IRAKASKUNTZA ELEBIDUNA BAB-EN:

BABen barruan, bereizketa nabarmena dago Baiona eta beste hirien artean zeren, Ipar Euskal Herriko hiriburuan, gurasoen % 64k nahi badu bere haurrak euskara eskolan ikas dezan, kopuru hau % 45era jaisten da Biarritzen, Angelu bitarteko toki batean kokatzen delarik (% 55). Azpimarratzekoa da euskara eskolan ez ikasteko nahiak gehiengoa osatzen duela Biarritzen (% 52).

Beraien haurrak euskara eskolan ikasi nahi duten gurasoen heren batek baino gehiagok (% 37), Ipar Euskal Herrian bizi izana aipatzen du bere nahia azaltzeko orduan eta ia laurden batek (% 24) euskararen irakaskuntzak ekarri lezakeen kultura, izpiritu irekidura, eta aberastasuna aipatzen ditu, batez ere jantzienen artean (% 32)

Joera horretan praktikotasunak bere zeresana dauka, kontutan izanik galdezkatutakoen laurden batek (% 25) pentsatzen duela euskararen irakaskuntzak ez duela ezertarako balio; Biarritzen kopurua % 35era igotzen da. % 24k atzerritar hizkuntza baten irakaspena hobesten dio baliogarritasun handiagoa baitauka, jakinik 30 urte baino gutxiagoko gurasoen % 38k ideia hori partekatzen duela baita buruen % 34k eta enplegatuen % 41ek.

Murgiltze metodoaren araberako hoztasuna gurasoek duten beldurrari lotua dago, hau da beraien haurrek ez dezatela frantsesa behar bezala menperatu, eta uste baitute ordutegien berdintasuna modurik egokiena dela elebitasun orekatu batera iristeko. Aitzitik, ikerketa soziolinguistiko guztiek frogatzen dute murgiltze metodoa nagusi den sailetan, sail elebidunetan eta elebakar frantsesetan bezain emaitza onak lortzen dituztela frantsesaren menperakuntzan.

Nahiz eta duela urte batzuk gorakada jarraikia ezagutu, BABeko eskoletan eskolatuak diren haurren artean euskarazko irakaskuntza jarraitzen dutenen kopurua mugatua da, gutxiengo bat osatuz. Ama-eskolaren adibidea hartuz, ohartzen gara gune geografiko horretan eskolatuak diren 3.686 umeetatik % 31 Angelun eskolatua dela, % 44 Baionan, eta % 25 Biarritzen.

Beraz, Baionako ama-eskoletan eskolatuak diren 1.625 ikasleetatik, % 64 eskola publikoetan dago, % 31,5 eskola pribatu konfesionaletan, eta % 4,5 elkarte eskoletan, jakinik ikasle horietatik guztietatik % 89 frantses eledun ereduan eskolatua dagoela, % 6,5 eredu elebidunean, eta % 4,5 murgiltze ereduan.

Beraien haurra ama-eskolaz geroztik sail elebidunetan eskolatu nahi dutenen % 42tik, denek ez daukate eskaera bera euskararen mailari dagokionez: 1) ia 10etik 2k nahi dute beraien haurrek euskarazko nozioak eduki ditzaten, 2) 10etik 5,5ek gura dute beraien umeek euskara nahiko ongi menpera dezaten ulertu eta hitz egin ahal izateko, eta 3) 10 pertsonetatik 2,5ek nahi dute euskara frantsesa bezain ongi ezagutu dezaten.

Irakaskuntza publikoari dagokionez, BABeko gurasoen % 28,5ek nahi du bere haurrak eredu elebidunaz goza dezan. Gaur egun, BABeko eskola publikoetan eskolatuta dauden ikasle kopuruari aplikatuta (2.713), tasa horrek 772 ikasle emango lituzke, gaur egun soilik % 8 osatzen duena. Eskaintza, hurrengo 4 edo 5 urteetan, adierazitako eskaerei egokitu behar balitzaie, 28 gela elebidun sortu beharko lirateke hiru hirietako ama-eskola publikoetan.

CSA Institutoak, 0 eta 2 urte artean dauzkaten umeen gurasoei 2001eko urtarrilean egindako galdeketaren arabera eta Frantziako Hezkuntza Nazionalak plazaratutako datuen arabera, agertzen da irakaskuntza elebidunaren eskaera soziala BABen dagoen eskaintza baino askoz handiagoa dela, zeren galdezkatutako pertsonen % 56k nahi baitu bere haurrak euskara eskolan ikas dezan

SARRERA

Egokitasun bat ote dago euskarazko irakaskuntza eskaintzaren eta eskaeraren artean Baionako hirigunean? CSA Institutoak, 0 eta 2 urte artean dauzkaten umeen gurasoei 2001eko urtarrilean egindako galdeketaren arabera eta Frantziako Hezkuntza Nazionalak plazaratutako datuen arabera, agertzen da irakaskuntza elebidunaren eskaera soziala BABen dagoen eskaintza baino askoz handiagoa dela zeren galdezkatutako pertsonen % 56k nahi du bere haurrak euskara eskolan ikasi dezan eta % 52k irakaskuntza hori lehen mailan has dadin. Zenbaki horiek are eta garaiagoak dira, jakinik, hirigunea eta frantsesduna izateaz gain, bere biztanleriaren erdia baino gehiago kanpotik datorrela.


ESKAERA SOZIAL INDARTSUA

Ñabartu beharreko gehiengoaren nahia

2001eko azterketak dioenez, galdezkatutako pertsonen % 19k «erabat» eta % 37k «nahiago» du bere haurrak euskara eskolan ikasi dezan bere eskola ibilbidea hasterakoan. Baina, aukera horren alde dauden pertsona guztiek % 56 osatzen badute, erabat baikor direnak soilik aztertutako biztanleriaren bosgarrena osatzen dute. Irakaskuntza elebidunaren arabera baikorrenak gazteenak dira, 30 urte baino gutxiago dutenen artean % 64 bere haurra sail horietan eskolatzearen aldekoa baita. Ehuneko hori 57ra jaisten da 30 eta 34 urte bitartean dituztenen artean, erabateko gaitzespena mugatua dela. Jarrera ezkorrena 40 urtetik gorako gurasoek daukate, % 46 aukera horren aurka baitago eta % 31 erabat kontra dagoelako. BABen barruan, bereizketa nabarmena dago Baiona eta beste hirien artean zeren, Ipar Euskal Herriko hiriburuan, gurasoen % 64k nahi badu bere haurrak euskara eskolan ikas dezan, kopuru hau % 45era jaisten da Biarritzen, Angelu bitarteko toki batean kokatzen delarik (% 55). Azpimarratzekoa da euskara eskolan ez ikasteko nahiak gehiengoa osatzen duela Biarritzen (% 52).

Bestalde, inkesta soziolinguistiko gehienek agerian uzten duten bezala, erdaldunen gehiengoak irakaskuntza mota horren aldeko jarrera agertzen du (% 51), nahiz eta kopuru hori biztanleria osoa baino murritzagoa izan (% 56). Euskarazko hitz batzuk ezagutzen dituztenek batez bestekoa baino jarrera baikorragoa daukate (%) eta, zer esan, erosotasun osoz hitz egiten dutenek (% 85). Beraz, gurasoak eta aiton-amonak euskara zenbat eta hobeki menperatu orduan eta gehiago nahi dute beraien haurrek eta ilobek euskara eskolan ikasi dezaten. Halaber, jadanik sail horietan haur bat eskolatua duten gurasoek, beraien azken umea ere bertan eskolatu gura dute, atsegin maila handia agerian utziz. Baina, joera hau erabat erortzen da guraso berrien tartean eta, are eta gehiago, beraien haur bat frantses sailean eskolatua duten gurasoen tartean.

Arrazoi praktiko eta kulturalak

Beraien haurrak euskara eskolan ikasi nahi duten gurasoen heren batek baino gehiagok (% 37), Ipar Euskal Herrian bizi izana aipatzen du bere nahia azaltzeko orduan eta ia laurden batek (% 24) euskararen irakaskuntzak ekarri lezakeen kultura, izpiritu irekidura, eta aberastasuna aipatzen ditu, batez ere jantzienen artean (% 32). Tradizio, ondare eta sustraiekiko atxikimendua soilik galdezkatutakoen % 17k aipatzen du, Ipar Euskal Herrian jaio direnengan kopuru hori zertxobait garaiagoa delarik (% 20).

Arrazoi praktikoen artean, euskaldunak diren familiako kideekin hitz egiteko beharra nabari da (% 13). Ulergarria denez, bi herenek baino gehiagok (% 38) izendatzen dute aitonak eta amonak euskara hitz egin, irakurri, eta idazten dutenean eta, are gehiago, gurasoek beraiek euskaraz dakitelarik (% 41). Aldiz, oso gutxi dira (% 8) esaten dutenak euskara ikastea baliagarria izan daitekeela beste hizkuntza batzuk menperatzeko.

Halaber, galdezkatuen % 10ak pentsatzen badu euskara eskolan ikasteak bere haurraren integrazioa lagunduko duela, kopurua emendatzen da (% 16) Ipar Euskal Herrian jaio direnen artean eta % 6k dio euskararen ezagutza haurrentzako garrantzitsua dela, helduak izango direlarik Ipar Euskal Herrian lan egin beharko baitute. Ez dirudi moda eraginik dagoenik, zeren geroz eta gazte gehiagok euskaraz hitz egitea soilik % 3k aipatzen baitu. Egia esan, euskararen ezagutza eta erabilera gaztetasunarekin batera murrizten da edo, nahiago bada, zenbat eta zaharragoa izan, euskara gero eta gehiago menperatzen eta baliatzen da, nahiz eta joera aldaketa leun bat nabari den gazteenen artean.

Euskara ez da gehiago mehatxatua bezala ikusia zeren soilik gurasoen % 10ak baitio euskara babestu zein sustatu behar dela ez dadin gal, nahiz eta ehunekoa dezente handitu (% 26) euskaldunak diren gurasoen baitan.

Ezezkoaren arrazoiak

Beraien haurrak euskara eskolan ez ikastea nahi duten gurasoen artean, Ipar Euskal Herrian bizi izana ez da arrazoi garrantzitsu bat. Batez ere jatorri geografikoak, hau da, Ipar Euskal Herrian sortu izanak eta euskalduna zein euskaldun kulturakoa ez izateak azaltzen du beraien ihardokitzea (% 26). Ulergarria denez, joera hau nagusiagoa da Ipar Euskal Herrian jaio ez direnen artean, zeren % 38 da bertakoentzako eta % 9 besteentzako. Bereziagoki, euskara etxean ez hitz egitea gurasoen % 24k aipatzen du, eta kopurua % 27 da hizkuntza ulertzen ez dutenentzako.

Joera horretan praktikotasunak bere zeresana dauka, kontutan izanik galdezkatutakoen laurden batek (% 25) pentsatzen duela euskararen irakaskuntzak ez duela ezertarako balio; Biarritzen kopurua % 35era igotzen da. % 24k atzerritar hizkuntza baten irakaspena hobesten dio baliogarritasun handiagoa baitauka, jakinik 30 urte baino gutxiagoko gurasoen % 38k ideia hori partekatzen duela baita buruen % 34k eta enplegatuen % 41ek. Azkenen jarrera ezkorrak ez du oinarri ideologikorik, bakarrik % 4k irakaskuntza horren politizazioa nabarmentzen duelako, Biarritzen kopurua bikoiztu arren (% 9).


OINARRIZKO HITZARMENA

Gehiengo handi bat euskararen irakaskuntza goiztiarraren alde dago

Beraien haurrak euskara eskolan ikastea nahi duten gurasoen % 75ek nahi du irakaskuntza hori ama-eskolatik has dadin, emazteak gizonak baino suharragoak direlarik (% 81, % 69ren aurrean). Arrazoia da, oro har, emakumeak umeen heziketaz eta eskola ibilbidearen jarraipenaz gehiago arduratzen direla, batez ere adin txikikoak direnean. Harrigarriagoa da ikustea nola guraso gazteenak, hau da 30 urte baino gutxiagokoak, aukera horren aurka daudela (% 67); horrek, gazteen baikortasuna euskarazko irakaskuntzarekiko ñabarduraz betetzen du. Era berean, euskara ez dakiten gurasoak baina beraien haurrak sail elebidunetan eskolatu nahi dituztenak, batez bestekoa baino ezkorragoak dira (% 71). Azkenik, beraien haurrak sail elebidunetan eskolatu nahi dituzten gurasoetatik % 14k ama-eskolan hastea gura du, % 74k lehen mailan, % 18k kolegioan, eta % 6k lizeoan, euskararen irakaskuntzaren goiztiartasuna baieztatuz.

Frantsesa gordetzeko borondatea

Beraien haurrak euskara ama-eskolaz geroztik ikastea nahi duten gurasoen laurden batek (% 24) eskatzen du bere umeak euskara frantsesa bezain ongi menpera dezan. Neurri hau % 52ra iristen da euskara ongi ala nahiko ongi hitz egiten dutenen baitan, % 43 da beste haur batek euskarazko irakaskuntzan ikasten badu, % 49 da titulurik ez dutenen artean, eta % 39 batxilergoa eta unibertsitateko bi ikasturteko maila dutenen baitan.

Halaber, euskarazko irakaskuntza ama-eskolatik hastea nahi dutenen gehiengoak (% 58) funtsezkotzat jotzen du frantsesa oso ongi menperatzea eta euskararen ezagutza nahikoa edukitzea ulertzeko eta hitz egiteko. Nahi hori % 64ra igotzen da 30 urte baino gutxiago duten gurasoen artean eta % 65era euskarazko argibide batzuk dituztenen bitartean.

Azkenik, beraien haurrak euskara ama-eskolaz geroztik ikasi nahi dutenen % 18k gura du bere umeak frantsesa trebetasun osoz menpera dezan eta euskarazko nozio batzuk ukan ditzan. Zehazkiago, Ipar Euskal Herrian sortu ez diren gurasoen % 24 eta, are eta gehiago, Biarritzen bizi direnen % 36 ideia horrekin ados daude.

Beraien haurrek euskara ama-eskolaz geroztik ikastea nahi dutenetatik eta hizkuntza oso ongi ala nahiko ongi menperatzen dutenetatik, laginaren % 34 alegia, % 84 frantsesaren eta euskararen arteko ordutegien berdintasuna proposatzen duen eredu pedagogikoaren alde dago, bai ama-eskolan, bai lehen mailan. Alderantziz, soilik gurasoen % 13k euskara hutsean emandako irakaskuntzaren aukera egiten du, nahiz eta frantsesa pixkanaka lehen mailan sartu.

Murgiltze metodoaren araberako hoztasuna gurasoek duten beldurrari lotua dago, hau da beraien haurrek ez dezatela frantsesa behar bezala menperatu, eta uste baitute ordutegien berdintasuna modurik egokiena dela elebitasun orekatu batera iristeko. Aitzitik, ikerketa soziolinguistiko guztiek frogatzen dute murgiltze metodoa nagusi den sailetan, sail elebidunetan eta elebakar frantsesetan bezain emaitza onak lortzen dituztela frantsesaren menperakuntzan.

Eta beraien haurrak euskara ama-eskolaz geroztik ikas dezakeenarekin eta euskarazko argibide batzuk ama-eskola bukatu bezain pronto nahi dutenen artean, % 97 ados dago bere haurra eskolatzeko ordu 1 eta 3 orduren arteko euskarazko irakaskuntza proposatzen duen eskola batean.

Derrigorrezko hurbiltasun bat

Beraien haurrak euskara ama-eskolaz geroztik ikastea nahi duten gurasoen % 97 prest izango litzateke beraien haurrak eskolatzeko aukeratu nahi duten eredu pedagogikoa proposatzen duen auzo eskola batean. Baina soilik % 50 prest legoke eskola beste auzo ala herri batean kokatua badago, jakinik % 44 ez litzatekeela prest egongo Biarritzen, % 30 Baionan, eta % 15 Angelun. Hori dela eta, beraien haurra BABeko beste herri batean inskribatzeko asmoa dutelarik, gurasoen gehiengo bat ez badago ados egiteko (% 50), soilik beraietariko laurden bat (% 24) prest dago. Angelun bizi direnak baikorrenak dira (% 24), Baionako (% 24) eta Biarritzeko (% 13) biztanleen aurretik.

Beraien haurrak hirigune horretako beste hiri batean inskribatzeko ados dauden gurasoak, oro har, 30 eta 34 urte artean dauzkatenak dira (% 33), erdi mailako karguak betetzen dituzte (% 31) eta beraien gurasoak Ipar Euskal Herrian jaioak dira (% 33). Erabat nahi dute beraien haurra sail elebidunetan eskolatua izan dadin (% 32) eta jadanik euskara ikasten duen ume bat daukate (% 32). Kopuru hau emendatzen da euskarazko argibideak dauzkatenen artean (% 35), ulertzen eta hitz egiten dutenen baitan (% 33) eta, zer esan, hitz egiten, irakurtzen eta idazten dutenen artean (% 44). Beraien haurra beste auzo batean inskribatzeko joera gurasoen motibazioaren araberakoa da, zeren % 57 da erabat nahi dutenen artean eta % 46 nahiko gura dutenen baitan.


ESKAINTZA EZ NAHIKOA

Ikasle kopuru mugatua

Nahiz eta duela urte batzuk gorakada jarraikia ezagutu, BABeko eskoletan eskolatuak diren haurren artean euskarazko irakaskuntza jarraitzen dutenen kopurua mugatua da, gutxiengo bat osatuz. Ama-eskolaren adibidea hartuz, ohartzen gara gune geografiko horretan eskolatuak diren 3.686 umeetatik % 31 Angelun eskolatua dela, % 44 Baionan, eta % 25 Biarritzen. Are gehiago, haurren % 74 eskola publiko elebidunetan eskolatua da, % 22,5 eskola pribatu konfesionaletan, eta % 3,5 kontratupean dauden elkarte eskoletan. Baionako hiriguneko ama-eskoletan izen emanak diren 3.686 ikasleetatik, % 90 frantses ereduan, % 6,5 eredu elebidunean, eta % 3,5 murgiltze ereduan eskolatuta daude.

Alabaina, ikasleen kopurua oso aldakorra da hiri batetik bestera. Angelun, esaterako, ama-eskolan eskolatuak diren 1.156 ikasleetatik % 85 eskola publikoetan dago, % 13 eskola pribatu katolikoetan, eta % 2 soilik elkarte eskola pribatuetan. Horrez gain, hiri horretako ama-eskolan eskolatutako ikasleen % 94 frantses ereduan dago, % 4,5 eredu elebidunean, eta % 1,5 murgiltze ereduan.


1. Taula : Eskola publikoetako ikasle kopuruak

 
Kopuruak
Kopuruak
Eskolaren izena
Frantsesak
Elebidunak
Jules Ferry
164
0
Jean Jaurès
142
0
Aristide Briand
138
0
Justin Larebat
119
0
Évariste Galois
126
0
Sutar
29
0
Tivoli
76
0
Camiade
75
0
Édouard Herriot
66
51
OROKORRA
935
51

 

2. Taula : Eskola konfesionaletako ikasle kopuruak

 
Kopuruak
Kopuruak
Eskolaren izena
Frantsesak
Elebidunak
Notre Dame
28
0
Sainte Bernadette
53
0
Stella Maris
69
0
OROKORRA
150
0

3. Taula : Elkarte eskoletako ikasle kopuruak

 

Eskolaren izena
Kopuruak
Ikastola d’Anglet
20
OROKORRA
20

Euskara eskolan ikasten duten ikasleen kopurua askoz handiagoa da Baionan, batez ere eskola pribatuetako ikasleei esker.

4. Taula : Eskola publikoetako ikasle kopuruak

 
Kopuruak
Kopuruak
Eskolaren izena
Frantsesak
Elebidunak
Jules Ferry
51
39
Jean Moulin
41
54
Les Arènes
98
0
Aristide Briand
82
0
Balichon
18
0
Petit Bayonne
68
0
Jean-Pierre Brana
85
0
Camp de Prats
15
0
Jean Cavaillès
99
0
Citadelle
92
0
Saint Léon
101
0
Charles Malégarie
90
0
Cune
20
0
Brosselette
17
0
Mousserolles
6
0
OROKORRA
946
93

5. Taula : Eskola konfesionaletako ikasle kopuruak

 
Kopuruak
Kopuruak
Eskolaren izena
Frantsesak
Elebidunak
Notre Dame
44
0
Sacré Cœur
29
11
Saint Amand
44
0
Saint Léon Marracq
44
0
Saint Paul-Sainte Marguerite
52
0
Sainte Agnès
70
0
Largenté
89
0
Saint Bernard
130
0
OROKORRA
502
11


6. Taula : Elkarte eskoletako ikasle kopuruak

Eskolaren izena
Kopuru elebidunak
Polo Beyris
18
Oihana
55
OROKORRA
73

Beraz, Baionako ama-eskoletan eskolatuak diren 1.625 ikasleetatik, % 64 eskola publikoetan dago, % 31,5 eskola pribatu konfesionaletan, eta % 4,5 elkarte eskoletan, jakinik ikasle horietatik guztietatik % 89 frantses eledun ereduan eskolatua dagoela, % 6,5 eredu elebidunean, eta % 4,5 murgiltze ereduan. Azkenik, Biarritzen kasua gelditzen da, hiri horretan ikasleak eskola publikoetan biltzen direlako (% 76), % 19 eskola pribatuetan, eta gainontzeko % 5 elkarte eskoletan. Hor ere, banaketa eredu frantses eledunaren alde dago, % 86 bertan eskolatua baitago, % 9 eredu elebidunean, eta % 5 murgiltze ereduan.

7. Taula : Eskola publikoetako ikasle kopuruak

 
Kopuruak
Kopuruak
Eskolaren izena
Frantsesak
Elebidunak
Alsace
69
0
Sévigné
103
0
Michelet
106
0
Victor Duruy
86
0
Reptou
68
78
Braou
106
0
Larochefoucauld
72
0
OROKORRA
610
78

8. Taula : Eskola konfesionaletako ikasle kopuruak

 
Kopuruak
Kopuruak
Eskolaren izena
Frantsesak
Elebidunak
Saint Louis de Gonzague
60
0
Sainte Marie
111
0
TOTAL
171
0

9. Taula : Elkarte eskoletako ikasle kopuruak

Eskolaren izena
Kopuru elebidunak
Ikastola de Biarritz
46

 

 

HERRIKA, ESKAINTZA SOZIALA ESKAERAREN ARABERA

Agerian gelditzen da euskarazko irakaskuntza eskaera dagoen eskaintza baino askoz handiagoa dela. Horrek, sail horietan eskolatuak izan daitezkeen ikasleen aintzat hartze bat ala, nahiago bada, eskaerari erantzuteko behar den eskaintza bat egitera garamatza.

Euskarazko irakaskuntzarako ahalezko ikasleak

Gogora dezagun, beraien haurrek euskara eskolan ikasteko nahia agertzen duten gurasoen % 56, hau da laginaren % 42, prest dagoela ama-eskolaz geroztik eskolatzeko. BABeko ama-eskoletan eskolatuak diren ikasle kopuru osoari alderatuz gero, tasa hau 1.548 ikaslekoa izango litzateke, gaur egun, lau aldiz txikiagoa delarik, 372 ikasle soilik baitaude. Beraz, pentsa daiteke 1.500 ikasle inguruko gurasoek gura dutela beraien haurrek euskarazko klaseak jarrai ditzaten.

Baionako hirigune guztian dagoen % 42ko tasak hirien arteko desberdintasunak gordetzen ditu:


- Angelun, % 40 prest dago bere haurra sail elebidunetan eskolatzeko ama-eskolaz geroztik, hots 462 ikasle, gaur egun, soilik 71 ikaslek ikasketa horiek jarraitzen dituztenean.

- Baionan, % 48k gura du antzekoa egitea, hau da 780 ikasle, gaur egun, bakarrik 177 direlarik.

- Biarritzen, % 35ek nahi du irakaskuntza mota hori segitu (316 ikasle), gaur egun, 124 direnean, esan nahi baita 2,5 aldiz gutxiago.


Aurreikusi behar diren gela zabaltzeak

Beraien haurra ama-eskolaz geroztik sail elebidunetan eskolatu nahi dutenen % 42tik, denek ez daukate eskaera bera euskararen mailari dagokionez: 1) ia 10etik 2k nahi dute beraien haurrek euskarazko nozioak eduki ditzaten, 2) 10etik 5,5ek gura dute beraien umeek euskara nahiko ongi menpera dezaten ulertu eta hitz egin ahal izateko, eta 3) 10 pertsonetatik 2,5ek nahi dute euskara frantsesa bezain ongi ezagutu dezaten.

Lehen eskakizun mailari, gaur egun, BABeko ama-eskoletan proposatzen ez den eredu bat doakio: 1 eta 3 orduen arteko euskarazko irakaskuntza astero. Ahalez, 276 ikasle izango lirateke, hau da lagin orokorraren % 7,5: 63 ikasle Angelun (familien % 5,5), 100 Baionan (familien % 6,2) eta 114 Biarritzen (familien % 12,6).

Beste gurasoek egindako eskaerei elebidun eta murgiltze ereduek erantzun diezaiekete. Ahalezko ikasleen kopurua 1.253koa da (laginaren % 34), gaur egun 372 direlarik, hots 3,5 aldiz gutxiago. % 34 horiek honela deklinatzen dira:


- Angelun, beraien haurrak euskara nahiko ongi (% 25) ala oso ongi (% 9) menperatzea gura duten gurasoen % 34k 393 ikasle dira, orain bertan 71 direlarik.

- Baionan, beraien haurrak euskara nahiko ongi (% 29) ala oso ongi (% 12) menperatzea nahi duten gurasoen % 41ek 666 ikasle dira, gaur egun 177 direnean.

- Biarritzen, beraien haurrak euskara nahiko ongi (% 15) ala oso ongi (% 22,5) jakitea nahi duten gurasoen % 37,5ek 203 ikasle dira, orain bertan 124 direlarik.

Jakinik gela bat irekitzeko 20 ikasle behar direla, euskarazko irakaskuntzako 44 gela sortu beharko liratekeela aurreikusten da, murgiltze eta elebidun ereduetan, hurrengo lau edo bost urteetan BABen dagoen eskaintza eskaerari erantzuteko. Horrela, 16 gela berri sortu beharko lirateke Angelun, 24 Baionan, eta 4 Biarritzen.


IRAKASKUNTZA SISTEMAKA, IRAKASKUNTZA ESKAINTZA, ESKAERA SOZIALARI ALDERATUTA

Euskara nahiko ongi ala oso ongi menperatzea nahi duten gurasoen % 34 ere galdezkatua izan da hobetsiko lukeen eskola sistemari buruz: 1) 10etik 8,5ek (lagin osoaren % 28,5ek) eredu elebiduna aukeratuko luke, 2) 10etik 1,5ek (lagin orokorraren % 4,5ek) murgiltze eredua hobetsiko luke, eta 3) % 1ek ez du erantzunik eman. Nahiz eta datu horiek hirika ez banatuak izan, ikusteko aukera ematen dute zein gela ireki beharko litzatekeen irakaskuntza sistema bakoitzean.

Irakaskuntza publikoari dagokionez, BABeko gurasoen % 28,5ek nahi du bere haurrak eredu elebidunaz goza dezan. Gaur egun, BABeko eskola publikoetan eskolatuta dauden ikasle kopuruari aplikatuta (2.713), tasa horrek 772 ikasle emango lituzke, gaur egun soilik % 8 osatzen duena. Eskaintza, hurrengo 4 edo 5 urteetan, adierazitako eskaerei egokitu behar balitzaie, 28 gela elebidun sortu beharko lirateke hiru hirietako ama-eskola publikoetan. Bestalde, agertutako emaitzak kontutan izanik, aurreikusi daiteke gehituko diren gela publikoen erdia baino gehiago Baionan kokatuko liratekeela eta laurdena Angelun.

Irakaskuntza katolikoari dagokionez, gaur egun, % 28,5 eskola pribatu katolikoetan eskolatuak diren ikasle kopuruari aplikatuz gero (834), tasa 238 ikaslekoa izango litzateke, soilik 11 ikaslek (% 1,3) irakaspen hori jarraitzen duelarik. Eskaintza eskaerari egokitzeak eskatuko luke hurrengo urteetan 11 gela elebidun sortzea eskola pribatu konfesionaletan. Bestalde, lortutako emaitzak kontutan hartuz, gela berrien erdia baino gehiago Baionan kokatu behar litzateke eta laurden bat Angelun.

Azkenik, ikastolek ordezkatzen duten elkarte irakaskuntzari dagokionez, gurasoak izango diren % 4,5ek nahi du bere haurrak murgiltze ereduaz goza dezan. Orain, BABeko ama-eskoletako geletan eskolatuak diren 3.686 ikasleei eramanda, sistema guztiak nahasturik, tasa hori 165 ikasleri egokituko litzaioke, gaur egun, soilik 139 direnean. Galdeketak bakarrik BABeko familiak galdezkatu dituenez, komeniko litzateke BABen bizi ez diren baina bertan lan egiten duten gurasoei zabaltzea. Murgiltze eredua gauzatzen duten elkarte eskolen kasuan, emaitzak nahiko desberdinak dira, zeren soilik ikastoletan eskolatuak diren ikasleen % 64 BABeko hirietan bizi da (% 56 Baiona erdian, % 97 Baionako Polo Beyris auzoan, % 60 Biarritzen, eta % 90 Angelun). Ondorioz, murgiltze gelen hazkunde ahalmena ez da gehiago 1,5 gelakoa, 4 gelakoa baizik.


AMAIERA

Gogora dezagun, artikulu honetan jakin nahi izan dugula ea egokitasunik dagoen euskarazko irakaskuntzaren eskaintzaren eta eskaeraren artean Baionako hirigunean. CSA Institutoak, 0 eta 2 urte artean dauzkaten umeen gurasoei 2001eko urtarrilean egindako galdeketaren arabera eta Frantziako Hezkuntza Nazionalak plazaratutako datuen arabera, agertzen da irakaskuntza elebidunaren eskaera soziala BABen dagoen eskaintza baino askoz handiagoa dela, zeren galdezkatutako pertsonen % 56k nahi baitu bere haurrak euskara eskolan ikas dezan eta % 52k irakaskuntza hori lehen mailan has dezan. Datu horiek are eta handiagoak dira, jakinik hirigunea eta frantsesduna izateaz gain, BABeko biztanleriaren erdia baino gehiago kanpotik datorrela.


BIBLIOGRAFIA

Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko soziolinguistikazko inkesta : Euskararen jarraipena, Gasteiz, 1991, 1996, 2001.

Insee, “Étude de l’histoire familiale”, Courrier des statistiques, n°93, 2000.

Inspekzio Akademikoa, lehen et bigarren mailetako ikasleen estadistikak 1996tik 2002ra.

Institut CSA, Les parents d’enfants de 0 à 2 ans du BAB et l’apprentissage de la langue basque. Paris, octobre 2001.

Institut Culturel Basque, Regard sur l’avenir : les adolescents du Pays Basque et la langue basque. Ustaritz, juin 2001.

Urteaga. E., “L’évolution de l’usage de la langue basque au Pays Basque”. Revue de Sociolinguistique : Bat, n°43, pp.51-63, Andoain, juin 2002.

Urteaga. E., “La politique linguistique au Pays Basque”. Revue de Sociolinguistique: Bat, n°45, pp.91-102, Andoain, décembre 2002.

Urteaga. E., “La langue basque au Pays Basque : diagnostic, évolution et prospective”. Revue d’Études Basques : Lapurdum, n°7, pp.327-338, CNRS, Bayonne, 2003.

Urteaga. E., La politique linguistique au Pays Basque. Paris, L’Harmattan, 2004.

Urteaga. E., “La langue basque au début du XXIè siècle”. Marges Linguistiques, n°10, Paris, 2005.

 

 

 

BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Eguzki Urteaga
Urtea: 
2006