BAT 102 - 2017 (1) IX. HAUSNARTU - Euskal Soziolinguistika Sariak

 

 

 

IX. HAUSNARTU Euskal Soziolinguistika Sariak

BAT 102 2017 (1)

(Zenbakia edo artikuluak banaka erosteko jo dezakezu gure zuzeneko dendara)

____________________________________________________________________________________

MIGRATZAILEEN HARRERA, GUTXIAGOTUTAKO HIZKUNTZEN TESTUINGURUAN. Administrazioz kanpoko harrera-eragileak eta hizkuntzen trataera, euskararen eremu geolinguistikoan

Mario Zapata Solano

Laburpena: Gure lanaren testuinguruan zeharkakoak diren bi elementu uztartzen dira: gutxiagotutako hizkuntzen kudeaketa eta kultura-aniztasunaren kudeaketa.

Migratzaileek, helmugara iristean, maila bateko zein besteko harrera funtzioa egiten duten eragileekin egiten ohi dute topo.  Horiengandik jasotako informazioek zein jarrerek migratzaileen lehenengo urratsetan eragina izaten ahal dute, baita ondorengo bidea baldintzatu ere. Gutxiagotutako hizkuntzen kasuan, garrantzi berezia hartzen du elementu horien kudeaketak.

Ikerketa honetan euskararen eremu geolinguistikora etorritako migratzaileek jasotzen dutena aztertu dugu, hizkuntzen trataeren inguruan. Hain zuzen ere eragile sozialek transmititzen dizkieten informazioa, irizpideak eta jarrerak, euskararen inguruan zein migratzaileen hizkuntzen inguruan.

Hitz gakoak: Soziolinguistika, Gutxiengo linguistikoak, Hizkuntza-politika, Kultura-aniztasuna, Kultur integrazioa.

_________________________________________________________________________________

 

Mihigintza ehuntzen Basaurin. Euskarabila elkartearen gaineko azterketa

Txerra Rodriguez

Laburpena: Mila aldiz goraipatu egin dugu euskararen biziberritzean aktibismoak (edo militantziak) izan duen eta duen papera. Hala ere, oso azterketa gutxi egin dira aktibismo horri buruz. Are gutxiago, aktibismo horretan parte hartzen dutenei, inoiz parte hartu dutenei eta parte hartu ez dutenei galdetuta.  Lan honek Basauriko Euskarabila euskara elkartearen inguruan garatutako aktibismoa eta diskurtsoak aztertu nahi izan ditu, hainbat gairi oratuta (komunitategintza, administrazioarekin izandako harremanak, elkartearen barne-bizitza, elkartearen irudia, …). Eta, gainera, diskurtsoak aztertzeaz gain, aurrera begirako proposamen, praktika eta jardun batzuk ere proposatu egin ditut.

Basaurira egokitutako azterketa izan den arren, nire ustez, hainbat ondorio eta proposamen, egokitzapenak egokitzapen, haren tankera beste euskara elkarte batzuentzako ere baliagarriak edo, gutxienez, inspiratzeko moduak izan daitezke.

Hitz gakoak: Parte hartzea, Basauri, Euskarabila, aktibismoa, diskurtsoak.

_______________________________________________________________________________

Euskara, galiziera erta irlanderaren hiztun berrien hizkuntza-identitatea

Irati Lizeaga Elizalde

Laburpena: Hiztun berriek osatzen duten komunitatearen garrantzia dela eta, lan honetan euskara, galiziera eta irlandera ikasi duten hiztunak alderatu dira euren hizkuntza-identitatea zertan ezberdintzen den eta zertan berdina den jakiteko. Horretarako, euskara, irlandera eta galiziera ikasi dituzten hiztunak sailkatzeko hiru perfil bereizi dira hizkuntza-identitatearen arabera: ‘ez naiz hiztun zaharra’, ‘hiztun berria naiz’ eta ‘Ez hiztun berri, ez zahar, hiztuna besterik gabe’.

Hitz gakoak: Hizkuntza-identitate, hiztun, hiztun berri, hiztun zahar, hizkuntza gutxitu

__________________________________________________________________________________

Hurbilketa aragoieraren egoerara Lehen Hezkuntzan eta HaurHezkuntzan 20 urtez irakatsi ostean. Familien jarrerak

Iris Campos

Laburpena: Bi hamarkada izango dira 2017an aragoiera Huescako probintziako hainbat eskola «pilotu»tan borondatezko irakasgai gisa ezarri zenetik. Urteak igaro ahala eta legediak bidea eman ahal izan duen heinean, arriskuan dagoen hizkuntza hori hezkuntza arloan garatzeko egitasmoek eboluzio xumea ageri dutela diote datu kuantitatiboek. Gainera, gutxi dira aragoierak eskolan dituen emaitzei, egoerari, eta etorkizun-perspektibei buruzko datu zientifikoak. Egoera honen hurbilketa eskaintze aldera, kasu aniztun ikerketa bat egin genuen metodologia kualitatiboa erabiliz. Ikerketaren giltzarria honako hau da: gaur egun aragoiera irakasten duten 26 eskoletako hezkuntza-komunitatearen jarrera linguistikoen analisia. Familiei dagokienez, datuek erakusten dute gehiengoaren jarrerek aragoieraren balorazio positiborako joera dutela; baina irakaskuntza-tresna gisa erabiltzearen aurkako zenbait jarrera dituzte, eta, hizkuntza-ikaskuntzaren ideologia instrumentalari jarraiki, nahiago dute horretarako atzerriko hizkuntza handiak erabiltzea.

Hitz gakoak: Aragoiera, hizkuntza jarrerak, hizkuntza gutxitua, hizkuntza-heriotza

____________________________________________________________________________________________