HITZAURRE GISA 46 ZKIA.

 

Aldizkariaren ohiturari jarraituz, zenbaki honetan berriro ere hiru zati bereiztu behar dira: Dosierra, Gurean eta bestelakoa; azken honek, kasu honetan, Elkarrizketa jasotzen du. Ezin da esan atal hauen artean kalitatezko aldea egon behar duenik, zenbaki honetan gertatzen den bezala: Dosierrean adierazten dira aldizkariaren Batzordeak aurretik plangintzatutako gaiarekin lotzen diren zenbait lan; Gurean atalean, ordea, aurretik gehiegi plangintzatu gabe, baina gure artean Euskarari buruz egindako zenbait ikerketa nagusi eta berri azaltzen dituzten lanak.

DOSIERRA atalean sartzen diren lanek azaldu nahi dute: alde batetik, egungo ikerketa makrosoziolinguistikoek, edo “makroek”, nolako ezaugarriak dituzten, gehienbat estatuarteko UNESCO bezalako erakundeek eta Europako Batasuneko (EB) zenbait erakundek, batik bat “hizkuntza ez-ofizialak, eskualdekoak eta gutxiengoak” deitzen dituztenak aztertzerakoan. Bestalde, horietan Euskarak zein leku betetzen duen, edo nolako tratamendua jasotzen duen ere bai, oraingo eta etorkizunerako egoera soziolinguistikoa deskribatu, esplikatu eta aurreikusteko asmoarekin; hau guztia, argitalpen berezi batzuek esaten dutena aztertuz egin da.

Horretarako, lau artikuluk osatzen dute Dosierra: 1) mundu mailako ikerketa enpiriko baten aurkezpena, estatuarteko UNESCO erakundeak egin duena (2003an argitaratuko dena) eta gaur egun nahiko zeresan ematen ari dena; 2) EB mailako ikerketa enpiriko baten aurkezpena, oraingoan Europako Batzordeak (1996) bideratutakoa; 3) mundu mailako ikerketei buruz (UNESCOrena barne) Crystal (2001) autoreak egiten duen balorazioa; 4) EB mailako ikerketei buruz (1996ko Batzordekoarena barne) Azurmendik egiten duen balorazioa.

UNESCOk (2003an argitaratzeko) bideratu duen Munduko hizkuntzei buruzko txostena aztertzen dute zenbait adituk, zenbaki honetarako. Artikulu honetan azaltzen dira: 1) txostenak aztertzen duena eta lortzen dituen emaitzak, 2) baita txostenari buruz artikuluaren egileen iritziak ere. Txostenaren helburuak izan dira: azken hamarkadetan (eta etorkizunean ere) hizkuntzen kopurua etengabe murrizten ari dela deskribatzea; horretan eragina duten faktore nagusiak azaltzea; egoera azaltzeko balio duten teoriak aipatzea; nolako hizkuntza politikak eraiki beharko liratekeen proposatzea, gaur egungo prozesua geldiarazteko eta hizkuntza guztiei beren etorkizuna ziurtatzeko; baita jasotako zenbait adituren iritziak adieraztea ere. Ikerketa izugarri handia izan da, tokian tokiko partaidetza zabala lortuz egindakoa, horretarako metodologia anitza eta egokia erabiliz. Bertan, Euskararen kasua ere aztertzen da, hilzorian dauden hizkuntzen artean sartuz. Txostenean hizkuntzak galtzearen arrazoiak aztertzen dira: 1) soziologikoagoak, garrantzi handiagotik txikiagoranzko ordenean jarriz; politikoak, gehienbat hizkuntzaren ofizialtasunik eza eta hezkuntzan sartua ez egotea; demografikoak; ekonomikoak, migrazioa ere honetan sartuz; sozialak, bertan kulturalak ere sartzen direlarik, adibidez trantsizio eta alderatze elebitasunaren bitartez; fisikoak. 2) Baita psikosozialagoak ere: hautemateak, usteak, jarrerak, identitatea, etab.

Interesgarriak dira artikuluaren egileek eskaintzen dituzten ondorioak: 1) hizkuntzen desagertzean eragina duten faktoreak: anitzak eta elkarloturikoak dira; orokorrak batzuk, hizkuntza guztientzako baliagarriak eta politikoak direnak, eta hizkuntza bakoitzarekiko bereziak direnak beste batzuk, demografikoak esate baterako; etab. 2) hizkuntzen iraupenean eta garapenean, berriz, faktore hauek aipatzen dira: nazioarteko erakunderen baten beharra (edo estatuartekoarena hobe), nahiz eta hizkuntza komunitate bakoitzeko erakundeak ere (batik bat erakunde publikoak) beharrezkoak izan; estatuarteko erakundeak beharrezkoa dirudi hizkuntza eta hizkuntza-komunitate guztien biziraupena ziurtatu arazteko, denak kalitatez eta duintasunez berdinak kontsideratu behar direlako.

Crystal (2001) autorearen argitalpena azaltzen da Dosierreko beste artikulu batean. Bertan aztertzen ditu, gehienbat, mundu mailan hizkuntzen heriotzari buruz egindako zenbait ikerketa, UNESCOrenari arreta berezia jarriz. Hilzorian dauden hizkuntzak asko dira; 5.000-7.000 arteko hizkuntzen erdiak datorren mendean zehar desagertuko direla aurreikusten da. Egoera honek zenbait azterketak eta eztabaidak sortutako emaitzak eta iritziak ere jasotzen ditu; adibidez: 1) hizkuntzen egoera deskribatzerakoan, aipagarria da demografiaren arabera lortzen diren emaitzak: 8 hizkuntza bakarrik dira 100 milioi hiztun baino gehiago dituztenak, baina 181 dira 10 baino gutxiago dituztenak; 100 mila eta milioiaren arteko hiztun kopurua dutenak 795 hizkuntza daude, eta Euskara bera tartean da; 2) baina badira, demografiaz gain, beste alderdi garrantzitsu batzuk ere hizkuntzen egoeraren bilakaera deskribatzeko; esate baterako, hizkuntzen nahikotasun funtzionalaren alderdia, zenbait funtzio betetzeko baliagarri izatearen arabera; horrela, gauzak oraindik ilunagoak direla dirudi; adibidez, autoreak zalantzan jartzen du Nederlandera hizkuntzaren etorkizuna, nahiz eta gaur egun hizkuntza ofiziala izan; 3) azpimarragarria den beste alderdia hizkuntzen egituraren edo gramatikaren aldaketen bilakaera da (interferentzia linguistikoen edo hizkuntza mistoen bitartez, adibidez), hizkuntzen nolabaiteko nahikotasun estrukturalaren bilakaera dei daitekeena; 4) hizkuntzen desagertze egoera honetan, gradu ezberdinen araberako sailkapen edo tipoak proposatzen dira; 5) hala ere, hizkuntza bakoitza sailkatzerakoan, erabakia ez da erraza, ez baita automatikoa, eta irizpideak erlatiboki hartu behar dira: esate baterako, 500 hiztuneko hizkuntza basoan mantengarriagoa gerta daiteke 500 hiztuneko hizkuntza hiri handi batean baino; 6) sailkapenak erabil daitezke arrisku handienean dauden hizkuntzak zeintzuk diren adierazteko eta eginbehar nagusiak non dauden jakiteko; posible baita, oraindik, kasu askotan desagertze egoera aldatzea; 7) aldatzea, gainera, premiazki egin beharreko zerbait da, UNESCO bezalako erakunde mundial baten gidaritzapean.

Beste artikulua EB mailan mintzatzen da, EBko erakunde batek bideratutako ikerketa bati buruz. Egun, EBko erakunde ezberdinak bertan dauden hizkuntza eta hizkuntza-taldeen egoerak aztertzen ari dira, gehienbat, berriz ere, Euskara bezalako hizkuntza ez-ofizialak direnak. EBren egoera aztertu dugu eta zenbait gauza esan ditugu aldizkariaren azken 44. eta 45. zenbakietan; hala ere, zerbait gehiago esatera gatoz, bereziki Europako Batzordeak (1992) argitaratu zuen Euromosaic izeneko lana aztertuz. Argitalpena bera eta honi buruzko artikulua zuzenago lotzen dira Euskararekin eta, horrexegatik, Euskararentzako gertuagokoa gertatzen da ikerketa hau.

Euromosaic argitalpenari buruzko artikulua konplexua da, konplexuagoa, ikerketa bera ere halakoxea zelako; hala ere, munduko egoerarekin erkatuz, orain egoera ez da horren anitza eta hizkuntza gutxiago aztertzen dira: EBn bertan dauden eskualdeko eta gutxiengo izeneko hizkuntzak. Mundu mailako ikerketekin erkatuz, zenbait ezaugarri antzekoak dira, hala nola: hizkuntza bakoitza aztertu ondoren, erlatiboki edo konparatiboki beren osasun maila adieraztea; alderdi demografikoari eta politikoari ematen zaion garrantzia; etab. Baina beste zenbait ezaugarri ezberdinak eta/edo berriak dira: 1) hizkuntzak eta hizkuntza-komunitateak zuzenean ikertu ordez, UNESCOk egiten duen moduan, “hizkuntza-taldeak” aztertzen dira; Euskara hizkuntza edo hizkuntza-komunitatea ez da kontuan hartzen, baizik hiru hizkuntza-talde moduan aztertzen dira: “Basque (CAB)”, “Basque (Navarre)” eta “Basque (F)” izenekin aitortuak datoz; 2) Estatuak aipatzen dira analisi eta aplikazio maila nagusi moduan, bertan kokatzen dituztelako hizkuntza-taldeak, eta estatuak kontsideratzen dituztelako bertan dituzten hizkuntza-taldeen egoera gutxituaren erantzule gisa; 3) baina hizkuntza-taldeak dira aztergai nagusi, estatu ezberdinetan banatuta 48 hizkuntza-talde bereiztuz; Euskararekin lotuz bereizten dituzten taldeak horrela kokatzen dira 48ra arteko rankin horretan: “Basque (CAB)” izeneko taldea 8. lekuan, “Basque (Navarre)” izenekoa 21. lekuan, “Basque (F)” taldea 26. lekuan; rankineko 1. postua Belgikan kokatzen den “Allemand-Cantons Est” izeneko hizkuntza-taldeak betetzen du, eta “UK Cornique” taldeak, berriz, azkeneko postua; hizkuntza-talde hauen orain arteko erantzule estatuak izan dira, baina hemendik aurrera hizkuntza-taldeak beraiek izan behar dutela adierazten dute, teorian behintzat, nahiz eta praktikan horrela gertatzen ez den; 4) rankin hau egiteko erabili dituzten alderdiak ere nahiko berriak dira, erlatiboki, horrelako makroikerketetan, eta horrela izendatzen dituzte: familia, kultur adierazgarritasuna, komunitatea (baina gertuko harreman sareari horrela deituz), prestigioa, instituzio maila, legitimitatea eta hezkuntza; 5) azken finean, ordea, gizabanakoaren mailan jartzen dira etorkizunerako itxaropen nagusiak, bakoitzaren ahalmenetan eta nahietan (hizkuntzarekiko ere bai) egungo neo-liberalismoak agintzen duen moduan; etab.

Dosierreko laugarren artikulua EBko erakundeak, berriz ere bertako gutxiengo eta eskualdeko hizkuntzak tratatzerakoan, plazaratzen ari diren argitalpenei buruz ari da. Horretarako hiru argitalpen aukeratzen dira, hirurak gaiari buruz adituen artean erabilienak eta enblematikoenak kontsideratzen direlako: European Charter for Regional or Minority Languages (1992), Euromosaic. Production et reproduction des groupes linguistiques minoritaires au sein de l´Union Européenne (1996), The cost-effectiveness evaluation of minority language policies (1999). Hiru argitalpenek lotura berezia dute beraien artean, aurrekoek gerokoetan eragina dutelako edo, alderantziz, gerokoek aurrekoen sakontze eta azpimarratze oraindik zorrotzagoak egiten dituztelako. Artikuluaren helburuen artean nagusiena gure gertuko ingurunean gauzak nola eraikitzen ari diren eta nola datozen aireratzea da, beharrezkoa dugulako hori ezagutzea gure normalizazio plangintzak egiterakoan.

Artikulu honetan alderdi eta ezaugarri batzuk bakarrik aztertzen dira, kezkagarriak direnak hain zuzen ere; zorrotz kritikatuz, alderdi hauek kontuan hartu beharrean gertatzen gara: 1) erabilera terminologiko desegokia, esanahiak modu anbiguoan adieraziz; adibidez, “komunitate” deitura gehienetan gertuko harreman sareari ematen zaio, eta nahasian ere adierazten da, taldearen eta gizabanakoaren artekoa bezala; 2) analisi eta aplikazio maila nagusiak estatua, taldea eta gizabanakoa izateak duen eragina, Euskara bezalako kasuetan: zatiketa, menpekotasuna eta ezina, orain eta gerorako; 3) gerorako ere, gaur egungo hizkuntzen egoera geopolitikoa aldaezina balitz bezala azaltzen da: estatuak eta bertako taldeak bakarrik daude, hizkuntza-komunitatea bezalako bitartekorik gabe; 4) ezaugarri mota asko aztertzen dira, baina gehiago nahastuz erlazionatuz baino: a) soziologikoagoak batzuk: politikoak, sozialak, kulturalak, ekonomikoak, etab. b) psikologikoagoak besteak, psikosozialak gehienak: jarrerak, nahiak, identitatea, etab.; 5) hizkuntza-talde bakoitza kanpotik baloratzerakoan, bere osasuna neurtzerakoan, ezaugarri soziologikoenak erabiliko dira: hiztun kopurua, hizkuntzaren erabilera, hiztunen garapen ekonomikoa, etab.; baina barrutik baloratzerakoan, ordea, gehiago erabiltzen dira psikologikoenak direnak: nahiak, identitatea, etab.; 6) teorian aipatzen direnak hizkuntzen ondarea, hiztunen eskubideak, etab. dira, praktikan baliogarritasunarik gabe gertatuz; praktikak hizkuntza bakoitzaren eraginkortasun sozialarekin eta ekonomikoarekin lotzen ditu; 7) ikusmira ekonomizista azpimarratu, hizkuntza politika eta/edo plangintza berezien eraginkortasuna kostu erlatiboaren arabera neurtuz; 8) kostu erlatiboa, ukipeneko hizkuntza handiagoekin eta hizkuntza nagusien kostuarekin erkatu, gehiago zuzenean erlatiboki baino; 9) gizarte zibilari ematen zaio, teorian, etorkizunerako ahalmen nagusia, baita hizkuntzaren plangintza eta normalizazioa ere, baina estatuek jarraitzen dute, praktikan, halako ahalmena gordetzen; etab. Ondorio orokor moduan, berriro esan behar dut Euskararen etorkizuna ez dudala erraza ikusten, gauzak argitalpen hauetan adierazten den moduan egiten badira.

GUREAN izeneko atalean aurkezten diren lanak beste lau dira, zein baino zein interesgarriagoak eta baliagarriagoak Euskararentzat.

Artikulu batek Kale Erabileraren IV. Neurketa ikerketaren emaitzei buruzko Jardunaldian (2002ko abenduan) egin ziren hausnarketak eta eztabaidak adierazten ditu, akta modura adieraziz; alderdi honetatik, artikulu honetan jasotzen direnak aldizkariko 43. zenbaki monografikoan esaten zirenen osagarri kontsidera daitezke. Edukiak bi zatitan banatzen dira: 1) “zer ikasi dugun”, eta 2) “zer egin behar dugun”; azpizati hauek bereizten dira emaitzak eta ondorioak jasotzerakoan: hizkuntza politika, normalkuntza egitasmoa, transmisioa, erabilera gizartean, gaitasuna eta erabileraren arteko lotura eta irakaskuntza; hau da, azpizatietan banatutako edukiak dira garrantzitsuen kontsideratzen diren eremuak Euskararen normalizaziorako. Bi zatitan aipatzen direnak azpimarratzen dituzte, batik bat Euskararen normalizaziorako bilakaeran somatzen diren akats eta hutsune batzuk, nahiko modu argian eta zorrotzean: gure bururako berriro hausnarketak egiteko, eta Euskararen erabilera birplangintzatzeko, baliagarriak direnak.

Hizkuntz Eskubideen Behatokia 2001ean Kontseiluak (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua) sortutako fundazioa da, Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideez arduratzeko. Artikulu honetan jasotzen dira: 1) alde batetik, Behatokiak jorratzen dituen jardunbide nagusiak zeintzuk diren, 2) bestalde, Behatokiak 2002. urteko txostenaren atal batzuetan aurkezten dituenak, arlo berezi batzuen azterketak nolako emaitzak ematen dituen adieraziz; hain zuzen ere: osasuna, segurtasuna, ikusmen arazoak dituzten herritarrak, Espainiako Estatuko espetxeetan Euskaraz hitz egiteko egoera eta, zehatzago, Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Artikulu honetan ondorioak ere aurkezten dira, orohar, hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direla adieraziz: herrialde guztietan, baita EBko arauak urratuz ere, Nafarroan eta Iparraldean gertatzen den bezala; eremu guztietan, publikoak edo pribatuak izan, etab. Garrantzizkoa iruditzen zait aipatzen den azken ondorioa, alderdi psikosozialak kontuan hartuz egiten delako: hizkuntza eskubideak etengabe urratzen jarraitzearen hautemateak, edo pertzepzioak, euskaldunei indartzen dietela egoera gutxiagotuaren eta menpekoaren naturalizazio subjektiboa. Bide batez, Behatokia guztiontzat irekia dagoen egitasmoa dela nabarmendu nahi nuke; bide egokia da euskararen inguruan ditugun kezkak eta arazoak adierazteko; ale honetan bertan aurkituko duzue horretarako bidea eskaintzen duen Euskararen telefonoa zein den.

EUSKAINI zer den, eta Azpeitia eta Laudio herrietan aplikatuz lortu diren emaitzak adierazten ditu zenbaki honetako beste artikulu batek. Aurrekaria OFERCAT (OFERta + CATalanez) da: 1998tik 1999ra bitartean Kataluniako herri bateko “Consorci per a la Normalizació Lingüística” erakundeko teknikariek sortu zuten eredua eta tresna hizkuntza eskaintza publikoaren erradiografia egiteko. SEI elkarteak ezagutu eta, OFERCAT eraiki zuten teknikarien laguntzarekin, EUSKAINI (EUSKaraz + esKAINI ohi zaiguna) sortu zuen; 1999ko abenduan Bilbon eginiko “Eremu Urriko Hizkuntzei buruzko Nazioarteko VII. Biltzarrean” aurkeztu zuen. Ereduak jasotzen ditu: 1) kualitatiboki, garrantzitsuenak kontsideratzen diren eremuak, sektoreak, etab.; 2) kuantitatiboki, Euskararen erabileraren azken indize batzuetaraino iristeko jarraitu behar diren bideak adieraztea, 3) hau guztia teknologizatuz, hizkuntza politikan eta/edo plangintzan “hizkuntza prozesuen ingeniaritza” deitzen den tresneria eraikitzea, “Euskararen eskaintza”, momentuan eta jarraian ere, neurtzeko baliagarria izango dena. Ereduak aplikazio maila ezberdinak bereizten ditu: a) sektoreak (Administrazioa, Ekonomia, Gizartea, Komunikabideak, Hezkuntza, Osasuna), b) azpisektoreak, c) komunikazio motak, d) elementuak, e) kategoriak (Euskaraz soilik, Euskaraz nagusiki edo lehentasunez, elebietan edo eleanitzean, Erdaraz nagusiki edo lehentasunez, Erdaraz soilik, atzerriko hizkuntzan nagusiki edo lehentasunez, atzerriko hizkuntzan soilik, Erdaraz eta atzerriko hizkuntzan, anbibalentea). Artikuluan, EUSKAINI eredua Azpeitia eta Laudio herrietan aplikatuta eman dituen emaitzak ere jasotzen dira, horretarako aplikazio maila batzuk, eta maila bakoitzean alderdi batzuk, aukeratuz. Garrantzitsua da azpimarratzea lortzen diren eskaintza indizeak erlatiboak direla, zentzu ezberdinetan, konparagarritasuna erraztuz, horrela emaitzez gain ondorioak ere atera ahal izateko. Aipagarria, benetan, SEI (Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen) elkarteak aurrera eramaten eta eraikitzen dituen Euskararen inguruko egitasmo aberatsak, besteak beste, dituen baliabide eskasekin erkatzen badugu.

Atal honetako beste artikulu batek “Euskararen erabilera” erakundeetan neurtzeko eredu eta tresneria bat aurkezten du, diziplina ezberdinen iturriak erabiliz, hizkuntza prozesuen ingenieritzaren bidetik berriz ere, kasu honetan “organizazio” eta “sistema” mundu teoriko-enpirikoaren iturriak ere gertutik jarraituz. Helburua: “hizkuntzaren egoera eraldatzeko” baliagarria izango den eredua eraikitzea eta proposatzea. Ereduaren zutabea, oraingoan, galdetegi bat da, horrelako galdera nagusietan oinarrituz: 1) Zer lortu nahi da?, hizkuntza eraldaketa; 2) Non lortu nahi da?, sistemetan; 3) Zertarako lortu nahi da?, eskaera sozialari erantzuteko; 4) Nork sustatu du?, aldaketaren sustatzaileak; 5) Nola lortu nahi da?, eraldaketaren inplementazioaren bitartez; 6) Zer lortu da?, emaitza, ebaluazio eta adierazle sistemak azaleratuko dituzten neurketen indizeen bitartez, Euskararen erabilera eraldatzeko jarraitu den plangintza noraino bete den adieraziko duena. Artikuluan, ereduaren aplikazioa ere azaltzen da zenbait enpresatan (AZTI Fundazioa, MAIER Kooperatiba, ELAY Taldea) eta aplikazio-epealdi ezberdinen arabera. Emaitzak, oraingoan ere, erlatiboki adierazten dira, zer bete den eta zer ez adieraziz. Artikulu honetan ere ondorio gisakoa badator, eztabaidarako ideiak proposatuz: batzuk instrumentuari buruzkoak; beste batzuk eredua eraginkorki aplikatzeko zenbait baldintza psikosozialak (borondateak, adostasunak, eta abar) bete behar izatearen ingurukoak; baita Euskararen eta egungo “kalitate” ezaugarrien artean eman behar den loturari buruz ere, adibidez erakunde batean Euskararen plangintza definitzerakoan edo plangintzan agintarien inplikazioa ziurtatzerakoan. Ondorio hauek enpresa mundua aztertuz atera badira ere, estrapola daitezkeela iruditzen zait, edozein erakundetarako ere baliagarriak baitira.

Azkenerako uzten dut artikulu honek duen beste ezaugarri aberats baten aipamena: lana nola egin den azaltzen diguna, hain zuzen. Artikuluaren egileak, “AHIZE” hizkuntza-aholkularitzarako teknikariak, HIZNET (Hizkuntza Plangintza Ikastaroa, Net bitartez) Ikastaroan egindako “sakontze lan” bat da, ikastaroaren irakaslea (I. Marko, besteak beste, SEI Elkarteko zuzendaria) denaren eredua aplikatuz eta bere laguntzarekin. HIZNET izan da Eusko Ikaskuntzako “Asmoz” Fundazioko Net bitartez antolatutako ikastaroetako bat, eta HIZNET Ikastaroaren zuzendaria (I. Martinez de Luna) aldizkari honen batzordekidea ere badela esan behar da. Hau da, euskalgintzan ari garenon arteko elkarlan aberatsen exenplu ona dela esango nuke, eredu gisa ere har dezakeguna.

BESTEAK atalean, elkarrizketa bat dugu zenbaki honetan: “euskal curriculumaren dimentsio linguistiko” gaiari buruzkoa, hain zuzen ere. Euskal curriculuma, gure artean tradizio luzean etengabe eztabaidagarri den gaia dugu; dimentsio linguistikoa, berriz, euskal curriculumean betidanik aztergai nagusia izan da. Gaur egun berebiziko garrantzia ematen zaio gaiaren bi alderdien arteko loturari, bai Euskal Herrian, Ikastola Federazioen azterketa eta plangintza berrien bitartez, baita Euskal Autonomi Elkartean ere, Jaurlaritzak hezkuntza politika plangintzatzerakoan. Ohikoa den galdera–erantzun forman datorkigu elkarrizketa. Horrelako galdera motak egiten zaizkio adituari (I. Idiazabali): 1) zergatik aitortzen zaio horrenbesteko garrantzia tokiko edukietan eta tokiko hizkuntzan eskolaratzeari?; 2) Curriculumak nola erantzun behar die hizkuntzaren bi dimentsioei: estrukturala edo linguistikoa denari eta soziala denari?; 3) Alderdi edo dimentsio linguistikoan, ikasleek gaur arte askotan Euskararen gaitasun maila nahikoa lortzen ez dutela ezagutuz, curriculum mailan zein helburu jarri behar litzateke arazo honi erantzuteko? 4) Jatorriz euskaldunak eta erdaldunak diren ikasleak egonik, eta guztiak Euskaraz mintzatzeko trebetasun egokia izatera iristeko, zein ikuspegitatik begiratu behar dio curriculumak ikasleen hizkuntza jatorriari?; 5) Zonalde erdaldunenetan guraso asko izan dira euskaldunduak; baliagarria al da hau zonalde hauetan ere curriculumaren helburuak lortzeko?, gurasoek ere horretan parte hartzea beharko litzateke?; 6) Esanguratsua al da, curriculumari dagokionez, ikastetxea Arbonan, Barakaldon edo Tafallan kokaturik egotea?; 7) Gaitasuna erabilerarekin lortzen da, erabilerarako motibazioa ere pizten du, baina Euskaraz nahiko trebetasunik ez duenak, nahiago du Erdara erabiltzea; hori horrela, Euskara estandarra ikasteko helburua ikaslearen jatorri linguistikoari soilik lotu behar al zaio?; 8) Euskara ez da gure ikasleen begietan normalizaturik agertzen den hizkuntza: alderdi hau ere curriculumean txertatzekoa al da? eta, hala bada, Euskararen historia soziala, bilakaera eta egungo egoerari buruzko ezagutza nola uztartu behar dira curriculumean?; 9) Euskararen tokiko aldaerak eta euskalkiak zein leku izan behar dute curriculumean?; 10) Euskarak dituen tratamendu motak sartu behar al dira curriculumean?, zein mailatan?. Galdera hauei emandako erantzunak, berriz, adituaren erantzunak izan dira, gaiari buruz esperientzia anitza eta luzea duen adituarenak, hain zuzen ere. Eskolak gauza asko egin badezake ere, ezin ditu nahi genituzkeen guztiak egin; zentzu honetan, eskolaren mugak ere kontuan hartu beharrekoak dira, curriculuma plangintzatzerakoan.

Laburbilduz, Euskararen normalkuntzara iristeko bidea badirudi nahiko nekeza zaigula, normalizazio prozesua mota guztitako oztopoz betea dugulako, bilakaera motela delako, etab. Hau horrela da, ordea, barruko eragozpenez gain (hauek nahiko handiak izanik), kanpotik datozkigun eragozpenak ere baditugulako eta, hauek, oraindik, erlatiboki handiagoak gertatzen zaizkigulako. Barrutik begiratuta, saiatzen gara Euskararentzat plangintza egokiak eraikitzen, sustatzen, adosten, aplikatzen, eta abar, nahiz eta agian ez behar adinako neurrian; baina zer egin, nola kontrolatu eta alderatu kanpotik datozkigun Euskararekiko eragozpenak?, zein mailataraino bideratu behar ditugu gure eskaerak?; zenbat galdera bururatzen zaizkigun! Hauxe da exenplu argia “menpeko hizkuntza eta hizkuntz-komunitatea” izatea zer den ulertzeko (aldizkariaren 44. zenbakiko Hitzaurre gisa atalean). Horrela izanik, ez da harritzekoa gure aldizkari honetan askotan alderdi kezkagarriak gehiago azpimarratzea alderdi onak baino, nahiz eta esperientzia emankorrak aipatu eta etorkizunaren aurrean itxaropentsu agertu, zenbaki honetan gertatzen den moduan.

 

 

 

 

BAT aldizkaria: 
46. 2003ko martxoa. Euskara azterketa "makroetan" eta egitas...
Egilea(k): 
Maria-Jose Azurmendi
Urtea: 
2003