EAEko Justizia Administrazioaren euskara normalkuntza

Bestalde, Justizia Administrazioari datxekionetik, 10/1982 Legearen

E

uskara ikastaroak:

bi taldetan banatzen dira: batetik, pertsonal transferitua (epaitegietako funtzionarioak: ofizial, laguntzaile eta agente) eta, bestetik, fiskalak, magistratuak, epaileak eta idazkari judizialak. Dekretuak, bestalde, banakako planak jasotzen ditu, euskara ikastaroetara doazenentzat.

Euskara erabiltzeko programak: “

Esperientzia pilotu”en bidez eman zitzaien hasiera 2001eko urrian eta epaitegietan euskararen erabilera areagotzea zuten helburu nagusi.

Euskararen erabilera proiektua EAEko Justizia Administrazioan ezartzerakoan, 2001eko udazkenetik aurrera, besteak beste, bi izan dira helburu nagusiak: batetik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea Justizia Administraziotik bideratzen den zerbitzutik eta, bestetik, hainbat urtetan Justizia Administrazioko funtzionarioen euskalduntzean inbertitutakoa errentabilizatzea.

Baina, proiektuaren helburuak zehaztu orduan, estrategiak ere bideratu behar dira eta hor, hain zuzen ere, Justizia Administrazioaren ezaugarri bereziekin egiten dugu topo:

Esperientzia pilotuetako talde bakoitzak bere helburuak jarri zituen, beren bulego judizialetan euskararen erabilera bultzatzeko, baina, lehenik eta behin, herritarren hizkuntza eskubideak kontuan hartuta.

Metodologiari dagokionez, kalitate taldeen metodologia erabili da eta epaitegietako langileek talde txikitan jardunda adostu dituzte helburuak, betiere, epaitegietako agintedunen onespenarekin eta Jarraipen Batzordearen bermearekin.

Baina, dena den, epaitegien osaketak eta funtzio ezberdinek jarduera oso diferenteak egitera eraman gaitu, batez ere, idatzizkoen arloan; izan ere, batetik, dokumentuen bilduma oso diferenteak daude eta, bestetik, dokumentuok egiteko “gailu”ek ez dute zerikusirik elkarrekin (euskarri informatikoak, izapidetze eskemak, informazioaren kudeaketa…). Hortaz, idatzizkoen arloari dagokionez:

Ahozkoen arloan, lehenik, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatze aldera jo dugu eta, “lehen hitza euskaraz” konpromisoak landu dira esperientzia pilotuetako taldeetan, beranduago, gaitasun handiagoko funtzionarioekin trebatze mintza-saioak, bizkaieran sakontzeko ikastaroak, edota terminologia moduluak egiteko.

Justizia Sailburuordetzak, 117/2001 Dekretua osatu nahian eta Justizia Administrazioa bere osotasunean hartuta, Justizia Administrazioaren Hizkuntza Normalkuntza Plan Nagusia burutu zuen 2004ko otsailean. Plan horretan Justizia Administrazioarekiko eragile guztiak begiztatu dira, elkarrizketa bidez, lantaldeen bidez, eta erkaketa taldeen bitartez; lehenik eta behin, egoeraren diagnosia egiteko eta, bigarrenik, planaren helburuak, ildo estrategikoak, eta jarduera planak zehazteko.

EAEko Justizia Administrazioan, ahaleginak ahalegin, badirudi urrats batzuk eman direla euskararen normalkuntzan, baita aurrera begirako euskarriak jarri ere. Halere, normalkuntzarako bidean jarri ahal diren helburuak eta erritmoak molda badaitezke ere, Justizia Administrazioarekiko harremanetan dagoen eragile multzorik handiena herritarrak dira, baita atzeraelikadura prozesuetako elementurik nabarmenena ere; izan ere, erakunde publikoak herritarrak zerbitzatzeko daude.

1. SARRERA

25 urte betetzear badira ere Euskararen Arauzkotzeko Legea[1] onartu zenetik EAEn, zenbait erakundek egindako emaitzen azterketei erreparatuz gero, euskararen normalkuntza oso urruti dago oraindik.

EAEko Justizia Administrazioari dagokionez, urrats batzuk eman dira, nahiz eta oraindik badagoen zeri ekiterik. Honako lan honen bitartez, labur-labur bada ere, EAEko Justizia Administrazioan euskararen normalkuntzan izandakoak erakutsi nahi dira. Baina, lehenik eta behin, Justizia Administrazioa diogunean, zertaz ari gara? Horretarako, ohar pare bat aurreratuko ditugu:

1. Ondorio judizialetarako, Estatuaren lurralde-antolaketak mugapen geografikoak ditu eta, beroietan zerbitzua emateko, organo judizial bereziak jartzen ditu; hau da:

Udalerria: izen bereko administrazio-mugapenarekin bat dator, bake-epaitegia du zerbitzua emateko eta maila goragoko Justizia Administrazioaren zerbitzurik ez dagoen udalerri guztietan dago bake-epaitegi bat.
Barruti judiziala: udalerri batez edo probintzia bereko hainbat udalerri mugakidez osatutako lurralde-batasuna da eta, oro har, beste zerbitzu batzuez gain, Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko epaitegi batek edo gehiagok osatzen dute. EAEn 14 barruti judizial daude (bi, Araban, eta, seina, Bizkaian eta Gipuzkoan).
Probintzia: izen bereko administrazio-mugapeneko lurralde-mugekin bat dator. Gure autonomia erkidegoan, hiru Probintzia Auzitegi daude.
Autonomia erkidegoa: auzitegi nagusien lurralde-eremuarekin bat dator. EAEren kasuan, Auzitegi Nagusia Bilbon dago.

2. Baliabideen kudeaketari dagokionez, 1988. urtean Estatuko Gobernutik egindako lehen transferentzietatik hasi eta 1996. urtean pertsonalari dagozkionetara iritsi zen. Hala ere, oraindik ere epaitegietako funtzionarioak “nazional”ak dira eta, bestalde, epaileak Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren menpean daude; fiskalak, berriz, Estatuko Fiskaltza Orokorraren menpean eta idazkari judizialak, azkenik, Justizia Ministerioaren menpean.

2. EUSKARAREN NORMALKUNTZA EAEKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAN

Hizkuntza normalkuntzaren garapenaz aritu aurretik, lehenik eta behin, merezi du jakitea zein diren ditugun erakundeen eskuduntzak eta eragin eremuak; izan ere, normalkuntza ekimenek babes juridikoaren araberakoak izan ohi dira.

2.1. EAEko Justizia Administrazioan euskarari atxikitakoa

Justizia Administrazioan euskararen erabilerak duen inguruabar juridikoa, nagusiki, honako hauetan dago jasota: Espainiako Konstituzioan, EAEko Autonomia Estatutuan, Botere Judizialaren Lege Organikoan (BJLO), Europako eremu urriko edo eskualdeko hizkuntzen Gutunean eta 117/2001 Dekretuan.

a) Espainiako Konstituzioa

Espainiako Konstituzioaren 3. art.aren arabera:

  • Gaztelania da estatuko hizkuntza ofiziala eta espainiar guztiek dute gaztelania ezagutzeko betebeharra, baita erabiltzeko eskubidea ere.
  • Gainontzeko hizkuntza espainiarrak ofizialak izango dira dagozkien autonomia erkidegoetan, kasuan kasuko estatutuek xedatutakoaren arabera.

Hortaz, gaztelania jakin beharra dago, baina, ez, ordea, euskara.

b) Euskadiko Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua

Autonomia Estatutuaren 6. art.ak zehazten du euskara dela EAEko berezko hizkuntza eta, gaztelania bezalaxe, hizkuntza ofiziala dela eta herritar guztiek dutela ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Bestalde, Justizia Administrazioari datxekionetik, 10/1982 Legearen[2] arabera, herritarrek Justizia Administrazioarekin dituzten harremanetan nahi duten hizkuntza ofiziala aukeratu ahal dute, eta ezingo zaie itzulpenik eskatu. Horrez gain, euskaraz aurkeztutako agiriak eta idazkiak baliodunak izango dira eragin guztietarako.

c) Botere Judizialaren Lege Organikoa (BJLO)

BLJOren 231. art.aren arabera, jarduketa judizialetan itzulpena erabiliko da alderdietakoren batek, hizkuntza ez dakiela-eta, defentsa-gabezia alegatzen badu. Bestalde, 341. artikuluaren arabera, berezko hizkuntza ofiziala jakitea merezimendu gisara baloratuko da berezko hizkuntza ofiziala duten autonomia erkidegoetako organo jurisdikzionaletan karrera judizialeko kideen lanpostuak betetzeko.

d) Europako eremu urriko edo eskualdeko hizkuntzen Gutuna

Espainiako Gobernuak 2001ean berretsi zuen Europako eremu urriko edo eskualdeko hizkuntzen Gutuna. Besteak beste, Gutunaren 9. art.ari jarraiki, organo jurisdikzionaletan herritarrek beren eremu urriko edo eskualdeko hizkuntza erabili ahal izango dute eta, jarduketa horietarako, beharrezkoak izatekotan, interesdunentzat doakoak izango lirateke interpretarien edota itzultzaileen lanak.

e) 117/2001 Dekretua[3], EAEko Justizia Administrazioko hizkuntza normalkuntzarako neurriak finkatzen dituena.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak euskara normalkuntzako neurriak finkatzen dituen 117/2001 Dekretua 2001eko ekainean onartu eta argitaratu zuen[4]; baina, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen dekretu horren kontra, eta Auzitegi Konstituzionalak indarrik gabe utzi zuen euskalduntzeko plangintza behin-behinekoz. 2002ko ekainean, ordea, Auzitegi Konstituzionalak berrikusi egin zuen[5] urtarrilean hartutako erabakia eta, ondorioz, indargabetzea kendu zion Dekretuari, baina, behin betiko ebazpena eman gabe; izan ere, oraindik ez dago behin betiko ebazpenik. Indargabetzea kendu ondoren, dena den, berriztapen batzuk txertatu dira euskara ikastaroetarako programetan:

  • Banakako planak: euskara prestakuntza etenik gabea eta adostua izateko, funtzionario bakoitzarentzako planak diseinatu dira dagokion hizkuntza eskakizuna lortu arte.
  • Konpromisoak: euskara ikastaroetara doazen funtzionarioek hitz ematen dute euskararen erabilera programetan parte hartuko dutela.

Hortaz, EAEko Justizia Administrazioan euskararen normalkuntzarako neurriak zehaztu eta inplementatzearena ez dago Eusko Jaurlaritzaren esku “soil-soilik”. Honela, bada, 117/2001 Dekretuaren eragin esparrua ere mugatua da, hau da, ez die eragiten EAEko Justizia Administrazioko langile guztiei; izan ere, transferitutako langileei[6] baino ez die eragiten (ofizial, laguntzaile, agente judizial, eta auzitegiko medikuak). Gainontzeko kideentzat (magistratu, epaile, fiskal eta idazkari judizialak)[7], ordea, kasuan kasuko hitzarmenek zehazten dute nola jokatu edo zein eratako hizkuntza-normalkuntza neurri hartu.

Dekretuan jasotako normalkuntzarako neurriak, bestalde, hiru arlotakoak dira:

  • Hizkuntza eskakizunen esleipenak: kidego bakoitzari ezarritako zereginak kontuan hartuta, 2.etik 4.erako hizkuntza eskakizunak ezartzen dira. Bestalde, hamar urteko aldirako pentsatuta bazegoen ere, iazko BJLOren aldaketaren ondoren, aldaketak izango dira esleipenetan.
  • Euskara ikastaroak: bi taldetan banatzen dira: batetik, pertsonal transferitua (epaitegietako funtzionarioak: ofizial, laguntzaile eta agente) eta, bestetik, fiskalak, magistratuak, epaileak eta idazkari judizialak. Dekretuak, bestalde, banakako planak jasotzen ditu, euskara ikastaroetara doazenentzat.
  • Euskara erabiltzeko programak: “Esperientzia pilotu”en bidez eman zitzaien hasiera 2001eko urrian eta epaitegietan euskararen erabilera areagotzea zuten helburu nagusi.

2.2.- EAEko Justizia Administrazioko hizkuntza normalkuntzaren

Justizia Administrazioko euskararen normalkuntza esparruei begira, 2001 urtera arte, honako arlo hauek landu ziren bereziki:

  • Lehenik eta behin, Justizia Administrazioko langileentzako euskara-ikastaroak antolatu ziren[8], euskalduntzea eta alfabetatzea bideratzeko kolektibo horientzat.
  • Bigarrenik, Justizia Administrazioan erabiltzen diren dokumentu judizialen euskarazko eredu normalizatuak sortzeari ekin zitzaion eta, horretarako, beren beregi sortu zen Euskara Batzordea[9].
  • Hirugarrenik, itzulpen sistema indartu egin zen organo judizialetako itzulpen eta interpretaritza lanak bideratzeko: Bizkaian eta Gipuzkoan launa itzultzaile daude, eta Araban bat.
  • 1999-2000 bitartean, euskararen erabileraren lehen esperientzia pilotuak eratu ziren sei organo judizialetan EAEko Justizia Administrazioko itzultzaileen laguntzaz baliatuz. Egiteko nagusienak ziren bulego judizialetan aukeratutako dokumentuak euskaratzea eta diseinu elebidunean jartzea eta, bestalde, zenbait espedientetako tramiterik errazenak elebitan jartzea
  • 2001eko udazkenetik aurrera, ordea, EAEko Justizia Administrazioko hizkuntza normalkuntzarako neurriak finkatzen dituen Dekretuaren eraginez, bigarren aldiko euskararen erabilera programei ekin zitzaien, hizkuntza normalkuntzako teknikariak beren beregi jarrita erabilera proiektuak bideratzeko Justizia Administrazioaren ezaugarriei erreparatuta. Hau da, beste batzuen artean, organo judizialen tipologia desberdinari, langileen profilei, eta tokian tokiko bulego judizialen antolakuntzari erreparatu zitzaien hasiera hasieratik.

2.3.- EAEko Justizia Administrazioan

Euskararen erabilera proiektua EAEko Justizia Administrazioan ezartzerakoan, 2001eko udazkenetik aurrera, besteak beste, bi izan dira helburu nagusiak: batetik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea Justizia Administraziotik bideratzen den zerbitzutik eta, bestetik, hainbat urtetan Justizia Administrazioko funtzionarioen euskalduntzean inbertitutakoa errentabilizatzea.

Baina, proiektuaren helburuak zehaztu orduan, estrategiak ere bideratu behar dira eta hor, hain zuzen ere, Justizia Administrazioaren ezaugarri bereziekin egiten dugu topo:

  • Justizia Administrazioaren atomizazioa: neurri handi batean, organoen egituraketak, osaketak, funtzioak, eta kokapenak baldintzatzen dute helburuen lorgarritasuna.
  • Baliabide urrietarako egokitzapena: helburuak lortu nahi badira, baliabidez hornitu behar dira helburu horiek; baina, mugatuak direnean, ordea, lehentasunak ezartzean datza gakoa.

Hortaz, helburu eta muga horiek kontuan, hainbat organo judizial hautatu ziren 2002ko uda aurretik, besteak beste, ondoko irizpide hauei jarraiki: organoen eragin esparruko egoera soziolinguistikoa, organoaren beraren euskaldunen portzentaia, organoetako partaideen adostasuna, eta organo bakoitzaren izaera eta funtzioak.

 

2002ko udarako, beraz, lehen ekimenak bideratu ziren “esperientzia pilotu” izango ziren 8 bake-epaitegietan eta bake-epaitegien elkarteetan (23 bake-epaitegi guztira), hiriburuetako informazio zerbitzuetan (Bilbo eta Donostia), 3 barruti judizialetako epaitegi guztietan (Durango, Tolosa, eta Bergara), Erregistro Zibil batean (Donostia), Lehen Auzialdiko Epaitegi batean (Bilbo), Instrukzioko Epaitegi batean (Bilbo), Zigor Arloko Epaitegi batean (Donostia), Probintzia Auzitegiko sekzio bitan, eta Auzitegi Nagusiko bi salatan.

Esperientzia pilotuetako talde bakoitzak bere helburuak jarri zituen, beren bulego judizialetan euskararen erabilera bultzatzeko, baina, lehenik eta behin, herritarren hizkuntza eskubideak kontuan hartuta.

Metodologiari dagokionez, kalitate taldeen metodologia erabili da eta epaitegietako langileek talde txikitan jardunda adostu dituzte helburuak, betiere, epaitegietako agintedunen onespenarekin eta Jarraipen Batzordearen bermearekin.

Gure kasuan, epaitegietako funtzionarioz osatutako talde txiki horietan bulego judizial bakoitzean euskararen erabilerak duen egoera eta problematika zehaztu, aztertu eta soluziobideak eta hobekuntzak proposatu dituzte, euskara erabiltzeko ahoz zein idatziz; baina, lehenik eta behin, herritarrari zuzendutako jarduketetan eta, bigarrenik, lankideen artean.

Talde horietako bakoitzean beren beregi zehaztu dira jarduera planak, baina, oro har, prozesuaren diseinuak eskema honi jarraitu dio: lantaldea eratzea, prozesuak eta arazoak aztertzea, irtenbideak zehaztea, helburuak proposatzea, ekintzak inplementatzea eta ebaluazioa egitea.

 

Zehaztutako helburuek, bestalde, ekintzak, arduradunak, epeak eta kontrol espezifikoak jaso zituzten eta, batez ere, ondokoak bezalakoak izan dira adostutako formulazio orokorrak:

 

  • Epaitegiaren irudia: Epaitegietan bertan euskararen presentzia areagotzea (adib.: errotulazioan, paisaia linguistikoan, gutunazaletan, eskutitzen karatuletan, faxetan…).
  • Idatzizko produkzioa: idatzizko dokumentuetan euskararen erabilera areagotzea, errazenetatik hasita zailenetara, bereziki, herritarrari zuzendutakoetan (adib.: jakinarazpenak, zitazio-zedulak, epatzeak, errekerimenduak, etab.)
  • Ahozko harremanak: ahozko harremanetan euskararen erabilera bultzatzea (adib.: telefonoz esaten den lehenengo hitza edota herritarrari egiten zaion harrera, jakinarazpenak ematea, salaketak jasotzea, etab.)

Baina, dena den, epaitegien osaketak eta funtzio ezberdinek jarduera oso diferenteak egitera eraman gaitu, batez ere, idatzizkoen arloan; izan ere, batetik, dokumentuen bilduma oso diferenteak daude eta, bestetik, dokumentuok egiteko “gailu”ek ez dute zerikusirik elkarrekin (euskarri informatikoak, izapidetze eskemak, informazioaren kudeaketa…). Hortaz, idatzizkoen arloari dagokionez:

  • - Epaitegi konbentzionaletan, hau da, bake-epaitegi ez diren guztietan, eredu jakinak darabiltzate dokumentuak egiteko, baina, UNIXen daude ereduok eta, hortaz, elebitako diseinu egokiarekin asmatu genuenaz batera, dokumentu elebidunak egiten dituzte funtzionarioek.
Prozesua apurka-apurka joan bada ere, gaur egun, EAEko bake-epaitegiez bestelakoetan, ehunetik gora dira automatikoki elebitan atera ahal dituzten ereduak, funtzionarioek euskaraz jakin edo ez. Zergatik? Hain zuzen ere, sartu behar dituzten datuak baliagarriak direlako euskarazko zein gaztelerazko zutabeetarako (izen-abizenak, helbideak, datak, zenbakiak….).
Bestalde, ia 1500 eredu elebitako diseinuan daude, baina, oraindik ezin ditu edozein funtzionariok automatikoki elebitan egin. Hortaz, funtzionarioek bi aldiz bete behar dituzte ereduok, batetik, gaztalaniazko zutabean eta, bestetik, euskarazkoan; izan ere, gaur egungo aplikazioak ezin ditu itzuli ereduok automatikoki (adb: epaitegien izendapenak, errekurtso motak, ebazpen motak, agerraldiaren arrazoiak…). Hala eta guztiz ere, arreikusita dago arazo horientzako irtenbideak izatea ezartzen ari den JustiziaBAT aplikazio berrian.
Dena den, laguntza tresna moduan, epaitegi horietako funtzionarioek Intranet-a dutenez, bertan txertatu zaizkie agiriak izapidetu ahal izateko hiztegiak, lexiko zerrendak, “testu libre”en bildumak (esaterako: ebazpen motak, agerraldiaren arrazoiak, ondasunak adierazi…), eskuliburuak, audiobisualak etab. Horrez gain, aldian-aldian, ikastaro laburrak ere ematen zaizkie dokumentu elebidunak modu egokian izapidetzeko.
  • Bake-epaitegietan, ostera, Windows ingurunean lan egiten dutenez, beren beregi sortu zaie dokumentu guztiak elebitan ateratzeko aplikazioa, euskaraz jakin edo ez. Lehenik eta behin, azterketa funtzional bat egin genuen, eta horren ondorioz, EpaiNET aplikazio informatikoa sortu genuen, hiru helbururekin:
  1. Lanaren kudeaketa hobetzea
  2. Idatzizko dokumentazioa bateratzea
  3. Ahalik eta idatzizko dokumentu gehien euskaraz ere ateratzea, itzulpen automatikoen bitartez.
Gaur egun, ekipamendu informatiko nahikoa eta Internet-eko sarbidea edukita, EAEko edozein bake-epaitegik instalatu ahal du bere ordenagailuetan bake-epaitegietarako aplikazio berezia (EpaiNET). Datuei erreparatuta, hortaz, EAEko bake-epaitegien hiru laurdenek (% 76) instalatuta daukate EpaiNET eta, gehiago edo gutxiago, bake-epaitegi horiek elebitan atera ahal dituzte ia dokumentu guztiak..

Ahozkoen arloan, lehenik, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatze aldera jo dugu eta, “lehen hitza euskaraz” konpromisoak landu dira esperientzia pilotuetako taldeetan, beranduago, gaitasun handiagoko funtzionarioekin trebatze mintza-saioak, bizkaieran sakontzeko ikastaroak, edota terminologia moduluak egiteko.

Hortaz, helburu nagusia euskara erabiltzea izango litzateke, batez ere zerbitzu hizkuntza gisa bermatuz eta, bigarrenik, baldintza egokiak ematen diren tokietan, baita lan hizkuntza moduan ere.

2.4.- Landutako bestelako arloak

Dena den, dinamizatzaileen lana ez da soil-soilik erabilera programetako taldeak bideratzera mugatu, izan ere, hasiera batean “esperientzia pilotu”ei ekin behar bazitzaien ere, bestelako lanik ere izan dugu edota dugu esku artean:

- Web: laguntza tresnak, gidaliburuak…

  • o Internet: sarearen edozein erabiltzailerentzat.
  • o Intranet: bake-epaitegiez kanpoko epaitegietako funtzionarioentzat.
  • o Extranet: bake-epaitegietako funtzionarioentzat.

- Euskara batzordea: gutxi gorabehera, hilean behin izaten diren bileretan parte hartzen dugu.

  • - JustiziaBAT proiektua: bulego judizialaren izapidetze eta kudeaketa tresnaren berrikuntzan parte hartzen dugu helburu batekin: batez ere herritarrei zuzendutako ahalik eta dokumentu gehienetan euskararen presentzia bermatzea.

- Prestakuntza moduluak:

  • o Idatzizkoak: dokumentu elebidunak nola izapidetu, testu libreak nola erabili bulego judizialeko aplikazioan…
  • o Ahozkoak: “lehen hitza euskaraz”, mintza-saioak, unitate didaktikoak…
  • - Bulego judizialeko dokumentugintza: bulego judizialeko dokumentugintzaren jarraipena eta egokitzapena elebitan (aldaketak, moldaketak, eta proposamen berriak), baita laguntza tresnak sortzea funtzionarioek dokumentuak elebitan atera ahal izateko.
  • - Bake-epaitegietako aplikazio elebiduna (EpaiNET): aplikazioa garatu (garapen informatikoa, linguistikoa, eta juridikoa) eta hedatu (web-a, eskuliburuak, informatikarien prestakuntza…)

3.- HIZKUNTZA NORMALKUNTZA PLANA

Justizia Sailburuordetzak, 117/2001 Dekretua osatu nahian eta Justizia Administrazioa bere osotasunean hartuta, Justizia Administrazioaren Hizkuntza Normalkuntza Plan Nagusia burutu zuen 2004ko otsailean. Plan horretan Justizia Administrazioarekiko eragile guztiak begiztatu dira, elkarrizketa bidez, lantaldeen bidez, eta erkaketa taldeen bitartez; lehenik eta behin, egoeraren diagnosia egiteko eta, bigarrenik, planaren helburuak, ildo estrategikoak, eta jarduera planak zehazteko.

a) Egoeraren diagnosia (AMIA)

Beste batzuen artean, ondokoak ziren azterketak eman zituen ahulezi, mehatxu, indargune eta aukerarik nabarmenak:

- Ahulezien artean
  • Justizia Administrazioaren agintedunen aldetiko inplikazio eskasia
  • Pertsonalaren mugikortasuna (“nazional”ak izanik, estatu osoan lan egin ahal dute funtzionarioek)
  • Justizia Administrazioaren atomizazioa (dispertsio geografikoa)
- Mehatxuetako batzuk
  • Eskuduntzen banaketa erakundeen artean (BJKN, Justizia Ministerioa, Justizia Sailburuordetza…)
  • Prozesu judizialetako parte-hartzaile asko ez dago atxikita Justizia Administrazioaren barneko egituran: abokatuak, prokuradoreak, Ertzaintza…
  • Zerbitzuak euskaraz izateko eskabide gutxi izatea.
- Indargunerik nabarmenenak
  • 117/2001 Dekretua indarrean izatea eta garatzea: hizkuntza eskakizunen proposamena, euskara dinamizatzaileak epaitegietan izatea, euskara ikastaroen jarraipena eta banakako planak…
  • Erakundearteko batzordea izatea (BJKNren kideak, Auzitegi Nagusiko presidentearen ordezkaria, Hizkunta Politikarako sailburuodea, HAEEren zuzendaria, Justizia sailburuordea, abokatuen, epaileen, fiskalen eta idazkari judizialen elkarteetako ordezkariak…)
  • Idatzizko arloaren garapena: batetik, epaitegi konbentzionaletako dokumentuak normalizatuta eta estandarizatuta daudelako eta, horietako batzuk, elebitan atera ahal direlako eta, bestetik, bake-epaitegietan dokumentu guzti-guztiak elebitan atera ahal direlako (EpaiNET aplikazioa)
- Aukerei dagokienez,
  • Legeriaren babesa (euskararen ofizialtasuna, Europako Gutuna…)
  • Gero eta euskaldun gehiago izatea, zuzenbide ikasketak euskaraz egiteko, eskariak euskaraz bideratzeko…
  • Euskalduntzean eta normalkuntzan izandako eskarmentua gainontzeko administrazioetan eta sailetan
b) Helburuak eta ildo estrategikoak

Egindako azterketen arabera, nagusiki, honako bost helburu hauek zehaztu dira eta, halaber, helburuok bete ahal izateko, ildo estrategikoak zehaztu dira:

  1. Euskarari ematen zaion garrantzia areagotzea eta hedatzea
  2. Euskarazko zerbitzuen eskaintza sustatu, herritarrak eta profesionalak euskarazko zerbitzuak erabiltzeko estimulatuz
  3. Inplikazioan eragitea transferitutako pertsonalaren artean
  4. Bulego judizialeko agintedunek euskararekiko duten jarreran eragitea
  5. Abokatuak sentsibilizazioa

4.- AZKEN GOGOETA

EAEko Justizia Administrazioan, ahaleginak ahalegin, badirudi urrats batzuk eman direla euskararen normalkuntzan, baita aurrera begirako euskarriak jarri ere. Halere, normalkuntzarako bidean jarri ahal diren helburuak eta erritmoak molda badaitezke ere, Justizia Administrazioarekiko harremanetan dagoen eragile multzorik handiena herritarrak dira, baita atzeraelikadura prozesuetako elementurik nabarmenena ere; izan ere, erakunde publikoak herritarrak zerbitzatzeko daude.
 

5.-BIBLIOGRAFIA

  • 10/1982 LEGEA, azaroaren 24koa, euskararen erabilpena arauzkotzekoa. EHAA, 160. zk., 1982/12/16.
  • 86/1997 DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena. EHAA, 72. zk., 1997/04/17.
  • 117/2001 DEKRETUA, ekainaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza normalkuntzarako neurriak finkatzen dituena. EHAA, 137. zk., 2001/07/17.
  • 309/2000 DEKRETUAREN ERANSKINA, abenduaren 26koa, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren eta Sindikatuen arteko bigarren Akordioari buruzkoa.
  • AGIRREAZKUENAGA, I. (1998). Principios, planificación y pluralismo lingüístico en Euskal Herria. In: Revista Internacional de Estudios Vascos, nº 43-2. Vitoria-Gasteiz.
  • ALKORTA IDIAKEZ, Itziar (2003). Justizia eta zuzenbidea. In: Euskonews & Media. 200. zk. (2003/02/21-28) eta http://suse00.su.ehu.es/euskonews/0200zbk/gaia20001eu.html
  • AURREKOETXEA, Arantza (2000). Erakunde pribatuetako euskara-planak: datozen hamar urteetarako markoa. In: HIZPIDE, 45. zk. HABE. Vitoria-Gasteiz.
  • COBREROS MENDAZONA, E. (2000). El régimen jurídico de la oficialidad del euskara. HAEE-IVAP. Oñati.
  • ERKOREKA, J.I. (1996) Euskara euskal administrazioetan: erabilera arautzeari aurpegi emateko bideak. In: Eleria, 0 zk.
  • ETXEBERRIA GURIDI, Patxi (2000). Euskaraz auzitaratzeko eskubidea. In: Eleria, 5 zk.
  • EUSKALIT: Euskal kalitatea eta Kalitaterako Euskal Iraskundea. In: http://www.euskalit.net/euskera/index_euskera.htm
® EUSKO JAURLARITZA (1997). Euskararen berripapera. In: http://www.euskadi.net/euskara_berripapera/euskera/66eus.pdf. Hizkuntza Politikarako Sailordetza. Vitoria-Gasteiz.
® EUSKO JAURLARITZA (1997). Euskararen erabilera lan munduan: erabilera planen metodologia. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Vitoria-Gasteiz.
  • EUSKO JAURLARITZA (1997). Jornadas de reflexión sobre el euskara en la Administración de Justicia: Ponencias. In: Jornadas organizadas por la Viceconsejería de Justicia, CGPJ, TSJPV, Viceconsejería de Política Lingüística e IVAP, diciembre de 1997. Vitoria-Gasteiz.
  • EUSKO JAURLARITZA (1999). Lankidetza-hitzarmena, 1999ko otsailaren 18koa, Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artekoa, EAEko Justizia Administrazioaren zenbait arlotan euskararen erabilera normalizatzeko xedea duena.
® EUSKO JAURLARITZA (2003). Euskararen egoera juridikoa. In: http://www.euskadi.net/euskara_araubidea/legeus.pdf#page=10
® GALLASTEGI, César (2000).La normalización del euskera en la Administración de Justicia. Deustuko Unibertsitatea/ Zuzenbide Fakultatea. Bilbo.

® INTXAUSTI, Kike (1998). Metodología de los grupos de mejora: SAREKA. In: Autoevaluación y Planes de Mejora: La experiencia del IEFPS de Usurbil.
Organización y Gestión Educativa. 4 zk. EHU/ UPVko Kalitate katedrako liburutegia.
Gipuzkoako Campuseko errektoreordetza. Donostia-San Sebastián.

  • IRIONDO ARANA, Xabier (1998) Euskara Justizia Administrazioan. In: Bat, Soziolinguistika aldizkaria. 29. zk. Andoain.

® MUNIATEGI ELORZA, Abel (2000). Ondorioak. In: Eleria, 5 zk.

® PALOM IZQUIERDO, Francisco Javier (1987). Círculos de calidad: Teoría y práctica. Marcombo Boixareu Editores. Barcelona.

® SAN MIGUEL, Nekane (1997ko otsaila). Euskara Justizia Administrazioan: ohar batzuk. In: Senez, 19.zk. eta http://www.eizie.org/Argitalpenak/Senez/19970101/Sanmigel

® TAPIA BARREÑO, Jaime (2000). Hizkuntza normalkuntza prozesua Justizia Administrazioan. In: Eleria, 5 zk.
® URRUTIA, Andres eta LOBERA, Gotzon. (1995). Euskara, Zuzenbidearen hizkera. Deustuko Unibertsitatea. Bilbo.
® WINTER, Robert (2001). Manual para el trabajo en equipo. In: http://www.sc.ehu.es/svwkalit/ManualTrabajoEquipo/Manual/manual-c.html.

 

6.- ORRI-OINAK

[1] 10/1982 LEGEA, azaroaren 24koa, euskararen erabilpena arauzkotzekoa. EHAA, 160 zk.,

1982/12/16.

[2] Aip. oh. 1 zk.ko orri-oinean

[3] 117/2001 DEKRETUA, ekainaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza normalkuntzarako neurriak finkatzen dituena. EHAA, 137. Zk., 2001/07/17

[4] Aip. oh. 3 zk.ko orri-oinean

[5] “...Auto dictado por el Pleno del Tribunal Constitucional en el conflicto positivo de competencia nª 5973-2001, promovido por el Gobierno de la Nación, frente a los capítulos II, III, IV y V y Disposiciones Adicionales 1ª, 2ª y 3ª del Decreto del Gobierno Vasco 117/2001, de 26 de junio, de medidas para la normalización lingüística de la Administración de Justicia de la CAPV...”

[6] Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak 1996ko otsailaren 16an lortutako akordioa onartzen duen martxoaren 26ko 60/1996 Dekretuaren bitartez, Justizia Administrazioaren zerbitzura ziharduten langileak EAEko administraziora pasatu ziren, otsailaren 16ko 249/1996 eta otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuetan adierazitako eran. Errege Dekretu horien bitartez, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten ofizial, laguntzaile eta agenteen kidegoei eta auzitegiko medikuen kidegoari buruzko araudi organikoak onartu ziren, hurrenez hurren.

[7] Epaileen kasuan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekiko Hitzarmena dugu (1999/02/18). Hitzarmen honen helburuak dira karrera judizialeko kideek, kidegaiek eta bake-epaileek euskara ikas dezaten euskarri eta baliabide egokiak bideratzea, beren ohiko jardueran euskararen erabilera bultzatzea eta Justizian erabiltzen den euskara zabaltzen eta ontzen saiatzea.

Fiskalen eta idazkari judizialen kasuan, 1997ko maiatzean sinatu zen Justizia Administrazioko Ikasketa Juridikoen Erakundearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-hitzarmena dugu, EAEko Fiskal eta Idazkari Judizialen prestakuntza arautzen duena. Prestakuntza horren barruan, besteak beste, euskalduntze eta alfabetatze ikastaroen eskaintza egiten da hainbat ikastaro-mota antolatuz.

[8] Azken ikasturteko datuei erreparatuz gero:

- Epaile, magistratu, idazkari judizial eta fiskalen kidegoei dagokienez, 68 izan ziren euskara ikastaroetan parte hartzea eskatu zutenak.
- Ofizial, laguntzaile eta agente judizialen kidegoetan 500 langiletik gora egon dira liberatuta egun osoz edo egunero bi orduz euskara ikasteko. Dena den, 656 eskaera jaso ziren 2004-05 ikasturtean ikastaro mota hauetarako: bi ordu, bost ordu, udako ikastaroak eta 4.HErako.

Euskara Batzordea duela zazpi urte inguru sortu zen epaitegietan darabiltzaten idatz-eredu judizialak euskaraz normalizatzeko. Batzordearen lan sistemari dagokionez, jurisdikzioka maizen erabiltzen diren agiri judizialak aukeratu ondoren, euskaratzera bidaltzen zaizkio zeregin horretarako dagoen itzulpen-enpresari. Agiri horiek itzulita daudenean, batzordekide bakoitzari bidaltzen zaizkio, lehenengo bertsio horren gainean oharrak egin ditzan. Ondoren, bilera egiten da agiri horiek behin betikotzat jotzeko eta, azkenik, epaitegietako sistema informatikoan txertatzen dira. Batzodekideen artean ditugu magistratu bat, HAEEko ordezkari bat, Abokatuen Elkargoko bi kide, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko bi katedradun, itzulpen-enpresako bi ordezkari, Justizia Administrazioko itzultzaile-interpretariak, Justizia Sailburuordetzako hizkuntza normalkuntza teknikariak eta Batzordearen koordinatzailea (hizkuntza normalkuntza teknikarietako bat).

Durango: Dekanotza, Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak

Bilboko Lehen auzialdiko 8 zk.ko epaitegia

Bilboko Instrukzioko 6 zk.ko epaitegia

Azkoitiko bake-epaitegia

Bergarako Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak

Donostiako Probintzia Auzitegia 3. sekzioa

[11] Aip. oh. 3 zk.ko orri-oinean

[12]

Ikus http://www.justizia.net/JuzgadosdePaz/default.asp?Idioma=eu

[13] Aip. Oh. 9 zk.ko orri-oinean

BAT aldizkaria: 
55. 2005eko ekaina. Euskararen erabileraren eta normalizazio...
Kokapen geografikoa: 
EAE
Egilea(k): 
Justizia Sailburuordetzako teknikariak
Urtea: 
2005