HIZKUNTZA ETA NORTASUNA IPAR EUSKAL HERRIAN

Iparraldeko herritarrak zaharrago eta euskaldunago dira, Hegoaldekoak gazteago eta euskaldunago direlarik. Adibidez 65 eta 20 urte artean, Iparraldean euskaldunak % 37tik % 22ra jautsi dira, denbora berean EAEn % 24tik % 49ra igan delarik. Mende erdi bat eskas, alde batean euskalduntasuna bikoiztu da, bestean erdiratu delarik. Alderantzizko joera horiek gogoeta asko sortu dituzte eztabaida taldeetan, bereziki hizkuntza politikaren inguruan.

35 urtekoetan % 16 dira beren burua "gehien bat euskal herritar sentitzen dutenak", aldiz 20 urtekoetan % 22 dira euskal herritar sentitzen direnak edo frantses baino euskaldunago. Beraz, azken 20 urteetan euskalgintzan eta kulturgintzan egin diren lanen fruituak agertzen ari dira, askoz gehiago euskaltasunean ezinez eta euskalduntasunean. Geroari buruz itxaropena haizu da, euskal nortasuna baita euskara ikasteko eta erabiltzeko motibazio indartsuena.

Nola esplika toponimoei eta antroponimoei buruzko atxikimendu zabal hau? Edozein hizkuntzatan izen propioek ikur funtzioa betetzen dute. Esan nahi luke euskara onartua dela ororengandik hizkuntza sinbolikotzat, edo eskola hizkuntza bezala, komunikazio funtzioari garrantzi txikiagoa emanez. Euskararen kontrako arriskua hor dago: "Zertarako euskara, orok frantsesa dakitelarik"?

Ulertezina da nola EAEn, lurralde euskaldunenean, euskal nortasuna definitzerakoan, euskara bosgarren lerroan aipatzen dela puntuazio ahul batekin (16)! Gaurko antropologia erreferentziak hartuz, bi muturreko teorietan gabiltza. Iparraldean nortasun kolektiboa arbasoek eman diguten ondare bat da, lurraldea eta hizkuntza barne, norbere nahia baino sakonagokoa: ikusmolde honi primordialismoa edo esentzialismoa deitzen diote.

Erronka garrantzitsua da gizarteak erabaki dezan euskarak zer leku hartuko duen gure nortasunean eta gure kulturan: hautuzko osagaia ala herriaren arima? Eta zer funtzio beteko dituen: sinbolismo hutsa ala eguneroko komunikazio tresna? "Beste ezer baino gehiago, euskarak adostasuna eta etorkizunerako aukerak behar ditu, eta hein handi batean hori funtsezkoa izango da XXI. mendeko euskal kultura eta nortasunarentzako"

Euskalgintzan, Euskararen Erakunde Publikoak lau erronka finkatu ditu: euskararen transmisioa familiaren eta eskolaren bidez; euskararen presentzia eta erabilera gizarte bizitzan; euskararen kalitatea erabilera pribatuan eta publikoan; motibazio linguistikoa helburu berezi bat da beste hiruak hunkitzen dituena. Hemen ere Aholku Batzordekideen gain da proposamenak egitea bideak irekitzeko.

Euskal nortasuna zer da? Galde honi erantzun bat emateko ikerketa bat egin da Euskal Herri osoan "Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak" (2004). Inkesta hau obralaritza handi baten ondorioa da. Eusko Jaurlaritzako prospekzio soziologikoen kabineteak, Euskal Kultur Erakundeak, Eusko Ikaskuntzak parte hartu zuten, Akitania-Euskadi fondoaren laguntzarekin, ikerketa talde zabal baten lanaren bidez: Iñaki Martinez de Luna, Larraitz Mendizabal, Igor Ahedo, Pantxoa Etchegoin, Xabier Itçaina, Terexa Lekumberri, ni neu, besteak beste. Lau mila inkestatuak ahantzi gabe. Lankidetza honek berak erakustera ematen du egitasmoaren garrantzia.

Hemen Iparraldeko emaitza batzuk agertuko ditut, BatekMila programaren barnean aurkeztu eta komentatu genituenak. Beste lurraldeetan egin zen bezala, hemen ere inkesta kuantitatiboaren emaitza hotzak bildu ondoren (56 galde, 1600 inkestatu 16 urte eta gehiagokoak), gai nagusiak eztabaidatu ditugu 4 taldeetan eta 7 pertsona kalifikaturekin elkarrizketak eramanez. Baldintza ahalik eta hoberenak aukeratu ditugu, herri osoaren iritziak biltzeko, nola euskaldunenak hala erdaldunenak.


HAUSTURA LINGUISTIKOA IPARRALDEAN

Emaitza orokorrak ezagutzen ditugu, egoera ez baita hainbat aldatu 2001eko inkesta soziolinguistikoaz geroztik. Iparraldean laurden handi bat (% 27) euskaldun da, Eusko Autonomia Erkidegoan (EAE) heren bat (% 34) eta Nafarroan heren erdi txiki bat (% 14). Hizkuntza gaitasuna, beste gai nagusiak bezala, paradigma batzurekin gurutzatzen da: lurraldea, sexua, adina, jatorria, nortasun sentimendua. Iparraldeko eskualdeen arabera, emaitzak oso ezberdinak dira kostaldean eta barnealdean: Baiona Angelu Biarritz (BAB) hiri elkartean ongi edo aski ongi dakitenak % 10 dira, aldiz Nafarroa Beherean eta Zuberoan % 60.

Konparaketa egin da ere 15 urte arteko 5 adin talderen arabera: gutti gora behera 20, 35, 50 urtekoak eta 65 urte eta gehiagokoak. Holaxe agertzen da hizkuntza gaitasunaren norabidea: Iparraldeko herritarrak zaharrago eta euskaldunago dira, Hegoaldekoak gazteago eta euskaldunago direlarik. Adibidez 65 eta 20 urte artean, Iparraldean euskaldunak % 37tik % 22ra jautsi dira, denbora berean EAEn % 24tik % 49ra igan delarik. Mende erdi bat eskas, alde batean euskalduntasuna bikoiztu da, bestean erdiratu delarik. Alderantzizko joera horiek gogoeta asko sortu dituzte eztabaida taldeetan, bereziki hizkuntza politikaren inguruan.

Maiz aipatu da ere belaunaldien arteko haustura linguistikoa. Mintzakide askok familia batzu ezagutu dituzte non ere aitatxi-amatxiek euskaraz bakarrik hitz egiten baitute frantsesa gaizki dakitelarik, aldiz ilibasoek frantsesa soilean mintzatzen dira, euskaraz ez baitakite. Bi belaunaldien artean, gurasoek frantsesa ongi ikasi dute eskolan, gutienez 16 urte arte, eta familian beren haurrei ez diete euskara irakatsi. Hain zuzen adin talde horretako mintzakideak ziren gehienik eztabaida taldeetan. Eta hizkuntza hausturaren traumatismoa adierazi dute, edo adin berdinekoen hobena aitortuz edo zaharragokoei salaketak helaraziz. Alabaina oraingo gazteek ez dute mintzakiderik ez lekurik euskaraz hitz egiteko; halere berek aurkitu dituzte biltokiak eta beren gisako kultura tresnak.

Dena dela, Iparraldeko euskararen gain behera horretan itxaropen izpi batzuk ere agertu dira, hala nola frantses elebakarren kopurua ere guttitzen ari dela. Ondorioz, gero eta erdi-euskaldun gehiago badela, bereziki gazteengan. Euskara pixka bat dakiten elebidun hartzaile horiek, zer bilakatuko diren ikusi behar da. Berehala euskal kultur ekintza asko gogokoak dituzte eta geroari begira anitzek euskara ikasteko nahia adierazten dute. Esanguratsua da ere aztertzea zer gertatzen den bi adin talde gazteenen artean. Batez beste 35 urte eta 20 urte dutenen artean, euskararen jakitatea puntu batez igan da, % 21etik % 22ra. Baina denbora berean eta adin talde beren artean euskal nortasunaren sentimendua 6 puntuz goratu da: 35 urtekoetan % 16 dira beren burua "gehien bat euskal herritar sentitzen dutenak", aldiz 20 urtekoetan % 22 dira euskal herritar sentitzen direnak edo frantses baino euskaldunago. Beraz, azken 20 urteetan euskalgintzan eta kulturgintzan egin diren lanen fruituak agertzen ari dira, askoz gehiago euskaltasunean ezinez eta euskalduntasunean. Geroari buruz itxaropena haizu da, euskal nortasuna baita euskara ikasteko eta erabiltzeko motibazio indartsuena.


EUSKARAREN NAHIA

Haustura linguistikoaren dolua bestela ere adierazi da gure inkesta honetan, adibidez euskararen nahia erakutsiz. Aspaldiko ikerketan, oso ezaguna da "euskal boluntarismoa". Iragan 30 urteetako inkestetan, euskal herritarrei galde egiten delarik "nahi duten haurrek euskara jakin dezaten", baia nagusi % 80. Aldiz "euskara beharrezkoa den lan egiteko": bai % 40. Euskara nahi dugu, beharra baino askoz gehiago da. Beste herrietan, Katalunian adibidez, hizkuntza nahi dute beharraren heinean. Eztabaida luzeak izan ziren "boluntaristen" eta "errealisten" artean.

Euskararen aldeko nahikaria, kultura eta nortasunari buruzko inkestan ere argi eta garbi agertu da. Adibidez, erdaldunei eta euskara pixka bat dakitenei (biztanleriaren % 73 dira) galde egin diegu : "Euskara ikasten ari zara?". Erantzunak ez dira hain onak itxuraz:

- Bai, ikasten ari naiz: % 4.

- Orain ez, baina lehen aritu nintzen: % 8.

- Ez, baina maite nuke ahal banu: % 20

- Ez, eta ez dut ikasteko asmorik: % 61.

Artetik esanez, hiru lurraldeetan, 16 urtetik at, ikasten ari direnak guttiengo ñimiñoan dira eta ikasteko asmorik ez dutenek talde handiena osatzen dute. Lehen irakaspena da, salbuespenak salbuespen, euskara familian edota eskolan ikasten dela. Halere helduen euskalduntze mugimenduak behar beharrezkoak dira, alabaina, Iparraldean egonez eta ehunekoak zenbaki arruntetan ezarriz, "ikasten ari direla" esaten dutenak 6000 pertsona dira eta "maite luketenak" 30000! Eta hizkuntza gaitasunaren taula psikolinguistikoa hauxe litzateke:

- Euskara ongi edo aski ongi hitz egiten dutenak: % 27.

- Euskara ikasten dutenak edo ikasi nahi luketenak: % 44.

- Euskara ikasteko asmorik ez dutenak: % 29.

Boluntaristen eta errealisten arteko eztabaida antzu batean sartu gabe, ohartzen gara euskalduntasunak baduela bere erdigunea eta periferia zabal bat. Eta periferia horrentzat asmatu ditugun pedagogiek (edo "andragogiek") merezi dituztela motibazio estrategia berri batzuk.

Hain zuzen ikasleei eta ikasteko gogoa adierazi dutenei galde egin diegu: "Zergatik euskara ikasten duzu?". Lurralde guztietan lehen erantzuna da "euskaldunekin komunikatzeko". Iparraldean, eta bereziki euskal sentimendua bizkor dutenek bigarren motibaziotzat adierazten dute "Euskal Herrikoa naizelako"; gero, hein berdinean, "Herri honetako hizkuntza delako" eta "Nire erroak aurkitzeko". Aldiz Hegoaldean motibazio instrumentalak nagusi dira: "Lana aurkitzeko eta lanerako, gure seme-alabak ikasten ari direlako". Euskararen aldeko motibazioak Iparraldean herritasunari lotuak dira, Hegoaldean erabilerari lotuak diren bezala.

Beste galde batek ere motibazio baikorra agertzen du. "Seme alabarik baldin baduzu edo bazenu, nahiko zenuke euskara jakin dezaten?". Erantzun orokorrak:

- Jadanik badakite: % 18.

- Bai, nahiko nuke jakin dezaten: % 45

- Berdin zait: % 20.

- Ez, ez nuke nahi jakin dezaten: % 12.

Emaitzak kasu eginez hartu behar dira, anitzentzat galdea hipotetikoa baitzen, haurrik ez zutelakoan. Dena dela erantzun ezkorrak oso gutti dira, hiru lurraldeetan, bai eta Iparraldean sentimenduz frantsesago direnetan ere. Halere axolagabearen neurria gora da eta orotan transmititzeko nahia egiazko transmisioa baino goragokoa da. Emaitza honen irakaspena da xede ona ez dela aski, motibazio bizkor batek ez badu sostengatzen. Alabaina eskolak ezin dezake egin familiak egiten ez duena eta transmisioa eraginkorraren baldintza da familiaren eta eskolaren arteko lankidetza.

Euskararen aldeko beste emaitza baikor bat agertu da euskal izenen alorrean. Orori galde egin zaie: "Euskal izenak atxikitzearen eta bultzatzearen alde ala kontra zara"? Galde honen helburua da jendek euskal izenentzat duten atxikimendua neurtzea, nola pertsonen izen deiturak hala tokien izenak, herrienak, etxeenak. Emaitzak ezin hobeak dira, adibidez Iparraldean orokorki:

- Oso alde edo alde: % 77.

- Ez alde ez kontra: % 16.

- Kontra edo oso kontra: % 1.

Euskal izenen aldeko gogo hoberena erakusten dute gehienik euskal herritar sentitzen direnek (% 97), euskara dakitenek (% 85), 30-45 urtekoek (% 81). Baina gehienik frantses sentitzen direnek ere jarrera baikorra frogatzen dute (% 69), bai eta erdaldunek ere (% 72). Nola esplika toponimoei eta antroponimoei buruzko atxikimendu zabal hau? Edozein hizkuntzatan izen propioek ikur funtzioa betetzen dute. Esan nahi luke euskara onartua dela ororengandik hizkuntza sinbolikotzat, edo eskola hizkuntza bezala, komunikazio funtzioari garrantzi txikiagoa emanez. Euskararen kontrako arriskua hor dago: "Zertarako euskara, orok frantsesa dakitelarik"?


HIZKUNTZA ETA NORTASUNAREN DIALEKTIKA

Logikoena litzateke pentsatzea euskara euskal kulturaren oinarria dela eta euskal kultura gure nortasun kolektiboaren zimendua. Askotan aldarrikatu dugun bezala: "Euskararik gabe ez da Euskal Herririk". Zorigaitzez inkestak agertzen dituen iritziak askoz nahasiagoak dira, gutartean bizi diren erdaldunengan, bai eta ere euskaldunen artean.

Adibidez, euskal kultura zer den galde egin diegularik inkestatuei, hiru lurraldeetan nagusitu den definizioa hau da: "Euskal Herriari buruzko guztia, edozein hizkuntzatan"; alabaina % 70 erantzulek ontzat hartu dute. Hizkuntza integratzen zuen definizio bat proposatua zen: "Euskaraz egiten den guztia". Iparraldean bigarren lerroan zen baina % 56en onarpenarekin soilik. Hegoaldean euskaradun kultura azken lerroan agertu zen. Ondorioz dirudi euskararik gabeko euskal kultura askorentzat asmagarri dela. Eta egia da arrakasta handiena duten kultura ekintzetan euskararen presentzia ahula dela. Azken hiru hilabetetan inkestatuak ibili ziren gehienik zineman (% 40), gero kontzertuetan (% 23), dantzan (% 20), erakusketetan (% 19). Bertso saioak eta mintzaldiak azken bi lerroetan agertzen dira.

Halere, eta galdea beste molde batean eginez, emaitza osoki ezberdinak bildu ditugu. Galdea: "Zein dira euskal kulturari lotzen dizkiozun hiru osagai nagusiak"? Hiru lurraldeetan euskara da osagai aipatuena. Iparraldean kantua agertzen da bigarren lerroan eta gero dantzak eta pilota.

Kontraesan berdintsua ikusten dugu euskal nortasuna definitzerakoan. Galdea zen: "Zure iritziz, zein dira bi baldintza garrantzitsuenak norbaitek bere burua euskal herritartzat sentitzeko"? Hamar baldintza proposatuak ziren: sorlekua, bizitza-lekua, euskara, arbasoak, nahikaria, izena, herriaren defentsa eta beste. Lurralde bakoitzean baldintzak zerrendatu ditugu aipamen maiztasunaren arabera. Profil ezberdinak aurkitu ditugu. Iparraldean euskal herritarra da Euskal Herrian sortua dena (53), euskaraz hitz egiten duena (40) eta arbaso euskaldunak dituena (31). Aldiz Hegoaldean hiru baldintza nagusiak dira Euskal Herritar izateko nahikaria, herrian bizi eta lan egin, bai eta ere sorlekua, baldintza hau lehen lerroan delarik Nafarroan (42) eta hirugarren lerroan EAEn (36).

Ulertezina da nola EAEn, lurralde euskaldunenean, euskal nortasuna definitzerakoan, euskara bosgarren lerroan aipatzen dela puntuazio ahul batekin (16)! Gaurko antropologia erreferentziak hartuz, bi muturreko teorietan gabiltza. Iparraldean nortasun kolektiboa arbasoek eman diguten ondare bat da, lurraldea eta hizkuntza barne, norbere nahia baino sakonagokoa: ikusmolde honi primordialismoa edo esentzialismoa deitzen diote.

Alderantziz Hegoaldean nortasun kolektiboa elkarrekin egiten den hautu bat da herria eraikitzeko; edo bestela esanez herritasun sentimendua ororengandik onartua da eta sustatua helburu politiko batzuekin edo zerbait aldarrikatzeko: ikusmolde horiei konstruktibismoa edo instrumentalismoa deitzen diete.


ETORKIZUNARI BURUZ

Azkenean euskara zer da, Euskal Herriaren beharrezko zimendua, ala herria eraikitzeko osagai bat beste osagai askoren artean, baliagarri den neurrian erabil daitekeena? Asma dezakegu euskararik gabeko euskal nortasunik, euskal kulturarik ?

Inkestak agertzen duen "euskararen paradoxia" esplikatzeko, talde ikertzaileak hipotesia andana bat formulatzen du. Edo nortasun kolektiboari hizkuntzarik gabeko definizio malgua ematen diogu, erdaldunak ere gutarteratzeko. Edo euskaldunok akulturazioaren biktimak gara, frantsesak edo espainolak asimilatu baikaitu, jatorrizko nortasuna galtzeko arriskuan ezarriz. Edo hizkuntzak hartzen ditugu bakoitza bere estatus sozialaren arabera, erdarak funtzio komunikatiboa betetzen duen neurrian, euskarari funtzio sinboliko bat uzten diogu. Edo geure burua zuritzen dugu esanez euskara ikasi behar da, nortasunaren definitzeko beharrezkoa ez bada ere, nolabait haustura linguistikoaren dolua egin nahiz eta ezinez.

Halere, talde ikertzaileak ez gaitu kontraesanen erdian abandonatzen eta paradoxa nola dialektika bilaka daitekeen erakusten digu, hots, tesiak eta antitesiak sintesia batean uztartuz. Horretarako besteak beste bi ideia nagusi proposatzen dizkigu edo, hobeki esanez, oroitarazten, aspaldikoak baitira.

Lehena da euskarari buruzko adostasun baten beharra. Erronka garrantzitsua da gizarteak erabaki dezan euskarak zer leku hartuko duen gure nortasunean eta gure kulturan: hautuzko osagaia ala herriaren arima? Eta zer funtzio beteko dituen: sinbolismo hutsa ala eguneroko komunikazio tresna? "Beste ezer baino gehiago, euskarak adostasuna eta etorkizunerako aukerak behar ditu, eta hein handi batean hori funtsezkoa izango da XXI. mendeko euskal kultura eta nortasunarentzako" (Nortasuna eta kultura 2006).

Baina non dago euskaltasunaren erreferentzia? Erantzuteko "zentro-periferia" diptika geo-politikoa erabiltzen du talde ikertzaileak. Bai inkesta kuantitatiboan bai eta ere eztabaidetan, euskal lurraldea definitzerakoan, Bizkaia eta Gipuzkoa ezartzen dira erdigunean, beste 5 probintziak kanpoaldean daudelarik. Eta oro har Euskal Herria erdigunean, kanpoaldeko diaporaren erreferentzia bezala. Halere, hizkuntzaz hitz egiten delarik, periferiak ere baditu bere erdiguneak, Iparraldeko barnealdea, Nafarroako zona euskalduna, eta Araban Aramaio. Euskaldunak eta erdaldunak elkarrekin bizi baikara, jakin behar dugu non dagoen Euskal Herria eta non "erdal herria" (Txillardegi).


EUSKAL HERRI 2020

Hain zuzen Iparraldean gogoeta sakonak eramaten dira aurten "Euskal Herri 2020" prospektiba definitzeko. Alabaina "2001–2006 hitzarmen berezia" bururatzen ari da, eta orain jarraipena asmatu behar dugu, herritarrek eta hautetsiek elkarrekin. Jadanik erronka nagusiak finkatuak dira alor askotan.

Herrigintzan Garapen Kontseiluak hiru oinarrizko lehia proposatzen ditu: kostaldea eta barnealdearen arteko elkartasuna, mugaz-gaineko lankidetza, garapen iraunkorra. Lau lantalde elkarretaratzen dira egitasmoak zehazteko ekonomiaren alorrean, unibertsitateari buruz, azpiegituretan eta osasunean. Gazteek badute beren tailer berezia.

Euskalgintzan, Euskararen Erakunde Publikoak lau erronka finkatu ditu: euskararen transmisioa familiaren eta eskolaren bidez; euskararen presentzia eta erabilera gizarte bizitzan; euskararen kalitatea erabilera pribatuan eta publikoan; motibazio linguistikoa helburu berezi bat da beste hiruak hunkitzen dituena. Hemen ere Aholku Batzordekideen gain da proposamenak egitea bideak irekitzeko.

Kulturgintzan ere Euskal Kultur Erakundeko buruak adierazi ditu hiru amets: euskal kultura gizartearen eta belaunaldien bilgune; euskal kultura Europako kulturen bidegurutzean; aniztasun kulturala mundializazio berdintzaileari aurre egiteko. Ideia nagusi horien betetzeko zuzendariak hiru bide ireki ditu: ondarearen hedapena, sorkuntza artistikoa, publiko berriak euskaldunen eta erdaldunen artean, euskal kultura ekonomiaren eremuetara eramanez. Denak gonbit gara gure ikusmoldea adierazteko "gogoetan.com" bloga erabiliz.

Bestalde, Batera mugimenduak aldarrikapenak, proposamenak, eta ekintzak egiten ditu, Euskal Herriak behar dituen erakundeak eraikitzeko.

Gogoeta hauek guztiak argitzeko, nortasunari eta kulturari buruzko inkesta baligarri izan daiteke. Egia esan, emaitzetan eta iritzietan agertu dira Euskal Herrian aurkitzen diren indarguneak eta ahulguneak. Errezetarik ez dago, baina arriskuen arteko bide zuzenak ageri dira. Ondare kulturala zainduko da, fundamentalismora erori gabe; eta belaunaldi berrietako modernitatea bilatuko da, euskaltasunaren muina galdu gabe. Euskararen funtzio sinbolikoa denek onartzen dute, baina sinbolismoa laster gal lezake, ez bagara folklorismotik erabilera publikora igan egiten. Eskolak euskalduntasuna salbatuko du, familiaren lankidetza eta gizartearen jarraipena erdiesten badu. XXI. mende hastapen hau erabakigarria izanen da euskararentzat (beste hizkuntza askorentzat bezala) guk adostasunean erabakiko dugun heinean.

 

 
BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Erramun Bachoc
Urtea: 
2006