HITZAURRE GISA 52 ZKIA.

 

Honako 52. zenbakian “euskara eta etorkinak” dugu gai monografikoa. Oso gai egunekoa zaigu etorkinen errealitatea, naiz eta aztergai bezala nahiko berria zaigun; nonahi topatzen ditugu etorkinei buruzko aipamenak eta lanak: egunkaritan, irratitan, telebistan, unibertsitatetan, kongresu eta mintegitan, etabar. Zenbait alderdi ezberdinen arabera aztertu daiteken aztergaia da, bestalde; zenbaki honetan, espero daiteken bezala, euskararen aldetik aztertuko da, horretarako gehienbat hezkuntza munduan gaia txertatuz, agian hezkuntza sistemaren bitartez gurenean ziurtatzen delako euskararen ikaskuntza eta transmisioa.

Bertan jasotzen diren artikuluak egile mota ezberdinekoak dira: administraziokoa, ikastolen elkartekoa, unibertsitateko irakasleak, sindikatu batekoa, etorkinekiko elkarte batekoa (SOS arrazakeria elkartekoa) eta, beste askotan bezala, Euskal Herritik kanpoko aditu batena ere (Kataluniakoa oraingoan). Horrela ikusmira ezberdinak erabiltzea nahi izan dugu, aztergaiak duen konplexutasuna hobeto kontutan hartzearren. Badaude zenbait ikuspegi eta ideia interesgarriak aipatzeko etorkinei buruzko aztergai honen inguruan, hauen artean askok honako artikuluetan errepikatzen direnak eta, horregatik, azpimarragarriak izan daitezkenak. Adibide batzuk:

  • Etorkinei buruzko gaia oso aztergai berria da gure artean eta oso azkeneko urteetan gertatutakoak, eztabaidatutakoak eta aztertutakoak ditugu. Estatuetatik kanpotik datozen etorkinak azkeneko hamarkadaren gauza da batipat eta fenomeno honen trataera azkeneko urtetako gauza. Hori horrela, ez da harritzekoa askotan gauzak zalantzaz, galderaz edo egiteke moduan adieraztea.
  • Artikulu gehienetan erabiletzen den estiloa da galderak eginez ideiak adieraztea, galderak irekitzen eta bideratzen dituzte esaten direnak. Galdera hauek bai teorikoki mintzatzerakoan, baita enpirikoki edo esperientziaz mintzatzerakoan ere. Bestalde, galderak askotan berdintsuak dira, gure egoerari buruz edo guk egiten dugunari buruz direnean adibidez, gu denon inplikazioa bilatuz; egia esan, zenbait galdera gure buruari gogoetak egitea eskatzeko gonbiteak direla dirudi.
  • Etorkinen gaia ez da arazo moduan gehienbat aitortzen, baizik errealitate bat moduan eta errealitate aberatsa baten moduan, edo aberatsa izan daiteken eta izan beharko lukeen moduan, hau printzipio teoriko bezala erabiliz. Honekin lotzen dira zenbait ideia, adibidez: ezberdintasunaren eta aniztasunaren abantailak. Gauzak horrela, zenbait galdera gure buruari egiten zazkio, gure joerak eta jarrerak nolakoak diren ikusi nahiean, autoeztabaida eta autoebaluaketa moduan erabiliz. Enpirikoki, ordea, aberastasun hori gehiago da aldarrikatzen den zerbait, bisitzen den zerbait baino, oraindik behintzat.
  • Etorkinak ez dira tratatzen bakarrik bere baitan, baizik gehienetan artekotasunaren arabera: harrera-gizartea eta etorkin-gizartea arteko zerbait bezala. Horrenbeste edo agian gehiago aipatzen da harrera-gizarteak egin behar duena, etorkin-gizarteak egin behar duena baino, neurri batean harritzekoa badirudi ere. Askotan aipatzen den ideia da etorkinei noraino eskatu behar zaien, euskararekiko eta beste edozein alderdiarekiko, beraiek badira artekotasun honetan gaizkien daudenak; adibidez, noraino eskatu behar zaien euskalduntzea, bertako zenbaitek euskalduntzen ez den bitartean.
  • Integrazioaren beharra erabiltzen da beste printzio teoriko bat moduan. Integrazioa, bi norantzetan ulertuta: etorkinek egin behar dutena, egiten utzi eta eskatu behar zaiena, euskararekiko adibidez, baita harrera-gizarteak egin behar duena ere, etorkinei eskaini behar dutena gauzak errazteko. Eskolaren bitartez, adibidez, zenbait exenplu ikusten da, artikuluetan, integrazio bidea jarraitzeko, euskarazko D eredua eskainiz ondoan etorkinen ama-hizkuntzak ere ekintza batzuetan erabiliz esaterako, har-eman gisa hain zuzen. Bestalde, integrazioaren bitartez, eta ez asimilazioaren bitartez, etorkinak har daitezke aberastasun moduan.
  • Ikasteko grina adierazten da maiz. Horretarako, beste antzeko lurraldeko esperientziak aztertzen dira: Canada eta Québec, Alemania, Ingalaterra, Frantzia, Holanda, Catalunia, etabar. Honek esan nahi du nahiko ikuspegi irekiarekin aztertzen ari garela etorkinen fenomenoa, baita nahiko zentzu kritikoan, kanpoko esperientziak gehiago erabiltzen direlako eztabaidatzeko adibide moduan, besterik gabe kopiatzeko baino.
  • Berdintasuna printzipioaren ondoan, ezberdintasun printzipioa ere erabiltzen da. Etorkinek dakarzten ezberdintasunak onartu beharko lirateke, aberastasun iturri moduan hartuz, eta, ondoren, berdintasunaren arabera etorkinak pareko moduan hartuz, edozein zentzutan: hezkuntzan, lan munduan, etxebisitzak lortzerakoan, etabar.
  • Gehien landu den arloa, gurean, hezkuntzakoa da: hezkuntzari buruz mintzatzen dira gehienbat artikuluak eta hezkuntza munduan, eta euskararen inguruan, egiten ari dira eztabaida eta esperientzi berrienak: bai haurrekin eta baita helduekin ere. Eztabaida orokorraren inguruan daude, adibidez, getizazio kontrako joera indartzearen beharra, horretarako euskarazko D ereduaren erabileraren beharraren ondoan. Eta esperientzi berrien inguruan, berriz, etorkin ikasleen gurasoekin zenbait gauza jadanik egiten ari diren, eskola eta gurasoen arteko harremanak indartu nahiean, horretarako adibidez zenbait hizkuntzetan (euskaraz, espaineraz, frantsesez, ingelesez, arabieran, txinoan, etabar) materiale idatzia prestatuz. Iniziatiba asko ari dira hartzen harrera-gizartean, naiz eta erantzuna oraindik ez oso handia izan etorkin-gizartean. Arlo nekazaren aurrean gaudela dirudi, hezkuntza munduan kasuistika oso zabala delako eta teorizazio orokorraren ondoan zenbait prozedura partikularra eta berezia kontutan hartu behar direlako.
  • Euskalduntzea gaiarekin (batipat hezkuntzaren bitartez) dagoen teorizazioa oraindik ere elebitasunarekin lotuta dagoena da, ukipen tradizionalaren egoeran dauden hizkuntzen arteko elebitasuna hain zuzen. Baina honen ondoan ari da eleaniztasunarekin lotuta datorren teorizazioa ere: bai ukipen tradizionala egoerarekiko, gurean euskara eta espainera edo frantsesa ukipena, ingelesa hizkuntzaren beharra aldarrikatzen denean, baita etorkinen bitartez ukipen berrien egoerekiko ere: arabiarra, txinoa, errumanoa, etabarreko hizkuntzen bitartezko ukipen berriekin gertatzen ari diren ukipen eta eleaniztasun egoerak. Guzti honi buruzko teorizazio prozesua irekia dugula dirudi.
  • Euskalduntze arloan gurean tradizionalki erabili ohi den beste ideia da aukerazko eta ez derrigorrezko prozeduraren bitartez lortu behar dela euskalduntzea, edo borondatez eta ez beharrez euskalduntzea gertatu behar dela. Badirudi ideia bera erabili nahi dela etorkinen bitartez gertatzen ari den egoera berrian. Ez dago batere argi zergatik horrela behar duen izan euskalduntzea, ez orain arte eta ezta orain bertan ere, batipat betebeharrez betetako eguneko mundu honetan, baina horrela mantentzen ari da ideia hau gurenean; euskalduntzea ez al litzateke izan behar bai eskubide bat eta baita betebehar bat ere?; agian gai hau estabaidagarri dago, edo egon behar luke, oraindik gurenean. Ideia hauek lantzen direnean, askotan aipatzen dira honako ondorengo ideiak: sentimenduak kontutan hartu beharra, afektibitatearen garrantzia, nahi izatea lortu beharra, anomian ez erortzea, aukeraz eta borondatez lortzea, etabar; hau da, soziologiaren ondoan, gizarte psikologiaren beharra ere aitortzen da, etorkinen fenomenoa aztertu eta bideratzerakoan.
  • Globalizazioa eta lekukotasuna artekoa da eztabaidatzen den beste aztergaia, anistasunaren posibilitatearekin eta ezberdintasunaren aberastasunarekin lotuta. Kontraesanezkoak direla badirudi ere, biak eman daitezke batera: alderdi batzuk homogeneoak egiten badira ere, beste batzuk anistasunean mantendu daitezkelako. Gauza da noraino hizkuntzen anistasuna, euskara bezalako hizkuntza menpeko eta gutxiagotuen mantentzea eta garatzea, etorkizunean posibleak izango diren jakitea.
  • Aurreko galderari erantzuteko, zenbakiko artikuluren batean aipatzen den erantzun bat da: gaitasun politikoaren beharra, egunean estatuek duten gaitasun politikoa adibidez. Globalizazioa eta lekukotasuna arteko eztabaidan, egia da estatuen botere politikoa aldatzen ari dela, liberalismo pean beren botere tradizionala galtzen ari dela, baina hala ere oraindik botere maila nagusia estatuetan dago: politikoki, sozialki, kulturalki, hizkuntzekiko, ekonomikoki ere. Gure eguneko esperientzia ere esandakoaren alde dago. Gauzak horrela, ez da harritzekoa euskararen alde argi egiteko Euskal Herriarentzko estatu maila aldarrikatzea: badirudi zenbait diskurtso berritu, arazo bukatu, gauza argitu eta ekintza planteiatuko litzatezkela Euskal Herriak bere burujabetza bazun!; zergatik ez hori bilatzea?, non dago horretarako arazoa?.

 

Aurreko adibideak nahiko argi uzten dute zenbaki honetako gai monografikoaren aztergaiaren eta artikuluen garrantzia non dagoen gehienbat: teorizazioan, ideologian, iniziatiba berrietan, galderetan, ikasi nahiean, eztabaidatu beharrean, asmatu nahi eta beharrean, adostasuna lortzean, autokritiko izatean, etabar. Eguneko argazkia eman beharko bagenu artikulu hauen arabera, ez da erraza azken balorazioa ematea: etorkinen fenomenoari buruz ezagutza nahikoa al dugu?, ahalegin nahikoa egiten al dugu?, egiten dugunari nahiko erantzuna jasotzen al da?, zer da azken finean nahi dena eta itxaroten dena?, edo lehen pertsonan esanez nahi duguna eta itxaroten duguna?.

“Gurean” atalean, berriz, hiru lan aurkezten ditugu: bi ikerketa eta mahai-inguru bat, ahal den neurrian gure kontestuan euskararekiko ematen direnak jasotze asmoarekin. “Familia barruko hizkuntza transmisioa”, edo lehen transmisio naturala dena, betidanik izan dugu aztergaia euskal soziolinguistikan, betidanik keska nagusia: izan ere, hori gabe luzaron ezin du hizkuntza bat mantendu eta iraun. Gure egoeran bigarren transmisio kulturala, hezkuntzaren bitartekoa batipat, euskararen transmisio nagusia gertatzen ari zaigu, baina jakin behar da hau luzaron ez dela irtenbidea, momentuko egoera dela, ez dut uste euskararekin gertatuko denik latinarekin gertatu dena. Behin hezkuntzaren bitartez euskalduntzen direnak euskara familian naturalki transmitatu beharko dute, euskarak iraungo badu. Guzti honegatik garrantzitsua dugu arazo honekiko gauzak ondo aztertu eta erne egon, batez ere orain famili berrietan euskararen transmisioa egiten den ala ez jakiteko, Pasai udalean egin duten bezala, udalak berak horrela nahita. Egunean euskarari buruz hezkuntzari ematen zaion nagusitasuna honekin lotuta dago gehienbat: euskalduntze kulturalatik euskalduntze naturalara pasatzearen indarra, edo euskalduntze naturalarako bidea izatearen joera. Egokia litzateke Euskal Herria osoan antzeko ikerketak egitea, gure egoeran ematen diren norantza soziolinguistikoak nolakoak diren esagutzeko.

“Eleaniztasuna muga aldeko eskoletan”, berriz, eguneko fenomenoa aztertzen du. Euskal Herrian ematen den barne mugimendu demografikoak direla eta, Hendaia eta inguruko herrietako eskolatan hiru hizkuntzen arteko aniztasuna ematen da: euskararen ondoren, espainiera eta frantsesa, egoera nahiko berria bestalde eta, horregatik, esperientzia laburrekoa oraindik. Hala ere, ikerketa honetan errealitate hau aztertzen da, nolako programaketa eta prozedurak erabiltzen dituzten adieraziz. Aldizkariko 47. zenbakian landu genuen “Donostia-Baiona Eurohiria” aztergaia eta bertan hezkuntzaren garrantzi nagusia iapatzen zen, euskararekiko ikusten ziren hutsunak ere adieraziz; Eurohiri honetan kokatzen da honako ikerketa hain zuzen, eskola nola gauzatzen ari denaren exenplu bat eskainiz. Gai honi buruz, ondo bereiztu behar ditugu zer egiten ari garen eta zer egin beharko genukeen, hezkuntza munduan, euskararen lekua indartzeko, euskararen transmisio kulturala ziurtatzeko. Zenbakian adierazten den exenplua har dezakegu eztabaidagai moduan, aurrerantzean gauzak gehiago eta hobeto plangintzatzeko: hasiera badugu, jarraitzea behar dugu egin.

“Nazioartearen eragina euskararen normalkuntza prozesuan” gaiarekiko Euskal Herrian Euskaraz elkartek antolatutako eta egineko mahai-ingurua aurkezten da. Zenbait galderei erantzunez egindako mahai-ingurua, hiru mahaiburu eta beste horrenbeste entzule kideen partehartzearekin. Oso eztabaida interesgarriak adierazten dira, berriz ere euskararen normalizazioaren haritik, euskararen mantentze eta garapenaren haritik. Badirudi azpaldiko burruka batean sartuta gaudela, zenbait ideia errepikatuz eten gabe: noraino Euskal Herrian bertan eta noraino kanpoan, Europako Batasunean adibidez, dauden kokatuta euskararen etorkizuna; noraino bertako menpeko egoerak ziurtatu dezaken euskararen etorkizuna; noraino kanpoko globalizazioak utziko duen euskararen etorkizuna ziurtatzen; bertako burujabetzaren beharra euskararen normalkuntza ziurtatzeko, etabar. Eztabaidan adierazten dira ziurtasun batzuk, baina baita zenbait zalantza ere, oraindik zenbait eztabaida gure artean irauten duelaren seinale eta, honetan, aldizkariak parte hartu nahi du, adibidez mahai-inguru hau eskainiz. Zenbaki honetako gai monografikoan esandako gauza batzuk errepikatuko nituzke orain, adibidez: Euskal Herriko burujabetza handiagoren beharra, oraingo egoeraren eskasia eta ezin mantentzekoa dela. Burujabetza handiagoan neurri ezberdinak egon daitezkela pentsatu badaiteke ere, agian onena litzateke zuzenean beste zenbait herriek lortu duen bezala nahiko botere politikoa duen herria izatera iristea, horretarako egunean estatu bat izatera iritxiz; hau nahikoa ez bada ere euskararen normalkuntzarako, badirudi beharrezkoa dela; egia esanda, horrela agian gauzak nahiko errazagoak izango genituzke.
 

 

 

BAT aldizkaria: 
52. 2004ko iraila. Euskara eta etorkinak
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2004