Hiriburuen lekua EBPNn: Donostia

Udaletako euskararen erabileraren eta normalizazioaren azterketari buruzko ale honetan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan hiriburuen lekuaz aritzeko gonbitea egin zaigu.

Ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik, eta hala planteatzen du Jaurlaritzak berak ere, hiriburuek EBPN garatzerakoan trataera berezia eta lan egiteko modu egokitua behar dutela, baina hiriburu izate horrek ematen dizkion ezaugarri horiez gain, Donostiak baditu hizkuntzaren egoeraren eta erabileraren normalizazioan aurrera egiteko, gainerako hiriburuekin alderatuta, seguruenera abiapuntu hobean kokatzen duten baldintzak. Gai honetan luzatzeko asmorik gabe, hainbat datu azpimarratu nahiko nituzke.

Atzera begiratuta, belaunaldien arteko transmisioa, garai batean galtzekotan izan bazen ere, ez da inoiz erabat eten Donostian. Era berean, euskararen historia modernoa, neurri handi batean, Donostiari loturik dago.

Gaur egunera etortzen bagara, Donostia da euskaldun kopuru handien duen hiriburua. 63.000 euskaldun ditu Donostiak, ia-euskaldunak kontuan eduki gabe. Hau da, hiru donostiarretik batek, euskara ondo daki. Era berean, kontuan izatekoa da baita ere ingurutik jasotzen duen euskaldun kopurua, Gipuzkoako hiriburu izanik, jarduera askotarako erdigune baita.

Gainera, euskal kulturarekin lotutako erakunde ugarik Donostian dute egoitza (idazle, itzultzaile, bertsozale…) eta euskararen inguruan dagoen industriaren zati handi bat Donostian edo Donostialdean kokatua dago.

Etorkizunera begira ere, hezkuntzako D ereduak une honetan duen matrikulazio mailak erakusten digu ondorengo belaunaldiei begira donostiarrek euskarari ematen dioten balioa. Haur Hezkuntzaren hasieran, 3 urte dituzten haurren matrikulazioari erreparatzen badiogu, 2004-05 ikasturtean ondokoak izan dira datuak: A eredua % 8,3; B eredua % 33,6 eta D eredua % 58,1.

Azkenik "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra"rekin egindako ibilbideak ere esperientzia eman digu gizartearen eta administrazioaren arteko elkarlanean eta aurrera begira eman beharreko urratsak bideratzeko lagungarria izango dela zalantzarik ez dugu.

1. EBPN-REKIN BATERAGARRITASUNA

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak EBPNren baitan duen esperientzia oso berria da, beraz, orain arteko gure esperientzian eta etorkizunerako asmoetan oinarrituko da ondorengo lerroetan egingo dugun azalpena.

2006ko apirilean Euskararen Udal Patronatua bideratzen ari den "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra"k lehen bost urteak beteko ditu. 2001eko apirilaren 23an onartu zen aipatu plana eta, beraz, aurten lehen programa markoa burutuko da, izan ere, planaren eragin aldia 10 urtekoa izanik, bere garapena bosna urteko bi programa markotan banatzea aurreikusi zen, horiek, era berean, urteko programen bidez garatuz.

Orain arte Euskararen Udal Patronatuak berak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak planari egin dizkioten urtez-urteko jarraipenek eta balantzeek adierazten duten moduan, planaren gauzapena positibotzat jo genezake baina azpimarragarriena gure ustez hasieratik hona planak izan duen bilakaera da, izan ere, planak bide eman baitigu urte hauetan oker asko zuzentzeko eta jarduna hobetzen joateko.

Urte honen amaierarekin batera beraz, bost urteko programa markoaren balorazioa egitea egokituko zaigu eta, hain zuzen ere, bigarren bosturtekoari ekiterako, EBPNrekin bidea egiten hasteko une egokia dela uste dugu.

"Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra" Donostiako Udal administrazioak euskararen normalkuntza prozesua bideratzeko duen tresna da, "Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia" berriz, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko eragin eremuko herri administrazioetan garatzeko diseinatu duena. Bi planen filosofia bateragarritasuna eta koordinazioa bultzatzea dira. Biek dute beste ezaugarri garrantzitsu bat: malgutasuna. Are gehiago, azken finean, diseinuan, gauzapenean zein metodologian hainbat alde egon daitezkeen arren, biek dute helburu bera: euskararen berreskurapen osoa.

Hala ba, eraginkortasunez jokatzekotan gizarteak eta herri administrazio guztiek koordinatuta aritzea ezinbestekoa denez, eta plan estrategikoen garai honetan, batzuen zein besteen arteko antzekotasunak aldeak baino askoz ere esanguratsuagoak izanik, "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra" eta EBPNren bateragarritasuna bilatuz elkarlanaren lehen urratsak ematen hasi gara Euskararen Udal Patronatua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hizkuntza Politikarako Sailordetza. Eta lehen urrats hauek erakutsi digute bi planen diseinuan dauden desberdintasunak ez direla inola ere gaindiezinak.

Argi dago bestalde, ahaleginak batuz eta norabide berean lan eginaz etekin handiagoa aterako zaiela ekimen eta programei. Komunikazioa hobea izanik bikoiztasunak saihesten ere errazagoa izango da.

Erakunde bakoitzari dagozkion eskumenak eta eragin eremuak ondo zehaztuz, eta hortik abiatuta modu koordinatuan, bakoitzak bere esparruan eragin beharko du. Eta azken hau, alegia, eskumenak eta eragin eremuak zedarritzea eta bakoitzak zer egin behar duen argi edukitzea ezinbestekoa izango da arrakasta lortzeko.

2. EUSKARAREN EKIMEN ESTRATEGIKOAK. DONOSTIAKO PLAN OROKORRAREN IBILBIDEA

Aurrekariak

Donostian euskararen normalizazio osoa lortzeko oinarrizko tresna bat beharrezkoa zela ikusirik, 1997ko irailaren 17an, Donostiako Udalbatzak Euskararen Normalizaziorako Plangintza Orokorraren egitasmoa bideratzea eta planaren helburu orokorra onetsi zituen.

Integraziozko eta adostasunezko plangintza lortzeko, bere eraketan, gizarte esparru guztietako eragileen parte hartzea ezinbestekoa zela erabaki zen. Eragile hauen ekarpenak jasoz, Euskararen Udal Patronatua LKS enpresarekin batera aritu zen lankidetzan lehenik diagnostikoa egiten eta ondoren, helburuak, lehentasunak, jarraibideak eta ekintzak zehazten. Lan honen ondorioa da "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra" dokumentua.

Uste baino gehiago luzatu zen prozesuaren ondoren, 2001eko apirilaren 23an, Euskararen Udal Patronatuaren Gobernu Kontseiluak behin betiko onespena eman zion planari. Elaborazio eta onarpen prozesua amaituta, 2001eko apirilean planaren gauzapena abian jarri zen. 2001eko irailaren 19an Jarraipen Batzordea osatu eta, azkenik, 2001eko abenduaren 13an, Euskararen Udal Patronatuak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hitzarmena sinatu zuten, azken honek planaren kanpo auditoria egin zezan.

Planaren ezaugarri nagusiak

Elaborazio prozesuan planifikazio estrategikoaren metodologia erabili zen eta malgutasuna du ezaugarri nagusienetako bat. Horrela, bere baitan dituen aldaketa soziolinguistikoetara eta beste zenbait egoera berrietara etengabe egokitzea ahalbidetzen du.

Gainera, gizarte sektore guztien partaidetza eta inplikazioa bideratuz, behetik gora, gizartetik erakunde eta esparru politikorantz taxutu zen egitasmoa da. Kanpoko aholkularitza enpresa baten laguntzarekin, 101 lagunek hartu zuten parte planaren prestakuntzan.

Egitura aldetik, zortzi sektoretan egituratuta dago: Familia Harremanak; Euskara Batua eta Azterketa Soziolinguistikoak; Hezkuntza, Ikerketa eta Gazteria; Herri Administrazioa; Hedabideak eta Kulturgintza; Lan Mundua; Gizarte Erakundeak, Kirol eta Entitate Herritarrak; Teknologia eta Telematika.

Erakundeen arteko eta gizarte eragileekiko elkarlana da planaren beste ardatza eta horrek eraman gaitu EBPNrekin uztartzeko lehenengo urratsak ematera; era berean, Euskararen Udal Patronatuak Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin lankidetzan dihardu, planaren jarraipena egiteko konpromiso hitzartuaren bidez.

Garapena

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2002ko ekintza planaren balorazio txostenean aipatu bezala, hizkuntza-normalizaziorako ekimenen egikaritzan Donostiako Udala, Euskararen Udal Patronatuaren bitartez, aitzindaria izan da hiriburu guztien artean; batetik, Euskararen inguruko Plan Orokorra prestatu eta bideratu duen lehena izan da eta, bestetik, planaren jarraipena egiteko kanpo analisia eskatu duen lehen erakundea ere izan da.

Planak bere sorreratik izan duen ibilbidearen balantzea egiteko Euskararen Udal Patronatuak zein Kontseiluak bakoitzak bere aldetik egindako balantze txostenak eta horien harira ondoren egin izan diren Jarraipen Batzordetan egindako ekarpenak hartu dira kontuan. Guztiak hemen jasotzea zaila bada ere, ondorengo lerrootan denen ikuspegiak jasotzen saiatuko gara.

2004 urteko ekitaldiarekin planak lau urte bete ditu eta abiatu zenetik hona aurrerapauso nabarmenak eman dira planaren garapenean, bai ekintza edo jarduerak bideratzeari dagokionean eta baita planaren formulazio eta jarraipen sisteman ere:

  • Helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari loturik, kanpaina desberdinetako (guraso, langile, langabetu, ikasle…) mila donostiar baino gehiago ari dira euskara ikasten Euskararen Udal Patronatuak horretarako zehaztuta daukan aurrekontu garrantzitsuaren kontura. Era berean, euskaltegien nahiz ikasleen jarduna indartzeko eta saritzeko jarduera osagarriak garatzen dira.

  • Unibertsitatearekin egindako hitzarmen bidez, hainbat egitasmo elkarlanean garatu eta beste hainbat argitalpen diruz lagundu dira.

  • Donostiako udal zerbitzuetatik ateratzen den euskararen kalitatea hobetze aldera eta euskarak hirian duen presentzia areagotzeko asmoz, baliabideak landu dira eta euskaraz lan egiteko tresna ugari jarri dira udal langileen esku.

  • Euskarazko produktu informatikoen erabilera bultzatzeko eta injinerutza linguistikoan dagoen ikerketarako ahalmena antolatzeko, balioztatzeko, eta zabaltzeko, Patronatuaren www.euskaraz.net web orriaz gain, hainbat lan tresna jarri dira udal langileen eta herritarren esku.

  • Haur eta gazteei zuzendutako ekintza ugari bideratu dira arrakasta handiz, horietako asko Donostiako ikastetxeekin eta Berritzengunearekin elkarlanean aurrera eramandakoak.

  • Kultur ekintzan bideratutako esku-hartzeak eta esparru honetako erakundeekin izandako lankidetzak emaitza aberatsak eman ditu: besteak beste, Donostia Opera Prima saria, Koldo Mitxelena literatur saria, Donostia Antzerki Saria…

  • Komunikabideen arloan, tokiko euskarazko komunikabideen zabalkundea bultzatzeko azpiegiturazko nahiz diru baliabideak ematen zaizkie.

  • Kirol arloko berriak euskaraz argitaratzeko egitasmoa garatu eta arloko eragileak euskalduntzeko hainbat neurri hartu dira, besteak beste, euskarazko kirol prestakuntza, euskara ikasteko laguntzak…

  • Udal administrazio osoan euskara, gaztelania bezala, zerbitzu hizkuntza bermatzeko eta atal elebidunetan beste herri administrazioekiko harremanetarako hizkuntza eta lan hizkuntza izango dela bermatzeko, udal langileen euskalduntze prozesuarekin batera, hizkera administratiboa lantzen jarraitu da eta euskaraz lan egiteko tresnak eta laguntza eskaintzen zaizkie.

  • Arlo sozio-ekonomikoan, batez ere, merkatariei zuzendutako hainbat zerbitzu eskaintzen dira, besteak beste, errotulazioa euskalduntzeko dirulaguntzak, itzulpen eta zuzenketa zerbitzua, euskara ikasteko dirulaguntzak.

  • Altzako egitasmo pilotuaren bidez, "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra"ren garapena eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren Bai Euskarari akordioa uztartu eta egokitu dira.

Oro har, esan beharra dago plana Euskararen Udal Patronatuaren lana bideratzeko oso tresna lagungarria izan dela, alde batetik lana sistematizatzen eta antolatzen lagundu digulako, eta bestetik, ikuspegi osatu eta zabal bat ematen digulako. Urtez urte, ahalegin berezia egin da, gainera, baliabideen eta planaren aurreikuspenen artean doiketa lortzeko, beti ere egin daitekeenaren eta behar denaren arteko oreka garrantzitsua dela ahaztu gabe.

Planaren baitako lorpenak garrantzitsuak izan badira ere, badu oraindik zer indartu. Gauzak horrela, EBPNrekin hasi dugun uztarketa prozesu honekin batera, orain arteko hutsune eta gabeziei irtenbide egokiak planteatuz egin beharko zaie aurre.

  1. EBPN BIDERATZEN HASTEKO LEHEN URRATSAK

EBPN Donostian bideratzearen egokitasuna ikusi ondoren, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailordetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, plana abian jartzeko eman beharreko urratsak aztertu dituzte.

Erakundeok ikusi dute, euskararen normalizaziorako ahaleginean etenik ez izateko, nolabaiteko trantsizio edo bateratze aldi bat egon behar dela Donostian indarrean dagoen "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra"ren eta EBPNren ezarpenaren artean. Izan ere, helburua bera bada ere, bi planen diseinua desberdina da eta egokitu egin behar dira plana bideratzeko, nahiz honen jarraipena egiteko lanabesak.

Hauek dira orain arte lankidetza honetan eman diren urratsak:

  • EBPN abian jartzeko ohiko den lehen urrats modura, Donostiako Udalaren eta udalerriaren egungo egoeraren diagnostikoa egin da.

Udal mailako plana osatzeko oinarrizko tresna da egoeraren diagnostikoa. Diagnostiko egoki bat egin gabe, euskara biziberritzeko jardunean ditugun indar guneak eta ahuleziak ezagutu gabe, nekez asmatuko dugu zein sektore, adin talde, edo ekintza motari eman behar diogun lehentasuna eta, azken batean, non izango den emankorrago gure ahalegina. "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra"ren elaborazio prozesuan diagnostiko zabal eta osatua egin zen arren, bidezkoa ikusi zen une honetan euskarak Donostian bizi duen egoera aztertzea.

  • Diagnostikoa burutu eta gero, "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorrean" jasotako ekintzak EBPNko ekintzen kodeen arabera sailkatu dira, era horretan Hizkuntza Politikarako Sailordetzak EBPN garatzen duten udalekin egin ohi duen bezala, Donostiako Udalaren 2004 urteko kudeaketa planaren jarraipena egin dezan.

Lehenago esan bezala, bi planen arteko aldea diseinuan dago batez ere. EBPN hiru helburu estrategikotan oinarrituta egituratzen da; "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra" berriz, zortzi sektore nagusiren arabera osatu zen, eta bertan 28 helburu estrategiko jasotzen dira. Baten zein bestearen helburu estrategikoan identifikazio lan bat egin ondoren, Donostiako planaren 2004ko ekintzak EBPNren egituraren arabera antolatu dira.

Horrela, patronatuak 2004ko urteko programan jasotako ekintzak EBPNren helburu, neurri eta ekintzen arabera sailkatzen dituen proposamen bat landu da; urteko programa hori EBPNren ildotik egiteko unean ager zitezkeen zailtasunak aztertzeko eta horiei irtenbideren bat emateko. 2005eko ekintza plana ere modu berean taxutu da.

Honekin batera, planaren diseinurako eta jarraipenerako Euskararen Udal Patronatuak erabiltzen duen aplikazio informatikoa egokitu behar izan da, EBPNk erabiltzen duenarekin bateragarria izan dadin.

  1. AURRERANTZEAN EMAN BEHARREKO URRATSAK

"Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra"ren lorpenak garrantzitsuak izan badira ere, oraindik bide luzea dugu egiteko eta alderdi asko dira indartu behar direnak, besteak beste, euskararen erabilerari ateak ireki behar zaizkio Donostiako gizarteko esparru desberdinetan hala nola, herri administrazioan zein sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan, haur eta gazteen aisialdian, kultur eta kirol eskaintzan, teknologia eta telematika arloan, hezkuntzan, bereziki, lanbide heziketan eta hezkuntza ez arautuan, esparru sozio-ekonomikoan…

Era berean, planaren baitan bideratzen diren ekimenak behar bezala gizarteratzeko, informazio, zabalkunde eta kontzientziatze kanpaina osatuagoa bideratu beharko litzateke. Burutu diren zenbait ekintza ildo horretan koka badaitezke ere (EUPren Web orria eta euskarazko jardueren berri ematea hedabideetan), komunikatzeari eta sentiberatzeari begirako jardun iraunkor bat lantzea garrantzitsua baita.

Baina EBPNren baitako prozesura etorriz, zehazki, epe laburrean eman behar ditugun urratsak honakoak dira:

Hizkuntza Politikarako Sailordetzak zehaztutako prozedurari jarraiki, uneotan Euskararen Aholku Batzordea osatzen hastera doa Euskararen Udal Patronatua. Egungo Jarraipen Batzordea oinarri hartuta, gizarte esparru guztien ordezkaritza izango duen batzorde sendo eta eraginkorra osatzea da helburua.

Ondoren, eta aurretik esan bezala, "Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra"ren lehenengo programa markoa 2001-2005 urte artekoa denez, planaren koherentziaren ikuspegitik, egokiena zera ikusten da: lehenik aurreneko programa markoa amaitu eta dagokion balantzea egitea, eta, ondoren, Donostiako Planaren bost urteko bigarren programa markoa (2006-2010) zehaztea EBPNren diseinuaren arabera.

2004ko eta 2005eko ekintza planetan egindako kodetzea eta jarraipena trebakuntza ona izango dira datozen bost urteetarako lan sistema finkatzeko.

Lan sistema bateratu honen helburua erakunde guztiek eraginkortasun handiagoz eta modu koordinatuagoan lan egitea da. Era berean, noski, jarraipen eta ebaluaketa sistemetarako adierazle eta neurtzeko modu bera izatea osoa garrantzitsua izango da. Hori guztia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egiten duen auditoriarekin osatzen badugu, hiri honen euskararen normalizazioan urrats handi bat emana izango dugu.

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
Gipuzkoa
Egilea(k): 
Edurne Otamendi
Urtea: 
2005