Bizkaiko Foru Aldundia eta EBPN

Hizkuntz Normalizazioa denaz bezainbatean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plangintzaldiaren datuak emango ditugu Aldundian arlo honetan egiten ari denaren argigarri; datuok 1999tik 2003rakoak dira. Alde batetik, lanpostuak, hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak azalduko dira, bai eta derrigortasun indizearen betetze-maila ere, eta, bestetik, “Euskararen Erabilera Plana”ri dagozkionak.

euskararen erabilera sustatzeko planak erabiltzen ditugu, hain zuzen ere, euskara, zerbitzu hizkuntza ez eze, lan hizkuntza ere izatera iritsi dadin. Bitarteko horiek, batetik, baldintza egokiak sortu nahi dituzte administrazio unitate elebidunetan euskara zerbitzu zein lan hizkuntza izan dadin, eta, bestetik, behar adina hizkuntz ezaguera duten langileak trebatu nahi ditu euren lanpostuei dagozkien funtzioak eta zereginak gaztelaniaz zein euskaraz betetzeko gai izan daitezen.

Diru-laguntzetan datza, ezinbestean, Bizkaiko Foru Aldundiak EBPNren helburuak lortzeari begira erabiltzen duen tresna eragingarrienetako bat. Izan ere, Aldundiek gizartearengandik jasotzen dituzten dirutzak era egokian banatuz birgizarteratzea baita erakundeon eginkizun nagusia. Halandaze, euskararen sustapenari zuzendutako diru-laguntzak emateko 6 deialdi egin ohi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak urtero. Hona hemen deialdion xehetasunak laburbildurik:

Arlo honetan ezinbestekoa da ALKARBIDE bilgunearen lana aipatzea. 2001ean sortu zen bilgunea eta harrezkero egundoko eragina izan du Bizkaiko udal eta mankomunitateek euskara arloan daramaten jokabidean. Hortaz, Bizkaian EBPNren garapenean duen garrantzia aintzat harturik, azalpen honen bukaera aldera emango da Alkarbideren jardunbidearen berri zabalagoa.

Euskararen Etxea 2004ko abenduan zabaldu zen Bilboko San Inazio auzoan Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenari esker. Lau solairu dauzkan eraikin horretara doan edonork gure hizkuntza ezagutzeko aukera izango du.

Alkarbide Bizkaiko tokiko hizkuntz politikak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ildotik abiatzeko tresna izateko sortu zen. Ildo horretan, bilguneko partaideen erronka nagusietakoak hauxe izan behar du: Alkarbide osatzen duten guztien arteko koordinazio-tresna eraginkorrak egituratzea, Bizkaian egiten diren euskara berreskuratzeko ahaleginen gainean elkarren berri izan eta, arian-arian, tokian tokiko hizkuntz politikak ahalik eta modu bateratuenean ezartzeko, EBPNren ildotik, nork bere eginahalen esparruan.

Alkarbideri dagokiona amaitzeko, artikulua baliatu nahi dugu Alkarbideren arrakastaren giltzarri diren bi eragileren lana aitortzeko: batetik, arduradun politikoena, tokiko hizkuntz politikaren aurrendaritza haiei dagokienez gero, egundoko ahalegina egiten dutelako euskararen normalizazioan; eta bestetik, Bizkaiko toki-erakundeetako euskara teknikariena, arduradun politikoek ezarritako irizpideak betetzen euskara berreskuratzeko berebiziko garrantzia duen lana gauzatzen dutelako.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 1998ko uztailaren 28an EBPN onetsi zuenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izan du gidari euskararen arloko jardunbidean. Egin-eginean ere, hasiera-hasieratik ekin zitzaion Aldundiak euskara arloan egiten ziharduena EBPNren arabera egokitzeari, eta handik gutxira, 1999an hain zuzen, Bizkaiko euskalgintzan eragin nabarmena izan duen tresna berria sortu zen Aldundiaren egitura organikoan: Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia.

Horretara, bada, 1999ko foru eta udal hauteskundeen ondorioz eratu zen Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiaren zereginik behinena gauzatzerako orduan, hau da, euskararen sustapenari ekiterakoan, funtsezko eta ezinbesteko abiaburu izan dugu EBPN.

Aurretiaz ere euskararen garatze-bidean Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat urrats emanak bazituen ere, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia sortu ondorengo ibilbidea azalduko dugu hemen. Eta horretarako, EBPNk berak zehazturiko sailkapenari jarraitu beharrean, luzeegi joko bailuke horrelako azalpenak, bi esparru nagusitara mugatuko dugu Aldundiaren jardunbidea:

1) Erakundearen barnekoa, hots, Aldundiak bere eguneroko atazetan euskarari zor zaiona bermatzeko egiten duena.
2) Erakundetik kanpoko jarduna euskararen sustapenari begira.

1) EUSKARAREN SUSTAPENA ALDUNDIAREN BARRUAN EBPN-REN ILDOTIK

Gorago aipatu den 1999tik aurretiko jardunbidea esparru honetan gauzatu zen funtsean. Hasiera batean itzulpen lana baino ez zena Aldundiko langileriaren hizkuntz normalizaziora ere zabaldu zen gero; izan ere, 1988an Hizkuntza Normalizaziorako Atala sortu zen, euskarari beren-beregi eman zitzaion lehendabizikoa, eta harrezkero atal hau arduratu da Aldundian lan egiten dutenen euskalduntze-alfabetatzeaz.

Hizkuntz Normalizazioa denaz bezainbatean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plangintzaldiaren datuak emango ditugu Aldundian arlo honetan egiten ari denaren argigarri; datuok 1999tik 2003rakoak dira. Alde batetik, lanpostuak, hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak azalduko dira, bai eta derrigortasun indizearen betetze-maila ere, eta, bestetik, “Euskararen Erabilera Plana”ri dagozkionak.

Ondoko taulan laburbildu dira 1999ko datuak eta II. Plangintzaldia burutu ondorengoak, hots, 2003koak:

 

1999

2003

Lanpostuak guztira

2879

3082

Derrigortasuna zutenak

983

1072

Derrigortasunik gabekoak

1896

2010

Derrigortasun indizea

% 34.12

% 34.78

Derrigortasun indizearen betetze-mailari dagokionez, hurrengo irudian ikus daiteke derrigortasun data ezarrita duten lanpostuen egoera:

Derrigortasunaren betetze-maila

Derrigortasun data duten lanpostuak: 1072

Datu hauen harira, dena den, aipatu beharra dago badirela langile batzuk hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izan arren derrigortasun muga-eguna ezarri barik duten lanpostuetan ari direnak. Hortaz, hurrengo datuoi erreparatu behar diegu, benetako egoera argiago izateko:

  • Lanpostuaren HE egiaztatu dutenak guztira 1081
  • Derrigortasuna izanik 658
  • Derrigortasunik izan gabe 423
  • BFAko plantilla osoaren % 35.08

Foru Administrazioak lortu nahi duen benetako hizkuntz normalizazioaren barruan, euskararen erabilera sustatzeko planak erabiltzen ditugu, hain zuzen ere, euskara, zerbitzu hizkuntza ez eze, lan hizkuntza ere izatera iritsi dadin. Bitarteko horiek, batetik, baldintza egokiak sortu nahi dituzte administrazio unitate elebidunetan euskara zerbitzu zein lan hizkuntza izan dadin, eta, bestetik, behar adina hizkuntz ezaguera duten langileak trebatu nahi ditu euren lanpostuei dagozkien funtzioak eta zereginak gaztelaniaz zein euskaraz betetzeko gai izan daitezen. Bizkaiko Foru Aldundiaren “Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana”ren daturik adierazgarrienak hauek dira:

1999-2000 ikasturtean 61 langile aritu ziren 8 taldetan euren euskara trebatze aldera. 2002-2003 ikasturtean, berriz, 225 langile izan ziren 25 taldetan, eta beste 31 bat langile Hezinet euskara ikasteko multimedia sistemaz baliatu ziren euren euskara-maila hobetzearren.

Hauek dira, beraz, EBPNren garapenean Aldundiaren barruan egiten ari dena labur-labur erakusten duten zenbateko esanguratsuenak.

 

2) EBPN-REN GARAPENA BIZKAIAN BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ESKUTIK

Bigarren esparru honen sarrera gisa, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia sortu aurretiko ekintza bat aipatu behar da: Poloniako Poznango Unibertsitatean eratu zen Euskararen Lektoregoa; berau izan da Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen sustapenaren eremuan etxetik kanpo garatu dituen ekintza nabarmenetatik aurrenekoa. 1991n sortua, gaur egun bi egoitza ditu Lektoregoak, bata Euskal Herriko Unibertsitatean eta bestea Poznanen bertan. Daturik adierazgarriena: 64 ikasle ari dira euskara ikasten Poznanen.

Aipamen hori egin ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak zelan garatzen dituen EBPNren lerro nagusiak Bizkaian barrena azaldu beharra dago. Eta horretarako, gehiegi ez luzatzearren, aurreko atalean jarraituriko bideari helduko diogu, esan nahi baita ez dugula EBPNren sailkapen xehekatua erabiliko, nahikoa irizten baitiogu Aldundiaren jardunbidearen atal nagusiak aipatzeari.

Horretara, bada, esan dezagun lehenengo eta behin indarra ematen ari zaiola bertoko euskarari, hots, bizkaierari; egin-eginean ere, Bizkaiko hizkuntza ondarea gorde eta berreskuratzeko hainbat egitasmo burutzeko diru-laguntzak bideratzen dira. Eta zer esanik ez, ildo honetan berariaz aintzat hartzen eta zaintzen dira lurralde honetan Bizkaiko euskararen alde lan egiten ari diren izakundeen jarduera desberdinak.

Aurrekoarekin loturik, estrategikotzat jotzen diren egiturak sendotzen ahalegintzen da Bizkaiko Foru Aldundia, eta, besteak beste, Labayru Ikastegiarekin eginiko hitzarmenak dira horren adibide, eta zentzu zabalagoan Euskaltzaindiarekiko finantzamendua. Aipagarriak dira, halaber, Udako Euskal Unibertsitateari eta Deustuko Unibertsitateari ematen zaizkien diru-laguntzak ere.

Diru-laguntzetan datza, ezinbestean, Bizkaiko Foru Aldundiak EBPNren helburuak lortzeari begira erabiltzen duen tresna eragingarrienetako bat. Izan ere, Aldundiek gizartearengandik jasotzen dituzten dirutzak era egokian banatuz birgizarteratzea baita erakundeon eginkizun nagusia. Halandaze, euskararen sustapenari zuzendutako diru-laguntzak emateko 6 deialdi egin ohi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak urtero. Hona hemen deialdion xehetasunak laburbildurik:

 

EUSKARAZ ARGITARATZEN DIREN ALDIZKARIEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA

Bizkaian euskarazko aldizkariak argitaratzen dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuei doazkie laguntza hauek. Ondoko taulan ageri dira deialdi hau egin zen lehenengo urteko datuak, hots, 2000koak, eta 2004koak, diru-laguntzon bilakaera ikusarazteko.

 

2000

2004

Diruz lagundutako aldizkari-kopurua

8

17

Aldizkarion aurrekontuak guztira

363640.93 €

1338739 €

Emaniko diru-laguntzak guztira

128955.28 €

344000 €

EUSKARA SUSTATZEKO, ZABALTZEKO, EDO NORMALIZATZEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

Bizkaiko irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuei, hots, euskararen alde diharduten elkarteei gehienbat, euskara sustatu, zabaldu edo normalizatze aldera burutzen dituzten jarduera nahiz ekintzetarako diru-laguntzak ematen zaizkie urtero. Diruz lagundutako ekintza eta jarduera ezberdinak, bestalde, EBPNren barruan aipatzen diren bultzatu beharreko arlo gehienetara heltzen direla esan dezakegu.

 

2000

2004

Diruz lagundutako proiektu-kopurua

110

167

Jardueren aurrekontuak guztira

2893390 €

5816394 €

Emaniko diru-laguntzak guztira

835650 €

2013500 €

 

UNIBERTSITATE MAILAN EUSKARAZKO IKASTAROAK EGITEKO BEKAK ETA LAGUNTZAK

Beka eta laguntza hauek unibertsitate mailan euskaraz egiten diren kurrikulunetatik kanpoko ikastaroak egiteko ematen zaizkie Bizkaiko ikasleei.

 

2000

2004

Ikasle-kopurua

44

62

Emaniko diru-laguntzak guztira

15025 €

26895 €

 

EUSKARAREN ERABILERA BULTZATZEKO PLANAK DITUZTEN ENPRESEI DIRU-LAGUNTZAK

Diru-laguntza hauek ematen zaizkie euren lantegietan euskararen erabilera bultzatzeko planak dituzten enpresei, lan munduan ere euskararen erabilera areagotze aldera.

 

2000

2004

Diruz lagundutako enpresa-kopurua

11

14

Planen aurrekontuak guztira

449232 €

1141022 €

Emaniko diru-laguntzak guztira

144243 €

220000 €

EUSKARA ETA TEKNOLOGIA BERRIAK UZTARTZEKO DIRU-LAGUNTZAK

2002an ekin zitzaion egitarau honi helburu jakin batekin: informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan ere euskararen presentzia bermatzea. Horretara, bada, euskararen alde ziharduten elkarteen alderdia finkatu ostean, euskara eta teknologia berriak elkarri egokiturik daramatzaten produktuak gertatzen dituzten enpresei zuzendu zitzaien deialdi hau. Hona hemen datuak:

 

2002

2004

Diruz lagundutako proiektu-kopurua

11

38

Proiektuen aurrekontuak guztira

964037 €

771594 €*

Emaniko diru-laguntzak guztira

152290 €

244990 €

* Zenbateko honek 2002koak baino txikiagoa dirudien arren, esan behar da 2003tik aurrera aurrekontuak arazi egiten direla.

 

BIZKAIKO UDAL ETA MANKOMUNITATEEI EMATEN ZAIZKIEN DIRU-LAGUNTZAK

Euskara sustatzeko, zabaltzeko, edo normalizatzeko jarduerak burutzen dituzten udalei eta mankomunitateei ere diruz laguntzen diegu. Elkarteen kasuan bezala, jarduera hauetan denetarik dago, EBPNren sailkapenean ageri diren ekintzetarik ia guztiak sartzen direlarik.

 

2000

2004

Diruz lagundutako udal-kopurua

47

86

Diruz lagundutako proiektu-kopurua

197

703

Proiektuen aurrekontuak guztira

1258075 €

4765741 €

Emaniko diru-laguntzak guztira

637073 €

1600000 €

Arlo honetan ezinbestekoa da ALKARBIDE bilgunearen lana aipatzea. 2001ean sortu zen bilgunea eta harrezkero egundoko eragina izan du Bizkaiko udal eta mankomunitateek euskara arloan daramaten jokabidean. Hortaz, Bizkaian EBPNren garapenean duen garrantzia aintzat harturik, azalpen honen bukaera aldera emango da Alkarbideren jardunbidearen berri zabalagoa.

 

SENTIBERATZEA

Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia sortu zenetik, euskararen aldeko hainbat sentiberatze kanpaina burutu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Kanpaina hauek helburu ezberdinak izan dituzte, hala nola, gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea, norberaren berbakera prestigiatzea, edozein esparrutan euskara erabilgarria dela gizarteratzea, hizkuntza eskubideak aldeztea, lehenengo hitza euskaraz…

Kanpaina hauek hainbat komunikabideren bitartez gizarteratu dira eta oso ondo hartuak izan dira bizkaitarren artean. Eta esan dezakegu dagoeneko aski ezagunak direla kanpainotan erabilitako leloak: “Gure artean euskaraz”, “Euskerarik onena zeurea”, “Lehenengo hitza euskaraz”, “Euskara guztion aukera”….

 

EUSKARAREN ETXEA

Euskararen Etxea 2004ko abenduan zabaldu zen Bilboko San Inazio auzoan Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenari esker. Lau solairu dauzkan eraikin horretara doan edonork gure hizkuntza ezagutzeko aukera izango du.

Lehenengo solairuan Euskararen Interpretazio Zentroa dago. Bertan, euskararen ibilbide historikoa eta ezaugarri nagusiak ezagutzeko bidaia egin dezake bisitariak, bidaia trenez egingo balitz bezala dago egokitua, bagoiak horma irudiz eta euskarri telematikoz horniturik daudela. Bigarren solairuan, berriz, Mediategia dugu, euskarazko software guztiak biltzeko gertatu dena, bertaratzen denari euskarari buruzko argibideak jaso nahiz ikerketak egiteko aukera ematen zaiola. Azkenik, hirugarren eta laugarren solairuetan euskararen arloan lanean diharduten elkarte garrantzitsuen egoitzak daude: Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Topagunea, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Pen Kluba eta Mendebalde Alkartea.

Euskarari atondu zaion aterpe honetan, beraz, gure hizkuntzaz ezer gutxi dakiena zein ikerketaren bat egin nahi duen euskaltzale aditua hartu nahi ditugu. Eta abagune honetaz baliaturik, bertaratzeko gonbita luzatzen diogu irakurleari ere.

Honaino azaldutakoak dirateke, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiak EBPN garatze aldera daraman jardunbidea laburbiltzen dituztenak. Alabaina, bada beren-beregi azaltzea eskatzen duen osagarri bat, ALKARBIDE bilgunea alegia.

ALKARBIDE

ALKARBIDE, Bizkaiko Toki Erakundeetako Euskara Zerbitzuen Bilgunea, BFAko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren ekimenez sortu zen 2001ean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta EUDELekin lankidetzan. Bilgunea eratzeko foru dekretua 2001eko azaroaren 20an onetsi zen[i] eta, horren ondorik, Alkarbideren abiaburuak ezarri, bilgunea abiarazteko txostenak gertatu eta eredu soziolinguistikoen araberako lan-mahaiak -EBPN-n jasotako irizpideei jarraiki- osatu ziren.

Alkarbideren egitura dela eta, esan dezagun bilgunearen partaideak hiru lan-taldetan antolatuta daudela: Artezkaritza Batzordea maila politikoan, Batzorde Eragilea antolaketa-mailan, eta Lan-mahaiak maila teknikoan. Batzordeok eta Lan-mahaiok eginkizun zehatzak dauzkate bilgunean, baina hirurek elkarlanean eta harremanetan jarduten dute.

Alkarbide Bizkaiko tokiko hizkuntz politikak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ildotik abiatzeko tresna izateko sortu zen. Ildo horretan, bilguneko partaideen erronka nagusietakoak hauxe izan behar du: Alkarbide osatzen duten guztien arteko koordinazio-tresna eraginkorrak egituratzea, Bizkaian egiten diren euskara berreskuratzeko ahaleginen gainean elkarren berri izan eta, arian-arian, tokian tokiko hizkuntz politikak ahalik eta modu bateratuenean ezartzeko, EBPNren ildotik, nork bere eginahalen esparruan. Eta hori lortzeko, Alkarbidek lau abiaburutan funtsatzen du bere jardunbidea: Koordinazioa, Prestakuntza, Proiektugintza eta Esperientzien Gordailua. Aletu ditzagun esparruok banan-banan:

Koordinazioari dagokionez, Alkarbidek bilguneko partaideen arteko koordinazio-tresnak lantzen dihardu eten barik, informazio-jarioa erraztearren. Koordinazio-tresna horiek bi motakoak dira:

  • Bide elektronikoak: bilgunearen web gunea, bilgunearen postontzia (alkarbide@bizkaia .net), alkarpost (euskara teknikarien eztabaida-gunea) eta alkarbarri (lan-mahaien jardueraren berri ematen duen hileko berripaper elektronikoa).
  • Lan-bilerak.

Prestakuntzaz den bezainbatean, bilguneak etengabeko aholkularitza eta laguntza eskaintzen die hizkuntz politikaren inguruan dabiltzan tokiko eragileei, batik bat, euskararen arduradun politiko eta euskara teknikariei. Horrez gain, bilguneak trebakuntza saioak antolatzen ditu.

Proiektugintzaren arloan, Alkarbidek lurralde hedadurako egitasmoak abiarazi, bideratu, eta euskara zerbitzuen esku jartzen ditu.

Azkenik, Alkarbidek Esperientzien Gordailua atontzen dabil euskara zerbitzu guztiek modua izan dezaten udalerrian udalerriko eta mankomunitatean mankomunitateko saio, ekintza, eta egitasmoak aztertu eta, hala badagokio, euren lehentasun eta ezaugarrien arabera egokitzeko.

Orain artean, bilgunearen egituraren eta jardunbidearen berri eman dugu. Zer-nolako emaitzak ondu ditu bilguneak, ordea, sortu zenetik hona? Artikulu honetan, hainbatetan aipatu dugu Alkarbidek EBPN gidari duela ematen duen aholkularitza eta laguntza zerbitzuan. Horren harira, zehaztu dezagun EBPNren ingurumaria Bizkaian.

2004ko abenduan, 50 euskara zerbitzuk ziharduten Bizkaiko udal eta mankomunitateen esparruan. Beste alde batetik, sasoi horretan, 24 erakunde (21 udal eta 3 mankomunitate; guztira, 43 udal) EBPN onartuta izan eta garatzen zebiltzan; beste 3 udalek baziharduten EBPN prestatzen; eta beste 9 erakunde ari ziren EBPN 2005ean garatzen hasteko lanean. Beraz, zerbitzu gutxi batzuk bazter utzita, esan dezakegu Alkarbide bilgunearen unibertsoa osatzen duten zerbitzu ia guztiek EBPN onartuta daukatela, prestatze-lanetan dabiltzala edo EBPN lantzen hasteko eskaera eginda dutela.

Artikulu honen luze-zabalera kontuan hartuta, ez dugu emaitza kuantitatiborik emango, hots, Alkarbidek antolatutako saio-kopuru, kanpainen zenbateko edo egitasmoetan parte hartu duten udalen gaineko daturik, luzeegi joko baikenuke. Hala eta guztiz ere, bilgunea sortu osteko aurrerapen kualitatibo zenbait aipatuko ditugu, irakurlea bilgunea elkarlanean aritzearen garrantziaz ohar dadin. Horretarako, Alkarbideren abiaburuei oratuko diegu berriro:

Koordinazio arloan, lan-mahaia osatzen duten teknikarien arteko hartu-emana guztiz sendotu da bilgunea sortu zenetik. Horrez gain, lan-mahaien arteko koordinazioa ere nabarmen hobetu da bilguneari esker eta, azkenik, Alkarbideren sustatzaile diren hiru erakundeetako teknikarien arteko koordinazioa biziki erraztu da.

Prestakuntzaren arloan, bilgunearen aurrerapenik aipagarriena honakoa da: eredu soziolinguistiko bereko euskara teknikariek lankidetzan jarduten dutenez, aise antzeman daitezke teknikarien beharrizanak eta, horren ondorioz, bilguneak eskariaren araberako prestakuntza eskaintza antola dezake.

Proiektugintzaren arloan, urterik urte nabarmen igo da bilguneak koordinatutako egitasmoen kopurua, baita egitasmootan parte hartu duten udalen kopurua ere. Izan ere, elkarlanean aritzeak etekin garbiak dakarzkie euskara zerbitzuei: ekintzak gauzatzeko gastua hein handian murrizten da eta, gainera, udal askok parte hartuta, ekintzaren oihartzuna askoz zabalagoa da.

Esperientzien Gordailuan, bilgunea batzen dabil gure lurralde historikoan han-hemenka egiten diren euskara biziberritzeko saioak. Arestian esan moduan, horrek bidea ematen die euskara zerbitzu guztiei beste leku batzuetan egiten dena aztertu eta udalerrian udalerriko egoerara moldatzeko edota hainbat euskara zerbitzu batera garatzen ari diren proiekturen batean parte hartzeko.

Alkarbideri dagokiona amaitzeko, artikulua baliatu nahi dugu Alkarbideren arrakastaren giltzarri diren bi eragileren lana aitortzeko: batetik, arduradun politikoena, tokiko hizkuntz politikaren aurrendaritza haiei dagokienez gero, egundoko ahalegina egiten dutelako euskararen normalizazioan; eta bestetik, Bizkaiko toki-erakundeetako euskara teknikariena, arduradun politikoek ezarritako irizpideak betetzen euskara berreskuratzeko berebiziko garrantzia duen lana gauzatzen dutelako.

 

[i] Bizkaiko Foru Aldundiaren 175/2001 Foru Dekretua, azaroaren 20koa, «Alkarbide», Bizkaiko Toki Erakundeetako Euskara Zerbitzuen Bilgunea, eratu eta haren jardunbideari buruzko araudi onetsi duena (BAO, 232 zk., 2001-12-04koa)

 

BAT aldizkaria: 
54. 2005eko martxoa. Euskararen erabileraren eta normaliz....
Kokapen geografikoa: 
Bizkaia
Egilea(k): 
Patxi Alberdi eta Manu Gañan
Urtea: 
2005