HIZKUNTZA-EKOLOGIA ETA LURRALDE EUSKALDUNAK - KRONIKA

UEMAREN TOPAKETAN, IKUSPUNTU EKOLOGISTA HIZKUNTZAREN NORMALIZAZIOAN TXERTATZEKO AHALEGINA EGIN DUTE

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatutako “Hizkuntz ekologia eta lurralde euskaldunak” topaketak eduki mamitsuak eta zer hausnartua utzi dizkie Azpeitian bildutakoei. Gai nagusiak UEMAren 20 urteko ibilbidea eta hizkuntza ekologia izan dira. Hizkuntz ekologiaz, Albert Bastardas i Boada Bartzelonako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza arloko irakasle katedraduna aritu da, eta bioaniztasunaren eta hizkuntz aniztasunaren analogia egin du.

Topaketan, Eusko Ikaskuntza, Kutxako EKOGUNEAK eta Soziolinguistika Klusterrak eman dute laguntza, eta 80 bat parte-hartzaile izan dira, Euskal Herrian euskararen normalizazioan ari diren erakunde eta taldeetakoak: hautetsiak, euskalgintzako kideak, erakunde publikoetako ordezkariak… Gainerako hizlariek eta entzuleek ere bioaniztasunaren diskurtsoa hizkuntzalaritzalara eramateko ekarpenak egin dituzte.

Topaketaren parte-hartzaileen artean jatorri, talde eta erakunde askotako kideak izan dira.

Udaletako alkate eta zinegotzi asko bertan izan dira; besteak beste, Xabier Mikel Errekondo (Usurbil), Julian Eizmendi (Azpeitiko Udala), Iñaki Iturain (Orioko Udala), Martin Arriolabengoa (Aramaioko Udala), Yolanda Larrañaga (Azkoitiko Udala), Mila Idiakez (Debako Udala), Julen Garate (Azkoitiko Udala) eta Mikel Luloaga (Zaldibiako Udala).

Hautetsiez gain, udaletatik euskara zerbitzuetako kideak ere joan dira, bai UEMAko herrietakoak (Zestoa, Azpeitia, Bergara, Irura, Orio, Oiartzun, Usurbil, Zumaia…), bai UEMAtik kanpokoak (Azkoitia, Bermeo, Donostia, Lasarte-Oria, Zarautz…).

Euskalgintzako kide esanguratsuak ere izan dira topaketan; besteak beste, Paul Bilbao (Kontseilua), Garbiñe Petriati (Behatokia), Nestor Esteban eta Igone Lamarain (Euskal Herrian Euskaraz), Nerea Ibarluzea (AEK), Petra Elser (Banaiz Bagara), Txarles Ranero (AHIZE-AEK), Rober Gutierrez (Bai Euskarari Elkartea), Kaxildo (Mendebalde Kultura Alkartea) eta Jasone Mendizabal (Topagunea).

Udalez gaindi, beste erakunde publiko batzuetako ordezkariak ere izan dira; besteak beste, Estibaliz Alkorta (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Patxi Martinez de Marigorta (Eusko Jaurlaritza). Horrez gain, beste talde edo eragileotako kideak ere bertan izan dira, besteak beste, Ahize-AEK, Artez Euskara Zerbitzua, EMUN kooperatiba, Jardun Euskara Elkartea, ULIBARRI programa, Urtxintxa eta Urola Kosta institutua.

Harrera ekitaldian, hainbat lagunek hitz egin dute.

Patxi Martinez de Marigorta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak nabarmendu du UEMA eta Jaurlaritza ez direla arrotz eta bi erakundeen arteko hartu-emanak emankorrak izan direla. Besteak beste, XXI. mendeko hizkuntz politikaren oinarriak nabarmendu ditu, bertatik euskararen arnasgunen ildoa atera delako eta horen baitan kokatu dituelako udaleri euskaldunak.

Carlos Ruiz Kutxaren izenean hitz egin du, eta UEMArekiko harremanak izan ditu hizpide. Horren baitan, abenduaren 18an UEMAko udalekin sinatutako hitzarmena ekarri du gogora. Horrekin bat, hizkuntz ekologiaren ildoan, Kutxaren Ekogunea aipatu du, bertan hizkuntz ekologiaren modulua dutelako.

Estibaliz Akorta Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaria hizkuntz aniztasunaren garrantziaz aritu zen hizketan, eta adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntz politika aurreratua duela helburua. Adierazi du horretarako jendearen portaera eta araubidea aztertu behar direla, euskarak bere tokia izan dezan.

Julian Eizmendi Azpetiko alkateak gidaritza partekatuaren garrantzia oso handia dela adierazi du, eta gaineratu du Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntz politikaren gidaritza Jaurlaritzak eta EUDELek dutela.

UEMAren hausnarketa prozesua amaitu berri denez, Jon Bollar UEMAko lehendakariak mankomunitatearen 20 urteko ibilbidea izan du hizpide. Hasteko, 80ko hamarkadako egoera ekarri du gogora: udalerri euskaldunetan kalean euskara nagusi zen arren, ez zen gauza bera gertatzen udal jardunean. Bollarrek adierazi du disfuntzio egoera horretan euskararen aldeko loratzea izan zela eta, ildo horretan, Euskal Herrian Euskaraz taldeak udal euskaldunetan aurkeztutako mozioak abiapuntu izan zirela. Bollarrek azaldu duenez, hortik, gerora, erakundetzea etorri zen; hau da, mankomunitate bihurtzea.

Bollarrek emandako datuekin, argi geratu da 20 urteko ibilbidearen baitan handitzeko joera izan duela UEMAk: 1991tik 72 udalerri egon dira une batean edo bestean mankomunitatean, eta, gaur egun, 60 udalerri daude.

Lorpenen artean, honako hauek aipatu ditu Bollarrek: udalek euskaraz funtziona dezaketela frogatzea, arlo publikoan eragitea (merkataritzan, adibidez), hautetsien kontzientziazio maila handitzea, euskarari prestigioa ematea, herritarrak euskaldun izateaz harro egotea eta ekitearen bidez burujabetza linguistikorantz aurrerapausoak ematea.

Hutsuneen artean, berriz, lorpenak gizarteratzeko zailtasunak eta gatazka politikoak UEMAn izan duen eragina aipatu ditu, besteak beste.

Etorkizunera begira, indargune ugari daudela ondorioztatu dute hausnareketan: besteak beste, herri kopurua handitzeko aukera, egoera politiko berriaren onurak eta euskararen aldeko eragileekiko elkarlana.

Belen Uranga Soziolinguista Klusterrekoak hizkuntz ekologiari buruzko sarrera egin du. Urangak adierazi duenez, ekologia XIX. mendeko kontzeptua da, eta, zentzu zabalean, izaki biziduna eta bere ingurua aztertzen ditu. Urangak adierazi du hizkuntz ekologia lantzearen helburua ekologiaren eta biodibertsitatearen ideia horiek hizkuntzen alorrera ekartzea dela; betiere, ekintzara begira. Horren baitan, Urangak azaldu du hizkuntzek irauteko zer baldintza izan behar dituen aztertzen dela, eta irtenbideak bilatzen dituela.

Albert Bastardas i Boada hizkuntzalaritza katedradun katalanak pentsamolde ekologista hizkuntzaren alorrera ekartzeko bidea jorratu du, eta, hitzaldian, behin eta berriro aritu da bioanitasunean oinarritutako adibideak hizkuntz ukimen egoeretara ekartzen. Bastardasek honako galdera hau egin du: “Azken batean, galdera honi erantzutea da erronka: giza espezieak zer-nolako baldintzak behar ditu irauteko? Hizkuntzek zer baldintzatan dute bermatuta bizirik irautea?”.

Bastardasek adierazi du ingurumenaren aldeko ikuspuntu ekologista ondo ikusita dagoela gizartean, baina hori ez dela gertatzen hizkuntz aniztasunarekin. Nabarmendu du abiapuntua gizakiok hizkuntz aniztasuna baloratzeak izan behar duela, eta gaineratu du hor lan ideologiko handia dagoela egiteko.

Bi edo hizkuntza gehiagoren arteko ukimen egoeretan, testuinguruak duen garrantzia oso handia dela adierazi du, eta, horrekin lotuta, hizkuntza ez dela bere horretan salbatu behar, baizik eta hizkuntza horiek bizitzeko ekosistemak; hau da, ekosistema sozio-politikoa edo hizkuntzaren habitata.

Ideia horretan sakonduz, ekologisten lana hartu du abiapuntu: “Zer egiten dute ekologistek? Galtzear edo desagertzear dauden espezieak aztertzen dituzte. Espezie horiek desagertzear badaude, euren ingurua eta bizi baldintzak aldatu direlako da eta beste baldintza horietan ezin dutelako bizirik iraun. Horixe bera gertatzen da hizkuntzekin. Eta, hizkuntzen galeran, hizkuntza handiek eragin handia dute. Zergatik dira handiak? Beste hizkuntza batzuk jan egiten dituztelako, beren espazioak hartu dituztelako”.

Hartara, hizkuntzek ere arnasa hartzeko espazio funtzionalak behar dituztela aldarrikatu du Bastardasek; izan ere, bestela, elikadura iturriak kendu eta desagertze bidean jarriko dira. Animalien kasua erabili du berriro ere hori azaltzeko: “Bi espezieren arteko harremana ez da hutsean gertatzen, baizik eta testuginguru jakin batean. Horregatik bi espezieren arteko harremana aztertzean, oinarri-oinarrizkoa da testuingurua aztertzea. Izan ere, testuingurua bat izan ala bestea izan, bi espezieren arteko harremana orekatuagoa edo desorekatuagoa izango da”.

Horren ondoren, berdintasunaz aritu da irakasle katalana: “Desberdina dena berdin tratatzea baztertzailea da. Berdintasuna ez da hori: ahula laguntzeak ekarriko du oreka, eta hori izango da berdintasuna, ez biak berdin tratatzea.

Diskurtsoaz harago, ekarpen praktikoagoak ere egin ditu Bastardasek: “Gure hizkuntzaren ekosisteman funtsezkoak diren elementuak zein diren azterttu behar dugu, hizkuntzak bizirik jarraitzekotan. Hor hizkuntza politika sartzen da, eta, horren baitan, ezinbestekoa da hartutako neurriek zer-nolako eragina duten ikustea. Hori norberak egin behar du, tokian tokiko egoera kontuan hartuta; izan ere, katalanaren egoera edo euskararen egoera edo gaelikoaren egoerak oso desberdinak dira”.

Ekologistekin bat eginez, eredu ekonomiko erasokor batekin ezin dela jarraitu adierazi du, baita planeta mailako ikuspegia eduki behar dela ere. Izan ere, Bastardasen ustez, ikuspegi unibertsal batetik abiatuta, jasangarritasunaren ikuspegia geureganatu behar dugu: “Gure hizkuntz komunitateak ez du bakartuta geratu nahi: guk hizkuntz aniztasunaren erronka onartzen dugu, baina gure hizkuntzaren defentsa arduratsutik abiatuta”.

Hizkuntzen balorazio hierarkikoari uko egin behar diogula ere gaineratu du: “Askok uste dute ondoan dagoen hizkuntzak norberarenak baino gehiago balio duela, eta hori ez bide ona. Ingelesak gero eta gehiago betetzen du funtzio hori. Baina ondoan beste hizkuntza batzuk edukitzeak ez du esan nahi hizkuntza hobeak direnik, baizik eta beharrezkoak diren funtzio batzuk betetzen dituztela. Globala izateak ez du esan nahi hobea denik”.

Aholku praktiko batzuk ere eman ditu Bastardasek: “Zentzuzko kasu batzuetan bakarrik onartu behar dugu beste hizkuntza bat erabiltzea. Lehentasuna berezko hizkuntzari eman behar diogu”.

Enpresek jarduerek eragiten duten inpaktu soziolinguistikoaz ere aritu da, eta hori aztertu egin behar dela aldarrikatu, enpresak gizarte zabal batean daudelako eta horrek erantzukizun bat eta etika sozial bat dakartzalako.

Neurri politikoez ere jardun du Bastardasek: “Elkarrekintza pertsonalak hartu behar ditra kontuan: talde sozialak, identitatea. Ni X naiz, Ni X naiz eta pixka bat Y... Identitateak ez dira harrizkoak. Hizkuntz normalizazioan, ez da objektuekin lan egiten, bazik eta sistema baiten baitan dauden talde sozialetan jarduten duten gizabanakoekin”.

Izan ere, Bastardesen ustez, politika oinarrizko elementua da hizkuntzen ekologiaren alorrean: “Politika antolakuntza kolektiboan oso garrantzitsua da: piramidearen goiko erpinean dago. Botere potikoa, botereetan botere handiena eta beste guztia antolatzen du”.

Azkenik, hizkuntz ekologiak irudimenerako eta sormerako bidea eman behar duela adierazi du: “Hizkuntz ekologiaren baitan, norberak bere ekarpena egin behar du, talde txikia izanagatik ere fenomeno global baten mende bizi garelako”.

Parte-hartzaileek, hizlariei entzuteaz gain, hizkuntz ekologiari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera izan dute kafe-solasaldian. Ideia trukea talde txikietan egin dute, eta hamaika kontu interesgarri izan dituzte hizpide: zer-nola sakondu hizkuntza ekologiaren diskurtsoan, hizkuntz ekologiaren aplikazio praktikoak, nola lotu hizkuntz ekologia iraunkortasunarekin eta gizarte erantzukizunarekin, nola zehaztu interbentzio eremuak eta zertan eragin…

Kafe-solasaldiaren ostean, Xabier Ezeizabarrenak hartu du hitza, eta zuzenbidea eta hizkuntz ekologia uztartzeaz aritu da. Ezeizabarrenaren aburuz, Euskal Herria juridiko konplexua da, ez baitago eredu juridiko bakarra Euskal Herri osoa hartzen duenik. EAEn udal lege propio bat falta dela adierazi du, eta horren gabezia salatu, Espainiako estatuaren mendekoa baita indarrean dagoen udal legedia.

Halaber, muga legalen arazoa hor dagoela azaldu du, eta Auzitegi Konstituzionalaren eta Kataluniako Estatutu Berriaren arteko auzia ekarri du gogora: “Apustu ausart horiek ez dute helburua betetzea lortu, nahiz eta erabat legitimoak izan. Guk ere bide hori jorratu beharko genuke”.

Iñaki Marko Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak “arnasgune” kontzeptua izan du hitzaldiaren ardatz nagusietako bat. Kontzeptua asko zabaltzen ari dela adierazi du, eta gauza guztiei arnasgune deitzeko arriskuaz ohartarazi. Arnasgunea, bere ustez, arnasteko espazio fisikoa da: “Arnasguneak espazioak dira: espazio horietan, euskaldunen kontzentrazio demografiko handia eta hizkuntzaren transmisio naturala ematen da. Hor badago komunitate bat euskaraz gizarteratzen dena. Espazio horrek gauza asko ematen ditu: hiztun trebeak eta osatuak, hizkuntza aberatsa eta kalitatezkoa, euskaldun hiztun eragile eta profesionalez hornitzeko”.
Euskaldun baten hitzak ekarri ditu hitzaldira Markok: “Psikologikoki behar dut arnasgunea: toki bat non inork ere ez didan arraro begiratuko, non euskaraz jarduteak ez duen gatazkarik sortuko...”. Lan ildo hori jarraitu beharrekoa dela adierazi du Markok.

Topaketa amaituta, zer hausnartua eta zer aztertua eraman dute parte hartzaileek.

 

UDAL EUSKALDUNEN MANKOMUNITATEA (UEMA)