EBPN Bilbon

Euskararen berreskurapenean murgilduta gaudenok bertatik bertara ezagutzen dugun plana da EBPN. Betegarria litzateke, alde horretatik, Euskararen Aholku Batzordeak diseinatutako ahalegin erraldoiaren nondik norakoak hemen azaltzen hastea.

Bilbori dagokionez, Udalak oso garbi izan du hasieratik bere ekimenari dagokiola hirian euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea, normalizazio egoera bidean. Eta hau guztia udalerrika burutzea ulertezina da, ez bada modu koordinatu eta eraginkorrean, gaurko bizimoduak gainditzen baitu jarduera gehienetan udalerriaren muga.

Kultura Sailburuak eta gure alkateak sinatu zuten Planaren abiapuntua. Handik hona diagnosi egokia egiten saiatu gara, Plan Estrategikoaren lehentasunak finkatzen eta Euskararen Aholku Batzordeak emandako lanerako ildoak eta gomendioak gure ingurura egokitzen.

INDARGUNEAK

- Euskaldunen portzentajeak gora egin du modu nabarmenean azken urteotan. 1991ko erroldan 35.000 inguru ziren euskaraz ondo berba egiten dutela aitortzen zutenak; hamar urte beranduago, 2001ean, 53.000 euskaldun inguru. Normalkuntzaren oinarrian kokatu beharreko datua.

- Hazkunde honen iturri nagusia derrigorrezko irakaskuntza dugu. Euskarazko ereduak gora egin du etengabe gaur egunera arte. Bilbon kokaturik dauden ikastetxeetako ikasleriaren % 40 D ereduan ari da, beste % 40 B ereduan , eta A gero eta eragin gutxiagokoan % 20.

- Errez ulertzen da, datuok aztertuta, Udalaren hizkuntza politika batez ere eskola-munduan garatu izana. Euskarazko ereduaren aldeko matrikulazio kanpainak, egonaldiak baserri-eskoletan, bertsolaritzazko ikastaroak, zine emanaldiak, euskal asteak, ipuin lehiaketa, oparitu euskaraz kanpaina, ume jaio berrien gurasoen artean egiten dena eta abar, programatutako urteroko ekimen hauen helburua euskararen ezagutza eta, batez ere, erabilera bultzatzea da. Motibazioa piztuz, hizkuntza jolas eta atsegin bihurtuz eta Bilbon askotan aurkitu ezinean dabiltzan euskal giroa eskaini nahian.

- Helduen euskalduntze-alfabetatzeko zenbakiek ez dute gauza bera esaten. Behera egin du nabarmen azken ikasturteotan, ulergarria gazteek dakarten euskara maila ikusita, nahiz eta azken urtean gauzak hobera egin omen duten. Udalak euskara ikasten duten helduentzako laguntzak banatzen ditu, bide desberdinetatik. Badira laguntzak gazte eta langabetuentzat, euskarazko ereduetako ikasleen gurasoentzat, egoera ekonomiko larrian bizi direnentzat, etorkin heldu berrientzat, UEUra doazen bilbotarrentzat; talde bakoitzak bere tratamendua du, baldintzetan eta diru-kopuruan, baina eraginkortasunaren irizpidea dugu oinarri: gainditutako urratseko ematen dira laguntzak.

- Badira Bilbon euskara elkarte ugari. Gehienak azken hamarkadan sortuak eta gure hizkuntzaren normalkuntza helburu nagusi dutela. Elkarteon programak diruz laguntzen ditu Udalak eta aurrerantzean, EBPNren ildotik, elkarlana estutu eta biderkatu egin beharko dugu guztion xedea den helburu erdiesteko.

- Gauza bera aisialdian diharduten taldeekin, hirian hain garrantzitsua dugun merkataritza sektorearekin, lan-munduan normalizazio planetan dabiltzanekin edo euskara teknologia berrien esparruan txertatzen ari direnekin.

- Martxan diren hainbat egitasmok hizkuntzaren oroimena berreskuratzea dute helburu. Bai euskararen historia soziala Bilbon ikertzekoa, bai toponimoen ondarea plazaratzearena, bai euskalkia lantzen duten talde eta pertsonen proiektuak laguntzearena, bai euskara hutsezko komunikabideen ahaleginean abiatu direnena. Hizkuntzaren elikadura, azken batean.

AHULEZIAK

Erabilera eskasa da, zalantza barik, adierazle nagusia. Arrazoiak sozialak dira, baita psikologikoak ere hainbat kasutan. Hizkuntza gutxitu batek pairatzen duen egoeraren diagnosikoak oro har. Konponbidean ados gaude; kontua da hiriaren barruan euskaraz bizitzeko aukera emango duten guneak osatzen joatea; euskaldunari funtzio guztiak bere hizkuntzan, berak nahi duen hizkuntzan, garatzeko atea zabaltzea. Eta horixe da EBPNren helburua.

Garbi dago Bilbon euskarak bizi duen egoeraren arrazoiak eta ondorioak ez direla bereziki bilbotarrak, gure hizkuntzak bizi dituen baldintza orokorren emaitza baizik. Hala ere, badu Bizkaiko hiriburuak hainbat ezaugarri, euskara bertan normaltzeko zereginean kontuan hartu beharrekoak. Hona batzuk.

Espazioaren eremuan, hiria dugu Bilbo. Esan nahi du honek ez dela auzoen batuketa hutsa; harremanak, non hizkuntza funtsekoa den, inguru hurbilean garatzen dira baina baita erdigunearen norabidean ere. Erdigunea ez da bat eta bakarra, ugari dira bilbotarron topalekuak adin, estetika, eta ahalmenen arabera. Aisialdi urbanoak aurpegi asko ditu.

Udalerriaren mugak gaindituta, inguru zabalaren erakar gunea da Bilbo. Merkataritzak, administrazioak, unibertsitateak, ikuskizunak, dibertimenduak eta, oro har, eskaintzen dituen zerbitzuak oso populazio zabalak erabiliak dira. Euskara errealitate honetan txertatu behar da, eta ez bilbotarronean soilik. Nahiz eta, asteburu askotan bereziki, mugimendua alderantziz gertatzen den, bilbotar askok inguru hurbilera jotzen baitu hiritik ihesi. Horrek ere bere eragin linguistikoa du, euskal kostaldean bereziki.

Denboraren haritik, nabarmena izan da azken hamarkadan hiriak izan duen aldaketa. Itxuratik barrurago doan aldaketa. Bizi dugun Bilbo barria fenomenoari erantzun beharko dio euskara normaltzeko plangintzak, lanean ari diren eragileekin batera, bai hizkuntzaren normalizazioa dabiltzan talde zein hiritarrekin, bai hiriaren etengabeko eraldakuntza planifikatzen eta gauzatzen daudenekin. Azken batean, hiri bat osatzen duten maila ugarietan euskaraz bizitzeko benetako aukera ematea da Planaren helburua.

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
Bizkaia
Egilea(k): 
Ana de Castro Rubalkaba
Urtea: 
2005