Merkataritza euskalduntzeko plangintzak: Txorierriren kasua

Erantzuna nire ustez garbi dago: tokian tokiko merkataritza establezimendu txikiek gehiago laguntzen diote komunitatearen trinkotzeari enpresa handiek baino. Zergatik? Herri eta auzoetako dendek gizarte harremanak garatzeko aukera ezin hobea eskaintzen dietelako bezeroei. Enpresa handietan, aldiz, gizarte harremanak garatu garatzen dira, baina hauek askoz mugatuagoak dira, gehienetan barne harremanak direlako

Nire iritziz, merkataritza euskalduntzeko plangintzen inguruan gogoeta egin beharko genuke marko teoriko aproposagoa eraikitze aldera. Gaur egun praktikak aurrera egin du, baina teoriak, aldiz, ez, praktikaren atzetik doa nabarmen. Hori dela eta, plangintza eraginkorragoak diseinatzeko eta aplikatzeko teoria berriak egin beharko genituzke.

Plangintza guztietan merkatariei konpromisoa eskatzeaz gain, laguntza ere ematen zaie. Zerbitzu gehienak doakoak dira. Laguntza zerbitzu hauek ez dira berdinak plangintza guztietan, baina nahiko antzekoak bai. Hori dela eta, zerbitzu garrantzitsuenak aipatuko ditut, labur bada ere

zenbait irizpide finkatu ziren merkatariak aukeratzeko. Lehenik, lehenengo urtean 100 komertzioei bisita egitea erabaki zuten. Horretarako, herriz herri kopuruak zehaztu zituzten biztanle kopurua aintzat hartuz. Behin kopuruak zehaztuta, irizpideak finkatu ziren: lehenik, bezeroekin eguneroko tratua zutenengana joatea; bigarrenik, beste dendetara joatea eta, hirugarrenik, ostalaritza alorrekoetara.

Konpromisoak eskatu ez ezik, zerbitzuak ere eskaintzen zaizkie merkatariei. Zerbitzu gehienak doakoak dira. Dena den, hiru urtetan merkatariak ez baditu zerbitzu hauek erabiltzen eta hizkuntza paisaian ez badu aurrerapenik egin bere kabuz, abisu ematen zaio kanpainatik kanporatua izango dela jakinarazteko.

Orain arteko azterketa ahalik eta objektiboen egiten saiatu naiz. Hemendik aurrera, ostera, azterketa ez da horrela izango, kritikoa baizik. Baina azterketa kritikoa egiteko, ez dut Txorierri osoa aintzat hartu, Derio baino ez. Derio da eskualdeko herririk populatuena eta erdaldunena, baita establezimendu gehien dituena ere.

Partaide guztiek aipatzen dute plangintza hobetzeko metodo bezala elkarlana sustatu behar dela. Batzuek hiru eragile aipatzen badituzte ere (merkatariak, erakundeak eta Artez), gehienek laugarren bat ere gehitzen dute. “Kanpainak arrakasta izateko mahaiak lau hanka eduki behar ditu: hanka instituzionala (Txorierriko mankomunitatea), hanka teknikoa (Artez enpresa) eta kanpainan zuzenean parte hartuko dutenak (merkatariak eta bezero euskaldunak)”

Plangintzak publizitatea hobetu behar duela esan digute elkarrizketatu batzuek. Kanpainak daukan eraginkortasuna areagotzeko publizitate handiagoa eta itxurosoagoa egin behar da. Partehartzaile baten iritziz, behar-beharrezkoa da komunikazio plan eraginkor bat diseinatzea eragile guztien artean, Deriok dituen berezitasunak kontuan hartuta.

Plangintzak aurrerapausoak egin ditu hizkuntza paisaian, baina hortik kanpora ezer gutxi lortu du. Gizarte erabileran eragin txikia izan du plan honek, itxura guztien arabera. Beraz, nire ustez, hankamotza da plangintza zentzu horretan. Ezer gutxirako balio du kartel bat euskaraz izateak, hortik aurrerako guztia erdara hutsez izaten bada.

Merkatari euskaldunei ziurtagiri bat banatu behar zaie. Eraginkorra izateko ziurtagiri honek ezaugarri hauek izan beharko lituzke: doakoa izatea, plangintzan parte hartzen dutenei baino ez ematea, gutxienez lan egiten dutenen % 80 euskalduna izatea, hizkuntza paisaian euskarak presentzia izatea (kartel guztiak euskara hutsez ala elebidun) eta eskatzen dutenei fakturak-eta euskaraz ematea. Baldintza hauek betetzen dituzten komertzioei ziurtagiria emango lieke Mankomunitateak eta urtero jendaurrean banatu.

 

MARKO TEORIKOA

Merkataritza euskalduntzeko plangintzak lan mundua euskalduntzeko mikroplangintzen artean koka daitezke. Azken urte hauetan euskarak lan mundura egin behar duela jauzi etengabe aditzen da euskaltzaleen artean. Horretarako, erakundeek, enpresa batzuk eta herri mugimenduek lan mundua euskalduntzeko ereduak garatu dituzte. Plan hauek bi motatako enpresei begira diseinatu dira: enpresa handiei begira eta txikizkako merkataritza establezimenduei begira (baita ostalaritzari eta beste hainbat zerbitzuri begira ere). Artikulu honetan ez dut enpresa handien plangintzak zehatz-mehatz aztertuko, eredua arras ezberdina delako.

Baina zergatik euskaldundu lehentasunez txikizkako merkataritza establezimenduak eta ez enpresa handiak? Galdera hauei erantzuteko euskal soziolinguistikan ez dago helduleku askorik. Hala ere, eragin handien duten bi egileek gaia aintzat hartu dute, zeharka bada ere: Joshua A. Fishman eta Jose Maria Sanchez Carrion “Txepetx”. Bi egile hauek diotena labur-labur hauxe da: merkatari txikiek euskararen erabileran eragiteko gaitasun handiagoa dute enpresa handiek baino.

Zehatzago esanda, Fishman-ek bere Reversing Language Shift (RSL) ospetsuan tokian tokiko merkataritza eta ostalaritza, enpresa mundua baino aurrerago jartzen du. RSLa GIDS izeneko eskala bidez (Graded Intergenerational Disruption Scale) adierazten du berak. Eskala honen bidez, eta atzekoz aurrera, zehazten du zeintzuk izan beharko liratekeen hiztun-herri ahulek finkatu beharko lituzketen lehentasunak bizirik irauteko. Eskala horren arabera, herri eta auzoetako merkataritza 6. mailan dago. Enpresa handiak, ostera, bere eskalaren 3. mailan jartzen ditu Fishman-ek. Baina ez hori bakarrik. Fishman-en ustez, 6. mailan dagoen dislokazioa (familian eta lagunartean, auzoan eta kale-bizitza hurbilean hizkuntzaren egoera kolokan izatea) konpontzen ez bada, alferrikakoa da ahalegin oro. Alderantziz, 6. mailako dislokazioa konponduta, gauzarik zailena eginda legoke.

Txepetxek ere heltzen dio gai honi, baina ez Fishmanek bezain zehatz, honek egiten dizkion erreferentziak lausoagoak baitira. Txepetxek hizkuntza baten normalizaziora heltzeko ezinbesteko pauso moduan hizkuntza komunitatearen trinkotzea ezartzen du (Sánchez Carrión, 1991). Eta zeinek trinkotuko du gehiago euskaldunon komunitatea, gertuko merkataritza euskalduntzeak ala enpresa handi bat euskalduntzeak? Erantzuna nire ustez garbi dago: tokian tokiko merkataritza establezimendu txikiek gehiago laguntzen diote komunitatearen trinkotzeari enpresa handiek baino. Zergatik? Herri eta auzoetako dendek gizarte harremanak garatzeko aukera ezin hobea eskaintzen dietelako bezeroei. Enpresa handietan, aldiz, gizarte harremanak garatu garatzen dira, baina hauek askoz mugatuagoak dira, gehienetan barne harremanak direlako (zenbait kasutan enpresen artekoak ere bai).

Euskal soziolinguistikan itzal handiena duten bi egileek honen inguruan diotena aipatu dut aurreko lerrokadetan. Begi bistakoa denez, ezberdintasunak ezberdintasun nahiko diskurtso parekoa erabiltzen dute biek, tokian tokiko merkataritza euskalduntzeari lehentasuna ematen baitiote enpresa handien euskalduntzeari baino. Baina zer isla du horrek euskara normalizatzeko martxan dauden bi plangintza estrategikoetan (Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian eta Kontseiluaren Bai Euskarari akordioan)? Plan orokor horietan lan munduari egiten zaizkion erreferentzietan bi esparruak agertzen dira, baina ez da bi horien arteko lehentasunik ezartzen.

Orain arte, berba egin dugu etengabe merkataritza euskalduntzeko plangintzen inguruan. Baina zer ulertzen dugu plangintzaz? Gaur egun, berba hau txikle modukoa da, edozer sar baitaiteke horren barruan. Definizio bat eman behar dugu, hala ere: plangintza da “aldez aurretik erabakitako interbentzio edo esku hartze kontziente baten bidez eta egoera berri bat lortzeko asmoz, aldatu nahi den gizarte-egoera jakin baten gain metodikoki eragitea” (Marko, 1995:100). Definizio hau orokorregia bada ere, plangintzen kontzeptuaren barne sartzen diren hamaika adiera biltzeko gai da.

Zelan uztartzen da definizio hau esku artean ditugun plangintzekin? Printzipioz, primeran. Baina zehatzago ere izan zitekeen. Definizioak dio “egoera berri bat lortzeko asmoz”, baina gure kasuan hobe izango litzateke eraldaketaz hitz egitea, Marko Juanikorenaren berbetan eraldaketa soziokulturalaz (Marko, 1996: 85). Izan ere, plan hauek duten berezitasunik behinena horixe da, herri bateko txikizkako merkataritzan hizkuntza ohiturak eraldatzea.

Nolanahi ere, hizkuntza ohiturak eraldatzeko plangintzek, oraindik orain, marko teoriko ahula dute. Euskal Herrian aplikazio praktikoetan aurrerakuntza nabarmenak izan dira azken urteotan, baina aplikazio horiek borobilduko lukeen marko teorikoan ez da horrenbeste aurreratu. J. Inazio Marko irakasleak (Marko, 2001: 43) Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza proposatu du marko teoriko ororen biltzaile gisara. Dena den, eta proposamen honek dituen ahalmenak gutxietsi gabe, nik uste dut ez dela ondo egokitzen aztergai dugun plangintzetara. Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritzak, batez ere organizazioei egiten die jaramon, eta merkataritza euskalduntzeko plangintzetan organizazio gutxi dago. Izan ere, oro har merkataritza establezimendu hauek txikiak izaten dira eta pertsona batek edo gutxi batzuek lan egiten dute eta, beraz, zaila da organizazioei buruz pentsatutakoa aplikatzea.

Nire iritziz, merkataritza euskalduntzeko plangintzen inguruan gogoeta egin beharko genuke marko teoriko aproposagoa eraikitze aldera. Gaur egun praktikak aurrera egin du, baina teoriak, aldiz, ez, praktikaren atzetik doa nabarmen. Hori dela eta, plangintza eraginkorragoak diseinatzeko eta aplikatzeko teoria berriak egin beharko genituzke.

MERKATARITZA EUSKALDUNTZEKO PLANGINTZAK: AZTERKETA KONPARATIBOA

Atal honetan merkataritza euskalduntzeko plangintza gehienak komunean dituzten ezaugarriak nabarmenduko ditut:

  1. Plangintza guztiak herri erakunderen baten magalean eginda daude, normalean toki mailakoa (udala edo mankomunitatea). Hala ere, asko aldatzen da plangintzaz plangintza erakunde bakoitzak betetzen duen papera. Kasu batzuetan, udala da plangintza gidatzen duena enpresa edo euskara elkarte baten laguntzaz. Beste kasu batzuetan, aldiz, euskara elkarte batek gidatzen du eta udalak laguntza ematen du, bere euskara zerbitzuaren bidez.
  2. Plangintza guztiek estrategikoak izan gura dute. Gehienek ez dute epemuga zehatzik (zenbait urteren buruan errebisatzeko ez bada). Izan ere, plangintzek bilatzen dute eraldaketa soziokulturala lortzea eta honen moduko eraldaketak ez dira izaten egun batetik bestera.
  3. Plangintza hauek maiz beste plangintza orokor batzuen baitan sartuta daude. Plangintza orokor horiekin koherenteak dira, beraz, mikroplangintza hauek.
  4. Plangintza guztiak nolabaiteko konpromisoarekin lotuta daude. Hau da, kanpainan parte hartzen duten merkatariek euren borondatez egiten dute eta konpromiso batzuei heltzen diete. Inor ez dago behartuta kanpainan parte hartzera.
  5. Plangintza gehienek honako eskema orokorrari jarraitzen diote:
- Txikizkako merkataritzan euskarak duen egoeraren diagnostikoa egitea.
- Plangintza bera diseinatzea.
- Plangintza egikaritzea.
- Egikaritzearen jarraipena egitea.
Eskema hau oso orokorra da eta ez da zurrun jarraitu beharrekoa.

Plangintza guztietan merkatariei konpromisoa eskatzeaz gain, laguntza ere ematen zaie. Zerbitzu gehienak doakoak dira. Laguntza zerbitzu hauek ez dira berdinak plangintza guztietan, baina nahiko antzekoak bai. Hori dela eta, zerbitzu garrantzitsuenak aipatuko ditut, labur bada ere:

  • - Itzulpengintza edo egokitzapen zerbitzuak: errotuluak, fakturak, kartelak, eta abar euskaratzea. Baita hiztegi sektorialak, faktura ereduak eta bestelakoak ere.
  • - Euskarazko klaseak edo hauetara joateko erraztasunak: bi klase mota bereiz ditzakegu: alde batetik, klase arruntak eta, bestetik, klase berezituak. Azken hauek merkatariei begira egindakoak dira, ordutegi berezietan eta helburu zehatzekin (adibidez, merkataritzako euskara teknikoa). Euskarazko klaseetara joateko erraztasunak hauexek dira: matrikula finantzatu, ordutegiak merkatarien ezaugarrietara moldatu, …
  • - Herri batzuetan Siadecoren ekimenez MEPI izeneko plana jarri dute abian. MEPIk merkataritza euskalduntzeko plan integrala esan gura du: establezimenduaren aspektu guztietan, barrukoetan zein kanpokoetan, eragin gura du, alegia (Siadeco, 2003). MEPI izeneko ekimen honek merkataritza establezimendu bakoitzari banakako proiektua aurkezten dio, haren ezaugarrietara egokituz.
  • - Herri batzuetan merkatariei ziurtagiri batzuk esleitzen zaizkie euren konpromisoen berri eman diezaioten gizarte osoari. Ezagunenak Kontseiluak eskaintzen dituenak[2] dira. Beste ziurtagiri batzuk ere badaude.
  • - Euskara merkataritzara kluba: Gipuzkoako udalerri batzuetan martxan jarri da esperientzia berri hau. Klubarekin plangintza indartu gura izan dute, alderdi afektiboak (klubeko kide sentitzeko guraria, euskararen normaltzean eragile izatea, …) eta alderdi efektiboak (abantaila ekonomikoak, zozketetan parte hartzea, …) lotuz. Zerbitzu hau ez da doakoa, merkatariek urtero kuota bat ordaindu behar dute. Dena den, finantzazioaren zati handi bat udalak estaltzen du (Siadeco, 2003).

Merkataritza euskalduntzeko plangintzen ezaugarriak:

 

1. Herri erakunderen baten babesean

1.1 Udalak gidatu eta enpresa batek edo euskara elkarteak egikaritu

1.2 Herri mugimendu batek gidatu eta udalak lagundu

2. Plangintza estrategikoak, normalean epemugarik gabekoak

 

3. Sarritan plangintza orokor baten magalean

3.1 EBPN herrietan

3.2 Bai Euskarari Akordioa Herrietan

4. Merkatariei konpromiso batzuk hartzea eskatzen zaie: borondatezkoak.

 

5. Eskema bati jarraitzen diote

5.1 Egoeraren diagnostikoa

5.2 Plangintzaren diseinua

5.3 Plangintza egikaritzea

5.4 Egikaritzearen jarraipena

6. Merkatariei zerbitzu batzuk eskaintzen zaizkie (plangintza guztietan ez zaizkie guztiak eskaintzen): zerbitzu gehienak doakoak

6.1 Itzulpengintza edo egokitzapen zerbitzua

6.2 Euskarazko klaseak

6.3 MEPI: merkatari bakoitzari plan berezitua

6.4 Ziurtagiriak banatzea.

6.5 Euskara Merkataritzara Kluba.

1. laukia: merkataritza euskalduntzeko plangintzen ezaugarri nagusiak. Neuk egindakoa.

 

TXORIERRIKO MERKATARITZA EUSKALDUNTZEKO PLANGINTZA:

Plangintza hau 1999an jarri zen martxan eta 2005eko apirilean 101 establezimenduk hartzen dute parte[3]. Plangintza honen ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Plangintza Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak koordinatu eta Artez enpresak kudeatzen du.
  • Txorierrin establezimendu asko dagoenez, lehenengo momentutik guztietara heldu baino, emeki-emeki joatea erabaki zuten plangintzaren arduradunek. Hori dela eta, zenbait irizpide finkatu ziren merkatariak aukeratzeko. Lehenik, lehenengo urtean 100 komertzioei bisita egitea erabaki zuten. Horretarako, herriz herri kopuruak zehaztu zituzten biztanle kopurua aintzat hartuz. Behin kopuruak zehaztuta, irizpideak finkatu ziren: lehenik, bezeroekin eguneroko tratua zutenengana joatea; bigarrenik, beste dendetara joatea eta, hirugarrenik, ostalaritza alorrekoetara. Hala ere, kategoria bakoitzaren artean ere lehentasunak ezarri ziren: 1997an egindako azterketaren arabera, euskara ezagutzarik handiena zutenengana joatea lehenago.
  • Plangintza hau estrategikotzat har dezakegu. Bere helburua Txorierriko merkatarien hizkuntza ohiturak eraldatzeko eragitea da eta hori lortzeko ez du epemuga zehatzik. Une honetan plangintzak 6 urte bete ditu.
  • Plangintza hau plan orokor baten magalean integratuta dago, Txorierriko EBPNn hain zuzen ere. Dena den, aipatu behar da abian jarri zenean Txorierrin ez zegoela EBPNrik. Beraz, geroxeago sartu zen plan orokorraren barruan.
  • Plangintza honek ere konpromisoekin lotura du. Kanpaina honek lau konpromiso eskaintzen dizkie merkatariei. Horietatik lehenengo biak derrigorrezkoak eta beste biak, ostera, borondatezkoak.
    1. Lehenengoaren arabera, merkatariak konprometitzen dira idatziz egingo diren komunikazio guztiak elebidun edo euskara hutsez egitera. Horretarako, 3 urteko epea zehazten da.
    2. Bigarrena berbazko komunikazioei buruzkoa da: euskaldunak bezero euskaldunekin euskaraz egiten ahaleginduko direla konprometitzen dira. Erdaldunak, berriz, dakiten apurra erabiltzera eta langile euskaldunak lehentasunez kontratatzera konprometitzen dira.
    3. Hirugarrenaren arabera, barne funtzionamenduan ere euskara erabiltzeko konpromisoa hartzen dute.
    4. Laugarrenaren arabera, merkatariek euskarazko eskolak hartzeko konpromisoa har dezakete.
  • Konpromiso hauen segimendua ez du Artez enpresak egiten. Horretarako, herri bakoitzean euskaraz bizi diren herrietako erakundeengana jotzen dute. Hauek inkesta bat osatzen dute konpromisoen betetze maila zehaztuz eta merkatariei euren konpromisoa betetzea eskatuz ala konpromisoa hartu izana eta bete izana txalotuz. Lan honi plangintza egikaritzearen arduradunek begiraletza lana deritzote.
  • Konpromisoak eskatu ez ezik, zerbitzuak ere eskaintzen zaizkie merkatariei. Zerbitzu gehienak doakoak dira. Dena den, hiru urtetan merkatariak ez baditu zerbitzu hauek erabiltzen eta hizkuntza paisaian ez badu aurrerapenik egin bere kabuz, abisu ematen zaio kanpainatik kanporatua izango dela jakinarazteko. Honako hauek dira eskainitako zerbitzuak:
    1. Egokitzapen zerbitzua: merkatariek behar duten agirien euskaratzea. Gainera, eskaintzen zaie Artez-ek egindako Merkataritza Hiztegia.
    2. Hizkuntza paisaia euskalduntzeko euskarriak: errotuluak, ordutegiak, …
    3. Euskarazko klaseak: klase hauek Txorierriko Udal Euskaltegian izaten dira ordutegi berezietan eta talde homogeneoetan. Klase hauek diruz lagunduta daude eta euskalduntze eta alfabetatze arruntekoak dira.
    4. Beste herri batzuetan ez bezala, ez zaie merkatariei ziurtagiririk ematen.
    5. Beste herri batzuetan egiten ari diren Euskara Merkataritzara Kluba eta MEPI bezalako ekimenak ere, plangintza honetan ez dute lekurik.
  • Txorierriko merkataritza euskalduntzeko plangintzaren eskema hauxe da:
    1. Diagnostikoa: plangintza martxan jarri aurretik, Txorierriko lau gaztek egin zuten merkataritzan euskararen egoerari buruzko azterketa (Txorierriko Mankomunitatea, 1997). Diagnostikoa, hala ere, inkesta bat baino ez zen izan: merkatariei galdetu zitzaien euren dendetan lan egiten dutenak euskaldunak ala erdaldunak ziren. Inkesta horren emaitzatik abiatuta Txorierriko komertzioan euskarak duen egoera ondorioztatu zuten. Diagnostikoa egin zenetik 8 urte eta plangintza martxan jarri zenetik 6 urte pasa badira ere, ez dago momentuz diagnostikoa berritzeko inolako asmorik (SE1k eta SE5k[4]).
    2. Diseinua: Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak Artez enpresarekin lankidetzan.
    3. Egikaritzea: Artez zerbitzu enpresaren esku.
    4. Jarraipena: Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuaren esku.

TXORIERRIKO PLANGINTZAREN AZTERKETA KRITIKOA: DERIOKO ADIBIDEA:

Orain arteko azterketa ahalik eta objektiboen egiten saiatu naiz. Hemendik aurrera, ostera, azterketa ez da horrela izango, kritikoa baizik. Baina azterketa kritikoa egiteko, ez dut Txorierri osoa aintzat hartu, Derio baino ez. Derio da eskualdeko herririk populatuena eta erdaldunena, baita establezimendu gehien dituena ere.

Plangintzak orain arte egindakoaren balantzea

Balantze hau egiteko ez dut nire iritzia plazaratuko; sakoneko elkarrizketetan eta eztabaida taldean merkatariek, Derioko hainbat eragilek eta plangintza kudeatzeko arduradunek esandakoa ekarriko dut hona.

Oro har, eragile guztiek balorazio gazi-gozoa egin dute. Hala ere, ageriko diferentziak daude euren artean.

Balorazio positiboa eragiten duten faktoreak:

  • Elkarrizketatutako guztiek eta eztabaida taldeko partehartzaile guztiek onartzen dute aurrerapausoak egin direla hizkuntza paisaiari dagokionez.
  • Derion plangintzan parte hartzen duten merkatari kopuruari dagokionez, iritzi kontrajarriak daude. Adibidez, Derioko Udalaren ustez, emaitza oso ona da, kontuan harturik Merkatari Elkartean dauden establezimenduen erdiek hartzen dutela parte. Mankomunitateak ere ondo baloratzen du kopurua, urtez urte igotzen ari dela azpimarratuz. Derioko Tximintx Euskara Elkarteak, ordea, ez du horren ondo baloratzen kopurua. Hauen ustez, Mankomunitatea konformatu da komertzio eta taberna gutxi batzuekin eta besteei ez die ezta bisitarik ere egin.
  • Besteen aldean, Txorierriko Mankomunitateak hobeto baloratzen du plangintza. Euren ustez, merkatariek lortu dute konfiantza izatea planean. Hasieran, merkatari batzuek mesfidantzaz jokatu bazuten ere, denborarekin mesfidantzak desagertuz joan dira eta kanpaina normaltzat hartzen dute. “Hasi dira jada merkatari batzuek deitzen, eurengana joan barik ” (SE5k). Horretaz aparte, ondo baloratzen dute merkatari batzuek euskara ikasteko hartu duten erabakia, nahiz eta bi talde baino ez izan (gaur egun alfabetatze taldeak baino ez du irauten).
  • Iritzi kontrajarriak daude begiraletza lanaren eta euskalgintzaren parte hartzearen inguruan. Artez-ek ondo baloratzen du begiraletza, nahiz eta akatsak izan direla aitortu. Eurek diotenez, elkarte askok ez dituzte ondo betetzen inkestak. Dena den, uste dute bide egokia dela euskalgintza plangintzan inplikatzeko. Mankomunitateak ere ondo ikusten du begiraletza: “Oso garrantzitsua da norbaitek akuilu lana egitea eta merkatariak bultzatzea edo zoriontzea eurek egindako lanagatik ”(SE5k). Hala ere, elkarteen utzikeria ere izan zuen gogoan. “Elkarteak ez daude oso inplikatua eta euren lana ez da izan zitekeen bezain ona ”(SE5k). Tximintx Elkarteak, ordea, ez du iritzi bera. Begiraletza lana berez ez dute txarto ikusten, baina parte hartzeko aukera gehiago eskatzen dituzte, diseinuan, egikaritzean eta ebaluazioan. “Gu parte hartzeko prest gaude, baina gauza guztietan, ez bakarrik lan zikina egiteko ”(SE3k).

Balorazio negatiboa eragin duten faktoreak:

  • Merkatari Elkarteak eta Tximintx Euskara Elkarteak aipatu dute plangintzak izan duen eragina ez dela kalean nabaritu, plangintzak duen akatsik nabarmenena bezala. Eztabaida taldekoek eta udalekoek ere aipatu dute arazo hau.
  • Hiru eragilek aipatu dute merkatarien parte hartze eskasa egon dela plangintzan, baina bakoitzak zentzu batean. Eztabaida taldekoek aipatzen dute ez direla merkatarien iritziak kontuan hartu planaren diseinuan ezta egikaritzean ere. Udalaren ustez, ordea, merkatariek gutxi erabiltzen dituzte eskainitako zerbitzuak. Mankomunitateak ere aipatu du arazo hau. Euren ustez, merkatariak sarritan erosoak dira eta ez dute esfortzu handirik egiten plangintzaren barruan. “Askok kanpaina ikusten dute lan gehigarri bezala, klasera joatea, karteletan esfortzua egitea. Ematen du ez daudela motibaturik plangintzan parte hartzeko” (SE5k).
  • Askoren ustez, kalean ez dago merkataritza euskalduntzeko behar besteko presiorik. “Bezeroek ez dute eskatzen merkataria euskalduna izatea. Eurentzat normala da Derion merkatariek euskara ez jakitea ”(ET1k[5]). “Bezero euskaldunak galtzeko mehatxua egongo balitz, Derioko merkataritza establezimendu gehienak berehala euskaldunduko lirateke ”(SE2k).
  • Eztabaida taldean ere aipatu zuten Artez enpresak garrantzi gutxi ematen diola bisitari. “(Dinamizatzailea) ez dut ezagutzen eta dendara dator beteta dagoenean, eta bi minutuko gauza dela esan eta hortxe dago tipoa. Neuk azkar buka dadila nahi dut eta berak ere antzera. Hala, bi minutu eta handik sei hilabetera arte. Horrela ezin da ganora duen ezer egin” (ET4k). “Ezagutzen ez duzun tipo bat dator karpeta batekin, denda beteta, galdetzen dizu ea zerbait nahi duzun, zuk burua bezeroengan eta, jakina, ezetz esaten diozu eta berak ospa ” (ET5k).

Plangintza Derion hobetzeko proposamenak

Balantzean egin bezala, proposamen hauek ez dira nik egindakoak, sakoneko elkarrizketetan eta eztabaida taldean nik galdekatutakoak baizik.

Partaide guztiek aipatzen dute plangintza hobetzeko metodo bezala elkarlana sustatu behar dela. Batzuek hiru eragile aipatzen badituzte ere (merkatariak, erakundeak eta Artez), gehienek laugarren bat ere gehitzen dute. “Kanpainak arrakasta izateko mahaiak lau hanka eduki behar ditu: hanka instituzionala (Txorierriko mankomunitatea), hanka teknikoa (Artez enpresa) eta kanpainan zuzenean parte hartuko dutenak (merkatariak eta bezero euskaldunak)” (SE3k). Dena den, inork ez du zehazten elkarlana gauzatzeko mekanismo zehatzik.

Metodoaz aparte, bestelako proposamenak ere badaude:

  • Bezero euskaldunen presioa areagotu behar da. Eragile gehienak ados daude honekin, baina inork ez du zehaztu zelan lortu bezero euskaldunek euskara eskatzea merkatariekin egindako transakzio ekonomikoetan.
  • Segimenduak estuagoa behar duela ere esaten dute eragile askok, batez ere merkatariek. Euren ustez, plangintza egikaritzearen arduradunek arreta handiagoa eskaini beharko liekete eta unean uneko arazoei konponbidea eman.
  • Eztabaida taldeko merkatariek aitortu zuten gehienek hartzen zutela parte arrazoi ideologikoak direla eta. Haietako batek, ordea, aipatu zuen plangintza hobetzeko bide egokia izan daitekeela pragmatismoa sustatzea. “Merkataritza gune handiekin lehiatzeko, euskara izan daiteke bide ona, bertako merkataritzaren balioa handitzen duelako, bertakotasuna azpimarratzeko baliagarria delako” (ET4k). Hau da, gaur egun establezimendu txikiek euskara erabil dezakete zentro handiekin lehiatzeko. Euskalduntzea irabazi handiagoekin lotu behar da, euskalduntzea saldu behar da, alegia. Horretarako, denda txikien ezaugarriek bat egin behar dute bertakotasunarekin: “guk eskaini behar diegu bezeroei denda handiek ematen ez dietena: komunikazio zuzena bertako hizkuntzan ” (ET4k).
  • Plangintzak publizitatea hobetu behar duela esan digute elkarrizketatu batzuek. Kanpainak daukan eraginkortasuna areagotzeko publizitate handiagoa eta itxurosoagoa egin behar da. Partehartzaile baten iritziz, behar-beharrezkoa da komunikazio plan eraginkor bat diseinatzea eragile guztien artean, Deriok dituen berezitasunak kontuan hartuta.
  • Merkatari euskaldunak identifikatuko duen ziurtagiria beharrezkoa da. Egia esan, egun horrelako kartel bat badago plangintzan, baina Artez-ek aitortzen duenez, merkatari gutxik eskatu du aipatutako kartela (% 40 inguruk Txorierri osoan, Derion hortik behera). Tximintx-eko arduradunak honakoa eskatzen du: “Kartelarekin jende asko atzera botatzen da. Kartela baino, ziurtagiria behar da, merkatariei abantailak ekarriko dizkien kontua ”(SE3k).
  • Dinamizatzaileak ere sortu du zer esana. Eztabaida taldekoek ez dute begi onez ikusten dagoen dinamizatzailea. Hemendik aurrerakoak honako ezaugarriak izan beharko lituzke, euren ustez: lehentasunez eskualdekoa, komunikatzeko dohainak edukitzea, langilea, mugitua, saltseroa, dinamikoa eta prestua. “Merkatariak zirikatu behar ditu kanpainan sartzeko, lanean aritzeko,… Gainera, mankomunitatekoak mugiarazteko gauza izan behar du, salseatzen abila eta, batez ere, patxada handia izatea merkatariok jasateko ”(ET3k).
  • Begiraletzak ere sortu du zalaparta. Lanaren filosofia egokia dela uste bada ere, gehienen ustez praktikan hobetzeko asko egin daiteke. Esaterako, Mankomunitateko arduradunek honakoa aipatzen dute. “Begiraletza lana hobetzeko bidea ari gara hausnartzen. Agian, beste planteamendu bat egin beharko litzateke: adibidez, lan hori egiten dutenak elkarteak izan beharrean, pertsonak izatea. Azken finean, elkarteek ez dute harreman handirik izaten merkatariekin, hori gehiago da norbanakoen kontua ”(SE5k).
  • Mankomunitateko arduradunek ere aipatu zuten plangintza hobetzeko beste proposamen bat ari direla aztertzen: lizentzia eskatzen duten merkatariei ere aholkularitza zerbitzua ematea: errotuluak zelan euskaratu, euskaraz fakturak eta bestelako agiriak badaudela ohartarazi, plangintzaren berri eman, … (SE5k).
  • Euskara ikastaroei buruz ere zerbait aipatu zuten merkatariek. Euren iritziz, merkatarien beharrei zuzendutako euskara ikastaro bereziak antolatu beharko lirateke. Honen inguruan, nire ustez, gaizki ulertu bat gertatu da. Izan ere, Mankomunitateak horrelako ikastaroak antolatzen ditu plangintzaren barruan, merkatariek eskatutako baldintza berezietan.

ONDORIOAK

Hemen nire iritzia plazaratuko dut, plangintzaren azterketan parte hartu duten eragileek esandakoa laburbilduz eta osatuz, ahal den neurrian behintzat. Nik entzun eta bildu dut partaideek esandakoa, baina azterketan zehar bestelako erantzunak ere topatu ditut.

Orain arte egindakoaren balantzea

  • Plangintzak aurrerapausoak egin ditu hizkuntza paisaian, baina hortik kanpora ezer gutxi lortu du. Gizarte erabileran eragin txikia izan du plan honek, itxura guztien arabera. Beraz, nire ustez, hankamotza da plangintza zentzu horretan. Ezer gutxirako balio du kartel bat euskaraz izateak, hortik aurrerako guztia erdara hutsez izaten bada. Dena den, egia da orain dela sei urte Derioko oso denda gutxietan zeudela euskarazko kartelak eta gaur egun hori normalagoa dela. Baina paisaian bakarrik geratu behar al gara? Helburuen artean badago euskarazko ahozko komunikazioa handitzea, baina helburua izatea eta horren alde zerbait egitea ez da gauza bera. Ematen du ahozko komunikazioa indartzeko egin den gauza bakarra euskarazko eskolak ematea izan dela. Baina gaur egun ez dago merkatarien euskalduntze talderik.
  • Konpromisoen gaira helduta, planak lau konpromiso finkatzen ditu. Dena den, konpromiso batzuk oso generikoak dira (bezero euskaldunekin euskaraz egiten ahaleginduko direla konprometitzen dira). Bestetik, konpromiso horiek, lehenengoa kenduta, ez dute eperik finkatzen. Hirugarrenik, ez dira kontuan hartzen establezimendu bakoitzaren berezitasunak. Taberna batek eta arropa denda batek, agian, ez dute konpromiso bera hartuko, ezta euskaldun batek edo erdi euskaldun batek ere.
  • Begiraletza lanak ika-mika sortu du. Denek bat egiten dute filosofiarekin, baina aplikazio praktikoarekin ez. Euskalgintza inplikatzeko bide ona izan zitekeena, ematen du ez dela horrela. Euskalgintzako eragileek eskatzen dute plangintzan parte hartze erabakigarriagoa izatea, eta ez bakarrik inkestatzaile lana egitea.
  • Bisitak ere aipatuak izan dira. Artez-ek ez diola behar beste garrantzia aitortzen dirudi, merkatariek esandakoaren arabera. Horren inguruan ez dut iritzirik emango, bisitetan ez naizelako egon. Baina argi dago zerbitzua jaso behar dutenak kexatzen direnean kasu egin behar zaiela.
  • azkenik, elkarrizketatu batek aipatu du ez duela nahi adina adierazlerik plangintza baloratzeko. Haren hitzetan: “oso zaila da esatea ondo ala txarto dagoen, ez badakigu zein izan den euren helburua” (SE3k). Egia esan, holako adierazleak aurkitzea lan zaila da. Plangintzaren arduradunek kantitateari gehiago begiratzen ei diote, kalitateari baino.

Hobetzeko proposamenak

  • Elkarlana hitz magikoa da. Azterketan zehar ere sarritan entzun dut delako hitza. Baina inork ez du zehaztu zelan lortu. Elkarlana beharrezkoa dela argi dago, baina mekanismo zehatzak proposatu behar dira. Izan ere, elkarlana ez da sortuko hitza behin eta berriro esatetik, mekanismo egokiak diseinatzetik baino. Eragile guztien artean adostu beharko lituzkete plangintzaren nondik norakoak, erabakiak hartu eta erabakitakoa aurrera eraman. Hori gauzatzeko egokia izan daiteke Merkataritza Euskalduntzeko Kontseilu moduko bat eratzea, non eragile guztiek hartzen duten parte.
  • Konpromisoak zehatzagoak izan beharko lirateke. Horretarako, biderik egokiena establezimendu bakoitzari banakako zerbitzua ematea litzateke. Banakako zerbitzu horrek dendaren ezaugarriak eta langileen ezaugarriak aintzat hartuta establezimendu bakoitzari konpromiso lorgarri batzuk ezarri beharko lizkioke, beti ere merkatariaren adostasunarekin. Horrela, merkatariak inplikatuta ikusiko luke bere burua.
  • Bereziki interesgarria iruditu zaizkit merkatari batek botatako gogoetak. Haren irudiko, euskara “saldu” behar diegu merkatariei, hau da, euskara lotu behar dugu irabaziekin. Gogoeta honek errealitatera igortzen gaitu berehala. Askotan honen moduko plangintzetan lanean gabiltzanok ez dugu ulertu gura izaten dendari txikiek duten helburua ez dela euskararen normalizazioa, euren helburu nagusia dirua egitea da, are gehiago komertzio txikiek bizi duten etengabeko krisi egoeran. Eta dirua egiteko bezeroa pozik egotea da biderik emankorrena. Beraz, euskarak esfortzu gehigarria suposatzen badu eta, gainera, etekinik ez badu ematen, zertarako burua nekatu horrelako plangintza batean.

Azken finean, kanpaina sustengatu eta jantziko duen diskurtso bat eraiki behar dugu eragile guztien artean. Diskurtso honek merkatariak eta kontsumitzaileak babesteko beharko luke, arrazoi pragmatikoak eta ideologikoak uztartuz.

  • Artez-ek bisitari garrantzi gehiago eman beharko lioke. Bisita da, gehienetan, merkatari eta plangintzagileen arteko harremanetarako bide bakarra. Beraz, bisitak itzelezko garrantzia dauka eta ondo prestatu behar da.
  • Merkatari euskaldunei ziurtagiri bat banatu behar zaie. Eraginkorra izateko ziurtagiri honek ezaugarri hauek izan beharko lituzke: doakoa izatea, plangintzan parte hartzen dutenei baino ez ematea, gutxienez lan egiten dutenen % 80 euskalduna izatea, hizkuntza paisaian euskarak presentzia izatea (kartel guztiak euskara hutsez ala elebidun) eta eskatzen dutenei fakturak-eta euskaraz ematea. Baldintza hauek betetzen dituzten komertzioei ziurtagiria emango lieke Mankomunitateak eta urtero jendaurrean banatu.

Gaur egun horren antzekoa den kartel bat badago: “Hemen euskaraz”. Baina gutxik eskatu du orain arte. Merkatari asko atzera botatzen da honen moduko kartelekin. Ziurtagiriarekin ere arrisku hori badago, baina nik uste dut dendari askok saritzat hartuko lukeela, plangintzan aurrerapausoak eman izanaren saritzat.

  • Plangintza duela sei urte jarri zen martxan, diagnostikoa duela zortzi urte. Azken urte hauetan Txorierrin aldaketa handiak izan dira eta bada garaia diagnostikoa berritzeko. Diagnostikoa berritu bai, baina baita aldatu ere. Orain dela zortzi urte egindakotik abiatuz, haratago joan behar da. Sakon aztertu behar du lortutakoa eta lortu ez duena, horien guztien zergatiak eta motibazioak, …
  • Ebaluazioa hobetzera jo behar dugu. Etengabeko ebaluazioa aldarrikatzen da, baina gero ez dira zehazten ebaluazioa egiteko adierazleak. Zer ebaluatuko dugu, ez badugu ebaluatzeko irizpide argirik? Gainera, nik uste dut ebaluazioan ere eragileek hartu beharko luketela parte. Baina parte hartze horrek erantzukizuna eskatzen duen neurrian, erabakitzeko ahalmena ere eskatzen du.
  • Plangintzaren publizitatea hobetu behar da. Txorierritarrek jakin behar dute plangintza martxan dagoela (eta zeintzuk hartzen duten parte). Orain arte, Artez-ek eta Mankomunitateak urtero buletin bat banatzen dute Txorierriko etxe guztietan, baina merkatariek uste dute ez dela nahikoa. Nik uste dut buletinaren bidea egokia dela, baina beste bide batzuk ere urratu ahal direla. Puntu honetan bat egiten dut Tximintx-eko ordezkariak eskatutakoarekin. Berak eragile guztien artean diseinatutako komunikazio plan eraginkorra eskatzen zuen plangintza gizarteratzeko.

BIBLIOGRAFIA

EUSKO JAURLARITZA (1999): Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Gasteiz. Eusko Jaurlaritza.

FISHMAN, Joshua A.(1991) Reversing Language Shift: Theoretical and Empirical Foundations of Assistance to Threatened Languages. (Multilinguals Matters 76) Clevedon-Philadelphia-Adelaide: Multilinguals Matters LTD.

KONTSEILUA (1999): Euskararen normalkuntzarako plan estrategikoa. Donostia. Kontseilua.

MARKO, J. Inazio (1995): “Hizkuntz plangintza herrietako elkarteetan. Azterketa konparatiboa ”. In: Bat aldizkaria 15. Donostia. Euskal Kulturaren Batzarrea.

MARKO, J. Inazio (1996): “Hizkuntzaren normalizaziorako mikroplangintza proiektua Club Deportivo Hernani kirol elkartean ”. In: Bat aldizkaria 20/21. Donostia. Euskal Kulturaren Batzarrea.

MARKO, J. Inazio (2001): “Hizkuntza prozesuen ingeniaritza: proposamen kontzeptuala eta kasu baten aurkezpena ”. In: Hizpide monografiak 4. Donostia. HABE.

SANCHEZ CARRION, J.M. “TXEPETX” (1991): Un futuro para nuestro pasado. Donostia. 2. edizioa. Seminario de filologia vasca Julio Urquijo.

SIADECO (2003): Euskararen alderdi afektiboak eta efektiboak uztartu ditu Euskara Merkataritzara klubak. www.erabili.com/zer-berri/berriak/1051523328.

TXORIERRIKO MANKOMUNITATEA (1997): “Euskararen egoera Txorierriko komertzioetan”. In: Txoriberri aldizkaria 1 zenbakia. Derio. Txorierriko Mankomunitatea.

TXORIERRIKO MANKOMUNITATEA, ARTEZ (2005): Merkataritza euskalduntzen, 7.zkia. Derio. Txorierriko Mankomunitatea, Artez Euskara Zerbitzua.

OHARRAK

 

[1] Artikulu hau HIZNET 03/04 ikastaroan nik egindako sakontze proiektuaren laburpen-moldaketa izan da. Hemendik nire eskerrik beroenak nire tutore izan den J. Inazio Marko Juanikorena irakasleari eta lan hau egiteko lagundu didaten guztiei. Lana eskuragarri dago internet-en www.asmoz.org/HIZNET helbidean.

 

[2] Kontseiluak Bai Euskarari 3 ziurtagiri banatzen ditu: Bidean (euskararen normalizazioan gutxieneko neurriak hartu dituztenei), Guk zerbitzua euskaraz eta Guk zerbitzua eta lana euskaraz.

[3] Horietatik Loiun 6, Sondikan 17, Derion 37, Zamudion 15, Lezaman 7 eta Larrabetzun 19. Establezimendu hauen artean denetarik dago: kioskoak, tabernak, arropa-dendak, janari-dendak … Datu hauek “Merkataritza euskalduntzen” aldizkaritik atera ditut (Txorierriko Mankomunitatea, Artez 2005).

[4] SE eta ET siglek erreferentzia egiten diete egindako sakoneko elkarrizketei eta eztabaida taldeari.

 

BAT aldizkaria: 
55. 2005eko ekaina. Euskararen erabileraren eta normalizazio...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Bizkaia
Egilea(k): 
Jose Ramon Rodriguez
Urtea: 
2005