Erandioko Udaletik

Plan eredu honek plangintzaren beharraz eta onuraz kontzientziatu gintuen. Ordurarte, udal mailan euskarari dagokionez ez zegoen plan itxuran sistematizaturiko dokumenturik, non helburu orokorrak eta lan helburuak finkatzen ziren, non aurretiaz adierazleak definitzen ziren, non esparru banaketa ezartzen zen, gizarte arlo bat bera ere ez ahazteko xedez.

Esparruen zehaztasunak politika integrala izatera garamatza. Helburua gizarte arlo guztiak ukitzea da euren arteko sinergiak sortzeko asmoz, eta ohiko esparruetatik haratago joateko, hezkuntza maila ez ezik, lan mundua ere ukitzen da. Esparru guztiak ez dira udalen eskumenen menpeko eta honek eskumen gatazkak sor ditzake, ez bi erakundeek esparru bera lantzeagatik, baizik eta batek ere ez lantzeagatik, gaia beste baten konpetentzia delakoan.

Aholku Batzorde irekia eta handia gizartean eragile oso garrantzitsua izan daiteke, izaera ez administratiboaren itxura duen neurrian. Batzorde irekian esparru konbentzionalak gainordezkaritzan egon daitezke, kasu horietan erakunde publikoen proportzioak neurrira ekartzen saiatu behar da, esparru guztiek gutxienezko ordezkaritza edo ahotsa izan dezaten bertan.

Alkarbide, Bizkaiko Aldundiak ahalbideratzen duen Euskara Zerbitzuen elkargunea, koordinazio eta kooperaziorako espazio aproposa da. Bertan, inguruko udalerrietan garatzen diren ekintzen berri dugu eta gure udalerrian garatzen diren ekintzetarako zabalgune da. Ideiak sorrarazteaz aparte, ekintza bateratuak egiten dira kostuak murriztuz eta eragina handituz.

EBPN izateak maila lokalean lortu beharreko helburuen sistematizazioa aurkezten digu, hiru-lau urtetan bete beharrekoak plan estrategikoan eta urtekoak kudeaketa planean, dena egoeraren analisi orokorretik abiatuta. Honek politikariaren lana errazten du, epe ertainerako lehentasunak finkatzeko aukera baitauka, hasierako analisiak eta jarduteko baliabideak ezagututa

SARRERA

Hurrengo lerroek argitu gura dute Erandion EBPNk izan duen bilakabidea eta Euskara Planetan jarraitzeko hausnartu beharko liratekeen gai batzuk. Hori ikusteko, EBPNren diseinua eta garapena bost fasetan banatuko da, bakoitzean egoeraren deskribapena egin eta dagozkion hausnarketak ondoren agertuko dira.

EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) zer den azaldu beharrik ez dago, baina bada ez bada ere helburu nagusia gogora ekarri beharko genuke prozesu guztiaren zergatia ulertu ahal izateko: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren helburu nagusia da euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea. Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea. Helburu honen lorpenak udalerri mailan edozein politika publikoren prozesu berdina jarraitu behar du: egoeraren diagnostikoa egitea, helburuak zehaztea, alternatibak aurkitzea, erabakitzea, inplementatzea, eta ebaluaketa egitea.

DIAGNOSTIKOA

EBPN garatzeko eta diseinatzeko momentuan HPSren (Hizkuntza Politikako Sailburuordetza) laguntza izan dugu, beti oinarrizko lanerako eta hausnarketarako materialak eskaintzen eta aholkularitza lanak egiten. Udalerriko egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa egiteko HPSk datu orokorrak eskaini zizkigun: euskararen ezagutzaren eta erabileraren egoera eta tendentzia, matrikulazio ereduetako portzentaiak, eta abar.

Oinarrizko datuak jada izateak gaurkotzera baino ez gintuen behartu izan, eskaintzen zizkiguten aldagaien datuak gaurkotzea, hain zuzen. Egia da makromagnitude hauek argazki orokorra egiteko balio dutela, baina diagnostikoa egiteko momentuan ereduak hainbesteko argitasunez emanda egoteak beste aldagai esanguratsu batzuen neurketa alde batera uztera bultzatu gintuen. Plan estrategikoaren ebaluaketa egiterakoan, hasiera batean neurtutakoak hartuko ditugu aintzat, aldaketa ikusi ahal izateko eta esperientziarekin esanguratsu ikus ditzakegun beste batzuk aipatzeko.

Bestalde, egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa ez zen hemen modu partehartzailean garatu. Prozesuaren hasieratik gizarte eragileen parte hartzea izan bagenu, euren pertzepzioez baliatuko ginatekeen aldagai eta datu gehiago lortzeko, esparru bakoitzeko egoeraren azterketa egiteko baliabideak eskainiz. Hortaz aparte, eragileen proiektuarekiko duten inplikazioa ere haziko litzateke.

PLAN EREDUA

Diagnostiko eguneratua HPSri bidali eta handik plan eredua helarazi ziguten. Plan eredu honetan Eusko Jaurlaritzan egindako egoeraren analisiaren ondorioz prestatutako helburu hierarkizatuak agertzen dira, udalerri bakoitzari egokituak.

Plan eredu honek plangintzaren beharraz eta onuraz kontzientziatu gintuen. Ordurarte, udal mailan euskarari dagokionez ez zegoen plan itxuran sistematizaturiko dokumenturik, non helburu orokorrak eta lan helburuak finkatzen ziren, non aurretiaz adierazleak definitzen ziren, non esparru banaketa ezartzen zen, gizarte arlo bat bera ere ez ahazteko xedez.

Hala ere, ereduaren erredakzioak gaizki-ulertzeak sustatu zituen. “Ekintzak” izenpetzen den atalak erredakzioa dauka helburu, lan helburu idazkera bada ere. Gauzak horrela, lan helburu zerrenda bat lortzen dugu, lehentasunak finkatuta, baina lan helburu horiek egia bihurtzeko ekintzen inguruan erraztasun gehiegi eman gabe batzuetan. Adb: 2e.01/5 ekintza: “Aisialdiko elkarteen barne funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzen lagundu.” Eta zelan egiten dugu hau? Hitzarmengintza sistemaren bidez? Hitzarmenik sinatu nahi ez badute? Dirulaguntzak moztu? Honen inguruan benetako ekintza arrakastatsuen zerrenda falta igartzen da, egoera soziolinguistiko pareko bakoitzeko. Neurriak sortzea udal teknikariei dagokie, lan helburu bakoitza hobeto lortuko duenarekin jotzea.

Adierazleak aurretiaz finkatzeak onura garrantzitsuak dakartza, adierazlea bera helburuaren betetze mailaren adierazle izango delako eta ez ekintzaren betetze mailarena. Gainera, honela ezin dira emaitzak moldatu. Garrantzi handia dauka baliabide murritzak kudeatzerakoan, finantziatzen den ekintzaren baliogarritasuna argi ikustea. Aurreko urtean garatutako ekintza ez baliogarriak alde batera uzten dira, politika publikoak garatzeko modu inkrementalistarekin amaitu nahian.

Zoritxarrez, ekintza bakoitzeko adierazleak sortzea ez da horren erraza. Askotan euskararen normalkuntzarako neurriek izaera hezitzailea dute eta zaila da epe laburrera eta indibidualki izan dezaketen emaitza neurtzea. Gainera gure ekintzen bidez eragin nahi dugun aspektua beste eragile batzuek eraginda dago eta gure eragina isolatzea ia ezinezkoa egiten zaigu. Ez bakarrik jokabide batengan eragiten duten faktore guztiak ezagutzen ez ditugulako (adb: euskal ereduetako matrikulazioa. Udaletik matrikulazio kanpaina egin dugulako dago D eta B ereduetan matrikulazio tasa altuagoa, ala maila orokorragoan kanpaina berdina egiten delako, ala modan dagoelako- auzokideak D ereduan matrikulatu du eta oso lagunak dira-, ala guztien arteko elkarreraginagatik?), baizik eta euren arteko sinergiak neurtzea ezinezkoa delako.

Plan ereduak egungo beste erronka bati aurre egin nahi dio: arloartekotasuna. Planean garatuko diren ekintzetan parte hartuko duten arloak zehaztu behar izateak, erakunde osoan euskalduntzearen grina sor dezake. Baina horrenbestera heltzen ez bagara, arduradunen arteko kontaktuak behartzen ditu, behintzat, ekintzak modu koordinatuan gara daitezen.

Esparruen zehaztasunak politika integrala izatera garamatza. Helburua gizarte arlo guztiak ukitzea da euren arteko sinergiak sortzeko asmoz, eta ohiko esparruetatik haratago joateko, hezkuntza maila ez ezik, lan mundua ere ukitzen da. Esparru guztiak ez dira udalen eskumenen menpeko eta honek eskumen gatazkak sor ditzake, ez bi erakundeek esparru bera lantzeagatik, baizik eta batek ere ez lantzeagatik, gaia beste baten konpetentzia delakoan.

GIZARTEAREN PARTE HARTZEA

Politika publikoa den neurrian, EBPN gizartearen onurarako pentsatuta dago, baina izaera ilustratuari uko egiten dion elementua dauka: Aholku Batzordea. Adituz eta errealitate espezifikoak ezagutzen dituzten pertsonaz osatuta dago, esparru bakoitzean eragile direnak. Aholku Batzorde honek plana gizarteratu eta errealitate ezberdinetako pertzepzioak jasotzen ditu. Orokorrean modu nominatiboan izendatzen dira partaideak, zenbakia mugatuta dagoelarik.

Aholku Batzordea dekretu bidez osatzeak partaideen konpromezua areagotzen du batzordearekiko, proiektuarekin inplikatzen dira, baina kanpoan gera daitezke gaiaren inguruan interesa eta ezagutza duten pertsonak. Hala ere, hauek argiago dute zein den beraien funtzioa, beraien esperientziatik administrazioa aholkatzea, hain zuzen ere.

Deialdi irekiek ez dute hasierako arrakastarik bermatzen, beraz, hau ez da Aholku Batzordearekin hasteko modu aproposena, batzordea hutsik gera baitaiteke. Baina funtzionatzen hasten denerako irekitasunaren inguruko hausnarketa egin beharko litzateke. Aholku Batzorde irekia eta handia gizartean eragile oso garrantzitsua izan daiteke, izaera ez administratiboaren itxura duen neurrian. Batzorde irekian esparru konbentzionalak gainordezkaritzan egon daitezke, kasu horietan erakunde publikoen proportzioak neurrira ekartzen saiatu behar da, esparru guztiek gutxienezko ordezkaritza edo ahotsa izan dezaten bertan.

Aholku Batzordearen beharrizanetara moldatu behar da plangintza prozesua. Zaila eta luzea izan daiteke politika publikoen diseinuan aditu bihurtzea, baina gutxieneko ezagutza bermatua beharko lukete. Hau lortzea hasiera batean zaila izan daiteke; egoera horretan lehentasunak finkatzea eta planaren azalpen osoa moldaturiko hizkuntzan eta forma ulerterrazean plazaratu behar zaie. Hizkuntzan urruntasuna nabaritzen bada, parte hartzeko gogoak desagertuko dira. Parte hartzearen izaera ludikoa azpimarratu behar da, Batzordea aspertzen badugu, ez zaigu gogo berdinarekin berriro bilduko.

INPLEMENTAZIOA

Inplementazioan pentsatzen hasteko lehenengo pausuak plan ereduak ematen ditu, bertan eskatzen baitira ekintza bakoitzaren garapenean ardura izango duten administrazio unitateak. Baina inplementazioa ez dago soilik udaleko departamentuen elkarlanarekin erlazionatuta, inguruko euskara zerbitzuek egiten dutena ere oso kontuan dugu.

Plangintza aurrera eramateko diru baliabideak beharrezkoak ditugu. Diru baliabide hauek proiektu berezirik ez badago, Udalak berak, HABEk, Aldundiak, eta Eusko Jaurlaritzak (HPS) banatzen ditu. Dirulaguntza banatzeko irizpideekin sartu gabe, banaketa epeen inguruan esan daiteke estu ibiltzen direla udal gehienak urte amaieratik gertu heltzen zaizkien dirulaguntzekin kudeaketa plana exekutatzeko.

Alkarbide, Bizkaiko Aldundiak ahalbideratzen duen Euskara Zerbitzuen elkargunea, koordinazio eta kooperaziorako espazio aproposa da. Bertan, inguruko udalerrietan garatzen diren ekintzen berri dugu eta gure udalerrian garatzen diren ekintzetarako zabalgune da. Ideiak sorrarazteaz aparte, ekintza bateratuak egiten dira kostuak murriztuz eta eragina handituz.

Gainera, udalerriko beste agenteekin elkarlana bultzatu behar da. Gure planean barneratzen diren helburu batzuk lortzeko aukera handiagoa dute ikas-zentroek edo herri taldeek; kasu hauetan beraien ekimenak dirulaguntzen bidez bultzatzen ditugu.

Plangintza egiterakoan ekintza guztiek dute beraien epea; urte osoko kronograma zehaztuta dugu. Honek ezer ahazteko aukera txikitzen du, batez ere aurreikusi gabeko arazoren bat sortzen bada. Kasu horietan kudeaketa planaren berrikuspena egin beharko genuke, aurrekontuak eta aurreikuspenak berraztertuz.

Inplementazioan udal bakoitzeko teknikarien inplikazioak eta lan gogoak garrantzi handia dute. Zorionez, Euskara Zerbitzuek bokazio handiko pertsonak dituzte langile, euskararen aldeko militantzia lanbide bihurtu dutenak.

KOMUNIKAZIOA

Euskara plangintza hau eta politika publikoak orokorrean gizartean aldaketak edota hobekuntzak lortzeko egiten dira, horregatik herritarrek erakundeen lana zein den eta zelako onurak eragin ditzakeen jakin beharko lukete. HPSren irizpideak bide honetatik ibiltzera gonbidatzen gintuen. EBPN onartu zen garaian aurkezpen publikoaren betebeharreko fasea zegoen eta urtero eginbeharrekoen artean komunikazio ekintzen plangintza egitea dago.

Gizarte zibila deritzogunari heltzeko bideak asko izan daitezke, baina eraginkortasuna sektoreen identifikazioan eta bideen aniztasunean dago. Jada identifikatuta ditugu sektore batzuetara heltzeko bideak, mugimendu gehien duten sektore edo gizarte esparruetara, hala nola, ikas zentroak, merkatariak, elkarteak,... baina zaila egiten zaigu mobilizatu gabeko helduetara heltzea. Gizarteari orokorrean gure mezuak zabaltzeko bidea prentsa da, orokorra eta eskualdean argitaratutakoa, alde batetik, eta bestetik etxeetara bidalitako informazioa. Komunikazio bide egokiak aurkitzeko lana dugu oraindik.

ONDORIOAK

Plangintzak prestatzen direnean helburu nagusi bat eta lan helburu batzuk izaten dira plangintzagileen buruan. Ezartzen diren ekintzak helburua lortzeko aurrerapausoak dira gure kasuan, eta adierazleak helburua lortze bidean zenbat aurreratu dugunaren erakusle dira ekintza bakoitzarekin.

EBPN izateak maila lokalean lortu beharreko helburuen sistematizazioa aurkezten digu, hiru-lau urtetan bete beharrekoak plan estrategikoan eta urtekoak kudeaketa planean, dena egoeraren analisi orokorretik abiatuta. Honek politikariaren lana errazten du, epe ertainerako lehentasunak finkatzeko aukera baitauka, hasierako analisiak eta jarduteko baliabideak ezagututa, eta baita teknikariarena ere, aurreikusi gabekoak gutxi direlako urtean.

Maila lokalean euskara plangintzetan adituak izatera iritsi arte oraindik falta da, baina HPSren aholkularitzarekin eta Alkarbideren laguntzari esker koherentzia duen helburu hierarkizatudun eta ekintza sistematizaturiko lan tresna daukagu, laster, adierazleei esker, mikro-aldaketak neurtzeko balio izango duena.

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
EAE
Bizkaia
Egilea(k): 
Aitziber Oliban
Urtea: 
2005