KRONIKA

JARDUNALDIAREN KRONIKA

Otsailak 26, Miramon Zientziaren Kutxaespazioa Donostia

III. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia



Donostiako Miramon Zientziaren Kutxaespazioa otsailak 26an ez da izan soilik Darwinek
edo Newtonek egin zituzten aurkikuntzak gazte eta helduei ezagutzera emateko
primerako leku bat. Azterketa zientifiko ugari aztertu dira bertan egun honetan
zehar, baina kasu honetan ez dira biologia edo fisikakoak izan, soziolinguistika
arlokoak baizik.

Goizez eta arratsaldez, unibertsitateetatik (EHU, NUP, Huhezi…),
euskara zerbitzuetatik eta enpresetatik etorritako 130 bat lagunek aztergai
izan dituzte 2009. urteak euskal soziolinguistikan eman dituen ikerketak, horien
ondorioak eta horiek etorkizunerako iradokitzen dituzten egoerak eta lan-ildoak.

Aurreikusi bezala, formatu ezberdinak erabili dira III. Euskal
Soziolinguistika Jardunaldi honetan: mahainguru batekin hasi, hitzaldiekin jarraitu,
ondoren tailerrak, eta bukatzeko elkarrizketa ikerlari bati. Ondorengo testuan
dituzue laburtuta bertan parte hartu duten hizlariak eta beraien saioetako ideia
nagusiak.

Ekitaldiari hiru erakundetako ordezkariek eman diote hasiera:
Soziolinguistika Klusterreko Lehendakariak (Iker Martinez de Lagos), Gipuzkoako
Foru Aldundiko ordezkariak (Maria Jesus Aranburu) eta Kutxako ordezkariak (Carlos
Ruiz). Etorritakoei ongi etorria egiteaz gain, besteak beste, hau bezalako jardunaldiak
urtetik urtera sendotzen joatearen garrantzia azpimarratu dute.

Jardunaldiko lehen mahai-inguruan Euskararekiko jarreretatik
erabilerara gaia izan da aztergai. Mahai berean izan ditugu Erramun
Baxok
(EEP), Iñaki Martinez de Luna (EHU) eta Pablo
Sotés
(NUP), Belen Urangaren galderei erantzuten.

Bakoitzak hobekien ezagutzen duen lurraldea izan du mintzagai
datuen analisian. Hurrenez hurren: Ipar Euskal Herria, Euskal Autonomia Erkidegoa
eta Nafarroa. Baxokek esandakoen artean, ideia hauek azpimarratu ditu: Iparraldean,
gaur egun, euskaldun “gehiago daude”, baina esan daiteke “euskaldun
epelagoak” direla. Iñaki Martínez de Lunak, batetik, iritzi
publikoaren arloa lantzea funtsezkoa dela esan du. Bestetik, formazioa eta komunikazioa
lantzeari eman dio garrantzia, eta horretan hizkuntzen ekologia eta eleaniztasunaren
kudeaketa aipatu ditu indartu beharreko ideia gisa.

Hirugarren solaskideak berriz, Pablo Sotések, euskararekiko
jarrera Nafarroako zonifikazioarekin lotu du; hizkuntza-eremuaren arabera, euskararen
aldeko jarrera aldatzen da. Eremu euskaldunean %73 da, eremu mixtoan %40 eta
eremu erdaldunean %23. 35-65 urte bitartekoengan dago jarrera positiboena gaur
egun, eta gazteen artean jarrerak ez dira hain positiboak.

Ondoren, Soziolinguistika Klusterrak aurrera eramandako bi
ikerketa aztertu dira, bertan ateratako emaitzen gaineko lanketa praktikoak
eginaz tailerretan. Bi tailer izan dira horretarako, aukeran: Hizkuntza-ohituren
aldaketak: gako teorikoetatik egoera errealetara
, Pello
Jauregi
(HUHEZI, Mondragon Unibertsitatea) eta Pablo Suberbiolaren
eskutik (Soziolinguistika Klusterra) eta Gazteen erabileraren korapiloa
begi-bistan
Jaime Altuna
(Urtxintxa Eskola), Sonia Perez
(Topagunea) eta Asier Basurtok azalduta (Soziolinguistika Klusterra).

Hizkuntza-ohiturei buruzko tailerrean, ikerketan aldaketa prozesuei
buruz ateratako ondorioak hartu dira abiapuntu, eta jardunaldian parte hartutakoek
ondorio horiek beraien hurbileko egoera errealekin alderatu dituzte, lanerako
proposamen eta ideia berriak landuz elkarrekin.

Gazteen erabilerari buruzko tailerrean ere ikerketako emaitzak
hartu dira abiapuntu gisa. Ikerketan ondorioztatu dira zein diren gazteen erabileran
eragin handiena duten faktoreak, eta faktore horiek ezagututa, tailerrean parte
hartu duten teknikari, irakasle eta abarrek etorkizuneko egitasmoetarako kontuan
hartu beharreko aspektuak eta ikuspegiak landu eta partekatu dituzte.

Ondoren sarien txanda izan da. Izan ere, jardunaldian bertan
egin baita 2009ko Hausnartu Sarien banaketa-ekitaldia. Bertan izan dira aurtengo
hiru sarituak: Dabid Anaut (irabazlea), Jose Mari Zendoia (2. Saria) eta Urtzi
Barrenetxea (3. Saria). Sariak banatu ondoren, irabazleak egindako azterketari
buruzko hitzaldia egin du.

Arratsaldean ere bi hitzaldi izan dira Jardunaldian: Esti Amorrorturena
lehena, eta bigarrena Juan Carlos Moreno Cabrerarena.

Esti Amorrortuk bere hitzaldian Erdaldunen
euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak
lanari buruzko datuak eta ondorioak
izan ditu mintzagai. Ikerketak aztertzen du EAEn euskara ez dakiten biztanleek
euskararen aldeko sustapen lanari eta euskarari berari buruz zein iritzi dituzten.

Nabarmendu duen ideietako bat da orain arte hizkuntzen gaineko
motibazioen azterketan ohikoak izan diren motibazio integralak eta motibazio
instrumentalak bereizketa ez dela praktikan hain sinplea errealitatean, eta
beren lanean sailkapen horri gehitu diotela kanpokoa / barnekoa dimentsioa,
nolabait bereizteko, erdaldunek “euskararen mundua”n eguneroko bizitzan
parte ez hartu arren zenbateraino ikusten duten hurbileko mundu bat bezala (eta
interesgarria), edo zenbateraino urruneko gisa (eta axola ez zaiena).

Jardunaldiko azken saioa Juan Carlos Moreno Cabrera
irakasleak eman du. Saio bikoitza izan da gainera. Hitzaldia lehenik, eta ondoren
Onintza Irureta kazetariak eginiko elkarrizketa.

Moreno Cabrera ibilbide luzeko linguista da, eta gaurkoan erakutsi
du bere ezagutzak ez direla mugatzen linguistika teorikora. Madrildarra izan
arren, badu euskararekin lotura, eta baita ezagutza ere. Eta ezagutza hori gaur
praktikan jarri du, bere hitzaldia eta ondorengo elkarrizketa gaurkoan euskaraz
eginaz, bertan bildutakoen harridurarako.

Bere hitzaldian eta elkarrizketan, aurreiritzi eta ideologia
linguistikoen aurrean linguistikako adituen erantzukizuna aldarrikatu du, azterketa
teoriko objektiboen bitartez egunero entzuten ditugun hainbat topiko gezurtatzeko.
Esate baterako, mila aldiz entzun dugu “euskara hizkuntza zaila”
dela, eta hitzaldian azaldu du nola linguistikoki esaldi hori mito hutsa den,
oinarri zientifikorik ez duena, ez baitago munduan teknikoki hizkuntza bakar
bat ere ikasteko besteak baino zailago dena (ezta errazago ere).

Aztergai izan ditu beste hainbat aurreiritzi ere: esate baterako,
dialektoak hizkuntza estandarraren barietate “okerrak” direnaren
ustea, teknikoki erabat faltsua dena, edota ahozko eta idatzizko hizkuntzei
buruz zabalduta dauden uste okerrak.

Bat etorri da, gainera, Esti Amorrorturekin azpimarratzean,
euskararena bezalako normalkuntza prozesu batean elebitasun pasiboak duen garrantzia;
hau da, euskara “oso ongi” egitera iritsi gabe ere, euskara ulertzera
iristen den jendearen ahalegina baloratu eta sozialki gehiago prestigiatu behar
dela, besteak beste ulermen maila horrek aukera emango lukeelako euskararen
erabilera soziala zabaltzea.



Donostian, 2010eko otsailaren 26an