Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak ikerketa, materiala eta jardunaldia

Ikerketaren ondorioetatik abiatuta, Soziolinguistika Klusterrak eta Urtxintxa Aisialdi Eskolak lan honen zabalpenerako materiala sortzeko Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak Proiektua garatu dute, hau ere Pasaiako Udalak eskatuta egina. Proiektuaren helburu nagusia Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak ikerketa lanaren emaitza garrantzitsuenen zabalpenerako materiala diseinatzea izan da. Material honen xedea herrian, gurasoen, aisialdiko begiraleen, irakasleen eta herriko gazteen artean informazio eta sentsibilizazio lana egitea da.

Irakasleentzat landutako materialean, esaterako, irakaskuntzan azken urteotan egindako lanaren eraginez sortu diren aldaketei erreparatu zaie gehienbat eta irakasleek maizen izaten dituzten kezkei loturiko datuak sartu dira. Datu hauek “mezu sinpleetara” ekarri dira eta horiek gero hamar karteletara. Kartel horietako bakoitzean mezu nagusi bat dago eta ondoren mezu horren oinarrian dauden datuak eskaintzen zaizkie irakasleei liburuxka batean

Jardunaldian, Datu Soziolinguistikoak Zabaltzen izenari izana emanez, bi hitzaldi egon ziren. Urtxintxa Eskolako Jaime Altunak datu soziolinguistikoak zabaltzeko egindako materialak azaldu zituen lehenik eta ondotik, datu horiek nola zabaldu behar diren jarri zen mahai-gainean. Euskararen inguruan lan egiten dugunon kezka garrantzitsu honi erantzuna eman nahian Iñigo Fernandez, Publis NCM publizitate-enpresako langilea aritu zen.

Komunikazio estrategia on bat sortzeko ez dagoela trukorik esan zigun Iñigo Fernandezek, baina hori lortzeko beharrezko diren puntu batzuk argitu zizkigun. Alde batetik, konbentzitu behar duenak saltzen ari den horretan sinistu egin behar du. Bestetik, xede-taldea ongi ezagutu behar du, “merkatu-analisia” eginez. Ondotik, komunikazio estrategia sortzeko “eseri” egin behar du. Klabea eragin nahi dugun horrengan eragin dezakeen argumentu, datu edo ideia bat izatea da, honen inguruan sortzen baita komunikazio estrategia.

Herri batean datu soziolinguistiko –positibo edo negatibo- batzuk ditugunean... zabaldu behar al dira? Nori zabaldu behar zaizkio? Eta batez ere... nola zabaldu behar ditugu? Galdera hauek, eta beste asko izan ziren hizpide Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak ikerketa oinarri izanik SL Klusterrak landu duen proiektuaren emaitzak ezagutzera emateko antolaturiko jardunaldian.

Jardunaldiko partaideen artean ateratako galdera hauek edo antzerakoak izan ditu Pasaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ere. Proiektu honetan horietako batzuk erantzuteko ahalegina egin da.

Guztiaren oinarria, bi urte atzerago dago: Pasaiako Udalaren eskariz Maite Otegi ikerlariak 2004an egindako Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak. Ikerketa psikosoziolinguistikoa lan mardula. Izenburuak dioenez, ikerketa ikuspegi psikosoziolinguistiko batetik egina dago eta herriko 15-29 urteko gazteen artean egindako informazio bilketaren datu kuantitatibo (gehienbat) nahiz kualitatiboak biltzen ditu.

Ikerketaren ondorioetatik abiatuta, Soziolinguistika Klusterrak eta Urtxintxa Aisialdi Eskolak lan honen zabalpenerako materiala sortzeko Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak Proiektua garatu dute, hau ere Pasaiako Udalak eskatuta egina. Proiektuaren helburu nagusia Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak ikerketa lanaren emaitza garrantzitsuenen zabalpenerako materiala diseinatzea izan da. Material honen xedea herrian, gurasoen, aisialdiko begiraleen, irakasleen eta herriko gazteen artean informazio eta sentsibilizazio lana egitea da.

Horretarako, hiru material diseinatu eta garatu dira, bakoitza hartzaile bati begira: Irakasleen sentsibilizazio materiala, Gazteen motibazio saioetarako materiala eta Aisialdiko hezitzaileen sentsibilizazio materiala. Hiru hauez gain, beste hiru material ere diseinatu ziren, baina aurrerago garatu ahal izango den material bezala gelditu dira: Bikote euskaldunen sentsibilizazio materiala, Kale hezitzaileentzako materiala eta Gazteen publizitate lehiaketa.

Material hauek sortzeko prozesuan garrantzi berezia eman zaio hautatutako hartzaileei informazioa emateko bideak eta moduak aztertzeari. Jarraitutako pauso nagusiak ondorengoak izan dira. Lehenik, Pasaiako Euskara Zerbitzuarekin adostu da norentzako materialak sortu behar ziren. Horren arabera, Maite Otegiren ikerketaren datu aipagarrienen hautaketa egin da eta kasu bakoitzean datu horiek zein formatotan edo zein bidetatik zabal zitezkeen aztertu.

Proiektuaren lanketa SL Klusterreko bulegotik eta Urtxintxa Eskolatik egin da (bera baitzen Klusterreko kideen artean gai hauetan esperientziarik gehien duen erakundea). Bien artean eta Udalaren lankidetzaz materialen oinarriak finkatuta, gaiaren inguruan “ar/ditu” direnen ekarpenak ere jaso dira, Sonia Perezenak (Topagunea. Euskara Elkarteen Federazioaren Aisia ataleko arduraduna), Zesar Martinezenak (EHUko Soziologia Saileko irakaslea) eta Iñaki Eizmendirenak (Lasarte-Oriako Ttakun elkartearen Aisia ataleko arduraduna), hain zuzen ere.

Nolako materialak sortu dira? Esan bezala, landutako hiru materialetan jasolearen errealitatera egokitu nahi izan da. Irakasleentzat landutako materialean, esaterako, irakaskuntzan azken urteotan egindako lanaren eraginez sortu diren aldaketei erreparatu zaie gehienbat eta irakasleek maizen izaten dituzten kezkei loturiko datuak sartu dira. Datu hauek “mezu sinpleetara” ekarri dira eta horiek gero hamar karteletara. Kartel horietako bakoitzean mezu nagusi bat dago eta ondoren mezu horren oinarrian dauden datuak eskaintzen zaizkie irakasleei liburuxka batean, beraientzako informazio gisa batetik, baina, baita ere, ikasleekin edo gurasoekin izaten dituzten elkarrizketetan erabil dezaketen material bezala.

Honako hauek izan dira, adibidez, irakasleen kasuan hautaturiko hamar mezu nagusiak eta beren azalpenak:

  • • Pasaiako euskaldun kopuruan aurrerapauso nabarmenak eman dira azken urteotan, hezkuntzaren eraginez. Ondorioz, gero eta zailagoa da Pasaian euskara ulertzen ez duten gazteak topatzea.
  • • Euskaraz dakien gero eta gazte gehiago dago, baina erabileran aldaketa ez da espero bezalakoa: euskaraz ezer ez egitetik zerbait egitera pasatzen dira (ez dute dena euskaraz egiten). Gazteenek ezagutza altuagoa dute eta kalean, tabernetan eta festetan gehiago erabiltzen dute. Gutxien erabiltzen dutenak, alde handiarekin, 25-29 urtekoak dira.
  • • Euskara ez da leku guztietan eta gauza guztietarako berdin erabiltzen (irakasleekin erabilera altua da, baina alaitasuna edo haserrea adierazteko erdarara jotzen dute...).
  • • Erabilera altua izateko euskaraz (oso) ongi jakin behar da. Datuetan ikusten denez, ezagutza maila altua aitortzen dutenetatik oso altua aitortzen dutenetara alde esanguratsua dago; oso altua aitortzen dutenek nabarmen gehiago erabiltzen dute.
  • • Hurbilekoekin nola, erabilera orokorrean hala; hurbileko sare sozialarekin (familia, lagun, bikotekide...) egiten den euskararen erabilera eta orokorrean egiten dena bat datoz.
  • • Gazteek euskararekiko eta honen erabilerarekiko iritzi positiboak dituzte eta etorkizunean euskaraz ikasi eta lan egin nahi dute.
  • • Euskara erabiltzen duten nahiz erabiltzen ez duten gazteek euskaradunei buruzko ezaugarri positiboak aipatzen dituzte.

Aukeratutako datu eta mezu hauetatik bost hauek irakasleek gurasoei transmititzeko aukeratu dira:

  • • Pasaiako gazte gehienek euskara ulertzen dute, baina euskararen erabilera motelago ari da hazten.
  • • Zuen seme-alabek euskaraz eta euskara ikastea bermatzen dizuen eredu bakarra D eredua da, Hezkuntza Sailak 2005. urtean DBHko gazteei egindako B2 gaitasun-frogetatik ondorioztatu zuenez.
  • • Haurrek ez dute egiten gurasoek esaten dutena, gurasoek egiten dutena baizik. Euskara etxean jaso izanaren eragina nabarmena da ezagutzan eta erabileran.
  • • Bikote-hizkuntza gaztelania bada, etxeko hizkuntza gaztelania izango da kasu askotan. Hurrengo belaunaldiak euskaldunagoak izan arren, bikote-hizkuntza gaztelania bada, etxeko hizkuntza era hala izango da kasu askotan.
  • • Gazteek euskararekiko eta honen erabilerarekiko iritzi positiboak dituzte eta etorkizunean euskaraz ikasi eta lan egin nahi dute.

Nahi izanez gero, txostena bera SL Klusterreko webgunean eskura dezakezue, proiektu honen atalean (http://www.soziolinguistika.org/).

Pasaiako gazteen hizkuntza jokaerak ikerketaren gainean egindako material honen berri eman eta gaiaren inguruko hausnarketa eta iritzi-trukea bultzatu asmoz, Datu Soziolinguistikoak Zabaltzen jardunaldia antolatu du Klusterrak. 2006ko otsailaren 24an izan da, Martin Ugalde Kultur Parkean. Gaian interesatutako arlo askotako 40 bat teknikari bildu dira bertan: administrazioko langileak (herrietako euskara teknikariak, HPSko ordezkariak), unibertsitate irakasleak, SL Klusterreko kideak, eta euskara elkarteetako teknikariak, besteak beste. Soziolinguistika Klusterraren helburu dira soziolinguistikaren arloan egiten diren azterketak zabaltzea eta horren inguruan hausnartzeko, esperientziak trukatzeko edo ideia berriak sortzeko aukerak eskaintzea. Jardunaldia horiek aurrera eramateko baliagarri izan delakoan, kontentu dago Klusterra.

Izenburuaren atzean dauden hiru “adierak” azalduta, azkena aipatu dugun honetan geldituko gara. Jardunaldian, Datu Soziolinguistikoak Zabaltzen izenari izana emanez, bi hitzaldi egon ziren. Urtxintxa Eskolako Jaime Altunak datu soziolinguistikoak zabaltzeko egindako materialak azaldu zituen lehenik eta ondotik, datu horiek nola zabaldu behar diren jarri zen mahai-gainean. Euskararen inguruan lan egiten dugunon kezka garrantzitsu honi erantzuna eman nahian Iñigo Fernandez, Publis NCM publizitate-enpresako langilea aritu zen.

Bere hitzetan, komunikazioak euskararen alde asko egin dezake eta komunikazio-estrategia on batek eraginkortasuna ematen dio euskarari. Komunikazioaren garaian bizi gara, baina euskararekin mugatuak gaude, ez dugu saltoa ematen. Kalitatezko gauza asko egin arren, maiz ez dugu adierazten, behar ez delakoan. Komunikazio estrategiak ongi gauzatzeko komunikazio euskalduna egingo duen jende espezializatua behar dugu. Komunikazioan aditu den norbaitek sortu dezakeen eraginaren froga dugu aurtengo Bertsolari Txapelketaren finalean lortu den oihartzuna.

Publizitateak ezin du lortu euskaraz hitz egitea eragitea, baina halo bat gehitzen dio. Komunikazio estrategia on bat sortzeko ez dagoela trukorik esan zigun Iñigo Fernandezek, baina hori lortzeko beharrezko diren puntu batzuk argitu zizkigun. Alde batetik, konbentzitu behar duenak saltzen ari den horretan sinistu egin behar du. Bestetik, xede-taldea ongi ezagutu behar du, “merkatu-analisia” eginez. Ondotik, komunikazio estrategia sortzeko “eseri” egin behar du. Klabea eragin nahi dugun horrengan eragin dezakeen argumentu, datu edo ideia bat izatea da, honen inguruan sortzen baita komunikazio estrategia.

Egin behar ditugunak azaltzearekin ez zen konformatu, ordea. Egin behar ez ditugunak ere aipatu zituen. Adibidez, euskara zer den esan beharrean, demostratu egin behar dela esan zuen; sinesgarritasuna emateko, euskara gozagarria dela erakusteko, adibide errealak behar ditugu. Ez dugu agindu behar; eraginkorrak izateko seduzitu, konbentzitu, limurtu egin behar dugu. Mezu ezkorrak ez dira erabili behar; mezuan etekina egon behar du. Eta estrategia bateraturik ez izatea ere ez da batere onuragarria, noski.

Hitzaldien ondoren, jardunaldira bertaratutakoei beren iritzi, hausnarketa eta zalantzak plazaratzeko aukera eskaini zitzaien. Horretarako aurreikusitako ordu betea eskas xamar gelditu zen, jendeak asko baitzuen esateko.

Hasieratik aipatu zena datuak nori eta nola azaldu behar zaien erabakitzeak lanak ematen dituela izan zen. Hori gutxi balitz, horri zertarako gehitu behar zaiola esan zuen adituak, komunikazio helburu bakoitzeko estrategia bat sortu behar dela zehaztuz. Honekin batera, emaileen ezaugarriak eta mugak ere kontuan hartu behar dira, emaile batzuk legitimazio eta indar gutxi izan dezaketelako leku eta egoera batzuetan.

Euskarak behar dituen erreferenteen, ereduen inguruan ere aritu ziren, inkontzientean eragiten zuena goitik ala behetik heldu dena ote den... Hortik irrazionaltasuna beharrezko dela azpimarratzera pasatu zen, konpromisoagatik bakarrik ez baita euskaraz hitz egiten.

Honekin zerikusia duen beste ideia bat, ondorengoa: Euskararekin loturiko errepresentazioak zein diren ezagutzeko ikerketa kualitatiboen beharra dugu. Errepresentazio errealak ikertu behar dira (inkontzienteak) eta ez aitortuak (ikerketa gehienetan jaso ohi direnak). Errepresentazio edo giza irudikapen izendatzen diren hauek marken konnotazioekin lotuak daude eta marka eta logotipoaren arteko desberdintasuna ere mintzagai izan ziren.

Askotan nahasten ditugun arren, marka bat konnotazioz betea dagoen zerbait litzateke (pertsona bat, izaera bat...) eta logotipoa pertsona horren janzkera bezalakoa litzateke, unean-uneko irudia. Logotipoak bere soilean ez du indarrik, baina aurrez edukiz (edo konnotazioz) betetako marka batekin lotzen dugun neurrian bai. Euskararen inguruan dauden markak (erakundeak, taldeak... pertsonak) gorpuzten, eta konnotazio onez hornitzen lan gehiago egin behar genukeela gelditu zitzaigun ondoriotzat.

Ideia hauek aipatutako batzuk dira eta ez dira gutxi. Badirudi, beraz, gai honen inguruan dagoen interesa eta beharra ikusirik, “komunikazio estrategien” lanketa normalizazio planen zereginen artean aurreikusi beharko dela aurrerantzean.

BAT aldizkaria: 
58. 2006ko martxoa. Euskararen egoera Nafarroa Garaian
Egilea(k): 
Oihana Lujanbio, Pablo Suberbiola
Urtea: 
2006