Kantatzera noazu bertso bat edo bi herenegun jarrita EBPNri

HPSk eskainitako ekintza‑ereduez baliatuz, Mankomunitateko EBPN diseinatu genuen: 200 bat ekintza, lau urtetan egiteko (2004‑2007). Hasierako zirriborroa lortzeko, HPSren ereduaz gain, guk asmatutako ekintzak eta Getxoko EBPNko batzuk ere sartu genituen.

EBPNren hasierako zirriborroa egin bitartean, Euskararen Aholku Batzordearen osaera proposatu genuen. Proposamena Mankomunitatea osatzen duten udaletako alkateei aurkeztu behar, eta hala egin genuen. Baina... geldi. Hemen aurkitu genuen lehenengo oztopoa. Ikuspuntu ezberdinak zeuden, eta horrek nahikotxo atzeratu zuen EBPN onartzea.

Mankomunitatearen EBPN bakarra izan beharrean, udal bakoitzak bere EBPN onartu beharko zuen, eta ondorioz, udal bakoitzak bere kudeaketa‑plana prestatu. Ez ginen konturatu, inola ere, arazoaren norainokoaz eta neurriaz, ez horixe! eta ondorioak oraindik ere nozitzen ari gara, bai eta etorkizunean nozituko ere —aldatzen ez bada behintzat—. Aurrerago aipatuko dut gai hau, justifikazioena alegia.

nola eraman aurrera EBPNn planteatutako ekintza guztiak herri guztietan. Bi modu erabil zitezkeen lan‑banaketa egiteko:

Ekintzakako lan‑banaketa

.- Teknikari bakoitza (une honetan bi gara) ekintza batzuez arduratuko zen, eta horien kudeaketa bideratuko herri guztietan.

Herriz herriko lan‑banaketa

.- Teknikari bakoitza egokitzen zaizkion herrietako ekintza guztiez arduratuko zen, eta horien kudeaketa bideratuko.

Azkenean, ustez eraginkorragoa izango zelakoan, a) aukera hautatu genuen.

Orain, berriz, udal bakoitzak bere euskara‑aurrekontua dauka, eta aurrekontu horren autonomiaz baliatuta, udal bakoitza jaun eta jabe da bere diru‑funtsekin: zertarako eta nola erabili udalaren esku dago, ez udalaz gaindiko erakunde baten esku. Funts horien neurriaz jabetzeko, ikus dezagun ondoko taula hau:

Gure plan estrategikoak esparru asko ditu lantzeko, baina onartu denetik gehien eragin duguna UMEENA da, bai IRAKASKUNTZAren bidez, bai AISIAren bidez.

Egia esan, eragiteko sektorerik errazena da, batez ere ikastetxeekin batera ekimenak antolatzen badira. Eta horixe izan zen gure hasiera hain zuzen ere. Beharbada aurretiaz nahi gabe, baina uste dut bete‑betean asmatu genuela arlo horretan hasita.

EBPN onartu zenetik daramagun bide laburrean, huts bat sentitu dugu beti: gazteena. Ez da heltzeko erraza, baina bada arlo bat langai duguna: kirola. Zaila da adin bateko gaztetxoak gure ekintzetara erakartzen, baina hor institutuaren eta ikastolaren lankidetza dugu ezinbesteko, bai eskola-orduetan, bai eskolaz kanpoko ekintzak antolatzeko. Horren lekuko, abenduan egindako ikastaro bat: lagun arteko hizkerarena, Urtxintxak emana

Aurten, gauzak uste bezala badoaz, erabilera‑hitzarmenak bultzatzeko asmoa dugu. Definizio bat emateagatik, erabilera‑hitzarmena konpromiso‑sorta bat da, hain zuzen ere elkarteak edo kolektiboak bultzatuko dituena beren jarduerak gero eta gehiagotan euskaraz izan daitezen. Horretarako, hitzarmenok izenpetzen dituzten elkarteek edo kolektiboek, trukean, zenbait onura jasoko dituzte udaletatik: diru‑laguntzak, itzulpenak, errotulazioa, ikastaroak...

Euskaltegiei dagokienez, zuzen eta egoki iritzi genion eskualdean bestela ere lan egiten duten euskaltegiei eskolak emateko aukera eskaintzeari. Horrela, banaketa zehatz batekin, Sopelanako Udal Euskaltegiak, AEK-k eta J. A. Agirre euskaltegiak ematen dituzte eskolak. Honetan ere uste dut asmatu dugula, oso garrantzitsua eta funtsezkoa baita euskaltegiak bidelagun izatea txango honetan, haiek badutelako zeresan handi‑handia, osoa ez esateagatik, helduen euskalduntze‑kontuetan.

Ikastarook Mankomunitate mailan antolatzeak abantaila bat izan du: herri batean, mota bateko ikastaroa sortu ez bada norberak nahi izan duen orduan eta egunean, aukera izan da ondoko herrietan. Eta horrela gertatu da.

Bestalde, helduen arloan, sentiberatze‑kanpaina batzuk ere aurrera atera ditugu: matrikulazio‑kanpaina, udako transmisio‑kanpaina eta neguko transmisio‑kanpaina. Lehenengo biak ALKARBIDE foroaren bitartez bideratu ditugu. Etxez etxeko bidalketak izan dira, herri askotan bezala.

Dakizuenez, badago lege bat pertsonen gaineko datuak babesten dituena. Lehenago ez zegoen ezer araututa, eta orain, agian, arautuegi. Kontua da lehenago bat ere neurririk gabe eskura zitezkeela datuak, baina orain zailagoak dira lortzen. Lehenengo kasua azaro aldean gertatu zitzaigun: etorkinentzako ikastaro labur bat antolatu nahi genuen (euskara eta euskal gizartea), eta pentsatu genuen deialdi zabala egin beharrean hobe izango zela etorkinen etxeetara gutun bana bidaltzea

Nire esperientziatik ikusita, mankomunitate baten ohiko egitura —oinarrizko zerbitzuak oinarrizko baliabideekin— ez da egokia EBPN garatzeko lan guztiari aurre egiteko; bai, ordea, ekintza solteak antolatzeko eta burutzeko. Izan ere, normalean, mankomunitateak sortzeko arrazoietako bat udalen txikitasuna eta baliabiderik eza izanda, zerbitzuetako langile‑kopurua ez da handia izaten

EBPNren garapena Mankomunitate batetik kudeatzeak duen abantaila da eratzen diren ekintzei zirkuitu edo sare baten izaera gehitzen zaiela. Ekintza bera udal askotan antolatuta, merkeago lortzen da, herri bakan batzuetan antolatuz baino. Eta herri batean sortu den arazoa edo eman zaion ukitua, aurreikusi egin daiteke besterako.

BAT soziolinguistika aldizkaritik EBPNri buruzko artikulu bat idazteko gonbita luzatu zidatenean, egia esatea nahi baduzue, harrituta geratu nintzen guztiz. Izan ere, euskara teknikari izan beharrean, ogibidez itzultzaile nauzue eta ikasketaz Biologian lizentziatua; gaur egun, ordea, lasai BATkideok, euskara teknikariaren egitekoetan nabil buru belarri. Hala ere, gonbitak poztu ninduela ezin ukatu. Hizkuntza‑normalkuntzako urtebeteko nire eskarmentu laburretik uste dut baditudala aipatu beharreko alderdi batzuk, eta horiexek kontatzera natorkizue orain. Entzun nahi dituenak, beraz, jar dadila orri hauen aurrean, eta patxadaz irakur ditzala. Bestela, ondo baderitzozue, jo hurrengo artikulura, gai interesgarriago baten bila. Modu batean zein bestean, bejondeizuela.

EBPNri buruzko zenbaki monografiko batean, beharbada normalagoa litzateke gure antolamenduaren ederraz hitz egitea eta gure eskualdean lortu diren emaitza ikusgarriez jardutea. Baina, ez, ez dut horrelakorik egin nahi, edo ez hori bakarrik. Ondoko lerroek zerbaiterako balioko badute, egoerak dituen alde onak eta txarrak aztertzeko izango da. Gure praktikan oinarritutako gogoeta izan nahi du honek, hausnarketa teorikorik gabe.

1.- HISTORIA APUR BAT

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzua 1997an eratu zen. Sortu zenetik, orain dela urtebetera arte, euskararen aldeko ekintza solteak antolatzen zituen (matrikulazio‑kanpainak, ipuin‑lehiaketak, kantaldiren bat edo beste, zaintzaile euskaldunen zerrenda eta abar). Baina egindako ekintzek, nire ustez, lotura falta zuten beren artean. Zerbait behar zen beren arteko esteka finkatzeko.

Horretaz jabetuta, jatorriz euskara teknikari denak proposatuta eta Mankomunitateko lehendakariak baimenduta, 2003ko uztailean bilera politikoa eskatu zitzaion Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari (aurrerantzean HPS), gure agintariei EBPN zer zen azal ziezaieten. Iraila aldean burutu zen bilera. Orduan hasi zen EBPNren bidea.

Ordura arte Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak bi kide zituen: berezko euskara teknikaria eta itzultzailea. Bizkar gainera zetorren lanaz konturatuta, gure agintariek itzultzaileari proposatu zioten jatorrizko euskara teknikariarekin batera jarduteko, euskara teknikariaren egitekoetan. Proposatu eta onartu.

Aurrerago, urrian, lehenengo bilera teknikoa egin zen. Han azalpen teknikoez gain, lan‑egutegia adostu zen (gerora aldaketa asko jaso zituena), eta horren arabera lan egiten hasi ginen.

2.- EBPN ONARTU AURREKO LANA: ARAZOAK GAINDITZEN

Ondoren, lan tekniko guztia hasi zen: aurreko urtean Mankomunitateko herrietan egindako ekintza gehienen datu‑bilketa, horiek datu‑base batera pasatu, datu ekonomikoak bildu, EBPNren oinarria izango ziren aurrekontu‑datuak jaso, hizkuntza‑eskakizunen gaineko datuak bildu... Aldi berean, HPStik bidalitako diagnosia egokitzen eta atontzen ibili ginen.

Eta jarraian, HPSk eskainitako ekintza‑ereduez baliatuz, Mankomunitateko EBPN diseinatu genuen: 200 bat ekintza, lau urtetan egiteko (2004‑2007). Hasierako zirriborroa lortzeko, HPSren ereduaz gain, guk asmatutako ekintzak eta Getxoko EBPNko batzuk ere sartu genituen.

EBPNren hasierako zirriborroa egin bitartean, Euskararen Aholku Batzordearen osaera proposatu genuen. Proposamena Mankomunitatea osatzen duten udaletako alkateei aurkeztu behar, eta hala egin genuen. Baina... geldi. Hemen aurkitu genuen lehenengo oztopoa. Ikuspuntu ezberdinak zeuden, eta horrek nahikotxo atzeratu zuen EBPN onartzea. Baina, azkenean, moldaketa txiki bat eginda, onartu egin zuten —ez, ordea, egun gutxitan—.

Gorago esan dudanez, EBPNren aurrelanaren aldian, udaletako datu ekonomikoak jaso genituen (besteak beste, udal bakoitzaren aurrekontu osoa eta euskararen arloan azken urtean egindako gastua), eta horiek abiapuntutzat hartuta, Mankomunitateko planaren 2004ko aurrekontuaren proposamena egin genuen: udal bakoitzarentzat aurrekontu bat proposatu genuen, eta guztiak batuta 600.000 euro baino gehiagoko aurrekontua sortu zitzaigun. Gogoan dut gastuaren proposamena aurkeztu genuen bileran zinegotzi batek egin zigun komentarioa: “hor ipini dozuezan kantidadeak pezetak izango dira ba?!” Ezetz esan genionean, zur eta lur geratu ziren gehienak. Kopuru hori ez genuen goiz zoro batean asmatu; ez horixe! Oinarri sendoa zuen: udalen aurrekontuaren ia % 2 zen proposatutakoa. Hasieran, ilargirainoko kopuruak iruditu zitzaizkien alkateei. Eta hurrengo galdera: “zenbateko subentzinoa edukiko dogu?” Erantzuna ez zen erraza izan, ez baikenekien zenbatekoa izango zen. Agintariek ez zuten ulertzen nola ezin jakin aurretiaz zenbat diru lortuko genuen Bizkaiko Foru Aldunditik (aurrerantzean BFA) eta Eusko Jaurlaritzatik; kontua zen erakunde bi horiek ez zigutela aurretiaz zenbatekoa zehaztu nahi, edo ezin zigutela zehaztu beste datu batzuk ikusi arte. Honek inpasse bat ekarri zuen.

Azkenean, ilargirainoko zenbateko onargaitza zena, zenbateko onargarria bihurtu zen; kostata, hala ere. Baina..., martxo aldean, Bizkaiko Foru Aldundirako diru‑laguntzen deialdiko eskabideak prestatzen ari ginela, zalantza bat sortu zitzaigun hurrengo urtarrilean egin beharreko diru‑zuriketaz. Hainbat kontsulta egin genituen, bai BFAn, bai Eusko Jaurlaritzan. Gure galdera zen ea posiblea izango litzatekeen Mankomunitateko udal batek egin gastuaren ordainketa baina Mankomunitatearen EBPNren gastua zuritzeko erabili. Norbaitek galde lezake zertarako halako korapilo bihurria, gauzak sinpleago egin beharrean. Hona hemen erantzuna: ez genuen ukitu nahi udal bakoitzak bere aurrekontuaren gainean dituen autonomia eta kontrola. Izan ere, beste aukera zen hasieran aipatutako zenbateko erraldoia Mankomunitatearen kontuan sartu eta bertatik kudeatu dena. Hor, ordea, arazo bat sortuko zen, hain zuzen ere, administrazio‑lanarena. Ordura artean, Mankomunitateko udal guztiek diru‑transferentzia egiten zioten udalez gaindiko erakunde honi, eta bertatik kudeatzen zen dena (ekintzak pentsatu eta diseinatu, diru‑laguntzak eskatu, justifikatu...). Baina orain proposatzen ziren zenbatekoek izugarrizko lana ekarriko zioten artean ere guztiz lanpetuta zegoen Administrazio Zerbitzuari. Esan dut, bada, gorago, galdera bat egin genuela BFA eta Eusko Jaurlaritzan, eta erantzuna argia izan zen leku bietatik: inola ere ez da posible erakunde batek gastua egitea eta zenbateko hori erabili erakunde hori ez den beste baten diru‑zuriketarako, nahiz eta gastua Mankomunitateko udal batek egina izan.

Une honetara helduta, egia esanda, bazirudien, beste une batzuetan gertatu bezalaxe, ezinezkoa izango zela EBPN onartzea, ez baitzen argi ikusten nola justifika genezakeen halako diru‑munta. Bi aukera zeuden:

1.- EBPNrako diru guztia Mankomunitatearen kontuan sartu eta bertatik egin gastua eta justifikazioa.
2.- EBPNrako dirua Mankomunitatera ekarri barik, udal bakoitzak berea gorde, bertatik gastua egin eta udalak berak justifikatu.

Azkenean, bideragarriago zirudien bigarren aukerak. Eta horixe proposatu genuen. Baina horrek beste koska bat ekarri zuen: Mankomunitatearen EBPN bakarra izan beharrean, udal bakoitzak bere EBPN onartu beharko zuen, eta ondorioz, udal bakoitzak bere kudeaketa‑plana prestatu. Ez ginen konturatu, inola ere, arazoaren norainokoaz eta neurriaz, ez horixe! eta ondorioak oraindik ere nozitzen ari gara, bai eta etorkizunean nozituko ere —aldatzen ez bada behintzat—. Aurrerago aipatuko dut gai hau, justifikazioena alegia.

Horiek horrela, hiru erabaki nagusi hartu zituen Mankomunitateak:

1) Udal bakoitzak bere EBPN izango du.
2) Udal bakoitzak bere euskara‑aurrekontua izango du, eta berak kudeatuko.
3) Euskararen Aholku Batzordeak irizpena emango zuen EBPNri buruz.

Bestalde, bazen kontuan hartu beharreko beste auzi bat: HPSk diru‑laguntza eman ahal izateko, EBPN duen udal bakoitzak bere euskara teknikaria izan behar du. Ez zen hori, ordea, Mankomunitateak zuen egoera. Berango izan ezik, gainerako udalek ez zuten euskara teknikaririk, eta irtenbidea eman behar zitzaion gai honi diru‑laguntza eskuratu nahi bagenuen. Hainbat kontsulta egin genion HPSko aholkulari bati, eta hark irtenbide bat eskaini zigun: Mankomunitateak lankidetza‑hitzarmen bana izenpetuko zuen euskara teknikaririk ez zuten udalekin Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren jarduna elkarbanatzeko. Alkateek ontzat jo zuten irtenbidea, eta aurrera egin genuen. Hitzarmen hauek, nire ustez, ez zuten benetako baliorik izan, balio sinbolikoa eta burokratikoa baizik. Izan ere, hitzarmenotan izenpetu zena lehenagotik ere egiten zen; baina arauek eskatzen zutenez, horrela bete guk.

Ondorioz, eratutako Euskararen Aholku Batzordeak irizpena eman zuen Euskara Zerbitzuak landutako EBPNaz, eta, ostean, udal bakoitzak bere EBPN eta euskara‑aurrekontua onartu zituen.

Baina bazen beste arazo bat –beste bat gehiago!!–, oraindik ere arrastaka daramaguna: giza baliabideena. Gomutan dut barre egiten nuela HPSk gure moduko Mankomunitate baterako egiten zuen proposamenarekin: bi euskara teknikari (bata, barruko euskara teknikaria izango zen; eta bestea, kanpoko euskara teknikaria), itzultzaile bat, trebatzaile bat, eta administrari bat. Horri buruzko txostena irakurri banuen ere, gehiegizko planteamendua zirudien; baina orain, urtebete igarota, benetan diotsuet HPS ez zegoela inola ere oker egiten zuen planteamenduarekin. Gurearen moduko EBPN udal guztietan garatzeko, ez da nahikoa gaur egun dugun langile kopuruarekin; izan ere, EBPN aurrera ateratzeak izugarrizko lan‑bolumena dakar, bai administrazioaren barruan (administrari‑lan hutsa eta administrazio barruko ekintzak aurrera atera), bai kanpoan, eta gaurko langile kopuruarekin ezinezkoa da behar bezala egin, ez eta erdipurdi ere.

Eta azkenean, hainbeste arazo gaindituta, 2004ko maiatzean EBPN onartu zen Mankomunitateko udal guztietan, bai eta Mankomunitatean bertan (erakunde modura) ere.

3.- ANTOLAMENDUA

Gure plana ofizialki onartu baino lehenago, BFAko diru‑laguntzen eskabideak bete eta bidali genituen, eta aurrerago, ekaina aldean, HPSko aplikazio informatikoa bete. Bidenabar doala oso lan astuna izan zela aplikazioa betetzea, kontuan hartuta ZORTZI administrazioren EBPNak (zazpi udal eta Mankomunitatea) sartu behar izan genituela eta, ondoren, ZAZPI kudeaketa‑plan (sei udal eta Mankomunitatea) prestatu. Hori irakurrita pentsa dezakezue nolako lana etorri zaigun gainera (hortik dator, besteak beste, orain arte susmatuko zenuten egonezina).

3.1.- Lan‑banaketa

Zorioneko aplikazio informatikoa bete ondoren, puntu bat geratu zitzaigun erabaki zain: nola eraman aurrera EBPNn planteatutako ekintza guztiak herri guztietan. Bi modu erabil zitezkeen lan‑banaketa egiteko:

a) Ekintzakako lan‑banaketa.- Teknikari bakoitza (une honetan bi gara) ekintza batzuez arduratuko zen, eta horien kudeaketa bideratuko herri guztietan.
b) Herriz herriko lan‑banaketa.- Teknikari bakoitza egokitzen zaizkion herrietako ekintza guztiez arduratuko zen, eta horien kudeaketa bideratuko.

Azkenean, ustez eraginkorragoa izango zelakoan, a) aukera hautatu genuen. Izan ere, herriz herriko ardura‑banaketa egitekotan, ekintza bakoitzarekin teknikari bakoitzak egingo zituen ahalegina eta lana, beste teknikariak ere egin beharko zuen, eta lan asko errepikatuta egin. Hala jakinarazi genien alkateei eta haiek ekintzakako lan‑banaketa onartu.

3.2.- Administrazio‑prozedura

Administrazio publikoan lan egiten duen edozeinek badaki jarduteko modu bat dagoela bertan: administrazio‑prozedura, hain zuzen ere. Prozedura bera izanda ere leku guztietan, ez da modu berean aplikatzen bazter orotan: administrazio batzuetan, ekintza bat egin ahal izateko, nahikoa da zinegotziaren edo alkatearen ahozko baimenarekin. Besteetan, berriz, oso prozedura zehatza dute: baimen‑txostena, baimen‑dekretua, esleipen‑dekretua (enpresa bati zerbait esleitu behar bazaio)... Administrazio batzuetan, lehenengo urratsa eman ondoren (baimen‑txostena), eta ahozko baimena lortuta, ekintza abian jar daiteke; baina beste batzuetan, zorrotzago jokatzen da.

Uribe Kostako Mankomunitatean herriz herri onartu zirenez EBPNak, orain, logikoa denez, herri bakoitzaren jokabidera moldatu behar dugu, hala jaso baitzen izenpetutako lankidetza‑hitzarmenetan (mendekotasun organikoa Mankomunitatearekin eta mendekotasun funtzionala egokitzen zaigun udalarekin). Ezin irudika dezakezue zer den hori: ekintza bera zazpi herritan egiteko, zazpi baimen eskatu zazpi zinegotzi edo alkateri (herri horietan egiten bada), zazpi idazkari‑kontuhartzailerekin harremanetan egon, zazpi jokamolde, zazpi kontabilitate kontrolatu, zazpi dekretu prestatu, zazpi, zazpi, zazpi. Zazpi zenbakia euskaldun askorentzat esanahi handikoa bada ere, guretzat, martxa honetan, litekeena da kutsu txarra hartzea.

Gauza gehiago aipa nitzake azken puntu honetaz, baina uste dut luze jotzen ari naizela ANTOLAMENDU arloko kontuekin, eta agian, interesgarria litzateke EBPN bera Mankomunitateko herrietan garatzen hasi garenetik ikusitakoaz hitz egitea.

4.- EBPN‑REN ERAGINA

4.1.- Euskararen aurrekontuak

EBPNk izan duen ondorio nagusi eta onenetako bat euskara‑aurrekontuak izatea da. Plan Estrategikoak onartu baino lehenago, Mankomunitatearen kutxan biltzen zen eskualdean euskararako erabiltzen zen diru gehiena (salbu eta kultur etxeek berez euskaraz antolatzen zuten programazio guztia, eta euskara ikasteko diru‑laguntzak). Lehen, bideratzen ziren ekintzak orokorrak zirenean (matrikulazio‑kanpainak, ipuin‑lehiaketak, transmisio‑kanpainak...), alegia, herri guztietan egiten zirenean, ez zegoen banaketa‑arazorik. Arazoa, ordea, ekintza partikularra prestatzean sortzen zen: zergatik egin ekintza bat edo bestea herri batean eta ez bestean, dirua Mankomunitatearena (erakundearena) bada? Orain, berriz, udal bakoitzak bere euskara‑aurrekontua dauka, eta aurrekontu horren autonomiaz baliatuta, udal bakoitza jaun eta jabe da bere diru‑funtsekin: zertarako eta nola erabili udalaren esku dago, ez udalaz gaindiko erakunde baten esku. Funts horien neurriaz jabetzeko, ikus dezagun ondoko taula hau:

Erakundea

2003ko ekitaldian gastatutakoa (*)

2004ko ekitaldirako aurrekontua

Barrikako Udala

1.957 €

18.358 €

Berangoko Udala (**)

103.459 €

146.818 €

Gorlizko Udala

29.966 €

90.070 €

Lemoizko Udala

11.283 €

22.398 €

Plentziako Udala

24.471 €

61.500 €

Sopelanako Udala

95.000 €

183.975 €

Urdulizko Udala

22.615 €

61.175 €

UK Mankomunitatea

41.046 €

97.360 €

GUZTIRA

 

681.654 €

(*) Kopuru horietan, euskararako bereziki erabilitako dirua sartzen da; kultur etxeek euskaraz programatzen duten guztia (eta ez da gutxi) ez da kopuru horien barruan biltzen.

(**) Berangoren kasua berezia da; izan ere, 2003an EBPN izan gabe ere, oso partida handia erabili zuen euskara sustatzeko.

Esan behar da, bestalde, orain arte sakabanatuta zeuden zenbait partida orain EBPNn biltzen direla, besteak beste, euskara ikasteko diru‑laguntzak, langileak euskalduntzeko gastuak, euskararen aldeko jaiei ematen zaizkien diru‑laguntzak.

Datuok ikusita, burura datorkeen lehenengo galdera da ea zergatik zortzi aurrekontu eta ez bakarra, planari Mankomunitatearen ikuspegia eman nahi bazaio. Arrazoiak gorago emanda daude:

a) Udal bakoitzak bere aurrekontuarekin duen autonomia eta kontrola zaindu nahi genituen.
b) Diru‑bolumen horrek ekarriko lukeen administrazio‑lan itzela, Administrazio Zerbitzua guztiz ukituko lukeena.

Arrazoiak, ene irudiko, pisuzkoak ziren hartu genuen erabakia hartzeko, baina gaur egungo ikuspegitik aztertuta, aitortu behar dut ez genuela asmatu egindako proposamenarekin. Aurrekontu bakarra izan beharrean zazpi aurrekontu kudeatzea zoramena da (eta zazpi diot; izan ere, Berangok bere euskara teknikaria dauka, eta berak kudeatzen ditu Berangoko EBPN eta dagokion aurrekontua). Egin beharreko lan burokratikoak denbora pila kentzen digu.

4.2.- Zinegotziekiko harremanak

Gure udal gehienak erakunde txikiak dira, eta ez dute euskara edo kultura arloko zinegotzi liberaturik. Egoera horretan zinegotzi bakarra balego, gaitzerdi, baina kontua da zinegotzi guztiak daudela horrela. Eta, kasurik onenean, zinegotziarekin harremanetan jartzea lortzen duzunean, zinegotziak alkateari komentatu behar dio erabakia berresteko. Atera kontuak zenbat luza daitekeen baimenen bidea. Hori saihesteko, batzuetan egiten duguna da zuzenean alkatearengana jo, tramiteak gehiegi ez luzatzeko.

4.3.- Lokalak

EBPN garatzen hasi aurretik, bagenekien, jakin ere, lokal eskasia zuela gure eskualdeak, baina abian jarrita askoz ere nabarmenago geratu da. Kultura‑azpiegiturak oso urriak eta txikiak dira, eta horrek, zenbaitetan, mugatu egin digu ekimenak antolatzeko unean.

4.4.- Eraginguneak

4.4.A) Umeak

Gure plan estrategikoak esparru asko ditu lantzeko, baina onartu denetik gehien eragin duguna UMEENA da, bai IRAKASKUNTZAren bidez, bai AISIAren bidez.

Egia esan, eragiteko sektorerik errazena da, batez ere ikastetxeekin batera ekimenak antolatzen badira. Eta horixe izan zen gure hasiera hain zuzen ere. Beharbada aurretiaz nahi gabe, baina uste dut bete‑betean asmatu genuela arlo horretan hasita. Izan ere, sektore egituratua izanik, horretara eramaten diren ekintzek ia‑ia ziurtatua dute arrakasta. Publikoa bertan dago, azpiegitura ere bai, eta ekintza haiengana eramaten da.

Bestalde, iruditzen zait ikastetxeekin lankidetza‑ildo garrantzitsua zabaldu dugula. Gogoan ditut eskolekin hasieran izandako harremanak: leku batean mesfidantza adierazi ziguten planteatzen genuenarekin. Ez zuten sinesten udaletatik horrelako dinamika gauzatuko zenik. Baina gorabehera batzuk kenduta, uste dut atzera bueltarik gabeko bide batean sartu garela.

Erronkak, izan, leku askotan ditugu, baina horietako bat jolastorduena da. Begi bistakoa da gure ume gehienek erdaraz egiten dutela beren jolastorduan, eta ikastetxeek, askotan, ez dute baliabiderik horri aurre egiteko. Aurten, hori kontuan hartuta, eta Leioako esperientziaz baliaturik, abian jarri nahi dugu programa berri bat: OLGETAN ERE EUSKARAZ. Zalantza bakarra da ea non kokatuko dugun jardun hori: eskolan bertan (jolastorduan, eskola‑ordutegian) ala herriko parkeetan (ume gehien biltzen diren lekuetan, eskola‑ordutegitik kanpo). Hori erabakigai dago. Baina argi dago hor zeregin handia dugula eta sektoreak aukera ematen duela.

4.4.B) Gazteak

EBPN onartu zenetik daramagun bide laburrean, huts bat sentitu dugu beti: gazteena. Ez da heltzeko erraza, baina bada arlo bat langai duguna: kirola. Zaila da adin bateko gaztetxoak gure ekintzetara erakartzen, baina hor institutuaren eta ikastolaren lankidetza dugu ezinbesteko, bai eskola-orduetan, bai eskolaz kanpoko ekintzak antolatzeko. Horren lekuko, abenduan egindako ikastaro bat: lagun arteko hizkerarena, Urtxintxak emana; sei talde sortu ziren, zentroaren inplikazioari esker. 2005ean ere talde bi edo ditugu aurreikusita.

Kirolaz gain, beste arlo batzuk ere ukitu beharko ditugu: aisialdi‑elkarteak, kultura‑elkarteak eta erlijio‑ekintzak. Azken gai honek eztabaida piztu zuen Uribe Kostako Euskararen Aholku Batzordean: ea noraino sartu behar zuen administrazio batek muturra erlijio‑kontuetan; hala ere, EBPNn jasota geratu ziren zenbait ekintza‑eredu.

Aldez aurretik jakinda ere oso sektore zaila dela kideen adinagatik, eragin beharra are garrantzitsuagoa bihurtzen da. Aurreko batean, ama euskaldun batek komentatzen zidan kezkatuta zegoela 14 urteko semeak ez duelako ezer egiten edo ezer gutxi euskaraz, ikastetxetik kanpo jakina. Errealitatea da hori, eta hor erronka bat dugu bai aurten, bai datozen urteotan. Eta berriro diot, ezer berririk asmatzen ez badut ere: nago kirolak argibidea emango digula.

Aurten, gauzak uste bezala badoaz, erabilera‑hitzarmenak bultzatzeko asmoa dugu. Definizio bat emateagatik, erabilera‑hitzarmena konpromiso‑sorta bat da, hain zuzen ere elkarteak edo kolektiboak bultzatuko dituena beren jarduerak gero eta gehiagotan euskaraz izan daitezen. Horretarako, hitzarmenok izenpetzen dituzten elkarteek edo kolektiboek, trukean, zenbait onura jasoko dituzte udaletatik: diru‑laguntzak, itzulpenak, errotulazioa, ikastaroak... Ideia hau, noski, ez da berria Euskal Herrian, baina bai gure eskualdean. Gure inguru hurbilenean, hala ere, Getxo da esperientzia hau abian jarri duenetako bat.

4.4.C) Helduak

Abian daramagun denboran, euskararen eguneko (edo leku batzuetan, asteko) ekitaldiez gain, hiru ikastaro eskaini dizkiegu helduei:

I.- Hasiberriak.- Ikastaro honetan, astean hiru orduko euskara‑eskolak eskaini zaizkie hutsetik hasi nahi izan duten gurasoei. Halako erritmo motela jartzeko arrazoia uste izatekoa da: guraso askok, hainbeste zio tarteko, ezin izaten dute bete euskaltegien ordutegia (astean gutxienez 10 ordu). Matrikulazio‑aldian galdetu zigutenei adierazi genien moduan, erritmo ideala euskaltegiek eskaintzen dutena da, gurearekin ikas prozesua asko luzatzen baita.

Euskararen Aholku Batzordearen bileretan, euskaltegietako ordezkariek (bai udal‑euskaltegikoak, bai AEK-koak) zalantza handiak mahairatu zituzten halako erritmo motelekin: ohiko ikasleak galduko zituztela, ikas prozesua gehiegi luzatzen dela... Saiatu ginen azaltzen helburua ez zela inondik inora ohiko ikasleak “lapurtzea”, ez eta hurrik eman ere. Helburua zen ohiko ikas erritmora ezin molda zitezkeen GURASOAK (haientzat pentsatutakoa baitzen) euskararen mundura erakartzea, eta hortik litekeena da norbaitek erritmo estandarretara jauzi egitea.

Horrenbestez, uste dut ikastaroak lortu duen oihartzuna arrakastatsua izan dela; izan ere, guk kudeatzen ditugun sei udaletatik lautan taldeak sortu dira: Gorlizen 3 talde, Lemoizen 2 talde, Plentzian talde bat, eta Sopelanan 4 talde; guztira 103 ikasle.

Euskaltegiei dagokienez, zuzen eta egoki iritzi genion eskualdean bestela ere lan egiten duten euskaltegiei eskolak emateko aukera eskaintzeari. Horrela, banaketa zehatz batekin, Sopelanako Udal Euskaltegiak, AEK-k eta J. A. Agirre euskaltegiak ematen dituzte eskolak. Honetan ere uste dut asmatu dugula, oso garrantzitsua eta funtsezkoa baita euskaltegiak bidelagun izatea txango honetan, haiek badutelako zeresan handi‑handia, osoa ez esateagatik, helduen euskalduntze‑kontuetan.

Pizgarri moduan, beka‑sistema ezarri dugu: ikasleek asistentziaren % 90 frogatzen badute (irakasleak egiaztatuta), matrikula osoa itzuliko zaie. Horrek, ene irudiko, ikasle gehiago erakarri du.

Baina, noski, arrakastaz mintzatzean, ikastaro‑hasieraz ari naiz, ikastarook oraindik ez baitira amaitu. Ebaluazioak argibideak emango dizkigu.

Esan beharrekoa da, bestalde, ikastaro honek ez duela HABEren laguntzarik, baina taldeok datorren urtean jarraitzekotan dagokion diru‑laguntza eskatuko dugu HABEn; izan ere, arautu gabeko erritmoak hasieran babesten ez dituzten arren, bigarren urtean bai, eta bide hori jorratzeko asmoa daukagu, HABErekin lankidetzan.

II.- Gurasoak lagunduz.- Ikastaro honetan, astean hiru orduko euskara‑eskolak eskaini zaizkie euskalduntzearen 5. edo 6. urratsa baduten gurasoei, euskara ikasteaz gain, seme‑alaben etxeko lanak ulertzen has daitezen. Ikastaroaren antolamenduari buruzko kontsiderazio orokorrak HASIBERRIAK ikastaroko berberak dira.
Ikastaro honen oihartzuna urriagoa izan da: Gorlizen talde bat eta Sopelanan beste bat; guztira 20 ikasle.
III.- Euskal jolasak.- Ikastaro honetan, 8 orduko emanaldia eskaini zaie nahi izan duten gurasoei, umeen jolasak euskaraz ikasteko. Hiru talde izan ditugu eskualdean (Lemoiz, Sopelana eta Gorliz), guztira, 36 guraso, eta balorazio orokorra egin behar bada, oso positiboa izan dela esan behar da; ez bakarrik guk esanda, gurasoek berek ere bai.

Ikastarook Mankomunitate mailan antolatzeak abantaila bat izan du: herri batean, mota bateko ikastaroa sortu ez bada norberak nahi izan duen orduan eta egunean, aukera izan da ondoko herrietan. Eta horrela gertatu da. Egia esan, ez da mugimendu handirik izan, baina ikastaro guztietan kasuak izan dira; izan ere, herri txikietako biztanleek ohitura handiagoa dute inguruko herrietara mugitzen zerbitzu bila, herri handietakoek baino. Gure asmoa herriz herri eskaintzea izan da, Mahoma eta mendiaren esaera zaharraren ildotik. Nolanahi ere, eskaintza udal bakar baterako egin izan bagenu, askoz ere mugatuago egongo ginen. Hemen trasbasea aurreikusita geneukan.

Ikastaro‑eskaintza Mankomunitateko herri guztietako gurasoei zuzendu nahi genienez, publizitatea ez dugu eskolen eta ikastolaren bidez bakarrik bideratu. Hortik ere bai, noski; baina bereziki etxez etxeko propaganda erabili dugu. Horrela, eskualdekoa izanda baina bertako zentroetan ikasten ez duten umeen gurasoek ere aukera izan dute parte hartzeko. Dei zabala egin nahi izan dugu, eta lortu dugulakoan nago.

Bestalde, helduen arloan, sentiberatze‑kanpaina batzuk ere aurrera atera ditugu: matrikulazio‑kanpaina, udako transmisio‑kanpaina eta neguko transmisio‑kanpaina. Lehenengo biak ALKARBIDE foroaren bitartez bideratu ditugu. Etxez etxeko bidalketak izan dira, herri askotan bezala.

Ikusten duzuenez, ez dugu ezer berririk asmatu, gehiena asmatuta dago eta. Beharbada, antolatzeko moduan aurki dezakegu ezberdintasuna, baina antolatzen den horretan ezer gutxi. Eta, gainera, kontuan hartuta gure EBPNak noiz onartu ziren (onartu, 2004ko maiatzaren amaieran onartu ziren, baina irailera arte ezin bideratzen hasi), ezin kontatu miraririk.

Ez da nire asmoa, ez eta gutxiagorik ere, EBPN osoari begirada ematea, luzeegi joko lukeelako. Daramagun epe labur horretan, hainbat eta hainbat ekintza eta esparru geratu zaigu ukitu gabe: merkataritza, kirola, erlijioa, administrazioa bera (bitxia bada ere)...

4.5.- Justifikazioak

Hasieran esan dizuedan moduan, aipamen berezia egin nahi nien diru‑laguntzen justifikazioei. Egia esan, ez dakit esatera noana aplikagarria izango den udal guztietan eta batez ere mankomunitateetan, baina geurean, orain arte ez bezala, izugarrizko lana izan da hori guztia, batez ere kontuan hartuta justifikazioen lan honek bi alde izan dituela:

  • - ohiko justifikazioak: memoriak, gastuak, betetze‑mailak, sarrerak, parte‑hartzaileak...
  • - HPSko kudeaketa‑planak

Guk, guztiok bezala, Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik jasotzen ditugu diru‑laguntzak. Eta, logikoa denez, zuritu behar dugu gastatutako guztia, ondoren Aldundiak eta Jaurlaritzak dagokien kitapena egiteko.

Baina geurean, esperientziarik ezagatik, denborarik ezagatik, eta informatikako aldrebeskeriengatik (denok ezagutu ditugu EBPNren aplikazioak egin dizkigunak), pilatu eta sano atzeratu egin zaizkigu lanok. Ez dakit zer den lan hori guztia udal bakar baterako edo Mankomunitate “planbakar” baterako egitea, baina gurearen moduko Mankomunitate “zazpiplan” baterako, itzela da, ikaragarria, burokraziak zerbitzua blokeatzeraino. Hau idazten ari naizen unean (GOENKALEko Mª Luisaren ahotsa urrun entzuten ari naiz), otsailaren bigarren astean, horrela dago gure zerbitzua, blokeatuta. Eta gainera kezka batekin: oso berandu ibili gara 2004ko kudeaketa‑planekin eta oso berandu ibiliko gara 2005eko kudeaketa‑planekin; laster Aldundirako diru‑laguntzen eskariak prestatu beharko ditugu, eta apur bat aurrerago Jaurlaritzarakoak. Zenbateko denbora geratuko zaigu EBPN bera garatzeko? Ez dut ukatzen arazo honetan dukegun partea, noski (antolamendu txarra, agian). Ez dakit egoera larri honetan gu ote garen gauden bakarrok; baina horrela ez bada, irtenbideren bat eman behar zaiolakoan nago; hemen bai, hemen, baina baita han ere.

4.6.- Datuen babesa

Hasiera batean behintzat, bitxia izan daiteke EBPNren artikulu batean datuen babesaz jardutea. Baina arazo horrekin birritan topo egin dugulako kontatu nahi dut.

Dakizuenez, badago lege bat pertsonen gaineko datuak babesten dituena. Lehenago ez zegoen ezer araututa, eta orain, agian, arautuegi. Kontua da lehenago bat ere neurririk gabe eskura zitezkeela datuak, baina orain zailagoak dira lortzen. Lehenengo kasua azaro aldean gertatu zitzaigun: etorkinentzako ikastaro labur bat antolatu nahi genuen (euskara eta euskal gizartea), eta pentsatu genuen deialdi zabala egin beharrean hobe izango zela etorkinen etxeetara gutun bana bidaltzea, ikastaroan parte hartzera bultzatuz. Eskola jakin batean egin nahi genuenez, eskolaren bidez lortu nahi genituen datuok, baina erantzun ziguten ezetz, ezin zizkigutela eman, datu pribatuak eta pertsonalak direlako. Horrela ezin egin zitekeela eta, gutuna prestatu genuen eta eskolako arduradun bati eman genion, guk datuak ikusi gabe haiek bana zitzaten. “Soldadutzan balorea bezala” suposatu beharko da gutunak banatuko zituztela. Dena dela, arraroa izan zen dei bakar bat bera ere ez jasotzea gure Euskara Zerbitzuan ikastaro horri buruz. Eta, noski, ez zen talderik sortu.

Bigarren kasua 2005eko matrikulazio‑kanpainan gertatu zaigu. Oraintsu arte, datuak eskatu eta egun gutxiren buruan datuen etiketak eskura genituen bidalketak egiteko. Dena dela, azken kanpainetan ikusi dugu Mankomunitateko udal guztietan ez dutela berdin jokatzen datuekin: iaz arte ez zegoen arazorik datuak eskuratzeko (adin‑tarte batekoen izen‑abizenak eta helbidea), baina azken hilabeteotan DATU DISOZIATUAK erabiltzen hasi dira udal batzuetan. Datu disoziatuak izen‑abizenik gabeko datuak dira, helbideak baino erakusten ez dutenak. Modalitate berri horretan, formula hau erabili dugu:

Bizilagunak/ Residentes

  • (kalearen izena eta zenbakia)
  • (posta‑kodea eta herria)

Aurtengo matrikulazio‑kanpainan, udal batean kontsulta egin dute Jaurlaritzan ea arazorik egongo ote zen udal batek mankomunitate bati datuak eskuratzeko, eta erantzuna izan da ezin direla eskualdatu, ez bada mankomunitate horren estatutuetan datuak erabiliko dituen zerbitzua agertzen dela, eta orduan interpreta zitekeela mankomunitateak datuok behar dituela bere zereginak betetzeko. Udalak berak egingo balu matrikulazio‑kanpaina ez omen litzateke arazorik egingo, ez diolako inori eskualdatzen, baina beste pertsona juridiko bati uztean, orduantxe sortzen dira lege‑arazoak.

Sortutako arazoari irtenbiderik eman nahian edo, begiratu diogu udal horren eta gure Mankomunitatearen artean izenpetutako lankidetza‑hitzarmenari (gorago aipatutakoa). Hor zehazki jasotzen da udal horrek Mankomunitatearen Euskara Zerbitzua erabiliko duela EBPN garatzeko; eta EBPNren barruan, matrikulazio‑kanpaina sartzen denez, litekeena da hortik konponbidea etortzea. Adi egon, lagunok, batez ere Mankomunitateetan zabiltzatenok! Azter ezazue auzia, ea zezenak harrapatzen ez zaituzten!

5.- ONDORIOAK

Ohikoa izaten da honelako azalpen luze baten amaieran ondorioak aipatzea, eta horixe egitera noa, bi multzotan banatuta:

I.- Antolamendua:

 

a) Plantilla eta kokapena.- Nire esperientziatik ikusita, mankomunitate baten ohiko egitura —oinarrizko zerbitzuak oinarrizko baliabideekin— ez da egokia EBPN garatzeko lan guztiari aurre egiteko; bai, ordea, ekintza solteak antolatzeko eta burutzeko. Izan ere, normalean, mankomunitateak sortzeko arrazoietako bat udalen txikitasuna eta baliabiderik eza izanda, zerbitzuetako langile‑kopurua ez da handia izaten (gure kasua hori da; une honetan, bi langile gara sei udal eta Mankomunitaterako, nahiz eta laster batean beste langile bat sartzeko asmoa izan), eta horrek guztiz baldintzatzen du EBPN moduko plan bat garatzea. Ene ustez, egokiena da udal bakoitzak bere teknikaria izatea (nahiz eta denak Mankomunitatearen egituran sartuta egon), edo, hori ekonomikoki ezinezkoa bada, teknikari batek gehienez ere 2 udal hartzea. Jakin, badakit, hor ekonomia‑arazoekin egiten dugula topo, baina egokitasunaz mintzatzen ari bagara, horri begiratu behar zaio. Eta argi gera bedi, bada, hori guztia proposatzen dudanean ez dela erosokeria hutsagatik (gutxiago lan egin eta abar), eraginkortasunagatik baizik.
Langile horien kokapen fisikoak ere garrantzia du; izan ere, gure Euskara Zerbitzuak Mankomunitatearen egoitzan duenez bulegoa, behin baino gehiagotan gertatu zaigu udaletxeren batean arrotz sentitzea, kanpotik ezarritako zerbait inposatzera joango bagina bezala. Udalak fisikoki hor ikusten badu teknikaria, bestelakoa da.
Guztiz garrantzitsua da plantillaren diseinua, Euskara Zerbitzu sinboliko hutsa egin nahi ez bada. Plantillaren nondik norakoak finkatzeko, biztanleen kopuruez gain, euskara‑aurrekontuak ere hartu behar dira kontuan, ez baita gauza bera 40.000 euro ala 600.000 euro kudeatzea.
b) Lan‑banaketa.- Printzipioz, ekintzakako lan‑banaketa litzateke onena, ekintza baten inguruan egiten den ahalegina leku guztietan erabili ahal izateko, baina horrek duen arazoa da bi teknikari (gure kasuan behintzat) ibili beharra udal bakoitzean ekintza ezberdinekin eta jokamolde ezberdinekin. Beraz, hortik oraindik bada EBPN onartu ez duen mankomunitaterik, nire gomendioa da herriz herri egitea lan‑banaketa, bi teknikari zein zazpi izan, denen artean koordinatuta, noski.
c) Justifikazioak.- Ez dakit posiblea izango den, baina BFA eta HPS beste gauza batzuetan koordinatzen diren moduan, ez litzateke posible izango sistema bat asmatzea hain jardun astuna ez izateko justifikazioena? Berriro diot, ekintza gutxi justifikatu nahi badira, ez da ezer; ondo orain arteko moduan. Baina justifikatu behar dena herri askotako ekintza asko badira, kontua bestelakoa da.

II.- EBPN‑ren garapena:

EBPNren garapena Mankomunitate batetik kudeatzeak duen abantaila da eratzen diren ekintzei zirkuitu edo sare baten izaera gehitzen zaiela. Ekintza bera udal askotan antolatuta, merkeago lortzen da, herri bakan batzuetan antolatuz baino. Eta herri batean sortu den arazoa edo eman zaion ukitua, aurreikusi egin daiteke besterako.

Garatu beharreko ekintzez ez dut alderik igartzen Mankomunitate batetik udal batera. Aldea, gehienbat, antolamenduan ikusten dut nik.

Baina, bada, nire irudiko, guztiz kontuan hartu beharreko beste gai bat: ezin ditugu kultur etxeak alde batera utzi EBPNren garapenean, haiek egiten dituzten lan asko guztiz txertatzen baitira gure planean, eta gainera, herri txikietan, are garrantzitsuagoa, haiek baitira kulturaren erreferente handia. Guk daramagun bide laburrean, asko zor diegu kultur etxeei, eta haiekin elkarlanean jarraitzeko asmoa daukagu.

Besterik ez, irakurle sufritu hori. Honaino heldu bazara, ez zara makala gero! Sentitzen dut lar lokalista egin badut hausnarketa, baina hori da ezagutzen dudana. Eta sentitzen dut, neurri berean, tituluak irekitzen zuen espektatibari erantzun ez badiot. Dena dela, bertsolariek dioten moduan, “ondo esanak hartu eta gaizki esanak barkatu”. Ondo izan.

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
EAE
Bizkaia
Egilea(k): 
Edorta España
Urtea: 
2005