KRONIKA

Ahozko komunikazioa eskolan EHUko Uda Ikastaroa

KRONIKA

 

Ahozko hizkuntza irakatsi eta erabilera normalizatzea erdigunean jarrita

Ahozko komunikazioa eskolan. Azken hamarkada honetan, gai honi lotuta zertan aurreratu dugun eta zertan sakontzea beharko litzatekeen aztertu da EHUrekin lankidetzan Soziolinguistika Klusterrak antolatutako “Ahozko komunikazio eskolan: azken hamarkadako ikerketa eta esperientzia berriak” ikastaroan. Hizkuntzaren didaktikaren eta normalizazioaren esparruak uztartuz egindako ekarpenetan esanguratsuenak bi: hizkuntza irakaslearena bakarrik ez, baizik eskolarena da gai honen ardura; eskolarena bakarrik ez, baizik eskolarekin harremanetan diren subjektu guztiena ere bada ardura. Gure begiradaren prisma estutu eta zabaldu; begirada zabaldu eta berriz estutu; joan-etorri horretan hitz egin da orain didaktikaz, orain hizkuntza-normalizazioaz. Kike Amonarrizek zioen bere hitzaldian: “Lortu beharko genuke etorkizunean, gai honi irakasleek bakarrik heldu ez diezaien; herrietako euskara teknikariek ere beharrizantzat hartu beharko lukete”. Hizkuntza normalizazioan toki txiki antzekoa izanagatik ere, etorkizunean elkarren artean leukaketen harremana irudikatu ere, irudikatu da ikastaroan.

Ahozko hizkuntzaren zer, zertarako eta nola irakatsi?

Ikastolen Elkarteko kide Mikele Aldasorok adierazi bezala, eskolaren ardura da, hein handi batean, ikaslea jantzi eta heztea etorkizuneko bere komunikazio beharrizanei erantzun diezaien: “(…) jasotzen dituzten mezu intelektualak eta afektiboak ulertzeko, besteengan eragiteko mezuak sortzeko, erabakitzeko gaitasuna duten hiritar autonomoak izateko eta gizartean parte hartzeko modu aktibo, kritiko eta arduratsuan”. Hizkuntza irakastetik harago, komunikatzen irakastea dagokigu, eta ikasleek eskuratu behar dituzten oinarrizko konpetentzien osagaia da ahozko komunikaziorako konpetentzia. Ildo horretatik, ahozko hizkuntzaren zer, zertarako eta nola irakatsi eta ikastea dagokion galdetzea litzateke oinarrizko galdera.

Azken galdera honi erantzuten dioten oinarriak jarri zituen Ines García-Azkoaga EHUko ikerlari eta irakasleak. Ahozko hizkuntzari lotutako topikoetatik aldendu, eta bakoitzaren ezaugarriak definitzea dagokio ikerkuntzari. Formaltasun gutxiagoduna, landugabea, dialektoei lotua, akastunagoa, berehalakoa, galkorra, freskoa… Ahozkotasunari lotutako uste okerrak saihesteko ahozko testuinguru ezberdinen ezaugarritze ariketa bat proposatu zuen: (oholtza gaineko eta ahozko) bertsogintza, debate formala, sermoia, ahozko aurkezpena, solasaldi arrunta, kanta-saio (profesionala), SMS-a, WhatsApp-a, Tuit-a, ohar bat papertxo baten, mezua posta elektronikoz, antzezlan bat, abesti bat… ahozko eta idatzizko hizkuntza joan-etorrian bizi dira egoera horietan guztietan. Ahoz jarduteko molde bat baino gehiago dago, eta, genero hibridoak ditugu non ahozkoa eta idatzia elkarren osagarri diren askotan; continuum konplexu bat osatzen du sistema honek. Ikasleen beharrizanei erantzungo dieten komunikazio gaitasunak izango dira hizkuntza xedeak eta horretarako lan tresna Genevako Unibertsitatean jorratutako testu generoen eredu didaktikoa proposatu zuen: Sekuentzia Didaktikoa.

Eskolako euskara, plazara

Nafarroan bide berdin eta arrakastatsuan dihardute landa-lanean Esther Muguertza (Euskara Atala) eta Yolanda Olasagarre (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa) normalizazio teknikari eta formatzaileek. “Motibazioari laguntzen dio ahozko hizkuntzaren lanketak, eta alderantziz, ahozko gaitasuna lantzeak motibazioari; horregatik, eta hizkuntza normalizazioarekin lotuta, ikastetxean egiten denak zentzua behar du herrian bizi dutenarekin eta ikasleen azken ekoizpenak horretarakoxe irudikatzen ditugu” zioen Muguertzak. Euskararekiko motibazioa eta ahozkotasuna ondoz ondo irudikatuta, bi alorrak lantzeko diseinatuta dituzten programa eta ikastaroen berri eman zuten: motibazioa sustatzeko baliabideak blogean proposatzen dira eskolan motibazioa sustatzeko hainbat gogoeta eta elkarrizketa jarduera; motibazioa eta ahozkotasuna uztarturik, berriz, euskara sustatzeko bideak: motibazioa eta ahozkoa gelan prestakuntza eskaintzen dute, eta ahozko hizkuntza irakastea sites berrian formazioa eta material didaktikoa eskaintzen dute edonorentzat eskuragarri.

Azken lau urteetan Soziolinguistika Klusterrak Tolosan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ahozko hizkuntzaren lanketaz egindako ikerketaren ondorioak eman zituen Josune Zabalak. Ahozko hizkuntza eskolan arrakastatsuki sustatzeko lan egin beharko genuke elkarreraginean dabiltzan bost dimentsio hauetan: ikasleak; testuinguru soziolinguistikoa; ikastetxeko curriculuma, testu-liburuak eta praktika pedagogikoak; irakaslearen esku hartzea; eta baliabideak. Genevako eskolak proposatzen duen Sekuentzia Didaktikoa, kasu honetan ere, eraginkorra gertatu da ahozko hizkuntza lantzeko, eta ikusi da edozein dela ere ikasleen testuinguru soziolinguistikoa, ikasleek hobera egiten dutela euren ekoizpenetan. Ahozkoaren lanketan laguntzen dute, besteak beste, ikastetxean landuta izatea ahozko hizkuntzaren helburu komunikatiboak, ahozko hizkuntza lantzeko dagoen tradizioak, irakaslearen lanari jarraipena egiteak, materialetan eta errekurtsoetan ahozkoaren presentzia gauzatzen laguntzen duten proposamenek, eta irakaslearen hizkuntzarekiko ikuspegiak. Praktika onak eragiteko, halere, ezinbestekoa da irakasleen formazioa, eta hutsune hauek betetzeko beharra dagoela aitortu izan dute irakasleek: hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboa; helburu komunikatiboen eta testu moten ezaugarriak; Sekuentzia Didaktikoaren izaera eta antolaera; ahozko ereduen azterketa eta ebaluazioa; hitz eginarazteko jarduerak; jendaurrekotasunaren kudeaketa; ikasgelako elkarrekintzaren kudeaketa.

Euskara erabiltzen, lagundu

Irakasleen formazioari lotutako ekarpena egin zuten, hain zuzen, HUHEZIko Miker taldeko Karmele Perez eta Agurtzane Azpeitia ikerlari eta irakasleek. Eskolara hitzaldi bidezko formazioa ematera joan beharrean, ikertzaile-irakasle arteko harremanetan sostengatzen den ikerketa-formazioaren alde egiten dute Miker taldean. Irakasleen egunkarietatik abiatzen da formazioa. Egunkarietan ateratako datuak bihurtzen dira formazioaren galdera-gai, baita estrategia berriak diseinatzeko aukera ere. Esku-hartze mota berriak ikertzaile eta irakasleek elkarrekin diseinatzen dituzte; jarduera bera grabatua eta behatua izaten da “konfrontazio jarduera” gisara, eta bertatik sortutako gogoeta nahiz ezagutza berriak bihurtzen dira berriz ere formazioaren iturburu. Egunkarien analisitik abiatzen direnean azterketa gai bihurtzen dira eskolan lantzen diren testu generoak, ahozko hizkuntza eta arloen arteko lotura, elkarrekintza moduak eta irakaslearen berbaldia, ahozko ikaste-objektuak, aniztasunari erantzuteko irizpideak eta ebaluazioa. Aldagai bakoitzaren nondik norakoak xeheki aurkezturik, arlo honetan zertan indartzea dagokigun aipatu zen: askotan ahozko hizkuntza ez da modu intentzionalean lantzen; ebaluazio-irizpide falta handia dago, baita ahozkoaren didaktika sistematizatzeko beharra ere; hizkuntza ezberdinen arteko joan-etorriak ez dira aitortu egunkarietan eta hizkuntzaren nahiz gainerako arloen arteko artikulazioa ahula da oraindik.

Ahozko komunikazioa xede eta bide

Ahozkotasuna berariaz hezkuntzaren xedea ez ezik, bidea ere beharko lukeela adierazi zuen Ines Garcíak ere. Ahozkotasunaz dihardugunean ez dugu arreta jarri nahi hizkuntza irakaslearengan bakarrik; eskolako elkarrekintzetan euskararen erabileraren mesedetan gerta daitekeenaz ere gogoetatu nahi da eremu honetan; are gehiago gizarte honetako testuinguru soziolinguistikoan. “Gero eta ikasle elebidun gehiago ditugu, gero eta hizkuntza errealitate anitzago baten aurrean gaude, eta aniztasun hori gure aldeko bihurtu beharko genuke” zioen Kike Amonarrizek. Aniztasun horretan ahozko hizkuntza lantzeak zentzua du ez bakarrik komunikazio gaitasunari begira, baita erabilera eta motibazioari begira ere.

Halaxe amaitu zen mahai-ingurua ere, eskolari ahozko zein testu genero lantzea dagokion mahai-gaineratuz. Ondorioztatuz, gure hizkuntza aniztasunean dagokigula ikaslearen beharrizan komunikatiboei erantzungo dioten eredu didaktikoetan sakondu eta formazioan eragitea, eta jardun hau guztia hizkuntza normalizazioaren ikusmiratik aberastea.

Informazio gehiago: