Eskuragarri dago “Aldahitz Ikerketa. Eusle metodologia esperientzien emaitzak 2013-2016” argitalpena

Atzo aurkeztu genituen Aldahitz Ikerketaren baitan, Eusle metodologia aplikatuz, 2013 eta 2016 artean, 13 lantoki publiko eta pribatutan garaturiko esperientzien emaitzak. Datuek erakusten dute baldintza egokietan posible dela lankide arteko hizkuntza ohiturak gaztelaniatik euskarara aldatzea. Izan ere, lantoki horietan euskararen erabilera 15,3 puntuan igo da esperientzia hasi zenetik amaitu bitarte (%60,8tik %76,1era), eta aldaketa hori finkatu egin da modu esanguratsuan esperientzia amaitu eta hiru hilabetera: 15,3 puntuko igoeratik 10,6 puntuko igoera mantendu da euskararen erabileran.

 

 

 

Ondorio orokor horren azalpen sakonagoa, Eusle metodologiaren ezaugarrien azalpena eta emaitza gehiago biltzen dira 2017ko argitalpenean. Ez da, ordea, Eusle metodologiari dagokion lehen argitalpena honakoa. 2015. urtean metodologiaren oinarri teorikoak sakonki azaltzen dituen eta 2013-2014 urteetan garatutako lehenengo zazpi esperientzien emaitzak jasotzen diren txostena aurkeztu genuen. Atzo aurkezturiko argitalpen berria aurrekoaren jarraipena da beraz, non oinarri teorikoen aipamen laburragoa jasotzen den eta emaitzetan 2015-2016 urteetan eginiko beste sei esperientzien datuak gehitzen diren.