HIZLARIAK ETA LABURPENAK

 

 Hitzaldiak:

Paula Kasares

 

Paula Kasares (Iruñean, 1969)

 

Euskal Filologian (Deustuko Unibertsitatean) zein Gizarte eta Kultura Antropologian (Euskal Herriko Unibertsitatean) lizentziatu zen eta ondotik Hizkuntza Plangintzan (EHUn) eta Antropologian (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan) graduondoko ikasketak egin zituen. 2013an Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUPen) doktore maila erdietsi zuen euskararen belaunez belauneko jarraipenaren eta familia euskaldunetako hizkuntza sozializazioaren gaineko tesi baten bidez.

Haren ibilbidea soziolinguistikaren alorrean jorratu du. 1998tik 2000ra Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika sailaren arduraduna izan zen eta 2001etik 2003 bitartean Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria. Egun Baztango Udaleko Euskara zerbitzuko teknikari jarduten du bai eta NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakasle ere.

Soziolinguistika eta hizkuntza-antropologia alorretako liburu baten eta hainbat artikuluren egilea da. Horietako bati esker 2011n Soziolinguistika Klusterrak ematen duen Hausnartu saria irabazi zuen. Hala berean, hainbat komunikazio eta hitzaldi eman ditu biltzar-mintegietan, Euskal Herrian nahiz atzerrian. 2006tik euskaltzain urgazlea da.

 
 
 
Hitzaldiak:

Jone Miren Hernández

Informazio Zientzietan eta Gizarte eta Politika Zientzietan lizentziatua da UPV-EHUn. 2005. urtean bere tesia defenditu zuen UPV-EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Departamentuan (Euskara, comunidad e identidad : elementos de transmisión, elementos de transgresión).

Gizarte-ikerketako teknikari gisa lan egin zuen, Aholkularitzaren eta merkatu-azterketen esparruan, eta gero Tolosako (Gipuzkoa) Udalean berdintasunerako teknikari aritu zen. Gaur egun Gizarte Antropologiako irakaslea da UPV-EHUn. Soziolinguistika Klusterrean, besteak beste, BAT aldizkariaren argitalpen batzordeko kide da.

Hainbat argitalpenen egilea da eta gai ugariko proiektuetan parte hartu du. Dena den, bere ikerketa-ildoak batik bat hizkuntza-antropologiarekin eta antropologia feministarekin daude lotuta. Egun bertsolaritza du bereziki aztergai.

Erreferentziak:

 
Hitzaldia:

Pello Jauregi

Pello Jauregi . Pedagogian Lizentziaduna (Salamancako Unibertsitatean) eta Hezkuntza Zientzietan Doktorea (EHUko Unibertsitatean). EHUko Donostiako Irakasle Eskolan irakasle hainbat urtez, eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean irakasle izandakoa, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle da.

Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundean urte ugari emandakoa, didaktika zereginetan bereziki. “Alfabetatzea eta Euskalduntzea” izeneko graduondokoaren arduraduna EHUko unibertsitatean. “Kuadrilategi” egitasmoaren sortzaileetako bat.

Sozioliguistika Klusterrarekin elkar lanean, hainbat egitasmotan parte hartzen du, esate baterako, Aldahitz Euskara ikasi dutenen hizkuntza-ohituren aldaketen inguruko egitasmoan edota HAUSNARTU Euskal Soziolinguistika Sarien epai-mahaikide gisa.

Hainbat liburu eta artikuluren egile:

Jauregi, P. (1994) Berezko taldeak euskalduntzeko ikas estrategia. Bilbo: Euskal Herrriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.

Jauregi, P. (2003) Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II). Lasarte-Oria: Lasarte-Oriako Udala.

Jauregi, P.; Huegun, A. eta Egizabal, D. (2004) “Kuadrillategi egitasmoa”, in: BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 53. zenbakia, 103-111 orr.

Jauregi, P. eta Huegun, A. (2005) Sentitu. Donostia: Utruisque Vasconiae.

Jauregi, P. eta Suberbiola, P. (2009) “Hizkuntza aldaketa bikoteen harremanean: ikuspegi teorikoa eta ikerketaren ondorioak”, in: BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 71. zenbakia, 177-191 orr.

  Hitzaldia:

Iñaki Eizmendi Arsuaga

Gizarte Hezitzailea.

Lasarte-Orian jaioa 1973an.

18 urterekin hezitzaile izateko bideari ekin nion. Aisialdiko begirale ikastaroa egin nuen eta geroztik Aisialdiko Zuzendari ikastaroa eta Animazio Soziokulturaleko ikastaroak egin nituen. Gizarte Hezitzaile ikasketak egitea izan zen hurrengo urratsa.

Ikasketekin batera lan ibilbideari ere ekin nion. Aisialdiko begirale eta zuzendari izan nintzen hainbat udalekuetan eta 21 urterekin Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkarteko dinamizatzaile moduan hasi nintzen. 12 urte eman nituen dinamizatzaile lanetan.

Denbora horretan hainbat aisialdi jardueren kudeaketaren ardura izan nuen, eta  beti euskararen erabilera indartzea izan zen ardatz nagusiena.

2007an, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuko lantalde-buru izan nintzen. Haurren eta gazteen euskararen erabilera sustatzerakoan hezitzaileek izan beharreko jarrera eta hezitzaileentzat hainbat tresna garatu genituen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean argitaratu genuen urte horretan.

Urte horretan bertan euskara elkarteko dinamizazio lanak utzi eta bide berri bati ekin nion: ebete hizkuntza-zerbitzuak sortu nuen. ebeteren bidez haurren eta gazteen euskararen erabileran eragiteko tresnak eta baliabideak garatzea eta frogatzea bilatzen dut. Une horretan hasi ekin nion euskararen transmisioaren gaia garatzeari.

Euskararen transmisioa dela eta irakasleekin eta gurasoekin hainbat lanetan aritzen naiz: hitzaldiak, ikastaroak, proiektuetan aholkulari moduan aritzea… Besteak beste, 4 guraso batzorderekin lanean ibili naiz, eta gutxienez 20 ikastetxetan abian dira irakasleek gurasoei begira prestatutako plangintzak. Gainera, urtero hainbat eta hainbat hitzaldi ematen ditut gurasoentzat hizkuntza transmisioaren inguruan.

ebete hizkuntza-zerbitzuen bidez, bestalde, hainbat jardunalditan parte hartu dut irakasle moduan eta hainbat argitalpenetan ere idatzi dut: Udaltop, Hik Hasiko Udako Jardunaldiak, EHUko Udako ikastaroak, Ikastolen aldizkaria, Entitateak euskalduntzeko metodologiaren garapena (Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa), eta abar.

Aurrerantzean ere haurren eta gazteen euskararen erabileran eragiteko estrategiak eta tresnak garatzen, frogatzen eta hedatzen jarraitzeko asmoz jarraituko dut lanean.