HITZAURRE GISA 55. ZKIA.

 

Zenbaki honetan euskararen erabileraren eta normalizazioaren azterketa EAEko administrazioan dugu gai monografikoa. Aurreko zenbakian udaletako egoera aztertu genuen; oraingoan, berriz, udaletik kanpo gelditzen den administraziokoa, edo administrazioko esparru batzuetakoa, hobeto esan: HAEE-IVAP erakundea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Justizia arloa, eta Osasun arloa.

HAEE-IVAP erakundea orokorra da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen eragilea delako: giza baliabideak eta antolamendua hobetzea, eta administrazio eraginkorra, efizientea, eta elebiduna ezartzea du xede, zerbitzu publikoari buruz komunak diren balioetan oinarrituta. 1983 urtean sortu zen eta, geroztik, euskara administrazioan sartzea, hedatzea, eta normalizatzea du helburu, besteak beste administrazioan bertan hizkera finkatuz. Erakunde honen zereginak dira: bai Euskalduntze Zerbitzua, administrazio publikoko langileen hizkuntza-gaitasuna bultzatzeko, antolatzeko, eta ebaluatzeko, baita Itzulpen Zerbitzua ere, itzulpen eta interpretazio zerbitzuak eskaintzeko, eta administrazio arloko terminologia finkatzeko, zabaltzeko, eta material idatzia sortzeko. Urtero plangintzatzen ditu euskararen inguruko ikastaro ezberdinak, euskara zehatza eta kalitatezkoa bermatzeko eta herritarrekiko komunikazioa euskaraz errazteko. Administrazio publikoetako langileen arlo nagusiak dira: udalak, aldundiak, Jaurlaritza, Legebiltzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea, Osakidetza eta Justizia, baina jakina da ez duela eragin berdinik izan arlo hauetan: udaletan eta aldundietan eragin handiagoa du, adibidez, Osakidetzan eta Justizia arloan baino, zenbaki honetan ikus daitekeenez. Etorkizunari begira, artikuluan egindako hausnarketetan ez da jasotzen argi administrazio arlo guztietan egingo duten plangintza eta inplementazioa; gehienez, langileen motibazioa lantzeko ahaleginetan parte hartzea aipatzen da; berriro ere ikusten da irizpidea ez dela derrigorrez legea betetzea eta lanpostuen euskara perfila definitzea eta betetzea, baizik langileen motibaziora eta borondatera jotzea. Galdera, ordea, hau da: posible al da horrela administrazioa euskalduntzea?

Aldundiaren administrazioa nahiko gertuko administrazioa da eta, alderdi horretatik ikusita, aurreko zenbakian esandakoak baliagarriak gertatzen dira orain ere, egunerokotasunarekin lotzen delako. Antzean gertatzen da justizia eta osasun arloekin, hauek ere egunerokotasunetik nahiko gertu daudelako. Horregatik dira horren garrantzitsuak arlo hauek euskararen normalizazioaren ikuspegitik, biztanleentzako gertukoak direnez, lehentasuna dutelako. Arlo horiez gain, HAEE-IVAP erakundeak esaten duena ere oso garrantzitsua da, honengandik datozelako euskararen normalizazioaren plangintzak eta bideak administrazio publikorako.

Aldundia arloa ikusterakoan Gipuzkoakoa aukeratu dugu adibide gisa. 1991n sortu zen Euskararen Erabileraren Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusia, gehienbat barneko euskalduntzearen lanetan aritzeko eta barne-kanpo harremanetan euskararen erabilera bultzatzeko, ahoz eta idatziz. Datuen arabera, asko aurreratu da euskalduntzearen prozesuan. Artikuluan epealdi ezberdinak adierazten dira, hainbat departamentu kontuan hartuz eta lege ezberdinen aplikazioak aztertuz. Badirudi aurrerapauso esanguratsuak eman direla, eta prozesu osoa ondo neurtuta eta ebaluatuta dutela, horrela urteroko birplangintza errazago egin ahal izateko. Hala ere, artikuluan egiten diren hausnarketetan esaten da “azal elebiduneko administrazio erdaldun bat ari garela osatzen onartu beharko dugu”, “hogei urte geroago, erabileraren normalizazioaren helburu hori urruti dugula oraindik esan behar dugu”, besteak beste arduradun politikoek eta teknikoek euskararen erabileraren normalizazioaren plangintzatik kanpo gelditzea onartzen delako. Horrela, alderdi positiboak eta negatiboak adierazten dira artikuluan, errealitatea modu zuzenean azalduz; hau da, asko egin bada ere, asko da egiteko gelditzen dena.

Administrazioko Justizia arloaren inguruan bi artikulu ditugu, bata arloan euskararen normalizazio prozesua nola dagoen adierazten duena, eta bestea legeen arabera noraino den posible arloan euskararen erabilera eskatzea eta lortzea. Legeria aldetik badirudi arlo hau konplexua dela eta legeriaren alderdi eta maila asko kontuan eduki behar direla egoera ulertzeko, besteak beste langile transferituen ondoan (epaitegietako funtzionariak), ez-transferituak ere badaudelako (fiskalak, magistratuak, epaileak, eta idazkari judizialak), bestelako administrazio arloetan gertatzen ez dena. Arloaren berezitasunen artean bat itzultzaile eta interprete zuzenak erabiltzeko posibilitatea da, epaituen eskubideak baieztatzeko, herritarren hizkuntza eskubideak gordetzeko. Artikuluan aipatzen dira nolako ekintzak egin diren ahozko eta idatzizko euskararen erabilera indartzeko, lortu dena helburuetatik urrun gelditzen bada ere, besteak beste inplikazio gutxi izan delako. Nahiko egoera zailaren eta kaskarraren aurrean gaudela dirudi. Hala ere, “guztia ez da basamortua” dio bigarren artikuluak, urrats batzuk ematen ari direlako eta ematen jarraituko dutelako justizia euskalduna izatea eskatzen badugu.

Aztertzen den beste administrazio arloa osasunarena da, oraingoan elkarrizketaren bitartez, mintzakidea OEEko (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea) lehendakaria delarik. Arlo berezia dirudi, administrazio publikoko euskalduntze prozesutik kanpo gelditu delako: badirudi 2000. urtean egin zela lehen dekretua Osakidetza euskalduntzeko, baina joan diren urteotan oraindik ez dela erabat aplikatu, ezer gutxi alderdi ofizialetik begiratuta; eta osasungintzan orokorrean, Osakidetzatik aparte, oraindik gutxiago dago. Zertxobait funtzionatzen duena da OEE izeneko giza-erakunde pribatua, euskararen inguruan kezkatuta dauden osasun profesionalek osaturiko erakundea. Erakunde honek gauza batzuk egiten baditu ere, beren ustea ere nahiko ezkorra da: ez dagoela nahiko motibaziorik eta borondaterik arloa euskalduntzeko uste dute, nahiz eta biztanleentzako arlo garrantzitsua eta gertukoa izan. Benetan harrigarria, hezkuntzaren arloan gertatu dena ikusita, hezkuntzaren arloa oraindik handiagoa bada ere ari delako euskalduntzen; osasun arloa, berriz, (gutxi gorabehera 20.000 funtzionari dituen arloa) euskalduntze gaietan geldirik dago.

Zenbaki honetan “Gurean” atalean sartzen diren beste lan batzuk ere baditugu, aldizkariaren ohiturari jarraituz. Kasu honetan, lan hauek ondo lotzen dira gai monografikoko artikuluekin: batean merkataritza arloa lantzen delako, bestean nazioartearen eragina juridiko euskararen normalizazio prozesurako aztertzen delako eta, hirugarrenean, euskararen inguruko adostasunaren beharrari buruzko eztabaida proposatzen delako. Asko laburbilduz, merkataritza arloa adierazteko Txorierriko txikizkako merkataritza establezimenduak aztertzen dira, bertako esperientziaren alderdi positiboak eta negatiboak azalduz modu kritikoan, beti ere hobetzeko asmotan azalduz eta hobetzeko proposamenak adieraziz. Nazioartearen eragina euskararen normalkuntza prozesuan gaiak, berriz, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak egindako mahai-ingurua azaltzen du, gaur eguneko globalizazio munduan kokatuta; badirudi nazioarteko egoera nahiko txarra dela euskararen normalizaziorako, besteak beste euskal komunitatearen gaur eguneko burujabetza ezagatik. Eta azken lanak aztertzen du gaurko euskararen inguruan dagoen adostasun maila, euskara guztion zerbait izan dadin; modu pedagogikoan, euskararen egoera erkatzen du gaur egun adostasun handia lortu duten beste bi gairekin: ekologia eta emakumeen berdintasuna. Bai orokorrean eta baita adibide berezi baten bitartez mintzatzen da (157 irakasleen afera); helburua da euskararen aldeko akordio politiko eta pragmatiko zabalaren beharra azpimarratzea (lehenik egin beharrekoa, Fishmanen eredu soziolinguistikoaren arabera) eta horri buruzko eztabaida proposatzea.

Badira hainbat ideia artikulu eta lan hauetan errepikatzen direnak. Bata motibazioaren ingurukoa da, bi zentzu hauetan: zenbaterainoko garrantzia duen euskararen aldeko motibazioa izateak gizabanako mailan euskararen normalizazio sozialak aurrera egingo badu, eta noraino borondatean eta/edo derrigortasunean oinarritu behar duen euskararen normalizazio prozesuak; ausartuko nintzateke esaten biak behar ditugula, bai borondatea eta baita derrigortasuna izatea, beste zenbait gizarte arlotan gertatzen den bezala. Beste ideia bat euskararen aldeko presioa da: eskaera eskasak daudela gizartean eta, beraz, eskaintza ere ez dela askotan handia, eskaintza-eskariaren legearen arabera; agian gertatzen da ideologikoki eskaera handiagoa dugula enpirikoki edo pragmatikoki baino, zenbait arlotan ohiturak eta inertziak eraginez; horregatik, beharrezkoa dugu euskararen erabileraren aldeko eskaera mota guztiak bultzatzea: teorizazio soziolinguistikoa egiterakoan, ideologia lantzerakoan, adostasun politikoa bultzatzerakoan, edozein gunetan euskara praktikara ematerakoan, edozein komunikazio gertakizunean lehenbizi euskararen erabilera hautatuz, eta abar. Beste ideia da euskalgintzan bi bide aipatzen direla etengabe: administrazio publikotik datorren bide ofiziala eta giza mugimendutik datorren bide soziala; biak dira zutabe nagusiak euskararen normalizaziora iristeko, horregatik biak osagarri eta elkar-bultzatzaile izan behar dute, nahiz eta orain arte horrela ez den beti gertatu gure zoritxarrerako; honetan ere bi bide hauen arteko adostasuna lortu beharko litzateke. Beste ideia da unibertsitatearen inplikazioaren beharra euskararen normalizazio prozesuan zenbait alderditatik ikusita, baina gehienbat euskararen erabileran bertan: hezkuntzan, ikerkuntzan, administrazioan, eta abar; unibertsitatea euskalduntzeak eragingo du unibertsitatearen barnean hartzen diren gaitasunak eta ohiturak gero unibertsitatetik kanpo ere euskara erabiltzea, osasungintzan adibidez. Beste ideia bat da gertutasunari eta egunerokotasunari ematen zaion garrantzi handia, lehentasuna, hizkuntza normalizazio prozesuan, soziolinguistikako teorizazioan; horrela, zenbait arlo euskalduntzea estrategikoa gertatzen da euskararen normalizazioaren prozesua ziurtatzeko, hezkuntzarekin edo merkataritzarekin edo osasungintzarekin gertatzen den bezala. Beste ideia bat, erakunde batzuen anbiguotasuna da euskararen normalizazioari begira; adibidez, zenbait sindikatuk nahiago dute askotan beren bezeroei erantzute euskararekiko arautegia betetzea baino. Teorizazio soziolinguistikoaren erabileran aipamen nagusiak dira Fishman eta Txepetx autoreak, nahiko ezagunak gure artean. Horrelako ideiak askotan eta artikulu ezberdinetan aipatzeak esan nahi du gure egoera soziolinguistikoa deskribatzeko garrantzitsuak direla, eztabaidagarri ditugula, eta kontuan hartu beharko ditugula euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko.

 

 

BAT aldizkaria: 
55. 2005eko ekaina. Euskararen erabileraren eta normalizazio...
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2005