Elkarrizketa: Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE)

Hasieran nahiko modu erreibindikatiboan sortu zen. Osasun munduan euskararen egoera penagarria zela ikusita, mundu horretan euskara poliki-poliki sartzen joateko sortu zen OEE. Lan munduan, unibertsitatean, liburuetan, .... Pixkanaka gure esparruak mugatzen joan gara, zeren ez baitaukagu guztietara iristeko baliabiderik. Bakoitza bere lan esparruan zentratu da, batez ere.

Gure lagun traumatologo bat zen bera, orain dela bost bat urte hil zena, eta bere kezka nagusia zen euskaraz testu-liburuak behar zirela, horretan hutsune handia genuela. Omenaldi modura, beraz, Agote Sariak sortu genituen, osasunarekin zerikusia duten eta irakaskuntzan txerta daitezkeen testu liburuak laguntzeko sariak.

Tartean Kontseilua ere sartu zen eta salaketa publiko batzuk egin genituen, osasun zerbitzua euskalduntzeko eskaera 2001ean, hain zuzen ere. Oso oso oinarrizko gauzak eskatzen genituen; ez genuen ilargirik eskatzen bat-batean. Udalerri euskaldunetan UEMA presente dagoenez, lehen mailako asistentzia, pediatria, eta oinarrizko zerbitzu horiek, gutxienez, euskaraz “ere” eman zitezela.

Eta medikuen (edo osasun-langilearen) eta gaixoaren arteko harremana oso gauza serioa da. Hor hizkuntzak garrantzi handia dauka, eta jendea ez da konturatzen. Ez da denda batera joan eta ogia eskatzea bezala (hori ere garrantzitsua izan arren). Harreman horretarako Erakunde Ofizialek ez ematea tokian tokiko hizkuntzari duena baino garrantzia gehiago, oso larria da.

Bai, beste arlo oso garrantzitsu bat ere ikusten genuen: medikuentzako, erizainentzako, eta gaur egun erabiltzaileentzako ere bai, hain arruntak diren paper edo medikuntzako txostenak, oharrak, han edo hemen zabaltzen direnak, ... horiek garai batean guztiak gaztelania hutsean zeuden. Guk hor ere eragin nahi genuke; adibidez, medikuak historia klinikoa egiten dizunean, bi hizkuntzetan egon dadila.

Beraz, hemendik tira egin behar dugu, kritikak eginez eta hobetzeko eskatuz. Kritika bat egin genien, derrigortasun indizerik ez zegoela esanez, eta abar. Baina legeari egiten diogun kritikarik handiena da euskara ez dela lan hizkuntza, baizik eta zerbitzu hizkuntza. Uste dut hori oso garrantzitsua dela. Bertako langileari ez zaio laguntza handirik ematen bere burua barrutik euskaldundu nahi baldin badu.

. Beraz, ez dakit: edo ez dute ondo sozializatu Osakidetza euskalduntzeko plana, edo nik uste dut gehiago dela entelekia bat hor dagoena. Bai legea da, papera da, baina ez da praktikara eramaten. Eta praktikara eramateko galderari erantzunez, nik uste dut hor sartu nahi luketenek, traba gehiago dituztela laguntzak baino. Orokorrean nahiko egoera eskasa dela uste dut.

gure kideetako asko Osakidetzako edo Osasunbideko langile dira, eta nekez egingo dio bere etxeari harrika. Jende askori zaila egiten zaio benetan inplikatzea; inplikatu daiteke maila pertsonalean, barrutik egin dezake lana, eta egiten dute; baina horrelako erakunde erraldoi bat bai kanpotik eta bai barrutik euskalduntzeko gauza asko behar dira. Guk kanpotik egin ditzakegun presio-bide guztiak eginda ere, nik uste dut gehiago etor daitekeela gizarteak egiten duen bultzadatik-edo.

Begien bistakoa da jende askorentzat, baina ez dut uste gutxi denik aitortzea azken lau-bost urteotan, nahiz eta Plana egon, nahiz eta Legea onartu, ez direla eman espero genituen pausoak ere. Bere kaskarrean, onartutako Plan hori ere ez da ari betetzen nahi genukeen bezala. Eta sentsazio garratz hori uzten dizu.

. Badira Osakidetzaren barruan formazio-tailerrak, bertako profesionalentzako zabaltzen direnak. Erizainei eta medikuei aholkuak ematen zaizkie bertan. Hori euskaraz emateko aukera bada; baditugu lagunak lan klinikoa egiten dutenak, eta hori erdaraz bezala euskaraz ere eskain dezaketenak. Baina ez dugu inolako laguntza berezirik aurkitzen horrelako gauzak euskaraz ere emateko.

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen sorreraz hitz egiguzu. Ze helbururekin sortu zenuten erakundea?

OEE (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea) 1990eko martxoan sortu zen. Hasieran gutxi ginen, eta han-hemenka biltzen ginen orduko hartan, dispertsio izugarriarekin eta denetik egin nahian. Helburuak oso zabalak ziren. 1930eko martxoaren 30az geroztik erakunde legala gara. OEEk 200dik gora kide ditu, eta 1000tik gora helbide kontrolatzen ditugu. Gure bazkide izateko, urteko kuota txiki bat ordaindu behar da, besterik ez. 200 bazkide bai, baina inor ez daukagu nominapean. Ez daukagu lokalik ere.

Hasieran nahiko modu erreibindikatiboan sortu zen. Osasun munduan euskararen egoera penagarria zela ikusita, mundu horretan euskara poliki-poliki sartzen joateko sortu zen OEE. Lan munduan, unibertsitatean, liburuetan, .... Pixkanaka gure esparruak mugatzen joan gara, zeren ez baitaukagu guztietara iristeko baliabiderik. Bakoitza bere lan esparruan zentratu da, batez ere.

Helburuak ikaragarriak ziren, esan bezala. Ibili gara, zer ateratzen zen edo non eragin dezakegun begiratuta, hor muturra sartzen. Adibidez: UEMAk hizkuntza eskubideen alde aurkezturiko kanpainetan, edo Kontseiluak plan orokorretan aldarrikaturiko hizkuntza eskubideetan.

Gure erakundea, erreferentziazkoa bai baina, oso informala izan da. Garai batean presio talde izaera handiagoa genuen, beharbada, baina gaur egun ez dugu presio talde izan nahi; ez dugu uste hortik bakarrik inora goazenik.

Hizkuntza normalizazioari dagokionez, ze esparrutan eragin izan duzue? Nola zaudete egituratuta?

OEE osasun-alorra euskalduntzeko sortutako erakunde bat da, eta ezer baino lehen, argi gera bedi ez dela medikuntzakoa bakarrik. Osasunaren munduarekin lotura duen edonorentzat da, eta zeuretzako ere, erabiltzaile modura irekia dago. Gertatzen da gutako gehienak medikuak garela, eta gu mundu horretan mugitzen garela gehienbat. Baina badaude erizainak, bestelako profesional sanitarioak, emaginak, etab.

Gure lan talde nagusiak ospitaleetan daude. Donostiako erresidentzian, adibidez, hainbat mediku euskaldun badaude (denak ez dira OEEko kide, noski), eta badago hor nukleo txiki bat, oso aktiboak eta langileak direnak, eta haiek bere taldetxoa daukate. Talde horrek hainbat hitzaldi, hainbat kanpaina jartzen ditu martxan. Hori bezala, ahal duen guztia. Txagorritxun ere egon badago beste talde bat, edo Gurutzetan, edo Basurtun, ...

Beraz, guk egiten ditugun gauzak, norberak bere inguru hurbilean egiten dituenaz aparte, urtero jardunaldi batzuk osasunaren inguruan beti euskaraz: Osasun Jardunaldiak. Hamabost urtean hamabost jardunaldi egin ditugu, 1991tik aurrera. Gaiak denetarikoak izan dira: minbizia, gaixotasun infekziosoak, zahartzaroa, alergia, zainketa paliatiboak, .... Aurtengoak Iruñean izan dira, eta osasun mentalaren inguruan egin dira. Jende kopuru polita biltzen da jardunaldi hauetan, eta maila politeko hitzaldiak egoten dira.

Badauzkagu unibertsitatean irakasle diren lagun batzuk ere, eta mundu horretan egiten dute beren lanik gehiena. Unibertsitatean ikaragarri dago egiteko, eta oso gutxi lortu da orain artean. Irakaskuntza guztia euskaraz egitea da helburua, baina pentsa, Medikuntza bezalako ikasketetan nola gauden....

Unibertsitateko jende hori saiatzen da bere alorra ahalik eta gehien euskalduntzen du. Karrera guztian, bai Medikuntzakoan bai Erizaintzakoan, guztira 70 ikasgai baldin badira, euskarazkoak oso gutxi izango dira, ez bada hasierako zikloan. Ospitaleetan ematen diren ziklo mediko horiek ia erabat gaztelaniaz ematen dira, hori penagarria da. Hor ere indar gehiago egin beharko genuke, baina ez gara alde guztietara iristen.

Gero egin duguna izan da, esan bezala, UEMAk edo Kontseiluak egindako kanpainetan gure laguntza eman. Tarteka-marteka egiten ditugu saio kliniko batzuk ere ospitaleetan, baina maila nazionalean, oro har, aipatu ditudan moduko gauzak egiten ditugu. Horrez gain, eta barrura begira, Agote Sariak ere badauzkagu.

Agote Sarien bidez zer da bultzatu nahi duzuena?

Gure lagun traumatologo bat zen bera, orain dela bost bat urte hil zena, eta bere kezka nagusia zen euskaraz testu-liburuak behar zirela, horretan hutsune handia genuela. Omenaldi modura, beraz, Agote Sariak sortu genituen, osasunarekin zerikusia duten eta irakaskuntzan txerta daitezkeen testu liburuak laguntzeko sariak. Psikologia ikasten ari baldin bazara, edo medikuntza, edo Lanbide Heziketan ere badaude osasunarekin lotuta dauden hainbat adar, etab. Horietan dagoen zuloa ikaragarria denez, edonork aurkeztuko balu proiekturen bat, gero epaimahaiak erabakiko luke zeini eman saria.

Beka moduko bat da; dagoeneko lau eman ditugu. Bat argitaratua dago; bestea oraintxe da argitaratzekoa, Patologiako liburu bat, ikaragarria izango dena, 1000 orrialdetik gorakoa. Karreran horrelako lan bat euskaraz izatea zoragarria da, eta oso garrantzitsua. Guk ematen dugun sari hori ere, laguntza txiki bat izan liteke horretan. Eta gero, gure erakundeak konpromisoa hartzen du argitalpenean ere laguntzeko. Testu horiek oso gutxi saltzen dira, eta beraz, argitaletxeren batek apustu egiten baldin badu horrelako liburu bat argitaratzearen alde, guk lagundu egiten diogu ahal dugun neurrian.

Aipatu dizkiguzu aurretik ere UEMArekin eta Kontseiluarekin batera egindako kanpainak. Azalduko al diguzu bakoitza zer izan den, eta zein helbururekin egin den?

UEMArekin egindako lanari dagokionez, 1999an hasi ginen gu, UEMAk bultzatuta gaiaren inguruan lanean. Ordurako Osakidetzak bazeramatzan 20 urte baino gehiago funtzionatzen, eta euskara arrastorik ere ez zegoen hor. Kezka ez zen gurea bakarrik; kezka herritarrena ere bazen. UEMAk salatzen zuen, Gipuzkoan edo Bizkaian, herri erabat euskaldunak direnetan, Osakidetza bezalako erakunde ofizial baten aldetik ez egotea horrelako kezkarik bertako profesionalak dena gaztelaniaz emateagatik.

UEMAkoek antolatu zituzten sindikatuak (LAB eta ELA hasieratik bukaeraraino), EHE taldea hasieran bazen (baina gero ikusi zuten beraien ustez oso martxa motela zeramala asunto honek, eta desmarkatu egin ziren), eta OEE. UEMA zen bultzatzaile, eta bilerak egiten genituen talde guztiek. Urtebete baino gehiagoan aritu ginen bilera serioak eginez, kalkulatuz egunen batean Osakidetzak bere burua euskalduntzeko planari helduko balio, horrek zer kostu ekonomiko lekarkeen. Sindikatuek oso ondo dakite zer balio duen pertsona baten lanak, pertsona hori ordezteak, edo pertsona bat liberatzeak, eta abar. Ez genuen espero plana oso aurrera joango zenik, baina kalkuluak egitekotan zer ekar zezakeen horrek, ze diru galera izan zitzakeen, eta abar. Zifrak ikaragarriak ziren.

Tartean Kontseilua ere sartu zen eta salaketa publiko batzuk egin genituen, osasun zerbitzua euskalduntzeko eskaera 2001ean, hain zuzen ere. Oso oso oinarrizko gauzak eskatzen genituen; ez genuen ilargirik eskatzen bat-batean. Udalerri euskaldunetan UEMA presente dagoenez, lehen mailako asistentzia, pediatria, eta oinarrizko zerbitzu horiek, gutxienez, euskaraz “ere” eman zitezela. Batez ere biztanle gehienak euskaldunak diren udalerri horietan.

Edo, urrunago begira, lanpostu berriak izendatzen direnean, mesedez, lanpostu horietara jende euskalduna ekar ezazue! Ez ekarri, 2003ko OPEan egin den bezala, oraindik ere jende erdalduna. Ez du balio esateak perfila lanpostuari atxikiko zaionik, baldin eta gero, horrekin batera, lanpostu horretarako jende erdalduna ekartzen bada. Jende erdaldun horrek oraindik ere 35 edo 40 urte baditu, ba 20 urteko bizitza dauka, eta noski, ez badiozu lanpostuari lotzen perfila, jende hori dagoen bitartean jende horrek ez du euskaraz egingo.

UEMArekin egin zen kanpaina hori, beraz, nahiko poliki eraman zen. Gero, postal kanpaina bat ere egin zen; 16.000 postal bildu ziren, eta bai Osakidetzan eta bai Osasunbidean aurkeztu ziren, osasun-langile euskaldunak eskatuz. Ez dut uste inolako gehiegikeriarik egin zenik. Uste dut oso kanpaina neurrikoa izan zela.

Kontseiluarekin egindako kanpainari dagokionez, berriz, azalduko dizuet. Kontseiluak Plan Orokor bat egin zuen, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko. Kirolean egin zuenaz gogoratzen naiz, kirolariak oso erakargarriak direlako, eta kirolari ezagun batzuk erabili zituztelako. Osasun munduari dagokionez, guregana jo zuten, eta denbora izan genuen gauza txukun bat prestatzeko. Pentsatu genuen ezinezkoa zela guztiari heltzea, eta beraz, Hizkuntza Eskubideak Pediatria eta Larrialdi Zerbitzuetan gaiari heldu genion. Kontseiluak onartu zuen, eta halaxe egin genituen 2002ko abenduan topaketak Donostian. Oso ondo joan zen. Iparraldeko jendea etorri zen, Nafarroatik ere bai (abokatu batek hiru zonalde linguistikoetako legea nola zegoen azaldu zuen), ... Legeak beti ematen du eskubidea. Baina gero, legearen tranpak kontuan hartzekoak dira. Osasun Zerbitzua euskaraz jasotzeko guk badugu eskubidea, Nafarroan zona euskaldunean soilik dela uste dut, eta Iparraldean, berriz, hori ere ez. Beraz, eskubidea izango duzu, baina ez da inon hori aitortzen. Iparraldeko lagunek gauza izugarriak kontatu zizkiguten. Adibidez, orain gutxi Iparraldean andre bat ia erdi-ero edo mututzat diagnostikatu zuten komunikatzeko arazoak zituelako, eta erizain euskaldun bat bat-batean konturatu zen euskaraz zekiela eta ez zuela frantsesez ulertzen. Hori orain dela 2-3 urteko kontua da, ez garai batekoa. Oraindik Iparraldean gaur egun badago jende elebakarra. Eta medikuen (edo osasun-langilearen) eta gaixoaren arteko harremana oso gauza serioa da. Hor hizkuntzak garrantzi handia dauka, eta jendea ez da konturatzen. Ez da denda batera joan eta ogia eskatzea bezala (hori ere garrantzitsua izan arren). Harreman horretarako Erakunde Ofizialek ez ematea tokian tokiko hizkuntzari duena baino garrantzia gehiago, oso larria da. Estatu Batuetan, adibidez, ingelesik ez dakien medikurik ezin da imajinatu; eta gainera kanpaina handiak daude kanpotik ekartzen dituzten mediku etorkinei ingelesa erakusteko. Oso ondo funtzionatzen dute. Eta hemen, Euskal Herrian, ez dago sentiberatasun hori. Eta egon daiteke jendea, eskubideaz aparte, osasun-arreta hori bere gogoz euskaraz jaso nahi duena. Hizkuntza Eskubideen Jardunaldi horietan hori aldarrikatzen genuen. Guk geure burua eskaini genuen, zerbitzu horiek ahalik eta gehien euskalduntzeko bide horretan. Baina, askotan, zoritxarrez, paper hutsean gelditzen dira kontu horiek.

Kanpaina horietatik edo elkarlanean egindako ekimen horietatik zer emaitza jaso dituzue?

Gure burua lasaitzeaz gain (euskaldun moduan ditudan eskubideak aldarrikatzea bidezkoa baita), egia esan, ukitzeko moduko emaitzak, oso gutxi. Aurrera goaz, bai, baina oso motel, oso motel. Eta ez da nabaritzen.

Badakizue Benetton-ek zer kanpaina ikusgarri egin izan dituen. Ba, Osakidetzak euskaraz ez zuela arretarik ematen eta, modu horretako kanpaina batzuk egin ziren. Gaixo euskalduna Zaireko edo Zambiako gaixoa bezala zegoela esaten zen, diskriminatua. Ez osasun arreta txarra jasotzen zuelako, baizik eta osasun arretaren barruan hizkuntza arreta ere hor dagoelako. Kanpaina hori, adibidez, jende bati oso gaizki iruditu zitzaion. Kanpaina eraginkorra zen, hizkuntza eskubideak errebindikatuz, gaixoaren arreta txarra salatuz. Baina, horrelako gauzak egiteko, batetik, guk oso indar gutxi daukagu, eta bestetik, errepresentabitatea ere txikia; gu ez gara ezer.

Aipatu dituzunez gain, bestelako hutsunerik nabarmenduko al zenuke osasun munduan?

Bai, beste arlo oso garrantzitsu bat ere ikusten genuen: medikuentzako, erizainentzako, eta gaur egun erabiltzaileentzako ere bai, hain arruntak diren paper edo medikuntzako txostenak, oharrak, han edo hemen zabaltzen direnak, ... horiek garai batean guztiak gaztelania hutsean zeuden. Guk hor ere eragin nahi genuke; adibidez, medikuak historia klinikoa egiten dizunean, bi hizkuntzetan egon dadila.

Hor ere hutsune handia ikusten dugu. Baina, ez bakarrik medikuen eguneroko lanean; zer dibulgazio egiten da edozein aldizkaritan, irratian, edo telebistan? Egiten dira gauzatxo batzuk, baina oso gutxi. Gure asmoa hor ere laguntza ematea litzateke; guk dena ezin dugu egin, baina laguntza emateko prest gara. Esate baterako, irratiak beharra duenean, badaki non gaituen; deitzen badigute, alergiari buruz programa bat egin nahi dutela esanaz, adibidez, gure datu-basean begiratzen dugu eta alergologo euskaldunak baldin badaude, beraien izena ematen diegu.

Alfabetatze tekniko hori, bai medikuena, bai langileena, eta baita jendearena ere, oso inportantea da.

Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko atera den dekretua nola ikusten duzue?

Lehenik eta behin zera esan nahi nuke: ni ez nago Osakidetzaren barruan, eta beraz, lasai hitz egin dezaket bere plangintzaren inguruan, alde txarrak eta onak nabarmenduz. Baina Osakidetzako ospitale bateko medikuak, adibidez, barrutik lan asko egin dezake, noski, baina ezin du egin kanpaina gogor bat bere izenean behintzat. Kontraesana litzateke berarentzako.

Osakidetzaren dekretu horren zirriborroa 2000ko abuztuan etorri zen gure eskutara. Korrika eta presaka (guk bezala, LABek, ELAk, UEMAk, sindikatu medikoak, ....), ekarpenak egin genitzala mesedez. Gu, alde horretatik ez gara oso erakunde formala, baina hala ere bidali genien mezu bat. Kritika bat egiten genion, esanaz: bai baina ez.

Guk Euskal Herrian Euskarazekoekin izan genuen bilera bat, eta haiek ez bezala, pentsatzen genuen hobe zela zerbait egotea ezer ez egotea baino. Egia da ia 25 urteren ondoren oso lege kaskarra atera dutela, baina ezer ez egotea baina hobe dela uste dugu. Egia da soziologikoki trena berandu dabilela, beste aukera hobeak ere egon zitezkeela; baina egon zitekeenetik ezer ez egotera...

Nik badakit Parlamentuan lege hauek aurrera ateratzea ez dela batere erraza. Partidu politikoek ez daukate benetako borondate politikorik; baina klientelismoa dela, edo itxurak egitea dela, eta abar, hau da lortu dena. Beraz, hemendik tira egin behar dugu, kritikak eginez eta hobetzeko eskatuz. Kritika bat egin genien, derrigortasun indizerik ez zegoela esanez, eta abar. Baina legeari egiten diogun kritikarik handiena da euskara ez dela lan hizkuntza, baizik eta zerbitzu hizkuntza. Uste dut hori oso garrantzitsua dela. Bertako langileari ez zaio laguntza handirik ematen bere burua barrutik euskaldundu nahi baldin badu.

Oraindik ere “salbuespenak” daude. Donostiako Ospitalean adibidez, maila batetik aurrera, 40 urtetik gora-edo ia salbuespenak hasten dira, 48 urterekin hartzen dituzte salbuespenak, hortik gorako mediku guztiek salbuespena daukate derrigortze plan baten barruan ez sartzeko. Baina horiei 20 urteko lan-bizitza gelditzen zaie! Beraz, horrek zer esan nahi du, 20 urtean ez duela aurrera egingo? Eta zeini eskatu behar diozu? Zeladore gaixo bati eskatu behar diozu derrigortasuna eta medikuari ez? Ez da serioa. Gu gara lehenengoak hori eskatzen dugunak. Eta entzuna daukat sindikatu abertzaleak ere benetan ez direla batere busti. Beraien afiliatu askok ez dakitela euskaraz, eta orduan ez zaie derrigortasunik interesatzen, ez hizkuntza perfilik, ... Eta lehenago begiratzen omen diete beraien sindikatuko afiliatuaren mesedeari euskarari baino. Hori salatzekoa da.

Legearena badakigu. Baina guk ezin dugu horrekin bakarrik konformatu.

Aplikazio praktikoari dagokionez (nik ez dut egunerokotasun hori kontrolatzen), badauzkat lagunak Donostiako Erresidentzian plan horren aplikazioaren inguruan ibiltzen direnak eta ardurak dituztenak. Ernegatuta dabiltza. Handik eta hemendik trabak topatzen dituzte. Dena traba da euskara martxan jartzeko. Politikoak ateratzen dira, eta zera diote: “hemendik hiru urtera euskalduntze plana aplikatuko da....” Baina non aplikatuko da? Nik ez dut ikusten. Iruditzen zait gehiago dela: “egin dizkigute kritikak, bai, ba beno, eman diezaiegun goxokitxo bat , eta...”

OEEk Plangintzari egin dion ekarpenaren ondoren, zein izan da jaso duzuen erantzuna?

Planaren inguruan guk borondate ona erakutsi dugu jende guztiarekin. Bai Jaurlaritzarekin zuzenean, Osakidetzarekin ere bai, ... Eta ez dizut esango Osakidetzak desplante handiak egin dituenik, baina, honen ondotik, zirriborroaren ekarpenen ondotik, logikoa zen Osakidetzak gu guztiak hartzea, eta gure ekarpenak eztabaidatzea. Itsusia iruditu zitzaigun Osakidetzak eraman zuen bidea: sindikatuak alde batetik hartu, ez dakit nor beste batetik, ... eta gu ez ginenez sindikatu-edo (bileretara joaten ginen arren), ez gintuzten hartu. Iruditzen zait ibili zela “divide y vencerás” estilora, pixka bat. Eta gero horrela atera da atera dena. Askoren ekarpenak ez zituen jaso, eta nahiko hanka motz geratu da legea. Dagoena da, ezer ez egotea baino hobea da, baina hala ere kritikak egin behar zaizkio.

Plana inon aplikatzen hasi denik ikusi al duzue?

Teorian bai, baina adibidez inongo medikuri ez diot entzun oraindik “nire lanpostuari 2. edo 3. hizkuntza perfila ezarri diote hemendik lau urterako, eta nik 2. edo 3. hizkuntza perfilik betetzen ez dudanez, agian kalean geratuko naiz”. Ez dut horrelako kezkarik ikusten medikuen aldetik. Iruditzen zait, egongo dela modua lanean dabilenak salbuespen guztiak hartu eta lanean jarraitzeko.

Osakidetzari, egin duena ere aitortu behar zaio. “Osatuz” izeneko material oso polita atera du; material didaktikoa da, UZEIn egin duguna. Hori material lagungarri bat da, benetan bere burua alfabetatu nahi duen osasun profesionalarentzat (gehienbat medikuentzat) laguntza izan daitekeena. Bai oheburuko medikuentzat eta baita pediatrentzat ere.

Beste kritika bat ere egiten genion Legeari: ez zela ikusten irizpide garbirik zer euskaldundu nahi zuten erabakitzeko orduan. Egin zituzten muestreo batzuk Bizkaiko Txorierrin, eskualde euskalduna delako; badirudi informazioa bazutela zenbat profesional euskaldun egon zitezkeen, baina ez dugu ikusi irizpiderik esateko “beno, hartuko ditugu halako mailako zerbitzuak, edo halako mailako Ospitaleak, eta hemendik gorakoak bai eta hemendik beherakoak ez, ...” Ez dugu ikusten horrelako irizpiderik. Beraz, ez dakit: edo ez dute ondo sozializatu Osakidetza euskalduntzeko plana, edo nik uste dut gehiago dela entelekia bat hor dagoena. Bai legea da, papera da, baina ez da praktikara eramaten. Eta praktikara eramateko galderari erantzunez, nik uste dut hor sartu nahi luketenek, traba gehiago dituztela laguntzak baino. Orokorrean nahiko egoera eskasa dela uste dut. Noski, ezer ez baino hobea da, jakitea Osakidetza ari dela poliki-poliki urratsen bat egiten... Baina oso poliki; nire eta OEEren inpresioa da (eta ez dugu datu zehatzik non egiten duen kale eta non ez esateko) irizpide zehatzik gabe egindako erreakzio bat dela. Hala iruditzen zaigu.

 

Aurrera begirako erronkak. Plangintzaturiko horren gainean nola jokatuko duzue zuek?

Guk daukagun alderdi ahulenetakoa da, arte eta parte garela. Osakidetzarekin (eta Osasunbidearekin Nafarroan) lotura badago; lotura estua baino gehiago, gure kideetako asko Osakidetzako edo Osasunbideko langile dira, eta nekez egingo dio bere etxeari harrika. Jende askori zaila egiten zaio benetan inplikatzea; inplikatu daiteke maila pertsonalean, barrutik egin dezake lana, eta egiten dute; baina horrelako erakunde erraldoi bat bai kanpotik eta bai barrutik euskalduntzeko gauza asko behar dira. Guk kanpotik egin ditzakegun presio-bide guztiak eginda ere, nik uste dut gehiago etor daitekeela gizarteak egiten duen bultzadatik-edo.

Nik orain artean, pertsonalki, ez dut uki daitekeen emaitzarik batere ikusi. Asmoak bai, eta “Osatuz” bezalako materialak politak dira, eta agian martxan jarriko dira (irratia erabiliz, ikus-entzunezkoak erabiliz...). Baina, horrela euskalduntzen al da 20.000 funtzionario edo gehiago dituen erakunde bat?

Osakidetzak EAEn osasun-munduan (eta Osasunbidek Nafarroan beste hainbeste) asistentzia sanitarioaren portzentaje oso altua harrapatzen dute. Badaude sare publikotik kanpora ere profesionalak, baina horietako asko sarearen barruan ere badaude. Eta beraz, sarea euskaldunduko balitz (oso urruti ikusten dudan gauza bat), noski beste alor asko ere aldi berean landu beharko lirateke (komunikabideak, ...). Baina Osakidetza euskalduntzen den neurrian euskaldunduko da osasun mundua ere.

Begien bistakoa da jende askorentzat, baina ez dut uste gutxi denik aitortzea azken lau-bost urteotan, nahiz eta Plana egon, nahiz eta Legea onartu, ez direla eman espero genituen pausoak ere. Bere kaskarrean, onartutako Plan hori ere ez da ari betetzen nahi genukeen bezala. Eta sentsazio garratz hori uzten dizu. Ekimen puntualak egiten dira, taldetxoek egindakoak, baina.... Medikuntza espezialitate bakoitzak badauka bere elkartetxoa (pediatrek berea, kirurgialariek berea,...) eta erakunde horiek ere ez dute euskararenganako benetako sentiberatasunik. Beraz, erakundeak oro har ez du sentiberatasun handirik, eta elkargo medikoek ere ez.

Norberaren lanaz aparte, zirrikitu handirik ez dut ikusten hor eragiteko. OEE bere aldetik saiatzen da gauza berriak proposatzen; FEUSErekin (Farmazialari Euskaldunen Elkartearekin) lankidetzan gauzak eginez, ... Baina oso zaila da munstro ofizial hori mugitzea.

Ekimen txikiak sortzen direla ere egia da. Adibidez, saio klinikoak; medikuek badute ohitura bere laneko bilerak egiteko, Ospitale batean sartzen diren kasu nabarmenenak komentatzeko, etab. Hor, eguneroko elkarrizketaz aparte, medikuek ere ikasi egiten dute beste lagun batek ekarritako kasuak ezagutuz. Horiei saio klinikoak deitzen zaie. Lagun batzuk aspalditik ari dira saio kliniko horiek euskaraz egiten. Baina oso ekintza puntualak dira (nahiz eta horrekin jarraitzeko asmoa daukagun). Edo komunikabideetan egon dadila osasunari buruzko zabalpena egingo duen jendea. Bururatzen zaiguna egiten saiatzen gara, baina....

Osakidetzari eskatu behar zaio benetan hel diezaiola bere buruari. Gu ez gara adituak ez soziolinguistikan, ez linguistikan. Guk gure iritzia eman dezakegu kanpoko “aditu” bezala, osasun profesionalak garelako eta euskararekin kezkatuak gaudelako. Egin diegu egin beharreko kritika, ona eta txarra. Lankidetza ere eskaintzen diegu. Baina hortik aurrera ezer gutxi egin dezakegu.

Egia esan, beste hainbat gauzatan ere ez digute kasurik egiten. Badira Osakidetzaren barruan formazio-tailerrak, bertako profesionalentzako zabaltzen direnak. Erizainei eta medikuei aholkuak ematen zaizkie bertan. Hori euskaraz emateko aukera bada; baditugu lagunak lan klinikoa egiten dutenak, eta hori erdaraz bezala euskaraz ere eskain dezaketenak. Baina ez dugu inolako laguntza berezirik aurkitzen horrelako gauzak euskaraz ere emateko. Edo beste gai bati helduz, unibertsitatean gaiak euskaraz emateko profesionalak badauzkagula esanda ere (plangintza bat eginez gero), gauzak ez dira aldatzen medikuntzan. Sentsazioa nahiko etsipengarria da.

Nafarroa eta Iparraldea

Iparraldeko egoera ez dugu hain ondo kontrolatzen, kide gutxiago ditugulako bertan. Nafarroan, gurearen antzeko egoera dute, oraindik ere traba gehiagorekin lurralde ezberdinak daudelako, euskararenganako erasoa neurrigabea delako...

Aurretik aipatu dudan moduan, Nafarroan Osasun Zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea zona euskaldunean soilik dela uste dut, eta Iparraldean, berriz, hori ere ez. Oraindik orain, Iparraldean andre bat ia erdi-ero edo mututzat diagnostikatu zuten frantsesik ez zekielako, eta erizain euskaldun bat bat-batean konturatu zen euskaraz zekiela eta ez zuela frantsesez ulertzen. Hori orain dela 2-3 urteko kontua da, ez garai batekoa.

BAT aldizkaria: 
55. 2005eko ekaina. Euskararen erabileraren eta normalizazio...
Kokapen geografikoa: 
Euskal Herria
Egilea(k): 
Jabier Agirre
Urtea: 
2005