Justizia Administrazioan euskaraz aritzea posible da

Indarrean dagoen legeriak ezartzen ditu euskararen erabilerarako bide batzuk, baina hutsune nabarmenak daude bide horietan. Eta euskaldunok badugu gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea eta nahia, baina gure borondatean ere bada hutsunerik, ez dugulako behar bezainbeste jotzen Justiziara euskaraz. Une honetantxe, euskararen erabilera normalizatu batetik urruti gaudela esan dezakegu Justizia Administrazioan, eta alde guztietan indartu behar ditugu bideak eta moduak.

Esan bezala, gogoan izan behar dugu atal honetan aipaturiko arauek guztiek onartzen eta babesten dutela Justizia Administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea, eta indarrean dagoen legeria osatzen dutela, zalantzarik izan ez dezagun, gure eskubide hau egikaritzerakoan lege barruan ari garela, pellokeria bat beste baten gainean.

Ene ustetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak legeetan duen kokalekuak, eta lege horien euren goreneko mailak eta garrantziak, berez dakar eskubidearen oinarrizkotasuna eta administrazioak hori babestu, bermatu, eta sustatu beharra. Gorago aipaturiko Espainiako Konstituzioko 9-2. artikulua irakurtzea nahikoa ez bada, eskubide izaera hori bat dator Konstituzioak diseinaturiko Estatu motarekin eta hizkuntza-ereduarekin.

Ostera, legeek zer esan nahi duten argi dago. Euskaldunok euskara erabiltzeko eskubidea dugu Administrazio Publiko guztien aurrean, baita Justizia Administrazioaren aurrean ere (eskubidearen alderdi aktiboa), eta, ondorio logiko modura, Administrazioek euskaraz erantzuteko betebeharra dute, hori benetan gauzatzeko behar diren neurri eta bitartekoak bideratuz (alderdi pasiboa). Konstituzio Auzitegiak Justizia Administrazioarekiko gaur egun mantentzen duen hizkuntza-dotrinaren irizpidea ez dator bat.

Gainera, BJLOko 231. artikulu horrek berdin hartzen ditu gaztelania ez diren beste hizkuntza guztiak, eta inolako ezberdintasunik ez du egiten ofizialak eta ez ofizialak diren hizkuntzen artean. Horrela, tratamendu berbera jasotzen dute gaztelania ez den edozein hizkuntzen hiztunek (demagun, frantsesek, ingelesek, arabiarrek, txinatarrek, euskaldunek, katalanek, edo galegoek), Espainian, Konstituzioak hala ezarrita, gaztelania ez besteko hizkuntza ofizialak badaudela ahaztuta, eta ondorioz, status ofizial hori eta horri lotutako hizkuntza-eskubideak urratuta.

Administrazio Publikoentzako baliagarria den eredu honek –nahiz eta hau ere hobetu beharra dagoen- berdin balio beharko luke Justizia Administrazioarentzako, hau ere botere-zerbitzu publikoa baita eta herritarren eskubideekiko betebehar berberak ditu. Betebehar zorrotzagoak, akaso, herritarren eskubideak bermatzerakoan eta legea betearazterakoan, zeregin berezia baitu Justizia Administrazioak.

Justizia Administrazioak, horrela, arreta handiagoa jarri behar du herritarrekiko dituen harremanetan, baita hizkuntza-eskubideen inguruan ere. Hortaz, ofizialkidetasunak, hizkuntza-eskubideen errespetuak, maila berezi bat hartzen du harreman zehatz hauen esparruan: ezinbestekoa da Justizia Administrazioak bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eta erabiltzeko gai izatea, herritarrari, bere eskubidearen egikaritzan aukeratutako hizkuntza edozein delarik ere, behar duen erantzuna eman dakion.

Justizia Administrazioak bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar hori zientzia-fikziozkoa iruditu dakigukeen arren, kontua da euskaldunok hori lortuko dugun egunean ez dugula ezer berririk asmatuko. Atzerriko herrietako sistema askotan topa ditzakegu oso bide interesgarriak, eta horietatik ikasi, aspalditik ari baitira herri eleanitz asko hizkuntza-eskubideak behar bezala arautzen eta bermatzen. Beraz, erreparatu diezaiogun Zuzenbide Konparatuari

Esan nahi baitut, Justizia euskalduntzeko dugun behar honetan lehendabiziko urratsak ematen ari garela, corpus juridiko euskalduna landuz eta profesional euskaldunak trebatuz. Zinez uste dut pausu horiek sendoak direla, eta bide onean gaudela, baldin eta ahalegin horiek guztiak testuinguru egokian kokatzen baditugu: euskarak zalantzarik gabe dauka Zuzenbidearen eta Justizia Administrazioaren lan-hizkuntza izateko gaitasuna, eta epe ertain-luzean kokatu behar dugu gure begirada, arazo juridiko eta judiziozko prozesu guztietan euskaraz aritzeko gai izango garen zerumuga horretan

Egia ere bada egungo Justizia Administrazioaren egoerak euskaldunon nahi asko ere uxatzen dituela. Benetan uste dut egoera honek euskararekiko eskaeran eragin zuzen eta handia duela. Justiziara jo behar duen herritarrak arazo juridiko bat du, eta ez nolanahikoa, eta horri hizkuntza aukera jakin bat egiteak sortzen duen arazoa gehitu behar dio. Ez baitira debaldekoak izaten euskaldunok Epaitegietan jasotzen ditugun begirakuneak, eta horiek erabaki judizialetan eraginik izan dezakeen susmoak.

Pellokeria dirudi artikulu honen izenburuak, baina kontua zera da, gaur egun Justizia Administrazioan dagoen euskararen erabilera mailari so eginda, horrelako pellokeriak ere zalantzan jartzeko modukoak direla. Izenburuak berez behar du labur izan, eta laburtasunaren eskasiak sortzen ditu hainbat galdera eta zalantza: benetan da posible Justizia Administrazioan euskaraz aritzea? Eta posible al da euskara hutsean aritzea, hau da, norabide guztietan gertatzen diren komunikazioak eta diskurtsoak euskaraz izatea? Indarrean dagoen legeriak babesten al du euskararen erabilera Justizia Administrazioan? Hutsunerik badu legeria horrek? Eskubiderik ba ote dugu euskaldunok epaitegietan euskaraz aritzeko? Eskubide horrek betebeharrik ba al dakarkio Justiziari? Eta baliabiderik jartzen al dute Justizia Administrazioari lotutako eragileek herritarrok euskaraz egin dezagun?

Eta beste hainbat galdera eta zalantza mordo bat. Horiei guztiei baiezko erantzuna eman behar diegu, baina onar dezagun egia: gaur egun, baiezko hori erabat boluntarista da. Unean uneko borondateen menpe baitago euskara esparru honetan. Auzi honetako bi aldeetatik ikusita, hain zuzen, Justiziaren zein herritarron aldetik begiratuta, borondatea baita eskas dena, edo areagotu beharko duguna. Indarrean dagoen legeriak ezartzen ditu euskararen erabilerarako bide batzuk, baina hutsune nabarmenak daude bide horietan. Eta euskaldunok badugu gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea eta nahia, baina gure borondatean ere bada hutsunerik, ez dugulako behar bezainbeste jotzen Justiziara euskaraz. Une honetantxe, euskararen erabilera normalizatu batetik urruti gaudela esan dezakegu Justizia Administrazioan, eta alde guztietan indartu behar ditugu bideak eta moduak.

Hori dela eta, bi alderdiak aztertu nahi ditut artikulu xume eta, hau ere bai, boluntarista honetan. Hasteko, zati luzeenean, euskaldunok ezagutu dezagun zein bide edo babes ematen digun legeak Justiziaren aurrean ditugun arazoetan gure hizkuntza erabiltzeko. Bestetik, amaiera aldera eta labur, euskaldunok ere zein ahalegin gauzatu behar dugun jakin dezagun, bide horiek benetakoak izan daitezen eta, horiek hobetu beharraz ari garenean, hobetu behar hori ere benetakoa izan dadin.

Sarrera hau amaitzeko, azken ohartxo bat: Arabaz, Bizkaiaz, eta Gipuzkoaz arituko naiz artikulu honetan, Euskal Autonomi Erkidego deitzen den honetan baitauka ofizialtasun ustez osoa euskarak. Nafarroa, Lapurdi, eta Zuberoa ez ditut nahi beste ezagutzen, eta hanka sartu baino hobe nago isilik.

1.- LEGEEN ARABERA, JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAN EUSKARA ERABILTZEKO ESKUBIDEA DUGU HERRITARROK.

Hau ere beste pellokeria bat ote den galdetuko du inork, baina ez pentsa zalantzan jartzen ez denik. Ez bakarrik euskara erabiltzeko inolako beharrik ez dagoela eta gaztelania baino hizkuntza unibertsalagorik ez dela pentsatzen eta normalean elebakar den jende askoren aldetik. Zenbat aldiz jaso izan dugu abokatuok bezero euskaldun baten duda-muga, epaitegira euskaraz jotzeko aukeraz berba egin eta harrituta gelditu izan dena.

Bada, Espainiako Erresuman euskara erabiltzeko eskubidea Oinarrizko Arauek aintzatesten duten hizkuntz eskubidea da, eta herritarron eskubide honek Estatuko botereen betebeharra dakar, honako arauen arabera:

Espainiako Konstituzioko 3. artikuluko 2. paragrafoa: “Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz”. Konstituzioko 9-2. artikuluaren arabera: “Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomi-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere”. 14. artikuluak, bere aldetik, zera ezartzen du: “Espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta”. 24-1. artikulua: “Gizabanako guztiek eskubidea dute, beraiei dagozkien eskubide eta interes legitimoak egikaritzean, epaile eta auzitegien babes eragingarria lortzeko, eta ezin daiteke inoiz ere babesgabetasunik gerta”. Azkenik, 10-2. artikulua: “Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei buruzko arauak interpretatzeko, kontuan hartuko da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, bai eta gai berberen inguruan Espainiak berretsi dituen nazioarteko tratatuak eta itunak ere(1).

Euskal Autonomi Erkidegoko Estatutuko 6. artikulua ere aritzen da honetaz: “Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea (...) Hizkuntza dela-eta, ez da inor gutxietsiko”.

Nazioarteko arauen artean, zera dio Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 2. artikuluak: “Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko (...) hizkuntza, (...) edo beste inolako gorabeheragatik”. Zentzu berean arautzen dute 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Hitzarmenak; 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Hitzarmenak; 1992ko Gutxiengo Nazional, Etniko, Erlijioso eta Linguistikoetako kide diren pertsonen eskubideen gaineko Adierazpenak; Kultur aniztasunaren gaineko UNESCOren Adierazpenak; eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak.

Azkenik, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna nabarmendu beharra dago. Itun hau zuzenean aplikatu beharreko zuzenbidea da Espainian, 2001 urtetik hona, 2001eko irailaren 15ean argitaratu baitzuen Estatuko Aldizkari Ofizialak, Itunaren berrespen tresna. Eta berrespen tresna horretan berariaz jasotzen da Espainiako Erresumak Itunaren 9-1. artikulua bere osotasunean onartzen duela. 9-1. artikulu honen arabera, laburbilduz, “jurisdikzio-organoek, aldeetako batek eskatuta, prozesua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan gara dezatela ezartzeko” konpromisoa hartu zuen Espainiak.

Esan bezala, gogoan izan behar dugu atal honetan aipaturiko arauek guztiek onartzen eta babesten dutela Justizia Administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea, eta indarrean dagoen legeria osatzen dutela, zalantzarik izan ez dezagun, gure eskubide hau egikaritzerakoan lege barruan ari garela, pellokeria bat beste baten gainean.

2.- HERRITARRON ESKUBIDEAK ADMINISTRAZIOAREN BETEBEHARRA DAKAR, ETA KONSTITUZIOAK AUKERATUTAKO HIZKUNTZA-EREDUAK HORRELA ESKATZEN DU.

Tira. Eskubidea badugu. Baita etxebizitza duin eta egoki baterako (Konstituzioko 47. artikulua), edo lanerako eta ordainsari egoki bat jasotzeko eskubidea ere (35. artikulua), baina zertan gelditu dira hauek? Euskaraz aritzeko eskubidea lau haizetara aldarrikatzeaz konformatu beharko, edo botere publikoek badute deiadar horri erantzuteko betebeharrik?

Ene ustetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak legeetan duen kokalekuak, eta lege horien euren goreneko mailak eta garrantziak, berez dakar eskubidearen oinarrizkotasuna eta administrazioak hori babestu, bermatu, eta sustatu beharra. Gorago aipaturiko Espainiako Konstituzioko 9-2. artikulua irakurtzea nahikoa ez bada, eskubide izaera hori bat dator Konstituzioak diseinaturiko Estatu motarekin eta hizkuntza-ereduarekin.

Konstituzioaren aitzinsolasak ematen du lehendabiziko aztarna: “Espainiako nazioak, justizia, askatasuna eta segurtasuna ezarri, eta hura osatzen duten guztien ontasuna bultzatu nahi du, eta, bere subiranotasuna erabiliz, hurrengo borondatea aldarrikatu du: Espainiar guztiak eta Espainiako herri guztiak babestea giza eskubideen egikaritzan, baita beraien kultura eta tradizioak, hizkuntzak eta erakundeak ere”. Eta 3-3. artikuluak irizpide hau berresten du: “Espainiako hizkuntza moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du(2).

Funtsezko aldarrikapen horiek egin eta gero, ofizialkidetasunean oinarritutako hizkuntza-eredu bat ezartzen du Konstituzioak zalantzarik gabe: hau da, Estatuaren espainiar hizkuntz ofiziala gaztelania dela dio (3-1. artikulua) eta beste hizkuntzei ofizialtasun bera aintzatesten die norbere Autonomi Erkidegoan (3-2. artikulua).

Ofizialtasun horrek zer esan nahi duen, eta ea eskubide-betebehar bikotea sorrarazten duen jakiteko, Konstituzio Auzitegiak berak esandakoa baino hoberik ez da, 1986ko ekainaren 26ko 82/1986 Epaian:

Konstituzioko 3-1. eta 2. artikuluak eta honekin bat datozen Autonomi Estatutuetakoek osatzen dute hizkuntza-aniztasunaren arauketaren oinarria(...), Espainiako Konstituzioaren “hizkuntza-ereduaren lerro nagusien” barruan, Estatuko Abokatuaren hitzetan. (...) Hizkuntza bat ofiziala da, bere errealitatea edo fenomeno sozial modura duen pisua edozein delarik ere, botere publikoek euren artean eta subjektu pribatuekiko dituzten harremanetarako komunikazio-bitarteko arrunt modura onartzen dutenean, balio eta efektu juridiko osoekin. (...) Horren ondorioz sortzen den koofizialtasunak autonomi lurraldean kokatuta dauden botere publiko guztiak hartzen ditu, Administrazio zentralaren eta zentzu hertsian estatuko beste erakundeen menpe dauden organoak salbuetsi gabe. (...) Hizkuntz koofizialtasun estatutua duten lurraldeetan, partikularrek edozein hizkuntza ofizial erabiltzeak balio juridiko osoa du, beraz, lurralde horretan kokaturiko edozelako botere publikoekin dituzten harremanetan, pertsonek hizkuntza ofizial bat erabiltzeko duten eskubidea Konstituzioan eta dagokion Autonomi Estatutuan oinarritutako eskubidea delarik. (...) Azken finean, hizkuntza baten ofizialtasunak berez eragiten du kasu batzuetan botere publikoek beraien eginbideak eta herritarrarekiko harremanak hizkuntza horretan garatu beharra, interesatuak hori aukeratu eta horretarako baliabideak jarri direnean (...) euskaraz artatua izateko eskubidea (“derecho a ser atendido en euskera”), prozedura hizkuntza honetan hasten eta bultzatzen denean, koofizialtasunaren ondorio logikoa da, eta hori ukatzea gutxiagoko “status” batean jartzea litzateke. Eta administratuak euskara erabiltzeak, sekula, Estatuko edo Autonomiako Administrazioari zailtasunak eragiten badizkio, zailtasun horiek erabaki konstituzional baten emaitza dira eta ezin dira izan erabilpen hori funtsik gabe uzteko aitzakia”.

Arranopola. Horrelakoak esan al ditu bada Konstituzio Auzitegiak? Esan, idatzi, sinatu, eta argitaratu. Eta nolatan orduan Justizia Administrazioaz aritzen denean egiten duen salbuespena? Beste askotan bezala, legezkotasun printzipioa albo batera utzita, egokiera printzipioa garaile, borondatea, aukera politikoa. Hurrengoa itzulpen gabe ere ulertuko dute: “donde dije digo…”.

Ostera, legeek zer esan nahi duten argi dago. Euskaldunok euskara erabiltzeko eskubidea dugu Administrazio Publiko guztien aurrean, baita Justizia Administrazioaren aurrean ere (eskubidearen alderdi aktiboa), eta, ondorio logiko modura, Administrazioek euskaraz erantzuteko betebeharra dute, hori benetan gauzatzeko behar diren neurri eta bitartekoak bideratuz (alderdi pasiboa). Konstituzio Auzitegiak Justizia Administrazioarekiko gaur egun mantentzen duen hizkuntza-dotrinaren irizpidea ez dator bat.

Eta hori gutxi bada, Europako oinarrizko Itun batekin borobiltzen du Espainiak bere legedia: Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Itunaren arabera, Espainiak jurisdikzioko organoen aurreko prozesua euskaraz garatzeko konpromisoa hartu zuen 2001ean. Feedback delakoa bakarrik ez, hots, Ituna ez da Justiziaren eta herritarren arteko komunikazioez bakarrik ari, prozedura osoaren hizkuntzaren gainean ari da, herritarrok horrela eskatuta, prozesu osoa (eztabaida juridiko-dialektikoa, frogak ebazpenak, epaiak…) guk aukeratutako hizkuntzan bidera dadin.

Konstituzio Auzitegiak Justizia Administrazioaren esparruan gaur egun mantentzen duen hizkuntza-dotrinaren irizpidea ez dator bat lege, arau eta nazioarteko itunen esanahiarekin, baina une honetantxe mugiezin dirudien irizpide hori aldatzerik bada. Okerrak zuzentzea jakintsuen ezaugarria bada, Auzitegia jakintsuz bete arte itxaroten egon beharrean (luze jo dezake horrek), aldaketa hori bultzatzeko guk geuk ere egin beharko dugu ahaleginik.

3.- LEGEAK ERE BADITU HUTSUNEAK.

Konstituzio Auzitegiaren dotrina bakarrik ez, zenbait lege ere moldatu beharra dago maila goreneko arau horietara egokitzeko. Hutsuneak handiak baitira prozesuaren hizkuntzaren eta eskubideen bermearen auzi honetan.

Prozeduraren hizkuntza Botere Judizialaren Lege Organikoko 231. artikuluak arautzen du nagusiki, horrekin bat datozen beste artikulu batzuekin batera. 231. horren arabera, “1.- Jarduera judizial orotan, Epaile, Magistratu, Fiskal, Idazkari eta epaitegietako zein auzitegietako gainerako funtzionarioek GAZTELANIA, hau da, Estatuko hizkuntza ofiziala, erabiliko dute. 2.-(...) Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala ere ERABILI AHAL IZANGO DUTE, baldin eta ezein alderdik aurka egingo ez balu, hizkuntza ez jakiteak defentsagabezia eragingo lukeela alegatuta. 5.- (...) Ahozko jardueretan, Epaileak edo Auzitegiak INTERPRETE izendatu ahal izango du erabili den hizkuntza hitz egiten duen edozein pertsona, zin egin edo hitz eman ondoren”.

Artikulu horrek, beraz, epaileek euskara erabili ahal izatea xedatzen du, baina ez erabili BEHAR izatea, eta ahozko jardueretan bakarrik arautzen du interpreteen partehartzea. Gainera, BJLOko 231. artikulu horrek berdin hartzen ditu gaztelania ez diren beste hizkuntza guztiak, eta inolako ezberdintasunik ez du egiten ofizialak eta ez ofizialak diren hizkuntzen artean. Horrela, tratamendu berbera jasotzen dute gaztelania ez den edozein hizkuntzen hiztunek (demagun, frantsesek, ingelesek, arabiarrek, txinatarrek, euskaldunek, katalanek, edo galegoek), Espainian, Konstituzioak hala ezarrita, gaztelania ez besteko hizkuntza ofizialak badaudela ahaztuta, eta ondorioz, status ofizial hori eta horri lotutako hizkuntza-eskubideak urratuta.

Halaber, gaztelania ez den beste hizkuntza ofizial bat erabiltzeak hizkuntza hori ezagutzen ez dutenei babesgabezia eragin dakiekeela onartzen du artikulu horrek, baina ez da sekula onartzen kontrakoak, hots, hizkuntza ofizialaren erabilpena ukatzeak, babesgabeziarik eragin dezakeenik.

BJLOko 231. artikulu horri erreparatzen dio Konstituzio Auzitegiak Justizia Administrazioaren esparruan hizkuntza-eskubideen inguruan erabaki behar duenean. Hots, lehen aipaturiko 1986ko irizpide zabal eta zuzena albo batera utzita edo, hobe esanda, irizpide hori Justizia ez diren beste administrazio guztiei bakarrik aplikatuta, judiziozko prozeduraren hizkuntza gaztelania dela mantentzen du Auzitegiak, eta bestelakoentzako, ofizialak izan edo ez, itzulpen sistema nahikotzat jotzen du. Adibidez, 1997ko urriaren 1ean emandako ebazpenean: “errekurtsogileek eta beraien letradu defentsariek ahozko judizioan euskaraz aritzeko egin zuen eskariari emandako erantzuna da, juridikoki funtsatua eta logikoki neurrizkoa dena; arrazoi hori dela bide, horiek ezin dituzte babes-demandan salatzen diren eskubideak urratu, alegia, babes judizial eraginkorrerako eskubidea, berme guztiak izango dituen prozesu baterako eskubidea eta defentsa-eskubidea”.

Aitzitik, nire ustetan, BJLOko 231. artikuluak ezarritako arauketa eta Konstituzio Auzitegiak egindako interpretazioa ez datoz bat Konstituzioak ezarritako hizkuntza-ereduarekin eta judiziozko prozeduran eman beharreko bermeekin eta printzipioekin (bereziki, hurrentasun printzipioa). Hori dela eta, erabat beharrezkoa da biek –legeak eta dotrinak- dituzten hutsuneak eta okerrak onartzea eta aldatzea.

Helburu hori bilatu zuen Bizkaiko Probintzi Auzitegiko 1. Sekzioak Konstituzio Auzitegiari igorri dion inkonstituzionaltasun auzi edo kuestioak, 2004ko urriaren 1ekoak (3). Hain zuzen ere, BJLOko 231. artikulua Konstituzioaren aurkakoa ote den galdetu zion Bizkaiko Probintzi Auzitegiak beste hari, herritarrak euskara hutsean epaitua izateko eskubidea aldarrikatu zuen zigor-arloko epaiketa baten karira. Duela gutxi jakin dugu Konstituzio Auzitegiak atzera bota duela Probintzi Auzitegiaren galdera hori, baina ongi etorria eman behar diegu honen moduko ekimenei, argudio juridiko sendoak aurkeztuz arrazoi juridikoa onartu beharko baitzaigu noizbait.

Beste alde batetik, Justizia Administrazioak eta bestelako Administrazio Publikoek duten arauketa ezberdinaz ere behar da aipuren bat egin. Esan dut Konstituzio Auzitegiak berak ezberdintzen dituela bata zein bestea, baina horrek legeetan ere badu isla. 30/1992 Legeko 36. artikuluak ezarritakoaren arabera, prozedura administratiboak interesatuak aukeraturiko hizkuntza ofizialean izapidetuko dira. Interesdun ezberdinen artean ezadostasunik balego, gaztelania da arau honek ezartzen duen hondarreko hizkuntza (hau zalantzan jartzerik ere bada), baina agiriak eta lekukotzak aukeratutako hizkuntza ofizialean eman beharko ditu Administrazioak.

Administrazio Publikoentzako baliagarria den eredu honek –nahiz eta hau ere hobetu beharra dagoen- berdin balio beharko luke Justizia Administrazioarentzako, hau ere botere-zerbitzu publikoa baita eta herritarren eskubideekiko betebehar berberak ditu. Betebehar zorrotzagoak, akaso, herritarren eskubideak bermatzerakoan eta legea betearazterakoan, zeregin berezia baitu Justizia Administrazioak.

Justiziaren kasuan, hortaz, bermeak eta betebeharrak zorrotzagoak diren heinean, hizkuntzen ofizialkidetasunaren inguruko kontzeptuak eta arauak berrikusi egin behar dira, eta horiek guztiak Konstituzioak diseinaturiko hizkuntza-eredura egokitu.

Nire iritziz, herritar guztion hizkuntza-eskubideak bermatzeko, aukeratzen dugun hizkuntza ofiziala edozein delarik ere, Justizia Administrazioan ezarri behar den formulazioa honakoa da: judiziozko prozeduraren hizkuntza herritarrak aukeratutako hizkuntza ofiziala izan behar da; horrek esan nahi du eginbide eta jardun guztiak aukerako hizkuntza ofizial horretan landu eta garatu behar direla; prozesuan alderdi edo herritar bakarra dagoenean, ez da inolako zalantzarik izan behar; eta prozeduran bi alderdi edo gehiago izanez gero, hizkuntza ofizial desberdinak aukeratzen badituzte (ezadostasun edo “discrepancia” hitza albo batera utzita), bi hizkuntza ofizialetan eraman beharko da prozesua, hau da, prozesuak elebidun izan beharko du, horrek bakarrik bermatzen baitu ez zaiola inori babesgabeziarik eragingo.

4.- HIZKUNTZA-ESKUBIDEAK GAUZATZEKO BIDE BAKARRA JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA ELEBIDUNA IZATEA DA.

Berriz diot, Justizia Administrazioa botere publikoa da, eta Konstituzioaren eta Legeen menpe dago, derrigorrezkoa zaiolarik herritarren eskubideak, hizkuntza-eskubideak kasu honetan, gauzatu ahal izateko behar diren neurriak hartzea eta betearaztea.

Justizia administratu beharraz ari garen honetan, gainera, ezaugarri propioak ematen dira: edozein judiziozko prozeduratan erabakitzen diren gaiek berebiziko garrantzia dute auzitara doan herritarrarentzako (egoera pertsonalak, askatasunaz gabetzeko zigorrak, ondare eta pertsona eskubideak, egoera administratiboak, lan harremanak, eta abar), eta hori dela eta prozedura-arau eta berme bereziak ezartzen dira judiziozko prozesuetan, Justiziaren eta herritarren artean sortzen diren harreman bereziak ez baitira nolanahikoak.

Justizia Administrazioak, horrela, arreta handiagoa jarri behar du herritarrekiko dituen harremanetan, baita hizkuntza-eskubideen inguruan ere. Hortaz, ofizialkidetasunak, hizkuntza-eskubideen errespetuak, maila berezi bat hartzen du harreman zehatz hauen esparruan: ezinbestekoa da Justizia Administrazioak bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eta erabiltzeko gai izatea, herritarrari, bere eskubidearen egikaritzan aukeratutako hizkuntza edozein delarik ere, behar duen erantzuna eman dakion.

Judiziozko prozedura hizkuntza da. Hizkuntzaren bitartez ezartzen dira alderdi bakoitzaren jarrerak, hizkuntzaren bitartez igortzen mezu juridikoak, eta hizkuntzaren bitartez bideratzen eztabaida juridikoak. Erabakia ere, epaia, hizkuntzaren bitartez ematen da. Hots, judiziozko harremanak, eztabaidak eta erabakiak dialektikoak dira.

Eta maila honetan funtsezkoa da epailea, prozesuko eragile nagusia, mezu juridikoa eta eztabaida dialektikoa herritarrak aukeraturiko hizkuntzan zuzenean jasotzeko eta erantzuteko gai izatea. Berarekin batera, noski, baita beste eragile guztiak ere. Hau da, ene ustetan, Justizia Administrazioak elebidun izan behar du, eta horrek eskatzen du berau osatzen duten eragile nagusiek, epaileek, magistratuek, eta idazkariek, egokia den kopuruan, bi hizkuntza ofizialak ezagutu eta menperatu behar izatea.

Ministerio Fiskalari ere heltzen dio betebehar honek, noski. Espainiako Konstituzioko 124. artikuluak ezarritakoaren arabera, “Fiskaltzaren eginkizuna da, bestelako organoek dituzten zereginei kalterik egin gabe, justiziaren ekintza bultzatzea, legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legeak babestutako interes publikoa defendatzea, ofizioz edo interesdunek hala eskatuta(4). Beraz, ezin zaio “alderdi” izaera onartu zentzu honetan, eta ezin du bere buruarentzako aldarrikatu herritarrei dagokien hizkuntza-eskubidea, eskubide hori bermatzea eta betearaztea baita bere funtzioa, hain zuzen ere.

Irizpide hauen arabera, Konstituzio Auzitegiak nahikotzat jotzen duen itzulpen sistema ez da hizkuntza-eskubideak bermatzeko bide egokia. Itzultzaileek egunero egiten duten lan txukuna oso aintzakotzat hartu behar dugun arren, itzulpen sistemak ez du judiziozko prozeduretan sortzen diren harreman dialektikoetan behar bezain besteko funtzioa betetzen. Itzultzailea mezu juridikoaren igorle eta hartzailearen artean ezartzen den bitartekoa da, filtroa, eta ez dio epaileari mezu juridikoa bere jatorrian eta osotasunean hartzen uzten. Eten egiten du harreman dialektiko hori, eta unean uneko zailtasunaren eta gaitasunaren esku uzten du mezu juridikoa zuzenki igorri eta jaso ahal izatea.

Beraz, itzulpen sistemak hurrentasunaren oinarrizko printzipioa urratzen du, eta kolokan jartzen du herritarrak babes judizial eraginkorra jaso ahal izatea. Xede horretarako, ondorioz, nahitaezkoa da Justizia Administrazioak euskara ezagutzea eta erabiltzeko gai izatea, behar diren neurriak hartuz.

5.- ATZERRIKO ADIBIDEEI ERREPARATUTA, JUSTIZIA ETA HIZKUNTZA-ESKUBIDEAK UZTARTZEKO BIDEAK EGON BADAUDE.

Justizia Administrazioak bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar hori zientzia-fikziozkoa iruditu dakigukeen arren, kontua da euskaldunok hori lortuko dugun egunean ez dugula ezer berririk asmatuko. Atzerriko herrietako sistema askotan topa ditzakegu oso bide interesgarriak, eta horietatik ikasi, aspalditik ari baitira herri eleanitz asko hizkuntza-eskubideak behar bezala arautzen eta bermatzen. Beraz, erreparatu diezaiogun Zuzenbide Konparatuari (5).

Adibidez, Italian, Bolzanoko Probintzian epaile izan ahal izateko derrigorrezkoa da alemaniar talde etnikoko kide izan eta alemaneraren hizkuntza-gaitasuna frogatzea. Suitzan berdintsu, Friburgo, Berna edo Valais-eko Kantoi elebidunetan, hizkuntza ofizial biak ezagutzea betekizuna da hala epaileentzako nola justiziari lotutako langileentzako; are gehiago, Suitzako Auzitegi Federaleko Magistratu postuetarako hizkuntza-kuotak daude ezarrita, kasu bakoitza jatorrizko prozeduraren hizkuntza berberean erabaki ahal izateko. Kanadako Quebec estatu federatuan, baina baita Auzitegi federaletan ere, prozesua zuzentzen duen epaileak bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar ditu, herritarrek hala eskatuz gero, interpreterik gabe ulertzeko eta erantzuteko gai izan daitezen. Belgikako adibidea ere berdina da: lurraldeka zatikatuta daude hizkuntza ofizialak eta epaitegiak, baina Bruselako eskualdean lan egin ahal izateko elebidunak izan behar dute epaileek.

Betekizun horiekin batera, hizkuntzaren araberako eskuduntza- eta banaketa-arauak aurreikusten dituzte herrialde horietako legeriek.

Gure kasura ekarrita, bermatu beharrekoa Justizia Administrazioa elebiduna izatea litzateke. Eta horren antolakuntzaren barruan, aztertu beharrekoa da euskara ezagutzen ez duten epaileak, magistratuak, eta idazkariak nola euskaldundu, edo zer nolako epaile, magistratu, eta idazkari elebidun kopurua behar den, goragoko Auzitegietan eta kide askotako organoetan nola antolatu, zein baliabide material eta pertsonal jarri xede horren zerbitzura. Aztertu beharreko bideak eta zailtasunak asko dira, baina Konstituzio Auzitegiaren beraren hitzak errepikatuta, “zailtasun horiek erabaki konstituzional baten emaitza dira eta ezin dira izan [hizkuntza-eskubide] hori funtsik gabe uzteko aitzakia”.

6.- GUZTIA ERE EZ DA BASAMORTU.

Bide luzea dugun arren, euskaldunok jakin behar dugu urrats xume baina sendo batzuk ematen ari direla Zuzenbidea eta Justizia euskaraz lantzeko ahalegin horretan. Horietako batzuk laburtuko ditut, datu guztiak ere ez baititut nire esku (eta aldizkari honetako beste artikulu batzuek hobeto jasoko baitiuzte), baina argazki positibo baten isla izango direlakoan nago.

Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateetan geroz eta irakasgai gehiago ari dira ezartzen euskaraz, eta urtero-urtero ateratzen da lizentziatu mordoska bat profesionalki ere, Zuzenbidearen edozein esparrutan eta lanbidetan, euskaraz aritzeko gai izango dena.

Fakultate horiek, gainera, sendo heldu diote lege-testuak eta eskuliburuak euskaratzeari, profesionalon esku hain baliagarriak diren lan-tresnak jarriz (6).

Bizkaian, Zuzenbide Lizentziatuek abokatutzarako prestakuntza praktikoa euskaraz jasotzeko aukera dute Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Praktika Juridikorako Eskolan.

Abokatuen Elkargoek ere jartzen dituzte abokatu euskaldunak herritarren esku, Ofiziozko eta Atxilotuei laguntzeko Txanden bitartez. Garrantzizkoa da zerbitzu hau egon badagoela jakitera ematea, euskaldunok nahi izanez gero ofiziozko abokatu euskalduna izan dezagun.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ere abian jarri ditu hainbat ekimen esparru honetan (7): aipagarriak dira Euskara Batzordeak epaitegi eta auzitegi guztientzako lantzen dituen idazki-eredu euskaldunak eta Euskararen Erabilera Sustatzeko Programen barruan dauden esperientzia pilotuak.

Bukatzeko, epaitegietako itzultzaileen lana ere nabarmendu behar dut. Zerikusirik ez dauka itzulpen sistema behin-betiko baliabide modura errefusatzeak, egun itzultzaileek egiten duten lana aintzat hartu beharrarekin. Berdin idatziak itzultzerakoan nola bat-bateko interprete lanak egiten dituztenean, kontua da itzultzaileek ematen digutela, gaur egungo behin-behineko egoeran, epaitegien aurrean euskaraz aritzeko modua. Eta oso lan txukuna egiten dute ahalegin horretan. Aztertu beharko luke Eusko Jaurlaritzak itzultzaileen lan baldintzak hobetzea, gai juridikoetan etengabeko prestakuntza sistemak abian jartzea, eta orokorrean itzulpen lana hobetuko lukeen hainbat neurri. Baina, egia esan dezagun, txalotu beharrekoa da gaur egun ematen duten zerbitzua.

Esan nahi baitut, Justizia euskalduntzeko dugun behar honetan lehendabiziko urratsak ematen ari garela, corpus juridiko euskalduna landuz eta profesional euskaldunak trebatuz. Zinez uste dut pausu horiek sendoak direla, eta bide onean gaudela, baldin eta ahalegin horiek guztiak testuinguru egokian kokatzen baditugu: euskarak zalantzarik gabe dauka Zuzenbidearen eta Justizia Administrazioaren lan-hizkuntza izateko gaitasuna, eta epe ertain-luzean kokatu behar dugu gure begirada, arazo juridiko eta judiziozko prozesu guztietan euskaraz aritzeko gai izango garen zerumuga horretan, Zuzenbidearen eremu honetan nahastuta gauden profesional nahikoa euskaraz lan egiteko gai izango garen egunean.

Eta ahalegin horiek guztiek baldintza bat behar dute arrakasta izateko: euskaldunon erabilera.

7.- EUSKALDUNOK JUSTIZIA EUSKALDUNA ESKATU ETA ERABILI BEHAR DUGU.

 

Legearen eta Justizia Administrazioaren hutsuneez aritu gara, baina egia ere bada euskaldunon erabileran hutsuneak ere badaudela. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden Epaitegi eta Auzitegietan euskarak zer nolako eskaera duen jakiteko estatistikei egin beharko diegu so, baina jakin badakigu oso eskasa dela euskarak jasotzen duen eskaera.

Egia da mendeetan euskarak ez duela presentziarik izan Zuzenbidearen eta Justiziaren munduan, eta hizkuntza boteretsuago batek irentsi duela esparru hori oso denbora luzean. Euskaldunok, “kontu serioetaz” aritzen garenean, gurea ez den hizkuntza batera jotzeko dugun joerak izango du azalpenik; hizkuntzen arteko dominazio harreman horietan, ez naiz jakitun.

Egia ere bada egungo Justizia Administrazioaren egoerak euskaldunon nahi asko ere uxatzen dituela. Benetan uste dut egoera honek euskararekiko eskaeran eragin zuzen eta handia duela. Justiziara jo behar duen herritarrak arazo juridiko bat du, eta ez nolanahikoa, eta horri hizkuntza aukera jakin bat egiteak sortzen duen arazoa gehitu behar dio. Ez baitira debaldekoak izaten euskaldunok Epaitegietan jasotzen ditugun begirakuneak, eta horiek erabaki judizialetan eraginik izan dezakeen susmoak.

Azken finean, aldarte zakar edo samurrak medio, gure hizkuntza ezagutzen ez dutenen begiradan beti dakusagu sakoneko galdera berbera: guztiok dakigun hizkuntza baten bitartez komunikatu ahal izanda, zein behar duzue zuen hizkuntza xelebre horretan aritzeko?

Bada, badugu beharra, eta premiazkoa gainera. Espainiarrek gaztelaniaz, frantziarrek frantsesez, eta alemanek alemanez aritzeko duten behar berbera. Eta eskubidea. Eta ez dut uste azalpenak ematen denborarik galdu behar dugunik. Egin behar duguna eskubide hori egikaritzea da, gauzatzea, gure hizkuntza erabili eta gure hizkuntza galdatzea. Gizartearen esparru guztietan eta, noski, baita Justizia Administrazioan ere.

Horregatik, zinez uste dut euskaldunon ardura dela zerbitzu publiko hori euskaraz eskatzea, Epaitegira jo behar dugun guztietan. Egungo behin-behineko egoera honetan ahalegin handia dela ezin uka, baina ezta ere baliabideak eta profesionalak baditugula gure esku, horiek erabiltzen hasi behar dugula.

Eskariak erakusten du beharra, beharrak sortzen du eskaria, eta abokatuok askotan erabiltzen dugun froga-printzipio baten arabera, eskakizun bat egiten duenari dagokio eskaera horrek oinarririk duen frogatzea. Beraz, euskaldunoi dagokigu Justizia Administrazioan euskaraz aritzea posible dela eta horren beharra dugula frogatzea. Izenburuan jarri dudan bezala, posible da, legearen eta eskura ditugun baliabideen arabera, baina hutsuneak nonahi daude, eta horiek konpondu behar ditugu.

OHARRAK

(1) Espainiako Konstituzioaren itzulpena: Euskaltzaindia eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutua: Espainiako Konstituzioa/Constitución Española, Deustuko Unibertsitatearen argitarapena, Bilbo, 2004.
(2) Ikus aurreko oharra.
(3) Bizkaiko Probintzi Auzitegia, 1. Sekzioa, Prozedura laburtuko apelazioko 228/04-1 erroilua, 2004.10.01eko Autoa.
(4) Hau ere Deustuko Unibertsitatearen itzulpenetik hartu dut.
(5) Iturria: La Administración de Justicia en un Estado plurilingüe, Zuzendaria: Iñaki Agirreazkuenaga Zigorraga, “Cuadernos de Derecho Judicial” argitalpena, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Madril, 1999.
(6) Ikus Interneten, adibidez, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak egindako argitalpenak (http://www.iev.deusto.es/publicaciones/default.asp?lang=EK) eta Liburutegi Juridiko Elebiduna:
(http://www.iev.deusto.es/bibliotecajuridica/textoslegales/default.asp?lang=EK).
(7) Ikus Justizia.net web-orria, eta horretan:
http://www.justizia.net/Normalizacion/default.asp?Idioma=eu.
BAT aldizkaria: 
55. 2005eko ekaina. Euskararen erabileraren eta normalizazio...
Kokapen geografikoa: 
EAE
Egilea(k): 
Esteban Umerez
Urtea: 
2005