkuntzari dagokionez, uitziarren baloreen erdian euskalduna izatea zegoen. Ados zeuden uitziarrak herriko bizimoduarekin, eta baita euskarak bertan betetzen zuen tokiarekin ere. Ez zeuden XIX-XX. mendeetako gizarte-berrikuntzetatik kanpo, baina beren erantzuna beharrizan berriei egokitzea izan zen, ez hizkuntza aldatzea. Bat zetozen uitziarren izana eta izan nahia. Hau da, euren pertenentziako taldea eta erreferentziako taldea bera ziren: talde euskalduna, eta horrela ulertzen da euskararekin zuten lotura sakona, euren buruaren onarpenak euskararena ere zekarrelako berarekin.

Uitziko euskal hizkuntz komunitatearen portaera sistema aztertu dut: euskararen ikasketa, gaitasun maila, euskararekiko jarrerak, hizkuntzaren hautaketa, euskararen erabilera eta euskararen egoera aldatzera zuzenduriko ekintzak, edo ekintzarik eza. Datu batzuk emanak daude jadanik eta, oraingoan, garatu gabe uzten dut.

Egiturari dagokionez, rol edo talde soziolinguistikoen ikuspuntutik aztertuta, sendoa eta hauskorra zen aldi berean Uitziko hizkuntz komunitatea. Sendotasuna euskara ama hizkuntza zutenen multzoaren indar edo bizitasunak ematen zion, goiko faktoreez gain, jakina.

Hauskortasuna, ordea, euskarazko kultur garapenik ez izateari zor zitzaion: kultur edukiak erdaraz hartu behar izaten zituzten halabeharrez, eta ondorioz, euskararen osatuaren ereduarena egingo zuen, komunitatearen balore eta sinboloak irudikatuko zituen eta sistema osoari sustengua emango zion AB+BA gune sinbolikorik gabe gelditzen zen. Gainera, aldamenean eta berarekiko lehian erakarpen indar handiko erdal hizkuntz komunitatea zuen.

Azkenik, euskararen jarraipena euskal hizkuntz komunitatearen ugalketa edo erreprodukzio bezala uler dezakegu, gizarte-unitate baten ugalketa bezala, alegia. Gizarte-zientzietako teorikoek diotenez (Bourdieu eta Passeron 1970, Burke 1987 edo Morin 1993, adibidez), gizarte-egitura baten iraupena berau bultzatzen duten lan edo indar aktiboen emaitza da, ez inertziaren edo kasualitatearen emaitza. Uitziko kasuan zeregin nagusia familiako lan pedagogikoak eta, oro har, lehen mailako sozializazio agenteenak betetzen zuen: gurasoek goian azaldutako portaera-arauen eta baloreen multzoa edo habitusa irakasten zieten beren seme-alabei eta ez zituzten hizkuntza aldatzera bideratzen.

Bi hitzetan laburbilduta, euskarak iraun du azpian gizarte edo komunitate egituratu bat izan duelako; bertan euskalduna izatea balore bat zen, prestigioa zuen, eta, oro har, hizkuntz portaera euskalduna non erdara bigarren hizkuntza zen garatzen eta transmititzen zen. Isolamendua eta inertzia baztertu beharreko sasiazalpenak dira nire ustez.

"Hizkuntz harremanen sarearen" (Milroy 1989) kontzeptuaren arabera egindako azterketak ere ondorio berara eraman nau.

Euskal hizkuntz komunitatearen hauskortasuna eta euskararen atzerakada

Euskararen ordezkapena, gertatu den tokietan, Uitzin aurkitutakoaren bidetik ulertzen dut. Euskararen galera hizkuntz komunitatea puskatzen denean gertatzen da. Esan bezala, sendoa eta hauskorra zen aldi berean euskal hizkuntz komunitatea eta erdal komunitatearen izugarrizko eragina jasaten zuen etengabe. Horrela, ulergarria da hainbat tokitan jendeak konfiantza galdu, euskararen baloreei muzin egin, erreferentzi mundu kontzeptualatzat erdararena hartu eta gaztelaniaren aldeko apostua egin izana. Erdigunean, hortaz, pertsonen edo giza-taldeen portaerak eta erabakiak aurkitzen ditugu, maiz eredu kolektibo iraunkorren modura egituratuta. Unerik erabakigarriena erdara hiztunen nahiz komunitatearen lehen hizkuntza bihurtzen denean da.

Euskararen atzerakadaren azalpenaren ardatza hor kokatzen dut, beraz, eta ardatz horren inguruan antola daitezke erdalduntze bilakaeran eragina izan duten faktore guztiak, historiografiak eta nik neuk ere hainbeste aztertu dituenak.

Nafarroako hizkuntz desoreka estrukturala

Nafarroako hizkuntz tradizioa aztergai zail, korapilatsu eta irristakorra izaten da askotan. Baina, aldi berean, XIX-XX. mendeetako bilakaera ulertu nahi baldin badugu, ezinbestekoa zaigu iritzi bat egitea tradizio horri buruz. Hona hemen nirea.

Nafarroan bi mundu geografiko-kultural desberdin izan dira historian zehar (erromatarren garaietatik, behintzat): euskal mundua eta erdal mundua, gehi bien arteko ukipen-eremu zabal eta aldakorra. Hala ere, Nafarroa erdal komunitatetik eta linguistikoki bere zerbitzura iruditutako eta eratutako estatu edo egitura politiko-soziala da. Mendeetan zehar iraun duen gertaera honi Nafarroako hizkuntz desoreka estrukturala deitzen diot. Euskararen bazterketaren sustraiak Nafarroako hizkuntz desoreka estrukturalean bilatu behar ditugu nagusiki.

Joera hori Nafarroako erresumak finkatu zuen. Oso hierarkizazio garbia ezarri zuten jadanik erdararen eta euskararen artean. Erdarari, erromantzeari, euren hizkuntzari, alegia, Nafarroako hizkuntza deitzen zioten lengoage de Navarra (1329ko Gorteak), euskarari rustico vocabulo, vocabulum sortitum edo lingua navarrorum deitzen zioten bitartean, non euskara, rustico, sortitum eta navarri sinonimoak baitziren.
Gero Nafarroaren konkista eta ondorengo gorabehera politikoak etorri ziren: erregeordetza, Foruen aldakuntza, Espainiako Estatu modernoaren garapena, gerra karlistak, eta abar. Baina hizkuntzaridagokionez, hautu nagusiak orduko eginak zeuden, nire iritziz.

Nafarroak, Nafarroa izeneko gizarteak, euskara baztertzen zuen bitartean, erdarari bere garapen soziolinguistiko osoa bermatzen zion, eta bere integrazio-baldintza erdaraz jakitea izan da historian zehar. Beren burua nafartzat jotzen zutenek, eta badirudi Nafarroaren ideiak onarpen maila handia erdietsi duela aspalditik, oso barneratuta izango zuten erdaraz jakin beharra edo, bederen, erdaraz jakiteak ez ziela kalterik egingo, beraiei edo beren ondorengoei. Euskararentzat Nafarroa «tranpa» historiko bat izan dela esan liteke, nonbait.

Aldi berean, arazoa uste den baino sakonagoa dela ikusten dugu: euskararen bilakaera baldintzatu duena, nagusi sentitu dena, ez da klase bat edo erakunde bat izan, erdal mundua bere osotasunean baizik, Nafarroako erdal mundutik hasita. Ulertu behar duguna ez da politika jakin bat, erdal komunitatearen mentalitate eta jokamolde orokorra baizik.

Erdal hizkuntz komunitatea euskararen aurrean

Erdal hizkuntz komunitatea osorik hartzen dut, nabarmenena bere sakoneko lotura linguistikoa baita: nafar erdaldun guztien multzoa; Nafarroako eliteak nahiz erakunde nagusiak Diputazioa, irakaskuntza, alderdi politikoak...; eta, azkenik, Nafarroan eragina izan duten kanpoko beste hainbat lagun edota erakunde: Estatu espainola eta bere administrazioa, Armada, Espainiako eta nazioarteko elite eta intelektualak, eta abar.

Hau da, normalean zatika aztertzen diren gaiak nik batera hartu ditut: erdal munduaren adierazle bezala. Gauzak ulertzerakoan, berria eta onuragarria iruditzen zait ikuspegi orokor hau.

Lau atal aztertu ditut:

  • nola ikusten zituen erdal munduak besteekiko harremanak
  • erdal munduaren kezkak
  • euskarari buruzko diskurtsoa
  • irakaskuntza sistema eta euskara

Oso gogoko eta argigarria gertatu zait erdaldunek besteekiko harremanak nola ikusten zituzten aztertzea. Oinarrizko ideia hau da: aztergaia erdaldunen besteekiko jokamoldea dugu, ez euren buruarekikoa, eta bertan asimetria zen nagusi, ez baitzuten inolaz ere gauza bera egiten beren buruarekin eta arrotz eta gutxiagotzat jotzen zituzten euskaldunekin. Nagusitasun konplexuarekin jokatzen zuten.

3) Mota honetako baieztapenen, edo aurriritzien, aztarnak nonahi aurkitzen dira. Iturburuetako bat Hans Kohn klasikoa da: «Las masas apenas se daban cuenta, antes de la época del nacionalismo, de que se hablaba un mismo idioma en un gran territorio. De hecho no era siempre un mismo idioma, sino varios dialectos, uno al lado del otro (...)» (1984 [1944] : 19).

Euskal Herrian, behintzat, jendea ohartu egiten zen bere hizkuntzaz euskaldunak/erdaldunak, kanpoan ere badago lekukotasun franko, eta, oro har, askoz egokiagoak iruditzen zaizkit Roman Jakobson-en hitz hauek: «Los hablantes comparan las lenguas. Al decir de los antropólogos, uno de los caracteres más significativos de la comunicación entre los hombres es que no hay un pueblo, por primitivo que sea, que no pueda decir: "Aquella gente tiene una lengua distinta (...)"» (1985:35)

Hori azaltzeko iturrietara jo dut: XIX. mendeko joera orokorrak, Frantziako Iraultzaren hizkuntz politikaren eredua, Nafarroako erresumaren hizkuntz tradizioa eta, muin-muinean, erromatarren eta indoeuroparren gizarte-hierarkizazioaren eta hedakortasunaren ideologia (Duzemil 1977, 1981 eta 1982).

Diskurtsoen atalean erdal hizkuntz komunitateak euskarari buruzadierazi zituen mentalitatea eta ideologiak landu ditut. Diskurtsoek eraginkortasun soziala bilatzen dute, jendeari errealitatea modu jakin batean ikustaraztea, alegia. Gure kasuan, diskurtsoen zeregina nafar guztiei, euskaldunei zein erdaldunei, euskararen egoera erdaldunen modura ikustaraztea zela esango nuke.

Erdal munduaren kezken artean ez zegoen euskara, gauzak ongi lotuta baitzituzten eta hizkuntza ofizial bakarra de facto gaztelania baitzen (Gonzalez Olle 1978). Euskara espresuki baztertuta zuten erabilera ofizialetik. Guztiz ziur eta eroso sentitzen ziren egoera hartan eta arduratzeko motiborik ez zuten. Hizkuntz arazoa agertzen zen uneetan, ordea, erdaldunen kezka eurenari eutsi eta gaztelaniaren nagusitasuna bermatzea izaten zen, lanpostuak parrokiak, epaitegietako lekukotasunen hartzaileak... jokoan zeudenean edo II. Errepublikako eztabaidetan bezala.

Kezkak beste nonbait zituzten: XIX. mendeko Nafarroako historiek agertzen dituzten arazo orokorretan,eta haietan ez zioten euskarari toki handirik uzten, ezta Nafarroak eta Estatuak zentralismoaren arazoak Foruak, Gamazada, maisu-maistren izendapena, e.a. eztabaidatzen zituztenean ere, bi aldeek hizkuntza berean mintzatzen baitziren: gaztelaniaz. Oro har, nire iritziz, nafar eliteek Espainiako nazioan txertatuta ikusten zuten beren burua, gutxiengo foruzalea edo nazionalista izan ezik.

Erdaldunen diskurtsoen azterketan bi maila bereizi ditut: mentalitate edo estereotipo orokorrak, alde batetik, eta ideologia edo iritzi arrazoituak, bestetik. Mailarik sakonena eta eraginkorrena mentalitatearen maila da, errotuena delako eta maiz ideologikoki ere oinarria ematen ziolako. Erdaldunen hizkuntz mentalitatea argitu nahian hainbat iturri erabili dut, denak Nafarroan sortuak.

Estereotipoz josita zegoen erdal mentalitatea eta ondokoak ziren bere osagai nagusiak. Gaztelaniari buruz nazio-hizkuntza (Nafarroakoa zein Espainiakoa), ofiziala, modernoa, idatzia, latindar jatorrikoa, Nafarroako errege-erreginek erabilia, bertako edo jatorrizko hizkuntza, eta abar zela esaten zuten. Funtsean, erdaldunen sakoneko ustea Nafarroako gizartea beraiekin berdintzen zela zen, beraiek omen ziren Nafarroaren erdugune edo zilbor Mircea Eliaderen (1981) zentzu hertsian sozial, geografiko eta denborazkoa.

Euskarari eta euskaldunei buruz, ordea, hau esaten zuten: menditarren hizkuntza zela, eta, bide batez, gogoratu soldadu tradizionalista erdaldunek bordel bertsolariari «montañesak girela/oro traidoriak» (Zavala 1992: 52) aurpegiratu ziotela; euskaldunak kanpotarrak zirela; iraganeko hizkuntza eta zaharren hizkuntza zela, edo eskolatu gabeko haurrena; ezjakintasunaren emaitza; desagertzen ari zela; sekula ez dela nazio-hizkuntza izan; bitxi eta aldrebesa; zorigaitz handia; euskaraz kapritxoz, ohituraz edo borondate txarrez hitz egiten zutela, eta abar.

Adibide bat jartzearren, Nafarroako historiografian ohorezko tokia duen Jose Yanguas y Mirandak bere Diccionario de antigüedades del reino de Navarra-n (1964 [1840], III, 469) esandakoa erakutsiko dut. Bertan, objektibotasunaren itxurapean ohiko usteak errepikatu ondoren, zera gaineratu zuen:

«VASCUENCE. Existen palabras de este idioma notables por su prodigiosa extensión y dificultad de pronunciarlas». Adibidez: «Azpilcuetagaraycosaroyarenberecolarrea: en castellano, Campo bajo del sel alto de Azpilicueta».

Gustu txarreko txistea ematen du, baina ez da txistea. Erdal mentalitatearen adierazpen garbi-garbia da, eta oso eraginkorra. Ez da harritzekoa erdaldunek beren zeregina euskaldunak euskararen «kaosetik» gaztelaniaren «kosmos» edo gardentasunera eramatea zela uste izatea.

Ideologien mailara igaroz, nafar eliteen unibertso ideologikoa ulertzeko XIX. mendeko hizkuntz ideiak, Espainiatik zetozen iritziak eta Nafarroan bertan sortutakoak aztertu ditut. Horiei buruz, bi ohar besterik ez. Aurrena, Engels (in Askoren artean 1976), Meillet (1918), J. Stuart Mill (1985), Unamuno (1968) eta punta-puntako beste hainbat intelektualen ideiak irakurrita, deigarria da ideia hauen eta nafar erdaldunen mendeetako batez besteko mentalitatearen arteko antzekotasuna. Zaila da askotan zer egiten ari ziren jakitea, zientzia ala denen gogoan zeuden ohiko uste arruntak hizkera zientifikoaz jantzi, eguneratu eta errepikatzea.

Bigarren oharra hau da. Nafarroan, eta baita Espainian ere, oso gutxitan idazten ziren euskararen aurkako iritziak. Agertu bai, noizbehinka ager-tzen ziren, baina diskurtso ofiziala bestelakoa zen. Ez zen Frantziako Iraultzarena. Nagusi isiltasuna zen, «isiltasunaren diskurtsoa» deitu dudana, euskarari buruz ez hitz egitea, alegia, euskara ez baitzegoen beren arduren artean. Baina hitz egiten zutenean euskararen goresmen hitzak erabiltzen ziren nonahi. Hona hemen, adibide moduan, Diario de Navarra egunkari liberal-kontserbadoretik hartutako zatitxo bat:

«(...)nuestro venerando idioma que todos amamos con efusión, porque él es la reliquia que nos legaron los siglos, el habla de nuestras pretéritas generaciones (...), la gallarda expresión de nuestra raza legendaria.» (Diario de Navarra, 1915-05-08)

Praktikan, ordea, hoztasuna edo urruntasuna zerien Diputazioari eta mundu erdaldunari, eta, bestalde, ulertzekoa da: inork ez luke erlikia batengatik gehiegi egingo.

Irakaskuntza sistemak gaztelania ezartzen zuen, hau gauza jakina da, gaztelaniaren izenean ziharduen, hizkuntza honen garapena eta nagusitasuna bilatzen zituen eta justifikatzen zen «como si los dominados [euskaldunak] hubieran adoptado por sí mismos y como máxima de su obrar el contenido del mandato» (Weber 1993: 699), euskarazko irakaskuntza euskaldunen beraien hautua balitz bezala, alegia.

Hala ere, esan beharra dago topikoz jositako ideiak transmititu zaizkigula. Erdarazko irakaskuntzaren erroak Nafarroan bertan daude, eta baita, aldi berean, Mendebaldeko kultur ingurune osoan ere. Eskola eraztunaren pareko lekukotasun ugari jaso ditut mundu zabalean: latina ingelesaren edo Erresuma Batuko gainerako hizkuntzen aurka; frantsesa bretoiera, okzitaniera, euskara eta korsikeraren aurka; gaztelania euskararen eta katalanaren aurka; ingelesa galesaren aurka; Zeelanda Berriko zuriak maorieran aurka; Kanadako zuriak hizkuntza indioen aurka, eta abar.

Nafarroara itzuliz, erdarazko irakaskuntzaren garapena ere nafarrek, Nafarroako udalek eta Diputazioak, kudeatu dute ia beti. Hezkuntzaren hiz-kuntz ereduan bi faktore dira nagusi: ikasketa planak eta irakasleak. Ikasketa planak beti erdarazkoak izan dira Nafarroan eta Moyano Legearekin (1857) Estatuaren esku hartzea areagotu zenean, eskutik hartuta joan ziren Nafarroa eta Espainiako Estatua. Irakasleei dagokienez, maisu-maistra gehienak, ez guztiak, nafarrak ziren, udalek izendatzen zituzten, 1887-1914 tartean izan ezik baina orduan ere izendapena egiteko oso bide arautua zegoen, eta, herriz herri jaso ditudan argibideen arabera, esan ohi den maisu-maistra espainol erdalduntzaileen etorrera jendetsua mito bat da.

Oro har, erdal komunitateari buruzko atala laburbilduz, izugarrizko presioa egiten zuen erdal komunitateak euskal hizkuntz komunitatean, bere maila guztietan:

  • baloreen mailan, euskalduntasunaren baloreak gutxietsiz
  • komunitatearen egituran, bere hauskortasuna areagotuz eta euskal hizkuntz komunitatea desegituratzera joaz
  • hizkuntz portaera sisteman, gaztelaniaren ikasketa, hautaketa eta erabilera bultzatuz, eta, azkenik,
  • hizkuntz komunitatearen ugalketa eragotziz.

Arazoa, beraz, «errepresioa / berezko bilakaera» aukera sinplista baino askoz ere konplexuagoa zen.

Gauza bat da, hala ere, erdaldunen jokamoldea esandakoa izatea eta beste bat, guztiz desberdina, lana burutzera iristea, euskarak bizirik iraun baitu, euskal hizkuntz komunitatearen berezko bizitasuna aztertzean ikusia dugunez.

Euskararen aldeko lan eta mugimenduak

Kalitate handiko mugimenduak eman ditu euskarak Nafarroan. Izandko ekimenen, antolatutako erakundeen eta parte hartutako lagunen zerrenda luze eta zehatza aipatu gabe utziko dut. Izen nagusia Arturo Campion dugu zalantzarik gabe eta, hurbildik ezagututa, oso-oso maitagarria suertatu zait. Beste izen batzuk: Damaso Legaz, Damaso Intza, Enrique Zubiri «Manezaundi», Pablo Fermin Irigaray «Larreko», Jose Agerre, Angel Irigaray, Juan Iturralde y Suit, Estanislao Aranzadi... Hiru elkarte nagusi izan ziren: Euskara elkartea (1877-1897), Euskal Esnalea (1907-1931) eta Euskeraren Adiskideak (1925-1936), eta bakoitzean belaunaldi bat antolatu zela esan daiteke.

Nafar euskaltzaleen ekarpenen artean hauek nabarmenduko nituzke:

  • euskal tradizioa eta nazioarte mailako herri hizkuntzen aldeko mugimendu eta ideologiak uztartuz 1876.ean Herder eta Tocqueville irakurrita zituen jadanik Arturo Campionek euskararen aldeko ideologia modernoa eratzea,
  • euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna lotzen zituen eta Nafarroatik pentsatuta zegoen sistema ideologiko berria adieraztea,
  • mugimendu euskaltzaleen egitasmoa eta bideak finkatzea, eta,
  • euskalaritzari alor guztietan eman zioten bultzada eta erabili zituzten irizpideak.

Hurrengo belaunaldiek programa edo egitasmoa egina aurkitu zuten eta, gehienbat, bide horretatik segituko zuten. Historiografian, ordea, sarritan Campion edo erromantiko historizista berantiarra edo nazionalismoaren aurrekari hutsa izan balitz bezala aipatzen zaigu.

Gogoan izatekoak dira Arturo Campionen, karlisten eta Sabino Aranaren arteko aldeak. Campion ez zen inoiz karlista izan eta oso gogor kritikatu zuen beti alderdi honen iharduera, politikoa zein hizkuntzaren alorrekoa. Arturo Campion eta Sabino Aranaren kasuan, biek euskarari buruz eztabaidatu zituzten gai gehienetan arraza vs hizkuntza, euskararen arazoak... egungo ikuspegitik askoz gaurkotasun handiagoa du Campionek Aranak baino. Hizkuntz irizpideei dagokionez, euskararen batasunaren alde agertu ziren nafarrak eta garbizaletasunaren auzian, aranazaleen aurrean klasikoen tradizioa eta euskara herritarra uztartzea bultzatu zuten, Iparraldeko Eskualduna aldizkariaren eredua gogoan edukita.

Mugei dagokionez, begi-bistakoak dira nafar euskaltzaletasunak denboran zehar izan dituen mugak. Tartean arrazoi objektiboak eta subjektiboak zeuden nire ustez. Arrazoi objektiboen artean nagusia hau da: nafar gehienak erdaldunak ziren, erdal mundukoak, eta gogoa euren hizkun-tzan zuten; euskara arrotza zitzaien. Egia da garrantzi handiko talde euskaltzaleak sortu zirela erdal mundutik Campion bera euskaldunberria zen, baina beti gutxiengoa ziren.

Planteamendu-arazoetan hiru nabarmenduko nituzke nik. Aurrena, ez zioten hizkuntzari bere berezitasuna aitortu eta bai foruzaleek bai nazionalistek asmo politikoen menpe jarri zuten euskara, 1930eko hamarkadan Larrekok eta Angel Irigarayk somatu zutenez. Bigarrena, ez zieten euskaldun osoei gaitasuna, jarrera eta erabilera goren mailan zituzten laguneilehentasuna eman mugimenduan eta, ondorioz, ardura guneetan erdaldunak eta euskaldunak eta euskararekiko oso sentikortasun desberdinetako kideak nahasten ziren. Hirugarren arazoa nafarroaren historikotasunaren argudioaren erabilpenean zegoen nire ustez. Hots, Nafarroaren independentzia historikoa aldarrikatzeak indar handia ematen zion abertzaletasun politikoari Madrilen aurrean, baina, aldi berean, argudio hau ohartu gabe euskararen aurka bihurtzen zen, nafarrek funtsean Nafarroako erresuma eta erdararen nagusitasuna parekoak zirela somatzen baitzuten.

Zenbait gogoeta aurrera begira

Jarraipen naturala gehi jarraipen kulturala

Euskararen biziraupenaren gakoa bere hiztunen barrenean, familian, lagunartean, herrian eta lurralde euskaldunetako eguneroko bizimoduan zuen indarrean eta euskaldunek, ohartuki nahiz oharkabean, erakusten zioten atxikimenduan egon da; euskararen belaunaldiz belaunaldiko jarraipenean lehentasunezko zeregina izan dute lehen mailako sozializazio agenteek. Halaber, ahalmen berezia izan du euskal komunitateak XIX-XX. mendeetako gizarte-aldaketei egokitu eta, modernitateari uko egin gabe, bere izaerari eusteko. Hau da, euskararen indarra jarraipen naturalean egon da, A ibilbidean, eta bere ahultasuna eskola bidezko jarraipenean, B ibilbidean, moztuta zuelako. Egun posible da euskararen ikasketa naturalari eutsi, bigarren mailako ibilbidea gehitu eta lehenengo urratsak ezagutu ditugun euskaltzaleei zor zaizkie eta jatorrizko euskara garapen landuarekin osatuz kalitate handiko belaunaldi berriak prestatzea. Euskararen etorkizun kualitatiboa talde hauetan dago neurri handi batean.

Hurrengo ikerketei begira

Euskararen heriotzaren ikerkuntza-programa euskararen geografia historikoa, atzerakadaren arazoak, Nafarroako erakundeen erantzunkizun historikoak... eta horren inguruko galderak eta eztabaidak oso interesgarria izan zen bere momentuan, baina egun nahiko agorturik dago, mende luze batez egon da indarrean eta bere fruiturik hobereneak emanak ditu dagoeneko. Kontua ez da mota horretako gaien garrantzia ukatzea, baina berritasuna eta emankortasuna beste galdera batzuetan ikusten ditut gaur egun.

Era berean, beti izango da beharrezkoa erdaldunen euskararekiko jokamoldeak aztertzea, eta emaitza polit eta argigarriak lor daitezke, nire ikerketan bertan gertatu den bezala. Baina gogoan izan behar dugu euskararen historia euskaratik bertatik egiten dugula, ez erdaratik.

Biderik oparoenak euskararen bizitzaren ingurukoak dira. Ikerketaren mamia euskararen eta herri hizkuntzen bizitza historikoa izan da, eta bilakaeraren protagonista euskararen hizkuntz komunitatea dugu.

Landu ditudan arloak eta ireki diren bideak kontuan hartuta, ondoko ideia hauek nabarmenduko nituzke hurrengo ikerketetarako:

  • Euskal hizkuntz komunitatearen mundu sinbolikoa, gune sinbolikoa, sakoneko baloreak, usteak, eta abar. Hor dago bere biziraupenaren giltzarria, eta baita bere etorkizunarena ere. Gai hau, aldi berean, ikertzeko zailena da eta metodologia bereziki zorrotza prestatzea eskatzen du.
  • Euskal hizkuntz komunitatearen osagaien bilakaera historikoa: jadanik aipatutako mundu sinbolikoaz gainera, gizarte-egitura eta hiz-kuntz portaera sistema bere atal guztiekin: ezagutza edo jakite-maila, jarrerak, hautaketa, erabilera eta egoera aldatzeko ekimenak. Bai monografiak bai azterketa orokorrak.
  • Uitzikoa bezalako landa-ikerketak.
  • Nafarroako hizkuntz aniztasun historikoa, bere sustrai kulturalak eta adierazpen ideologikoak, hizkuntz komunitateen elkarrekiko portaera eta jarrerak...
  • Euskararen aldeko mugimenduak Nafarroan, euskalaritza zientifikoa, euskarazko literatura, etab.
  • Hizkuntz komunitatea gizarte-unitate bezala aztertzeko oinarri kontzeptual eta metodologikoak.
  • Ikertzaileen prestakuntza zientifikoa: soziolinguistikaren eta, oro har, hizkuntzalaritzaren ekarpenetatik abiatzea ezinbestekoa da, baina gero eta beharrezkoagoa da auzo-zientzietan ere jantzita egotea: soziologia, antropologia, psikologia, historia... Disziplinartekotasuna, hitz batean. Orobat, Nafarroa, bere historia eta aztertutako garaiak ahalik eta hobekien ezagutu behar ditugu. Giza portaerak eta motibazioak ulertu nahi ditugu azken finean eta zeregin horretan aurrerantzean dugun guztia beti gutxi izango da.

Oro har, esandakoarekin gauzak ulertzea errazten duen, emankorragoa den eta intuizioari lotuagoa dagoen bidea zabaltzen zaigula iruditzen zait.

BIBLIOGRAFIA

ARACIL, Lluis V. (1982). Papers de sociolingüística. Bartzelona: La Magrana.

(1986). «Lengua nacional»: ¿Una crisis sin crítica? In J.I. Ruiz Olabuenaga eta J.A. Ozamiz (arg.), Hizkuntza minorizatuen soziologia. Sociología de lenguas minorizadas, 443-58. Donostia: Ttarttalo.

eta LARRAÑAGA, Iñaki (1984). Euskara gizarte bizitzan («Tolosan Euskaraz» Ihardunaldiak). Tolosa: Tolosako Udala.

ASKOREN ARTEAN (1976). El marxismo y la cuestión nacional. Bartzelona: Avance.

BONAPARTE, Louis Lucien (1863). Carte des sept provinces basques montrant la délimitation actuelle de l'euscara et sa division en dialectes, sous-dialectes eta variétes. Londres: Stanford's Geographical Establishment.

BOURDIEU, Pierre (1972). Esquisse d'une théorie de la pratique précédé de trois études d'ethnologie kabyle. Geneva-Paris: Librairie Droz.

(1985 [1982]). ¿Que significa hablar? Economía de los intercambios lingüísticos. Madril: Akal.

eta PASSERON, Jean Claude (1970). La reproduction. Éléments pour une théorie du système d'enseignement. Paris: Les Éditions de Minuit.

BURKE, Peter (1987 [1980]). Sociología e historia. Madril: Alianza.

(1988 [1987]). Introduction. In P. Burke eta R. Porter (arg.), the Social History of Language, 1-20. Cambridge: Cambridege Unibesity Press.

(1996 [1993]). Hablar y callar. Funciones sociales del lenguaje a través de la historia. Bartzelona: Gedisa.

CALVET, Louis Jean (1981 [1974]). Lingüística y colonialismo. Madril: Júcar.

(1987). La guerre des langues et les politiques linguistiques. Paris: Payot.

(1993). La sociolinguistique. Paris: Presses Universitaires de France.

CAMPION, Arturo (1884). Gramática Bascongada. Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara. Tolosa: Eusebio Lopez.

CARO BAROJA, J. (1971-2). Etnografía histórica de Navarra (3 liburuki). Iruñea: Aranzadi-Caja de Ahorros de Navarra.

(1978 [1949]). Los vascos. Madril: Istmo.

(1980 [1973]). Sobre la religión antigua y el calendario del pueblo vasco. Donostia: Txertoa.

(1985 [1969]). La hora navarra del XVIII. Iruñea: Comunidad Foral de Navarra.

(1995 [1969]). Las bases históricas de una economía «tradicional». Homenaje a Caro Baroja. Príncipe de Viana LVI, 206, 837-56.

COULMAS, Florian (arg.) (1997). The Handbook of Sociolinguistics. Oxford (Erresuma Batua) - Cambridge (EEUU): Blackwell.

DEUTSCH, Karl W. (1977 [1942]). The Trend of European Nationalism. the Language Aspect. In J. fishman (ed.), Readings in the Sociology of Language, 598-606. Haga: Mouton.

DUMEZIL, George (1977 [1968]). Mito y epopeya I. Barcelona: Seix Barral.

(1981 [1973]). Mythe et Epopée III. Paris: Gallimard.

(1982 [1971]). Mythe et Epopée II. Paris: Gallimard.

ELIADE, Mircea (1981 [1949]). Tratado de historia de las religiones. Morfología y dinámica de lo sagrado. Madril: Ediciones Cristiandad.

ERIZE, Xabier (1997). Nafarroako Euskararen Historia Soziolinguistikoa (1863-1936). Soziolinguistika Historikoa eta Hizkuntza Gutxituen Bizitza. Iruñea: Nafarroako Gobernua.

FASOLD, Ralph (1992 [1984]). The Sociolinguistics of Society. Oxford (Erresuma Batua) - Cambridge (EEBB). Blackwell.

(1993 [1990]). Sociolinguistics of Language. Oxford (Erresuma Batua) - Cambridge (EEBB): Blackwell.

FISHMAN, Joshua (1964). Language Maintenance and Language Shift as a Field of Inquiry. Linguistics 9, 32-70.

(1988 [1972]). Sociología del lenguaje. Madril: Cátedra.

(1989). Language and Ehnicity in Minority Sociolinguistics Perspective.Clevedon-Filadelfia: Multilingual Matters.

(1991). Reversing Language Shift. Clevedon-Filadelfia-Adelaida: Multilingual Matters.

(1994). Critiques of Language Planning: a Minority Languages Perspective. Journal of Multilingual and Multicultural Development 15:2-3, 91-9.

GELNER, Ernest (1988[1983]). Naciones y nacionalismos. Madril: Alianza.

GIMENO, Francisco (1995). Sociolingüística histórica (siglos X-XII). Madril: Visor-Universidad de Alicante.

GONZALEZ OLLE, Fernando (1978). El establecimiento del castellano como lengua oficial. Boletín de la Real Academia Española 58, 229-80.

HOBSBAWM, Eric J. (1991 [1990]). Naciones y nacionalismo desde 1780. Bartzelona: Crítica.

IRIGARAY, Angel (1974). Una geografía Diacrónica del Euskara en Navarra. Iruñea: Ediciones y Libros.

JAKOBSON, Roman (1985 [1963]). Ensayos de lingüística general. Bartzelona: Planeta-Agostini.

JIMENO JURIO, Jose Maria (1997). Navarra. Historia del Euskera. Tafalla: Txalaparta.

KACHRU, Braj B. (1994). Speech Community. In R.E. Asher eta J.M.Y. Simpson (arg.) The Encyclopedia of Language and Linguistics (10 liburuki), VIII, 4.176-8. Oxford-New York-Seul-Tokio: Pergamon Press.

KOHN, Hans (1984 [1944]). Historia del nacionalismo. Mexiko-Madril-Buenos Aires: Fondo de Cultura Económica.

KUHN, Thomas S. (1995 [1962]). La estructura de las revoluciones científicas. Mexiko-Madril: Fondo de Cultura Económica.

LACARRA, Jose Maria (1957). Vasconia medieval. Historia y Filología. Donostia: Publicaciones del Seminario Julio de Urquijo de la Excma Diputación Provincial de Guipúzcoa.

(1963). Estructura político-administrativa de Navarra antes de la Ley Paccionada. Principe de Viana XXIV, 92-93, 231-48.

(1975). Historia del reino de Navarra en la Edad Media. Iruñea: Caja de Ahorros de Navarra.

(1982 [1971]). Estudios de historia navarra. Iruñea: Ediciones y Libros.

(1983). Investigación de historia navarra. Iruñea: Ediciones y Libros.

MEILLET, Antoine (1918). Les langues dans l'Europe nouvelle. Paris: Payot.

MILROY, James (1992). Linguistic Variation and Change. On the Historical Sociolinguistics of English. Oxford (Erresuma Batua) - Cambridge (EEBB): Blackwell.

MILROY, Lesley (1989 [1980]). Language and Social Networks. Oxford-New York: Blackwell.

MILL, John Stuart (1985 [1861]). Del Gobierno representativo. Madril: Tecnos.

MITXELENA, Koldo (1985). Lengua e historia. Madril: Paraninfo.

(1987a). Palabras y textos. Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea.

(1987b [1984]). Presentación a la primera edición. In M.T. Echenique, Historia lingüística vasco-románica, 11-3. Madril: Paraninfo.

(1988a). Euskal idazlan guztiak (9 liburuki) (B. Urgell et al, arg.). Donostia: Euskal Editoreen Elkartea.

(1988b [1960]). Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein.

(1988c) Sobre historia de la lengua vasca (bi liburuki) (J.A. Lakarra, arg.). Donostia: Anejos del Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 10.

MORIN, Edgar (1993 [1977]). El Método. La naturaleza de la Naturaleza. Madril: Cátedra.

POPPER, Karl R. (1992 [1982]). Teoría cuántica y el cisma en Física. Madril: Tecnos.

ROCHER, Guy (1990 [1973]). Introducción a la sociología general. Bartzelona: Herder.

ROMAINE, Suzanne (1988). Historical Sociolinguistics: Problems and Methodology. In U. Ammon et al. (arg.), Sociolinguistics. Soziolinguistik (bi liburuki), II, 1.452-69. Berlin-New York: Walter de Gruyter.

(1994). Sociolinguistics. In R.E. Asher eta J.M.Y. Simpson (arg.), The Encyclopedia of Language and Linguistics (10 liburuki), VII, 4.005-14. Oxford-New York-Seul-Tokio: Pergamon Press.

SANCHEZ CARRION, Jose Maria «Txepetx» (1987). Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las Lenguas. Donostia: egilearen edizioa.

(1992). Las lenguas vistas desde la historia versus la historia vista desde las lenguas (o el giro copernicano de un nuevo discurso social). In XI Congreso de Estudios Vascos: « Nuevas formulaciones culturales: Euskal Herria y Europa», 89-143. Donostia: Eusko Ikaskuntza.

TEJERINA, Benjamin (1992). Nacionalismo y lengua. Madril: CIS-Siglo XXI.

TRUDGILL, Peter (1992). Introducing Language and Society. Londres: Penguin.

UNAMUNO, Miguel (1968). Obras completas IV. La raza y la lengua. Madril: Escelicer.

WEBER, Max (1993 [1922]). Economía y sociedad. Madril-Mexiko: Fondo de Cultura Económica.

WEINREICH, Uriel (1974 [1953]). Lenguas en contacto. L.g.: Ediciones de la Biblioteca de la Universidad Central de Venezuela.

, LABOV, William eta HERZOG, Marvin I. (1968). Empirical Foundations for a Theory of Language Change. In W.P. Lehmann eta Y. Malkiel (arg.), Directions for Historical Linguistics, 95-188. Austin-Londres: University of Texas Press.

WILLIAMS, Glyn 81992). Sociolinguistics. A Sociological Critique. Londres-New York: Routledge.

YANGUAS Y MIRANDA, Jose (1964 [1840]). Diccionario de antigüedades del reino de Navarra (3 liburuki). Iruñea: Diputación Foral de Navarra.

ZAVALA, Antonio (1992). Karlisten leenengo gerrateko bertsoak. Tolosa: Auspoa.

BAT aldizkaria: 
26. 1998ko martxoa. Euskararen egoera NAfarroan ikertzail...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Nafarroa
Egilea(k): 
Xabier Erize
Urtea: 
1997