BAI Euskarari akordioa eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia prozesu berean Tolosan

2000. urteko udan, garai hartako Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzen-eko lehendakari zen Antton Izagirrek gutuna igorri zion Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluari Tolosaldea plan pilotu moduan har zezan. Tolosaldea Garatzen-en (Tolosaldeko 27 udalek sortutako garapen agentzia) aterkipean egingo zen plana, Tolosaldekoa izan zedin.

Herri prozesu eta ahalegin kolektibo horrek duen abiapuntuko hipotesi estrategikoa zera da: pertsonen hizkuntza portaeraren aldaketak mailakatua, modu naturalean gertatzekoa, eta borondatezkoa izan behar du. Jakina, aldaketa hori, gizartea hezurmamitzen duten era guztietako entitate publiko eta pribatuen hizkuntza jardunaren aldaketa mailakatuaren ondorio izango da.

Une garrantzitsu baten aurrean geunden, hurrengo hamabosten bat urtetako hizkuntza politika birplanteatzeko eta zehazteko. Horretarako, Tolosaldeko gizarte sektoreetako ordezkari kualifikatu guztiei gogoetarako elementuak eta eztabaidatzeko bideak eskaini zitzaizkien, aldaketa soziolinguistikoaren bultzada honetan, hizkuntz normalizazioko eskemak berregokitzeko eta euren inplikazio moduak birdefinitzeko.

Tolosaldeko euskalgintzak (ikastetxeek, euskara taldeek, euskarazko komunikabideek...) bermatu behar du hizkuntzaren normalizazio prozesuak euskararen beharrak hartuko dituela aintzat. Horrexegatik egon behar du euskalgintzak prozesuaren gidaritzan, euskararen beharren arabera joka dezagun guztiok, eta ez beste interes batzuen arabera. Hizkuntza politika euskararen interesen arabera bideratu behar da soil-soilik eta horren bermatzaile izan behar du euskalgintzak.

Azken finean, Tolosaldeko hizkuntza-normalizazio prozesuaren zuzendaritzak hiru hanka sendo behar ditu (politikoa, euskaltzalea, eta gizarte eragileena), norabide berberean bideratuak gainera, eta horrela izango du euskarak behar-beharrezkoa duen kontzertazio sozial, euskaltzale, eta instituzionala. Nire ustez, bide horrexek bakarrik ziurta baitezake euskararen gutxienekoak bermatuko dituen hizkuntza politika eraginkorra.

2003ko maiatzaren 20an onartu zen Tolosan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Bi urte eta erdi pasatxo zeraman martxan Bai Euskarari Akordioak Tolosaldean eta normalizazio prozesu horretan Tolosako Udala izan zen Plan Nagusia ere bertan txertatu zuen lehen udala.

Hortaz, 2003. urtetik aurrera bi planak prozesu berean daramatzagu aurrera Tolosan, Jarraipen edo Aholku Batzorde berberaren zuzendaritzapean

Badira dozena erdi bat urte merkataritza eta ostalaritza sektorea lantzen ari garela Tolosaldeko hiru herri handienetan (Tolosa, Villabona, eta Ibarra), baina enpresa munduan ez da ezertxo ere egin orain artean. Tolosaldeko bizpahiru enpresa besterik ez dira ari euskararen erabilera planetan. Pentsa zein den Tolosan egoera, giltzarri den erabilera-esparru batean.

Orain artean aipatutakoagatik, EBPN eta Bai Euskarari Akordioa prozesu berean bat egitea iruditzen zait egokiena, horrexek bakarrik bermatuko duelako hizkuntza politika egokia eta euskararen beharrak aintzat hartuko dituena bideratzea. Hau da, euskararen beharren gutxienekoetara elkarlan horren ondorioz iritsiko garela uste dut. Elkarlanik gabe, askoz ere zailagoa izateaz gain, ezinezkoa izatetik oso gertu baitago hizkuntza normalizazioa

Erabilera esparru bakoitzean (irakaskuntza, komunikabideak, lan mundua...) bi planek jarduera zehatzak planteatzen dituzte. Jarduera berdinak direnean ez dago arazorik, eta desberdinen artean osagarritasuna bilatu behar da eta urtez urteko planean aurrera eraman. Aurrera eraman beharreko ekintza eta jarduera guztiak ezingo direnez urtero burutu (giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak baldintzatutako planak direlako) lehentasunak jarri beharko dira

Lehenik eta behin, esan dezadan Bai Euskarari Akordioa Tolosaldeko plana dela eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Tolosaldeko herririk handienetan gauzatzen ari den plana dela, ez herri guztietan gauzatzen ari dena. Izan ere, EBPN, printzipioz behinik behin, 5.000 biztanletik gorako herrientzako plana da eta Tolosaldean oso gutxi dira 5.000 biztanletik gorako herriak (Tolosa eta Villabona). Hala ere, Tolosak eta Villabonak ez ezik, Ibarrak, Zizurkilek eta Anoetak ere aurrera daramaten plana dugu EBPN. Aipagarria ere bada Tolosaldeko hamabi herri UEMAko partaide direla eta aspaldi samarretik ari direla euskara plana garatzen beren herrietan.

1. BAI EUSKARARI AKORDIOA

Aurrekariak

  • 1998an, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Bai Euskarari Akordioa eta konpromiso prozesua jarri zuen martxan eta, ondoren, eskualdeetan eta herrietan garatzeko asmoa agertu zuen.
  •  “Tolosaldeko Bai euskarari” Batzordeak hasieratik hartu zuen parte prozesu hartan.
  • “Tolosaldeko Bai euskarari” Batzordeak Tolosaldeko udal, gizarte eragile, eta euskaltzale guztiei gonbitea egin zien Tolosaldean Euskararen Plan Estrategikoa abian jartzeko.
  • 2000. urteko udan, garai hartako Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzen-eko lehendakari zen Antton Izagirrek gutuna igorri zion Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluari Tolosaldea plan pilotu moduan har zezan. Tolosaldea Garatzen-en (Tolosaldeko 27 udalek sortutako garapen agentzia) aterkipean egingo zen plana, Tolosaldekoa izan zedin.
  • Kontseiluak eskaera ontzat jo eta gero, Tolosaldeko plan estrategikoa egin genuen, euskalgintzaren, gizarte eragileen, eta erakunde politikoen parte hartze zuzena hasieratik bermatuta.

Tolosaldeko plan estrategikoaren helburua.

  • Gizarte eragileen aldetik hizkuntzaren inguruko hausnarketa egitea, euskararen aldeko konpromisoak hartzeko beharra ikus dezaten.
  • Euskarari bultzada sendoa eta kualitatiboa ematea Tolosalde osoan eta gizarte arlo ahalik eta gehienetan (arlo sozio-ekonomikoa, komunikabideak, hezkuntza, aisialdia...), orain arte egindako lana aintzat hartuta.

Tolosaldeak ba al du baldintza egokirik?

Hona arrazoiak:

  • Tolosaldeko 28 herriek eskualde naturala osatzen dute, harreman sozio-ekonomikoei dagokienez.
  • Euskara berreskuratze lanetan tradizio handiko eskualdea da: Lizardi, Orixe, Aitzol, Labaien, Lopez Mendizabal... Duela 30en bat urte ere martxan zen Tolosaldeko Berreuskalduntze Elkartea, Tolosaldeko estreinako azterketa soziolinguistikoa eginarazi zuena, hainbat normalizatze lanez gain.
  • Euskaldunen kopurua: euskaldunak, dagoeneko, % 80ren inguruan.
  • Adostasun soziala: gurasoek euskarazko ereduetan matrikulatzen dituzte seme-alabak, euskararen erabilerak azkeneko 20 urteotan gorantz egin du, euskararen herri ekimen bizia...
  • Adostasun politikoa: udalek badute beren hizkuntz politika, herri dezente UEMAn...

Nola lortu nahi dugu helburua?

  • Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren dinamika soziala Tolosaldera ekarri eta bertan errotuta.
  • Dinamika sozial hori zabalduz, instituzionala eta politikoa ere izan dadin lortuz.
  • Euskararen normalizazioa Tolosaldeko baldintza sozio-ekonomikoekin uztartuz.
  • Tolosaldeko gizarte osoaren inplikazioa lortuta; nork bere alorrean hizkuntz normalizazioaren alde modu koherentean jokatu behar du, hau da, gizartean euskara berreskuratzeko gogoa suspertu behar da.
  • Tolosaldeko euskararen plan estrategikoa bideratuta, aldi berean, gizarte eragileen, euskararen herri ekimenen, eta indar instituzionalen arteko elkarlan eraginkorra sustatuz.

Plan estrategikoa

Euskararen egoera kezkagarria ikusita, ildo berri bat martxan jartzea egokitzat jo zuen Kontseiluak, gizarte eragileek euskararen aldeko konpromisoak hartzeko eta konpromiso horiek betetzeko, erabaki eta neurri egokiak ere proposatuz eta harraraziz.

Hizkuntza normalizazioa gizarte osoak bideratzen duen aldaketa soziokulturala da. Euskararen normalizazioa, beraz, Tolosaldeko eta Euskal Herriko herritarren egitasmo sozial, ekonomiko eta politiko guztien bultzadarekin uztartuta dago. Plan Estrategikoaren oinarriak dira gizarte eragileen partaidetzarik handiena, borondatezko inplikazioa, prozesuaren izaera mailakatua, ikuspegi orokorra eta sistematikoa, eta adostasunik zabalena lortzea.

Herri prozesu eta ahalegin kolektibo horrek duen abiapuntuko hipotesi estrategikoa zera da: pertsonen hizkuntza portaeraren aldaketak mailakatua, modu naturalean gertatzekoa, eta borondatezkoa izan behar du. Jakina, aldaketa hori, gizartea hezurmamitzen duten era guztietako entitate publiko eta pribatuen hizkuntza jardunaren aldaketa mailakatuaren ondorio izango da.

Planaren gogoeta estrategikoa burutzeko, gizartearen partaidetza sei sektoretan gauzatuko da: hezkuntza eta gazteria, administrazio publikoa, zerbitzuak, hedabideak eta kulturgintza, lan mundua eta gizarte erakundeak, aisialdi eta kirol elkarteak. Sektore bakoitzean, gizarte eragileez osatutako azterketa-taldeak eratuko dira.

Azterketa taldeek Tolosaldeko herriak eta gizarte sektoreak integratzeaz gain, sektoreetan dauden euskararekiko jarrera eta posizionamenduak bildu behar dituzte. Plana jarrera integral eta integratzaileaz bideratu behar da, gizarte eragile guztien arteko adostasunak eratzeko. Planaren kalitatea bermatzeko, LKS eta Kontseiluaren aholkularitza kontratatu zen, eta lanjardunak Tolosaldeko Bai Euskarari Akordioko boluntarioek eta udaletako teknikariek egikaritu zituzten.

Horretarako, azterketa talde guztiek hiru bileratan honako urrats hauek eman zituzten:

  1. Euskararen egoeraren diagnosia, gizarte sektore bakoitzean.
  2. Helburuak eta ildo estrategikoak.
  3. Ekintzak eta konpromisoak.

Horretarako, eta Tolosaldeko errealitateari egokitzeko, azken urteotan egin diren hiru Plan Estrategikoren emaitzak aztertu ziren: Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Kontseiluaren Euskararen Plan Estrategikoa, eta Donostiako Udalaren Euskararen Plan Estrategikoa.

Une garrantzitsu baten aurrean geunden, hurrengo hamabosten bat urtetako hizkuntza politika birplanteatzeko eta zehazteko. Horretarako, Tolosaldeko gizarte sektoreetako ordezkari kualifikatu guztiei gogoetarako elementuak eta eztabaidatzeko bideak eskaini zitzaizkien, aldaketa soziolinguistikoaren bultzada honetan, hizkuntz normalizazioko eskemak berregokitzeko eta euren inplikazio moduak birdefinitzeko.

Herri prozesu hau behetik gora planteatu zen; hots, Tolosaldeko gizartetik instituzioetara bideratutako proposamena zen. Bestalde, adierazi beharra dago, kontzertazio soziala eta instituzionala eman dadin eta adostasun iraunkorra bermatzeko, Plan Estrategikoaren zuzendaritzak hiru hanka zituela eta gaur egun ere halaxe dituela: euskalgintza (Galtzaundi Euskara Taldea, ikastetxe guztiak, euskalduntze-alfabetatzea, euskarazko hedabideak...), gizarte eragileak (komunikabideetako zuzendariak, sonako kirolariak, enpresariak, langileen ordezkariak...) eta Tolosaldeko Udalen ordezkariak (alderdi politiko ia guztiak).

Planaren jarraipen batzordearen osaketa:

Arestian, labur bada ere, agertu dut Jarraipen Batzordea nola dagoen osatuta, zein erakundeetakoak diren, baita gizartearen aurreko erreferentzialtasuna ere (lan honen amaieran duzue gaur eguneko partaideen zerrenda). Natorren, orain, hiru hankako Jarraipen Batzorde horren zergatiak azaltzera:

  • Lehen adierazi dudan bezala, hizkuntza normalizazioa gizarte osoak, gure kasuan Tolosalde osoak, bideratzen duen aldaketa soziokulturala da; hau da, Tolosaldeko herritarren egitasmo sozial, ekonomiko eta politiko guztien bultzadarekin uztartuta dagoena. Hortaz, gizarte eragileen ordezkaritzak parte zuzena izan behar du prozesu horren gidaritzan. Izan ere, pertsonen hizkuntza portaeraren aldaketak mailakatua izan behar du, modu naturalean gertatzekoa eta borondatezkoa, baina derrigorrean izango da gizartea hezurmamitzen duten era guztietako entitate publiko eta pribatuen hizkuntza jardunaren aldaketa mailakatuaren ondorio. Norberak ezin du bere hizkuntza-portaera nonahi eta nolanahi aldatu, bera mugitzen den guneetan ere aldatzen ez badute. Horretarako, gizarte eragileek erabaki guneetan egon behar dute, plana berea ere badela sinestea nahi badugu, eta plana eraginkorra izatea nahi badugu behinik behin.
  • Tolosaldeko euskalgintzak (ikastetxeek, euskara taldeek, euskarazko komunikabideek...) bermatu behar du hizkuntzaren normalizazio prozesuak euskararen beharrak hartuko dituela aintzat. Horrexegatik egon behar du euskalgintzak prozesuaren gidaritzan, euskararen beharren arabera joka dezagun guztiok, eta ez beste interes batzuen arabera. Hizkuntza politika euskararen interesen arabera bideratu behar da soil-soilik eta horren bermatzaile izan behar du euskalgintzak. Euskara normalizatzeko gutxieneko neurriak har daitezen bermatu behar du euskalgintzak, beste interesak alboratuz. Gainera, euskalgintzak prozesuaren zuzendaritzan egoteko zilegitasun osoa du, batetik, bere ogibidea delako, bestetik, ogibide izateaz gain, ordu asko eskaintzen dizkiolako —baita musu truk ere— euskarari, etorkizun oparoa izan dezan, eta ez duelako logikarik euskararen aldeko ekimen bat abiatzeak (Bai Euskarari, EBPN...) euskaltzaleak albo batera utzita.
  • Tolosaldeko ordezkari politikoek ere prozesuaren gidaritzan egon behar dute, haiek direlako herriak aukeratutako ordezkariak eta zeresan garrantzitsua izan behar dutelako prozesu honetan. Eta gainera, onerako edota txarrerako, haien esku daude hainbat baliabide ekonomiko eta giza baliabideak.

Azken finean, Tolosaldeko hizkuntza-normalizazio prozesuaren zuzendaritzak hiru hanka sendo behar ditu (politikoa, euskaltzalea, eta gizarte eragileena), norabide berberean bideratuak gainera, eta horrela izango du euskarak behar-beharrezkoa duen kontzertazio sozial, euskaltzale, eta instituzionala. Nire ustez, bide horrexek bakarrik ziurta baitezake euskararen gutxienekoak bermatuko dituen hizkuntza politika eraginkorra.

Plan estrategikoaren ildo eta iradokizun nagusiak:

Azterketak bi ildo nagusi erakutsi zituen:

  1. Gizarte eragile (enpresa, denda, ikastetxe, taberna, elkarte, talde, aseguru-etxe, aholkularitza...) bakoitzak aurrera eraman nahi dituen konpromisoak hartu eta bideratu eta betetzearena: dagoeneko 200dik gora dira euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzten gizarte eragileak eta 100dik gora Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dutenak.
  2. Instituzioek aurrera eraman beharreko proiektuak edota administrazioak lagunduta egin beharrekoak.

Azken ildo honetan lau gomendio edo iradokizun nabarmendu ziren:

  • Tolosalderako eskualde komunikabide sendoa sortzea, lau euskarri hauek izango dituena: egunkaria, interneta, telebista eta irratia. Honen haritik sortu zen Euskal Herriko estreinako eskualde egunkaria: Tolosaldean Egunero, gaur egungo Hitza.
  • Lan munduan plan integralak bideratzea: lehenengo ildoaren haritik hartutako konpromisoak lortzeko planak bideratzea.
  • Zerbitzu pribatu guztien jendaurreko harrera euskaraz izan dadin bermatzeko planak gauzatzea.
  • Gainontzeko erabilera esparruetan ere pausoak ematea: administrazioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, kirola, kulturgintza, erlijioa...

2.- EUSKARA BIZIBERRITZEKO PLAN NAGUSIA

2003ko maiatzaren 20an onartu zen Tolosan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Bi urte eta erdi pasatxo zeraman martxan Bai Euskarari Akordioak Tolosaldean eta normalizazio prozesu horretan Tolosako Udala izan zen Plan Nagusia ere bertan txertatu zuen lehen udala. Ondoren etorri dira Villabona, Ibarra, Zizurkil eta Anoeta.

Hortaz, 2003. urtetik aurrera bi planak prozesu berean daramatzagu aurrera Tolosan, Jarraipen edo Aholku Batzorde berberaren zuzendaritzapean (amaieran gaur egungo partaideen zerrenda).

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren Plan Estrategikoa egin zuen Udalak, bost urterako hain zuzen ere, 2003-2007 eperako. Plan estrategiko horren ildotik urtero egin behar da kudeaketa plana, urteko programa zehatza, alegia. Esan dezakegu Plan Estrategikoa Plan Orokorra dela, eta Kudeaketa Plana esaten dioguna Plan Estrategiko hori betetzeko urtero aurrera eraman beharreko ekintza plana, urtez urte gauzatu beharreko plan zehatza, helburu orokorra lortu ahal izateko.

2003-2007 epeko EBPNren Plan Estrategikoaren zirriborroa helarazi zitzaion Tolosaldeko Bai Euskarari Akordioa gidatzen zuen Jarraipen Batzordeari. Batzorde horrek ontzat jo zuen plana eta Bai Euskarari Akordioaren jarraipena egiteaz gain, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren jarraipena egiteko prest agertu zen. Hori horrela eta logikak hala aginduta, bi planak batzorde berberak gidatzen ditu, bi planen arteko osagarritasuna bermatzeko eta zaintzeko.

Bi planak uztargarriak izateko, Bai Euskarari Akordioan agertutako ildoak EBPNn txertatu genituen eta aurreko puntuko F ataleko ildo eta gomendio nagusi horiek EBPNren plan estrategikoan ere jarri genituen. Horrela, bi planak oso berdintsuak geratu dira.

3.EUSKARAREN INGURUKO DATU KEZKAGARRIAK ETA HORREN ONDORIOA:

UNESCOk egindako hizkuntza atlasaren arabera, euskara hegoaldean desagertzeko arriskuan da eta iparraldean arrisku larrian dago.

1998. urtean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzak euskal hiztunen epe luzerako (60 urte) bilakaerari buruzko simulazio eredu bat garatu zuen: Reclus eredua.[1]

Aldagai demografiko, sozial eta politikoei buruzko zenbait uste aurrez onartuz, 1991-2051 aldirako hiru aurreikuspen egiten ditu ereduak: “oinarrizkoa”, “baikorra” eta “ezkorra”. Tresna prospektibo horrek demografia, erabilera eta belaunaldien arteko hizkuntz transmisioa aztertzen ditu, Euskal Herriaren zatiketa historiko, sozial, eta politikoak kontuan hartuta. Garatutako ereduak euskal soziolinguistika sistemaren ikuspegi zehatza ematen du, 13 eremu geografiko, 6 erabilera esparru, 3-4 hizkuntza profil eta 17 adin talde kontuan hartuz.

Garrantzitsua da ereduaren helburua azpimarratzea:

Hizkuntza politika desberdinek eta Euskal Herriaren inguru soziodemografikoaren aldaketek euskararengan izango lituzketen epe luzerako ondorioak ikertzea. (...) Aldagai exogeno horietarako balio desberdinak erabiliz lortutako emaitzen alderaketek, hartutako erabakien epe luzerako ondorioak ebaluatu eta politika horiek oso epe luzean izango lituzketen ondorio metatuak epaitzeko aukera ematen diote erabakitzaileari. (...) Reclus eredua oso tresna indartsua da azterketa zehatz hauen ondorioak testuinguru orokorrago batean jar daitezen ahalbidetzen duen irudi global bat emateko.

Ereduaren emaitzak beldurgarriak dira: aurreikuspenik baikorrenak EAEn euskaldun dentsitatea % 47 inguruan jartzen du 2050ean. Emaitzarik ezkorrenak Iparraldeari dagozkion datuak dira: 2050. urtean lurralde honetako % 5etik hurbil egongo da euskaldun dentsitatea, ikerketa honen arabera.

Euskaldunen dentsitatea Euskal Herri osoan

Euskaldunen dentsitatea EAEn

Euskaldunen dentsitatea Iparraldean

Euskaldunen dentsitatea Nafarroan

 

4. KONKLUSIO GISA

 

a) Euskararen egoera, oro har, kezkagarria iruditzen zait, eta Tolosaldean ere ez zait iruditzen luxuetarako gaudenik, beste leku batzuetako egoera kontuan izanda (Iparraldea, Nafarroa, ezkerraldea...) zeruan gaudela badirudi ere. Euskara jakitea bermatzeak ez baitakar berarekin erabilerarako saltoa, eta edozein hizkuntzaren biziraupen osasuntsua ziurtatzeko erabileran egin behar da aurrera, ez jakintzan soilik.

Adibidez, Tolosan, azken urteetako neurketek geldialdi bat adierazten digute, beheranzko joera txiki bat, eta Xabier Arzalluzek Kultur Etxean emandako hitzaldi batean esan zuen bezala “euskararen gaian aurrera ez egitea atzera egitea da”. Guztiz bat nator adierazpen horrekin.

Beste adibide lazgarri bat aipatzearren, hara zer zioen Pierre-Etienne Laporte jaunak, “Conseil de la langue Francaise”, Quebecen hizkuntza politika zuzentzen duen erakundearen lehendari-ohiak BAT aldizkarian:

“Hizkuntza minorizaturik duten herriek beren egoera linguistikoa iraultzeko normalean aukeratzen duten hizkuntz politikarako lehen planifikazio eremu nazionala Irakaskuntzarena izan ohi da. Irakaskuntzatik abiatzen diren hizkuntz normalizaziorako prozesu hauek, administrazio eta komunikabide eremuetan izaten dute jarraipena, baina ez dute hizkuntz minorizatuaren etorkizunik ziurtatuko lan-munduan hizkuntz minorizatuaren erabilpena orokortzen ez duten arte. Lan-mundua da hizkuntz normalizazioaren giltzarria.”

Badira dozena erdi bat urte merkataritza eta ostalaritza sektorea lantzen ari garela Tolosaldeko hiru herri handienetan (Tolosa, Villabona, eta Ibarra), baina enpresa munduan ez da ezertxo ere egin orain artean. Tolosaldeko bizpahiru enpresa besterik ez dira ari euskararen erabilera planetan. Pentsa zein den Tolosan egoera, giltzarri den erabilera-esparru batean.

b) Luxuetarako ez den egoera batean, ahal dela egoera on eta txarretan, baina txarretan gehiago, elkarlana ezinbestekoa da aurrera egiteko, taxuzko hizkuntza politika bideratzeko. Orain artekoak, nire uste apalez, ez du ziurtatzen euskararen biziraupen osasuntsua, biziraupen traketsa beharbada bai Euskal Herriko zonalde batzuetan, baina hori ere ez beste batzuetan (ikus Reclusen pronostikoa hainbat lekutarako).

c) Orain artean aipatutakoagatik, EBPN eta Bai Euskarari Akordioa prozesu berean bat egitea iruditzen zait egokiena, horrexek bakarrik bermatuko duelako hizkuntza politika egokia eta euskararen beharrak aintzat hartuko dituena bideratzea. Hau da, euskararen beharren gutxienekoetara elkarlan horren ondorioz iritsiko garela uste dut. Elkarlanik gabe, askoz ere zailagoa izateaz gain, ezinezkoa izatetik oso gertu baitago hizkuntza normalizazioa, eta hainbat zonaldetan seguru (ikus Reclus).

Beraz, prozesua EBPN eta Bai Euskarari Akordioaren aterkipean egitea, bi plangintzen aterkipean egitea ezinbestekoa duela euskarak iruditzen zait, datuek eta hainbat ikerketek (Jaurlaritzarenak, Unescorenak...) behintzat hala diote.

d) Bi planak osagarriak dira eta, gainera, euskararen normalizazioaren ikuspegitik bati falta zaiona besteak dauka. Adibidez, EBPNn agertzen dira irakurtzeko zaletasuna sustatzea, zinea euskaraz, liburutegian euskarazko produktuak izan eta erabilera sustatzea, ume zaintzaile euskaldunak, teknologia berriak, toponimia..., eta Bai Euskarari Akordioan nekazaritza, gazteen argota, gazteentzako soziolinguistika nozioak... agertzen dira, baina batik bat, euskararen aldeko konpromiso serio bat ekartzen dio prozesuari, urtez urte ebaluatzen den konpromisoa. Batean zein bestean falta edo agertzen dena ez dago kontraesanean eta normalizazio prozesua osatzeko elementuak dira horiek guztiak; bata bestearentzat aberasgarri da.

e) Euskarak ezin du izan interes politikoen araberako gaia. Hori horrela ez izateko, behar-beharrezkoa da herri-ekimen indartsua, egoera politiko txarrean ere suari eutsiko diona eta euskararen beharrak aintzat hartzen dituen gutxienekoak bermatuko dituena. Euskararen beharren minimoetatik gorako adostasuna bultzatuko duen herri-ekimena derrigorrezkoa da.

f) Herri ekimenak presio soziala bideratu behar du modu iraunkorrean eta babes sozial zabala lortu.

g) Prozesuak gizartetik sortua behar du, gizarteak sortu behar du euskararen aldeko olatua eta zaindu ere berak egin beharko du, euskarak ez baitu, zoritxarrez, oraindik saltzen, eta interesak tarteko, galtzaile ateratzeko aukera handiak ditu.

h) Herri ekimenak normalizazioaren aldeko apustua egin behar du, olatua sortu administrazioak hel diezaion. Euskararen aldeko olatua gizartetik sortuko da, eta gizarte eragileek olatu hori ikusi ezean, ez dira normalizazio bidean sartuko.

i) Bi plan dauzkagu. Nola bideratu? Urtez urteko plangintza zehatzean bi planen arteko uztarketa eginez. Tolosaldean bi planen gidaritza Jarraipen Batzorde berberak egiten du. Horrek dezente erraztu du bidea.

Erabilera esparru bakoitzean (irakaskuntza, komunikabideak, lan mundua...) bi planek jarduera zehatzak planteatzen dituzte. Jarduera berdinak direnean ez dago arazorik, eta desberdinen artean osagarritasuna bilatu behar da eta urtez urteko planean aurrera eraman. Aurrera eraman beharreko ekintza eta jarduera guztiak ezingo direnez urtero burutu (giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak baldintzatutako planak direlako) lehentasunak jarri beharko dira; hau da, urteko plana hurrengo urtekoarekin osagarritasunean egin beharko da.

5. EBPN ETA BAI EUSKARARI AKORDIOAREN JARRAIPEN BATZORDEA

 

Partaideak

A.- Euskalgintza: Nora Olano (Galtzaundi Euskara Taldearen ordezkaria), Lurdes Sarasua (Tolosaldeko ikastetxe publikoen ordezkaria), Kepa Goikoetxea (Tolosaldeko ikastolen ordezkaria), Joseba Antxustegietxarte (Tolosako Hirukide ikastetxe itunduaren ordezkaria), Zigor Etxeburua (Kontseiluko ordezkaria), Nekane Iturriotz (AEKren ordezkaria), Mila Otamendi (Aitzol Udal Euskaltegiaren ordezkaria ) eta Iñaki Azaldegi (Tolosako Udaleko Euskara zerbitzuburua).

B.- Gizarte eragileak: Emeterio Zaldibia (Hezkuntza alorreko ordezkaria), Martxelo Otamendi (Berriako zuzendaria, Komunikabideen alorreko ordezkaria), Igor Jauregi (Errealeko jokalaria, Kiroletako ordezkaria), Ramon Irazu (ELAko arduraduna, lan munduko ordezkaria), Antton Soroa (Enpresaria, lan munduko ordezkaria) eta Bernardo Goikoetxea (Tolosaldea Garatzen-eko gerentea).

C.- Politikoak: Jokin Bildarratz (Tolosako alkatea), Onintza Lasa (EAko zinegotzia), Itxaropena Urkiola (EAJko zinegotzia), Antton Izagirre (Ezker Abertzaleko ordezkaria), Inma Begué (IU-EBko ordezkaria) eta Angel Yañez (PPren ordezkaria, Tolosako zinegotzia).

[1] Eredu prospektibo honen emaitzak ez dira zabaldu Euskal Herrian, bai ordea AEBn. Datuok 1998ko uztailean Renon izandako kongresuan banatutako komunikazio batetik jaso ditugu: Garaialde, Iñigo (1998) “Modeling the long term future of the basque language”. Eredua ondorengo kontzeptuen inguruan egituratua dago: hiztunen dentsitatea eta giza taldeen hizkuntz profila; euskararen erabilera, esparruen eta talde zein gizabanakoen hizkuntza profilen arabera; nagusiki familia eta auzoan oinarritutako hizkuntza transmisioa; eskolatze hizkuntzaren hautaketa; erabilera mailak sortutako hizkuntza gaitasunaren aldaketak; eta hizkuntzaren erabilpen balioa eta atxikimendu afektiboa. Eredua, nagusiki, 1991ko eta 1996ko Zentsu eta Soziolinguistikazko Inkestetako datuak erabiliz egokitu zen.

 

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
EAE
Gipuzkoa
Egilea(k): 
Iñaki Azaldegi
Urtea: 
2005