Hizkuntzalaritza Orokorreko XII. Kongresua Galizian [KRONIKA]

Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiola eta Olatz Altuna Vigon izan dira, Hizkuntzalaritza Orokorreko Nazioarteko XII. Kongresuan. Vigoko Unibertsitateak antolatutako ekitaldia oparoa izan da, bai hizlari zein aztergaietan. Kongresuan hizkuntzen inguruko ezagutza arlo askotarikoak landu diren arren, Klusterreko ikerlariak soziolinguistikari loturiko saioetan izan dira, beren proiektuak erakusteaz gain.

Hizlarien artean, besteak beste, gure arloan ezaguna den Ofelia Garcia izan dugu (New York-eko Unibertsitatea), eleaniztasuna, translanguaging fenomenoa, eta hezkuntza elebidunari  buruz aritu da. Estatu Batuetan hezkuntza elebidunari ospea kentzeko -are, desagerrarazteko- ahalegina nabarmena dela salatu du.

Luisa Martin Rojok (Madrileko Unibertsitate Autonomoa) hiztun kategoria ulertzeko osagai berriei erreparatu beharra defendatu du, bere ustez, estatu-nazioan errotutako "hiztun-natiboa" kategoria ez baita baliagarria gaur egungo globalizazio aroan.

Juan Carlos Moreno-Cabrerak (Madrileko Unibertsitate Autonomoa), ospe handiko hizkuntzalariak, zeinu hizkuntza aztertzearen garrantzia azpimarratu du, eta ahozko hizkuntzen arau mentalak ulertzeko zeinu hizkuntza analizatzea beharrezkoa dela erantsi du.

Fernando Ramallok (Vigoko Unibertsitatea)  zeresana ekarriko duen proposamena egin du. Hiztun berrien fenomenoa ulertzeko proposamen teoriko berria azaldu du, ikuspegi politiko-askatzaile batetik hurbilduz neofalantismo deiturikora.

Euskal hiztun berriek eta gazte euskaldunek ere izan dute beraien lekua, Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlarien bitartez. Hala, Ane Ortegak eta Jone Goirigolzarrik unibertsitateko ikasleen hizkuntza aldaketa prozesua Bilbo Handian nolakoa den azaldu digute. Eta, Jone Miren Hernandezek eta Jaime Altunak nerabeen hizkuntza praktikak aztertzeko erronka metodologikoez hitz egin dute.

Esandakoez gain, kode alternantzia, Spanglish fenomenoa, hizkuntza eta generoa, eta horrelako beste hainbat gairi buruzko hitzaldi saioak ere izan dira.

Soziolinguistika Klusterrak lau proiektu aurkeztu ditu: Erabileraren kale-neurketa, Jendaurrean Erabili, Aldahitz eta, Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioa. Lau aurkezpenek piztu dute interesa entzulegoan.

Bertan aurkeztutako ikerketen berri izateaz gain, kongresuko egunak baliatu dituzte Klusterraren ordezkariek beste hizkuntza-komunitateen testuinguruan lanean dabiltzan ikerlariekin zuzeneko harremanak egin eta aurrera begirako lankidetza aukerak aztertzeko.