KRONIKA

Baliabideak: 

 

EUSKARAREN LEGEAK: ESPERIENTZIA PRAKTIKOAK ETA AUKERAK
 
 
2008ko honetan ere, urtero bezala, Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroen artean Soziolinguistikaren ingurukoa antolatzeaz arduratu da Soziolinguistika Klusterra. Aurtengo ikastaroa Baionan burutu da uztailaren 15 eta 16an eta aukeratutako gaia eta ikastaroaren izenburua honakoa izan da: Euskararen legeak: esperientzia praktikoak eta aukerak.
 
EAEko Euskararen Legearen 25. urteurrenean gaudela eta hizkuntzaren inguruko lege eta dekretuen sorrera eta aplikazio berriak gizartean ematen ari diren zeresanak erakarrita, interesgarri ikusi da hizkuntzaren erabilera arautzen duten legeriek euskararen normalkuntzaren aldeko bidean izan duten, duten eta izan dezaketen eraginaz jardutea. Xede horri begira, gaiaren inguruko euren ikuspegia emateko, legeria eta euskarak sektore eta testuinguru administratibo ezberdinetan duten harremana gertutik ezagutzen duten adituek osatu dute ikastaroko irakasle taldea. Hauen ekarpenari esker, gaiaren funtsezko alderdiak jorratzen dituen egitaraua osatu genuen.
 
Ikastaroari hasiera emateko, Joseba Intxaustiren eskutik, euskarak historikoki izan duen status legalaren bilakaera ezagutzeko aukera izan zen. Azken mendeetako baldintza historiko sozialak aldatu ahala euskaldunon hizkuntzaren egoerak jasandako aldaketez aritu zen Euskaltzaindiko kidea. Administratzaile publikoek hizkuntzekiko ezarritako arauak garaiko gizarte testuinguruan kokatuaz errepaso historikoa egin zuen.
 
Euskara Kultur Elkargoko zuzendari den Iulen Urbiolaren txanda etorri zen jarraian. Nafarroan euskarak eta herritarren hizkuntz eskubideek izandako bilakaera eta gaur egungo egoera aztertu zituen. Foru Erkidegoko legeriaren moldaketa bakoitzak izandako eraginak, nafar gizartearengan sortutako erreakzioak eta legeak praktikara eramaterakoan izanAdako gorabeherak azaldu zituen.
 
Atsedenaldi bat egin ostean, euskararen ofizialtasunari zuzenbidearen ikuspegitik erreparatu zitzaion gaiaren lanketa teorikoan eta aplikazio praktikoan esperientziadun Iñaki Agirreazkuenagaren eskutik. Bere hitzaldian lege testuetan hizkuntza ezagutzeko derrigortasuna jasotzeak dakartzan ondorioak eta aukera horrek instituzioen hizkuntza politikan suposatzen duen baldintzapena aztertu eta erlatibizatu zituen. Horrez gain, euskararen ezagutza euskal gizartearen gehiengo esanguratsu batera hedatzeak legeen garapenari aukera asko irekiko lizkiokeela eta hizkuntza normalkuntzarako baldintza legalak sortzeko oztopoetako bat gainditzea suposatuko lukeela azpimarratu zuen.
 
Arratsaldeko saioari hasiera emateko, Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria den Patxi Saezen eskutik, euskarak lege aldetik administrazioaren sektorean izan ditzakeen aukerez gehiago jakiteko parada izan genuen. Azpeitiko udalean praktikan jarritako neurriez aritu zen, lanpostuz lanpostuko eginkizunetan hizkuntza irizpideak finkatzeaz hain zuzen ere. Ekimen honen nondik norako nagusiak
 
Lehen eguneko egitaraua borobiltzeko, gaurkotasunez beteriko gai baten berri jaso ahal izan zuten Baionan bildutako ikasleek, zuzen-zuzeneko ezagutza duen irakaslearen eskutik. Erramun Osak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordetzak berriki aurkeztutako Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuaz hitzaldia eskaini zuen. Dekretu hau sortzeko jarraitutako prozesua azaldu zuen hasteko, egungo egoeraren diagnosi bezala erabilitako ikerketen nondik norakoak eta dekretuko neurrien kontrasterako erabilitako bideak azalduaz, besteak beste. Eta jarraian, dekretuaren edukietan sartu zen bete-betean, ekarriko dituen aldaketa eta betebeharren xehetasunak emanez. Ondorio bezala, kontsumitzaileen eskubideen deAkretua 25 urte bete berri dituen Euskararen Legeari garapenerako aukerak geratzen zaizkionaren froga dela nabarmendu zuen, besteak beste.
 
Ikastaroaren bigarren eguna hasteko, Iparraldean euskarak lege aldetik dituen muga eta aukerez mintzatu zen Battittu Coyos. Frantziar estatuko lege eta hizkuntz politikaren atzean dagoen ideologiaz aritu zen, Iraultza aurreko garaietako zenbait autoreren testuetan jasotakoak gaur egungo legeriaren atzean dauden ideien isla izaten jarraitzen dutela aipatuz. Legeriak Ipar Euskal Herrian gizarte elebidunaren norabidean suposatzen duen baldintzapena aztertu zuen eta euskalgintzako eragileen jardunak administrazioaren hizkuntza politikan izan dezakeen eraginaz ere jardun zen.
 

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Arantza Haranburuk hizkuntz eskubideek lurralde ezberdinetan bizi duten egoeraren diagnosi saio bat burutu zuen. Euskarak Euskal Herrian dituen bost status legalak banan bana aztertu zituen, hauetako bakoitza arautzen duten lege nagusiak aipatuz. Honen harira, korpus juridiko desegoki batek hizkuntz eskubideen bermea guztiz baldintzatzen duela azpimarratu zuen. Gainera, adibide errealak erabiliz, Behatokian jasotako hizkuntz eskubideen urraketa salaketen artean ohikoenak zerrendatu zituen.
 
Goizeko lanak bukatzeko, Elhuyar Aholkularitzako Helene Armentia eta Lur Etxeberriak koordinatuta, euskararen normalkuntzari begira zuzenbideak udal mailan eskaini ditzakeen aukeren gaineko tailerra burutu zen jarraian, Ikasleen arteko iritzi eta esperientzien trukerako abagunea ematen zuen dinamika baten bidez, udal teknikariek lanean topatzen dituzten oztopo nagusiak gainditzeko eta topa ditzaketen aukerak aprobetxatzeko proposamenen inguruko hausnarketa burutu zen
 
Dagoeneko azken txanpan sarturik, lan munduan euskara eta legeriaren arteko harremana jorratu zen bazkalostean. Lehendabizi Mikel Irizarrek Kutxan hizkuntzen tratamenduari dagozkion erabakietan aurrera daramaAten ildoaz hitz egin zuen eta enpresen munduan euskararen normalkuntzarako baliabideak eta ahaleginak eskatzerakoan erabili beharreko diskurtsoaz aritu zen besteak beste. Hizkuntza normalkuntza enpresaren baloreekin lotu beharra eta enpresaren funtzionamenduaren ohiko prozesuetan txertatu beharra nabarmendu zituen. Enpresak hizkuntza normalkuntzan izan dezakeen eraginaren diskurtsoaren aurretik, hizkuntza normalkuntzak enpresan izan dezakeenaren gainekoa hobetsi zuen, enpresetako arduradunei zuzentzerakoan.
 
Ikastaroko azken saioan, Elhuyar aholkularitzako teknikariek antolatutako dinamikaren bidez lan munduan hizkuntzen erabilera arautzen duten lege eta dekretuen inguruko ariketa parte hartzailea burutu zen. Zehatzago esanda, Jaurlaritzak aurkeztutako kontsumitzaileen eskubideen dekretura egokitu beharrean topatzen den enpresaren paperean jarri ziren ikasleak eta eman beharreko pausoak adostu zituzten taldetan banatuta.
 
Honaino aurten UEUren udako ikastaroen barruan Soziolinguistika Klusterrak antolatutakoak eman zuena. Bertaratutako ikasleek, gaian aditu eta aritu diren irakasleen eskutik, euskararen erabilera arautzen duen legeriaren alderdi anitzak ezagutu zituzten eta aldi berean, bakoitzak bere esperientziaren berri eman eta besteena jasoz elkarrengandik ikasteko aukera izan zuten. Bi egun hauetan izandako uda giro jatorra eredu hartuta, datorren urtean soziolinguistikaren inguruko beste gairen bat lantzeko aukera izango da.

Eranskina: