KRONIKA

EUSKARA LAN MUNDUAN…LANEAN!- Baiona, 2009/7/8 eta 9

Aurten ere Soziolinguistika Klusterrak antolatu du berea UEUren udako ikastaroen artean. Lan mundua euskalduntzeko lehen ekimenak abian jarri zirenetik urte batzuk igaro direla eta, denbora tarte horretan emandako urratsak aztertzeko eta aurrera egiteko ildoez hausnartzeko asmoz antolatu zen Euskara lan munduan… lanean! ikastaroa uztailaren 8 eta 9an Baionako IUT unibertsitatearen egoitzan.

Lehen eguna, lan munduan euskararen erabilera sustatzearekin lotuta Soziolinguistika Klusterra burutzen ari den proiektuen azalpenekin hasi zen. Karmele Perez irakasleak Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak bildu eta zabaltzearen garrantziaz jardun zuen. Izan ere, normalizazioan izandako eraginagatik eta metodologia garatzerakoan duten esperientziagatik eredu bat dira eta antzeko helburuak bilatzen dituztenentzat duten baliagarritasuna agerian geratu zen.

Proiektuaren kokapenaren ostean, 2008an landutako bi kasuen azalpenak entzuteko aukera izan zen. IMHko euskara planaren arduradunek (Edurne Bilbao eta Isusko Diez) urteetan zehar egindako ibilbidea azaldu zuten, euren ustez arrakastaren giltzarri izan direnetan arreta jarriz. Bergarako Udaleko euskara zerbitzuburu den Estepan Plazaolak, berriz, bere herriko esperientziatik hitz egin zuen eta azpimarratu zuen ideia hau izan zen: Udalaren, herritarren eta eragileen artean elkarreragitea ezinbestekoa dela normalkuntzaren bidean.

Hurrengo saioa, EraLan ikerketa-proiektuari buruzkoa izan zen. Nekane Goikoetxeak, proiektu honetan euskara planetan bide berriak lantzeko lidergo eraldatzailearen gaia nola lantzen ari diren kontatu zuen. Era berean, lantokietako erabileran eragina duen faktore honetaz gehiago jakin asmoz martxan jarri diren interbentzioen berri eman zuen.

Jojo Bordagarai eta Bea Salaberriren txanda izan zen jarraian. Aek-Ahize aholkularitzako kideek Ipar Euskal Herrian abiatutako lan munduko lehen erabilera planaren nondik norakoak azaldu zituzten, Euskal Herriko Laborantza Ganbararena, hain zuzen ere. Plana martxan jartzeko lan munduko testuingurua guztiz erdalduna izatea eta Iparraldean arlo pribatu zein publikoan hizkuntza plangintza egituratu gabe egotea oztopo bezala aipatu zituzten. Baina jarraian, aldeko baldintzak ere bazirela azaldu zuten, hala nola, EHLGko giroa eta sektore euskaldunen artean erakundeak duen erreferentzialtasuna.

Elhuyar aholkularitzako Agurtzane Loidik eta Felipe Iñarrak "ahalmentzea" zeri deitzen dioten azaldu zuten, erabilera planak dituzten erakundeetako kideek plana “bere egite", hain zuzen. Erakunde horietako langileek plana "bere egiteko” eta kudeatzen asmatzeko eragiten duten faktoreen hausnarketa prozesu bat burutu dute. Ikastaroan prozesua azaldu eta bertan bildutako ondorioen berri eman zuten.

Bigarren egunean, lantokietan euskara sustatzeko diskurtso eta argumentuen inguruan jardun zuten hizlariek. Goizeko lehen hitzaldia Egaratuko kide Kepa Atutxak eskaini zuen. Enpresen Gizarte Erantzukizuna (EGE) lantzen duten lantegiek euskara kontuan hartu behar luketela defendatu zuen, gaur egun hala egiten ez den arren.

Abel Irizarrek, bigarren hitzaldian, ekolinguistikaren diskurtsoa zertan datzan azaldu zuen. Bioaniztasuna babesten den bezala, hizkuntza aniztasuna babestu beharraz kontzientzia sustatzeaz mintzatu zen. Horretarako argumentazioa eta diskurtsoa praktikan aplikatzeko neurri batzuk ere proposatu zituen.

Goizeko hirugarren saioaren ardura Marifer Gorostizak izan zuen. Buruntzaldeko udaletan egindakoa oinarri hartuta, udaletako euskara zerbitzuetatik sektore pribatuan eragin eta euskalduntzeko neurriak lan munduan zabaltzeko hainbat bide batzuk proposatu zituen.

Segidan beste udal bateko kasua ezagutzeko aukera izan zen. Gernika-Lumoko euskara teknikari Bittor Zarrabeitia eta planaren aholkularitzaz arduratu den Estiñe Astorkiak udalerriko merkataritza euskalduntzeari begira garatutako planaz hitz egin zuten. Planaren 15 urteko ibilbidean jasotako ikasgaien berri eman zuten eta bidean topatutako oztopoei nola erantzun dieten azaldu zuten.

Bazkalostean, ikastaroa borobiltzeko, tailer praktiko bat burutu zen Soziolinguistika Klusterreko Oihana Lujanbio eta Asier Basurtok dinamizatuta. Parte hartzaileak, lantaldetan, irudikatutako egoeratan kokatu ziren eta ikastaroan jasotako guztiaren artetik argumentuek egoera bakoitzerako zuten egokitasuna baloratu zuten.

Eta honenbestez eman zitzaion bukaera soziolinguistikari buruzko ikastaroari. Giro atseginean elkarrengandik ikasteko aukera izan delakoan, hurrengo urtean parte hartzera animatzeko gonbidapenaz agurtu ziren Baionan elkartutakoak.