AURRERAPAUSOAK ERABILERAN. ARLAN, 13 URTEKO EUSKARA PLANA

1992 urtearen hasieran Artez Euskara Zerbitzuak diagnostikoa egin ondoren, lehenengo Euskara Plana onartu eta indarrean jarri zen. Euskara Plana honako puntuetan egituratzen da: Baliabideak, Ezagutza, Kanpo Erabilera, Barne Erabilera, Motibazioa eta Corpusa.

Planaren helburu nagusiak bi izan dira: bezero euskaldunei euskarazko zerbitzua bermatzea eta euskara Arlaneko lan hizkuntza bilakatzea.

Kontratazio politikan euskara baloratu egiten da. Bulego arloko lanetarako langile elebidunak aurkitzea errazago izan da baina tailerrean gero eta zailagoa da, eta, horregatik, langile elebidunen indizea gutxi igo da urte hauetan.

Bestetik, askotan, langile berriak kontratatzerakoan, sektoreko pertsonei ematen zaie lehentasuna (komertzialak, teknikariak...). Eta, horrez gain, ez dugu ahaztu behar eraikuntza sektorea lan munduko erdaldunena dela. HPSk egindako inkesta baten arabera %13 da sektore honetako euskalduntze indizea.

Barneko hizkuntza paisaia gehiena bi hizkuntzetan dago (%90). Barruko inprimaki eta idazkien %58 euskaraz betetzen dira, txostenak zertxobait gutxiago: %25. Kalitate plana ezarri denean, agiri eta prozedura guztiak bi hizkuntzetan ezarri dira. Garabiak instalazio proiektuetan Arlan aitzindaria izan zen Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialean eta Industria Sailean bi hizkuntzetan aurkezten.

SARRERA

Arlan Erandion eta Sondikan dagoen enpresa da. Eraikuntza eta industria arloko hornigaiak saldu eta alokatzen ditu. Besteak beste, dorre-garabiak, garabi automuntakorrak, jasogailuak, makineria txikia, eskorak, segurtasun elementuak, hesiak, aldamioak, moduluak, komun mugikorrak eta komun automatikoak.

Enpresa 1976 urtean sortu zen 4 langilerekin eta gaur egun 70 langiletik gora ari dira lanean Arlan taldea osatzen duten 3 enpresetan: Zerbitzuak, Jasogailuak, eta Garraioak. Arlanen bezeroak Euskal Herrikoak ez ezik Espainiako hainbat herritakoak ere badira.

Enpresaren sorreratik euskararen gaia kontuan izan zuen, batez ere langileen kontratazioan. Horri esker, 1990 urtean hiru langiletik bat euskalduna zen (ingurunea baino %15 gehiago).

EUSKARA PLAN BAT INDARREAN JARRI ZUEN BIZKAIKO LEHENENGO ENPRESA

1992 urtearen hasieran Artez Euskara Zerbitzuak diagnostikoa egin ondoren, lehenengo Euskara Plana onartu eta indarrean jarri zen. Euskara Plana honako puntuetan egituratzen da: Baliabideak, Ezagutza, Kanpo Erabilera, Barne Erabilera, Motibazioa eta Corpusa.

Planaren helburu nagusiak bi izan dira: bezero euskaldunei euskarazko zerbitzua bermatzea eta euskara Arlaneko lan hizkuntza bilakatzea. Bi helburu horiek lortzeko Arlaneko Euskararen Arautegia onartu zen.

BALIABIDEAK

Giza baliabideen aldetik, plana indarrean jarri zenean Euskara Batzordea eratu eta Euskara Koordinatzailea izendatu ziren. Egitura eta lanpostu hauek planaren oinarriak izan dira martxan jarri zenetik. Kanpoko hizkuntza aholkularitzak, Artez Euskara Zerbitzuak, teknikari bat ere jarri du planaren lan nagusietan laguntzeko: prestakuntza, hiztegia, itzulpenak, etab.

Nahi zuen langile orori euskalduntzeko aukera eskaini dio enpresak. Horrela nahi izan duenak euskalduntze eskolak jaso ditu, bai enpresan, bai euskaltegian edota teleirakaskuntza bidez.

Langile euskaldunei euskaraz lan egiteko prestakuntza eskaini zaie. Banakako prestakuntza eman izan zaie batik bat: idazkiak euskaraz egiteko, terminologia ikasteko eta abar. Taldeka ere ikastaro batzuk egin dira: zelan idatzi euskaraz, Gutunak, Kalitate Sistema, eta Ofimatika.

Baliabide ekonomikoei dagokionez, hasierako bost urteetan diru laguntzarik ez zuen jasotzen Arlanek, ondorengo urteetan ordea HPStik, Bizkaiko Foru Aldunditik, eta Hobetuzetik laguntzak lortu ziren.

EUSKARAREN EZAGUTZA

Kontratazio politikan euskara baloratu egiten da. Bulego arloko lanetarako langile elebidunak aurkitzea errazago izan da baina tailerrean gero eta zailagoa da, eta, horregatik, langile elebidunen indizea gutxi igo da urte hauetan.

Bestetik, askotan, langile berriak kontratatzerakoan, sektoreko pertsonei ematen zaie lehentasuna (komertzialak, teknikariak...). Eta, horrez gain, ez dugu ahaztu behar eraikuntza sektorea lan munduko erdaldunena dela. HPSk egindako inkesta baten arabera %13 da sektore honetako euskalduntze indizea.

Zuzendaritzan, administrazio arloan, eta arlo komertzialean %60tik gora dira langile elebidunak. Baina tailerreko euskara ezagutza maila oso txikia da, eta langile talderik handiena hor dagoenez batez bestekoa asko jaisten du.

 
Saila
Ezagutza
Zuzendaritza
% 63
Administrazioa
% 75
Komertziala
% 74
Informatika
% 83
Tailerra eta garraioak
% 45

 

 
1992
2005
Langile Kopurua
40
80
Langile elebidunak
12
30
Ezagutza guztira
%30
%37

KANPO ERABILERA

Hizkuntza paisaia euskaratzea izan zen Planaren lehenengo emaitza. Errotulazioa, inprimakiak (fakturak, emate-agiriak, ordainagiriak, faxak, txartelak, orriburuak...) eta pegatina-etiketak bi hizkuntzetan jarri ziren euskarari lehentasuna emanez.

Arlan, publizitate eta argitalpenetan ere euskara erabiltzen hasi zen eta gaur egun %94 bi hizkuntzetan egiten da.

Harrera lanpostuetan langile elebidunak daude. Bezero euskaldunei ahozko harremana euskaraz bermatzen zaie %73an, eta bezero batek euskaraz atenditua izan nahi badu, horrela bideratuko da.

Bezeroei idatziz bidaltzen zaizkien agirietan, aurrekontuen %27 bi hizkuntzetan egiten da.

Administrazioarekin, hornitzaileekin, eta kanpoko erakundeekin ere euskara gero eta gehiago erabiltzen da: bankuak, Ogasuna, Bizkaiko Ingeniarien Elkargoa, etab.

BARNE ERABILERA

Barrura begira egiten diren komunikazioei ere garrantzia eman zaie hasieratik. Urte hauetan aurrerapauso handiak egin dira, batez ere idatzizko komunikazioetan.

Barneko hizkuntza paisaia gehiena bi hizkuntzetan dago (%90). Barruko inprimaki eta idazkien %58 euskaraz betetzen dira, txostenak zertxobait gutxiago: %25. Kalitate plana ezarri denean, agiri eta prozedura guztiak bi hizkuntzetan ezarri dira. Garabiak instalazio proiektuetan Arlan aitzindaria izan zen Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialean eta Industria Sailean bi hizkuntzetan aurkezten.

Berbazko harremanetan, harreman formaletan, egoera gehienetan (bilerak, aurrez aurrekoak) erdaldunak tartean direnean, erdaraz egiten dira gehienbat. Hala ere, lortu da 2-3 langileko bilera batzuetan euskaraz egitea eta langile euskaldunen arteko harremanetan euskara gero eta gehiago erabiltzea.

MOTIBAZIOA

Langileen euskararekiko motibazio maila handitzeko ekimen asko burutu dira urteotan: ARLANbarri aldizkaria, Korrikan parte hartzea, kanta liburuxka, afariak, eta abar.

Harreman ez-formaletan euskara bultzatzeko egin zen ekimenik garrantzitsuena Zuk eta biok euskaraz izan zen. Horren bidez, langile bakoitzak lankide batzuk aukeratu eta eurekin euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen zuen.

CORPUSA

Arlanen euskara argi eta ulergarria erabiltzeko bidean, bi tresna prestatu eta eskaintzen zaizkie langileei: Estilo Liburua eta Hiztegi Elektronikoa.

Lehenengoan, enpresan erabiltzen diren idazkiak jaso dira: aurrekontu mota guztiak, faktura, gutun estandarrak, etab. Hiztegi elektronikoan 17.000 hitz baino gehiago jasota daude eta maiz eguneratzen da: Arlaneko produktuen erreferentziak eta zerbitzu guztiak, informatika alorreko hitzak, kalitatea, etab.

BALANTZEA

Hauexek ditugu Arlanek euskara normalizatzeko egindako urrats garrantzitsuenak:

  • • Kanpo erabileran eta corpusean egindako aurrerapenak handiak izan dira.
  • • Hainbat proiektu eta lehiaketa publikotan txostenak euskaraz aurkeztu dituen lehenengoa izan da Arlan, eta gaur egun ere, bakarretakoa da: udaletan, Bizkaiko Ingeniarien Elkargoan, etab.
  • • Ingurunearekin (Asua-Erandio) alderatuz Arlanen euskararen ezagutza maila handiagoa da.
  • • Sektorerik erdaldunenean euskararen presentzia bultzatu duen lehena izan da Arlan.
  • • Euskararen erabilera eta ezagutza igo egin dira.
  • • Arlanek zerbitzu gehienak euskaraz ere eskaintzen ditu.

HUTSUNE ETA ERRONKA NAGUSIAK

Egindako lana garrantzitsua bada ere, aurrerantzean asko egin beharko da oraindik:

  • • Ezagutza handitzea: langile euskaldunak lortzea, tailer eta muntaketa lanetarako batik bat.
  • • Kanpo erabilera: Bezeroek idatzita jasotzen duten guztia euskaraz ere egotea.
  • • Barne erabilera: euskaldunen artean erabilera handitzea.
  • • Motibazioa: langileak gehiago motibatzea euskaraz egiteko.

 

BAT aldizkaria: 
57. 2005eko abendua. Euskararen erabilera enpresetan
Egilea(k): 
Patxi Alaña, Begoña Fernandez
Urtea: 
2005