Azpeitian, hitanoaren presentzia neurtzen eta lantzen.

Abenduaren 2tik 10a bitartean AzpeitHika gaztetxoen kartel erakusketa izango da Sanagustin Kulturgunean. Azpeitian hitanoaren erabilera eta haren arauak nola bizi dituzten landu dute Azpeitiko ikastetxe guztietan 10 urteko gaztetxoek. Lanaren emaitzetako batzuk erakusgai izango dira astebetez Sanagustinen, baita hitanoak Azpeitiko kaleetan duen presentziari buruzko hainbat datu.
 
Azpeitiko udalak eskatuta eta Soziolinguistika Klusterraren gidaritzan, aurten, lehen aldiz, hitanoaren erabilera ere neurtu da Azpeitian, "Azpeitiak horretarako baldintzak" betetzen dituelako. Hitanoa euskarak dituen berezitasunetako bat da. Berezitasuna eta aberastasuna. Eta, altxor horri eusteko asmoz, hitanoa jorratzen ari dira herriko ikastetxe guztiak Soziolinguistika Klusterrarekin batera 2011az geroztik. 2011tik 2013ra Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta 2014tik aurrera Lehen Hezkuntzan.
 
Hitanoa lantzeko  sortu diren 12 materialetan, Azpeitiko euskara eta hitanoaren erabilera izan dira abiapuntua. Materialgintzan saiakera berezi bat egin da helburu lorgarriak proposatzen, eta maila berean, jarduerak izan daitezen herrira egokituak, ikasleen ezagutzetatik gertukoak eta parte hartzea bultzatzen dutenak. Lehen Hezkuntzako 5. mailakoek egindako lanaren emaitza da, hala, kartel erakusketa hau.