Nazioartearen eragina euskararen normalkuntza prozesuan

Globalizazioa abantaila bailitzan aurkezten zaigu: mundu guztiarekiko lotura, edo elkarrengandik hurbilago egoteko, edo mundu honetako kideon arteko komunikazioa errazteko, eta abar. Garbi dago horrek guztiak kultur aniztasunaren aurka egiten duela. Azken finean, giza-adostasunaren aurka egiten duela, atzean kulturaren uniformizazioa dagoelako. Pentsamendu bakarra, pentsatzeko hizkuntza bakarra, hortaz, mundua ezagutarazteko ere hizkuntza bakarra.

“Erregio edo gutxiengo hizkuntzen Europako itunak”, izenak berak ere tranpa bat badakar: erregio edo gutxiengoen hizkuntzaz hitz egiten du; hau da, gutxiengoen hizkuntza vs. gehiengoen hizkuntza / erregioen hizkuntza vs. estatuen hizkuntza. Eta non daude hizkuntza gutxiagotuak? Gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuak? Ez du hitz egiten hizkuntza gutxiagotuez.

Beraz, nik uste dut hizkuntza komunitateei izaera aitortu behar zaiela, eta behin izaera hori aitortuta, eskubideak aitortu behar zaizkiela. Behin hori eginda, hirugarren batek beharrak izango ditu: alegia, nik eskubide hori erabiltzen badut, beste norbaitek nire eskubidea ahalbideratzeko beharra izango du. Esate baterako, nik komunikazio bat egin behar badut Europako Batasuneko ez dakit zein organotara, eta niri eskubide hori aitortu badidate, nik hori baliatuta, norbaitek ahalbideratu beharko du eskubide hori.

Azkenik, globalizazioa dela-eta, sortu diren mugimendu paralelo batzuk, gizarte-foroak esaterako, hor ere hizkuntza eskubideen inguruko hausnarketa sustatu beharko genuke. Bai Euskal Herri mailan, bai Europa mailan izaten dira horrelako foroak, eta hizkuntza eskubideen afera gai-ordenean sartu beharko genuke, foro horietatik ere hizkuntza eskubideen aitortza aldarrikatzeko.

Hizkuntza eleaniztasunaren aberasgarritasunaz hitz egiten dugu, baina kontzeptu hori zabaldu den bezala, ikuspuntu ekonomizistatik garatu den kontzeptua da. Eta momentu honetan ikus dezakegu, hizkuntza eleaniztasunaren kontzeptu hori kaltegarria ere izan litekeela gure herrian, parametro ekonomizistetan planteatu delako; eta noski, interesgarria da hemen bi-hiru hizkuntza jakitea, balio ekonomikoa duelako eta munduan ibiltzeko gaitasuna ematen duelako. Baina ze balio ekonomiko eta ze munduan ibiltzeko gaitasun ematen du euskarak?

foro sozialak ezkerraren baitatik datoz, eta ezker klasikoak ere erreparazio historiko bat zor die hizkuntza gutxiagotuei, estaturik gabeko nazioei. Eta ezker klasikoak askotan ikuspegi oso chauvinista batetik jardun izan du. Beraz, foroetan planteatu behar den lehendabiziko eztabaida, berriro ere, hori da: benetako ezker bat osatu behar bada, berria, ikuspuntu progresista duten sektoreak ere konturatu behar dira urteetan hizkuntzekiko eta herriekiko eraman duten politika eskuinak eraman duenaren oso antzekoa izan dela.

Euskal Herrian Euskaraz Elkarteak hizkuntza normalizazioaren inguruan antolaturiko mahai-inguruetan laugarrena duzue Donostian antolaturiko hau. Gaurko hizketa gai nagusia, euskararen normalkuntza prozesuan nazioarteak duen eragina zein den aztertzea izango da. Gaiaren inguruan hiru galdera nagusi egiten ditugu, abiapuntu moduan:

  1. Zer iritzi duzue globalizazio prozesuari buruz?
  2. Europako konstituzioak eta Europako Batasun prozesuak nola eragin dezake euskararengan?
  3. Aurreko bi galderetan egindako azterketaren ondorioz, nolako estrategia eraman beharko luke aurrera euskalgintzak?

Paul Bilbao

Lehenik eta behin zorionak Euskal Herrian Euskarazi, horrelako hitzaldi sorta antolatzeagatik. Gure ustez ezinbestekoa da horrelako foroak sortzea, bai euskalgintzako eragileok, bai norbanakook izan ditzakegun ideiak, irizpideak,... kontrastatzeko.

Hiru galdera horien inguruan zertzelada batzuk botako ditut, gaia nahiko potoloa dela uste baitut. Estrategia bat diseinatu behar badugu, benetan adostasunezkoa izan beharko da, orain sartuta gauden Europako zurrunbilo honetan eragin nahi badugu, behintzat.

Lehenengoari dagokionez, globalizazio prozesuaren eragina-eta, komeni litzateke bilakaera historiko labur bat egitea. Datu esanguratsu bat errepikatu nahi nuke, askotan aipatzen duguna: XV. mendean munduan 10.000 hizkuntza zeuden, eta gaur egun, ikuspegi baikorrenek diote 6.000 hizkuntza daudela. Hortaz, bost mendetan, hizkuntzen % 40 desagertu da. Horrek argi uzten du prozesua ez dela naturala izan, eta hor bestelako faktore batzuk egon direla hizkuntza horien desagerpenerako. Azken horretan sartu beharko genuke gaur egun sartuta gaudeneko globalizazio prozesu hori. Eta berez zer da globalizazioa? Nola defini genezake? Herri jakin batzuen bizi-ikusmoldeak, edo kultur-modak, edo hezkuntza-baloreak gainerako herriei zabaltzea; baina zabaltze horri erantsi beharko genioke esalditxo bat: herri horiek nahi ala nahi ez izanda. Hau da, ez da berezko prozesua: herriek askotan ez dute nahi globalizazio horrek dakartzan baloreak beregain hartzea, baina hartu egin behar ditu. Globalizazioa abantaila bailitzan aurkezten zaigu: mundu guztiarekiko lotura, edo elkarrengandik hurbilago egoteko, edo mundu honetako kideon arteko komunikazioa errazteko, eta abar. Garbi dago horrek guztiak kultur aniztasunaren aurka egiten duela. Azken finean, giza-adostasunaren aurka egiten duela, atzean kulturaren uniformizazioa dagoelako. Pentsamendu bakarra, pentsatzeko hizkuntza bakarra, hortaz, mundua ezagutarazteko ere hizkuntza bakarra.

Globalizazioa zer den azaltzeko, oso egokia iruditu zitzaidan behin irakurri nuena: globalizazioa hiru M handien mundua dela; MTV, Microsoft, eta McDonalds. Zergatik? Hiru M horiek hartzen dituztelako bizitzako esparru garrantzitsuenak: hain zuzen ere, hedabideak, internet (gaur egun erabiltzen dugun baliabide hain emankorra) eta McDonalds (eta horren barruan, ohitura sozial asko leudeke). Ez da kasualitatea hiru izen horiek ingelesez egotea. Horrek islatzen du globalizazio honek anglizazioa dakarrela; hau da, ingeles hizkuntzaren ezarpena. Gaur egun axioma bat dago: guztiok dakigu ingelesa, eta ez badakigu ere, ingeleseko oinarrizko hitzak erabiltzen ditugu gure eguneroko bizimoduan. Ondorioz, esan dezakegu, globalizazioaren hizkuntzaren izaera aitortu zaiola ingelesari. Globalizazioaren eta anglizazioaren fenomeno hori ez da soilik hizkuntza gutxiagotuei eragiten dien auzi bat; hor daukagu adibidez, Frantziako estatuan, hizkuntzak berak jasaten zuen anglizazioa zela eta, lege bidez hori moztu egin zuten, Duvon legearekin. Hortaz, hizkuntza handiek ere horren arriskua ikusi izan dute. Beraz, globalizazioak hizkuntzen etengabeko bateratasunaren aldeko presioa egiten du; eta zoritxarrez, herritarrak ere zurrunbilo horretan sartu egin dira edo gara. Hizkuntza gutxiagotuetako kideok, geure burua gutxiesteko joera dugu; aurrerapenaren alde mundu honetan hizkuntza bakar baten beharra islatzen dugulako. Eta askotan onartu egiten da globalizazioa bera. Globalizazioaz askoz luzeago hitz egin daiteke; definizioa bera ere kontrasta dezakegu; baina beno, zertzelada batzuk izan dira apur bat gaian kokatzeko.

Gure kontinenteari lotuta, Europari lotzen bagatzaizkio, hemen, Europako Konstituzioaz eta Europako Batasun prozesuaz hitz egin aurretik, nik uste dut, laburrean bada ere, Europan dagoen beste erakunde batez hitz egin behar genukeela; hain zuzen ereBeraz, globalizazioak BEraz, egun hauetan horren inguruko informazioa atera delako edo aterako delako. Hori ere Europa honetan kokatu beharko genuke. Europako Kontseiluaz ari naiz: Europako Kontseiluan 43 estatuk-edo hartzen dute parte, eta kontseilu honek tresna juridiko bat jarri zuen abian, erakunde horretan parte hartzen duten estatuetan eragina izateko. Geure hizkuntza komunitateari dagokionez, Espainiako estatuak itun hori sinatu eta berretsi egin zuen; alegia, konpromezu batzuk hartu zituen. Frantziako estatuak sinatu zuen, baina ez zuen berretsi; hortaz, ez zuen inolako konpromezurik hartu. “Erregio edo gutxiengo hizkuntzen Europako itunak”, izenak berak ere tranpa bat badakar: erregio edo gutxiengoen hizkuntzaz hitz egiten du; hau da, gutxiengoen hizkuntza vs. gehiengoen hizkuntza / erregioen hizkuntza vs. estatuen hizkuntza. Eta non daude hizkuntza gutxiagotuak? Gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuak? Ez du hitz egiten hizkuntza gutxiagotuez. Euskararen kasuan, hain zuzen, gaur egungo egoera, beste faktore batzuen artean, gutxiagotze prozesu baten ondorioz dela horrelakoa. Beraz, tresna edo dokumentu hau, erabili behar badugu ere, argi izan behar dugu ez dela hiztunen eskubideak babesten dituen tresna bat; eskubide hitza bera ere behin edo bitan besterik ez da agertuko karta osoan. Hizkuntzak errespetatzeko beharra agertzen da hor. Beraz, hor kokatu beharko genuke tresna horrek duen benetako erabilgarritasuna. Oso anekdotikoa da, karta hori abian jarri duen erakundeak bi hizkuntza ofizial soilik izatea. Europako herritar bat Europako Kontseiluari zuzendu behar bazaio, frantsesa edo ingelesa besterik ezin du erabili. Beraz, horrek ere islatzen du zer nolako kontzeptzioa duen erakunde honek aniztasunaren inguruan.

Horretaz aparte, eta Europako Batasunari dagokionean sartuta, orain Europa berri batean sartu garela dirudi, aniztasunean bildurik eta “batasunean aniztasuna” eta horrelako leloak erabiliz. Hori guztia balore positibo gisa aurkeztu zaigu orain arte: Europa gai izango da aniztasun hori guztia kudeatzeko. Hori izan da orain arte Europak saldu duen irudia. Baina hor ere Europak aniztasuna zeri deritzon zehaztu beharko genuke: estatuan ofiziala den hizkuntzaren aniztasunaz, ala estatu barruan dauden hizkuntza gutxiagotuen aniztasunaz ari da? Gaur egun, maiatzaren 1ean izandako eransketak direla-eta, 20 hizkuntza ofizial daude, eta 20 lan-hizkuntza daude. Baina hori Europaren aniztasunaren irakurketa murritza da. Europan, gutxi gorabehera (hau zehaztu liteke gehiago), 60 hizkuntza komunitate daude. Beraz, komunitatearen herena besterik ez da kontuan hartzen Europaren Batasun berri horretan. Eta gainera, orain arte balio positiboak izan diren aniztasuna, herrien idiosinkrasia, etab., orain arazo bihurtu dira. Orain 20 hizkuntza ofizial daudelako Europako Batasunean, 20 lan-hizkuntza daudelako, 60 eta 80 konbinaketa hizkuntza horiek segun-eta nork erabili eta nola erantzun, 800 milioi eurotako inbertsioa egin behar da horri eusteko, ... Eta beraz, orain aniztasuna arazo modura ari dira planteatzen.

Horren aurrean bi jarrera daude: batzuek diote eskubideaz eta berdintasunaz eta demokraziaz ari bagara, ezin muga daitekeela hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen eremua, eta beraz, horri eutsi behar zaiola. Eta beste batzuek diote hizkuntza ofizialak eta lan-hizkuntzak bereizi egin beharko direla, eta bakoitzari funtzio bat eman. Azken finean, gerta daitekeelako de facto ingelesa Europako Batasuneko lan-hizkuntza bakarra izatea. Eta hemen ere, hizkuntza gutxiagotuetako kideok ez dakigu non kokatu behar dugun. Aniztasuna planteatzen denean, beti ere, estatuetako aniztasuna planteatzen da, eta ez hizkuntza komunitateen aniztasuna. Beraz, auskalo non geratuko diren hizkuntza gutxiagotuak.

Azkenik, Europako Konstituzioari dagokionez, asko atera da azken asteotan hedabideetan. Hizkuntzei dagokionez, hor ageri diren aipamen bakarrak oso esaldi malguak dira: saiatuko dela diskriminazioaren aurka jarduten, horren aurkako neurri egokiak hartu ahal izango direla,... Hau da, ez dago inolako irmotasunik benetan horren alde egingo dela esateko. Eta oinarrizko eskubideen kartan ere horrela agertzen da: hizkuntzaren aurkako diskriminazioa debekatu egingo da... Baina guk argi esan behar dugu, gure hizkuntza komunitateari dagokionez, eta hizkuntza komunitate guztiei dagokionez, ez dela nahikoa hori jasotzea. Horrek ez du hizkuntzen biziraupenik bermatuko; are gutxiago, ez badakigu zein subjekturi dagokion diskriminazio hori.

Beraz, nik uste dut hizkuntza komunitateei izaera aitortu behar zaiela, eta behin izaera hori aitortuta, eskubideak aitortu behar zaizkiela. Behin hori eginda, hirugarren batek beharrak izango ditu: alegia, nik eskubide hori erabiltzen badut, beste norbaitek nire eskubidea ahalbideratzeko beharra izango du. Esate baterako, nik komunikazio bat egin behar badut Europako Batasuneko ez dakit zein organotara, eta niri eskubide hori aitortu badidate, nik hori baliatuta, norbaitek ahalbideratu beharko du eskubide hori.

Planteamendu honekin guztiarekin, ze estrategia eraman dezakegu aurrera begira? Lehenik eta behin, diskurtsoari buruz hitz egin beharko genuke; ze diskurtso eraman beharko dugun Europara, eta horretarako oinarrizko kontzeptuen definizio komuna egin beharko genuke. Beti ere, lehen esan bezala, lehenengo gure izaera aitor dezatela eskatu, horrela eskubideen jabe izango gara, eta horrela eskubide horiek norbaitek ahalbideratu beharko dizkigu.

Pedagokiko jokatu behar dugu, eta Europan hizkuntza guztiek izango dutela tokia esan behar du mezuak; mezu hori gizarteratu egin behar da. Hiztunen jarreretan eta usteetan ere eragin behar dugu, beti ere, hizkuntza guztiak direla beharrezko gizarteratu behar dugulako. Hori definitutakoan, nik uste dut hiru lan-ildo zabaldu beharko genituzkeela:

Batetik, Europako Konstituzioari begira. Alegia, Europak eskaintzen dituen konsituzioetan horren berri zuzena ematea; bai Kontseilua, Arartekoa, Europako Parlamentua,... Hor arazo batekin topo egingo genuke: izaera eta eskubide horiek ez badizkigute aitortu,... Hori bera da gaur egun Euskal Herrian bai Iparraldean eta baita Nafarroako eremu batzuetan gertatzen zaiguna; eskubideak baditugu, baina legeak ez ditu eskubide horiek babesten. Beraz, arazoa hor izan arren, guk mezu bateratua eraman beharko dugu.

Beste ildo bat Europako beste hizkuntza komunitateekin elkarlana jorratzea izango litzateke; sare bat osatzea. Hau da, eskubideak errespetatzeaz ari bagara ez gara euskal hizkuntz komunitateari dagozkien eskubide batzuez soilik ari; egun Europako hizkuntza komunitate guztiei dagozkien eskubideez ari gara.

Azkenik, globalizazioa dela-eta, sortu diren mugimendu paralelo batzuk, gizarte-foroak esaterako, hor ere hizkuntza eskubideen inguruko hausnarketa sustatu beharko genuke. Bai Euskal Herri mailan, bai Europa mailan izaten dira horrelako foroak, eta hizkuntza eskubideen afera gai-ordenean sartu beharko genuke, foro horietatik ere hizkuntza eskubideen aitortza aldarrikatzeko.

Urko Aiertza

Lehenik eta behin, globalizazio kontzeptuaz hitz egiten dugunean, argipen bat eman behar da. Globalizazio kontzeptuaren baitan, nik uste dut, gaur bizitzen ari garena globalizazio deitu badaiteke ere, gehiago dela beste fase edo ataka berri bat. Hori ezinbestean lotu beharra dago historikoki kapitalaren prozesuarekin; kapitalaren prozesuaren garapenetik hori aldentzea, benetan bizi dugun egoeraren erroetara ez gerturatzea izango litzateke. Argi dago estatu nazioen sorrera zergatik gertatzen den; kapitalaren eta burgesiaren sorrerak dakar estatu nazioen sorrera; horren baitan ematen dira, Mendebaldean behintzat, ezagutu ditugun estatu nazio garrantzitsuenak. Adibide nagusia, estatu frantziarraren sorrera da, burgesiaren sorrera eta horrekin batera kapitalak behar zuen marko horren sorrera. Eta horrek ekarri zuen, hain zuzen ere, hainbat eta hainbat komunitateren desagerpena, burgesia horrek beti ere hizkuntza bat erabili duelako. Eta normalean, komunitate nagusien, kapitalaren nagusi ziren, eta boterean zeuden komunitateen hizkuntza erabili duelako. Beraz, estatu nazioen sorrerak ekarri zuen fase batean beste komunitateen desagerpena edo desitxuratzea.

Orain bizi duguna beste estadio bat da; neoinperialismoa esango genukeena, hain zuzen, berriro ere, kapitalak eta burgesak behar duelako beste marko bat; eta horren baitan ari dira eratzen orain marko juridiko politiko berriak. Eta Europa ez da hortik eskapatzen. Gaur egun hedatzen ari den Europa hau ez da Monet-ek esaten zuen herrien Europa bat; estatuen Europa da, kapitalarena, burgesiaren eta kapitalaren beharrei egokitua. Eta hori oso lotua dago herrien eta hizkuntza komunitateen biziraupenarekin. Baita estatu nazioen sorrerarekin, eta hori lortu ahal izan duten herriekin, horiek lortu ahal izan baitute beren biziraupena. Estatu nazio bihurtzea lortu ez dutenak egoera oso larrian bizi dira, desagertzeko zorian.Ez bakarrik Europako herriak, estaturik gabeko nazioak, baizik eta baita mundu guztian aurkitzen ditugun herri indigenak, gutxiengoak, eta abar.

Ez dago ia hizkuntzarik, estatu bat edukita, desagertzera kondenatuta dagoenik. Adibide bakanen bat egongo da; gaelikoarena. Baina hori kenduta, estatu bat daukaten hizkuntza guztiek ez daukate desagertzeko inolako arriskurik. Hortik abiatuta, gaur egun Europako Konstituzioa estatuen parametroetan eratzen ari dela ikus dezakegu. Eta zer gertatzen da globalizazio neoliberalaren prozesuarekin? Hain zuzen ere, kapitalak marko berriak behar dituela eta eratzen ari den munduaren funtzionamenduak hizkuntza komunitateen egokitzapena eskatzen duela.

Historikoki, soziolinguistika aldetik esan izan dugu hizkuntza bakoitzak funtzio batzuk betetzen dituela: familia arloko funtzioa, funtzio soziala edo harremanetarakoa, lan funtzioa, eta batez ere, nazional funtzioa. Horrez gain esan izan da bazegoela nazioarteko funtzioa ere, baina funtzio horrek, globalizazio neoliberala iritsi artean oso garrantzia gutxi zuen hizkuntza komunitateengan. Hain zuzen ere, estatuen arteko nazioarteko harremanetara laburbiltzen zelako; beraz, lingua franca batekin, baina horrek ez zeukan eraginik inola ere hizkuntza komunitateetan. Noski, globalizazio neoliberalarekin, eta berriro ere hizkuntza bihurtzen delako inperioaren lagun (kasu honetan ingelesa), horrek eragin egiten du hizkuntza komunitateetan. Eta ez bakarrik gu bezalako hizkuntza komunitate txikietan, baizik baita hizkuntza komunitate handietan ere. Ikusi besterik ez daukagu francofoniak ze neurri hartu behar direla planteatzen duen. Estatu frantziarra guztiz kezkatuta dago prozesu honekin; GAT akordioen baitan, merkantzien, propietateen, eta zerbitzuen garraio librea planteatzen denean, Frantziak betoa eskatzen du kultura eta horrelako esparruetan. Hor merkatu librerik ezin dela eman esaten du; hala balitz, hizkuntzak estatu frantziarrean izugarrizko eragina duelako. Orduan, hasten dira eskatzen zineman kuotak jarri behar direla, kuotak telebistetan, publizitatean ezin direla erabili hainbat kontzeptu anglofono, etab, etab. Beraz, hizkuntza berriro ere neoinperialismoaren laguna dela konturatzen gara, eta horrek eragin egiten die orain arte estatu hizkuntza izan direnei ere.

(...)

Europar Batasunaren prozesuan hori oso garbi ikusten da. Orain arte, Nizako Tratatuan ere, Herrien Europa aipatzen zen. Orain, aldiz, Europako Konstituzioaren proposamenean herriak desagertu egin dira, eta Europa Estatuen Europa da. Eta konstituzio zirriborro horrek berak hizkuntza aniztasuna eta kultur aniztasuna aberastasun bat dela dionean, guk beste zerbait ikusi nahiko bagenu ere, estatuen hizkuntzaren aniztasunaz hitz egiten ari dira, hizkuntza ofizialen aniztasunaz. Horren aurrean dago Eurokarta, hizkuntza gutxiagotuak eta erregionalak babesteko ituna, etab.

Beraz, errealitatea hori da. Horren aurrean herri honek ze estrategia eraman behar du? Parametro horiek oso garbi izan behar ditugula uste dut nik. Ez dago formula majikorik. Herri honek ere beste guztiek egin dutena egin behar du. Biziraupena lortu duten herriak burujabetzara jo duten herriak izan dira. Gu bezalako hizkuntza gutxiagotuak, izugarrizko minorizazio prozesua jasan dutenak, ezinbestekoa dute momentu honetan burujabetza eskuratzea, autodeterminazio linguistiko prozesu bat eraman ahal izateko. Eta horrek gainera, gu bezalako hizkuntza gutxiagotu baten egoeran, ez du esan nahi bizirauterik lortuko dugunik; baina hori ezinbestekoa da.

(...)

Hizkuntza komunitate kontzeptuak soziolinguistikan balio du, soziologian, historian... balio du, baina ikuspuntu juridiko batetik ez du existitzen. Beraz, maila horretan, berriro ere herri hau herri bat dela aldarrikatu behar dugula uste dut nik.

Julen Urbiola

Nik ez dut gidoia jarraitu, hiru galdera horiena. Urkok utzi duen tokitik jarraitu nahiko nuke. Bat egiten dut neurri batean berarekin, nahiz eta ez ehuneko ehunean izan. Burujabetzarekin guk kudeatzen ahal ditugu gure gauzak, eta horretan dago hizkuntza politikaren eta euskararen normalkuntzaren oinarri garrantzitsu bat.

Dena den, mahai-inguru honen leloari eutsi nahi diot. Nazioarte maila eta euskararen normalkuntza ez dira oso ondo lotzen nire ustez. Esan nahi dut euskararen normalkuntza ez dela nazioartetik etorriko, baizik gure artetik. Nazioartea, azken finean, guk erabil dezakegun testuinguru bat da (...). Baina berez, euskararen normalkuntza gure esku dago, ez nazioartearen esku.

Europan badaude bi erakunde nahiko garrantzitsu, beren instrumentuak dituztenak, eta erabilgarri izan daitezkeenak bere mailan. Dena den, nik bereizketa bat egingo nuke nazioarte mailan: batetik, erakundeak, egitura bezala; eta bestetik, globalizazioa, ideologia bezala.

Erakundeen aldetik, Europako Kontseilua eta Europar Batasuna ditugu. Zer lor dezakegu alde horretatik? Estatus juridiko batzuk; horrekin, Europako erakundeen aurrean aldarrikapen batzuk lortu ahal ditzakegu batzuetan; beste batzuetan diru-iturriak, gomendioak, txostenak, eta oso garrantzitsua dena, Paulek esan bezala, gure egoera bizi duten beste kolektibitateen indarra. Guztiok elkartuz joan eskaera batzuk egitera Europara. (...) Hasieran esan bezala, Europa testuinguru bat da, lagun gaitzakeen testuinguru bat. Gaur egun nik uste, ez asko baina, laguntzen gaituela; batez ere, ni Nafarroatik nator, eta Nafarroako Foru Komunitatearen ikuspegi batetik bai lagundu digula, modu batean, UPNren eta CDNren hizkuntza politikaren aurka. Euskararen normalkuntzaren alde Nafarroan ez dugu ezer lortu Europatik, baina lortu dugu EBLULen txostena eta ebazpena, non esaten den Eurokarta ez dela betetzen, eta horrelako tresna juridikoak. Baina besterik ez dugu lortuko nazioarte mailatik nire ustez, erakundeei dagokionez.

Globalizazioaz hitz egiten dugunean, ideologiaren aldetik, aldeko gauzak badituela esango nuke, xumeak izan arren: eleaniztasuna nahiko barneratua izatea gizartean, (...). Bestalde, eleaniztasuna eta kultur-aniztasuna, etorkinen afera,... gaur egun etorkinak etortzen ari dira eta beren hizkuntzak eta eskakizunak beraiekin datoz. Bat-batean, gaur egun Iruñean kroaziera ia euskara baino gehiago entzun dezakezu, etab. Nola kudeatuko ditugu hizkuntza horiek guztiak? Hori erronka bat da. Bestalde, Urkok esandakoaren haritik, globalizazioa ez da gauza berri bat, baizik estatu nazioaren urrats berri bat da.(...) Nik uste dut globalizazio eredu honekin demokraziaren urraketa handi bat datorrela, eta horrek hizkuntza eskubideetan isla izango du. (...)

Beraz, laburbilduz, nazioarte mailatik argitasunak badatoz. Baina aurrera begira beltzune asko daude nire ustez; argitu behar dira horiek, eta kontuan izan behar ditugu, bestela gure kontra itzuliko dira.

Alde onei dagokionez, ez gara bakarrak eta, beraz, estrategiaren aldetik adostasunak bilatu ahal ditugu eta indarrak meta ditzakegu beste komunitate batzuekin. Kontzeptu batzuk nahiko barneratuta daude gizartean, eleaniztasuna adibidez. Baina beltzuneak ere badira kontzeptuei dagokionean: hizkuntza gutxiengoei dagokionez, Europako Batasunean koktel izugarria dago gaur egun; errusiarra hizkuntza gutxiengo bat da gaur egun. Euskararen normalkuntzari dagokionez gaizki datorrela hori uste dut nik, ez baitie gure beharrei ezer zabaltzen.

Beraz, hizkuntza baten normalkuntza komunitateari berari dagokio. Gaur egun, hizkuntza ofiziala izan behar da; eta hizkuntza ofiziala izateko, azken finean, herritarrak behartu behar dira hizkuntza hori jakitera. (...) Hizkuntza bat normalizatuko da bai esparru pribatuetan eta bai publikoetan erabil daitekeenean, eta horretarako denek jakin behar dute. Bakoitzaren aukera izango da hizkuntza batean edo bestean hitz egitea, baina guztiek jakin behar dituzte hizkuntza horiek.

Estrategikoki, garrantzia emango nioke alde kualitatiboari ere. Kuantitatiboki euskaldunak ez gara asko, eta inoiz ez gara izango. Kualitatiboki, euskara Europako hizkuntza zaharrena da, eta hori da gure indarra. (...) Horri zukua atera behar genioke; europarrek hori jakin behar dute; hori izan behar da estrategia bat.

Bestalde, puntu bat argitu nahiko nuke. Europar Batasunari begira, gaur egun 21 hizkuntza dira ofizialak. Baina ez dut uste hortik irtenbidea datorrenik, ez administratiboki ez burokratikoki. Europak aurrera egin nahi badu, hor efikazia bat egon behar da, eta hori ez dago guztia 20 hizkuntzetara itzuli behar bada. Itzulpen akatsak, ingelesean esanahi bat izatea eta Lituanian beste esanahi bat... Hor arazoak sortzen dira. 12 hizkuntzekin arazoak daude jada, beraz 21 hizkuntzekin ikusiko dugu. Beraz, nik aurreikusten dut Europak epe ertainean bere hizkuntza politika aldatu beharko duela, eta azkenean hizkuntza batera edo bitara joko duela. Hori estatuen indarren arabera izango da, noski.

Nazioartearen eragina ari gara aztertzen, eta nazioartea aztertzean, inertziaz edo, batez ere Europaz mintzo gara. Alferrikakoa al da mundu mailako fororik sor litekeenik pentsatzea? Hau dena haratago joan litekeenik pentsatzea?

Julen Urbiola

Nik gaur egun Europaz hitz egiten dut, batez ere, Europak tresnak badituelako; Eurokarta adibidez. Eskubideak ezarri ez arren, printzipio batzuk ezartzen ditu honek; eta sistema bat ere ezartzen du. Adibidez, esan daiteke estatu espainiarrak Nafarroan ez duela betetzen berak sinatutakoa. Eta bai Europako Kontseiluak bai Europako Batasunak tresna batzuk eskaintzen dizkigute horrelakoetara jotzeko.

Nazio Batasun mailan, oso ahula da afera, nire ustez.

Urko Aiartza

Aztertzen badugu nazioartean zer dugun, ikuspuntu juridiko batetik, hizkuntza eskubideak duen arazoa bere existentzia da. Nazioarteko hizkuntza eskubideak hiru eskubiderekin lotuta leudeke: batetik, diskriminazio ezaren eskubidea, eta beraz, ez diskriminatua izatea hizkuntza arrazoiengatik; baina horrek ez dauka zer ikusirik nazioarteko zuzenbidean hizkuntzaren ofizialtasunarekin eta horrelako auziekin; hau da, hizkuntza bat ofiziala ez izateak ez du suposatzen inola ere hizkuntza diskriminazioa. Bigarren eskubide indibiduala, adierazpen askatasunerako eskubidea da. Giza eskubideen komiteak esan du adierazpen askatasunak baduela eduki linguistiko bat, baina horrek ere ez garamatza guk hizkuntza eskubide terminoa darabilgun eremuetara, adibidez administrazioarekin harremanak izateko. Eta hirugarrena da defentsa eskubidea. Baina defentsa eskubidea ere, lehen esan bezala, ez dauka.

Beraz, hizkuntza eskubideez ikuspegi kolektibotik zer dago nazioarte mailan? Bi aukera daude. Eskubide zibil eta politikoaren 27. artikulua, gutxiengoetaz hitz egiten duena (eta hizkuntza gutxiengoak ere hor sartzen dira); baina hor ere esaten da gutxiengo horretako partaideek eskubidea daukatela bere hizkuntza erabiltzekoa; baina kolektibo eskubidea ez da jasotzen. Eta horrek ez garamatza inola ere hizkuntza eskubideen ofizialtasunerako parametroetara.

Eta bestea Ituneko 1. artikulua da. Herrien autodeterminazio eskubidea. Herriek, autodeterminazio eskubide horren baitan, beren barne eraentza determinatzeko eskubidea dutela jasotzen du horrek. Eta hizkuntza eskubideak eskubide kolektibo bezala hartzen baditugu, hor dugu parametroa.

Baina, beraz, autodeterminazio eskubide batera jo behar dugu, edo autodeterminazio eskubide horrek izan dezakeen eduki linguistiko batera. Ez dago besterik.

Gero, Julenek esan duen moduan, Europar Batasuna dago, eta Hizkuntza Gutxiagotuen eta Erregionalen Ituna. Baina itun honek ez du hitz egiten hizkuntza eskubideez; hizkuntzez hitz egiten du, hizkuntzak preserbatu beharraz. Baina horrela museologiara goaz. Hortik ez dator hizkuntza komunitateen biziraupenik.

Nazioarteko zuzenbidea estatuek definitu dute, ez dute egiten juristek, ez historialariek. Eta Europar estatuen bidea ere estatuen baitan dago eratua.

Hari horretatik tiraka, interesgarria iruditzen zait ze iritzi daukazuen burujabetza beharraren inguruan:

Paul Bilbao

Behatokiak nazioartean Euskal Herriko hizkuntza eskubideei buruzko txostena aurkeztu behar izan duenean arazoa izan du. Nazio Batuen erakundean, gutxiengoen lan-taldean, hizkuntza eskubideen urraketaren berri ezin zen eman. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gertatutako hizkuntza eskubideen urraketaren kasua izan zen bat, eta hori guztia berregokitu egin behar izan zen lan-talde horretan azter zezaten. Beraz, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak nolabaiteko ezintasuna dauka foro horietan hizkuntza eskubideen urraketaren berri emateko; beti ere, halako mozorro baten barruan sartu behar da guk adierazi nahi duguna. (...)

Julen Urbiola

Burujabetzari helduz, hizkuntza normalkuntzarekin lotuta. Burujabetza, zeure interesak zeuk kudeatzea da. Arriskua badu, ordea; burujabetza ez da pilula majiko bat. Begiratu Irlandara, bestela. Irlandan burujabetzak ez dio hizkuntza normalkuntzari ezer eman, momentuz. Finlandian bai; hor izan zuen eragina. (...)

Urko Aiartza

Nik zehaztapen bat egin nahi dut. Burujabetza ezinbestekoa dela diodanean, ez dut esaten nahikoa denik. Horrekin beste elementu bat dator, motibazioa eta identitatearen kontzeptua. Hizkuntza eleaniztasunaren aberasgarritasunaz hitz egiten dugu, baina kontzeptu hori zabaldu den bezala, ikuspuntu ekonomizistatik garatu den kontzeptua da. Eta momentu honetan ikus dezakegu, hizkuntza eleaniztasunaren kontzeptu hori kaltegarria ere izan litekeela gure herrian, parametro ekonomizistetan planteatu delako; eta noski, interesgarria da hemen bi-hiru hizkuntza jakitea, balio ekonomikoa duelako eta munduan ibiltzeko gaitasuna ematen duelako. Baina ze balio ekonomiko eta ze munduan ibiltzeko gaitasun ematen du euskarak? Batere ez. Beraz, hizkuntza eleaniztasunaren baitan, gaztelera, frantsesa, eta ingelesa jakitea da egokia. Horri gehitzen badiogu globalizazioak dakarren giza-mugimendua eta inmigrazioa, esan iezaiozu hona datorren esloveniar bati euskara ikas dezala. Euskara hemengo hizkuntza nazionala dela eta bestela ezin dela izan hemengo nazionala esaten diozu, edo gainerakoan, balio ekonomikorik ez dauka.

Arazo hori mende hasieran Alan uharteetan gertatu zen. Uharte hauek autonomia berezitu hori ezarri zutenean, Alan uharteetako herritartasuna izateko ezinbestekoa zen suedieraren ezagutza. Eta gauza bera Alan uharteetan botoa emateko edo jabetza bat izateko. Orain, ordea, Europar Batasunaren eta mugimendu librearen baitan, hori zalantzan jarri da.

Nola egin behar da, ordea, urrats hori?

Paul Bilbao

Argi dago gaur egun Euskal Herrian edozein herrialdetan bizitzeko, euskararik ez dagoela jakin beharrik. Beraz, horretan eragin beharko litzateke; behar hori sortu behar da herritarren artean.

(...)

1.entzulea

Bueno, betikora bueltatuz.... asunto hauetaz soziolinguistika mundu honetaz eskarmentua badago, bai Bretainian, Finlandian, Suizan, eta abar. Badakigu zerk zer emango duen, eta zerk ez duen ezer ematen. Momentu honetan, eskubide pertsonalen bidez gure hizkuntza salbatuko dugula pentsatzen badugu, gaizki gabiltza. Pentsatzea, beraz, Europako berdintasunak hizkerarentzat zer ekarriko duen... Hemen ez badugu lurraldetasunik, espaziorik....

Momentu honetan badaude bi froga oso nabarmen: batetik, Quebec-en duten indarra; eta hala ere, Kanadakoek ez diete onartzen, hain zuzen ere, lurraldetasuna. Pentsatu zen (...) distrito edo komuna elebakarrak eratzea. Quebec-ek ez du lortu, sekula, Kanadatik joan eta lurraldetasun distritorik. Badakitelako horretan dagoela gakoa; hori gabe Quebec-ekoek ez dute eskubiderik (...) Han ingelesa da nagusi oraindik. (...) Zergatik? lurraldetasunik ez dagoelako.

Hemen, ez dugu ahaztu behar, izan zela “Ley de normalización del euskera” Garaikotxearen garaian. Eta puntu bat ez zuela onartzen esan zuen Madrilek: “... en aquellos ayuntamientos que las soluciones sociolingüísticas profundizan (??) se podrá funcionar sólo en euskera...” hori baztertu egin zen. (...) Espainian ez da posible, beraz, lurraldetasunik; Katalunian ere ez. Legetasun honen barruan, eta optimizazio linguistikorik gabe eta politikorik gabe, hemen jai dago. 

Horren aurrean, era berean, etsipenean erortzea besterik ez zaigu geratzen. Horri buelta emanda, etsipenaren aurrean, zer beste...?

Urko Aiartza

Ez, nik uste dut ez dela etsipena, e. Gauzak argi jartzea nondik jo behar den jakiteko, ez da etsipena. Etsipena da gauzak argi ez edukitzea eta beti bere atzetik jotzea, eta hemendik 20 urtera konturatzea nola gauden. Edo bestela, azter ditzagun Eusko Jaurlaritzak aterako dituen beraien normalizazio prozesuaren ondorioak. Etsipena hortik dator, geure burua engainatzetik. Etsipena da 1982. urtean hausnartu zela euskararen normalizazio legea, esanez hori zela herri honen hizkuntzaren berreskurapenerako oinarria, eta 2000.ean gaudela oraindik galdera hauek egiten, Txillardegik esan duen bezala, soziolinguistikan oinarrizkoak direnean.

(...)

Beraz, 82az geroztik hemen plangintza bat egon da, eta eman duen emaitza oraingoa da: hutsala. Iruditzen zaizue horrekin hautsi behar dela eta hutsetik hasi behar garela? Edo ze ildotatik jarraitu behar dugu?

Urko Aiartza

Paulek esan duenarekin bat, ausardia politikoaren kontua dela uste dut. Administrazioek erabilerari eta abarri buruzko ikerketa asko atera ditzakete; material sobera badago herri honetako errealitatea zein den ezagutzeko. Eta gainera, bizi dugun errealitate honi aurre egiteko nazioartean ze eredu izan diren erabilgarriak eta zeintzuk ez. (...) Gakoa borondate politikoan dago.

Julen Urbiola

Bai baina gai bat ez dugu aipatu. Euskararen lurraldean hiru borondate politikoren baitan aurkitzen gara, zoritxarrez. Nazioarteari begira kontuan izan behar dugu hori. Mugak eraikitzen dituen errealitate latz bat dugu hori. (...) Agian, Euskal Erkidegoan indar gehiago edo ideia bat errotuago baldin badago, ni momentu batean prest nago esateko, “bere osotasuna ez da, baina zerbait bada; aurrera”. Beraz, hori ere eztabaidatu beharko genuke, agian. Edo lurraldetasunaren apustua egin eta kito, edo zatiketa onartu momentu batean, ahal dugun moduan kudeatuz,... ez dakit. Baina hori ere gure artean argitu beharreko zerbait da.

(...)

2. entzulea:

Nik gaurko mahai-inguru honetatik, ondorio gisa ikusten dudana da Europatik edo nazioartetik ezer gutxi espero dezakegula. Azken finean estatuek kudeatzen dutelako, eta esan den guztiarengatik. Nik espero dudana da, beharbada, hizkuntza propioak eta txikiak ditugun herrion arteko elkarlana. Hortxe zerbait egin dezakegula iruditzen zait, eta aurrera begira, inoiz Europaren egitura hori aldatzeko saiakera bat. (...) Nire ustez, herritarroi erausi egin zaigu hizkuntza kontzientzia ere, izate kontzientzia hori, herri bat, kultura bat, hizkuntz komunitatea osatzen dugunaren kontzientzia. Erausi egin zaigu, edo oso gutxitua daukagu. Eta bestetik, iruditzen zait, instituzioetan eta hemen Autonomia Erkidegoan, ... egoera hau mantentzen dela soilik errespetu eza delako oinarri. Egoera hau mantentzen da bigarren mailako herritarrak garelako euskaldunok.

3 entzulea: Galdera bat egin nahi nizuen. Lehen aipatu duzue foro-sozialak sortzen ari direla. Ildo horretatik ari al da zerbait egiten? Zer da dagoena? Euskalgintzaren aldetik hori kontuan hartzen da?

Urko Aiartza

Nik dakidala arazo bat dago: foro sozialak ezkerraren baitatik datoz, eta ezker klasikoak ere erreparazio historiko bat zor die hizkuntza gutxiagotuei, estaturik gabeko nazioei. Eta ezker klasikoak askotan ikuspegi oso chauvinista batetik jardun izan du. Beraz, foroetan planteatu behar den lehendabiziko eztabaida, berriro ere, hori da: benetako ezker bat osatu behar bada, berria, ikuspuntu progresista duten sektoreak ere konturatu behar dira urteetan hizkuntzekiko eta herriekiko eraman duten politika eskuinak eraman duenaren oso antzekoa izan dela.

Paul Bilbao

Oker ez banago, dagoeneko Euskal Herriko gizarte-foroan identitatearen taldea jorratzen ari da; eta Europa mailan antolatu beharreko beste batean ere eztabaida hau plazaratu nahi da, horretan ere gizarte-foroek jarrera bat har dezaten. Eragile batzuk, behintzat, ari dira hor eragiten, hizkuntza eskubideen aferak ere bere esparrua izan dezan halako foroetan.

BAT aldizkaria: 
55. 2005eko ekaina. Euskararen erabileraren eta normalizazio...
Egilea(k): 
Urko Aiartza, Paul Bilbao, Julen Urbiola
Urtea: 
2005