ERABILERA PLANEN ALDEKO ARGUDIOAK

Lan munduan hamabost urte hauetan abiatu diren euskara plan gehienek ere barne motibazio bati erantzun diote. Hau da, langileek eta zuzendaritzek euskara bultzatzea ondo ikusi dute, euren erantzukizun gisa ikusi dute. Horregatik askotan barrura begira jardun dute gehiago kanpora edo bezeroei begira baino. Hau berez ez da txarra, normala delako hasieran horrela izatea. Ezinbestekoa dena da ondoren faktore berriak etortzea prozesu hau zabaltzeko eta, are gehiago, enpresa guzti-guztietara hedatzeko. Eta, faktore horiek, oraindik ez dira heldu zoritxarrez.

Eskaera soziala oraindik oso txikia da. Askorentzat hauxe da euskara plan gehiago ez egoteko arrazoi nagusia. Bezeroen eskaera, proposamen eta erreklamazioek garrantzi izugarria dute enpresen erabakietan. Askotan, euskaraz atenditua ez izateagatik egindako salaketa gutun batek “Euskararen Legeak” baino garrantzi handiagoa eduki dezake.

Euskara planak ezartzeko, baliabide berri asko sortu dira azken urte hauetan. Batzuk giza arlokoak dira, adibidez, euskara planen aholkularitza eskaintzen duten enpresak. Beste baliabide batzuk teknikoak dira: hiztegi elektronikoak, zuzentzaile ortografikoak, aplikazioak lokalizatzeko sistema merkeagoak, corpus alorreko hobekuntzak (idazki ereduak, terminologia garatuagoa, etab.) eta beste hainbat baliabide.

EAEn onartutako Kontsumitzaileen Legeak bide berri bat zabaldu du, lehendabiziko aldiz, kontsumitzaileon eskubideen barruan hizkuntzaren gaia txertatzeko. Bestetik, Autonomia Estatutua, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea, eta administrazioan euskara bultzatzeko legeek bide txiki bat jorratu dute.

Erabilera planen alde eta kontra faktore asko dago. Alde ditugunez gain, kontra ditugun faktoreak ere ezagutzea ezinbestekoa da berauek gainditzen asma dezagun.

1. FAKTORE SOZIOLINGUISTIKOAK: MERKATUAK BAINO, JARRERA EUSKALTZALEEK BULTZATZEN DUTE PROZESUA

Gizarteen hainbat arlotan aurrerakuntzak sortzen direnean, hasieran, ez dira izaten merkatuak edo bezeroek eskatzen dutelako. Barne prozesuak izaten dira gehienetan eta, horietan, erakunde edo ekintzaile bat bide berri batean abiatzen da barne helburu jakina betetzeko asmoz.

Helduen euskalduntzea abiatu zenean, lehenengo bost urteetan, euskara ikasteko motibazio maila handia zutenak hasi ziren. Gero, eta aldaketa soziopolitikoarekin batera, beste faktore batzuk agertu ziren euskara ikasteko: titulu bat lortzea, lanpostuari eustea, etab.

Lan munduan hamabost urte hauetan abiatu diren euskara plan gehienek ere barne motibazio bati erantzun diote. Hau da, langileek eta zuzendaritzek euskara bultzatzea ondo ikusi dute, euren erantzukizun gisa ikusi dute. Horregatik askotan barrura begira jardun dute gehiago kanpora edo bezeroei begira baino. Hau berez ez da txarra, normala delako hasieran horrela izatea. Ezinbestekoa dena da ondoren faktore berriak etortzea prozesu hau zabaltzeko eta, are gehiago, enpresa guzti-guztietara hedatzeko. Eta, faktore horiek, oraindik ez dira heldu zoritxarrez.

+ Herritar eta bezeroek, zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideaz gero eta kontzientzia handiagoa dute. Euskara planek aurrera egin dezaten, bezeroek edo administrazioek euskarazko komunikazioak exijitu behar dituzte. Gero eta gehiago eskatzen da eta horren termometroa egunkarietako gutunak dira. Hilean bi-hiru kexa inguru agertzen dira erakunde edo enpresa jakin batean ezin delako euskaraz egin. Hau lehen ez zen gertatzen eta oso sintoma ona da.

- Bezeroen exijentzia maila oraindik baxuegia da. Ez dago ohiturarik harreman sozioekonomikoak euskaraz burutzeko, edota exijitzeko, ez leku erdaldunetan ezta euskaldunenetan ere. Eskaera soziala oraindik oso txikia da. Askorentzat hauxe da euskara plan gehiago ez egoteko arrazoi nagusia. Bezeroen eskaera, proposamen eta erreklamazioek garrantzi izugarria dute enpresen erabakietan. Askotan, euskaraz atenditua ez izateagatik egindako salaketa gutun batek “Euskararen Legeak” baino garrantzi handiagoa eduki dezake.

+ Langile euskaltzaleen kopurua zein euskara eta prestakuntza maila, handitzen ari da. Irakaskuntzaren euskalduntze prozesua gertatu izan ez balitz, ez litzateke aurrerapausorik egingo enpresen euskalduntzean. Orain dela 40 urte abiatutako prozesuak gazte elebidun eta ondo prestatuak sortu ditu eta, horiexek dira kapitalik handiena enpresak euskalduntzeko.

- Lanbide Heziketa hezkuntzako atal erdaldunena dugu. Lanbide Heziketan, euskarazko ereduak ez dira %15era heltzen, hau da, DBH, Batxilergoa eta unibertsitatea baino erdaldunagoa da. Alor honetan ez da ikastolen aldetik konpetentziarik egon, eta, horrela, lanbide heziketako ikastetxe publikoek eta pribatuek aurrerapauso gutxi eman dute euskarazko irakaskuntzan.

+ Enpresari eta langile euskaltzaleen kopurua handitzen ari da. Kontzientziazio maila handiagoa dago gizartean eta, lan munduan ere islatzen da. Gero eta gehiago dira euskararen aldeko jarrera euren eguneroko lanean ere ikusi nahi dutenak. Horregatik, hitzarmen kolektiboetan astiro-astiro euskara sartzen ari da. Halaber, enpresari asko euskarari sarbidea emateko prest dago.

- Enpresari eta langileak askotan ez datoz bat euskararen sustapenean. Enpresari eta langile euskaltzaleak gehitzen ari badira ere, enpresa bakoitzean alderdi biek izan behar dute aldeko jarrera, alderdi bakar batek ezin duelako ondo garatu plan bat.

+ Erakunde eta enpresek bertoko irudia eman nahi izaten dute. Ingurune euskaldunetan aritzen diren enpresek urrats batzuk egin dituzte, irudia aldatzeko baino ez bada ere: errotulazio elebiduna, produktu batzuk euskaraz izendatu, langile elebidunak kontratatu bezeroekin euskaraz egiteko, etab.

- Barne komunikazioetan aurrerakuntzarik ez. Euskara Marketin Sailean kokatzen duten enpresek, hau da, irudi ikur gisa dutenek, ez dute barrura begira euskara bultzatzen eta, horrek gure hizkuntza bigarren mailara betikotzeaz gain, hau normalizaziorako oztopo handia ere bada.

+ Baliabideen hobekuntza. Euskara planak ezartzeko, baliabide berri asko sortu dira azken urte hauetan. Batzuk giza arlokoak dira, adibidez, euskara planen aholkularitza eskaintzen duten enpresak. Beste baliabide batzuk teknikoak dira: hiztegi elektronikoak, zuzentzaile ortografikoak, aplikazioak lokalizatzeko sistema merkeagoak, corpus alorreko hobekuntzak (idazki ereduak, terminologia garatuagoa, etab.) eta beste hainbat baliabide.

- Egitura erdaldunak. Enpresak (administrazioa bezala) erdal egiturak dira gaur egun. Horiek elebidun edo euskaldun bihurtzeko zailtasun handiak daude: erdaldunen presentzia, lanaren lehentasuna beste gauza guztien gainetik, etab. Oraingo egitura euskaldunak (ikastolak, hedabide euskaldunak...) hasiera-hasieratik egitura euskaldunak izan dira. Zenbait egitura elebidunek (komunikabideak), azkenean erdarara jo izan dute, euskaldundu beharrean. Beraz, gaur egun egitura erdalduna duten enpresak euskalduntzeko, EAEko administrazioko egitura erdaldunak izaten jarraitzen dute: kanporako idazkietan elebitasuna bermatzen da baina barruko funtzionamendua gaztelaniaz izan ohi da. Hau orain dela hogei urte sorturiko erakunde publikoetan zein Lan Sailak zabaldu berri dituen enplegu bulegoetan gertatzen da.

+ Eragite lana. Enpresa batzuetan, euskara plana kanpotik eragindako bultzadei esker izan da. Hau batez ere Debagoieneko kooperatibetan gertatu da, Euskalan izeneko erakundeak ahalegin handiak egin zituelako enpresa guztietan euskara batzordeak sortzeko.

- Euskaldunon kontzientziazio maila baxua. Enpresa edo erakunde batean denak euskaldunak ez direnean erdaraz egin ohi dugu (ez da Kataluniako elebitasun pasiboa erabiltzen hemen) eta, orduan, erdaldunek ez dute euskara ikasteko beharra sentitzen.

- Enpresen kokapena. Enpresa handi gehienak ingurune erdaldunetan daude: hiriburuetan, Bizkaiko eskualde askotan, Araban, Nafarroako eskualde askotan eta Lapurdiko kostaldean.

- Langile euskaldunak lortzeko zailtasunak. Bulego lanak egiteko langile euskaldunak lortzea gero eta errazagoa den bitartean (administrariak, informatikariak, teknikariak), eskulangileak lortzeko arazoak gero eta handiagoak dira: etorkinek pisu handia dute lan hauetan eta gehienak gaztelania hizkuntza duten herrialdeetatik etorri dira, Lanbide Heziketan gaztelania eta frantsesa dira nagusi, etab.

- Enpresa berriak sortzeko egiturak. Gaur egun Iparraldean zein Hegoaldean agentzia asko dago enpresa berriak sortzen laguntzeko. Aholkularitza, kudeaketetan laguntza eta prestakuntza eskaintzen dituzte baina, ia ez dute ahaleginik egiten enpresa berri horiek hasieratik euskaldunak izan daitezen. Merkatariei laguntzen dieten zerbitzu publikoetan ere, euskararen gaia ez da bultzatzen.

- Merkatuen zabalkundea: Europa, Mundua. Enpresen bezeroak gero eta gehiago atzerrikoak direnez, euskararen aurretik ingelesari eman diote lehentasuna kasu gehienetan.

2. FAKTORE POLITIKO-LEGALAK: EAE-N MOTEL, NAFARROAN EUSTEN, IPARRALDEAN BEHERANTZ

Euskara planen garapenean zerikusi handia dute egoera politiko-legalek. Azken 25 urte hauetan euskararen inguruan egindako legeek euskara planak ezartzen lagundu dute. Batez ere, lege horien ondorioz, diru laguntza bide batzuk jarri direlako.

+ Aldeko legeria. EAEn onartutako Kontsumitzaileen Legeak bide berri bat zabaldu du, lehendabiziko aldiz, kontsumitzaileon eskubideen barruan hizkuntzaren gaia txertatzeko. Bestetik, Autonomia Estatutua, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea, eta administrazioan euskara bultzatzeko legeek bide txiki bat jorratu dute. Nafarroako Euskararen Legeak, bere mugekin, bide bat zabaldu zuen, ondorengo UPNren politikak ezerezean utzi duena.

- Legeen mugak. Kataluniako legeekin alderatuta (Katalanarena eta Kontsumitzaileena), EAEkoak maila txikiagoa du, ez duelako isunak edo zigorrak jartzeko aukerarik aurreikusten. Bestetik, indarrean jarri zenetik, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, nahiz eta aukerarik ez izan zigorrak jartzeko, ez du legea betetzen lagundu, hizkuntza diskriminazioagatik jaso dituen kexak ez dituelako bideratu. Horrez gain, merkataritza gune berriei ez die legea betetzeko exijitu baimena eman aurretik (Ikean adibidez). Katalunian ordea, isunak jartzen hasi baino askoz lehenago, zentro berriei katalanezko komunikazioak bermatzea exijitzen zien baimena jaso ahal izateko. Iparraldean ez dago babes maila txikienik ere lege mailan.

3. FAKTORE EKONOMIKOAK: ENPRESA BATZUEK ETA MUNDU KOOPERATIBOAK EUSKARAREN ALDE EGIN DUTE

Egoera ekonomiko onak ere euskara planak garatzen lagundu du. Kontuan hartu beharra dago 1980-1990 hamarkadan enpresetan ematen ziren euskarazko eskolak eta euskararen aldeko ekimen asko bertan behera geratu zirela krisi ekonomikoagatik. Baina 1990etik hona ekonomiaren egoera oro har ona izan da eta enpresetan arazo gutxiago egon da proiektu berriak, eta euskara planak horien barruan, martxan jartzeko.

+ Kalitatea handituz bezero gehiago. Euskara gehigarri gisa ikusten da bezeroei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan eta, horrek, eragin positiboa izan du euskararen normalizazio planetan. Enpresa batzuek euskara sartu dute bezero gehiago lortzen dutelako.

+ Mundu kooperatiboaren indar ekonomikoa. Euskara planak enpresa kooperatiba askotan jarri dira martxan eta, horiek, egoera ekonomiko osasuntsuan daudenez, planak garatzeko zailtasun ekonomiko gutxi dute. Kooperatiba batzuetan prestakuntzarako bideratzen diren fondoak erabiltzen ari dira euskara planetarako. Batzuetan, adibidez, prestakuntzarako duten diru osoaren %25 gordetzen dute. Epe ertainean arazorik ez izateko, urte batean diru guztia gastatu beharrean, fondo bereziak sortzen ari dira, urtero gutxieneko diru kopuru bat izateko planak bertan behera gera ez daitezen.

+ HPS eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundien dirulaguntzak. Orain arte bi diru laguntza lerro egon dira zabalik eta aurten Gipuzkoako Aldundiak ere ireki du beste bat. Laguntzak laukoiztu egin dira azken 5 urte hauetan.

- Dirulaguntzen muga. Euskararako dirulaguntzek ez dute jarraipenik beste sailetan. Esaterako, EAEko Industria Sailak milioika euro banatzen die enpresei inolako hizkuntz irizpiderik jarri gabe. Hau da, SPRI-k enpresak erdalduntzen laguntzen duen bitartean, HPSk baliabide gutxi ditu horiek euskalduntzeko.

- Botere ekonomiko nagusien kontrako jarrera. Enpresa handi askoren jabetza ez dago Euskal Herrian eta horietan askoz zailagoa da euskara plan bat indarrean jartzea.

 

BAT aldizkaria: 
57. 2005eko abendua. Euskararen erabilera enpresetan
Egilea(k): 
Patxi Alaña
Urtea: 
2005