KRONIKA

Euskal Soziolinguistika IV. Jardunaldia

Donostiako Zientziaren Kutxagunean ospatu zen, joan den otsailaren 18an. 2011ko honetan, gai nagusi bat izan du: Soziolinguistikaren dibulgazioa. Eta gai nagusi horren aurpegi ezberdin batzuk ezagutu ahal izan genituen goiz eta arratsaldeko egitarauan.

harrera

2011. urtean zehar Soziolinguistika Klusterreko lehendakari den Jaime Altunak eman zion hasiera ekitaldiari, besteak beste nabarmenduz 2010a Klusterrarentzat “lankidetzen urtea” izan dela. Mahaikide izan zituen Lurdes Auzmendi (HPS), Carlos Ruiz (Kutxa) eta Estibalitz Alkorta (GFA) eta hirurek aipagai izan zituzten beren erakundeek 2011rako soziolinguistikarekin lotura duten gaietan aurrean dituzten erronkak, eta nola horietako batzuetan lankide izango diren Soziolinguistika Klusterrarekin.

xamar

J.C. Etxegoien “Xamar-ek eman zien hasiera hitzaldiei. Baina berea ez zen ohiko hitzaldia izan, elkarrizketa zabala baizik. Klusterreko Belen Urangak egin zion, eta bertan Xamarrek, ohi duen estilo bizi eta zorrotzean hainbat kontu azpimarratu zituen. Besteak beste: gaur egun sozialki etengabe zabaltzen den eta “ia ikusezin” bihurtu den euskararen kontrako diskurtsoa neutralizatu beharra, edota berreskuratze-ahaleginetan, irakasleak lehen lerroan edo “lubakian” daudela eta maiz haiengan gehiegizko zama jartzen duela gizarteak, ardura orokorra denean.

osoa

Ondoren Hausnartu sarien III. edizioko sariak banatu ziren. Sariak Iván Igartuak (HPS), Estibalitz Alkortak (GFA) eta Jaime Altunak (SL Klusterra) banatu zituzten, eta han izan genituen hiru sarituetatik bi: Galder Unzalu antropologoa (2. saria) eta Patxi Juaristi soziologoa (3. saria). Luis Azpiazu izan da III. edizioko irabazlea Gazteak, musika eta euskara bere lanarekin, baina Luisek ezin izan zuen etorri, eta lanaren zati batzuk irakurrita saiatu ginen bertaratuei ikerketa interesgarri hau ezagutzera ematen. Unzaluk eta Juaristik beren lanen azalpen labur bana egin ziguten, eta horrez gain, BAT aldizkariaren 78. zenbakiaren ale bana banatu zen jardunaldian, non hiru lan horiek osorik jaso diren.

zalbide

Mikel Zalbide euskaltzaina izan zen hurrengo hizlaria, alboan entzule bi lagun zituela: Paula Kasares eta Iñaki Martinez de Luna irakasleak. Zalbidek Diglosiaren purgatorioaz izenburua jarri zion bere hitzaldiari, “Teoriari tiraka” izeneko lan-saioan. Terminoaren errebisio teoriko sakon eta zehatza eskaini zuen: nondik sortua den, nola definitu zen jatorrian, gero zein adiera hartzen joan den, gaur egungo nahastera iritsi arte. Azaldu zuen, gurea ez dela gaur egun egoera “diglosiko” bat funtsean, eta gurea bezalako hiztun komunitate batean banaketa funtzional bat onartzearen alde hitz egin zuen. Kasaresek eta Martinez de Lunak erantzun zioten, besteak beste, era honetako eztabaiden beharra aldarrikatuz, eta gurea bezalako egoerak deskribatzeko sailkapen dikotomiko sinpleak gainditu beharra defendatuz.

sole

Bazkalostean Jordi Sole i Camardons soziolinguista eta irakasle katalana izan genuen hizlari. Soziolinguistikaren irakaskuntzan eta dibulgazioan ibilbide luzea egin du: dozenatik gora liburu idatzi ditu, gure artean behar bada ezagunenak Soziolinguistika gazteentzat (jatorrizkoa Sociolinguistica per a joves) edota Diccionari de sociolingüística. Hezkuntza arloaz aritu zen batik bat, eta katalunian eduki soziolinguistikoak zabaltzeko mugarriak zein izan diren errepasatuz ibilbidea egin zuen, nabarmenduz, besteak beste, azken urteetan nolako atzerakada eman den zeregin horretan. Azken urteotan etorkinekin hizkuntza mailan egin den lanaren berri ere eman zuen, eta gazteei bizi duten hizkuntza errealitatearen zergatiak azaltzearen beharra aldarrikatu zuen.

mahaingurua

Eta jardunaldiaren azken zatian, mahaingurua: Lanparak eta ispiluak soziolinguistika zabaltzeko izenburupean lau hizlari, Arkaitz Zarragak gidatuta: Benito Fiz AEKko irakasle eta blogaria, Julen Arexolaleiba Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Jacqueline Urla Massachusetts Amherst-eko Unibertsitateko irakaslea eta Txerra Rodriguez Emun-eko langilea eta blogaria. Bakoitzak bere kokapenetik, soziolinguistikako ezagutzak batzuetan ekar dezakeen “argi” hori zein bidetatik eta nola zabal daitekeen gaur egun eztabaidatu zuten. Hiru hartzaile mota bereizi zituzten (profesionalak, euskaltzaleak eta gizartea) eta dibulgaziorako formatu eta bide ezberdinak erabiltzearen alde agertu ziren, helburuaren arabera hautatuz (liburua, ikus-entzunezko material laburrak, blogak…). Urla antropologak, Ipar Amerikako bere ikuspegitik, Jardunaldia bera goraipatu zuen, arloko unibertsitateko ordezkariak eta arloko teknikariak elkarrekin ari diren foro bat eratzearen zortea nabarmenduz, eta han horrelakoen beharra badutela esanaz.

Hizlarien azalpenak zenbait komunikabidetan agertu dira, besteak beste: Berria, Argian, Karrajuan, eta Garan.