Azken zenbakiak

 

 

 

HIZTUN BERRIAK

(Zenbakia edo artikuluak banaka erosteko jo dezakezu gure zuzeneko dendara)

 

Euskararen hiztun aktibo bihurtzeko gakoak

Estibaliz Amorrortu, Ane Ortega eta Jone Goirigolzarri

Laburpena: Euskara familiatik kanpo ikasi duten euskaldunek talde estrategikoa osatzen dute normalizazioari begira. Hiztun horiek hiztun aktibo bihurtzen diren ala ez berebiziko garrantzia dauka euskara gero eta gehiago erabili dadin. Artikulu honetan, muda kontzeptua (Pujolar eta beste 2010) erabilita, euskararen hiztun berrien hiztun aktibo bihurtzeko prozesuak aztertzen dira, kasu arrakastatsuak eta ez arrakastatsuak erakutsiz eta prozesuan gertatzen diren gako mesedegarriak eta oztopoak seinalatuz. Datuak, gehien bat kualitatiboak eta Edukiaren Analisiaren bidez aztertuta daudenak,  Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak izeneko ikerketatik hartu dira. Hizkuntza-politikarako ildo batzuk proposatzen dira, bereziki zein hiztun-profiletan eta ze norabideetan esku hartu beharko litzatekeen.

Hitz gakoak: euskal hiztun berriak, muda, erabilera aktiboa, hizkuntza-identitatea, hiztun legitimoa.


Gazte katalanen muda linguistikoak

Joan Pujolar, Isaak Gonzalez eta Roger Martinez

Laburpena: Nahiko ohituta gaude erabilera linguistikoak era askotan neurtzen, batez ere, mapak edo grafikoak eginez une zehatzetan katalanak eta gaztelaniak Katalunian eta beste testuinguru batzuetan zer presentzia erlatibo duten ikusteko. Ordea, gutxi dakigu hiztunen ibilbide linguistikoei buruz eta bizitzan zehar jarrera linguistikoetan izaten dituzten aldaketen inguruan. Aldaketa horiei deitzen diegu “muda linguistikoak”, eta hori da artikulu honen gai nagusia. Artikuluan aurkeztuko ditugu UOCk, Hizkuntza-politika sailaren eta Kataluniako Generalitatearen Gazteria Behatokiaren mandatuz egin zuen hizkuntza eta gazteei buruzko ikerketa baten emaitzak (Gonzàlez et al. 2014). Ikerketak batzen ditu zenbait inkestatatik jasotako datuen analisi kuantitatiboa zein elkarrizketa eta eztabaida taldeetatik eskuratutako zenbait daturen analisi kualitatiboa. Hona hemen zein inkesta hartu zituen oinarri: Kataluniako gazteei egindako inkesta 2002 eta 2007 (KGI02 eta KGI07) eta Erabilera linguistikoaren inkesta 2003 (35 urtetik beherakoen emaitzetara mugatuta). Elkarrizketak eta eztabaida-taldeak lan honetarako egin ziren berariaz: 15 taldeko eztabaida izan ziren, eta 25 elkarrizketa sakon; 16 eta 35 urte bitarteko 102 parte-hartzailerekin.

Hitz gakoak: katalan-hiztuna, muda linguistikoa, ibilbide linguistikoa, hezkuntza-ibilbidea jatorrizko hizkuntza.


Irlanderadun berriak: jatorria, motibazioa, erabilera eta ideologia

Jon Walsh

Laburpena: “Hiztun berriak” deizioak biltzen ditu hizkuntza bat naturaltasunez eta erregulartasunez hitz egiten duten hiztunetatik hizkuntza hori lehen sozializazioko hasierako hizkuntzatzat izan ez duten horiek, hizkuntza hori tradizioz hitz egiten den eremu batean. Artikulu honetan, irlanderaren hiztun berrien hizkuntza jatorriari, ohiturei eta ideologiei buruzko ikerketaren emaitzak aurkezten dira. Hiztun berri horiek era askotako jatorri soziolinguistikoak dituzte, bai hazi diren familiari dagokionez, bai hezkuntza sistemaren esperientziari dagokionez ere. Horietako asko ingeles hutseko ikastetxeetara joan dira, baina adierazi dute irlanderako irakasle inspiratzaileak izan dituztela. Hiztun berriek esaten dute irlanderaren erabilerarekiko aldaketa nabarmenak izan dituztela bizitzako inflexio puntuetan (mudes), adibidez, Gaeltacht eremura (distritu irlanderadunak) bisitan joatearen eraginez edo unibertsitateko eskoletara joatean. Zer konpetentzia izan eta zenbat denbora eskaintzen dioten, hiztun berriek hainbat modutara erabiltzen dute irlandera. Batzuk kezkatuta daude irlanderaz hitz egiteko aukeren faltagatik, baina beste batzuek irlandera erabiltzen dute etxean seme-alabekin. Gaeltacht eremua garrantzitsua da hiztun berrientzako, baina era askotako iritziak daude han hitz egiten diren dialekto tradizionalen garrantziari edo autoritateari buruz. Zenbait hiztun berrik uste dute beraiek ez dutela Gaeltacht komunitateetan duten irlanderaren ezagutza maila bera.

Hitz gakoak: Hiztun berriak, irlandera, hizkuntza gutxituak, hizkuntza ideologia, hizkuntza konpetentzia, identitatea

 


Hiztun kategorietatik hizkuntza praktiken erregistroetara: erabilera sustatzeko neurriaren bila

Eduardo Apodaka eta Jordi Morales

Laburpena: Euskararen errealitate soziolinguisitikoa ikertzeko lanetan erabili diren alderdi batzuen azterketa kritikoa aurkezten du artikulu honek. Zehatzago esan, aztertu diren alderdi horiek hiztun kategoriak eta hiztunen aitorpenak dira. Mapa eta Inkesta Soziolinguistiko ofizialak aztertu dira kategoriak eta banakoen aitorpenak nola erabiltzen diren eta zein ondorio izan dezaketen Errealitate Soziolinguistikoa eraikitzeko jardun eta politiketan. Azterketa horren ondorioz defendatuko dugu ikerketa soziolinguistikoek kategoria identitarioak baztertu eta praktika linguistikoen erregistro eta ebaluazio zehatz eta anitzak lehenetsi beharko lituzketela. Horrez gain, bestelako bideen berri eman nahi dugu eta proposamen metodologiko-epistemologikoak nondik jo dezakeen erakusteko asmoz, ikerketa bat aurkeztuko dugu: Getxoko Udalaren Twitter kontuetan euskararen erabileraren erregistroa.

Hitz gakoak: hiztun kategoriak, hiztunen aitortzak, hizkuntza-praktikak, inkestak, mapak


Generoa mingain puntan: Lezo eta Pasai-Donibaneko nerabeen hizkuntza-pratiketara egindako hurbiltze etnografikoa

Jaime Altuna Ramírez

Laburpena: Artikulu honetan generoa eta hizkuntza lotzeko ahalegina egin dut, sozializazio sexistak euskararen praktika sozialean duen eragina aztertuz. Horretarako,  Pasai Donibane eta Lezoko 12 eta 16 urte bitarteko nerabeekin egindako ikerketa etnografikoa batean oinarritu naiz, gazteen perspektiba erdigunean jarriz. Hizkuntza-praktiken inguruan genero perspektibarekin egindako ibilbide etnografiko honetan, emakume eta gizonen arteko desberdinkeria azalarazi dela esan daiteke. Hizkuntzaren bidez nerabeek identitate zehatz batzuk jokatzen (antzezten) dute eta neska eta mutilen artean hizkuntza erabiltzeko moduetan ezberdintasunak ematen dira.

Hitz gakoak: hizkuntzaren antropologia, generoa, euskara, haurtzaro eta nerabezaroaren antropologia, etnografia.


06 Kode-alternantzia aztertzeko hizkuntza-teknologien ekarpena

Larraitz Uria, Iñaki Alegria, Ander Corral

Laburpena: Kode-alternantzia (code-switching) ohiko fenomenoa izan ohi da hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten diren komunitate linguistikoetan. Elkarrizketa berean hiztun elebidunek edo eleaniztunek hizkuntza bat baino gehiago erabiltzean datza kode-alternantzia. Bat-batekotasuna du ezaugarri nagusia eta ahozko hizkuntzan ez ezik, hizkuntza idatzian ere agertzen da egun hain erabiliak diren sare sozialetan. Hala, sare sozialek eta hizkuntza-teknologiek eskaintzen dizkiguten aukerak baliatu nahi ditugu idatzizko mezuetan aurkitzen dugun kode-alternantzia aztertzeko. Artikulu honetan, hain zuzen ere, Hizkuntzaren Prozesamenduaren (HP) alorrean fenomeno hau aztertzeko garatzen ari garen metodologia eta hizkuntza-teknologiak aurkezten ditugu. Corpusa biltzeko nahiz etiketatzeko baliatuko ditugun metodoak hizkuntzarekiko independenteak izango dira.

Hitz gakoak: kode-alternantzia, hizkuntzalaritza konputazionala, soziolinguistika, hizkuntzaren prozesamendua (HP)