Immigrazioa, naziotasuna, eta herritartasuna

Gaur egun Euskal Herrian bizi diren 3 milioi lagun ingurutik %25 baino gehiago, hau da, 800.000 bat lagun, immigranteak dira. Horietako gehienak, 600.000 inguru (euskal biztanleria guztiaren %20 inguru), Espainiako eta Frantziako estatuetan jaioak. Gainerakoak, 200.000 inguru (ia %5), Kolonbia eta Ekuadorkoak dira, eta horien ondotik Marokokoek eta Portugalgoek osatzen dituzte talde ugarienak.

Gaur egun, estatu askotan ditugu tirabira horien adibideak: batzuetan, talde etnikoei dagozkie; beste batzuetan, gutxiengo nazionalei, eta beste batzuetan, berriz, bietatik agertzen dira. Testuinguru horretan hasi da gutxiengoen eskubideei buruz hitz egiten, estatuek gutxiengo horiek ez aitortzearen ondorioak arintzeko, hain zuzen ere.

pertsona horiek, iragana dute, kultura bat, hizkuntza bat, eta erlijio bat, erabat abandonatu ez dutena, eta ez dute, gainera, zertan abandonatu, izan ere, horiek segurtasuna ematen diete, eta helduera estatu eta gizarteetan talde loturak ezartzeko aukera eskaintzen. Helmuga estatu eta gizarte horiek, bestalde, gero eta aukera gutxiago ematen diete herritartasun eta naziotasun eskubideak berenganatzeko eta gizartean txertatzeko.

Etorkin taldeek ulertu eta onartu beharko lukete Euskal Herrira datozenean, historia, gizartea, kultura eta hizkuntza zehatzak dituen herrira datozela, eta herri horrek gatazka bat duela eta helburu jakin batzuk dituela, eta horiek errespetatu eta ezagutu beharko lituzketela. Baina, beste alde batetik, euskal gizartea osatzen duten sektoreek ulertu eta onartu beharko genuke etorkin taldeek ere iragan bat, historia bat, kultura bat eta beharrak eta helburuak dituztela, eta horiek ere berdin-berdin errespetatu eta ezagutu beharko genituzkeela.

Gutxiengoak, beraz, eragozpen bihurtu ziren estatu-nazioentzat, kolokan jartzen baitzuten estatu-nazioaren bereizgarri zen homogeneotasun politiko, ekonomiko eta kultural hura. Nazioa, eskubide berdintasuna ekarri behar zuen elementu izan ordez, eskubide bazterketa zilegitzen zuen elementu bihurtu zen.

Udalbiltzaren Euskal Herriaren eskubideen gutunean naziotasunaren eta herritartasunaren arteko bereizketa proposatzen da. Horren arabera, Euskal Herrian luzaz bizi direnek izango dute bertako herritartasuna eskuratzeko eskubidea, eta naziotasuna, berriz, borondatezko ekintzatzat hartzen da

pertsona batek bi, hiru edo lau naziotasun izan ditzakeela, baina horietako bat lurralde horri dagokiola, eta subjektu politiko bat dagoela hori administratzen duena. Eta lurralde hori da, hain zuzen, naziotasuna ematen duena. Beraz, naziotasuna ez da bigarren mailako eskubidea, borondatezkoa; aitzitik, eskubide unibertsala da, eta oinarrizkoa, beste edozein bezala.

Gai hau oso konplexua da subiranotasun tresna bat duten, eta hortaz, subiranotasun hori, ondo edo gaizki, hobeto edo okerrago, alderdi politiko eta juridikotik arautzeko ahalmena duten gizarte edo nazioentzat; aitzitik, halako tresnarik ez duten nazio edo herrietan, eta autodeterminazio lortzeko helburua dutenean, ez bada ondo proposatzen, eragozpena izan daiteke prozesuarentzat berarentzat.

Etorkin taldeei ulertarazi behar diegu denok dugula, salbuespenik gabe, gure naziotasun politikoa edukitzeko eskubidea, eta halaber, guztiok dugula eskubidea gure identitate sentimendua, gure kultura eta gure hizkuntza bermatuko direla ziurtatzeko. Eta hori ulertaraztea da gure erronka. Euskal naziotasuna onartu eta euskal herritarren eskubideak edukiz gero, ez dituzte nahitaez beren kultura, hizkuntza eta erlijio ezaugarriak baztertu behar.

Berdintasunak ez ditu eskubide zibilak eta politikoak bakarrik kontuan hartu behar, eskubide sozialak, ekonomikoak, kulturalak eta linguistikoak ere bildu behar ditu. Halaber proposatzen dugu kultura, hizkuntza eta identitate desberdintasuna eta aniztasuna errespetatzea eta aitortzea.

(*1)

Immigrazioa Euskal Herrian

Gaur egun, oraindik ezin esan daiteke euskal gizartea immigrazio garbiko herrialde bat denik, argi eta garbi; izan ere, alde egiten duen eta iristen den jende kopurua oso antzekoak baitira. 3 milioi lagun inguruko biztanleria du, zazpi herrialdeak kontuan hartuta, eta 2003. urtean 80.000 lagun inguruk alde egin zuten gure herriko zazpi herrialdeetatik, hainbat arrazoi medio. Baina, emigrante horietatik, bestela pentsa litekeen arren, herena bakarrik zen beste herriren batean jaioa, Espainiako edo Frantziako estatuetako lurralderen batean jaioak nagusiki (16.000 inguru); urte horretan emigratutako gainerako bi herenak Euskal Herrian bertan jaioak ziren.

Bestalde, Euskal Herrian immigrazioaren tradizioak indar handia izan du. Immigrazio ugaria iritsi da bertara, arrazoi ekonomikoen ondorioz nahiz Espainiako eta Frantziako estatuetako gorabehera politikoek bultzatuta, edo bi arrazoiak medio; eta jende olde horietan hona etorritako jende asko finkatu da gure herrian. Hona hemen datu deigarri bat: 1950. eta 1970. urteen artean, gure herriko zazpi herrialdeetako immigrazio garbiaren saldoa 450.000 immigrantekoa izan zen. Beste herri eta lurralde batzuetatik hona etortzeko joera hori aurrerantzean ere sumatu da, hain nabarmen ez bada ere eta jatorria pixkanaka aldatuz badoa ere. Gorago, 2003. urteko emigranteen datua aipatu dugu. Bada, urte horretan bertan, 80.000 etorkin inguru iritsi ziren Euskal Herrira. Horien erdia baino zertxobait gehiago zazpi herrialdeetakoren batean jaioak eta aurretik kanpora emigratuak ziren; 20.000 inguru Espainiako eta Frantziako estatuetakoak ziren, eta beste 15.000, Europako Batasuneko beste herri batzuetakoak edo Batasunetik kanpokoak.

Horren ondorioz, gaur egungo euskal gizarteak beste herrialde eta herri batzuetan sortutako jende askoz osatutako biztanleria du. Gaur egun Euskal Herrian bizi diren 3 milioi lagun ingurutik %25 baino gehiago, hau da, 800.000 bat lagun, immigranteak dira. Horietako gehienak, 600.000 inguru (euskal biztanleria guztiaren %20 inguru), Espainiako eta Frantziako estatuetan jaioak. Gainerakoak, 200.000 inguru (ia %5), Kolonbia eta Ekuadorkoak dira, eta horien ondotik Marokokoek eta Portugalgoek osatzen dituzte talde ugarienak. Biztanleria immigrante hori euskal herrialdeetako hiriburu inguruetako metropoli eremuetan pilatzen da, nagusiki. Araba, Bizkaia eta Lapurdi dira biztanleria immigrante ugariena dutenak (biztanleria guztiaren %34 eta %28 bitarte); horien ondoren Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia datoz (%25 inguru) eta, azkenik, Nafarroa Beherea eta Zuberoa (%15 eta %12 bitarte). Gaur egun, Espainiako eta Frantziako estatuetatik etorkinak iristen jarraitzen dute, tradizioari jarraituz, baina, 80ko hamarralditik aurrera bereziki, Europako beste lurralde batzuetako eta Europatik kanpoko immigrazioa ugaritzen ari da gure herrian.

Etorkina: kontzeptua

NBE erakundeak era honetara definitzen du etorkina, zehazkiago nazioarteko etorkina: ohiko bizilekua beste herrialde batean hartzen duena. Ohiko bizilekutzat hartzen da, pertsona hori bizi ohi den herrialdea, bizitzeko eta lo egiteko lekua duen herrialdea. Denboraldi baterako bidaien ondorioz —oporrak, negozioak, mediku tratamenduak edo erromesaldiak— ez da ohiko bizilekua aldatu behar izaten, eta horiek, beraz, ez dira immigraziotzat hartzen.

Guk, aldiz, immigrazioaren ikuspegi nazionala dugu: etorkina Euskal Herri kanpotik datorrena da. Beraz, ez da bakarrik lan egin behar batasunetik kanpoko etorkinekin —oso arazo larriak dituztenak eta lehenbailehen landu behar direnak, oinarrizko eskubideak urratzen baitzaizkie—, baita EB barrutik eta Espainiatik eta Frantziatik datozen etorkinekin ere.

Kultura eta kultur aniztasuna: definizioak

Will Kymlickak, kultura hitzaren adieran, kultura nazioarekin edo herriarekin identifikatzen denean sortzen diren desberdintasun nazional eta etnikoak aipatzen ditu, eta kultur aniztasuna parekatzen du hainbat naziok eta migrazio taldek estatu bati edo gehiagori dagokienez egiten dituzten eskaerak onartzeari edo ez onartzeari buruzko politikekin.

Integrazio eredua

Kulturaniztasun politikak 70eko hamarraldian sortu ziren, gatazka nazionalek eta/edo immigrazioak eragindako kultura aniztasun handia zuten mendebaldeko herrialde demokratikoetan. 60ko hamarraldia bitarte nagusi zen ustearen arabera, immigranteek, Estatu Batuetara edo Kanadara joaten zirenek, esate baterako, eta baita Europara zihoazenek ere, herrialde horietako kultura arauak barneratu behar zituzten. Baina politika horrek gatazka eta tirabira ugari eragin zituen, eta herrialde horietako gobernuek, ondorioz, politika pluralistagoetara jotzea erabaki zuten.

Testuinguru horretan, bi aniztasun mota bereizi ditu: batetik, estatu nazioanitzetakoa, aurretik autogobernu eskubideak zituzten kulturak sartzen direnean sortzen dena, edo estatu-nazio baten kulturaren baitan dauden kulturen kasua; bestetik, estatu polietnikoetakoa, gizabanakoen eta familien immigrazioaren ondoriozkoa.

Kymlickaren iritziz, estatu jakin batean, nazio bat baino gehiago aldi berean izatea da kulturaniztasunaren iturburua, eta elkarbizitza horretan naziotzat hartzen da: komunitate historiko bat, erakundeei dagokionez gutxi asko osatua, lurralde edo jaioterri jakin bat hartzen duena, eta hizkuntza eta kultura desberdinak partekatzen dituena. Nazioaren nozioa, soziologiaren zentzu horretan, estu-estu dago lotuta herriaren edo kulturaren ideiarekin; are gehiago, askotan, elkar trukatu ere egin daitezke. Nazio bat baino gehiago dituen herrialdea, hortaz, ez da nazio-estatu bat, estatu nazioanitza baizik.

Kulturaniztasunaren bigarren iturburua immigrazioa da. Herrialde batek kultura pluraltasuna izango du, baldin eta beste kultura batzuetako gizabanako eta familia asko onartzen baditu immigrante gisa, eta aukera eskaintzen badie beren berezitasun etnikoei eusteko. Garrantzizkoa da aniztasun modu horren eta gutxiengo nazionalen arteko bereizketa egitea. Izan ere, immigrante taldeak ez dira nazioak, eta ez dira jaioterrian bizi. Beren espezifikotasuna beren familia bizitzan eta boluntario elkarteetan agertzen da; horrek ez du, gainera, zertan erakundeetan txertatzearen kontrakoa izan.

Gaur egun, estatu askotan ditugu tirabira horien adibideak: batzuetan, talde etnikoei dagozkie; beste batzuetan, gutxiengo nazionalei, eta beste batzuetan, berriz, bietatik agertzen dira. Testuinguru horretan hasi da gutxiengoen eskubideei buruz hitz egiten, estatuek gutxiengo horiek ez aitortzearen ondorioak arintzeko, hain zuzen ere. Kontua beste bat da, ordea: demokrazia liberalaren printzipioak –besteak beste herritar guztiei eskubide berak aitortzeari dagokiona– eta lurralde bereko populazioaren sektore jakin batzuen eskubide bereziak bat etorri litezkeen zehaztu behar da.

Testuinguru horretan, Taylorrek, kulturaniztasunean oinarritutako politikari buruzko gogoeta egitean, joera du oinarrizko bi kontzeptu hauek lotzeko: nortasuna eta aitortza. Taylorren arabera, nortasunaren garapen modernoaren ondorioz, desberdintasunaren politika sortu zen; politika hark gizabanakoari dagokion nortasuna, bakarra, aitortzeko eskatzen zuen. Aitortzaren beharra premiazko bihurtzen da, aitortzaren eta nortasunaren ustezko loturak direla-eta. Tesia honako hau da: alegia, gure nortasuna aitortzaren edo aitortza ezaren arabera tankeratzen dela, aldez behintzat.

Desberdintasunaren politikaren azpian berdintasun unibertsalaren printzipioa dago ezkutaturik. Hala ere, era unibertsalean dagoena soilik aitortzen dugu behar bezala –norberak nortasun bat du–, eta horretarako, norbanakoak berezko duen hura aitortzen dugu. Eskaera unibertsalak berezitasunak aitortzera bultzatzen du.

Ildo horretatik, Alain Tourainek eta Giovanni Sartorik diote –kulturartekotasun ereduaren aldekoa bat eta kultura bakarraren aldekoa bestea– eremu publikoak oinarrizko eskubideen unibertsaltasuna ezarri behar duela eta herritar guztien banakotasuna errespetatu behar duela, bizitza intimoari dagokionez. Estatuak abstraktua izan behar du, halako eran non norbanakoaren berezitasunak aitortu, eta aldi berean, denoi dagozkigun eskubideak urratuko ez dituen. Kymlickaren ustez (eredu kulturanitzaren defendatzaile), proiektu liberalak guztiz kontrakoa egin behar du, alegia, herritarren banakako eskubideak defendatu bizitza pribatuan, eta pluraltasuna eta desberdintasuna, aldiz, eremu publikoan. Eta horixe da, hain zuzen, gure abiapuntua.

Elkarrekiko errekonozimenduaren politika

Euskal Herrira datozen etorkinak, pertsona ezagunez osatutako sareen bitartez etorriak gehienak, gure artean bizitza berri bati ekingo dioten gizabanakoak dira; baina pertsona horiek, iragana dute, kultura bat, hizkuntza bat, eta erlijio bat, erabat abandonatu ez dutena, eta ez dute, gainera, zertan abandonatu, izan ere, horiek segurtasuna ematen diete, eta helduera estatu eta gizarteetan talde loturak ezartzeko aukera eskaintzen. Helmuga estatu eta gizarte horiek, bestalde, gero eta aukera gutxiago ematen diete herritartasun eta naziotasun eskubideak berenganatzeko eta gizartean txertatzeko.

Hortaz, migrazio ereduan eta gizarteratze ereduan izan diren aldaketa horien ondorioz, hala norbere identitatea, kultura, hizkuntza eta erlijioaren balioa, nola hemen duten erreferentzia taldea eta sorburuko solidaritate sareak erabakigarriak dira etorkinentzat. Kontrako baldintzen aurrean, beren identitatea eta erreferentziazko talde horiek dira geure artean gelditzeko indarra ematen dieten ainguralekuak, eta halaber, horiek ematen diete, azken finean, guk ezin eman dieguna gaur egungo egoera kontuan hartuta: alegia oinarrizko duintasuna eta gutxieneko segurtasuna.

Europar gizarteek aurreko mendean antolatu zituzten integrazio eredua berritik osatu behar da, krisian baitago. Eredu haren oinarriak ziren, batetik helduera gizarteko arauak eta balioak onartzea, eta bestetik, etorkinen nortasuna eta kultura deuseztatzea. Dena dela, estrategia monokultural edo interkulturaletik kultur aniztasunaren estrategiara igaro behar dugu, ez bakarrik eredu hark ondorio ezin txarragoak izan dituelako, baizik eta gaur egungo gizarteek egitura guztiz konplexua eta plurala dutelako. Kultur aniztasunean eta elkar aitortzan oinarritutako paradigma, zeinetan zehazten den zer dugun elkarren antzeko eta zer elkarren desberdin. Berdintasunaren eta desberdintasunaren printzipioak elkartzen dituen paradigma kultur anitza.

Etorkin taldeek ulertu eta onartu beharko lukete Euskal Herrira datozenean, historia, gizartea, kultura eta hizkuntza zehatzak dituen herrira datozela, eta herri horrek gatazka bat duela eta helburu jakin batzuk dituela, eta horiek errespetatu eta ezagutu beharko lituzketela. Baina, beste alde batetik, euskal gizartea osatzen duten sektoreek ulertu eta onartu beharko genuke etorkin taldeek ere iragan bat, historia bat, kultura bat eta beharrak eta helburuak dituztela, eta horiek ere berdin-berdin errespetatu eta ezagutu beharko genituzkeela. Edonola ere, elkar ezagutzeko abiapuntutzat hartu behar da gizabanako horien artean eta gizabanako horiekiko botere disimetria existitzen dela. Hau da, ez dugula elkar ezagutu behar ikuspegi erabat asimetriko eta autoritariotik, ez ikuspegi erabat simetriko eta artifizialetik.

Naziotasuna, herritartasuna eta immigrazioa

a) Naziotasun eta herritartasun kontzeptuen jatorria eta bilakaera

Gaur egun herritartasunaren kontzeptua zertan den ulertzeko, ezinbestekoa da kontzeptu horren jatorriari eta bilakaerari buruzko azalpen bat ematea, labur bada ere. Tradizioz, herritartasun eskubideak naziotasunaren araberakoak dira. Herritartasunaren kontzeptua Frantziako Iraultzaren garaian sortu zen, elementu askatzaile eta berdintzaile gisa, baina ez gizaki oro askatzen eta berdintzen zituen elementu gisa, aurretik indarrean egon ziren estamentu pribilegioak gainditu eta burgesia sortu berriko kideak —gizonak betiere— askatzen eta berdintzen zituen elementu gisa baizik.

Aldi berean estatu-nazioa sortu zen, gizartea politikoki eta juridikoki antolatzeko, honako hiru elementu hauek oinarri hartuta: lurraldea, gobernua eta herria. Estatu bateko kide izateko baldintzak zehaztea funtsezko auzi bihurtu zen: izan ere, kide horiei aitortuko zitzaien herritar kategoria. Horretarako, estatu nazionalek gizabanakoak herrialde jakin bateko herritar titulua eskuratzeko bete beharreko baldintza formalak finkatu zituzten. Horren ondorioz, herrialde jakin batean sortutako gizakitzat aitortzen zituztenen pribilegio esklusibo bihurtu ziren herritartasun eskubideak, eta eskubide horiek gabe gelditu ziren beste edozein herrialdetan jaiotako kideak. Hortaz, herritartasuna –gizabanakoak estatuaren aurrean dituen eskubideen multzoa— eta naziotasuna berdindu egin ziren; atzerritarra zena ez-nazionala, identitate nazionalaren ezaugarriak ez zituena eta, beraz, ezin eduki zitzakeen eskubiderik ere.

Horretarako, herrien berezitasunak alde batera utzi eta lurraldeak homogeneizatuko zituen identitate nazional bat sortu behar izan zen. Identitate nazional homogeneizatzaile hori estatu bakoitzeko gehiengo edo talde handienarena izan zen. Gutxiengoak, beraz, eragozpen bihurtu ziren estatu-nazioentzat, kolokan jartzen baitzuten estatu-nazioaren bereizgarri zen homogeneotasun politiko, ekonomiko eta kultural hura. Nazioa, eskubide berdintasuna ekarri behar zuen elementu izan ordez, eskubide bazterketa zilegitzen zuen elementu bihurtu zen.

b) Egungo egoera juridikoa

Espainiako Konstituzioak dioenez, Estatuaren ez beste inoren eskumena da naziotasuna. Edonola ere, herritartasunaren kontzeptuak eskubide zibil eta politiko, eskubide ekonomiko, sozial eta kultural jakin batzuk izatea esan nahi du, eta eskubide horiek eskumen esparru askorekin lotuta daude, adibidez hezkuntzarekin, osasungintzarekin, etxebizitza eta gizarte ongizatearekin. Eta horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren eskumenak dira, LORAFNAn zehaztuta dagoenez.

Alderdi horretatik, eta egia den arren naziotasunari buruzko funtsezko legedia Estatuaren eskumena dela, egia da, halaber, Nafarroako Legebiltzarrak baduela eskumena atzerritarrari eskubide gehiago izateko aukera emango dioten erregulazioak egiteko, hainbat sektoretan. Hau da, Nafarroako erakunde publikoek ez dute eskumenik, gaur egun indarrean dagoen ordenamenduaren barruan, Estatuaren funtsezko araudia eta horren barruan zehaztutako kategoria juridikoak urratzeko; bai, ordea, eskubideen aitortza bultzatuz haiek osatzeko.

c) Naziotasun eta herritartasun definizio berri baterako elementuak

Euskal Herriari ez dagokio bertako herritarrak nor diren eta zer eskubide dituzten zehazteko inolako eskubiderik. Frantziako eta Espainiako lurraldeetan jaiotako biztanle guztiak nazionalak izango dira eta, hortaz, herritar espainiarrak eta frantsesak, euskal herritarrak barne. Espainiako eta Frantziako estatuei ez beste inori dagokie espainiarrak eta frantsesak nor diren eta atzerritarrak nor diren erabakitzea; baita naziotasuna –eta, horrenbestez, herritartasuna– eskuratzeko zer baldintza bete beharko diren ere, beren kode zibilen bitartez.

Marko hori gainditzeko hiru ahalegin egin dira bereziki nabarmentzekoak:

a) Udalbiltzaren Euskal Herriaren eskubideen gutunean naziotasunaren eta herritartasunaren arteko bereizketa proposatzen da. Horren arabera, Euskal Herrian luzaz bizi direnek izango dute bertako herritartasuna eskuratzeko eskubidea, eta naziotasuna, berriz, borondatezko ekintzatzat hartzen da:

“Euskaldunek beren naziotasuna izateko eskubidea dute.

Berau libreki adierazteko eta edozein esparrutan errespetuz hartua izatekoa.

Euskal herritartasuna bertan jaio edo bertakotu diren lagun guztiei dagokie, herri honen erabakietan parte hartzea eta beraren etorkizuna gainerako herritarrekin konpartitzea libreki erabakiz gero, aurrez izan dezakeen naziotasunari uko egitea edota euskal naziotasuna bera inori inposatu gabe.

Euskal herritartasuna jatorri, arraza edo izaeragatiko berezikeriarik gabe bermatuko da.

Euskal Herrian bizi diren gizon-emakume guztiei bermatuko zaizkie beren eskubideak, euren nortasun ezaugarriak eta kultura, lanerako eta bizitza duinerako eskubidea bereziki errespetatuz, inolaz ere bere jatorriaren, arrazaren edo izaeraren kariaz inor diskriminatu gabe.”

b) Euskal Eztabaida Gunean ere bereizi egiten dira naziotasuna eta herritartasuna. Naziotasuna aukerakotzat hartzen da, eta herritartasuna, berriz, ez:

“Naziotasun kontzeotua subjektibotasunaren eremuari dagokio. Hots, norberak erabakitzen du, bere sentimenduen arabera, zein naziori atxikitzen zaion. Arrazoiak bat baino gehiago izan daitezke. Lurralde bera konpartitzea, hizkuntza bera mintzatzea, ezaugarri etnikoak partekatzea… denak izan daitezke arrazoi nahikoa nazio bateko kide izateko..”

“Hiritartasun kontzeptua, berriz, objektibotasunaren eremuari dagokio, eta administrazio arau batzuek erabakitzen dute nor den edo izan daitekeen estatu bateko hiritar: estatuko lurraldean jaiotzea, bertan bizitzen urte asko ematea, bertako batekin ezkontzea, eta abar. Hiritartasunak eskubideak eta betebeharrak daramatza berarekin.

Ohartarazi behar da estatuek, normalean, batu eta nahastu egiten dituztela kontzeptu biak batean, naziotasuna oso erabilgarria baita estatuko biztanleen kohesioa lortzeko. Herri bateko biztanleek nazio sentimendu bera partekatzen dutela pentsatzeak erraztu egiten du elkarbizitza, eta gutxitu egiten ditu estatu barruko gatazkak. Hori dela eta, estatu baten barruan naziotasun sentimdneu berezi bat garatu nahi duen kolektibo bat agertzen denean, estatu arriskutzat jotzen da. Hori da Euskal Herriko kasua Frantzia eta Espainiarekin. Ez dago euskal hiritartasuna administratibo absoiluturik, ez baitago euskal estaturik, baina bai euskal naziokidetasun sendo eta hedatu bat.”

c) Euskadiko Erkidegoko estatutu politikoa aldatzeko proposamenak euskal naziotasunerako eskubidea Euskadiko Autonomia Erkidegoko biztanleei soilik aitortzen die, eta, testu horren arabera, espainiar naziotasunarekin batera joan behar du beti:

“4. artikulua- Euskal herritartasuna eta naziotasuna

1.- Euskal herritartasuna dagokie Euskadiko Erkidegoko udalerrietakoren batean administrazio-auzotasuna duten pertsona guztiei. Euskal herritar guztiek, gizonezko zein emakume, inolako bereizketa motarik gabe, estatutu honek eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak onartutako eskubide eta betebeharrak izango dituzte Euskadiko Erkidegoan.

2.- Ofizialki onartzen zaie euskal naziotasuna euskal herritar guztiei, Espainiako Estatuaren nazio-aniztasunarekin bat. Eusskal naziotasuna lortu, gorde eta galtzea, baita bera egiaztatzea ere, Eusko Legebiltzarreko lete batek arautuko ditu, Estatuko legeetan Espainiako aniztasunerako eskatutako eskakizun berberei lotuta, eta berdin bataren ezin bestearen gozamena edo egiaztapena bateragarriak izango dira eta legeetan zehaztutako ondorio juridiko guztiak sortuko dituzte.

3.- Inori ere ez zaio bereizkeriarik egingo bere naziotasuna dela-eta, eta nahierara kendu ere ez zaio egingo bere naziotasuna.”

Euskal Herrian bizi garenok —edozein dela ere gure jatorrizko naziotasuna— naziotasunera iristeko aukera eta naziotasun horren ondoriozko eskubideak definitzeko aukera izatea ezinbestekoa dela deritzogu; are gehiago, eskubide horien berdintasuna eta unibertsaltasuna eskatzen dugu.

Gure ustez, subjektu politiko baten administraziopeko lurraldean bizi den pertsona baten nazio eskubideek bermatzen dituzte gainerako eskubide guztiak —sozialak, zibilak, politikoak, kulturalak eta linguistikoak—. Horrek esan nahi du pertsona batek bi, hiru edo lau naziotasun izan ditzakeela, baina horietako bat lurralde horri dagokiola, eta subjektu politiko bat dagoela hori administratzen duena. Eta lurralde hori da, hain zuzen, naziotasuna ematen duena. Beraz, naziotasuna ez da bigarren mailako eskubidea, borondatezkoa; aitzitik, eskubide unibertsala da, eta oinarrizkoa, beste edozein bezala.

Herritartasuna edo herritartasunak edo naziotasunak hautatzeko eskubidearen eskaerari uko egiten zaionean, eskubide hori ez zaio bakarrik euskaldunei ukatzen, Euskal Herrian bizi den edonori kentzen zaio eskubide hori erabiltzeko aukera, bere jaioterria, identitatea edo gaur egungo naziotasuna alde batera utzita. Beraz, lan egin behar da etorkinek eta bertakoek aliantza bat osa dezaten, herritartasun eta naziotasun komun bat, beste batzuekin bateratu ahal izango dena, edukitzeko; era horretara, bateragarria izango da identitate, hizkuntza eta kultura espezifikoen pluraltasuna.

d) Euskal herritartasun eta naziotasun eskubideak eta immigrazioa

Naziotasuna eta herritartasuna terminoak homologatzeko joera badago ere, gerta liteke zenbait pertsonak oinarrizko herritartasun eskubideak edukitzea –esate baterako, bizitokia, hezkuntza, osasuna, lana… edukitzeko eskubideak—, baina naziotasun politikorik ez edukitzea —eta horrek nazio horren osaera politikoan eta erakundeetan guztiz parte hartzeko eskubidea emango lioke, esate baterako, estatu horren lurraldera iritsi berriak diren etorkinak; bestalde, lurralde horretan bertan zenbaitek herritartasun eskubideaz gainera, naziotasuna ere badute; eta azkenik, beste batzuek, diaspora esaterako, ez dira subjektu politikoa kudeatzen duen nazio lurraldean bizi, eta herritartasun eskubide gutxi batzuez bakarrik goza dezakete –erretiroa, adibidez—, baina beren jatorria dela-eta, nazionaltzat har daitezke eta hartu behar dira, eta nazional direnez, subjektu politiko horren ondoriozko eskubideak erabil ditzakete.

Nazio batek, gutxieneko subiranotasuna bermatzen dion tresna edo estatu bat duenean, arazo nagusietako bat izaten da bere lurraldera iristen diren etorkinek herritartasuna lehenbizi eta nazionaltasuna gero lortu ahal izatea. Estatu subiranoa duen estatu orok, edo estatu subirano hori edukitzeko helburua duen nazio orok hartu behar du kontuan gai hori, nahitaez. Arazo hori ez da konpontzen herritartasunaren eta naziotasunaren arteko aldea saihestuz, edo baten alde egiteko bestea kenduz, edo herritartasun eskubideak unibertsalak direla eta naziotasun eskubideak, berriz, borondatezkoak direla adieraziz; arazo nagusia da nork eta nola definitzen duen bien arteko harremana eta batetik besterako urratsa.

Gai hau oso konplexua da subiranotasun tresna bat duten, eta hortaz, subiranotasun hori, ondo edo gaizki, hobeto edo okerrago, alderdi politiko eta juridikotik arautzeko ahalmena duten gizarte edo nazioentzat; aitzitik, halako tresnarik ez duten nazio edo herrietan, eta autodeterminazio lortzeko helburua dutenean, ez bada ondo proposatzen, eragozpena izan daiteke prozesuarentzat berarentzat.

Euskal Herrian, oinarrizko herritartasun eta naziotasun eskubideak edukitzeari dagokionez, hiru eratako pertsonak edo taldeak daude. Alde batetik, batzuek ziurtatuta dituzte beren oinarrizko herritartasun eta naziotasun eskubide gehienak –espainiar eta frantses estatuetakoak, Europako Batasuneko gainerako estatuetakoak eta bi naziotasun horietako bat onartzen duten eta gorde nahi duten euskaldunak—. Bigarrenik, beren oinarrizko herritartasun eskubide batzuk ziurtatuta dituztenak, baina ez dutenak beren naziotasun politikoa edukitzeko eskubide osorik —euskaldunak, eta Espainiatik etorriak edota Europako Batasuneko gainerako estatuetatik eta hori nahi dutenak—. Eta azkenik, herritartasun eskubiderik ez duten taldeak daude, alegia, bakarrik jaioterriko naziotasun eskubideak dituzte ziurtatuta —etorkin gehienak—.

Naziotasun politiko komuna abian jartzea bateragarria da sentimendu kultural, etniko edo erlijioso jakin bat edukitzearekin, eta baita jatorrizko edo helduerako naziotasun politikoa mantentzearekin, eta hori argi eta garbi ikusi behar da, eta gainera, hala izango dela bermatu behar da. Eta horrek berdin-berdin balio lezake gure herrialdera iristen diren etorkinentzat, zein beste herrialde batzuetan bizileku hartu duten gure herrialdeko herritarrentzat.

Etorkin taldeei ulertarazi behar diegu denok dugula, salbuespenik gabe, gure naziotasun politikoa edukitzeko eskubidea, eta halaber, guztiok dugula eskubidea gure identitate sentimendua, gure kultura eta gure hizkuntza bermatuko direla ziurtatzeko. Eta hori ulertaraztea da gure erronka. Euskal naziotasuna onartu eta euskal herritarren eskubideak edukiz gero, ez dituzte nahitaez beren kultura, hizkuntza eta erlijio ezaugarriak baztertu behar. Eta hori denak lotuko dituen hizkuntza eta kultura errespetatuta eta aitortuta; alegia, euskara eta euskal kultura.

Baina nola bermatuko diegu etorkin komunitate guztiei beren kultura, hizkuntza eta erlijioa aitortuko direla? Horixe da erronka nagusia. Azken batean, nola proposatuko dugu aniztasunaren errespetua eta bermea gure eskaeren ikur gisa? Bere egin behar dute Euskal Herrian zabaldu den euskal kultura eta hizkuntza berreskuratzeko eta normalizatzeko prozesua eta nazio eta gizarte eraikuntzarako prozesua.

Aliantzak etorkin berriekin

Espainiar eta frantses etorkinak ez bezala, horiek bermatuta baitituzte beren herritartasun eta naziotasun eskubideak –espainola eta frantsesa—, etorkin berrientzat oso zaila da, edo ezinezkoa besterik gabe, estatu horiek gutxieneko herritartasun eskubideak aitortzea. Egoera horren ondorioz, oso egoera juridiko eta sozial larrian bizi dira. Eta puntu horretan dago, hain zuen, aliantza gune bat, garrantzi handikoa, euskal gizartean sortu den gai batekiko: euskal herritartasun eskubideen konkista.

Espainiar eta frantses etorkinek ez bezala, etorkin berriak eskasia egoeran bizi dira, eta gizarteak baztertu egiten ditu. Eta ez bakarrik alderdi juridikotik ahulak direlako, baita ere gure lan merkatuaren eskakizunengatik eta egituragatik batetik, eta bestetik gure gizarteko hainbat sektorek talde horiekiko duten konfiantza ezaren eta gutxiespenaren ondorioz. Hori guztia dela eta, lotu egiten dira immigrazioa eta eskasia eta arazoak. Horra hor beste aliantza mota bat: gizarte berdintasunaren eta bizitza baldintzen (etxebizitza, osasuna, lan baldintzak…) hobekuntzaren aldeko borrokan oinarritua den gizarte eredua.

Guregana datozen etorkin gehienen kasuan, beren sorburuko herrialdeetan gutxituak izan dira beren kultura, hizkuntza eta etnia historian zehar. Denak ez dira etorkin marokoarrak, etorkin ekuadortarrak, senegaldarrak edo brasildarrak, berebereak, kitxuak, wolofak edo afroak ere badaude –eta kasu batzuetan nabarmen—. Hori da, beraz, osa daitekeen hirugarren aliantza maila: hizkuntza eta kultura gutxitua berreskuratzeko eta errespetatzeko borroka.

Eskubideen defentsa: esku-hartzeko arloak

Arrazoi politiko, ekonomiko edo beste maila batekoen ondorioz beren jaioterriak utzi behar dituzten pertsonen eskubide berdintasunaren printzipioa onartzea proposatzen dugu. Berdintasunak ez ditu eskubide zibilak eta politikoak bakarrik kontuan hartu behar, eskubide sozialak, ekonomikoak, kulturalak eta linguistikoak ere bildu behar ditu. Halaber proposatzen dugu kultura, hizkuntza eta identitate desberdintasuna eta aniztasuna errespetatzea eta aitortzea.

Horretarako, gutxienez lau esku-hartzeko arlo hauetan jardun behar da:

a) Naziotasun, kultura, erlijio… arrazoien ondoriozko diskriminazioaren kontra eta arrazismoan eta xenofobian oinarritutako adierazpenen kontra neurri eraginkorrak hartzea.

b) Kultura eta hizkuntza aniztasuna errespetatzeko eta aitortzeko eskubidea; eta nola antolatu harrera gizarteetako hizkuntzei eta kulturei eusteko prozesua, etorkinen hizkuntzak eta kulturak aitortuz betiere.

c) Etorkinen jaioterrien eta bizileku herrialdeen artean elkar laguntzeko eta elkarren garapena sustatzeko programak eta ekimenak ezartzea, gure subiranotasunak eta ezaugarriak errespetatuz, eta maila berean jarriz.

d) Euskal naziotasuna eta herritartasuna edukitzeko eskubideak aitortzea; eta nola definitzen dugun herritartasun eskubidea, edo beste era batera esanda, nola definitzen dugun eskubide sozialen, ekonomikoen, politikoen, kulturalen eta linguistikoen arteko harremana.

Bibliografia

Albite, Pedro: "Retos para el proceso democrático soberanista y para la normalización cultural y lingüística", in Herria 2000 Eliza, 188 (2003), 24-38.

Albite, Pedro: "Inmigración y multiculturalidad. Debates teóricos sobre prácticas y modelos para la convivencia", in VV.AA: La inmigración. Exploraciones e investigaciones, Universidad de Murcia, Murcia, 2005, 55-72.

Albite, Pedro: "Els reptes de la inmigració per a Euskal Herria", in Europa de las nacions-CIEMEN, 56 (2005), 25-29.

Ayuntamiento de Barcelona: Plan municipal de inmigración, www.bcn.es.

Benhabib, Seyla: Diversitat cultural, igualtat democràtica, Tàndem, València, 1999.

CRID (Consorci de Recusos per a la Integració de la Diversitat): Elements per a una actuació municipal de recepció i acollida d´immigants, www.diba.es

CRID (Consorci de Recusos per a la Integració de la Diversitat): Món local i diversitat, www.diba.es

Eusko Jaurlaritza: Euskadiko Erkidegoaren estatutu politikoa eraberritzeko proposamena, www.parlamento.euskadi.net.

Eusko Jaurlaritza: Inmigrazioari buruzko euskal plana 2003-2005, www.gizaetxe.ejgv.euskadi.net.

Generalitat de Catalunya: Pla interdepartamental d´inmigració 2001-2004, www.gencat.net.

Gobierno de Navarra: Evolución y situación actual de la población inmigrante extracomunitaria en Navarra, www.cfnavarra.es.

Guibernau, Montserrat: "L´a articulció política de la diferència" in Ros, Adela (coord.): Interculturalitat: bases antropològiques, socials i polítiques, UOC, Barcelona, 2003, 129-152.

Kymlicka, Will: Ciudadanía multicultural, Paidós, Barcelona, 1996.

Laparra, Miguel (ed.): Extranjeros en el purgatorio: integración social de los inmigrantes en el espacio local, Edicions Bellaterra, Barcelona, 2003.

Nazio Eztabaidagunea: Euskal Herritarrak, www.eztabaidagunea.org.

Sartori, Giovanni: La sociedad multiétnica: pluralismo, multiculturalismo y extranjeros, Taurus, Madrid, 2001.

Taylor, Charles: Multiculturalismo y la "política del reconocimiento", Fondo de Cultura Económica, 1992, México.

Touraine, Alain: ¿Podemos vivir juntos? Iguales y diferentes, PPC, Madrid,1997.

Udalbiltza: Euskal Herriaren eskubideen karta, www.udalbiltza.net.

Unzurrunzaga, Agustin: "Las políticas migratorias en la Unión Europea y en el Estado Español: regulación normativa y su aplicación" in Manzanos, César (coord): Trabajo social y educación con inmigrantes en países receptores y de origen, Ediciones Aljibe, Archidona, 2004, 171-179.

--------------------------

OHARRA

 

(*1). Artikulu honen edukia 2005eko UEUren Udako Ikastaroetan aurkeztua izan zen, Sozilinguistika arloko ikastaroetan.

 

BAT aldizkaria: 
57. 2005eko abendua. Euskararen erabilera enpresetan
Egilea(k): 
Castillo Suarez, Pedro Albite
Urtea: 
2005