HIZKUNTZA ESKUBIDEAK ETA EUSKARA HEZKUNTZA SISTEMAN

Egilearen arabera, hezkuntza eta hizkuntza ez-normalizatuen arteko harremanak norabide bi ditu. Batetik, hezkuntza, hizkuntza-eskubideen objektu da; bestetik, hezkuntza-sistemaren bitartez hizkuntza-eskubideak —erabilera zein ezagutza eskubideak— eraginkor bihurtuko dira. Euskara, hizkuntza gutxitua da bere lurraldean. Hizkuntza ez-normalizatuen kasuan hezkuntza-sistemak berebiziko garrantzia hartzen du hizkuntzaren ezagutza orokortzeko baliabide gisa, baita prestakuntza eskaintzeko ere, hizkuntzaren komunikazio-funtzioa gizarte esparru guztietan zabaltzearren.

Hirugarren atalean hizkuntza ofizialtasunaren hezkuntza-eraginak aztertzen dira. Ofizialtasun bikoitzak zera dakar: bi hizkuntzei estatus juridiko berbera aitortzea. Baina hizkuntzen arteko formazko berdintasun juridikoa ez dator bat hizkuntzen egoera errealarekin. Euskararen eta gaztelaniaren egoera ez da berdina. Egoera desorekatua da arrazoi politikoetan zein historikoetan oinarrituz. Ofizialtasun bikoitzak helburu berdintzailea izan behar du ardatz, botere publikoei jarduera sustatzailea burutzera bultzatu behar dielarik.

Autonomia Erkidegoei dagokie irakaskuntzako hizkuntza-sistema ezartzea. Ahalmen horren oinarri juridikoa, hizkuntza-normalkuntzari buruzko eskumenetan aurkitzen da. Eskumen horretaz baliatuz sistema desberdinak ezar daitezke. Konstituzio Auzitegiak baieztatu duenari jarraiki, Konstituzioko 27. artikuluak ez du eredu elebidun zehatzik inposatzen. Konjuntzio sistema eta banaketa sistema, biak muga konstituzional berdinen menpe daude. Muga hori hain zuzen, bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzea da. Baina helburu horrek ez du esan nahi hizkuntzaren erabilera orekatua eskatzen denik.

EAEko hezkuntza-sistemari begira jarrita, hausnarketarako gaia dugu hainbat txosten teknikok agertzen digutena; alegia, derrigorrezko hezkuntza bukatzen duen zenbait ikaslek ez duela euskara maila egokirik adierazten, eta bereziki, A ereduaz baliatuz hezkuntza jaso dutenek. Txosten horiek esaten digute ere, ikasleon euskara ezagutza mailak ereduekin lotura estua izan arren, beste hainbat faktorek ere eragina duela horretan

Seigarren atalean, irakurleak Nafarroako hezkuntza-sistemari buruzko hausnarketak aurkituko ditu. Nafarroan, azken urteotan hizkuntza-eskubideen garapen mugatzailea gertatzen ari da. Hizkuntza-arau berriek nafarren hizkuntza- askatasunak baztertzen eta mugatzen dituzte. Hizkuntza-politika ez da hizkuntza-integrazioaren bidetik abiarazten, ezta hizkuntza-aniztasuna sustatzearen bidetik ere, euskarari dagokionez behintzat.

Zazpigarren atalak Iparraldeko hizkuntza egoera aztertzen du. Iparraldeari dagokionez, azken inkesta soziolinguistikoek erakusten digute euskaldunen kopurua pixkanaka behera doala. Familia bidezko euskararen transmisioa geroz eta ahulagoa da, eta ez da nahikoa norabide erregresiboak iraultzeko. Euskararen geroa ez dago bermaturik. Egoera horren aurrean, euskarari lege estatus berri bat aitortzea ezinbestekoa bihurtzen da.

Hizkuntza-eskubideen eta normalkuntza-prozesuaren perspektibetatik abiatuta, Euskal Herriko lurralde guztietan euskararen ofizialtasuna aitortzea oinarrizko helburu gisa planteatzen da. Hizkuntza-aniztasunari zor zaion begirunea ardatz bezala hartuz eta berau balioetsiz, hezkuntza-sistemak, geroz eta anitzagoa den gizarte honetan, hizkuntza integraziorako tresna bilakatu behar du, ikasle guztiei euskara ezagutzeko eta erabiltzeko gaitasuna ere bermatuz.

(*1)

Liburu honetan egileak Euskal Herriko hezkuntza-sistemen gaineko ikerketa sakona burutu du, hizkuntza-eskubideetan erreparatuz. Atzera begira jarri, egungo egoera aztertu eta etorkizunari begira, proposamenak aurkezten dizkigu egileak. Honetara, hizkuntza aldetik, nolakoa izan beharko litzatekeen etorkizuneko Euskal Herria eta zein izan beharko litzatekeen hezkuntza-sistemaren norabidea hausnartzen du, beti ere oinarritzat zera hartuz: hezkuntza-sistema, herritarron hizkuntza integratzeko tresna eraginkorra bilakatu behar dela, euskal gizartearen aniztasuna eta gizartearen hizkuntza kohesioa uztartuz.

Hezkuntza-sistemak helburu berdintzailea izan behar du ardatz, hizkuntza desorekak gainditzera zuzendua dagoena. Hezkuntza-sistema euskal gizartearen euskalduntzea bermatuko duen tresnetako bat da, ahaztu gabe beste hainbat faktorek ere eragiten duela horretan. Liburu honek hausnarketa lasai eta sakon bati ekitea proposatzen digu. Akaso hezkuntza-sistema gainditzen duen hausnarketa da, Euskal Herriko egungo gizartearen hizkuntza-eredua bera ukitzen duen zerbaiti buruz ari delako.

Gizartean gure hezkuntza-sistemei buruzko eztabaida zabalik dagoen une hauetantxe, irakurleak gogoeta juridikoak nahiz iritzi iradokitzaileak topatuko ditu monografia honetan.

Egilearen arabera, hezkuntza eta hizkuntza ez-normalizatuen arteko harremanak norabide bi ditu. Batetik, hezkuntza, hizkuntza-eskubideen objektu da; bestetik, hezkuntza-sistemaren bitartez hizkuntza-eskubideak —erabilera zein ezagutza eskubideak— eraginkor bihurtuko dira. Euskara, hizkuntza gutxitua da bere lurraldean. Hizkuntza ez-normalizatuen kasuan hezkuntza-sistemak berebiziko garrantzia hartzen du hizkuntzaren ezagutza orokortzeko baliabide gisa, baita prestakuntza eskaintzeko ere, hizkuntzaren komunikazio-funtzioa gizarte esparru guztietan zabaltzearren.

Euskal Herria, herri anitza da, beraz, herri aberatsa. Hizkuntza eta kulturaren ikuspegitik geroz eta anitzagoa bihurtzen ari da. Hezkuntza-sistema herriaren gizarte-garapenari lotuta egon behar da. Hezkunt za-sistemak eraldatzailea izan behar du, integratzailea eta berdintasuna bermatzen duena. Hain zuzen, euskara berezko hizkuntzatzat duen lurralde anitz honetan, hezkuntzari lotutako hiru ezaugarri horiek zama linguistikoa hartzen dute. Hots, hizkuntza gutxituen eta ez-normalizatuen kasuan, hezkuntzak hizkuntzaren transformazioari bide eman behar dio, hezkuntzaren bitartez gizartearen hizkuntza integratu beharra dago eta, hezkuntzak hizkuntzen arteko desorekak orekatzeko baliagarria izan behar du.

Liburuak 7 atal, ondorioak eta bibliografia ditu. Lehenengo atalak, euskararen bilakaera historikoa zein juridikoa aztertzen du. Hezkuntza-sistemaren bitartez, historiaren sasoi bakoitzean, abian jarri diren hizkuntza-politikak aztertzen eta sistematizatzen dira.

Bigarren atalak berriz, nazioarteko zuzenbidea eta europar zuzenbidea aztertzen ditu. Halaber, hizkuntza gutxituei buruzko nazioarteko araubidea, baita hizkuntza-elkarte gutxituei buruzkoa ere ikertzen dira. Egileak ondorioztatzen duenari jarraiki, hizkuntza-eskubideek perspektiba indibiduala eta aldi berean kolektiboa badute ere, oinarrizko eskubideak aitortzen dituzten xedapenek perspektiba indibidualaz baliatzen dira nagusiki. Nazioarteko zuzenbideak ez du sakondu hizkuntza-eskubideen eduki kolektiboan, ezta hizkuntza eta lurraldearen arteko harremanean ere. Bestalde, gutxiengoen eta hizkuntza-elkarte gutxituen babesaz arduratzen diren nazioarteko xedapenek babes estandar apalak azaltzen dituzte, bereziki hizkuntza-askatasunei lotuta.

Atal honetan orobat, arreta berezia jarri zaio hizkuntza gutxituei buruzko Europako Kartari. Hezkuntza-eskubideei lotuz, euskara ofiziala den lurraldeei begira, ez dirudi Kartak hizkuntza-eskubide gehigarririk dakarrenik. Dena dela, egileak azaltzen digunaren arabera, berrikuntza juridikorik badakartza euskara ofiziala ez den lurraldeetan: Nafarroako eremu mistoan, eremu ez-euskaldunean, eta Iparraldean, hain zuzen ere.

Hirugarren atalean hizkuntza ofizialtasunaren hezkuntza-eraginak aztertzen dira. Ofizialtasun bikoitzak zera dakar: bi hizkuntzei estatus juridiko berbera aitortzea. Baina hizkuntzen arteko formazko berdintasun juridikoa ez dator bat hizkuntzen egoera errealarekin. Euskararen eta gaztelaniaren egoera ez da berdina. Egoera desorekatua da arrazoi politikoetan zein historikoetan oinarrituz. Ofizialtasun bikoitzak helburu berdintzailea izan behar du ardatz, botere publikoei jarduera sustatzailea burutzera bultzatu behar dielarik. Hori da, hain zuzen ere, normalkuntza-prozesuaren oinarria. Ofizialtasun bikoitzaren aitorpen juridikoa ez da, beraz, jarduera estatikoa, aitorpen hutsarekin agortzen dena. Ofizialtasun bikoitzak normalizazio-prozesua abian jartzea galdatzen du. Berdintasun juridikoak dimentsio substantziala hartzen du, desorekak gainditzeari zuzendua.

Ofizialtasun bikoitzaren oinarria ez da hizkuntzen arteko —edo hizkuntza- komunitateen arteko— elkarbizitza soila. Ofizialtasun bikoitza ez da oinarritzen askatasun hutsetan; betebehar publikoak ere sortzen ditu. Horren harira hiru ondorio azpimarratu ditu egileak:

Norbanakoen ikuspegitik, ofizialtasun bikoitzak ez du babesten hizkuntza ofizialetatik bakarra ezagutzeko eskubiderik. Euskara ikastea ez dago norbanakoaren esku. Norbanakoek ezin baldintza dezakete hizkuntzen ofizialtasunari lotzen zaion eragin juridikoa. Euskara ikasteko eta ikasketaren bitartez euskara ezagutzeko beharra, ofizialtasunaren ondorioa da.

Botere publikoek, hezkuntza-sistemaren bitartez, bi hizkuntza ofizialen ezagutza eraginkorra bermatu behar dute. Ofizialtasunaren eta hezkuntzaren arteko harreman juridikoak ezaugarri berdinak ditu euskararen eta gazteleraren kasuan. Hezkuntza-sistemak helburu berdinak bermatu beharko ditu, beraz, bi kasuotan.

Ofizialtasunak sortzen dituen hezkuntza-eraginak ez dira agortzen hizkuntza ofiziala curriculumean integratzearekin. Ofizialtasunaren berme instituzionala helburuak bermatzeari zuzentzen zaio. Ofizialtasunak helburuak ezartzen ditu, hezkuntza-sistema bitartekoa izanik. Hezkuntza-sistemak izaera instrumental hutsa dauka.

Beraz, ofizialtasunari lotzen zaizkion ezagutza-helburuek hizkuntzen erabilera hedatzailearen neurria ezarri behar dute. Hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzeari begira, beharrezkoa gerta daiteke hizkuntzaren erabilera kurrikulara. Honetara, euskararen erabilera kurrikulara, euskararen ezagutza bermatzeko heinekoa izan behar da.

Laugarren atalak ostera, hezkuntza-eskubidearen hizkuntza-edukia aztertzen du. Autonomia Erkidegoei dagokie irakaskuntzako hizkuntza-sistema ezartzea. Ahalmen horren oinarri juridikoa, hizkuntza-normalkuntzari buruzko eskumenetan aurkitzen da. Eskumen horretaz baliatuz sistema desberdinak ezar daitezke. Konstituzio Auzitegiak baieztatu duenari jarraiki, Konstituzioko 27. artikuluak ez du eredu elebidun zehatzik inposatzen. Konjuntzio sistema eta banaketa sistema, biak muga konstituzional berdinen menpe daude. Muga hori hain zuzen, bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzea da. Baina helburu horrek ez du esan nahi hizkuntzaren erabilera orekatua eskatzen denik. Hizkuntza ofizial bien ezagutza, sistemaren emaitza izan behar da.

Hezkuntza-eskubidearen oinarriak bere helburuetan datza. Konstituzioaren 27.2 artikuluaren arabera "hezkuntzaren objektua giza nortasunaren garapen osoa" da. Jurisprudentziarekin bat, aipatu artikuluak ez dio ikasleari bermatzen irakaskuntza osoa bere ama hizkuntzan jasotzeko eskubiderik. Ikaslearen giza nortasunaren garapenaren bermeak muga materialak dakartza, baina bereziki muga pedagogikoak. Giza nortasunaren garapenak pedagogia teknika egokiak abian jartzea eskatzen du. Hori da, hain zuzen ere, Konstituzio Auzitegiak hezkuntzako hizkuntza-sistemei ezarri dien bigarren muga: hezkuntza-eskubidearen hizkuntza-edukia bermatzea. Auzitegiaren aburuz, hezkuntza-eskubidearen hizkuntza-edukia, eduki mugatua da. Bere jurisprudentziaren arabera, hezkuntza-eskubidea ez da kaltetzen, irakaskuntza, hizkuntza ulergarri batez jasotzen bada. Beraz, hizkuntza oztopo ez denean irakaskuntza-edukiak transmititzeko, hezkuntza-eskubidea ez da kaltetzen. Aldiz, hizkuntza arrazoia dela-eta, transmisiorik gertatzen ez bada, hezkuntza-eskubidea kaltetzen da.

Hezkuntzaren helburua ikasleon nortasunaren garapena izanik, euskara berezko hizkuntzatzat duen lurraldeko hezkuntza-sistemak, euskararen ezagutzari bide eman behar dio. Euskal Herriko gizartearen testuinguruan, ikasleei bermatu behar zaie bertako berezko hizkuntzaren ezagutza. Ondorioz, hezkuntza-eskubidearen hizkuntza-edukia mugatua izan arren, berezko hizkuntzaren kontzeptuak hizkuntza-edukiez bete behar du irakaskuntza-prozesua.

Bosgarren atala Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaz arduratzen da. Honetara, eskumen banaketari buruzko hausnarketak eginez abiatzen da egilea. Hezkuntza, elkar banatutako eskumena izan arren, hizkuntza ofizialen irakaskuntzari dagokionez zein ezaugarri berezi agertzen dituen azaltzen digu.

EAEko hezkuntza-sistemari begira jarrita, hausnarketarako gaia dugu hainbat txosten teknikok agertzen digutena; alegia, derrigorrezko hezkuntza bukatzen duen zenbait ikaslek ez duela euskara maila egokirik adierazten, eta bereziki, A ereduaz baliatuz hezkuntza jaso dutenek. Txosten horiek esaten digute ere, ikasleon euskara ezagutza mailak ereduekin lotura estua izan arren, beste hainbat faktorek ere eragina duela horretan; adibidez, testuinguru soziolinguistikoak, familia eta lagunen hizkuntza praktikak, hizkuntzekiko jarrerak, e.a.

Gaia konplexua da. Hezkuntza-sistema euskal gizartearen euskalduntzea bermatzeko tresnetako bat izan behar da, baina ezin dugu ahaztu beste hainbat faktorek ere eragiten duela horretan. Hari horri jarraiki gogoeta sakon eta lasaia egitea proposatzen zaigu. Hezkuntza-sistemari begira, dugun esperientziatik abiatuta, zenbait proposamen juridiko azaltzen dizkigu egileak. Horietatik bat, ereduen izaeran edo konfigurazio juridikoan erreparatzea da, euren zurruntasun maila aztertuz, eta horri loturik, ikastetxeei bermaturiko autonomia pedagogikoaren hedapena aztertuz ere. Euskararen ezagutza bermatzea, eskola- betebeharra dela ulertzen bada ere, berau ezin da baldintzatu, hezkuntza-prozesuaren kanpotik balia daitekeen hizkuntza-eredu bat edo bestea hautatzearen bitartez. Ondorioz, hizkuntza-ereduen tresna-izaera aintzat hartuz, ikastetxeei bide eman dakieke, euskararen erabilera kurrikularean eragin dezaten, euren autonomia pedagogikoa indartuz, beti ere legediak azaltzen duen euskara ezagutza-maila bermatzearren.

Seigarren atalean, irakurleak Nafarroako hezkuntza-sistemari buruzko hausnarketak aurkituko ditu. Nafarroan, azken urteotan hizkuntza-eskubideen garapen mugatzailea gertatzen ari da. Hizkuntza-arau berriek nafarren hizkuntza- askatasunak baztertzen eta mugatzen dituzte. Hizkuntza-politika ez da hizkuntza-integrazioaren bidetik abiarazten, ezta hizkuntza-aniztasuna sustatzearen bidetik ere, euskarari dagokionez behintzat.Hizkuntza-politika nafarraren norabide horrek ez du oinarri juridikorik, ez oinarrizko arauetan, ez Nafarroako hizkuntza- legedian, ezta gutxiagorik ere Europako hizkuntza gutxituei buruzko Kartan. Kartak, botere publikoei galdatzen die hizkuntza gutxituen aldeko jarduera eraginkorra buru dezatela. Botere publiko nafarrak behartuta daude hizkuntzen elkarbizitza eraginkorra bermatzera. Nafarroako hezkuntza-sistemak, hizkuntza- integraziorako baliabide bihurtu behar du.

Nafarroako errealitate soziolinguistikoa anitza da. Kualitatiboki anitza, baita hizkuntzen lurralde banaketari begira ere. Horrek euskararen normalkuntza-prozesuan ezinbestean eragiten du. Alabaina, aniztasuna oinarritzat hartuz ez dago euskarari zor zaion garapen progresiboa mugatzerik. Nafarroan, hizkuntza- eremuak ezarri dira hizkuntza-eskubideak eremu bakoitzean mugatuz. Europako hizkuntz gutxituei buruzko Karta indarrean izanik, zonifikazioari irakurketa juridiko berria eman behar zaio. Kartaren arabera, zonifikazioa zilegia izan dadin, euskararen sustapenari eta hizkuntzaren mailakatutako aurrerapenari bide emango dion tresna bilakatu beharko litzateke, eremu soziolinguistiko bakoitzeko ezaugarriei egokituz. Baina, Kartaren indarrez, zonifikazioak zilegitasun osoa galtzen du, euskararen sustapenaren edo elebitasunaren aldeko gizarte-eskaria blokeatzeko tresna gisa erabiltzen bada. Euskararen aldeko gizarte-eskaria, argi islatzen da, etengabe goraka doala hezkuntza-eredu elebidunen aldeko eskarian. Gizarte-eskakizun hori Nafarroako eremu guztietan agertzen da, eta bereziki azpimarragarria da eremu ez-euskalduneko ikastetxeetan. Izan ere, hizkuntza- legedia ez zaio gizartearen borondateari egokitzen.

Legeak duen izaera mugatzailearen adierazle nabarmena dugu ikastolen egoera, eremu ez-euskaldunean. Eremu ez-euskaldunean sei ikastola daude. Gizarte-ekimeneko ikastetxe horiek Vascuencearen Legeko ezarpenetara egokitzerik ez dute, Legeak aurreikusi ez baitu euskarazko irakaskuntzarik eremu ez-euskaldunean. Egileak azpimarratzen duen bezala, egoera hori ulertezina da ikuspegi demokratiko batetik abiatuta; ikuspegi juridikotik abiatuz gero ordea, nazioarteko zuzenbidearen kontrakotzat jo behar da erabat. Nazioarteko zuzenbidearen arabera (Europako hizkuntza gutxituei buruzko Kartako 8.2), euskarazko irakaskuntza bakarrik baldintza daiteke inguruabar objektiboak tarteko, hala nola, eduki kurrikularak bateragarriak ez badira programazio orokorrarekin, eskatzaileen zenbatekoa, e.a. Baina, irakaskuntza-baimenak inolako kasuan baldintza daitezke hizkuntza gutxitu bat erabiltzen delako irakaskuntza bideratzeko. Irakaskuntza arloan, begi-bistakoa da egungo Nafarroako legediak egokitzeko premia duela, euskararen normalkuntza-prozesuari egokitzeko premia hain zuzen ere, oztopo izateari utziz.

Azken urteotan, Foru Dekretu egitasmoen bitartez, hezkuntza-planteamendu berriak agertzen ari zaizkigu. Planteamendu berriaren muinak hizkuntza-eredu berriak ezartzean datza, Europar Batasuneko hizkuntzak, Nafarroako hezkuntza-sisteman hizkuntza hedatzaile bilakatuz. Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza bermatzea beharrezkoa da. Baina hori gauzatu behar da hizkuntza propioari kalterik egin gabe, eta hizkuntza komunitarioak, hizkuntza propioaren aurrez aurre jarri gabe. Hizkuntza propioak gizartearen elementu bereizgarriak eta definigarriak dira. Nafarroako legediak bi hizkuntza propio aitortu ditu, horietatik bat egoera gutxituan dago. Euskara eta hizkuntza komunitarioak aurrez aurre eta modu baztertzailean jarriz gero, gurasoak behartuta egongo dira euskararen alde edo hizkuntza komunitarioaren alde egiteko. Hori, berez kaltegarria da hizkuntza gutxituarentzako. Nafarroako hezkuntza-sistemak izaera integratzailez jardun beharko luke, euskara, gaztelera eta Europar Batasuneko beste hizkuntza baten edo biren ezagutza bermatuz.

Zazpigarren atalak Iparraldeko hizkuntza egoera aztertzen du. Iparraldeari dagokionez, azken inkesta soziolinguistikoek erakusten digute euskaldunen kopurua pixkanaka behera doala. Familia bidezko euskararen transmisioa geroz eta ahulagoa da, eta ez da nahikoa norabide erregresiboak iraultzeko. Euskararen geroa ez dago bermaturik. Egoera horren aurrean, euskarari lege estatus berri bat aitortzea ezinbestekoa bihurtzen da. Hizkuntza gutxituan seme-alabak hezteko eskubidea legeztatu eta bermatuko duen lege estatus berria premiazkoa da.

Frantzia, Estatu unitarioa da, eta eskema horretara egokitzen dira norbanakoei aitorturiko hizkuntza-eskubideak. Hizkuntzei begiratuta, Frantziako lurraldea Europako lurralderik anitzenetarikoa da. Baina zuzenbideak aniztasun horri eman dion erantzuna, erabat mugatzailea izan da. Estatu-lurraldean, nazio-hizkuntza bat baino gehiago egon arren, Errepublikak hizkuntza bakarra dauka. Errepublikako nortasunaren eraikuntza, hizkuntza bakartasunean oinarritu da. Frantziako Errepublikaren printzipio politiko nagusietan oinarritzen da elebakartasuna. Batasuna bultzatu da, eta ez batuketa, prozesu berdintzaile baten bitartez.

Frantziako Estatuak ez du hizkuntza-elkarterik ez eta hizkuntza-talde gutxiturik ere aitortzen. Kontseilu Konstituzionalaren jurisprudentzia oso mugatzailea izan da. Jurisprudentzia horren arabera, hizkuntza gutxituetako hizlariei hizkuntza-eskubidek aitortzea, Errepublikaren banaezintasunaren aurkakoa da, berdintasun printzipioaren kontrakoa eta frantziar herriaren batasunaren aurkakoa. Errepublikako printzipio politiko nagusiek, hizkuntza-eduki baztertzailea dute.

Frantziako hizkuntza legeria eskasa eta norabide bakarrekoa da. Errepublikako hizkuntza lehenestea eta sendotzea du helburu. Hezkuntza arloan, normaltasun linguistikoa frantsesarentzat gorde da. Lege-indarrez, hezkuntza-sistemaren hizkuntza frantsesa izan behar bada, gainerako hizkuntzen garapena erabat mugatzen da. Lege babesik gabe, euskarazko irakaskuntzaren oinarri juridikoak erabat ezegonkorrak bihurtzen dira.

Ezegonkortasun juridiko horren adierazle garbiak ditugu Frantziako Estatu Kontseiluak 2002ko urrian emandako ebazpenak. 2001. urtean Frantziako hezkuntza ministerioak irakaskuntza elebidunaren erreforma garrantzitsua abian jarri zuen. Lehengo aldiz, arau batek aintzat hartu eta onartu zituen izatez Iparraldean lanean ziharduten hizkuntza-eredu desberdinak: murgiltze sistema (Seaskan erabilia), hedapenezko erabilera mistoa eta euskara ikasgai bezala duen eredua. 2002ko urrian Estatu Kontseiluak baliogabetu egin zituen murgiltze- eredua eta ordutegi parekotasuna duen eredua, sistema bien lege-estaldurarik eza nabarmenduz.

Eskualde-hizkuntzen geroak, euren estatusak eta estatutu-hizkuntzarekiko harremanak gogoetarako gai izaten jarraitzen dute. Hizkuntzen afera "kulturaren" demokratizazioaren bidetik birbideratu behar den afera da, hizkuntza- aniztasunaren babesari buruzko dimentsio europarrari bide emanez. Egun Frantziako estatuan gertatzen ari den deszentralizazio-prozesuaren magalean, ezinbestekotzat jotzen da hizkuntzei loturiko eskumenak lurralde-kolektibitateen esku jartzea. Hizkuntza-arloko eskumenen transferentziak eskualdearen planoa gainditu beharko luke, ukitua den lurralde kolektibitatearen esku, eskumen eraginkorrak jarriz. Perspektiba hori ardatz gisa hartuz, Ipar Euskal Herriko lurralde-kolektibitatea sortzearen premia azpimarratu behar da, euskararentzako estatus berri bati bide emanez, eta bere indarrez, euskara eskolan ikasteko eskubidea eraginkor bihurtuz.


Hizkuntza-eskubideen eta normalkuntza-prozesuaren perspektibetatik abiatuta, Euskal Herriko lurralde guztietan euskararen ofizialtasuna aitortzea oinarrizko helburu gisa planteatzen da. Hizkuntza-aniztasunari zor zaion begirunea ardatz bezala hartuz eta berau balioetsiz, hezkuntza-sistemak, geroz eta anitzagoa den gizarte honetan, hizkuntza integraziorako tresna bilakatu behar du, ikasle guztiei euskara ezagutzeko eta erabiltzeko gaitasuna ere bermatuz. Euskal Herriko hezkuntza-sistemak hizkuntza-transformazioari bide eman behar dio, eta neurri berean, hizkuntzak integraziorako baliabide bihurtu behar du, gizarte aniztasuna bermatuz baina, era berean, hizkuntza aldetik integratuagoa eta orekatuagoa izan beharko litzatekeen etorkizuneko gizarteari bide emanez.

 

--------------------------

OHARRA

 

(*1). 2004ko ekainaren 9an defendatu zuen bere doktore-tesia Iñigo Urrutiak, EHUko Ekonomia eta Enpresa-Zientzietako Fakultatean (Sarrikon). Tesiaren jatorrizko izenburua gaztelaniaz dago; hauxe duzue argitalpenaren erreferentzia zuena: URRUTIA LIBARONA, Iñigo: Derechos lingüísticos y euskera en el sistema educativo. Lete/Pamiela, Pamplona-Iruña, 2005 (857 or.)

 

BAT aldizkaria: 
57. 2005eko abendua. Euskararen erabilera enpresetan
Egilea(k): 
Eunate Prieto
Urtea: 
2005