Jardunaldia eta lankidetza hitzarmena Xarxa CRUSCAT – Institut d’Estudis Catalans-ekin

Abenduaren 11n eta 12an Bartzelonan izango da Soziolinguistika Klusterra, Xarxa CRUSCAT erakundeak antolatu duen “La recerca sociolingüística en l’àmbit de la llengua catalana” Jardunaldian parte hartzeko. Jardunaldi hori 2011n ospatu zen lehen aldiz eta aurtengoa da bigarren edizioa. Bi egunetako egitaraua osatu dute eta Jardunaldi horretan Katalunian egiten ari diren ikerketa soziolinguistikoen berri emango dute; dosi txikietan.

 

Soziolinguistika Klusterrarentzat, besteak beste, hiru arrazoiengatik da interesgarria Jardunaldi hau:

  • Batetik, Katalunian egiten ari diren ikerketa soziolinguistikoak ezagutzeko eta haietatik ikasteko.
  • Bestetik, Katalunian egiten diren ikerketen eta hemen egiten direnen artean lankidetza aukerak detektatzeko.
  • Azkenik, Kataluniako ikerlariak, adituak eta ikerketa taldeak ezagutzeko.

 

Jardunaldiko sarrera hitzaldia Iñaki Martinez de Lunak emango du: “La sociolingüística del euskera: del movimiento social a la práctica académica”. Iñaki Martinez de Luna, soziolinguista ezaguna izateaz gain, Bat Soziolinguistika Aldizkariko zuzendaria da egun.

 

Abenduan argitaratuko den Bat Aldizkariaren 87-88 ale bikoitzean euskararen inguruko ikerketa soziolinguistikoen gaia landuko da. Lanketa hori baliatuz emango du sarrera hitzaldia Iñaki Martinez de Lunak.

 

Jardunaldi horren bueltan lankidetza hitzarmena sinatuko dute Soziolinguistika Klusterrak eta Institut d’Estudis Catalans erakundeak (Xarxa CRUSCAT Institut d’Estadis Catalans erakundeko parte da). Bi erakundeen arteko lankidetzarako markoa zehazteaz gain elkarrekin proiektuak garatzeko asmoa islatuko du Lankidetza Hitzarmenak. Proiektu horiek hiru jardun eremu hauetan kokatuko dira:

  • Hezkuntza arloko soziolinguistika.
  • Soziolinguistika ikerketa sareen eraketa.
  • Hizkuntza erabileren neurketarako metodologiak eta eredu teorikoak.

Lankidetza Hitzarmen honek ezagutza soziolinguistikoa trukatzeko eta elkarrekin sortzeko borondateari erantzun nahi dio eta zalantzarik gabe, norabide horretan urrats sendoa izango da.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN