HITZAURRE GISA 47 ZKIA.

 

Oraingo zenbakian “Baiona-Donostia Eurohirian euskarak zer” da aztergai nagusia dosierraren atalean, eta bestelako artikuluak “Gurean” izeneko bigarren atalean ditugu. Baiona-Donostia Eurohiria zer den eta euskararekin nola lotzen den jakiteko daude lehen artikuluak eta baita zenbait adituren iritziak ere. Hitzaurrean adieraziko dira, batipat, sortzen ari diren zenbait gauza berri (aipaturiko Eurohiria, esate baterako), azken urteotan sorturiko zenbait gauza zaharren ondoan.

DOSIERRA atalean sartzen den lehen artikuluak Eurohiria Europako Batasunean (EB) nola eta zertarako sortu zen adierazi nahi du, Eurohiriaren Liburu Zuria laburtuz. EBren garapenean itxuraz kontraesanekoak diren zenbait joera azaltzen dira gaur egun; horien artean: 1) batasuna lortzea zentzu guztietan, nahiz eta esparru batzuetan bakarrik nabaritu oraingoz; 2) horretarako behar diren maila ezberdineko azpilurraldeak sortu; 3) hau guztia, gaur egun dirauten muga tradizionalak ezabatuz, teorian praktikan baino gehiago bada ere.

Gaur egun eraikitzen ari diren azpilurraldeak mota eta maila ezberdinetakoak dira; adibidez: eskualdeak eta eskualde mugakideak, eurohiriak eta eurohiri mugakideak. Hauek, batzuetan, aurretik zeuden azpilurraldeak jasotzen dituzte, besteetan ordea ez. Horrela, Baiona-Donostia Eurohiriaren kasuan, azpilurralde berria osatzen da: Baiona eta Donostiaren artean kostaldeko azpilurraldea, Txingudi ingurunea erdigunea izanik; hau da, orain arteko Gipuzkoa eta Lapurdi lurraldeen kostaldeko eskualdeak hartzen ditu. Harrigarria dirudi, adibidez, Gipuzkoa osoa ez kontsideratzea eurohiri bat, batzuetan esan ohi den bezala, edo Lapurdi osoa beste bat, eta abar. Bestalde, azpilurralde hauek mugakide direnean, mugaz bi (edo hiru, edo gehiago) aldetako erakundeen arteko autonomia gordez, denen arteko adostasuna lortuz funtzionatzen dute, nahiz eta mugak ezabatzea den helburuetako bat. Azken finean, aurretik zegoen administrazio maila mantenduz, beste maila berri bat sortzen da; kasu honetan: eurohiriaren mailakoak, maila apalagoko udaletxeen mailakoak, maila zabalagoko Gipuzkoako Aldundia eta Pirineo Atlantikoarenak, Eusko Jaurlaritzarena eta Akitaniarena, Espainiako eta Frantziako Estatuena; beraz, aurrekoa baino egitura konplexuagoa sortzen da. Hala ere, badirudi EBko beste zenbait lekutan ere antzeko azpilurralde berriak ari direla eraikitzen.

Horrelako kasu guztietan antzeko arrazoiak aipatu ohi dira: azpiegitura eta ekonomia plangintzak erraztea, ekintza eraginkorragoak eta merkeagoak aplikatzea, etab. Baina guztietan ikusten da ez dela nahikoa horrelako azpilurraldeak gauza batzuetarako bakarrik eraikitzea; bestelakoak ere berehala aztertu beharrekoak dira: zerbitzuak, kultura, eta hizkuntza, esate baterako. Horrela, Eurohiria orain dela hamar urte sortu bazen ere, iaz egin zen hizkuntzaren inguruko lehen mintegi berezia.

Baiona-Donostia Eurohiriaren deskribapena eta diagnostikoa egiteko, taula bat prestatu zen Iparraldearen eta Hegoaldearen egoerak erkatuz, abiapuntu modura zortzi irizpide edo datu mota jasoz: fisikoa, demografia, ekonomia, enplegua, hiriko azpiegiturak, ikerketa, goi-mailako hezkuntza, ingurugiroa, eta azpiegiturak. Horrelako taula batek bai alde onak (600 mila bizilagun jasotzen dituela, adibidez), eta bai alde txarrak (desoreka, ekonomiari eta biztanleriari dagokionez, adibidez) adierazten ditu. Lanean jartzeko 25 ekintzaz osatutako zerrenda ere proposatu zen: lehena abiadura handiko trazaketa bat zen; azkena Pasaia, Irun, eta Baiona berritzeko hiru jardun; 19.a erabateko eskaintza unibertsitarioa eta hizkuntza baloreen sustapena izenekoa izan zen.

Dosierraren bigarren artikuluan Baiona-Donostia Eurohiriaren eremuaren deskripzio soziolinguistikoa adierazten da; horretarako Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen azken Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkesta (2001)-ko datuak erabili dira. Lan honetan argi adierazten da zein herrik osatzen duten Eurohiria, soziolinguistikoki hiru zona bereiztuz: Gipuzkoako aldea, BAM konurbazioa (Baiona-Angelu-Miarritze), eta Lapurdiko beste aldea. Deskribapen soziolinguistikoak problematika nagusienak jasotzen ditu: euskararen gaitasuna, transmisioa, eta erabilera, zenbait ikusmira ezberdin jarraituz. Gaur egungo egoera nolakoa den (2001 urtean), eta azken hamar urteotako bilakaera nolakoa izan den ondo bereizten da bertan. Argi adierazten dira ondorioak, adibidez: Hegoaldeko zonan euskararen egoera hobetzen ari bada ere, Iparraldeko zonan egoera okertzen ari da. Ondoko gogoetarekin bukatzen da artikulua: “Laburbilduz, bilakaera soziolinguistikoaren azterketaren ikuspegitik, eurohiria aparteko gunea da Euskal Herri osoan gertatzen ari diren joera kontrajarri biak berrogeita bi udalerriz osaturiko gune askoz ere txikiagoan gertatzen ari direlako eta gune horretan ongi asmatuz gero, agian, Euskal Herri osoan asmatzeko aukera ere izan dezakegulako”.

Hurrengo artikuluan Ipar Euskal Herriko ikusmolde bat azaltzen da, Eurohiriak zer dakarren adierazten duena. Horretarako 1992an hasitako antolaketa dinamika berri batean sartzen den 2010 prospektibaren bidez, aipatutako ikusmoldea adierazten duten hiru argitalpen nagusi aipatzen dira: Le Schéma d´aménagement linguistique (1996), District BAB (Bayonne-Amglet-Biarritz), projet 2001 (1996), Le livre blanc de l´Eurocité Basque (1997). Eurohiriaren helburuak dira lurralde antolaketa, eremu bakar eta integratu moduan, eta garapena, gobernantzaren bitartez. Kontestu honetan txertatzen da euskara ere: euskararen antolaketa hitzartua egin (euskal kulturarekin batera), hizkuntz politika bat antolatu, gizarte politikoa eta gizarte zibila elkarrekin uztartuz; horretarako sortuko da Hizkuntz Kontseilua. Artikulu honetan zenbait deskribapen soziolinguistiko ere eskaintzen dira: adibidez, euskara zenbateraino den hizkuntza komuna, edo gaur egun zenbateraino izan daitekeen ikusteko, espainierarekin eta frantsesarekin erkatuz. Badirudi euskararentzat etorkizuna ez dela erraza Eurohirian, nahiz eta euskara garatzeko nahia egon. Zenbait gogoeta egitera bultzatzen gaitu artikuluak.

2002 urtean izandako Hizkuntzei buruzko mintegia mugaz gaindiko eremuan izeneko argitalpenean laburtzen da aipatutako bi egunetako mintegian esan zirenak. Mintegian aipatu ziren EBn beste mugakideen arteko eskualde edo eurohirietan gertatzen ari direnak, hauek Euskal Eurohirirako eredu egokiak izan daitezkeelako. Baina Euskal Eurohirian eredu horiek aplikatzerakoan, gehiago mintzatu zen espainierarekin eta frantsesarekin zer eta nola egin, euskararekin zer eta nola egin baino. Hau da, nahiz eta euskara mugaz bi aldeetan dugun hizkuntza izan, hizkuntza politika eta plangintzari buruz mintzatzerakoan, alde bakoitzean dagoen estatuko hizkuntza ofiziala soilik hartu zen kontuan. Eta eztabaida nagusia izan zen Iparraldean espainiera eta Hegoaldean frantsesa irakasteko eta ikasteko zer egin, eta bi hizkuntza hauen arteko amankomuntasuna errazten nola asmatu. Horretarako ikusten zen biderik egokiena hau zen: hezkuntzan bi hizkuntza hauen ikaskuntza nagusitzea, eta ingelesaren ikaskuntza bigarren mailara pasatzea, euskararen ikaskuntza borondatepean bakarrik utziz. Horrek esan nahi du, besteak beste, EBko ereduak ez zirela baliagarri gertatu Euskal Eurohiriarentzako, neurriren batean eredutzat hartu ziren bestelako kasuetan, konkurrentzian dauden hizkuntzak estatuetako hizkuntza ofizialak zirelako: frantsesa eta alemana Alsazian, edo frantsesa, alemana, eta holandesa Maastricht-Liège-Aix-la-Chapelle eurohirian, adibidez. Euskal Eurohirian, ordea, bestelakoa da egoera: euskara ez da ez Estatu espainiarraren hizkuntza ofiziala, ezta Estatu frantsesarena ere. Bestalde, argitalpenaren arabera, behintzat, mintegi osoan ez zen euskara erabili ere egin; euskarari buruz zertxobait hitz egin zen soilik. Egoera kezkagarria, benetan. Beraz, zenbait gogoeta egiteko eta zenbait eztabaida irekitzeko artikulua dugu hau ere. Ondo erne egon beharko dugu Eurohirian euskararen garapena bultzatu nahi badugu!

Hurrengo bi artikuluetan Eurohiriak euskararen normalizaziorako eta garapenarako nolako erronkak dakartzan adierazten da, hezkuntza arloan eta identitatearen eraikuntzan. Bi artikuluek nahiko egoera nekeza azaltzen dute, bietan azpimarratzen delarik muga historikoa oraindik ere soziologikoki eta psikologikoki mantentzen dela. Azpiegiturek eta zerbitzuek nekez lortuko dute Euskal Eurohiriari nortasuna ematea, herritarren partaidetza lortzea, euskal identitatea indartzea, euskararen normalizazioa bideratzea, guraria bultzatzea, eta abar. Hala ere, nekeza bada ere, zenbait eginbehar aipatzen dira euskararen alde, eta itxaropena ere azaltzen da bi artikuluen amaieran, euskara izan daitekeelako harremanetarako kohesio-tresna. Ondo kontuan hartu beharrekoak dira hauek ere Eurohiria indartzen doan heinean; horretan ere badugu eztabaida sakona egin beharra!

TANDEM fundazioak bere esperientzia azaltzen digu. TANDEM izeneko metodoa beren 25 ikastetxeetan nola erabiltzen duten aurkezten digu: hizkuntzen ikasketan “elkartrukean” oinarritzen den metodologia didaktikoa eta liburua; alde batetik, mugaz gaineko mugakide diren euroeskualde edo eurohirietan erabiltzeko aproposak dira, eta bestetik, euskara Euskal Eurohirian zabaltzeko egokiak. Metodo interesgarria da, zenbait ekintza berezi proposatzen direlako, hainbat ezaugarri kontuan hartuta: adina, adibidez. Interesgarria oso, besteak beste, metodologia formalaren ondoan, metodologia informalaren garrantzia azpimarratzen delako.

Dosierra bukatzeko, zenbait adituren iritziak jasotzen dira. Hauek mota eta estilo ezberdinekoak dira, denak interesgarriak Baiona-Donostia Eurohiriaren inguruan gure arteko eztabaida pizteko. Euskararekiko baikorragoak dira batzuk besteak baino; batzuek arazo gehiago adierazten dituzte, eta besteek konponbideak gehiago; kritika zorrotzak egiten dituena ere badago, azkenean Eurohiria euskararen alde/kontra zenbateraino datorren galdetzen duena; etab. Guztiak baliagarriak dira aztergaian sakontzeko.

Oro har, kontraesaneko inpresioak atera daitezke dosierrean sartzen diren lan guztiak irakurri ondoren. Ez da ez egoera argia Baiona-Donostia Eurohirian azaleratzen dena; ezta erraza ere. Badirudi, egoera berri batean aurkituz (ez dakit, ordea, zenbateraino aukeratua edo nahia), “aprobetxatu beharreko” egoera batean aurkitzen garela; egoerak uzten duena ahalik eta ondoen gure alde aprobetxatu beharko dugu, gauzak autopistaz bideratu gabe, baizik bideskak bilatuz eta erabiliz. Hau izan da, eta oraindik ere izan daiteke, gure euskararekiko bilakaera nagusia. Baina orain arte horrela iraun duen hizkuntzak, aurrerantzean ere irauteko bidea asmatuko duela pentsatu beharko dugu.


GUREAN atalean, berriz, hiru artikulu jasotzen dira, zein baino zein interesgarriagoak. Lehengoan, Lasarte-Orian gazteen (13-24 urte bitartekoak) euskararekiko egoera (ezagutza, erabilera, egoeraren hautemateak, hizkuntza politikarekiko iritziak, etab.) deskribatzen da: egungo egoera eta azken hamar urteetako bilakaera adierazten da. Zenbait datu emateaz gain, interpretazioak (baikorrak eta ezkorrak) eta hausnarketa metodologikoak egiten dira; hauen artean: 1) “euskaldun” kontzeptuari buruz, “oso ongi” mintzatzeko gai izatea erantzuna bakarrik da baliagarria; 2) “ama hizkuntza” kontzeptua, berriz, lehen hizkuntza kontzeptuarekin bereiztu beharra dago, ama hizkuntza norberaren ama euskalduna dela adierazteko bakarrik erabiliz; 3) emaitzen interpretazio matematikoa gauza bat da, baina interpretazio soziologikoa beste bat; horrela, zenbait galdera egiten ditu egileak: zenbateko hazkunde matematikoa behar da hazkunde soziologikoa dagoela ziurtasunez esateko? Erantzun subjektiboen aldakortasuna kontuan hartu behar da hazkunde matematikoaren irakurketa linealak saihesteko?

Hurrengo artikulua etorkinak eta euskara gaiari buruzkoa da, gaur egungo fenomeno nahiko berria eta premiazkoa dena. Hegoaldeko zenbait datu estatistiko ematen dira: jatorria, bizilekua, adina, generoa, eskolatuak diren eta zein hizkuntz eredutan eskolatuak diren. Gaiari buruz egindako ikastaroan parte hartu zuten aditu batzuen ekarpenak ere jasotzen dira, beren esperientzia aberatsaren arabera azalduz. Zenbait ideia oker argitzen dira: historian zehar ez dela fenomeno berria, inbasio terminoaren desegokitasuna, asimilazioaren jarreraren ordez integrazioarena erabili beharra, eta abar. Aurrera begirako proposamenak ere adierazten dira, gehienbat hezkuntza munduan aplikagarriak direnak, eta kontuan hartu beharrekoak.

Azkenik, euskal gaztetxoen (13-14 urtekoak) jarrerak euskararen etorkizuna aurresaten gaia aztertzen duen artikulua dator. Bertan, gazteek idatzitako lanen diskurtso-analisien emaitzak aztertzen dira. Alderdi asko bereiztuz (ikastetxe motak, hezkuntzako hizkuntza ereduak, ama hizkuntza), jarrera nagusi hauek lortu dira: 1) eragile izanarazleak: euskara euskalduna izateko, 2) trukeordaineko eragileak: euskara lana topatzeko, 3) eragile integratzailea: euskara komunikatzeko eta lagunak egiteko. Eta guztia, bai gaur egun (1999 urtean), baita 1991-1999 arteko urteen bilakaeran ere. Bilakaera honetan ikusten da jarrera integratzaileen eta euskararen balioaren zalantzen hazkundeak badirela, baina jarrera izanarazleen eta trukeordainekoen atzerakada gertatu dela. Euskararen erabileran eragile hauen eragina zenbaterainokoa den ere aztertzen da.

Hiru artikuluak erabat interesgarriak dira, besteak beste, aztertzen dituzten gaiak oso egunekoak eta garrantzitsuak direlako. Gure artean dagoen ikerketaren indarra ere adierazten dute, saririk gabeko zenbait lan gure artean egiten baita. Aldizkarian argitaratzearen saria ematea gutxienekoa iruditzen zaigu.
 

 

BAT aldizkaria: 
47. 2003ko ekaina. Donostria-Baiona Eurohiria
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2003