Euskara guztiona... baina nola?

Batek baino gehiagok hau irakurtzean esan edo pentsatuko du lerrootan ageri den jarrera pertsona jakin batena dela eta ezin dela jarrera orokor baten adibide gisa hartu. Baina neure inguru hurbilera begiratuta zera egiaztatu ahal izan eta, zoritxarrez, egiaztatzen dut: euskararen aurkako jarrera (edo, gutxienez, indiferentzia) aurrekoa bezain gogorra eta erradikala ez izan arren, nahiko zabaldua dela hiritar arrunten artean, forma, maila eta diskurtso ezberdinen azpian.

Adi! Bi egoera hauek (gaur egun emakumearen berdintasunak eta natura babesteak gure gizartean lortu duten errespetu maila erreala) ez dira hemen eredugarritzat hartzen. Bai ekologian, bai emakumeen alorrean asko eta asko dago hobetzeko eta aurreratzeko. Euskarari dagokionean, antzeko maila eskuratuko bagenu, ez nuke inolaz ere egoera ideala dela, edo bukatutako zeregina dela esango; bai, ordea, adierazi dudanez, oinarrizko adostasun bezala.

Euskaltzaletasunaren, eta era mugatu batean ulertutako euskalgintzaren “diskurtso ofiziala”, hein handi batean, sektore hauen eskuetan dagoelakoan nago. Bertan aurki genezake monopolizaturik euskararen aldeko diskurtso nagusia, nahiz eta azkenaldian diskurtso ofizialean ñabardura gehiago eta aniztasun handiagoa agertu.

Euskararen aldeko politika hau epelagoa edo beroago izan, egia esan, administrazioaren politika hau ez da ia inoiz gai izan euskararen aldeko sentimendu sakon eta iraunkorra bideratzeko. Gorago aipatutako adostasun zabala lortu duten euskararen aldeko kanpaina eta ekintza ia guztien atzean “herri ekimena” izenez ezagututako mugimendu, talde edo elkarteren bat izan da, eta ez, ordea, administrazioa.

Baina administrazioaren aldetik pedagogia edo pertsuasio urriarekin hartutako eta kudeatutako zenbait neurrik eta dekretuk ere badute horren guztiaren ardura zati bat. Aurkakoa dela esatea agian gehiegizkoa litzateke, baina hortxe-hortxe koka liteke jarrera hau. Zoritxarrez, eta nire uste apalean, hazten, handitzen ari da euskararekiko honelako sentipena dutenen kopurua

Euskara gure herri osoak duen balio orokorra, komuna, eta konpartitua dela onartu beharko lukete alderdi politiko guzti-guztiek, borroka-zelai politiko guztietatik aparte. Adostasun horren barruan eztabaidagarriak izan litezke erritmoak, intentsitate mailak... eta nahi den guztia. Baina euskara bera sendotu, indartu, eta normaldu beharra den-denek argi ikusi (eta sentitu?) beharko lukete.

Rolen eta betebeharren banaketa. Euskarak duen egoerak gutxien behar duena zera da: elkarren arteko lehia, elkarri lan-eremua jan, norgehiagoka aritu... Hori dela eta, lan eta ardura banaketa argia egon behar du: nori dagokio proiektuak sortzea, martxan jartzea, diruz laguntzea; diagnosien eta proiektuen osagarritasuna... Egia esan, arlo hau oso gutxi landua dago eta horrek ondorio asko ditu: gizartearen aurreko euskararen aldeko diskurtso ezberdinak, batzuetan kontrajarriak; gogo, nahi, indar eta baliabideen xahutzea.

Lehenengo, irakasle-kolektiboen aldeko jarrera defendatu dutenek erabilitako argudio-multzoa azalduko da; hots, administrazioak hartutako neurriaren kontrakoena, beraz; ondoren, administrazio horren jokabidearen alde azaldu direnena; eta azken atalean nolabaiteko erdiko konponketa, irtenbidea... planteatzen dutenek erabilitakoa.

Irakasle orok du titulazioa eta hizkuntza eskakizun baldintzak betetzeko beharra, langileen gabeziek ezin baitute baldintzatu euskal hezkuntza sistemaren garapena. Kasu honetan, kolektibo horrek bere interes pertsonalak interes kolektiboen aurretik jarri dituzte. Ikasleek beren heziketa euskaraz jasotzeko duten eskubideen kontra ari dira. Gainera, kontuan hartu behar da herritarron diruarekin eta diruari esker egon direla liberatuta eta ez dutela “ahaleginik egin euskara ikasteko.”

Baina badira, hala ere, irakasleokin administraziotik hartu den jarrera defendatzearekin batera, nolabaiteko konponketa planteatzen dutenak. Esate baterako, ELA sindikatuak banakako irtenbideak aurkitzeko bidea jorratzen hasteko prestutasuna erakusten zuen, baina “zaratarik” atera gabe eta araudi edo sistema orokorra dantzan jarri gabe. STEE-EILASek zenbait baldintza eskatzen zituen banakako konponbide honetarako:

Neure buruari galdetzen diot ea irakasleon iraunkortasuna kolokan jarriko lukeen elementua beste bat izan balitz (informatika alorrean eskaturiko prestakuntza, ingelesaren ezagutza... adibidez) ea oraingoan sortu den kalapita sortuko zen. Eta ezezkoan nago. Horrek erakusten du euskararen aldeko jarrera ez dagoela uste den bezain zabaldua eta adostua hiritarren artean.

Muinean dagoen kontua zera da: norberaren egia, norberaren arrazoia agertzeko modua; irabazteaz gain, bestea ere konbentzitzea, pertsudiatzea; horretarako ezinbestekoa da norberaren etxetik irtetea eta bestearen mugen barruan ere hitz egitea (uzten badigute, noski), ez besteari muturrekoa emateko, besteak gure arrazoiak entzun eta ulertzeko ahaleginak egiteko (eta geuk ere beraienak ere bai, noski) Bakoitza gure lubakietan sartuta bagaude eta gutarrei baino zuzentzen ez bagatzaizkie (eta besteei, iraintzeko baino ez) ez dugu ezer aurreratuko.

Gure inguruan zabalkunderik handiena duen egunkari bateko zuzendariari zuzendutako gutunen sailean honako hau irakur genezakeen irakurle baten lumatik 2004ko azaroaren 13an “Euskara y utilidad” izenburupean (gutunak aurreko egun batean egunkari berean agertutako beste bati erantzun nahi zion):

“Deduje que no comparte la idea de que el conocimiento del euskera sea para el que lo desee y no para todos, ya que no todos queremos ni deseamos ese “idioma” (...) Para mí es una vergüenza haber estado “obligada” durante todos mis años estudiantiles a aprenderlo, y me he tenido que aguantar. De lo que me alegro ahora es de no utilizarlo en mi vida para nada y de que todo pasara, se lo digo por experiencia.”

Egunkari berean hilabete batzuk beranduago kexu zen Espainiako Kongresuko Presidente Marin jaunak estatuko hizkuntza guztien erabileraz, eta modu irrigarrian jotzen zuen proposamen horren aurka:

“Cuando un diputado se dirige al pleno y usa su idioma regional, sabe que no lo conocen todos sus oyentes, luego es un ineficaz. Sabe, además, que todos sus oyentes conocen otro idioma, el castellano, que él también habla, y al no usarlo incurre en gorsería. (...) A los congristas vascos, cuando hablan en su Parlamento en euskera, les entienden el 26% de los oyentes. Si yo fuera Atutxa les exigiría que hablen en el idioma que conocen todos, el que nos une, porque las lenguas están para entendernos”

Batek baino gehiagok hau irakurtzean esan edo pentsatuko du lerrootan ageri den jarrera pertsona jakin batena dela eta ezin dela jarrera orokor baten adibide gisa hartu. Baina neure inguru hurbilera begiratuta zera egiaztatu ahal izan eta, zoritxarrez, egiaztatzen dut: euskararen aurkako jarrera (edo, gutxienez, indiferentzia) aurrekoa bezain gogorra eta erradikala ez izan arren, nahiko zabaldua dela hiritar arrunten artean, forma, maila eta diskurtso ezberdinen azpian.

Ondoko lerroen asmoa bikoitza da:

  • - Alde batetik, artikulu honen hasieran transkribatu dugun bezalako iritziak nola, zer dela eta eman litezkeen gaur egun, ustez euskararen inguruko adostasun zabala bizi dugun (edo bizi beharko genukeen) garaiotan.
  • - “Euskara guztiona da” nola uler genezakeen, gaur egun ditugun aukerak, gaur egun bizi dugun egoera soziopolitikoa gogoan izanik, desio edo planteamendu idealetara lerratu gabe eta formulazio zehaztugabeak saihestu nahian.

Ez bilatu, beraz, hemen euskararen normalizaziorako eta biziraupenerako proposamen edo plangintza berritzaile eta definitiborik. Hemen proposatu nahi dudana oinarri-oinarrizko aurre-akordio nagusi baterako gutxieneko baldintzak dira.

1. KONPARAZIO PARE BAT EGOERA IRUDIKATZEKO

Utz dezagun albo batera une batez kontu hau eta saia gaitezen irudikatzen adibide pare baten bidez euskararen munduan lor genezakeen gutxieneko adostasuna.

Pentsa dezagun une batez gizartean bizi dugun beste problematika, arazo... edo deitu nahi duzuen bezala. Ekologiaren mundua, esate baterako. Arlo hau dela eta, baditugu kontu hau hurbilagotik eta aparteko intentsitatez bizi duten deituriko talde ekologistak. Beraiek gogoratzen digute etengabe gure ingurua, izadia bera errespetatzeak duen garrantzia eta berebiziko balioa. Naturaren kontrako eraso gogorren bat gertatzen edo proiektatzen denean, kanpaina bereziak antolatzen dituzte, bai salaketa egiteko, bai hiritarrak arazo honen inguruan sentsibilizatzeko.

Talde hauen artean badira aparteko erradikaltasunaz jokatzen dutenak eta hiritarren artean kausarekiko adostasuna lortu beharrean, haserrea eragiten dutenak. Baina salbuespenak dira eta, oro har, esango genuke talde ekologistok gutxieneko hiritarren errespetua lortua dutela, bereziki lan-estilo serioa bada (hots, diagnostiko zuzen batean oinarrituak, zentzuzko proposamenak eta alternatibak aurkeztu...). Kontzientzia maila handiagoarekin edo txikiagoarekin, uste dut denon gogoan sartuta dagoela izadia zaindu, errespetatu, eta babestu beharreko kontu bat dela.

Gobernuen eta alderdien aldetik ere ekologiaren arlo hori, nola edo hala, gogoan izaten den kontu bat da. Denek uste dute lan esparru hori gutxienez errespetatu egin behar dutela, eta itxurak gordetzearren bada ere, ezin dutela argi eta garbi defendatu naturaren kontrako erasorik, ezta justifikatu ere. (Arlo honetan gure herrian salbuespen garrantzitsuak badirela aitortu behar dut: Itoiz, AHT...) Badira printzipio hau hausten duten norbanakoak edo enpresa pribatuak, eta dagoeneko hasiak dira zenbait administrazio publiko hauen jokabidea legalki zigortzen.

Jo dezagun beste adibide batera: emakumearena: genero berdintasuna, aukeren aurreko berdintasuna, sakoneko errespetua, tratu txarren salaketa... Hona hemen esparru edo alor hau definitzen duten zenbait problematika eta helburu nagusi. Esparru honetan ere baditugu emakumeen eskubideen aldeko konpromezu sendoa eta iraunkorra agertzen duten talde feministak. Berauen egitekoa (era profesionalean zein militantean) emakumearen berdintasuna etengabe aldarrikatzea da, berdintasun hau urratzen duten kasuak salatzea, emakumeen tratu txarren aurreko prebentzio kanpainak burutzea, tratu txarren salaketa bideratzeko zerbitzuak jartzea eta hauen berri ematea...

Instituzioek ere badituzte, beraien aldetik, emakumea laguntzeko eta babesteko zerbitzu ofizialak: Emakunde, Emakumearen Institutua...; martxoaren 8a heltzen denean aparteko mezuak gizarteratzen dituzte egun horren karian... Eta hiritarren artean badago pentsatzeko eta sentitzeko modu orokorra: bi generoen arteko ezberdintasuna eta tratu txarrak erabat onartezinak direla... nahiz eta gero, berdintasunaren kontuan bereziki, hainbat eta hainbat pertsona inkoherenteak izan pentsatzen duenarekin. Badira tratu txarrak eragiten dituztenak, heriotza eragiterainokoak kasu askotan; baina berauek eragin dituztenek, atxilotuak izanez gero, merezitako zigorra jasotzen dute eta ez ditu inork zalantzan jartzen berauen zilegitasuna. Gauza bera esan genezake hain nabarmenak ez diren beste delitu batzuen kasuan: jazarpen sexuala, lan-diskriminazioa sexua dela eta... Edonola ere, gizartean badago sentipen eta iritzi global bat emakumearen berdintasuna eta berarekiko errespetua inolako zalantzarik eta salbuespenik gabe defenditzen duena, gradu edo intentsitate ezberdinarekin bada ere.

Bi adibide dira. Badakit ez direla akatsik gabeak (berauek deskribatzerakoan sinplekeriaren bat seguru azalduko dela) baina, nola edo hala, zera irudikatu nahi dute: euskararen esparruan lor genezakeen gutxieneko adostasuna zeren antzekoa, zein itxuratakoa izan litekeen... edo beharko lukeen. Inork imajinatu al du artikulu honen hasieran ekarri dugun gutunaren tonu bera erabiltzen konparaziorako erabili ditugun bi esparru hauen inguruan hitz egiteko? Nik neuk behintzat, ez.

Adi! Bi egoera hauek (gaur egun emakumearen berdintasunak eta natura babesteak gure gizartean lortu duten errespetu maila erreala) ez dira hemen eredugarritzat hartzen. Bai ekologian, bai emakumeen alorrean asko eta asko dago hobetzeko eta aurreratzeko. Euskarari dagokionean, antzeko maila eskuratuko bagenu, ez nuke inolaz ere egoera ideala dela, edo bukatutako zeregina dela esango; bai, ordea, adierazi dudanez, oinarrizko adostasun bezala.

2. EUSKARAREN MUNDURA ITZULITA: EUSKARA GUZTIONA DA?

Aurreko bi errealitateetan zenbait elementu komun bereiz genitzake:

  • - Esparru bakoitzean lanean ari diren gizataldeak, mugimenduak, elkarteak.
  • - Iritzi publiko zabala, adostasun minimo batekin bizi duena problematika bakoitza.
  • - Gobernua, instituzioak, administrazio publikoa.

Hiru elementu hauek, nola azaltzen zaizkigu euskararen esparruan?

2.1. Euskararen aldeko mugimendua

Aurrera jarraitu baino lehen, argibide bat: ondoren datorren diagnostikoa ez dago ikuspuntu neutraletik egina, leku jakin batetik baizik: euskararen aldeko lanean ari den mugimendutik edo gizarte sektoretik. Horrek zera eragin du: egindako analisian eta planteatzen diren irtenbideetan euskararen sustatze-lanetan ari diren mugimenduei arreta handiagoa eskaintzea, nahiz eta beste esparruei dagozkienak ere azaldu. Horregatik, euskararen aldeko mugimenduaren inguruko diagnostikoa luzeagoa izateak eta beraiei luzatutako gomendioak ugariagoak izateak ez dute esan nahi arazoaren muina eta ardura sektore honen bizkar uzten ditudala, ezta gutxiagorik ere.

Baditugu euskararen aldeko taldeak, elkarteak, mugimenduak, ... zabalkunde handiagoa edo txikiagoa dutenak (auzo, herri, lurralde, nazio-mailakoak). Nahi beste. Horretan izugarrizko baliabideak ditugu, altxor ikaragarria.

Beste kontu bat da taldeok gehiengo zabal baten oniritzia edo, gutxienez, errespetua duten ala ez. Eta hemen erantzuna ez da bakarra. Badira gure gizartearen onespen nahiko zabala lortu duten zenbait ekimen. Adibide soil batzuk jartzearren, Korrika (aurtengoa, antolatzaileen balorazioan, inoizko luzeena eta arrakastatsuena), ikastolen aldeko festak (Kilometroak, Ibilaldia...), Kontseiluak bultzaturiko kanpaina erraldoiak... Badira oso egoera berezietan adostasun zabala lortu duen zenbait erakunde (Egunkariak berak, bereziki itxieraren ondorengo egunetan lortu zuena...). Oro har, ekimen hauek guztiek, aipatu dugun azkena izan ezik, badute denek ezaugarri komun pare bat: batetik, euskararen aldekotasuna bilatzen dutela; hau da, ez direla jazoera puntual batek eragindakoak, baizik eta euskararekiko atxikimendu iraunkorra bilatzen dute; bestetik, jendearen parte hartze aktiboa eta alaia islatzera bideratuta daudela.

Beste kasu batzuetan, ordea, gizartearen babesa eta oniritzia ez da hain zabala. Horrelakoetan, “eraso” baten aurkako erantzuna edo ekintza gertatzen da; eraso hori, bereziki, administrazioaren edo erakunde ofizial baten erabaki edo jokabidearen aurkakoa da eta erantzun horien protagonista, kasurik gehienetan, sektore ideologiko jakin baten ingurukoak dira, ezker abertzale tradizionalaren ingurukoak, hain zuzen. Okertzeko beldur handirik gabe, esan genezake horrelako jokabideek atxikimendu edo adostasun maila urriagokoak direla eta euskararen defentsa jokabide edo esparru ideologiko jakin batzuekin lotzera daramala gizarteko sektore nahiko zabala. Bere ezaugarriak hauetxek lirateke: administrazioarekiko mesfidantza edo kontrako jarrera; egiten denari sekula nahikoa ez iriztea; euskararen egoeraren diagnostikoa eta sendabidea beren diagnostikoarekin, jarrerarekin, eta irtenbidearekin identifikatzea eta lotzea; bidaltzen dituen mezuak eta aldarrikapenak, adostasun zabala bilatzekoak beharrean, bere inguruko kideak asetzera zuzendutakoak izatea.

Euskaltzaletasunaren, eta era mugatu batean ulertutako euskalgintzaren “diskurtso ofiziala”, hein handi batean, sektore hauen eskuetan dagoelakoan nago. Bertan aurki genezake monopolizaturik euskararen aldeko diskurtso nagusia, nahiz eta azkenaldian diskurtso ofizialean ñabardura gehiago eta aniztasun handiagoa agertu.

2.2. Administrazioa

Goazen orain bigarren elementuarekin: administrazio publikoa. Arlo honetan beste bereizketa bat egin beharra dugu: EAEko administrazioa, alde batetik; Foru Erkidegoko eta estatuko administrazioa, bestetik.

2.2.1 EAEko administrazioa

EAEko administraziazri buruz, ondoko baieztapenak egitera ausartzen naiz:

  • - Argi du euskararen aldeko diskurtsoa. Beti eta edonon adierazten du euskararen aldeko defentsa, horren araberako Hizkuntza Politika bat darama: aurrekontuetako ehuneko jakin bat bideratzen du euskararen sustapenerako; Euskararen Biziberritzerako Plan Nagusia da Hizkuntza Politikaren islarik argiena. Herrien eta hirien tamainaren eta euskaldunen portzentaiaren araberako ereduak eskaintzen ditu Plan hau abian jartzeko. Bestalde, administrazioan eta zerbitzu publikoetan (irakaskuntza, osasuna... bereziki) euskarak izan behar duen presentzia arautu du, besteak beste.
  • - Aurreko guztiarekin (eta laburpen gisa aipatu ez ditugun beste ebazpen eta jokabideren baten bidez) tarteko nolabaiteko adostasuna eragin du; eta, horrekin batera, muturreko bi erantzun: batzuentzat, egindako lana urria, laburra, eta motzegia da euskararen normalizaziorako eta biziraupenerako (bereziki, ezker abertzalearen inguruko sektoreentzat); bestetik, beste sektore zabal batek inposaketa, injustizia, alderdikeria... ikusten ditu ekinbide horren atzean; bereziki, zenbait lanpostu eskuratzeko dekretuz ezarri dituen hizkuntza eskakizunak direla eta (administrazio, osasun, eta hezkuntza alorretan bereziki) Sektore hauek, edo aspalditik izan dute euskararekiko atxikimendu epela, edo zutena epeldu edo hoztu egin zaie beren bizitza pertsonalean euskararen aldeko politika eraginkor baten ondorioak nozitzen hasi direnean (sektore hauen sentimendu eta pertzeptzioan oinarritzen dira jarraian aipatuko dugun beste administrazioaren jokabidea eta politika.)
  • - Euskararen aldeko politika hau epelagoa edo beroago izan, egia esan, administrazioaren politika hau ez da ia inoiz gai izan euskararen aldeko sentimendu sakon eta iraunkorra bideratzeko. Gorago aipatutako adostasun zabala lortu duten euskararen aldeko kanpaina eta ekintza ia guztien atzean “herri ekimena” izenez ezagututako mugimendu, talde edo elkarteren bat izan da, eta ez, ordea, administrazioa.

2.2.2. Nafarroako eta estatuetako administrazioak

Ez naiz asko luzatuko arlo honi dagokionez hasieran esandako arrazoiengatik. Gainera, lerro hauen bidez nolabaiteko gogoeta eragin nahi dut berauek irakur litzaketen irakurleengan. Eta badakit sail horretako gutxik (inork ere ez esatearren) irakurriko dituena.

Administrazio hauen eta berauek sostengatzen duten alderdi politikoen jokabidea ez da, oro har eta salbuespenak salbuespen, euskararen aldekoa. Aitzitik, murriztailea, ezabatzailea, mugatzailea... da. Beti ahalegindu da batzuen “gehiegikeriak” (bai ustez EAEko administrazioak berak eragindakoak, bai euskararen sustatze lanean aritzen den talderen batek bultzatutakoak) salatzen, mugak jartzen. Azkenaldian nabarmena da Foru Erkidegoko Gobernuaren jokabidea: aurrerabiderik ez proposatzeaz gain, aurretik emandako pausuak atzerantz eragin nahian ari da etengabe, Europako beste ezein herritako estatuk erakutsi ez duen jarrera eta politika defendatuz eta bultzatuz. Jarrera hau, epeldu edo ahuldu beharrean, areagotzen ari da azkenaldian. Zentzugabekeria hauen azken atala hizkuntzaren normalizazioa indarkeria armatuaren bukaerarekin lotzea izan da, Nafarroako Gobernuaren balorazio instituzionalean adierazten den bezala; edota adierazpen hau baino zenbait aste lehenago bertako oposizio talde indartsuenak, azken urteetako hizkuntza politikaren balorazioa egiterakoan egindako adierazpenak; besteak beste, ikastolaren presentzia bera erabat legez kanpokoa.

Eta horren guztiaren ondorioa, hizkuntza politika aztertzen ari zen lantaldearen adostasun falta eta porrot erabatekoa.

Euskararen aldeko neurri “ustez” diskriminatzaileak salatzeko prest azaltzen badira, ez dute inolako sentsibilitaterik erakusten kontrakoa gertatzen denean. Nola, bada, honelako ekintza askoren atzean beraiek ari badira lanean?

Horrek, haserreaz gain, mesfidantza sakona ere sorrarazten du: “euskara ezin da abertzaleak ez direnen esku utzi, galbidera eramango bailukete.”

2.3. Iritzi publikoa, gizartea

Eta zer esan iritzi publikoaz, gizarteaz, bere osotasunean? Kasu honetan zaila da argazki bakarra ateratzea. Hiru aterata ere badakit nolabaiteko sinplifikazioa egiten ari naizela, baina sektore guztiak edo espektro osoa ezin lerrootara ekarri eta, mugaz muga, hirurotara mugatuko naiz:

  • - Bada euskararen aldeko maila eta gradu ezberdineko jarrera zabala erakusten duen sektore soziala. Euskararen aldeko ospakizun, festa eta deialdietara joaten da, seme-alabak D ereduan matrikulatzen ditu, euskara ikasteko ahalegina egiten du eta, gainera, etxekoekin eta lagunartean erabiltzen saiatzen da. Kontzientziatuenak euskal komunikabideak eta euskal kultura kontsumitzen ditu.
  • - Jarrera neutroa, epel samarra erakusten dutenak: ez aldekoa, ez kontrakoa; oro har, ondo ikusten du euskararena, baina hizkuntzaren egoerak (egiten zaizkion erasoak, atzera-aurrerapausoak) ez du kezkatzen. Bere inguru hurbilean nagusi diren jarrerek agintzen dute berarengan; normalean bere pentsaeratik edo ideologiatik hurbilen dagoen alderdi edo korronte ideologikoarenak.
  • - Azkenik euskararekin “erreta” dagoen jende multzoa aurki genezake. Batzuen kasuan faktore pertsonalek (jatorria, ikas-prozesuan aurrerapausoak egiteko zailtasunak, zailtasun horren ondorioz lanpostua eskuratzeko edo segurtatzeko eragozpenak...) eragin dute jarrera edo sentimendu hau izatea. Baina administrazioaren aldetik pedagogia edo pertsuasio urriarekin hartutako eta kudeatutako zenbait neurrik eta dekretuk ere badute horren guztiaren ardura zati bat. Aurkakoa dela esatea agian gehiegizkoa litzateke, baina hortxe-hortxe koka liteke jarrera hau. Zoritxarrez, eta nire uste apalean, hazten, handitzen ari da euskararekiko honelako sentipena dutenen kopurua, hasieran esan dudanez. Euskaltegietara hurbildu besterik ez dago euskararekin erreta eta nazkatuta daudenak aurkitzeko, euskara ikastea titulu bat edo hizkuntz eskakizunen bat eskuratzeko soilik planteatzen dutenak, berau lortutakoan euskara bazter batean utziko dutenak... Askotan, aurreko bi taldeetako batean kokaturik egon direnak aurki genitzake talde honetan, baldintza eta arazo pertsonalek ekarria, berak edo hurbil-hurbileko batek bizi izandako egoerak edo arazoek eraginda.

LABURBILDUZ

Azken faktore hau, hots, elementu soziala da “euskara guztiona” den ala ez erabakitzeko orduan oinarrizko elementua, funtsezko neurgailua edo termometroa; azken batean, beste bi elementuen (eta azterketatik kanpo geratzen zaizkigun beste aldagai batzuen) ondorioa baita. Eta arestian esan dugunez, badira bi joera (azken biak) baieztapen hau oso-osorik egitea oztopatzen digutenak:

  • - alde batetik, euskararekiko jarrera epela edota neutroa agertzen dutenak.
  • - bestetik, jarrera ezkorra, aurkakoa... erakusten dutenak.

Zergatik sortzen dira jarrera hauek? Zergatik ez da nagusi gizartean, bere osotasunean zalantzan jartzen ez den euskararen aldeko adostasun zabal konpartitua? Honako faktore edo arrazoi hauek seinalatzera ausartuko naiz:

  • - Zenbait alderdiren jarrera: hotza batzuetan, aurkakoa beste batzuetan, edo biak batera. Euskararen alde antolatzen diren ekimen zabalak ez bultzatzetik, aurkako jarrera agertu eta euskarak berarentzat berreskuratutako eremuak galtzearen aldeko ekimenak aurkeztera hel daiteke alderdion jarrera.
  • - Euskararen aldeko diskurtso ofizialaz jabetu diren zenbait alderdi, giza-sektore, talde, elkarte edo erakunderen euskararen aldeko mezua: erradikala, defendatzailea baino erasotzailea; integratzailea baino baztertzailea.
  • - Faktore pertsonalak: euskararekin izandako arazoak, zailtasunak...; hau guztia areagotu egiten da lana bilatzerakoan, lanarekin lotutako azterketaren bat gainditzeko orduan izan ditzakeen zailtasunak gehitzen badira.
  • - Jaurlaritzaren jokaera. Alde batetik diskurtso eta ekinbide erakargarri, ilusionagarri eta motibagarriak gorpuzten ez du jakin.; beste alde batetik, hizkuntz eskakizunen eta antzeko dekretu batzuen inguruan eta berauen sozializazioan “dekretu-kutsu” nabarmenegia, gizarte osoarentzat onargarri gertatzeko pedagogia-lan pertsuasiboaren falta...

3. AURRERA EGITEKO

Izango dira orain arte idatzitako guztia alferrikako kezka baten ondorioa dela uste dutenak eta beste horrenbeste hemendik aurrera idatziko dudana. Izan ere, euskaraz kezkatuta bizi diren eta euskarak kezkatzen dituen askoren iritziz, kontu nagusia euskal hiztunen komunitatea trinkotzean datza, eguneroko bizitzako funtzio eta premia guztiak euskaraz asetzeko moduan izatea. Bigarren mailako kontua litzateke euskaraz ez dakitenen edo erabiltzen ez dutenen jarrera edo jokabidea. Nire ustez, ordea, euskarak, euskal hiztunen komunitateak iraungo badu, ezinbestekoa du bere inguruan onarpen edo adostasun zabal hau lortzea gure gizartean. Gaur eta hemen zail egiten zait imajinatzea nola biziraun lezakeen euskara hutsean bizi den komunitate txiki batek erdaldunen itsaso luze-zabalean. Jarrai dezadan, beraz, aurrera.

Gutxi gora beherako egoera aurrerago deskribatutakoa izanik, nondik jo, nola jokatu, nola erdietsi adostasun zabal eta eztabaidaezin hori? Zein izango litzateke bide horretan egin beharreko lehen urratsa?

Hiru elementu ikusten ditut nik ezinbesteko. Ez dakit zein hurrenkeratan eman beharko (ahalko) liratekeen, baina hauexek lirateke, nire ustetan, gakoak:

3.1. Euskararen aldeko akordio politiko zabala

Euskara gure herri osoak duen balio orokorra, komuna, eta konpartitua dela onartu beharko lukete alderdi politiko guzti-guztiek, borroka-zelai politiko guztietatik aparte. Adostasun horren barruan eztabaidagarriak izan litezke erritmoak, intentsitate mailak... eta nahi den guztia. Baina euskara bera sendotu, indartu, eta normaldu beharra den-denek argi ikusi (eta sentitu?) beharko lukete. Hirigintzan, ingurunearen alorrean... eta beste hainbat arlotan ikuspuntu ezberdinak egon dauden bezala (nolako politika jarraitu lur-zoruaren inguruan, etxebizitza sozialen inguruko ikuspuntu ezberdinak, zenbait proiekturen balorazio ekologiko ezberdina (AHT, Zabalgarbi...), euskararenean ere zilegi litzateke ikuspuntu eta sentsibilitate ezberdinak izatea, baina oinarri finko komun batean oinarriturik.

Kontseiluak 2004ko azaroan aurkeztu duen akordio sozio-politikoa arestian esandakoaren antzeko zerbait izan liteke, akordio horretatik kanpo geratu diren zenbait alderdi bertara bilduko balira.

3.2. Herri mugimendu euskaltzaleen arteko adostasun zabala eta, era berean, berauen eta administrazioaren arteko elkarrekintza osagarria

Horretarako zenbait baldintza ikusten ditut beharrezko:

  • - Elkarrenganako oinarrizko konfidantza. Mugimendu euskaltzaleak administrazioarekiko mesfidantza gainditu beharko luke, aspaldiko klixeak ezabatuz (poltronan ondo kokatuak, euskararekiko sentiberatasun eskasa...) eta, aldi berean, dituen mugak onartuz. Administrazioak ere beste horrenbeste egin beharko luke (erradikalak, gure sosak besterik ez dituzte lortu nahi, alderdi jakin batek sortuak eta erabiliak oposizio bortitza egiteko...) Jakina, argi dago konfidantza hau ez dela berez piztuko: horretan bi aldeek egin beharko dituzte ahaleginak bestearen konfidantza (berr)eskuratzeko.
  • - Rolen eta betebeharren banaketa. Euskarak duen egoerak gutxien behar duena zera da: elkarren arteko lehia, elkarri lan-eremua jan, norgehiagoka aritu... Hori dela eta, lan eta ardura banaketa argia egon behar du: nori dagokio proiektuak sortzea, martxan jartzea, diruz laguntzea; diagnosien eta proiektuen osagarritasuna... Egia esan, arlo hau oso gutxi landua dago eta horrek ondorio asko ditu: gizartearen aurreko euskararen aldeko diskurtso ezberdinak, batzuetan kontrajarriak; gogo, nahi, indar eta baliabideen xahutzea.

3.3. Euskararen aldeko diskurtso eta ekintza berriak eta erakargarriak

Hau guztia aurrekoaren ondorio zuzen-zuzena izango litzateke. Gaur egun gizartera heltzen den euskararen diskurtsoa ezberdina eta askotan kontrajarria da. Diskurtso ofizialaren eta epelaren ondoan bestelako diskurtso erradikala, erasokorra heltzen zaio. Horren ondoan diskurtso bizia, erakargarria, ilusionagarria, euskararen mundura hurbiltzera, euskaldunokin batera hizkuntza sorburu duen mundu hori ezagutzera bultzatzen duena.
Diskurtso berriak positiboa, baikorra, eta integratzailea izan beharko luke; ideologia politiko jakin batekin identifika ezina. Horretarako, lehen puntuko akordio politiko zabala ere ezinbestekoa izango litzateke.
Behin, Herri Eliza 2000 erakundeak antolatutako mahai inguru batean Iparraldeko Demo batek adierazitakoa (hitzez hitz ez dut gogoratzen) izan daiteke esan nahi dudanaren argigarri: helburu bat lortzeko planteatutako ekintzak (bideak) ez du inola ere ilundu edo ezkutatu behar helburua. Bidea, ekintza, desegokia bada, helburua bera ezkutatu, ilundu, desegokitu egingo du besteen begien aurrean. Jendeak ez du horrenbeste ekintzaz bideaz hitz egin behar, helburuaz baino; eta ekintzaz hitz egiten badu, izan dadila helburura gehiago hurbiltzeko.

4. 157 IRAKASLEEN AFERA

Aurreko lerroak iazko urte-amaieran idatzita daude. Jarraian datorrena azken hilabeteetan gure egunkarietako hainbat orri bete duen (eta betetzen ari den) gatazka baten argitan idatzita dago, Herri Urratsen 25. ekitaldiaren ospakizun arrakastatsuaren ondoko astean.

Gure hizkuntzak eta gure herriak bizi duten egoera korapilatsua dela eta, jazoera bakoitzean osotasuna jartzen dela jokoan esatera ausartuko nintzateke, hasteko. Eta gatazka honetan ere beste horrenbeste gertatzen dela uste dut. Horren ondorioz, gatazka honi eman/ten/go zaion trataerak eta konponbideak/ek erraztu, bultzatu, lagundu, edota alderantziz, oztopatu, galgatu, ahuldu egingo du gizarte mailan euskarak duen onarpen soziala.

Gogora dezadan lehenengo lerroetan esandakoa: gogoeta hau ez dagoela ikuspuntu neutraletik egina, leku jakin batetik baizik: euskararen aldeko lanean ari den mugimendu edo gizarte sektoretik eta, batez ere, neu ere partaide nauen sektore horri begira. Horrek zera esan nahi du: zegokien hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik egonkortasuna galtzear dauden 157 irakasleen inguruan planteatu den gatazka horretan gehiago erreparatuko diedala euskaltzaleen eta euskalgintzan ari direnen aldetik eman diren erantzunei eta hartu diren jarrerei; eta ez horrenbeste irakasleen babesean atera direnei. Are gutxiago saiatuko naiz epai definitiborik ematen, alde batetik ez naizelako inor horretarako eta, bestetik, oinarrian dagoen beste zerbaiti eman nahi diodalako lehentasuna.

Azter dezagun lehendabizi gatazka horretan izan diren jokaerak. Jarraian datorrena jarrera bakoitza defendatzeko erabilitako zenbait argudioren (nagusi eta orokorrenak) isla da. Lehenengo, irakasle-kolektiboen aldeko jarrera defendatu dutenek erabilitako argudio-multzoa azalduko da; hots, administrazioak hartutako neurriaren kontrakoena, beraz; ondoren, administrazio horren jokabidearen alde azaldu direnena; eta azken atalean nolabaiteko erdiko konponketa, irtenbidea... planteatzen dutenek erabilitakoa. Argudio hauen bilketa egiteko erabili ditudan iturriak, nagusiki, egunkariak izan dira (Deia, Berria, Gara, Correo eta Diario Vasco) Baina badira beste zenbait argitalpen elektronikotatik (erabili.com, sustatu.com, Argiaren h@ria) eskuratutakoak.

  • · Alde batetik, 157 irakasleen aldeko hainbat argudio eman dira komunikabideetan, bai berri edo kronika gisa (egunkari guztietan azaldu dena) bai erreportaje eta iritzi artikulu modura (gehienak gorago aipatu ditudan komunikabideetan argitaraturikoak)

Irakasleon alde aipatzen diren argudioak bi esparrutan edo arlo nagusitan bereiz genitzake. Alde batetik, lan-arazo baten ikuspegitik planteatzen direnak:

  • - Lan-arazo bat sortzen da administrazioaren jokabide honekin. Izan ere, hainbat langilek beren egonkortasuna galdu dute. Horren aurrean, “langileen alde” lan egiten duten zenbait sindikatuk ez dute ezertxo ere egin; are gehiago, bultzatu eta txalotu egin dute jokabide hau.
  • - Gainera, orain arteko beren lan-jardueran, profesional hauek ondo frogatu dute beren gaitasuna lanean ari diren hezkuntza-alorrean.
  • - Horrekin lotuta, euskalduntzea bera (hizkuntza normalizazioa) heziketaren aurretik jarri da, lehentasun gisa.
  • - Errealitatean, irakasle hauek urte askoan egon dira liberatuta, baina oso aukera gutxi izan dute zegokien hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko, bertsioren batean (DV, 2003/02/25) aukera bakarra.
  • - Horren ondorioz, “diskriminazioaz” eta “esklusioaz” hitz egiten da.
  • - Bestalde, hezkuntzaren alorrean ari diren profesional guztien % oso txikia dela kolektibo hau gaineratzen da eta, ondorioz, ez litzatekeela batere konplikatua izango euskararen ezagutza beharrezkoa ez duten lanpostuetan kokatzea (EPAko zentroak, integraziorako ikastetxeak, elbarrituentzakoak, liburutegi-proiektuak... aipatzen dira, besteak beste). Azken batean, borondate-faltagatik galduko dute beren egonkortasuna.

Bestetik, badira arazoari alderdi politiko-ideologikotik heltzen dioten argudioak:

  • - Neurri hau (hau da, egonkortasunaren galera hau) defendatzen duten askoren inkoherentzia askotan aipatzen da. Izan ere, hainbat politiko eta sindikalista ez dira euskaraz aritzeko gai eta askoz gehiagok ez lukete inolaz ere egiaztatuko beren lanpostuen antzeko batean eskatzen den hizkuntza eskakizuna.
  • - Bestetik, era honetako gatazkak, euskararen atxikimendua lortu beharrean, asmo gaiztoko jokabideak, gatazkak, eta erresuminak sortzen ditu.
  • - Ez dago inolako eskubiderik irakasle hauek “euskararen aurka dauden irakasleak bailiran aurkeztu nahi izateko. Aitzitik, gehienak saiatu izan dira euskara ikasten eta zegokien HE egiaztatzen. Irakasleek beraiek gutun batean adierazi zituzten antzeko ideiak: “euskara ikasteko prest gaude... Ez beza inork pentsa euskara baztertzen dugunik edo euskalduntzeari trabak jarri nahi dizkiogunik. Ez da hori. Gu euskara ikasten gabiltza; gertatzen dena da, dena delakoagatik, bide horretan gu motelago gabiltzala.”
  • - Hurrengo atalean aipatuko dugun “gizarte osoaren demanda dela euskaraz hezkuntza” argudioaren faltsukeria nabarmentzen dute. Argudio horren arabera, “ez da esaten sisteman aurrera egiten den neurrian eskari hori murriztu egiten dela eta Bigarren Hezkuntzan (kaltetuen gehiengoa hemen dago) egoera hau aldatu egiten dela eta Lanbide Heziketan (....) gaztelaniazko eskaria % 80ra gerturatzen dela. Hori guztia ezkutatu egiten da.” (CCOO)
  • - Zalantzan jartzen da euskara lanpostua betetzeko ezinbesteko baldintza bezala jartzeak benetako premiei erantzuten dien; hau da, euskara jakitea ez da horren premiazkoa irakaskuntzan aritzeko, malguagoa izan beharko litzateke. (DV)
  • - Anjeles Iztuetak martxoaren 16an eginiko agerraldia bera ere beste hainbat argudioren abiapuntua da: gezurra, iraina, jarrera probokatzailea...

Honaino ideiak. Hemendik aurrera “perla” batzuk:

“La situación de los 157 profesores es inaudita en un país de Occidente” (PPko Hezkuntza gaietarako arduraduna); “El euskera del apartheid” (Carlos Martinez de Gorriaranek ABCn argitaratutako artikulu baten izenburua), “sufrimos discriminación por motivos lingüísticos”, “actitud despótica del Gobierno”, “el PNV actúa como si el instituto fuera un batzoki” (irakasleetako batzuen adierazpenak); “trato inhumano y despiadado, sin sentido ... no produce más que sonrojo...”; “el pretender una Gran Euskadi, homogénea en lo lingüístico desde el Ebro hasta el Adour; “integrismo nacionalista” (egunkarietan azaldutako irakurleen gutunetatik ateratako pasarteak)

Ideiei gehitu beharko genizkieke zenbait ekintza: Bertendonan entzerraturikoek jaso dituzten PSE eta PP alderdietako hainbat politikarirena, eta CCOO eta UGT sindikatuetako kideena; bestetik, Europako erakundeetan aurkeztutako mozioak eta salaketak...

  • · Horren aurrean, Jaurlaritzaren erabakia defendatzen duten argudioak aurkituko ditugu. Hauek ere bi multzo nagusitan banatuko ditugu.

Alde batetik, lan-arazo baten ikuspegian mugitzen diren argudioak:

  • - Duela urte batzuk, ELA, STEE-EILAS, eta LAB sindikatuek sinatutako 1.500 bitarteko irakaslerentzako egonkortasun-itunaren testuinguruaren barruan kokatzen da gatazka hau; eta itun hau konkista sindikal gisa planteatzen da, eredugarria izan litekeena estatuko beste hainbat autonomia erkidegorentzat. Horregatik, itun horrek eztabaidaezina izan behar du.
  • - Itun honen barruan, eta baldintzetako bat bezala, daude kokatuta hizkuntza eskakizunak. Eta hauek bi irizpide nagusiren arabera justifikatzen dira: alde batetik, irakasleek eman beharreko gaiari eta lanpostuari lotutako HE, jakina; eta bi irizpide hauek, aldi berean, gizartearen eskari nagusi bati erantzuten diote, seme-alabak eredu euskaldunetan euskalduntzeko eskariari.
  • - Gainera eskakizun hau Hezkuntza Saila PSEren eskuetan zegoenean ezarri zen, 1993. urtean.
  • - Egonkortasuna ez da galdu 2HE ez egiaztatzeagatik, 1HE ez egiaztatzeagatik baizik. Beraz, ez dute gutxieneko maila bera ere egiaztatu.
  • - Orain arte malgutasun handiaz jokatu da kolektibo honekin eta era guztietako erraztasunak izan dituzte eskakizun hau betetzeko: denbora, ikasteko baldintzak, soldata osoa kobratuz...
  • - Gainera, ez dira kanporatuak izan, ezta langabeziara pasatu ere; ordezkapen zerrendetara pasatu dira eta, gainera, lehenengo postuetara, euskara beharrezkotzat ez duten lanpostuetarako.
  • - Beste egoera eta lanpostu batzuekin gertatzen denarekin konparatzen da: adibidez, enpresa pribatuan, baldintzaren bat bete ezean ez lukete inolaz ere lanposturen bat beteko; edo beste lanpostu batean, lanpostu horrekin lotutako gaitasunen bat eskuratzeko prest ez baleude; edo, lehen esan bezala, estatuko beste erkidegoetan bitarteko irakasleek bizi duten egoera...
  • - Badira beste 17.000 irakasle egoera ez egonkorrean, titulazio eta 2HE eta guzti. Hauek guztiok zerrendetan 157 irakasleon aurretik egon beharko lukete (LAB)

Badira, aurreko taldean bezala, normalizazioaren ikuspuntutik planteatutako argudioak:

  • - EAEn bi dira hizkuntza ofizialak: euskara eta gaztelania. Beraz, ezin da inposaketaz inolaz ere hitz egin. Euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da arlo eta esparru guztietan normalizatzea.
  • - Irakasle orok du titulazioa eta hizkuntza eskakizun baldintzak betetzeko beharra, langileen gabeziek ezin baitute baldintzatu euskal hezkuntza sistemaren garapena. Kasu honetan, kolektibo horrek bere interes pertsonalak interes kolektiboen aurretik jarri dituzte. Ikasleek beren heziketa euskaraz jasotzeko duten eskubideen kontra ari dira. Gainera, kontuan hartu behar da herritarron diruarekin eta diruari esker egon direla liberatuta eta ez dutela “ahaleginik egin euskara ikasteko.”
  • - Oso gutxi izanda ere, sekulako oihartzuna lortu dute, Hezkuntzarekin lotutako beste gai garrantzitsuagoak alde batera utzita. Eta hau guztia PPren eta PSEren erabilera partidista batzuen eta beren inguruko komunikabideen eraginari esker. “Iraganaren inertziak eraginda, administrazio nazionalistari egin nahi zaion pultsua da, azken finean.
  • - Honen guztiaren ondorioz lortu duten gauzarik kezkagarriena euskararen inguruko ideia negatiboa gizarteratzea izan da: karga, inposaketa...
  • - Estatu espainiarrean derrigorrezkoa da gaztelania menperatzen duela erakusten duen froga irakaskuntzan bertan aritu baino lehen, eta hor ez da inoiz ez diskriminazioaz, ez inposaketaz hitz egin. Era berean, gatazka hau ez zen inolaz ere gertatuko ikasi beharreko hizkuntza ingelesa edo bestelakoren bat izan balitz.
- Eta, azkenik, badira administrazioari berari ere egozten diotenak egoera honen arduraren zati bat: orain arteko normalizazio-politikaren porrot orokorraren erakusgarri gisa, alde batetik, eta, bestetik, orain arte mantendu izan duen politika murriztailea, prekarietatearen politika (lanpostu finkorik gabeko irakasle multzo handia, lan-eskaintza murritza...)

Argudio hauen ondoan ere, aurreko atalean bezala, aurki genitzake bihotzak edo haserreak eragindako bestelako “perla” batzuk:

“Lehenengo eta behin, barkatu Bertendonan itxialdian zaudeten irakasleok, aurreko batean “alferrak” zaretela esateagatik. Alferrak soilik ez, lotsagabe batzuk zarete. Larru sendoa da zuena”; “Lotsagarria iruditu zait azken egunetan ikusi duguna. (...) Larrua behintzat sendo dute beraien adinarekin; izan ere, urteak igaro ostean irakasle moduan ez dute interesik izan ofiziala den hizkuntza bat ikasteko. (...) Zuon jarrera lotsagarria iruditzen zait, irain bat...” (GARAn azaldutako irakurle baten iritzia);

“Arrazoi posible bi baino ez zaizkit bururatzen egoera horretara heltzeko: ez dute ikasi gura izan ala adimen urritua dute. Bata zein bestea lanpostua galtzeko pisuzko arrazoiak (...) ez dira merkatura egokitzeko gai izan. Erdaldun zein euskaldun langile ez gaituak dira. Ez dute lekurik irakaskuntzaren merkatuan. Are gutxiago diru publikotik bizitzeko” (Berrian azaldutako iritzi artikulua)

“Unas decenas de profesores se encierran para reclamar su derecho a no aprenderlo y cobrar por ello.” (GARAko iritzi artikulu batetik)

“Zortzi urtetan euskara ikasi ez eta beren burua kalean ikusi dutenean hasi dira kezkatzen egoeraz. Lotsagarria da Euskal Herriko hizkuntza ez jakitea, berek direlako eragile zuzenak ikasleoi hizkuntza hori irakasterakoan. (...) Ez dute ahaleginik egin sikiera euskaraz ikasteko. Ikasleen hizkuntza eskubideak zapaltzen dituzte” (IAren adierazpenak GARAn)

Zenbaitetan enpagua ematen zidan benetan euren bizitza osoa euskaraz ezer ez esateko asmorik ez zeukaten horiei, euskara mespretxatzen zuten horiei berbak eta aditzak irakasteak. Bai, enpagua” (GARAn azaldutako iritzi artikulua)

Arestian transkribatutako adierazpen guztiak irakasle kolektibo hauen egonkortasun-galtzearen aldeko jarrera defendatu duten komunikabideetan azaldu izan baitira. Baina bazen gutun bat, “Celebro su despido” izenburupean El Correo-n argitaratutakoa. Gutun honen egileak argi eta garbi defendatzen zuen administrazioak 157 irakasleekin hartutako neurria, tonu nahiko erasokorrean, gainera: “Lo celebro (...) Estoy leyendo hasta la saciedad, “ad nauseam escritos sobre vuestras reivindicaciones y me causa estupor vuestra literatura victimista.” Aurreikus zitekeenez, gutun honen ostean beste hainbat eta hainbat etorri ziren berau deitoratuz eta irakasleei beren atxikimendua erakutsiz.

Edonola ere, aipaturiko egunkarian beste zenbait gutun ere azaldu dira modu leun edo moderatuagoan irakasleokin izan den jarrera defendatuz (beti ere, kontrako jarrera adierazten dutenak baino dezente gutxiago izanik) ; ezin esan, ordea, gauza bera edo antzekoa kontrako ildo editoriala daramaten egunkariez: hemen azaldutako iritzi ia guzti-guztiak irakasleon egonkortasunaren galeraren aldekoak izan dira.

Adierazpen mailan ez, baina ekintza deigarria izan zen EHEk Bertendonako institutuaren aurrean martxoren 9an antolatu zuen kontzentrazioa eta apirilaren 11n zegokien Hizkuntza Eskakizuna egiaztatu duten hainbat irakasleri egindako omenaldia.

Bi muturretako jarrerak beraz, baina kasu askotan argudio bertsuak edo antzekoak erabiliz, baina kontrako irakurketa egiteko. Adibidez, irakasleon kopuru murritza irakasleria osoa kontuan hartuz; gatazka honen ondorioz sortzen den euskararen irudi kaxkar eta distortsionatua, lehentasunen kontu bera eta abar.

Lontxo Oihartzabalek (BERRIA, Apirilak 9) ondo ondorioztatzen zuenez, “irakurleek (...) hori jakin ahal izan dute arazo bat dagoela. Ez nago ziur, ordea, arazoa zein den jakiteko aukerarik izan ote duten, gertakariaren ezaugarri batzuk azpimarratu izan dituzte idazle batzuek, beste hainbat alderdi jorratu dute beste batzuek, eta zenbaitek bere iritzi eta balorazio pertsonalak ere eskaini ditu.”

Ondoren, Lontxo ahalik eta erarik objektiboenean saiatzen da azaltzen, pausuz pausu, 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legetik abiapuntutzat hartuta, nola garatu diren arian-arian Hezkuntzako ereduak eta esparru honetan lan egiteko baldintzak zehazten dituzten ondorengo beste lege eta akordio batzuk.

  • · Baina badira, hala ere, irakasleokin administraziotik hartu den jarrera defendatzearekin batera, nolabaiteko konponketa planteatzen dutenak. Esate baterako, ELA sindikatuak banakako irtenbideak aurkitzeko bidea jorratzen hasteko prestutasuna erakusten zuen, baina “zaratarik” atera gabe eta araudi edo sistema orokorra dantzan jarri gabe. STEE-EILASek zenbait baldintza eskatzen zituen banakako konponbide honetarako:
  • - No se pueden cuestionar de ningún modo ni el compromiso de estabilidad que afecta a los 1500 profesores interinos...
  • - Tampoco son cuestionables las condiciones establecidas en el mismo para el acceso a la condición de interino (antigüedad y requisito del perfil lingüístico)... condiciones en las que nos reafirmamos (...) dos premisas que todo el mundo ha de asumir de ahora en adelante...
  • - Es igualmente incuestionable el cupo actual de interinos estables (...)
  • - Las posible soluciones (...) han de ser de carácter estrictamente personal (...)
  • - (...) no pueden generar ningún agravio comparativo con elresto del profesorado, muy espcialmente con los demás profesores interinos, sean estables o no, por lo que cualquier medida extraordinaria debería ser también extensible (...) a situaciones similares o asimilables.
  • - No se puede olvidar a los 48 profesores interinos que perdieronen su momento la estabilidad por no cumplir con la obligaciónde presentarse a las oposiciones. (GARA, martxoak 5)

Azken zehaztasun hauek nolabaiteko “zubia” planteatzen dute bi jarrera kontrajarrien aurrean. Zubi-lan honetan nabarmendu nahiko nuke Arartekoak jokatutako rola (aldi berean sektore askotatik kritikatua). Iñigo Lamarkak ahalegin berezia eskatzen zion Hezkuntza Sailari profilik gabeko 157 irakasleak bete zitzakeen lanpostuetan birkokatzeko ahaleginak egin zitzan edo, nola edo hala, beren euskalduntze prozesua buka dezaten eta “euskarak eta lanerako eskubideak talka egin ez dezaten”. Bestalde, argi adierazi zuen gatazka konponezina bihurtzeko zuen beldurra; izan ere “haustura nahikoa ditugu euskal gizartean, orain beste berri bat zabaltzeko”. Salbuetsita geratzeko adin-epea administraziokoarekin parekatzeko proposamena ere iradoki zuen, 55 urtetik 45eraino jaitsita.

Konponbide-eskaera honetara ere bildu zen EA, argi utzita euskaraz ikasteko eskaera gero eta handiagoari aurre egin behar zaiola lehenik, baina lehentasun honek ez duela zertan traba izan behar dena delako arrazoiengatik (batzuetan erabaki pertsonalengatik ere bai) euskararen ezagupen mailara egokitu nahi edo ezin izan duten irakasleoi irtenbide bat bilatzeko. Hezkuntza Sailak berak ere agertu du behin baino sarriagotan irtenbideren bat bilatzeko nahia edo borondatea.

Atal honen hasieran esan dudanez, ez da orain nire asmoa arrazoia noren alde dagoen zehaztea. Nire kezka bestelakoa da eta, kezka honetatik bai ausartzen naizela bi baieztapen hauek egitera:

1. Neure buruari galdetzen diot ea irakasleon iraunkortasuna kolokan jarriko lukeen elementua beste bat izan balitz (informatika alorrean eskaturiko prestakuntza, ingelesaren ezagutza... adibidez) ea oraingoan sortu den kalapita sortuko zen. Eta ezezkoan nago. Horrek erakusten du euskararen aldeko jarrera ez dagoela uste den bezain zabaldua eta adostua hiritarren artean. Horri interes politikoekiko lotura gehitzen badiogu eta zenbait komunikabide jakinen “lana”, egoera askoz korapilatsuagoa bihurtzen da. Argi dago zenbait komunikabidek eta alderdi politikok bereak eta bi egin dituztela gatazka hau hauspotzen, txingarrari ikatz eta gasolina gehiago botatzen. Baina honekin batera beste hau ere esan beharra dago: ez zuketela jokabide hau izango eta bultzatuko inguruan (gizartean, orokorrean) diskurtso hau erne zitekeen haztegia sumatu izan ez balute.
2. Euskalgintzaren mundutik eman den (eta ematen ari den) erantzunaren inguruan, uste dut arrazoia izatea bezain garrantzitsua dela arrazoibidea, hau da, arrazoi izate hori nola defendatzen den. Ez da nahikoa, nire iritziz, argudioekin demostratzea arrazoia gure alde dagoela. Hitz egiten dugunean guk bezala pentsatzen dutenak ez ezik, beste aldean daudenak ere izan behar ditugu gogoan. Ezin gara konformatu argudiatzean besteak nolabait “garaitzearekin”. Garaitzeaz gain, konbentzitzen, pertsuaditzen saiatu behar dugulakoan nago, nahiz eta batzuetan eta batzuekin hau ia ezinezkoa izan. Baina, behintzat, gure hitz eta argudioetan ez dezatela aurki beren jarreran tematzeko motibo gehiago.

Kontua ez da, beraz, inozo-inozo erdi-erdian jartzea eta ezertan busti barik inori ere arrazoirik ez ematea edo denei ematea. Muinean dagoen kontua zera da: norberaren egia, norberaren arrazoia agertzeko modua; irabazteaz gain, bestea ere konbentzitzea, pertsudiatzea; horretarako ezinbestekoa da norberaren etxetik irtetea eta bestearen mugen barruan ere hitz egitea (uzten badigute, noski), ez besteari muturrekoa emateko, besteak gure arrazoiak entzun eta ulertzeko ahaleginak egiteko (eta geuk ere beraienak ere bai, noski) Bakoitza gure lubakietan sartuta bagaude eta gutarrei baino zuzentzen ez bagatzaizkie (eta besteei, iraintzeko baino ez) ez dugu ezer aurreratuko.

Gorago aipatutako Lontxo Oihartzabalen artikulutik hartutako hitz batzuekin bukatu nahi nuke atal hau:

“Ondorio orokor batera narama kontu honek guztiak: hezkuntzaren ardura eta erantzukizuna izan duena edozein alderdi politiko izan dela ere, guztiek uste izan dute euskara guztion altxor kulturala dela. Erabakiak hartzeko garaian, bide eta epe zabalak ezartzen ahalegindu dira, gure bertako hizkuntzak, belaunaldirik gazteenak eskolaratzeko unean, bere tokia eta eginkizuna modu egokian bete ahal izan dezan. EGOKIA IZANGO LITZATEKE, GAI HAU GURE GATAZKA ETA EZTABAIDA POLITIKO ALDERDIZALEETATIK AT MANTENTZEN AHALEGINTZEA. (letra larriak nireak dira)

5. AMAIERA IZAN NAHI EZ DUEN BUKAERA

Hasieran esan dudan bezala, orri hauetan defendatu dudan jarrerak edo jokaerak ez luke, besterik gabe, euskararen biziraupena ziurtatuko; horrekin bakarrik ez litzateke “lan guztia” burututa egongo. Aurreko guztia gutxieneko oinarri sendo konpartitua litzateke, hortik aurrera lanean aritzeko, nork bere sentsibilitate eta aukera politikotik, baina beti ere esfortzuak eta ahaleginak osagarriak izanik.

Emakumearen problematikaren inguruan, ekologian, etxebizitzen arloan... ezagutzen ditugun egoerak ez dira, inolaz ere, idealak, desiragarriak bere horretan: zoritxarrez, oraindik ez dugu lortu emakumezkoaren eta gizonezkoaren egoerak parekatzea; eraso gogorrek eta tratu txarrek iraun diraute. Ingurumen arloan ere badago zer salatu (enpresa batzuen jarrera erasokorra naturarekiko), badago zer eztabaidatu eta zer adostu (zenbait proiektu publiko eta pribatu...), hiritarron heziketan eta sentsibilitatean ere badago zertan aurreratu...; etxebizitza bat lortzea luxu eskuraezina da hainbat eta hainbatentzat, lurzoruaren espekulazioak segitzen du... Baina esparru hauetan eta beste askotan badago oinarrizko adostasun zabal bat. Badakigu zer egin beharko litzatekeen, zein izan beharko lukeen egoera justuak, zuzenak..., nahiz eta gero proiektu eta ekinbide guztiek norabide bera ez izan, interes pertsonalak edo bestelako muga eta oztopoak direla eta.

Antzeko egoera bat diseinatu nahi izan dut euskararentzat, argi izanik honekin ez ditugula, besterik gabe, euskararen etorkizuna eta biziraupena ziurtatuko, baina bai lanean tinko aritzeko norabide egokian, oinarri sendoetan sustraiturik.

Hemen esandako guztia askotan pentsatu eta hausnartutakoaren emaitza da. Hemen esandako askoren atzean konbikzio pertsonal sendoak daude. Hemen esandako baieztapen nahikoren atzean zalantza eta behin-behinekotasuna dago. Hau da, nik neuk halaxe izan beharko lukeela uste dut, baina argi daukat izan badirela, eta arrazoi sendoetan oinarrituta, bestetara pentsatuko dutenak. Horrexegatik esaten dut behin baino gehiagotan “hau esatera ausartzen naiz”.

Hori dela eta, artikulu hau idatzi duenak nahiko luke artikuluaren azken puntua amaiera ez izatea, eztabaida baten hasiera (edo jarraipena) baizik.

BAT aldizkaria: 
55. 2005eko ekaina. Euskararen erabileraren eta normalizazio...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Aitor Etxebarria
Urtea: 
2005