Artikulua

SOZIOLINGUISTIKA ARLOKO TEKNIKARIAK: LANERAKO PRESTATUTA AL GAUDE? ZEIN FORMAZIO PREMIA DAUDE?

Hizkuntzaren normalkuntza eta hizkuntza plangintza orain dela 25 urte abian jarri zen Euskal Herrian eta egitasmo horiek burutzeko hainbat teknikari dabil lanean udaletxe, enpresa eta bestelako erakundetan. Egun teknikari multzo zabala dugu arlo horretan eta teknikari horien profila heterogeneoa eta anitza da: soziologoak, hizkuntzalariak, ingeniariak… Gainera, teknikari horien prestakuntza profesionala soziolinguistikaren arloari eta hizkuntza soziologiari dagokienez nahiko urria izan da. Izan, formazio eskaintza ez baitzegoen ere orain gutxi arte.

Horrek, ondorengo galdera egitera eraman gintuen: zeintzuk dira egungo teknikarien formazio premiak? Soziolinguistika Klusterrak 2006 eta 2008 bitartean garatutako proiektu honek, beraz, galdera honi erantzuten hasteko lehen urrats bat izan asmo du. Ondoren etorri behar diren eta tarteka berritu beharko diren azterketa sakonagoetarako lehen harria.

Proiektuaren faseak Horretarako, proiektua bi zati edo atal nagusitan banatu genuen:
  • Egungo unibertsitate mailako soziolinguistikaren irakaskuntza zertan den jaso, bertako irakasleen ahotik (ikus, Bat Soziolinguistika aldizkariko 61. zenbakia)
  • Teknikari eta profesionalen formazio premiak teknika kualitatiboen bidez aztertu: galdetegia eta elkarrizketak

Lehenengo atalari dagokion emaitza ondorengo taulan laburtu dugu:

Bigarren atalari dagokionez, azterketa hori egiteko oinarri teorikoa eta metodologia finkatu behar izan dugu. Horrela, azterketarako oinarria teknikarien egitekoen analisia izango dela erabaki zen. Egitekoen analisiaren bidez lana eraginkorki burutzeko kontuan hartu beharreko helburu eta irizpideak ezagutu asmo genituen. Horrela, lan postu horri dagozkion egitekoen ezagupen ahalik zehatzena lortuta, egiteko horiek garatzeko beharrezko ezagutza, trebetasun eta abileziak identifikatu ahal izateko. Aldiz, egitekoen analisirako analisi funtzionalaren metodologia erabili dugu. Ikerketa metodologia honek, lan arlo bat eraginkorki garatzeko, langile batek izan behar lituzkeen gaitasunak ezagutzeko aukera emango digu. Azkenik, formazio premien sailkapena edo eta alderdi desberdinak zehazteko, hezkuntza arloan erabili ohi diren kategoriak hartu ditugu oinarri:

  • Gaitasun Kontzeptualak edo teorikoa: gertakariak, kontzeptuak, printzipioak…
  • Prozedurazkoa edo teknikoa: prozedurak, teknika, estrategiak, trebetasunak, errutinak…
  • Jarrerazkoa edo ezaugarri pertsonalak: baloreak, jarrerak, arauak…

Honekin guztiarekin, azterlana burutzeko ondorengo prozedura definitu da:

Prozesu honen bidez soziolinguistika arloko teknikarien artean dauden formazio premiak identifikatzeko ondorengo pausuak garatu genituen:

Teknikarien helburuak, eginbeharrak eta oztopoak

Euskal Herrian soziolinguistika arloko teknikari bezala lan egiten duten pertsonek, euskararen normalkuntzara begira pausoak ematea dute helburu komun bezala. Hala eta guztiz ere, lan esparruak, kokatzen diren erakundearen egituraketa mailak, ingurune soziolinguistikoak eta beste hainbat faktorek helburu horri begira lan egiterakoan teknikari hauek dituzten zeregin zehatzak erabat baldintzatzen dituzte eta ondorioz, alde handiak topa ditzakegu teknikarien eginbeharren artean. Betebehar horiek burutzerakoan, euren eguneroko lan jardunean, topatzen dituzten oztopoei buruz hitz egiterakoan aipatu dituztenetan batzuk, bereizi ditugun hiru teknikari moten lanean topa litezke; eta azaldu diren zailtasunetako beste batzuk, edozein lanetara orokortu daitezkeela dirudi.

Teknikari idealaren profila

Ikerketaren aztergai izan diren teknikari guztiek esandakoen arabera, soziolinguistika arloko teknikari idealaren profila osatzen joan gara. Udal bateko, lan mundua euskalduntzeko enpresa bateko edo jendartean eragitea bilatzen duen erakunde bateko teknikari “bikaina” izateko pertsona batek bildu beharko lituzkeen ezagutza, gaitasun eta ezaugarriak jaso ditugu.

Hiru azpimultzo aipatzen dira nagusiki teknikari idealak izan beharko lituzkeen ezagutza teorikoetan:

  • Soziolinguistika lanerako erabilgarri diren hainbat iturri teorikotatik eskuratutako ezagutza
  • Euskararen, bere testuinguruaren eta normalkuntzaren alde egiten duten eragileen inguruko ezagutza
  • Munduan zehar dauden eta egon izan diren kasu eta esperientzien artetik Euskal Herriko ikuspuntutik interesgarri gerta litezkeenen ingurukoak

Teknikari idealaren gaitasun teknikoen artean ere, hiru multzo topa ditzakegu:

  • Bulego lanean aritzeak eskatzen dituen gaitasunak,
  • Soziolinguistikan espezifikoki erabiltzen diren metodologietan trebakuntza
  • Koordinazio eta komunikazio egokirako gaitasunak biltzen dituena.

Soziolinguistikan erabiltzen diren metodologiei buruzko multzoak jatorria beste diziplina akademikoetan duten teknikek osatzen dute, baina elkarrekin soziolinguistika lanerako metodologia espezifikoen taldea osatzen dutela esan liteke.

  • Nortasun edo izaerazkoak
  • Lanaren aurrean eduki beharreko jarrerari dagozkionak
Ondorio nagusiak

Soziolinguistika alorreko teknikarien lanak zertan datzan, zein arazo eta gorabeherarekin topo egiten duten, hauek gainditzeko beharko lituzketen ezagutza, gaitasun eta ezaugarriak zeintzuk diren eta horietara heltzeko zein aukera dauzkaten aztertzeak, ondorengo ondorio nagusi hauetara ekarri gaitu:

  1. Gaur egun soziolinguistika arloko teknikari bezala lan egiteko beharrezko gaitasunen jabe izateko, ez da nahikotzat jotzen unibertsitateetan dagoen eskaintza.
  2. Erakundeek eskaintzen duten barne formaziorik gabe teknikariaren lanean funtsezkoen jotzen diren ezagutza, gaitasun eta ezaugarrien jabe izatera iristea, ezinezkotzat ikusten da. Soziolinguistika arloko formazio eskaintzak dituen mugek, besteak beste, eragiten dute barne formazioak duen garrantzia izatea.
  3. Teknikarien lana aztertzerakoan bereizitako hiru esparruetan (udal, enpresa eta jendarte teknikariak) garrantzi aldetik pisu gutxien ematen zaien gaitasunetan aurkitzen da hutsune gehien. Esan bezala, ez formazio eskaintzak funtsezko beharrak asetzen dituelako, neurri handi batean barne formazioaren bidez egiten dutelako, baizik.
  4. Gaur egun soziolinguistika arloan dagoen ikasketa nagusiari (HIZNETi) dagokionez, teoria mailan teknikariarentzat beharrezko ezagutzak transmititzen dituela irizten diote. Hala ere, praktikotasunarekiko lotura zuzenagoaren beharra, orokorrean aipatua izan den gabezia bat da. Formaziorako metodologiari dagokionez, lanean dabiltzanentzat dituen abantailak azaldu dira. Lanerako prestatu nahi duen ikaslearen ikuspuntutik, parte hartze zuzenagoa eskatuko lukeen beste metodologia edo formaturen bat hobesten duten iritziak ere bildu dira.
  5. Aztertutako hiru teknikari moten jardunean bakoitzaren ezaugarri pertsonalek garrantzi handia dutela jaso ahal izan dugu. Horregatik, Soziolinguistika arloko ezagutza eta gaitasunak transmititzeaz gain, formaziorako metodologiaren bidez etorkizuneko teknikarien jarrerazko eta izaerazko ezaugarrietan eragiteko bideak jarri behar lirateke.
  6. Teknikarien formazio premiak asetzea alde batera utzita, jendarteko edo lan munduko beste sektore batzuetako hartzaileei begira soziolinguistikako zenbait kontzeptu eta teoriaren oinarriak transmitituko lituzkeen ikastaro edo bestelako eskaintzaren bat faltan botatzen da.
  7. Azkenik, gaur egun dagoen eskaintza osatzen duten ikasgai eta ikastaroetan gaiak modu teorikoegian, abstraktuegian, ematen direla jaso dugu. Teknikarien etengabeko formaziorako, normalkuntzaren arloan eman diren esperientziak ezagutzea beharrezkotzat jo da.
Kontrastea eta zabalpena

2008ko otsailaren 29an Donostian Soziolinguistika Klusterrak antolatuta “geroa bermatzeko, oraina ezagutu” jardunaldia burutzekoa zela probestuz, bertan aurrera eraman ziren tailerretako batean Formazio Premien azterketak emandakoaren inguruko hausnarketa ariketa batzuk burutu zituzten 45 bat lagunek. Tailer horretan landutakoak proiektuaren ibilbide osoa jasotzen duen txostena osatzeko balio izan du.

Soziolinguistika arloko teknikarien formazio premien azterketa hau sakonago ezagutzeko, Soziolinguistika Klusterraren webgunean duzue txosten osoa irakurgai.