“Gipuzkoa berdinago” egitasmoa aurkeztu da gaur

“Gipuzkoa berdinago” egitasmoa Soziolinguistika Klusterrak eta EHU-k elkarlanean egin duten “Jendaurrean Erabili” proiektuaren baitan kokatzen da. “Jendaurrean Erabili” proiektuak erakunde eta enpresen jendaurreko euskarazko komunikazioan laguntzeko baliabideak eskaintzea du helburu eta ariketa horretan, Gipuzkoa mailan hizkuntza ofizialen arteko oreka berri baten bila lan egingo duen prozesu bat abiatu du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenez abiatu den egitasmo honek Gipuzkoan erreferentzialak diren zenbait erakunderen arteko elkarlanean oinarrituko du bere dinamika.
Erakunde desberdinen artean gipuzkoar gizartearentzat eredugarriak izan daitezkeen hizkuntza erabilera portaerak proposatzea eta adostea izanik egitasmo honen muina. Gaur goizean egin dira Donostian proiektuaren lehen lan bilera eta horren berri eman duen prentsaurrekoa. Bertan izan dira Markel Olano, Diputatu nagusia; Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza berdintasunerako zuzendari nagusia; Soziolinguistika Klusterreko teknikariak, bai eta proiektuan interesa erakutsi duten zenbait erakunde ere. Zehazki, ADEGI, CAF, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, EHU, Reala, Kaiku, Kutxabank, Laboral Kutxa, MCC eta Osakidetza.
Egitasmoa apirilean hasi eta 2017ko azaroan amaituko da, horren emaitza gisa, gipuzkoar gizartearen aurrean euskara eta gaztelaniaren arteko aukera-berdintasunaren bidean, erakundeentzat egingarriak eta gipuzkoar gizartearentzat desiragarriak izan litezkeen urrats berriak irudikatu eta adostuko dira. Prozesu honetan zehar komunikabideekin ere lan egitea aurreikusita dago.