KRONIKA

Donostian, EHUren Carlos Santamaria Zentroan egin da “Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak” jardunaldia, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatuta. Bertan bildutako euskara teknikariek, udal ordezkariek, ikerlariek eta euskararen biziberritzean diharduten profesionalek euskaldun proportzio altuena duten udalerrientzat aurrera begira ikusten diren erronka nagusien inguruan jardun dute.

Maddi Etxebarria, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak, Josu Labaka, UEMAren lehendakariak eta Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak jardunaldian planteatzen diren gaiak euskararen biziberritzeari begira funtsezkoak direla eta aurrerantzean ere ikertzen eta egitasmo berriak sortzen jarraitu beharra izango dela azpimarratu dute.

Mikel Zalbide, hizkuntzaren soziologian ikerlaria arduratu da irekiera hitzaldiaz. Nazioarteko soziolinguistika akademikoan arnasguneen gaia kokatu ostean, bere iritzian aurrera begira herri euskaldunenetan euskararen egoera eta erreprodukzioa bermatzeko hiru gako nagusi azpimarratu ditu: estabilizazio demografikoa, ingurune horien bideragarritasun sozioekonomikoa bermatzea eta komunitate horietan hizkuntza bakoitzaren funtzio sozialaren inguruan euskarari nagusitasunezko tokia ematen dion adostasuna lortu eta aplikatzea.

Iñaki Agirreazkuenaga zuzenbidean katedradunak legediak ezartzen dituen aukera eta mugen inguruko galderei erantzun die. Alde batetik, legediaren ahalmena erlatibizatzeko zenbait azalpen eman ditu: legeak aldatu gabe hauen aplikazioa aldakorra izaten dela denboran zehar, esate baterako. Euskararen Legea, zenbaitetan euskararen aurkako tresna ere izan daitekeela eta izan dela adierazi du. Zentzu horretan, legeen aplikazioa sarri legelari eta abokatuen abileziaren araberakoa dela kontuan hartuz, udalerri euskaldun eta arnasguneetan euskarari lehentasuna emateko neurri ausartak emateko aukera badagoela argitu du; horren muga euskara ez dakiten herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea litzateke, beti ere.

Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak 76 udalerritako kale erabilera neurketaren emaitzak aurkeztu ditu: UEMAko herri gehienetan eta Tolosaldeko herrietan egindako neurketa berezia izan da. Guztira 54.700 elkarrizketatik gora behatu dira. Aztertutako datuetan oinarrituz, herriok sailkatzeko tipologia berria proposatu du Altunak. Honen arabera, ikus liteke euskaldun proportzio altuena duten herrietan, badirela zenbait ezingo genituzkeenak arnasgune kategorian sartu; izan ere, kaleko erabilerari erreparatuta ezin da esan euskarazko jarduna nagusi denik bertan.

Jardunaldiari amaiera emateko, arratsaldeko mahai-inguruan tokiko errealitateen gertuagotik eta hainbat ikuspegitatik begiratu zaie. Goizane Aranak Bermeo eta Ondarroan egindako ikerketaren ondorioak mahai-gaineratu ditu; Imanol Azkue Zumaian azaleratutako errealitateaz aritu da, Alberto Barandiaranek tokiko hedabideek joka dezaketen papera landu du eta Unai Fernandez de Betoñok, berriz, lurralde antolaketa kontuan hartu beharra azpimarratu du. Azken galderari erantzunez, bakoitzak bere jarduera-esparrutik arnasguneentzat ikusten dituen erronka bana proposatu du.

Honenbestez eman zaio amaiera Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren IX. Edizioari. Hurrengo egun eta asteetan gaurko saioen ikusentzunezko-grabazioak eta materialak UEMA eta Soziolinguistika Klusterraren webguneetan izango dira ikusgai.