IPARRALDEKO EUSKAL KULTUR ERAKUNDEAK 16 UDABERRI DITU....

Gaingiroki, erran dezagun Euskal Kultur Erakundeak euskarazko adierazpenak bultzatzen dituzten egitasmoei ematen diela lehentasuna, ehun bat elkarte kide dituela, eta iparraldeko 146 herrik diruz sostengatzen dutela, Estatua, Akitaniako Kontseilua eta Pirinio-Atlantikoetako Kontseilu orokorrarekin batera.

Pentsatzen dugu euskal kultura lehen ordeneko bektorea izaten ahal dela, gizarte harremanen eraikuntzan. Adierazpen garbi (euskara) baina ere unibertsaletan (dantza, kantua, artea…), euskal kultura elkarren erreferentzia bat bilakatzen ahal da Euskal Herriko biztanle ororentzat, bakoitzaren sorkuntzen eta ezberdintasunen integratzailea. Hau lortzeko, euskal kulturak erakargarria eta hurbil-errexa izan behar du; guri doakigu euskal hizkuntzari eta kulturari interesatzeko gogoaren sorraraztea.

Erran gabe doa ikusiz euskararen egoera, baitezpadakoa dela gure sorkuntzetan euskarari lehentasunaren emaitea. Bainan ber denboran, jendetzaren bi herenak erdaradunak direlarik, nola egin, bereziki euskal antzerkia delarik, ikusle horren gureganatzeko euskal arima galdu gabe? erantzuna ez da erraza eta ene ustez, ez da aterabide bat, baizik eta anitz, ikusgarriaren arabera. Guk erabaki dugu esperimentazio baten egitea, euskaraz aurkeztuz obra, bainan ulermen giltzak emanez erdaraz, bi hizkuntzak gurutzaraziz

Badu orain hamasei urte Euskal Kultur Erakundea sortua izan dela iparraldean, euskal kulturaren sustatzeko, ekintza propioak ahalan ezarriz (ondarea, ikusgarrigintza, euskarazko animazioak, erakusketak, programa bereziak, adibidez Kantuketan, Batekmila,...), eta elkarte desberdinek eramaten dituzten egitasmoak hurbiletik lagunduz.

Gaingiroki, erran dezagun Euskal Kultur Erakundeak euskarazko adierazpenak bultzatzen dituzten egitasmoei ematen diela lehentasuna, ehun bat elkarte kide dituela, eta iparraldeko 146 herrik diruz sostengatzen dutela, Estatua, Akitaniako Kontseilua eta Pirinio-Atlantikoetako Kontseilu orokorrarekin batera.

Gure lehentasunak laburbiltzeko, lau alor aipa nitzake :

  • - Euskararen aldeko kultura ekimenen sustatzea gune publiko zein pribatu berrietan;
  • - Sorkuntza, formakuntza eta hedapenean parte hartzea, bereziki ikusgarrigintzan, ondarean eta haurren heziketa artistikoan, eskolan eta eskolatik kanpo;
  • - Arartekolaritzaren garatzea, euskal kulturaren hobeki ezagutarazteko, teknologia berrien medioz eta kultura trukaketak bidean ezarriz, Euskal Herrian eta munduan zehar;
  • - Zubien eraikitzea euskal kulturaren eta bertze sail batzuen artean, hala nola irakaskuntzaren edo ekonomiaren munduarekin.

Gaur egun, orokorki, gure egitura onetsia da elkarteen eta erakunde publikoengandik, bainan halaber, txirrindulari baten antzera, jakin behar du ber denboran bidearen urratzen, ekintza zehatzak eramanez, eta gurpilaren kanbiatzen, ingurune osoa kontuan hartuz.

Betidanik, anitz ordezkaritza egin du Euskal Kultur Erakundeak iparraldean, bereziki gure hizkuntzaren sarrarazteko espazio publikoetan, bertzeak bertze euskarazko itzulpen frango segurtatuz herriko etxe eta administrazioentzat.

Orain, egitura ofizial bat sortu dute iparraldearentzat: Euskararen Erakunde Publikoa (EEP). Pozgarria da, nehoiz ez bezala Frantziako erakunde publikoek beren gain hartzen baitute euskararen aldeko politikaren finkatzea, hala nola irakaskuntzan, komunikabideetan eta gizartean.

Hargatik, bi antolamendu desberdin izan arren, guk urteetan eraman lana segituko dugu, bereziki euskaltasunaren bermatzeko eta babesgune berriak atzemaiteko, euskal kultura eta euskara ez baitaitezke nehondik nehora bereizi, batak bestea hazten baitu, gehiago oraino, euskal kulturaren harroina euskara baita.

Erran gabe doa partaidetzak eginen ditugula Euskararen Erakunde Publikoarekin, gure egitasmo amankomunek gehiago indar ukan dezaten.


BIZPAHIRU URTETAKO “BATEKMILA“PROGRAMA ZABALA

Bertze anitz tokitan bezala, Iparraldeak aldakuntza demografikoak eta sozialak jasaten ditu. Aniztasun kulturala errealitate bat da gaur egun eta herri honetako biztanleen nortasuna manera askoz adierazia da, elkarbizitza bilatzen delarik euskaradunen eta beste jatorri ugariko egoiliar berrien artean. Azken urte hauetan, Euskal Kultur Erakundeak galdeketa filosofiko hau egiten du komunikazioaren eta besteekilako harremanen arloetan.

Pentsatzen dugu euskal kultura lehen ordeneko bektorea izaten ahal dela, gizarte harremanen eraikuntzan. Adierazpen garbi (euskara) baina ere unibertsaletan (dantza, kantua, artea…), euskal kultura elkarren erreferentzia bat bilakatzen ahal da Euskal Herriko biztanle ororentzat, bakoitzaren sorkuntzen eta ezberdintasunen integratzailea. Hau lortzeko, euskal kulturak erakargarria eta hurbil-errexa izan behar du; guri doakigu euskal hizkuntzari eta kulturari interesatzeko gogoaren sorraraztea.

Kantuketan programari esker, lortu dugu publiko berri baten erakartzea, euskal eta unibertsal kultura adierazpenen bizitasuna eta aktualitatea erakutsiz, hau da, kantuarena.

Egun, Batekmila programak helburu nagusitzat dauka euskararen eta euskal kulturaren baloratzea, ekintza zehatz batzuen bitartez, eta publiko berrien hunkitzea, oroz gainetik euskaradunak ez direnak, bizikidetasuna bilatuz antolatuko ditugun ekitaldi desberdinetan. Erran dezagun programa honek UNESCOren Frantziako Batzordearen ezagutza ofiziala eskuratu duela, hain zuzen nazioarteko erakunde horrek lehenesten duen aniztasun kulturalaren norabideetan oinarritua baita.

Konkretuki, ekintza anitz garatuko dugu alor desberdinetan. Jadanik, ikusgarri berri bat antolatu dugu, euskal kondairak hari bezala hartuz, eta antzerki, dantza eta musika garaikidea elkarri lotuz. Halaber, erakusketa ibiltari baten prestatzen ari gara 2007ko, euskarazko ekintza bereziak eskoletan eta liburutegi-mediateketan eramaten ditugu, nolaz ez euskarri erakargarriak (DVD, Internet ataria, etabar...) ekoizten publiko zabal bati eskaintzeko.

Azkenik, munduko beste artista batzuekin kultura trukaketak eginen ditugu, hala nola musikari, kantari eta idazle batzuekin, harreman horiek norberaren nortasuna indartzen baitute, egiazko partekatze izpirituan eginak baldin badira.

Iparraldeko kultura aniztasuna kontuan hartuz, hautu artistiko bat egin dugu Batekmila ikusgarrian: euskararekin batera, erdarazko erranaldiak sarrarazi ditugu antzezlan berean.

Erran gabe doa ikusiz euskararen egoera, baitezpadakoa dela gure sorkuntzetan euskarari lehentasunaren emaitea. Bainan ber denboran, jendetzaren bi herenak erdaradunak direlarik, nola egin, bereziki euskal antzerkia delarik, ikusle horren gureganatzeko euskal arima galdu gabe? erantzuna ez da erraza eta ene ustez, ez da aterabide bat, baizik eta anitz, ikusgarriaren arabera. Guk erabaki dugu esperimentazio baten egitea, euskaraz aurkeztuz obra, bainan ulermen giltzak emanez erdaraz, bi hizkuntzak gurutzaraziz – eta gure eguneroko errealitatea irudikatuz -.

Hautu horrek eztabaida sortu du eta hainbat hobe! Artistikoa, oro har, ederra eta berritzailea izan da, bainan hortarik aparte, erronka batzuk (ez denak bistan dena) irabazi ditugu: bakoitzak beretik egitasmo amankomun batera bildu dira artistak; euskal kultura kasik batere ezagutzen ez zuen antzerki zuzendari profesional batek lan egin du euskal antzerkilariekin, gehienak hegoaldekoak, eta euskal publikotik aparteko jende berri ugari erakarri dugu ikusgarrira. Azken erronka, eta ez gutiena: obra honen inguruan, iparraldeko kultura egitura handienak (Ballet Biarritz/Dantzaz, Conservatoire national de région, Scène nationale) elkartu dira, norberak ekartzen zuela bere jakinduriaren fruitua.


HEGOALDEAREKILAKO HARREMANAK INDARTUZ DOAZ

Euskal Kultur Erakundea sortu zenetik, lan eta kultura harreman hurbilak ukan ditu hegoaldeko elkarte eta instituzioekin. Adibidez, badu orain 10 urte baino gehiago Eusko Jaurlaritzak daukan Euskararen Aholku Batzordean parte hartzen duela, iparraldeko ordezkari gisa. Halaber, duela guti arte, iparraldeari buruz egindako inkesta soziolinguistikoak Euskal Kultur Erakundeak eraman ditu Hegoaldeko erakunde desberdinekin batera. Baina harreman horiek, gehiago euskarari lotuak zirenak, zabaldu dira orain euskal kulturari. Erran behar da gure Kantuketan programak, eta bereziki erakusketa ibiltariak, ateak ireki dituela hainbat hiri eta herrietan, hala nola Donostian (Koldo Mitxelena zentroan), Bilbon, Beran, Andoainen, Oñatin, Tolosan, Getxon, Laudion, Bermeon, Amurrion edo Iruñean. Apurka-apurka, sare berri eta iraunkor batzuen sortzen ari gara hegoaldearekin, eta partaidetza horiek areagotu behar ditugu ondoko hilabete eta urteetan, iparraldeko kultura ez dadin berezitasun bat izan, bainan naturalki sar dadin antolatzaile desberdinek bidean ezartzen dituzten kultura programetan. Halaber, Euskal Kultur Erakundea arartekolaria izaiten ahal da, hegoaldeko artisten hobeki ezagutarazteko iparraldean. Mugarik ez daukagu zuzenki, bainan muga psikologikoak frangotan dirau oraino.

Alor horretan, urrats adierazgarria eraman dugu, duela hiru urte, hain zuzen iparraldearen eta hegoaldearen arteko kultura harreman horien ofizialtzeko: Erramun Bachoc-ek, gure elkarteburu ohiak, eta Miren Azkaratek, Kultura sailburuak, elkarlan hitzarmen bat izenpetu zuten 2003ko urriaren 18an, Euskal Kultur Erakundeko administrazio kideen aurrean, eta hauen artean ziren, Frantziako estatu eta instituzioetako ordezkariak. Oro har, hitzarmenaren helburuak dira hegoaldearen eta iparraldearen artean ekintza berezien apailatzea, euskal kulturaren alorrean trukaketen bultzatzea eta, azkenik, urtean zehar hedapenaren sustatzea.

Azken hitz bezala, erran nezake geroari begira interkulturalitatea lehenetsi behar dugula, bi erronka nagusi batera eramanez: nola gure euskaltasuna indartu, alor desberdinetan, eta oroz gainetik, eskolako sareetan, hala publiko zabal bati helarazi, maitarazi, hemen eta munduan gaindi zabaltzeko nahiarekin.

Hau da Euskal Kultur Erakundeak Batekmila programarekin bideratu nahi duen xede nagusia.

 

BAT aldizkaria: 
59. 2006ko ekaina. Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Egilea(k): 
Pantxoa Etchegoin
Urtea: 
2006