EBPN Gasteizen

SARRERA

EAEn 94 erakundek onartu du dagoeneko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Iaz data hauetan Jaurlaritzak argitara eman zituen datuen arabera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi ziren biztanleen eta euskaldunen erdiak zeuden ordurako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (EBPN) sartuta.

Gasteizen abenduaren 23an onartu berri da euskara hirian biziberritzeko plana: Araban orain arte onartutako bakarra da eta EAEko hiru hiriburuetan lehena. Ez dugu uste horrek aparteko meriturik duenik. Izan ere, Plan Nagusiaren markotik kanpo bada ere, euskararen normalizazioan eta planifikazio estrategikoan oso saio txalogarriak egin izan dira (Bai Euskarari Akordioa Agurainen eta Amurrion, Euskararen Plan Orokorra Donostian,...). Egoera horrek erakusten du, ordea, erritmo ezberdinak egon badaudela eta zenbait lekutan zailtasun gehigarriak daudela EBPN aurrera ateratzeko orduan.

PROZESUA

Gasteizi dagokionez, EBPN abian jartzeko erabakia aurreko legealdian hartu zen. Hasiera-hasieratik garbi izan dugu plana euskalgintzaren partaidetzarekin egin behar zela eta –gerora euskalgintzako taldeek eskatu zuten bezala- alor ezberdinetan lanean ari ziren gizarte eragileen iritzia ere kontuan izan behar zela. Partaidetza, beraz, ezinbestekotzat jo da, eta horixe bermatzea izan da prozesuaren beraren helburuetako bat. Era berean, jakin bagenekien (eta badakigu) zaila dela iritzi, interes, eta sentsibilitate ezberdinak proiektu bakar baten inguruan biltzea eta zaila dela plan batek horiek guztiak asebetetzea.

Partaidetza bideratzeko Euskararen Sektore Kontseilua eratu zen, "kontsulta eta irizpen organo gisa, beren jardueraren xedetzat euskara babestea eta sustatzea duten herritarren, elkarteen, eta taldeen proposamenak jasotzeko eta partehartzea bideratzeko". Kontseiluan, asistentzian gorabeherak egon badira ere, 37 pertsonak hartu dute parte, 27 elkarteren edota erakunderen izenean.

Euskara Zerbitzuak 2003ko urrian Gasteizen EBPN bideratzeko jardunbidea aurkeztu zuen euskararen sektore kontseiluan. Jardunbide hori udal kontseiluko kideen ekarpenekin osatu zen eta 2004ko maiatzean abian jarri zen egitasmoa. EBPNren arlo nagusiak 6 multzotan banatu ziren [(1) helduen euskalduntzea; (2) irakaskuntza eta familia bidezko jarraipena; (3) aisialdia eta kirolak; (4) kultura; (5) arlo sozioekonomikoa; (6) komunikabideak, publizitatea, eta teknologia berriak] eta lan-mahai bana eratu zen erreferentzialak ziren hainbat gizarte-eragilerekin. Partaidetza hori dinamizatzeko aholkularitza-enpresa baten lankidetza bilatu zen, ELHUYAR elkartearena, hain zuzen ere.

Lan-mahaiek 3-4 orduko bina bilera egin dituzte: lehena, nork bere alorrean euskararen egoera zein den aztertzeko; eta bigarrena, proposamenak egiteko, egoera hori hobetze aldera. Orotara 70 pertsonek hartu dute parte, alor bakoitzeko elkarte erreferentzialen izenean (euskaltegiak, hainbat ikastetxe publiko eta pribatu, aisialdi-elkarte batzuk, Merkataritza Ganbara, bi aurrezki kutxa, zenbait kirol federazio, hainbat komunikabide, ...)

EUSKARA GASTEIZEN. DIAGNOSIA

Testu hau datuz puztu nahi ez badugu ere, diagnosiak badu kontuan izan beharreko alde kuantitatiboa. Hona hemen, egoeraren zenbait adierazle:

1981etik 2001era euskaldunen portzentajea 11,2 puntu igo da eta elebidun hartzaileena 11,1 puntu. Halere, hiru biztanletatik bi (% 64,7) erdaldun elebakarrak dira.

15 urtetik beherakoen artean ia biztanleriaren erdia euskalduna da.

Aipagarria da 4 euskaldunetatik 3 euskaldun berriak direla: eskolan edo euskaltegian euskaldunduak, alegia.

Ia biztanle guztiek gaztelania erabiltzen dute etxean (% 94,28).

Euskaldunen dentsitatea edozein izanik ere, gaztelania erabiltzen da etxeetan.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioan B eta D ereduek gora egin dute, poliki baina etengabe.

Lanbide Heziketan eta BALen (batxilergoan) A ereduaren nagusitasuna erabatekoa da (% 96,7 eta % 80,2, hurrenez hurren)

Hortik hiru ondorio nagusi atera daitezke:

Hartu beharreko neurriak eta politikak ikuskatzerakoan kontuan hartu behar da euskaldun berrien kopurua eta haur-gazteen artean dagoen euskaldun kopurua.

Sentsibilizazioa eta informazioa lantzea lehentasunezkoa da, euskaldunen kopurua handitzeko.

Herri jendetsua izaki eta euskaldunak gutxi, garrantzitsua da herritarrak harremanak euskaraz izateko guneak eta aukerak sustatzea. Beste era batera esanda, garrantzitsua da euskaraz egiteko aukera estrukturalak bultzatzeko egitasmoak indartzea.

Lan-mahaietan azaldu diren iritzien inguruan, bestalde, lehen ere aipatu dugu zaila dela diagnosi bakar eta konpartitua sortzea; diagnosia, halabeharrez, sentsibilitate ezberdinen mosaikoa da. Eragile gehienak, ordea, bat etorri dira hainbat punturen inguruan:

Euskararen inguruan sentsibilitate eta kontzientzia maila ezberdinak egon badaude (irudi politizatua aipatu da, esate baterako). Euskararen inguruan dauden errepresentazioetan eragin behar da, euskararen beraren irudian, alegia: euskara herritar guztion ondare gisa, Gasteizko hizkuntza, hirikoa, modernoa...

Hiriko bizitza sozialean euskarak ez du behar duen lekua: gaztelania gailendu egiten da. Ez dago euskarazko eskaintza nahikorik eta dagoenak ere ez du behar besteko arrakastarik. Egoera hori orokorra bada ere, areagotu egiten da hiriko bizitza sozialean eragin gehien duten arloetan: kultura, aisialdia, kirola, merkataritzan,... Hirian dauden erakunde eta elkarteetan ere gaztelania erabiltzen da nagusiki.

Euskararako baliabide gehiago behar da. Udalaren partetik jarrera proaktiboa behar da eta euskara zerbitzuaren eginkizunak hirian eragitea izan behar du.

PLANAREN EDUKIAK

Ez gara arituko arloz arloko ekintza zerrendaren inguruan. Interesgarriagoa iruditzen zaigu biziberritzeko planean agertzen diren lan-ildoak azaltzea. Hona hemen:

Sentsibilizazioa eta komunikazioa landu, bai kanpaina orokor baten bidez, bai kanpaina sektorialen bidez: euskaltegietako matrikulazioa, euskararen erabilera aisialdian,…

Euskalduntze alorrean dauden programak (diru-laguntzak, gurasoentzako ikastaroak) elkarlanean ebaluatu eta egoki ikusten diren hobekuntzak inplementatu.

Egungo programekin batera, lehentasuna eman bi kolektibo euskalduntzeari: haurrekin eta gaztetxoekin lan egiten duten profesionalak eta elkarteetako kideak (begiraleak, entrenatzaileak,…), eta merkataritzako zein ostalaritzako profesionalak.

Kulturan, aisialdian, eta kirol alorrean euskaraz dagoen eskaintzaren mapa egin eta hobekuntzak proposatu (bai kuantitatiboak eta bai kualitatiboak)

Kulturan, aisialdian, eta kirol alorrean euskaraz dagoen eskaintzaren zabalkundean lan egin.

Ikastetxeekin lan egin, eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen presentzia handitzeko.

Plan integrala egin merkataritzan euskararen erabilera handitzeko: hitzarmenak, hizkuntza zerbitzuak eskaini, ikastaroak antolatu,…

HAINBAT BALORAZIO

Parte hartzeko denbora: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia era partehartzailean eratu nahi bada, ezinbestekoa da denbora ondo neurtzea. Egia esan behar badugu, prozesuak iraun dituen zazpi hilabeteak oso labur geratu zaizkigu. Partaidetzak denbora eskatzen du, are gehiago elkarren arteko inkomunikazio-egoera batetik abiatzen baldin bagara. Diagnostiko bakarra eta partekatua ezinezkoa izanik ere, beharrezkoa da bakoitzak gauzak nola ikusten dituen lehen eskutik entzuteko aukera izatea: bakoitzaren argudioak, bakoitzaren diskurtsoak,...

Norainoko zehaztasuna nahi/behar dugu? Plan osatua eta itxia nahi dugu? Proposamen zehatzak eta ondo mugatuak? Bai eta ez. Ez eta bai. Plan zehatza izatea nahi izan dugu, helburu argiak dituena, neurgarria, ekintzez ondo zehaztua,... baina are garrantzizkoagoa dena: marko bat eraiki nahi izan dugu datozen lau urteetan euskararen sustapenean lan egin ahal izateko. Baliteke planean zehaztasunetan hutsune bat baino gehiago izatea. Ez dago zalantzarik, ordea, lan egiteko markoa ematen digula.

Ziur aski ezin izan da heldu euskalgintzako hainbat taldek nahi lukeen bezain urrun. Jakin badakigu talde horiek gehiago nahi luketela eta onartu den plana ez-nahikotzat dutela. Kritika hori aintzat hartzen badugu ere, bada gure ustez bestelako baloraziorik ere:

proposatu diren lan-ildoak koherenteak dira lan-mahaietan egin diren diagnosiekin;

lan-mahaietan egin ziren proposamen gehienak jaso dira dokumentuan; ez ordea euskalgintzako taldeen partetik egin diren alegazioak.

bada aurrerapauso bat udalak hizkuntza sustatzeko orain arte eraman duen jokabidean.

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
Araba
Egilea(k): 
Itziar Atienza eta Alex Vadillo
Urtea: 
2005