PROIEKTUAREN URRATSAK

Hiru urrats nagusitan azal liteke proiektua:

Testuinguratzea

Ikerketa egoki bideratzeko, beharrezko ikusi da ikergaia bera testuinguratzeko lana hartzea. Alde batetik, gazteen euskararekiko bizipen eta pertzepzioen gaiarekin lotuta egin izan diren hausnarketa, ikerketa eta bestelako lanen errepasoa burutu da, hauetatik ikasgaiak eta ereduak atera asmoz. Bestetik, Gasteizko gazteria euskaldunean ematen ari diren aldaketak eta gaur egungo egoera irudikatzeko, sektore honen ezaugarri demolinguistiko nagusiak aztertu dira.

Informazioa biltzea

Ikerketaren helburuak kontuan hartuta, gazteen iritzi eta bizipenei buruzko informazioa eskuratzeko erabilitako metodologia nagusia kualitatiboa izan da. Izan ere, ikerketak bilatzen duena Gasteizko 18-24 urteko gazte euskaldunek euren eta ingurukoen jokabideei ematen dizkieten zentzuak eta esanahiak ezagutzea da. Helburu horri begira, gazteek aitortzen dituzten praktikak eta darabiltzaten diskurtsoak izan dira aztertuak.
Eztabaida-taldeen teknika erabili da; zehazki, bi eztabaida-saioko diseinu-teknikoa izan du landa-lanak. Ikerketak Gasteizko 18-24 urte bitarteko gazte euskaldunen ikuspegia jaso nahi duenez, eztabaida-saioetan parte hartu duten kide guztiak jaiolekua, adina eta hizkuntza-gaitasunari dagokionez profil horretan sartzen ziren. Horren barnean, saioetan lehen hizkuntzari dagokionez, aniztasuna bermatu da, nahiz eta 3 urte arte gaztelaniaz soilik ikasi zutenak gehiengo izan. Ikasketetako hizkuntzari dagokionez, parte hartzaile gehienak D ereduan ikasitakoak dira, Gasteizko gazte euskaldunen gehiengoaren ezaugarria baita. Horrez gain, gazteen arteko harreman-sare antolatuei dagokionez, arlo desberdinetako dinamiketan parte hartzen duten gazteak egotea bermatu da: kirola, kultura, aisialdia, gizarte-mugimenduak…

Edukien azterketa

Saio bakoitzean jasotako funtsezko informazioa bost gai-multzo handitan sailkatu da; ondorioak azaltzerakoan erabiliko diren multzo berdinak:

  • Euskararen irudia eta euskararekiko jarrera eta aurreiritziak
  • Euskararen bilakaera soziala eta hizkuntza-politika
  • Hizkuntzen erabilera-ohiturak eta arauak
  • Hizkuntzen ikaskuntza, gaitasuna eta ezaugarriak
  • Etorkinak eta euskara

Gai hauen inguruan esandakoak kontuan hartuz Gasteizko gazte euskaldunen ikuspegiaz ondorio batzuk atera dira.